Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

201. zk., 2022ko urriaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
4510

AGINDUA, 2022ko urriaren 13koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bitartez ezartzen baitira ekonomia zirkularreko berrikuntzarako dirulaguntzen oinarri arautzaileak eta dirulaguntzen deialdia egiten baita.

Europako Itun Berdeak hamaika jarduketa-eremu planteatzen ditu, eta hiru nabarmentzen dira, ekonomia zirkularrarekin lotura handiagoa dutelako: «industria ekologikoagoa lortzen ahalegintzea», «klimaren aldeko ituna hedatzea» eta «kutsadura ezabatzea».

Era berean, ekonomia zirkularra tresna edo preskriptore espezifikoen bidez hedatzen da, hala nola Produktu Jasangarriaren Ekimena, Teknika Erabilgarri Onenen Zuzentaraua (IED), Substantzia Kimikoen Jasangarritasunerako Estrategia edo Hondakinen Zuzentaraua, horien ondoriozko sektore-erregulazioekin.

EAE mailan, Eusko Jaurlaritzak Basque Green Deal delakoaren bidez hedatzen du itun hau. Basque Green Deal horrek ingurumen-estrategia eta -plan nagusietan aurreikusitako jarduketak biltzen ditu, hala nola: Euskadiko Ekonomia Zirkularrerako Estrategia 2030 eta Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2024 Plana, Euskadiko Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko 2030eko Plana eta Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako 2030eko Plana, Erosketa Publiko Berdeko 2030eko Programa eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030, energia- eta ingurumen-trantsizioaren aldeko apustuarekin.

Ekonomia Zirkularraren Estrategiak eta Euskadiko Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren 2030erako Planak helburu hauek bete nahi dituzte:

– Produktibitate materiala % 30 handitzea.

– Materialen kontsumoarekin lotutako karbono-emisioak % 26 murriztea.

– Material zirkularraren erabilera-tasa % 30 areagotzea.

– Hondakinen sorrera % 30 murriztea.

– EAEn fabrikatutako produktu zirkularrenen fakturazioa hirukoiztea.

– Enplegu zirkularra % 15 handitzea.

Helburu eta emaitza zirkular horiek lortzeko, besteak beste, Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030 Estrategian ezarritako lehentasunezko eremuetara bideratutako jarduketa berritzaileak bultzatu behar dira enpresetan, Europar Batasunaren arauketa edo preskripzio-tresna bat egotearen, EAEko ekonomiarako aukera baten eta irtenbide ekoberritzaileak bizkortzeko elkarlan publiko-pribatuaren beharraren arabera.

Ekoberrikuntza bultzatzeko bi etapa behar dira:

1.– «Irtenbide teknologiko berrien garapena» etapa, erronka zirkular espezifiko baterako, Europar Batasuneko tresna berde berriekin lerrokatua, ekoberrikuntza zirkularreko enpresa aitzindari eta erreferenteen talde bat finkatuz EAEko gainerako enpresentzat. Irtenbide horiek ekodiseinuko, ekonomia zirkularreko erakusketako edo ekoberrikuntza estrategikoko proiektuen bidez garatzen dira.

2.– «Irtenbide teknologiko edo metodologiko berritzaileak modu eraginkorrean transferitzea» etapa, ekonomia zirkularraren arloan garatutakoak,lehentasunezko balio-kateetako EAEko ETEen kopuru handi batentzat, bitarteko eragileen (klusterrak, enpresa-elkarteak, eskualde-agentziak eta abar) behar den parte-hartzearekin.

Transferitu beharreko soluzioak, funtsean, Basque Circular Huben ingurumen-zaintzatik datoz, baita Basque Ecodesign Centerrek garatutako metodoetatik edo Eusko Jaurlaritzaren Ekoberrikuntza Zirkularreko Programaren proiektuen esparruan baliozkotutako teknologia zirkularretatik ere. Transferentzia-prozesuak enpresen arteko harremanak sendotu behar ditu, eta ETEen posizionamendua hobetu behar du markaren bidez.

Ekonomia zirkularreko berrikuntzarako dirulaguntzen deialdi hau Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (2021-2023) jasota dago, eta bi etapa horiei erantzun nahi die hiru proiektu-lerro hauen bidez, aldez aurretik ibilbide independentea baitute:

– 1. ildoa. Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia.

– 2. ildoa. Ekoberrikuntza estrategikoa.

– 3. ildoa. ETE zirkularra.

Lan-ildo horiek esperientzia handia dute. Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldiko 1. ildoan, 130 proiektu baino gehiago garatu dira azken 5 urteetan; ekoberrikuntza estrategikoko 2. ildoan, berriz, 50 proiektu baino gehiago egin dituzte enpresa-partzuergoek, Ekoberrikuntza Zirkularraren Programaren esparruan. ETE zirkularraren 3. ildoaren kasuan, ehun bat ETEk parte hartu dute tarteko eragile industrialek gidatutako 12 proiektutan.

Proiektu-ildo horiek aldizka monitorizatuko dira, ekonomiaren desmaterializazioa eta ekoberrikuntza zirkularra sustatzeko helburuei egiten dieten ekarpena ebaluatzeko. Helburu horiek Ekonomia Zirkularraren Estrategian, Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Planean eta Eusko Jaurlaritzaren gainerako plan eta estrategietan jaso dira.

Funtsean, dirulaguntza horiek EAEko industria ingurumenaren ildoan berritzeko dira. Hori izanik aplikazio-eremua, helburu hauek lortzen lagundu nahi dute:

– Ekonomia zirkularraren bidez, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea, ekoizpen-prozesuetako baliabideen efizientzia ere aintzakotzat hartuta.

– Lehengaien kontsumoa murriztea eta, bereziki, isur daitezen saihestea.

– Enpresa-jarduera iraunkorrak sortzea, EAEko ekonomiaren suspertze berdean lagun dezaten, baita lehiakortasuna hobetzen eta enplegu kualifikatua sortzen ere.

– Lurraldearen ingurumen-erresilientzia handitzea, merkatu globalean erreplikabilitate handia duten soluzio teknologiko berritzaileen bidez.

– Enpresen arteko lankidetzak sendotzea, Europako tresna zirkularrek dakartzaten erronkei eta aukerei hobeto erantzuteko.

EAEko Autonomia Estatutuaren 11.1.a) artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du ingurumen eta ekologiaren alorrean estatuko oinarrizko legeria bere lurraldean garatzeko eta betearazteko.

Eskumen hori Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egikaritzen du, otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuan (Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) xedatutakoaren arabera.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organiko eta funtzionalari jarraikiz, Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari dagokio dirulaguntzen araubide hori kudeatzeko eskumena. Zuzendariak hartuko du balorazio-epaimahaiko presidente ardura eta zuzendaritza horretara atxikitako bi funtzionario izendatuko ditu aipatutako epaimahaia osatzeko.

Dirulaguntzen deialdi honetan, erakunde laguntzaile gisa jardungo du Ihobe SA sozietate publikoak, EAEko administrazio orokorraren bitarteko propioa denez. Ihobe SA sozietate publikoak dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.c) artikuluan aipatutako kaudimen- eta efikazia-baldintzak betetzen ditu.

