144. zk., 2023ko uztailaren 31, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (546 KB - 22 orri.)
- EPUB (1315 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3709
EBAZPENA, Hizkuntza Politikarako sailburuordearena, EAEko arlo sozioekonomiko pribatuan Bikain - Euskararen Kalitate-ziurtagiriak lortzeko prozesuak garatzen dituena.
Erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen ekainaren 27ko 97/2023 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluetan adierazitakoa aintzat hartuz, Hizkuntza Politikarako sailburuordearen ebazpen baten bitartez EAEko arlo sozioekonomiko pribatuan Bikain – Euskararen Kalitate-ziurtagiriak lortzeko prozesu ezberdinak garatuko dira, honakoak kontuan hartuta:
AURREKARIAK
Ezaguna da arlo sozioekonomikoan euskal erakundeek betidanik erakutsi izan duten izaera berritzailea eta lehiakorra. Izaera berritzaile hori, gainera, ez da mugatu kudeaketa-moldeak, baliabide teknologikoak, tresneria edo azpiegitura berritzera. Erakunde edo enpresa batzuek eredu propio baten alde egin, eta beren lana, irudia edota produktua nahiz zerbitzua euskaraz lantzera jo dute, balio erantsia emango diela iritzita eta hizkuntza-eskubideei zor zaien begirunea kontuan izanik.
Gaur egun arlo sozioekonomikoan ohikoa da hainbat elementu garrantzitsutzat hartzea eta lantzea: ingurumena, kalitatea, gizarte-erantzukizuna, euskararen normalizazioa eta munduko hizkuntzen kudeaketa, garapen-jasangarriaren helburuak, genero-berdintasuna, lan-arriskuen prebentzioa eta abar. Horiek guztiak modu integratuan kudeatzea da kudeaketa aurreratuaren ezaugarrietako bat, eta hori da, hain zuzen, Bikain ereduaren helburu nagusia: lan-munduan euskara modu integratuan kudeatzea.
Bikain ereduak, jardun eredu horiek bezalaxe, kanpoko agente baten ikuspegia eta kontrastea jasotzen ditu aurrera egiten laguntzeko. Gainera, kanpoko ikuspegi hau jaso ondoren, hala badagokio, erakundeei egindako lana aitortzeko euskararen kudeaketa ziurtagiria ematen zaie ekitaldi publiko batean.
Bikain egitasmoa 2007an sortu eta 2008an inplementatu zen lehenengoz. Hamar urte geroago, 162/2017 Dekretuaren bidez erakunde publikoen ezaugarrietara egokitu zen Bikain ebaluazio-prozesua. Hausnarketa sakon baten ostean, arlo publikorako eta pribaturako prozesu bereiziak egiteko beharra antzeman zen, eta behar horri erantzunez argitaratu da ekainaren 27ko 97/2023 Dekretua.
Dekretu horrek, halaber, arlo sozioekonomiko pribatuan aitortza sistema osatu du. Izan ere, hainbat urtetako hausnarketaren ondoren eta eremu sozioekonomikoko eragile askorekin izandako parte hartzeko prozesu baten ondorioz, Eusko Jaurlaritzak abian jarri du «Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-23» izenekoa, eta bertan, Bikaini lotutako helburu estrategikoa jasotzen du: «Ziurtagirien eskema egokitu, bezeroen aukerak zabaltzeko».
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Erakunde publiko eta pribatuen jardueran eta kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen ekainaren 27ko 97/2023 Dekretuaren 2. eta 3. artikuluek xedatzen dutena kontuan hartuta,
Bigarrena.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari emandako eskumenak ikusita,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bikain – Euskararen Kalitate-ziurtagiriak eskuratzeko ebaluazio-prozesuak sortzea eta garatzea, erakunde eskatzailearen hizkuntza egoera edo ezaugarrietara egokitzeko helburuz.
Bigarrena.– Ebazpen honen 1. eranskinean jasotzea Bikain ziurtagiri-prozesuaren helburuak, hartzaileak, gobernantza moduak eta ebaluazio-prozesuan parte hartzeko izapideei buruzko informazioa.
Hirugarrena.– Ebazpen honen 2. eranskinean jasotzea oinarrizko ziurtagiria eskuratzeko ebaluazio-prozesu sinplifikatua.
Laugarrena.– Ebazpen honen 3. eranskinean jasotzea Bikain-Euskararen kalitate ziurtagiria eskuratzeko ohiko ebaluazio-prozesua.
Bosgarrena.– Ebazpen honen 4. eranskinean jasotzea goi-mailako ziurtagiria berritzeko ebaluazio-prozesua.
Seigarrena.– Erakunde interesdunei jakinarazten zaie, administrazio-bidea agortzen ez duen ebazpen honen aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar dakiokeela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 14a.
Hizkuntza Politikarako sailburuordea,
MIREN DOBARAN URRUTIA.