144. zk., 2023ko uztailaren 31, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (1062 KB - 101 orri.)
- EPUB (4828 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3710
EBAZPENA, 2023ko uztailaren 14koa, Hizkuntza Politikarako sailburuordearena, erakunde publikoetan Bikain - Euskararen Kalitate-ziurtagiria eskuratzeko ebaluazio-prozesuaren nondik norakoak garatzen dituena.
Erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko ekainaren 27ko 97/2023 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluek jasotakoa kontuan hartuta, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen bitartez, Bikain - Euskararen Kalitate-ziurtagiria erakunde publikoetan eskuratzeko ebaluazio-prozesuari buruzko zenbait alderdi garatuko dira, honakoak kontuan hartuta:
AURREKARIAK
Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen normalizazioaren oinarrizko habe juridikoa Euskararen Erabilera Arauzkotzezko 10/1982 Oinarrizko Legea izan da. Lege horrek hizkuntza-politikako ekimenak garatzeko bidea zabaldu zuen, gizarteko eremu giltzarrietan euskararen ezagutza eta erabilera berreskuratzeko eta euskarari hain beharrezkoa zitzaion erakundeen babesa eskaintzeko. Horrez gain, Euskal Herriko herritarrei funtsezko hizkuntza-eskubideak aitortzen dizkie legeak, gizarte-bizitzako alor guztietan.
Ordutik gaur egunera arte, oparoa izan da eremu sozioekonomiko pribatuan eta sektore publikoan euskararen erabilera sustatu eta bermatzeko egindako lana, bai araugintza-mailan baita plangintza-mailan ere.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari dagokio, eta horrela jasotzen da bere sailaren egitura-dekretuan, erakunde publiko eta pribatuen jardueretan euskararen erabilera nolakoa den jakiteko eta ebaluatzeko sistema bat ezartzeko azterketa egitea, eta sistema horren ezarpena sustatzea, indarrean dauden kalitatea ziurtatzeko sistemetan jasotako irizpide eta parametroetan oinarrituta.
Horiek horrela, Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, lehendabizi Kulturako sailburuaren 2008ko martxoaren 5eko Aginduaren bidez, eta, ondoren, 2009ko martxoaren 3ko Bikain-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautu zituen 53/2009 Dekretuaren bitartez, «esparru sozioekonomikoan euskararen erabileraren, presentziaren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzeko xedez».
Horren ostean, eta Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria sektore publikora berariaz zabaltzeko asmoz eta, bide batez, ebaluaketa eredua berraztertu eta eguneratzeko helburuarekin Bikain-Hizkuntza Konpromisoaren Zigilua eta Euskararen Kalitate ziurtagiria arautzen zituen martxoaren 3ko 53/2009 Dekretua indargabetu eta Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen zuen maiatzaren 30eko 162/2017 Dekretua eman zen.
Bikain ebaluazio-sistemaren muinean dago prozesuaren etengabeko berrikuspena eta antzemandako beharren araberako egokitzapena. Filosofia horretan oinarrituta, ezinbestekotzat jo da zenbait egokitzapen egitea: prozedura malguagoa eraikitzea, berrikuntzak txertatzea eta ebaluazio- eta ziurtatze-aukerak hedatzea eremu sozioekonomiko pribatuaren eta sektore publikoaren ezaugarrietara egokituz. Ondorioz, ekainaren 27ko 97/2023 Dekretua onartu da, erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duena.
97/2023 Dekretuaren testu artikulatuan erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatu, egiaztatu eta aitortzeko sistemaren oinarria jasotzen da, eta horren barneko erakunde publikoetan Bikain – Euskararen Kalitate-ziurtagiriaren ebaluazio-prozesuaren garapena egitera dator ebazpen hau.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Erakundeen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko 97/2023 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluek xedatzen dutena kontuan hartuta,
Bigarrena.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoari buruzko otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren 14. artikuluak herri administrazioetan euskararen erabileraren normalizazioan emandako eskumenak ikusita,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Sektore publikoko erakundeetan Bikain – Euskararen Kalitate-ziurtagiria eskuratzeko ebaluazio-prozesua diseinatzea eta garatzea, erakunde eskatzaileen hizkuntza-egoera eta ezaugarriak kontuan hartuz.
Bigarrena.– Ebazpen honen 1. eranskinean ondorengoak jasoko dira: sektore publikoko erakundeetako Bikain ziurtagiri-prozesuaren helburuak; hartzaileak; gobernu- eta kudeaketa-organoak; ebaluazio-prozesuaren euskarria; ziurtagiriaren mailak; ebaluatu beharreko gaiak eta puntuazio-sistema; ebaluazioaren faseak; erakunde eskatzaileen betebeharrak; izen-ematea eta gainerako izapideak.
Hirugarrena.– Ebazpen honen 2. eranskinean jasoko da Bikain – Euskararen Kalitate-ziurtagiria eskuratzeko ebaluazio-prozesuaren euskarria: kemen adierazle-sistema.
Laugarrena.– Ebazpen honen 3. eranskinean jasoko da Bikain - Euskararen kalitate-ziurtagiria eskuratzeko erakunde eskatzaileek bete beharreko autodiagnostikoa egiteko eredua.
Bosgarrena.– Ebazpen honen 4. eranskinean jasoko da Bikain - Euskararen kalitate-ziurtagiria eskuratzeko erakunde eskatzaileek bete beharreko autodiagnostikoa betetzeko galdetegi-eredua.
Seigarrena.– Ebazpen honen 5. eranskinean jasoko da Bikain - Euskararen kalitate-ziurtagiriaren mailak adierazten dituzten markak.
Zazpigarrena.– Interesdunei jakinarazten zaie administrazio-bidea agortzen ez duen ebazpen honen aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daitekeela Hizkuntza Politikako sailburuordearen aurrean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epearen barruan.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 14a.
Hizkuntza Politikarako sailburuordea,
MIREN DOBARAN URRUTIA.