Arautu beharreko dirulaguntzen deialdia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren 2021eko martxoaren 17ko Aginduan jasotzen da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2021., 2022. eta 2023. urteetarako dirulaguntzen plan estrategikoa onestekoan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatzen den bezala, eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Plan hori aldatu egin da 2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez, eta herritarren eskura dago sailaren webgunean. (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/sail-plana/2021eko-ekonomiaren-garapen-azpiegitura-sailaren-dirulaguntzen-plan-estrategikoa/)

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, bat etorriz 2018ko ekainaren 19an onartutako EAEko Emakumeen eta Gizonen VII. Berdintasun Planaren esparruko Berdintasun Politikako Dokumentu Programatiko propioarekin, aintzat hartuko ditu genero-ikuspegia txertatuta duten jarduketak, eta izaera estrategikoa aitortuko die, bat etorriz Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako irizpideekin.

Deialdi hau honako hauetan ezarritakoaren arabera arautuko da: 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena; eta azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorra, aurrekontuei buruzkoa. Bai eta Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua ere, zeinaren bidez zenbait dirulaguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen diren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamendua aplikatuz.

Horregatik guztiagatik, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 68/2021 Dekretuak emandako eskumenen arabera, eta bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzei aplikatzeko gainerako xedapenetan xedatutakoarekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da ekonomia zirkularreko berrikuntzako dirulaguntzen oinarri arautzaileak ezartzea eta horien deialdia egitea.

Diruz lagundu ahal izango dira honako jarduketa-ildo hauek:

– 1. ildoa. Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia.

– 2. ildoa. Ekoberrikuntza estrategikoa.

– 3. ildoa. ETE zirkularra.

2. artikulua.– Definizioak.

Dirulaguntzei dagokienez, honako hitz hauek jarraian adierazten den bezala ulertuko dira:

– Enpresa sustatzailea (1. eta 2. ildoak): bultza-lana egiten du eta proiektuaren erantzukizuna bere gain hartu; normalean berak du interesik handiena konponbide berritzailea lortzeko, baita gero ustiatzeko ere, bideragarritasuna frogatuz gero.

– Bitarteko eragile sustatzailea (3. ildoa): EAEko irabazi-asmorik gabeko enpresa-erakundea edo -elkartea, pribatua edo publikoa, eta nortasun juridiko propioa duena, zerbitzuak ematen dituena eta bere eragin-arloko enpresen lehiakortasuna sustatzea eta hobetzea helburu duena, baita EAEko enpresa-ehunaren kapilaritatea sustatzea eta ahalik eta enpresa gehienei EAEko administrazio publikoaren lehiakortasuna hobetzeko programetarako sarbidea erraztea ere. Dirulaguntza deialdi honi dagokionez, hauek dira bitarteko eragileak: EAEko kluster elkarteak, enpresa- eta sektore-elkarteak, merkataritza-ganberak, baita tokiko, eskualdeko edo probintziako garapen-agentziak ere.

– Bazkidea (1. eta 2. ildoa): ezagutza-eragileak, -industriak eta/edo -enpresak dira (zientzia, teknologia eta berrikuntza), proiektuko zeregin jakin batzuk gauzatzen parte hartzen dute, eta proposatutako konponbideari balioa ematen diote.

– Enpresa parte-hartzailea (3. Ildoa): ETE industriala edo industriari lotutako zerbitzuetakoa (aholkularitza-zerbitzuak izan ezik), bitarteko eragile sustatzaile batek bultzatutako ETE zirkularraren proiektu espezifiko batean parte hartzen duena.

– Azpikontratista: ezagutza-eragilea eta/edo enpresa, proiektuari enpresa sustatzaileak edo bazkideak (1. eta 2. ildoa) egindako kontratazio-zerrenda batean oinarrituta laguntzen diona, edo proiektuan parte hartzen dutenei aholkularitza-zerbitzuak emateaz arduratzen dena (3. lerroa), ekonomia zirkularreko metodoak edo tresnak ezartzeko, saiakuntzak egiteko, estandarren eta abarren aurka egiaztatu eta ziurtatzen duena, eta proiektuaren eremu teknikoan egiazta daitekeen ezagutza duena.

– Laguntzailea: «enpresa parte-hartzailearen» (3. lerroa), «bazkidearen» (1. eta 2. ildoa) edo «azpikontratistaren» baldintzak betetzen ez dituen enpresa, proiektu espezifiko bati balioa ematen diona. Proiektuaren talde-dinamikan parte hartu ahalko du, eta eginkizun eta zeregin espezifikoak bere gain hartu ahalko ditu, baina inolako dirulaguntzarik jaso gabe, adibidez, enpresa handi bat (3. ildoa) edo EAEn finkatuta ez dagoen enpresa edo erakunde bat.

– ETE: 1. eta 2. ildoetarako definitu da, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) I. eranskinaren arabera.

– 3. ildoan, ETEtzat hartuko da 5 eta 250 pertsona arteko plantilla duen erakundea, lanaldi osoko urteko baliokideetan. Plantillakoak izango dira lan-kontratu baten bidez enpresarekin lotutako pertsonak, Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuta daudenak, lan elkartuko kooperatibetako bazkide langileak, baina ez dira plantillakotzat hartuko atzerrian kokatutako lantegietan lan egiteko kontratatutako langileak.

Plantilla zenbatzeko, langileen zerrenda nominalaren (RNT) balioak hartuko dira kontuan (azken RNT, lehengo TC2 ordezkatzen duena), eta, enpresari atxikitako langile autonomorik egonez gero, pertsona bakoitzaren kotizazio-oinarrien txostena.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntzen deialdi honen xederako erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.

2.– Dirulaguntzen deialdi honetarako aurrekontu-zuzkiduraren guztizko zenbatekoa milioi bat eta bostehun mila (1.500.000) eurokoa da, eta honela banatuko da ildo bakoitzean:

– 1. ildoa. Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia, berrehun mila (200.000) euro.

– 2. ildoa. Ekoberrikuntza estrategikoa, hirurehun mila (300.000) euro.

– 3. ildoa. ETE zirkularra, milioi bat (1.000.000) euro.

3.– Aurreko apartatuan adierazitako jarduketa-ildoetako baterako esleitutako zenbatekoa agortzen ez bada, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak kopuru horiek beste jarduketa-ildo baten zenbatekoa handitzeko erabili ahal izango ditu, puntuazioaren arabera ordenatuta, gutxieneko puntuazioa gainditu duten proiektuetarako bakarrik. Zenbatekoa aldatzen bada, Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da argitara.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Finantzaketa-ildo hauen erakunde onuradun izan ahalko dira honako hauek:

a) 1. ildoan, Ekodiseinua eta Ekonomia zirkularraren erakustaldia, eta 2. ildoan, Ekoberrikuntza estrategikoa:

– Enpresa pribatuak (sustatzaile eta bazkide gisa), ahal dela, industria-sektorekoak; baina baita konponketa-zerbitzu aurreratuak eta industria-sektorearekin lotutako beste zerbitzu batzuk ere, baldin eta agindu honetan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) zentroei lotutako industria-taldea edo talde anitza. ZTBESko kideak eta aholkularitza-enpresak proiektu bateko bazkide edo azpikontratista baino ezin izango dira izan, eta ezin izango dira proiektu horren sustatzaile izan, enpresetako I+G unitateak izan ezik.

b) ETE zirkularraren 3. ildoan:

– Proiektuaren sustatzaile gisa jarduten duten bitarteko eragileak, taldearen ordezkaritza eta koordinazioa beren gain hartuko dutenak; proiektuak aurrera egiteko behar diren elkarrizketa- eta harreman-funtzioez arduratuko dira; zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekikoez.

– 2024ko Ekonomia Zirkularreko eta Bioekonomiako Ekintza Planean identifikatutako sektoreetako balio-kateetako ETEak, lehentasunez eta modu ez-baztertzailean, proiektuetan parte hartzen duten enpresa txiki eta ertain pribatuak; zehazki, garraio-sektorea (automobilgintza, trenbidea, aeronautika, ontzigintza); ekipo osagarrien, makineriaren eta makina-erreminten sektorea; elektriko-elektronikoa; metala; kimika sektorea; eraikuntza; elikagaien sektorea; birziklapenaren eta ingurumen-erremediatzearen sektorea, bai eta bilgarrien eta enbalajeen diseinuaren eta fabrikazioaren sektorea ere.

Enpresa handiek enpresa laguntzaile gisa parte hartu ahal izango dute, baina horien banakako kostuak ez dira finantzatuko.

2.– Honako hauek ezin dira izan agindu honen onuradunak:

a) Krisialdian dauden enpresak, betiere Batzordearen komunikazio honekin bat etorriz: «Krisialdian dauden enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-dirulaguntzei buruzko Jarraibideak» (2014/C 249/01).

b) Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu dirulaguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela, erabaki horren ostean berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten enpresa edo erakundeak.

c) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003 azaroaren 17koaren) 13. artikuluan jasotako kasuren batean dauden erakundeak.

d) Dirulaguntza edo dirulaguntzak jasotzeko ezintasuna dakarren debeku edo zehapen administratibo edo penalen bat duten erakundeak, baita sexu-bereizkeria egiteagatik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea dela bide agindu bada ere.

3.– Erakundeek honako baldintza hauek bete beharko dituzte onuradun izateko:

a) Egoitza soziala edo, gutxienez, jarduera-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioetatik egitea diruz lagundutako jardueren arduradun-lanak.

c) 2022ko urtarrilaren 1a baino lehenago eratuta egotea.

d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Dirulaguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar beste aldiz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Erakundea ados ez badago, ziurtagiria aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritako baldintzen arabera. Errege Dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartu zen.

e) Ez egotea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio- edo zigor-arloko zehapen baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

f) Ez jaso izatea zehapen administratibo edo penalik sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik, eta ez egotea debeku horrekin zigortuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera.

g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean edukitzea.

h) Onartutako dirulaguntzaren guztirakoa likidatzen den arte eutsi beharko zaio onuradun izateko baldintzari.

i) Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen ez aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

j) Jarduerarik ez egitea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta akuikultura, (ii) nekazaritzako produktuen ekoizpen primarioa, eta (iii) nekazaritzako produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Erregelamenduaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.

k) Gainera, 3. ildorako, 200.000 euro baino handiagoa den minimis guztizko dirulaguntza jaso ez izana (deialdi honetan lortutakoa barne), egungo zerga-ekitaldia eta aurreko biak aintzat hartuta. Gehieneko hori 100.000 eurora jaisten da onuraduna errepide bidezko salgaien garraio-eragiketak besteren kontura egiten dituen enpresa bat bada. Beste dirulaguntza batzuekin metatzeko arauak oinarri hauetako 23. artikuluan zehazten dira.

4.– Enpresa azpikontratistek betebehar hauek izango dituzte:

– Ez izatea nortasun juridiko propioa duten erakundeak, administrazio publikoaren mendekoak edo harekin lotutakoak.

– Dirulaguntza eskatzen duen erakundean, zuzenean edo zeharka, % 25eko edo goragoko partaidetzarik ez izatea, ezta haren gobernu-organoetan erabakitzeko ahalmenik ere.

– Bitarteko eragilea ez izatea.

5. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko proiektuak.

Diruz laguntzeko moduko proiektuen tipologia hauei emango zaizkie dirulaguntzak:

1.– Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia (1. ildoa): Ekodiseinuko eta ekonomia zirkularreko erakustaldiko proiektutzat hartuko dira enpresek merkatuan edo fabrikan konponbide berri, frogatu eta bideragarri bat jartzera bideratutakoak, honako hauen bidez:

– Ekipoak, produktuak edo materialak ekodiseinatzea. Bizi-zikloa azterturik, ikusi beharko da ingurumen-aztarna murriztu egiten dela aurreko beste alternatiba edo eredu batzuen aldean. Proiektua ekodiseinu gisakoa definitzen bada, produktua/zerbitzua diseinatzeko eta garatzeko orduan ingurumenaren gaia ere bildu beharko du, eta «bizi-zikloaren analisiaren» metodologietan oinarritu beharko du (BZA), analisi-prozesuan UNE-EN ISO 14040 eta 14044:2006 arauak betez, konponbide jasangarririk onena ziurtatzeko. Produktuaren ingurumen-informazioa zehazte hutsak (bizi-zikloaren analisiak, LCC, ingurumen-aitorpenak, aztarnak, eta abar) ez du berez ekodiseinu-proiektu bat denik esan nahi.

– Proba pilotuen bidez frogatzea (izan daiteke industriara igaro aurretik edo industriara igarota) ingurumen-aztarnaren hobekuntza, hau da, xahutzea prebenitzeko eta materialen ahalik eta baliorik handiena berreskuratzeko irtenbideak bideragarriak direla ekonomikoki, teknikoki eta ingurumenaren aldetik, bai eta produktuen eta osagaien bizi-zikloa luzatzeko irtenbideak ere.

2.– Ekoberrikuntza estrategikoa (2. ildoa): Ekoberrikuntza estrategikoko proiektutzat hartuko dira ekonomia zirkularreko eta baliabideen efizientziarako Europako politika-tresna bati erantzuten dion eta EAEn merkatu-aukera bat sortzen duen konponbide ekoberritzailea garatzea helburu duten proiektuak. Proiektuak estrategikoa izan beharko du enpresa sustatzailearentzat, eta euskal balio-katea ere inplikatu beharko du, aktiboki. Lehengo lerroaren aldean, bigarren hau ez dago hura bezain aurreratua edo heldua (TRL), eta balio-katean lankidetza handiagoa behar du.

1.– eta 2. ildoetan eskatu beharreko proiektuen tipologia «2022ko lehentasunezko eremuak ekodiseinuko, ekonomia zirkularreko erakustaldiko eta ekoberrikuntza estrategikoko proiektuetarako» dokumentuan zehazten da, eta 29. artikuluan laburbiltzen da.

3.– ETE zirkularra (3. ildoa): Diruz laguntzeko moduko proiektutzat hartuko dira enpresa txiki eta ertainetan ekonomia zirkularreko metodoak eta jarduerak aplikatzea bultzatzera bideratutako proiektuak, talde-proiektuen bidez, bitarteko eragile batek koordinatuta. Horrela, enpresen arteko elkarlanak merkatu-tresnen aplikazio indibidualarekin konbinatzen dira, eta EAEko industriaren sektore-posizionamendurako balio-gehikuntza efizienteagoa da.

Ildo horrek finantzatuko du nazioartean aitortutako tresnen eta metodologien aplikazioa, ETEak negozio-eredu zirkularragoetara igarotzea erraztuko dutenak, bai eta EAEn oraindik kontrastatu gabeko metodologia berrien gidaritza ere. Proiektuek talde-lana eta ikaskuntza enpresa bakoitzeko banakako lanarekin uztartu beharko dituzte, eta emaitza zehatz bat eman beharko dute parte hartzen duten enpresek praktika zirkularragoak egin ditzaten.

Proiektu horietarako lehentasunezko gai-eremuak II. eranskinean zehazten dira. Mota hauetako bateko proiektuak izan beharko dira:

– Aukera zirkularrak identifikatzea.

– Bizi-zikloaren ikuspegia eta merkatuan desberdintzea.

– Ingurumena hobetzea eta ekonomia zirkularrari buruzko erregulazioei aurrea hartzea.

– Balio-katearen jasangarritasuna eta ospea.

– Estrategia zirkular berriak.

6. artikulua.– Diruz lagunduko diren proiektuen baldintzak eta ezaugarriak.

1.– Dirulaguntzen Agindua EHAAn argitaratu ondoren hasten diren proiektuek bakarrik jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak.

2.– Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldiaren 1. ildoan eta Ekoberrikuntza estrategikoaren 2. ildoan, honako baldintza eta ezaugarri hauek ezartzen dira:

a) Proiektu guztiek bizi-zikloaren azterketa (BZA) jaso beharko dute, proiektuaren ondoriozko ingurumen hobekuntzak baloratzeko. Ekodiseinuko proiektuetarako (1. edo 2. Ildokoak izan), ezinbestekoa da hasieratik BZA bat planteatzea (hura azpikontratazioa gomendatzen da, hura egiteko konplexutasuna kontuan hartuta) ISO 14040 eta 14044 arauen arabera, bizi-zikloaren ikuspegiarekin beste alternatiba edo aurreko eredu batzuekiko hobekuntza identifikatzeko, edo horren ingurumen-bideragarritasuna baloratzea funtsezkoa den beste proiektu mota batzuekiko.

b) Proiektuek, lana amaitzeko memoria teknikoan, aurreikusitako emaitzen eta ingurumen, ekonomia eta gizarte eraginen zenbatespena jaso beharko dute, proiektua ixtean eta ondorengo 3 urteetan, edo, hala badagokio, berretsitako emaitzak, III. eranskinean ezarritako jarraibideen arabera. Enpresa sustatzaileak informazio hori epe eta modu egokian prestatu eta entregatu beharko du.

3.– ETE zirkularraren 3. ildoan, jarduera-eremua EAEko enpresa txiki eta ertainetan ekonomia zirkularreko estrategiak aplikatzea da, honako baldintza eta ezaugarri hauekin:

a) Lan-modalitatea taldekoa izango da, proiektu bakoitzeko gutxienez 5 ETEk parte hartuko dute, eta tarteko eragile batek koordinatuko du.

b) Proiektuak Europako Batzordearen politika zirkularreko tresna zehatz bati erantzun beharko dio (preskriptorea edo ingurumen-eragilea) eta enpresa parte-hartzaileen lehiakortasunean eragin positiboa duela egiaztatu beharko du objektiboki.

c) Parte hartzen duen ETE bakoitzak ainguratze-mugarri bat zehaztuko du, proiektuan lortutako emaitzak antolamenduan integratzen direla ziurtatzeko. Horrela, garatutako lanaren erabilera eta jarraitutasuna sendotzen dira, aukera zirkular berriak identifikatzen aurrera egiteko.

d) Horrez gain, erakunde parte-hartzaileek mugarri bat edo entregagai aurreratu bat proposatu ahal izango dute (adibidez: proiektu zirkular bat aurkeztea dirulaguntza-programa batera, hirugarren alderdiak tresna egiaztatzea edo ziurtagiri espezifiko bat lortzea); horrek ere finantzaketa jaso ahalko du.

e) Taldeko lana kontzeptuak eta ideiak argitzera, kontrasteak eta gogoetak egitera eta oztopoak azaltzera, ikuspegiak eta esperientziak partekatzera bideratuta egongo da, enpresa parte-hartzaileen artean sinergiak sortuz eta emaitzak partekatuz, proiektua aberastuz eta banakako lanarekiko balio bereizgarria emanez. Betiere enpresa parte-hartzaile bakoitzaren banakako informazioaren konfidentzialtasuna ziurtatuz.

f) Enpresen eta aplikaziorako ingurumen-preskriptoreen heldutasunaren arabera, proiektuaren ikuspegia sektoriala, balio-katekoa edo zeharkakoa izan daiteke, eta beharrezkoa izango da enpresetan egiaztatutako emaitzak dituen lan-tresna edo -metodo bat izatea, bai eta aplikatzeko laguntza tekniko bat ere.

g) Proiektua eskatzen duen erakunde sustatzaileak bitarteko eragile bat izan behar du. Bitarteko eragilearen jarduketa-eremuko enpresek zein horren eremutik kanpokoek parte hartu ahal izango dute proiektuetan.

h) bitarteko eragile batzuek proiektu bera bultzatzen lagundu ahal izango dute. Formalki, horietako batek bakarrik jardungo du solaskide gisa Ihoberen aurrean, baina bien kanpo-irudia maila berean mantendu ahal izango da proiektuaren sustatzaile gisa.

i) Bitarteko eragile bakoitza gehienez ere bi proiekturen onuradun izan daiteke, baina proiektua ez da tipologia berekoa izango. Enpresa txiki eta ertainek deialdi bakoitzean proiektu bakarrean jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak.

7. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko gastuak.

1.– Honako hauek hartuko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat 1. eta 2. ildoetan (Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia, eta Ekoberrikuntza estrategikoa):

a) Proiektuko enpresa sustatzailearen eta enpresa bazkideen langileen kostuak (ikertzaileenak, teknikarienak, eta gainerako langileenak, baldin eta erakunde eskatzailearen langileak badira), betiere proiektuaren xedeak betetzeaz arduratzen diren neurrian. Langileen kostu zuzenak bakarrik joko dira halakotzat. Memoria ekonomikoan zehazten dira diruz lagun daitezkeen langileen kostuen tipologia. Langileen gastu horien aurreikusitako zenbatekoa proiektu osoaren finantzaketaren % 80 baino txikiagoa izango da. Ehunekoen muga hori proiektu osoari aplikatzen zaio, ez proiektuan parte hartzen duen bazkide bakoitzaren langile-kostuei. Aitortutako eta justifikatutako kostu unitarioa, gehienez ere, 70 euro/orduko izango da.

b) Prototipoaren edo proiektuaren saiakuntza teknikoen kostuak, enpresak produktuaren edo materialaren kalitatea, prestazioak, errendimendu teknikoa eta ingurumen-errendimendua eta abar egiaztatzeko aldizka egiten dituen probak alde batera utzita. Kostu mota horretan, honako hauek sar litezke: saiakuntzak (testak, neurketak eta analisiak) eta horien kalkulua, modelizazioa eta/edo balioespena, bai eta proiektuaren helburuak betetzera bideratutako estandar tekniko normalizatuak berresten dituzten probak egitea ere, bereziki produktuen iraunkortasunarekin, konpongarritasunarekin eta birziklagarritasunarekin lotutakoak, Europako normalizazio-erakundeek arlo horretan egiten dituzten aurrerapenen arabera.

c) Enpresa sustatzailearen edo enpresa bazkideen materialen eta ustiaketa-horniduren kostuak, esaterako proiektuaren jardueraren zuzeneko emaitza gisa hartutako proben prototipoak egiteari dagozkionak.

d) Gastu gehigarrien kostuak; adibidez, soilik proiektuarekin zerikusia duten lekualdaketetarako edo probak gauzatzeko materialak edo ekipamenduak bidaltzeko.

e) Kanpo-aholkularitzaren kostuak. Tipologia honen barruan sartzen da oso proiektu-zati espezializatu batzuk eta ezagutza teknikoak azpikontratatzea, hala nola bizi-zikloaren azterketa egiteko kostuak (sinplifikatua edo osoa) eta «balorazio finantzarioaren txostena» egiteko kostuak (metodo estandarizatua erabiliz egin beharko da, proiektuaren arrakastan edo bideragarritasun komertzialaren lehen analisietan oinarrituta). Finantzagarriak dira orobat proiektuko administrazio-gaiak kudeatzeko zerbitzuen kostuak, bai eta, bideragarritasun komertzialaren analisien kasuan, «business cases» edo antolaketa-metodo eta -protokolo berriak egitea ere.

Kanpo-aholkularitzako kostu horiek ezingo dute gainditu dirulaguntzaren xede den jardueraren kostu guztien % 60.

f) Proiektuaren jarduerarako bakarrik erabilitako tresnen eta ekipoen kostuak. Ekipoen alokairu- edo leasing-kostuak, proiektuaren helburuak betetzeko ezinbestekoa den prototipoa fabrikatzeko kostuak, edo proiektuak irauten duen bitartean jarduera berritzailerako esklusiboki eta etengabe erabilitako ekipamendua eta tresnak amortizatzeko kostuak, non eta ez diren dohainik lagata lortu.

2.– ETE Zirkularraren 3. ildoan, honako hauek hartuko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat:

a) Proiektua sustatu duen bitarteko eragilearen langile-kostuak. Honako hauek sartzen dira:

– Proiektuaren diseinua, zer ingurumen-politikako ekimeni erantzuten dien zehaztuta, baita enpresa parte-hartzaileek zer emaitza zehatz lortuko dituzten zehaztuta ere.

– Ekimenaren sustapena eta hedapena, baita parte hartuko duten enpresak erakartzea ere.

– Parte hartzen duten enpresei laguntza teknikoa emateko hornitzaileen lizitazio- eta balorazio-prozesua, 7. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

– Proiektua dinamizatzea, kudeatzea eta ikuskatzea, interes berezia eskainiz partekatzeko espazioak sustatzeko, enpresen artean egon daitezkeen sinergiak identifikatzeko eta proiektua aberasteko.

– Proiektuaren kudeaketa tekniko-administratiboa eta proiektuaren azken justifikazioa. Emaitzen azken txostenean, enpresak proiektuan parte hartzera bultzatu dituzten faktoreak, faktore horiek proiektura egindako azken ekarpena eta ahalik eta balio handiena lortzeko egindako ekintzak jasoko dira, baita enpresentzat identifikatutako interes-esparru berriak ere.

– Proiektua eta haren emaitzak dokumentu argitaragarri baten bidez zabaltzea, bai eta gutxienez bi jardunaldi publiko egitea ere. Jardunaldietako bat proiektua jendaurrean aurkezteko eta enpresak erakartzeko izango da, eta bestea, proiektua amaitutakoan, proiektuaren emaitzak ezagutarazteko.

– Inplikatutako eragileekin egiten diren koordinazio-bileretara joatea, bai eta azken bateratzea ere, ETE zirkularra ekimena baloratzeko eta hobekuntzak proposatzek.

– Proiektuaren kudeaketa tekniko-administratiboa eta proiektuaren azken justifikazioa.

Bitarteko eragileak aitortu eta justifikatutako ordu-kostua ezin izango da orduko 50 eurotik gorakoa izan.

b) Honako honetarako laguntza tekniko espezializatuak azpikontratatzeak eragindako kostuak:

– Euskarri teknikoa emateko eta proiektua ezartzeko lantaldean.

– Ainguratze-mugarri aurreraturako laguntza teknikoaren kostu gehigarriak; esate baterako, proiektu berritzaile bat prestatzea, ETE zirkularra ez den beste dirulaguntzen programa batzuetan (EAEkoa, estatukoa, Europakoa) aurkezteko, lantaldearen emaitza gisa.

– Analisiak edo laborategiko proba teknikoak egiteko, emandako konponbide berrien bideragarritasun teknikoa egiaztatzeko, hala badagokio, eta proiektuaren arrakasta bermatzeko.

– Ezarritako metodologia egiaztatzeko edo ziurtatzeko. Ezarritako metodologia egiaztatzeko edo ziurtatzeko.

3.– Honako hauek dirulaguntzaren xede diren ildo guztien kostuetatik kanpo geratuko dira:

– Inoiz ez dira diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko berreskura edo konpentsa daitezkeen zeharkako zergak. Tributuak gastu diruz lagungarriak izango dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Egiaztatu egin beharko da inguruabar hori.

– Softwarea eta makineria erostea.

– Aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak.

– Sustapen, publizitate eta marketineko materiala sortzea (1. eta 2. ildoetan soilik).

– Merkataritzako webguneak, plataformak eta softwarea egitea.

– Lurrak eskuratzeari dagozkionak.

– Dirulaguntzen deialdia EHAAn argitaratzen den eguna baino lehen izandako edozein kostu.

8. artikulua.– Azpikontratazioa.

1.– 7. artikuluan aipatutako gastuek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31. artikuluetan eta hura garatzen duen Erregelamenduaren 68. artikuluan xedatutakoa bete beharko dute, eta, beraz, ezarritakoa bete beharko dute.

2.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarritako zenbatekoak gainditzen dituenean – lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23 (EB) eta 2014/24 (EB) Zuzentarauen transposizioa egiten da Espainiako ordenamendu juridikora kontratu txikirako –, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa kontratatu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (dirulaguntzaren justifikazioarekin edo, hala badagokio, eskabidearekin batera aurkeztuko dira eskaintzak), efizientzia eta ekonomia irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

3.– Hirugarrenekin hitzartutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, kontratua idatziz egin beharko da.

4.– Inork ezin du berari loturik dagoen beste alderdi bat azpikontratu, hala nola taldeko enpresak, enpresa elkartuak edo taldeko kide anitzetako bat.

9. artikulua.– Dirulaguntzen izaera eta emateko prozedura.

1.– Itzuli beharrik gabekoak izango dira dirulaguntzak, eta publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-printzipioei jarraituz emango dira. Dirulaguntzak norgehiagokako prozedura erabiliz emango dira.

2.– Diruz lagundu daitekeen proiektu-tipologia bakoitzaren barruan, norgehiagoka-prozedura bidez aukeratuko dira proiektuak, aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta, eta agindu honetako 18. artikuluan zehaztutako irizpide eta prozedurei jarraituz.

3.– Ildo guztietarako, eskabideak aurkezteko fase bakarra ezarriko da.

10. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta intetsitatea.

1.– Proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntzen mugak, diruz lagun daitezkeen gastuen aurrekontu onartuen gainean, gehieneko zenbateko hauetara iritsi ahal izango dira, dirulaguntzaren ildoaren arabera:

a) 1. ildoa, Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia: proiektu bakoitzeko 30.000 euro.

b) 2. Ildoa, Ekoberrikuntza estrategikoa: proiektu bakoitzeko 150.000 euro.

c) 3. ildoa, ETE zirkularra: proiektu bakoitzeko 100.000 euro.

– Proiektua sustatu duen bitarteko eragilearen jardueren kasuan, finantzatuko den gehieneko zenbatekoa 15.000 euro izango da proiektu bakoitzeko.

– Laguntza tekniko espezializatua kontratatzeko gehieneko zenbatekoa 15.000 euro izango da, gehienez, proiektuan parte hartzen duen ETE bakoitzeko.

– Enpresak ainguratze-mugarri aurreratuaren konpromisoa hartzen badu, finantzatu beharreko gehieneko zenbatekoa 2.000 euro igoko da ETE bakoitzeko.

2.– Dirulaguntzen intentsitatea honako hau izango da:

a) Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldiaren eta Ekoberrikuntza estrategikoren 1. eta 2. ildoak: laguntzaren intentsitatea % 25ekoa da, baina, garapen esperimentalerako irizpideen arabera, enpresa txikientzat, hauta daitezkeen kostuen gehienez ere % 60 izan daiteke; ertainentzat, % 50; eta, handientzat, % 40 (Erregelamenduko 25.2.c eta 25.6 artikuluetan eta Europako Batzordearen 651/2014 zenbakiko 25.6 artikuluan datoz irizpide horiek). Onartutako proiektu bakoitzari emango zaion dirulaguntza kalkulatzeko, artikulu honetako 1. eta 2. c) apartatuetan aurreikusitako dirulaguntzarik handiena aplikatuko zaio proiektu bakoitzean onetsitako diruz laguntzeko moduko gastuen aurrekontuari.

b) Ekoberrikuntza estrategikoaren 2. ildoan, lortutako azken dirulaguntzaren gehieneko ehuneko hartzekoduna ezartzen da, proiektuaren bikaintasun-mailaren arabera. Horrela, eta artikulu honetan zehaztutako dirulaguntzaren gehieneko intentsitatearen irizpidea aplikatu ondoren, emaitzazko zenbatekoari aplika dakiokeen zuzenketa-faktore bat ezarri da, proiektuen kalitatearen arabera. Honatx puntuazio-tarteak:

– 100-86 puntu. Zuzenketa-faktorea: 1.

– 85-79 puntu. Zuzenketa-faktorea: 0,90.

– 78-72 puntu. Zuzenketa-faktorea: 0,80.

– 71-65 puntu. Zuzenketa-faktorea: 0,70.

c) ETE zirkularraren 3. ildoa: bitarteko eragile sustatzaileentzako eta enpresa parte-hartzaileentzako dirulaguntzaren intentsitatea % 100ekoa izan daiteke, eta Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 EB «minimis» Erregelamenduaren mende egongo dira.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko aldiberekotasuna.

1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako ematen dituztenekin, betiere hautatutako proiektu bakoitzerako jasotako finantzaketaren zenbateko osoa ez bada diruz lagundu beharreko proiektuaren kostu osoa baino handiagoa. Gainfinantzaketarik izanez gero, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

2.– Aurreko apartatuan adierazitakoa baloratze aldera, eskatzaileek beste erakunde batzuei eskatutako edo beste erakundeek esleitutako dirulaguntzak aitortu beharko dituzte eskabidea egiteko unean (esaterako, SPRIren programak, aldundietakoak eta abar), bai objektu bereko proiektuei eta bai objektuarekin lotura duten edo beste eskabide edo esleipen batekin proiektuaren zati direnei dagokienez. Azken kasu horretan proiektuen osagarritasuna, bikoizketak eta bat-etortzea azaldu beharko dituzte.

3.– Gainera, ETE zirkularraren 3. ildoaren kasuan, parte-hartzaile guztiek aurreko bi zerga-ekitaldietan eta finantzaketa eskatzen deneko zerga-ekitaldian emandako minimis dirulaguntzen zerrenda aurkeztu beharko dute, adieraziz dirulaguntza noiz eman den, zein erakundek eman duen eta dirulaguntza beraren programa eta zenbatekoa zehaztuta.

12. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

13. artikulua.– Erakunde laguntzailea.

1.– Ihobe SA sozietate publikoa entitate laguntzaile izendatzen da, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuena) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako eran.

2.– Ihobe SAk, erakunde laguntzailea den aldetik, funtzio hauek beteko ditu:

a) Aurkeztutako dokumentuak ikuskatzea, eta, akatsik aurkituz gero, zuzenketak proposatzea organo kudeatzaileari.

b) Erakundeek dirulaguntzak eskuratu ahal izateko ezarri diren baldintza eta kondizioak betetzen dituztela egiaztatzea.

c) 17. artikuluan adierazitako balorazio-epaimahaiari laguntza ematea eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lanetan, 18. artikuluan jasotako esleipen-irizpideen arabera.

d) Dirulaguntzaren xedea den jarduera egin den eta haren helburua bete den aztertzea, eta dagokion jarraipena egitea, ziurtatzeko dirulaguntzak emateko eta proiektuak gauzatzeko baldintzak betetzen jarraitzen dutela.

e) Erakunde onuradunek eskatutako luzapenak bidezkoak diren ala ez balioestea.

f) Dirulaguntzak ordaindu aurretik, entitate onuradunek diruz lagundutako ekintzak egin dituztela eta ekintzen zer kostu izan dituzten adierazten duten ziurtagiriak aztertzea.

g) Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari proposatzea dirulaguntzak behar bezala kudeatzeko administrazio-neurriak edo bestelako neurriak har ditzala, erakunde onuradunak agindu honetako baldintza eta betekizunak ez betetzeagatik hartu behar diren neurriak barne.

h) Deialdi honen kudeaketan Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egiten dituen egiaztatze-jarduerak onartzea.

i) Proiektuen emaitzak sustatzea, horiek ikusarazteko eta ikaskuntzak beste enpresa eta erakunde batzuei transferitzeko.

j) Lortutako emaitzen amaierako ebaluazioa egitea.

14. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Hiru ildoetako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua EHAAn argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

2.– Eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta agindu honekin lotutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen III. kapituluko II. tituluan eta Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan ezarritakoari jarraituz.

3.– Eskabidea eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da:

https://www.euskadi.eus/servicios/1222301/ (gaztelania)

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1222301/ (euskara)

Helbide horretan eskuratu ahal izango dira: eskabide-orria, 15. artikuluan aipatzen diren erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta inprimakien ereduak, eta eskabideak modu telematikoan aurkeztea justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den dokumentazioa.

Eskaera egin ondorengo izapideak, baita jakinarazpenak eta espedientearen kontsultak ere, «Nire karpeta» gunearen bitartez egingo eta jakinaraziko dira, kanal elektronikoaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/micarpeta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak. Ildo horretan, eta agindu honen esparruan, ordezkaritza egiaztatuta dago Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatuta badago (https:// https://www.euskadi.eus/ordezkariak).

5.– Emandako datuak Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako lege aplikagarrietan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

6.– Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendaria da emandako datuen arduraduna, eta bere aurrean gauzatu ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

7.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte dirulaguntzaren eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, dirulaguntza eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.

15. artikulua.– Zer dokumentu aurkeztu behar den eskabidearekin batera.

1.– 1. ildoa, Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia, eta 2. ildoa, Ekoberrikuntza estrategikoa. Eskabide guztiekin batera, nahitaez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, kasuan kasuko gidalerroei eta formatu espezifikoari jarraituz:

– Memoria teknikoa, finantzaketaren xede den ildoari dagokion ereduari jarraituz.

– Memoria ekonomikoa, finantzaketa eskatu den ildoari dagokion ereduari jarraituz. Proiektuarekin lotutako diruz laguntzeko moduko gastu guztiak adierazi beharko dira, agindu honen 7. eta 10. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

2.– 3. ildoa, ETE zirkularra: Eskabide guztiekin batera, nahitaez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, kasuan kasuko gidalerroei eta formatu espezifikoari jarraituz:

– Memoria teknikoa: 3. ildorako ezarritako ereduaren arabera. Atal guztiak garatu beharko ditu, eta proiektuan parte hartuko duten ETEen zerrenda eta proiektua gauzatzeko kontratatutako laguntza teknikoa zehaztu.

– Memoria ekonomikoa: 3. ildorako ezarritako ereduaren arabera. Guztizko zenbatekoa aurkeztuko du, parte hartzen duen eragile bakoitzaren, bitarteko eragile bakoitzaren eta laguntza teknikoen jarduketen zenbatekoak banakatuta, eta parte hartzen duten ETEen artean banatuko ditu laguntza teknikoaren kostuak.

Erakunde interesdunek eskaera bateratu bakarra aurkeztu behar dute proiektu bakoitzerako. Bitarteko eragileak zuzenduko du proiektua, taldearen lider gisa jardunez, eta proiektuaren ordezkari izango da, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (38/2003 azaroaren 17koaren) 11.3 artikuluan xedatutakoarekin bat. Ondore horietarako, bere gain hartuko du proiektua garatzeko eta kudeatzeko erantzukizuna, bai eta proiektua behar bezala garatzeko Administrazioarekin hitz egiteko beharrezkoak diren funtzioak ere. Entitatearen legezko ordezkariak aurkeztuko du eskaera, eta parte hartzen duten gainerako erakundeek sinatu beharko dute.

3.– Artikulu honetako 1. eta 2. puntuetan adierazitakoaz gain, dirulaguntzen eskabide guztiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Proiektuan parte hartzen duen erakundeak behar bezala sinatutako erantzukizunpeko adierazpena.

– Harremanetarako oinarrizko datuen inprimakia.

– Erakunde eskatzaileak ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda daudela egiaztatzen duen agiria.

– Hala badagokio, onuradun bakoitza ETE dela justifikatzea, agindu honen 2. artikuluan ezarritako definizioaren arabera.

– Hirugarrenen alta. Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzaren dagokion datu-basean egon beharko du. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzak emandako Hirugarrenen Erregistro Telematikora jo beharko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

– 3. ildorako: Enpresa parte-hartzaileek eta bitarteko eragileak sinatutako akordioa; barne-xedapenak ezarriko ditu, eta gutxienez alderdi hauek jasoko ditu:

• Dirulaguntzaren xede den proiektuan parte hartzen duten enpresen behin betiko zerrenda, proiektuaren arduradunen harremanetarako datuekin.

• Proiektua garatzeko kontratatutako laguntza teknikoa, justifikazioarekin batera.

• Proiektuaren kostuak eta alderdi bakoitzak proiektuaren finantzaketa osoan duen partaidetza-ehunekoa.

• Lankidetza ekonomikoki arautzeko modua, emandako dirulaguntzari uko egiteko edo oinarri hauek edo dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araudi orokorra ez betetzeko kasuak barne, bai eta, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzetako bat ez betetzea ere.

• Proiektuaren azken plangintza, aurreikusitako hasiera-data eta amaitzeko epea.

• Helburuak lortzeko lan-metodoak, taldea eta dinamika. Talde-lanaren balioa ziurtatzeko plangintza adieraziko da, baita ahalik eta balio handiena lortzeko, tresna enpresan finkatzeko mugarriak ere (ingurumen-ekintza eta lehia-ekintza emaitzak erakundean sartu direla ziurtatzeko). Proiektuaren faseak eta zereginak adieraziko dira, baita zeregin bakoitzari esleitutako baliabideak ere. Alderdi kritikoenak eta proposatutako konponbideak identifikatuko dira.

• Proiektuan parte hartzen dutenei baimena ematea, bitarteko eragileak bere ordez dirulaguntza eskatzeko espedientea koordinatu eta izapidetu dezan.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila ez da sartzen horrelako akordioetan, ez eta parte-hartzaileen artean ezartzen den harreman pribatuan ere. Proiektuaren erantzukizuna eta ordezkaritza, eta, beraz, eskumen horiek koordinatzeko lana bitarteko eragilearen esku egongo da.

4.– Dirulaguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar diren aldi guztietan eskatzaileen baimenik zertan izan gabe, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Eskatzaileak baimenari uko egin ahal izango dio espresuki, horretarako egiaztagiria Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorreko 22. artikuluan zehaztutako moduan aurkeztuta.

5.– Nolanahi ere, egindako eskaera kontuan hartzeko aurkeztu beharreko gutxieneko dokumentazioa memoria teknikoa eta ekonomikoa dira.

16. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.

1.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriek ez badituzte betetzen deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak, edo haien edukia nahikoa ez bada, erakunde eskatzaileari 10 egun balioduneko epea emango zaio gabeziak zuzentzeko edota behar diren dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskabidea ez zaiola onartuko. Ebazpena Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak egingo du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeko 68. eta 21.1 artikuluek aurreikusitako moduan.

2.– Halaber, eskabidea izapidetzea onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egoki baloratzeko, eta horretarako 10 eguneko epea emango dio, informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela jakinarazita.

17. artikulua.– Eskabideak baloratzeko epaimahaia.

1.– Honako hauek osatuko dute balorazio-epaimahaia: Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak, epaimahaiburu gisa, eta aipatutako zuzendaritzari atxikitako eta lehen aipatutako zuzendariak izendatutako bi funtzionariok, epaimahaikide gisa, bai eta Ihoben zuzendari nagusiaren kargua duten pertsonek, Ihobeko Ekonomia Zirkularreko zuzendariak eta ekonomia zirkularraren berrikuntzako Ihobeko teknikari bat, azken horrek izendatua.

2.– Ebaluazio-organoaren osaeran, gaikuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, alde batera utzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen ezagutza nahikoa izatea.

Era berean, ekonomia zirkularraren berrikuntzaren arloan eskumen eta eginkizun garrantzitsuak dituzten erakundeetako beste aditu edo ordezkari batzuek ere lagundu eta aholkatu ahal izango diote ebaluazio-organo horri, beharrezkotzat jotzen denean.

Epaimahaiak kasuan kasuko ebazpen-proposamen egokia egingo du, esleipen-irizpideak kontuan hartuta, dirulaguntza lor dezaketen proiektuak zehaztuko dituena, bai eta laguntzen zenbatekoak ere, hala nola ezetsitako eskariak, horretarako arrazoiekin batera. Proposamen hori Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeari helaraziko zaio, eta hark, dagokion ebazpenaren bidez, deialdia ebatziko du.

18. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

Dirulaguntzak honako irizpide hauen arabera emango dira, eta guztira 100 puntu lortu daitezke.

(Ikus .PDF)

1.– Ekonomia zirkularreko ekodiseinua eta erakustaldia (1. ildoa) eta ekoberrikuntza estrategikoa (2. ildoa) ildoetan, honako balorazio-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Proiektuaren izaera berritzailea (1. eta 2. ildoen pisu espezifikoa: % 15):

– Indar eragileen zaintzaren azterketa, artearen egoera eta planteatutako alternatiben aurretiazko azterketa.

– Garatu beharreko produktuak, materialak, prozesuak eta/edo negozio-ereduak merkatuan dakarren berrikuntza.

– Konponbide berritzaile integral eta sistemiko bat garatzea, Europako politikaren «driverrei» aurrea hartzeko gai izango dena.

– Konponbidearen hurbiltasuna eta heldutasuna merkatuan jartzeari dagokionez, hasierako eta amaierako TRL eta merkaturatzearen azelerazioa zenbatetsiz eta justifikatuz.

Ingurumen-garrantzia (1. ildoaren pisu espezifikoa: % 15; 2. ildoarena: % 10):

– Proiektua amaitu eta hiru urte igaro ondoren, berotegi-efektuko gasetan, zuzenekoetan eta zeharkakoetan, materialen kontsumoa murriztea lortzea aurreikusten den ingurumen-hobekuntzaren zenbatespen kuantitatiboa.

– Erabilitako metodoaren fidagarritasuna eta aurkeztutako zenbatespenen garapen-maila.

Lehiakortasunerako ekarpena (1. eta 2. ildoen pisu espezifikoa: % 20):

– Proiektua amaitu eta hiru urtera lortzea aurreikusten den lehiakortasun-hobekuntza potentzialaren zenbatespen kuantitatiboa.

– Aurkeztutako adierazleen bost zenbatespenak kalkulatzeko metodoaren garapen-maila eta kalitatea.

– Partzuergoko EAEko enpresentzat aurreikusitako negoziorako balioa sortzearen justifikazioa.

– Eskalagarritasuna, balio-sinergien bidez etorkizunean inpaktua handitzeko aukera eta proiektu berritzaile eratorriak garatzea.

– Sustatzaileak proiektuarekiko duen konpromisoaren eta lidergoaren justifikazio argia.

Proposamenaren metodologia eta koherentzia (1. eta 2. ildoen pisu espezifikoa: % 15):

– Argitasuna proiektuaren definizioan, bai eta bideragarritasun teknikoan, ekonomikoan, ingurumenekoan eta merkataritzakoan ere.

– Funtsezko entregagaiak eta proiektuaren alderdi kritikoak deskribatzea, eta plangintzan sartzen diren irtenbideak planteatzea, zeregin erabakigarriak epe barruan adierazita.

– Lanaren antolaketa eta plangintza, proposatutako zereginetan aurreikusitako baliabideak eta proiektuaren helburua lortzeko koherentzia.

– Nazioarteko erreferentziako erakundeetatik lortutako adituen kontratazioak eta lankidetzak, jakintzaren finkapena bizkortzea edo bideragarritasun komertziala hobetzea aurreikusten dutenak

– Eskura dauden ezagutzak eta gaitasunak, eta enpresetako sailen parte-hartzea. Proiektuan proposatutako konponbidearekin lotuta partzuergoko enpresek egindako eta justifikatutako I+G proiektuak.

– Bizi-zikloaren azterketa kalkulatzeko aurreikusitako metodoa.

Lehentasunezko eremuekiko lerrokadura (1. ildoaren pisu espezifikoa: % 25; 2. ildoarena: % 20):

– «Ekodiseinuko, ekonomia zirkularraren erakustaldiko eta ekoberrikuntza estrategikoko proiektuetarako euskal industriari zuzendutako laguntzen deialdietarako lehentasunezko eremuak» dokumentuan zehaztutako eremu espezifiko zehatzetako bati egindako ekarpena (1. eta 2. ildoetarako, I. eranskinean).

– Ekonomia Zirkularraren Estrategiaren sektore eta ildo giltzarriei laguntzea, elikadura alde batera utzita, bai eta hondakin kopuru handiak isurtzeko irtenbide berritzaileei eta/edo industriako baliabideen eraginkortasuna optimizatzeari ere.

Proiektuak balio-katean edo beste sektore batzuetan duen eragina (1. ildoaren pisu espezifikoa: % 10; 2. ildoarena: % 20):

– Balio-katea proiektuan eta, ahal dela, konponbidean integratzea, argi eta garbi zehaztutako funtzioarekin, EAEko enpresentzat baliorik handiena sortuz.

– Proiektuaren konponbidearen edo emaitzen garrantzia, administrazioak EAEko ingurumen-politikako tresnen hedapena hobetu ahal izan dezan.

– Konponbide berritzaileak EAEko beste enpresa batzuetara transferitzeko aukera; enpresa horiek, konponbidea, proiektua amaitu eta bost urtera aplikatu ahal izango lukete.

2.– ETE zirkularrean (3. ildoa), honako balorazio-irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Ingurumen-emaitzen garrantzia (pisu espezifikoa: % 20):

– Euskadiko Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiari berariazko ekarpena.

– Berotegi-efektuko gasak eta materialak, epe ertainera eta luzera, murrizteari dagokionez, proiektuaren ondorioz zenbatetsitako ingurumen-emaitzak.

Lehiakortasunerako ekarpena (pisu espezifikoa: % 20):

– Proiektuaren emaitzaren eta parte hartzen duten ETEentzako balioa eta lehiakortasuna lortzearen arteko hurbiltasuna (adibidez, merkatu berrirako edo bezero berrienganako irisgarritasuna, produktu berria, posizionamendu hobea, bereizketa, erosketa publikorako sarbidea).

– Proiektuaren emaitzek aukera ematea ekonomia zirkularreko ekintza berrietarako.

– Ikuspegi berria (legeria berriari edo bezeroen etorkizuneko premiei aurrea hartzea, metodologia berri bat aplikatzea eta abar balioetsiko da).

Helburuak lortzeko proposamenaren metodologia eta koherentzia (pisu espezifikoa: % 20):

– Argitasuna proiektuaren helburuaren definizioan (gainditu beharreko erronka edo arazoa), entregagaiak eta enpresa parte-hartzaileen ainguratze-mugarria.

– Proposatutako tresna teknikoa (gida, eskuliburua, aplikatiboa, eta abar) erantzun behar dion Europako Batzordearen tresnarekin («Ingurumen-DRIVERRA») bat datorren.

– Lanaren antolaketa eta plangintza, proposatutako zereginetan aurreikusitako baliabideak (ardura propioak, adituak, beste kostu batzuk) eta proiektuaren helburua lortzeko koherentzia.

– ETEen arteko (eta sektoreen arteko) sinergiak sortzeko talde-dinamika, bitarteko eragilearen antzeko esperientziak aprobetxatuz.

– Lortutako emaitzak ETEei eta gizarteari jakinarazteko eta helarazteko plangintza.

Proiektuak balio-katean edo beste sektore batzuetan duen eragina (pisu espezifikoa: % 20):

– Proiektuaren xede den ETEaren profila eta justifikazioa (sektorea, ingurumen-heldutasunaren maila, nazioartekotze-maila eta abar).

– Antzeko proiektu bat gara dezaketen ETEen guztizko kopuruaren kalkulua.

– Proiektuan parte hartzen duten ETEen kopurua.

Baliabideen koherentzia eta gastuaren eraginkortasuna (pisu espezifikoa: % 20):

– Kostuen banaketaren koherentzia helburuak betetzeko.

– Proposatutako kostuen proportzionaltasuna.

– Guztizko kostua ETE parte-hartzaile bakoitzeko.

3.– Proiektuek esleipena jasotzeko, 65 puntu lortu behar dituzte gutxienez, irizpide guztiak batuta.

4.– 5. artikuluan ezarritako diruz laguntzeko moduko 1. eta 2. ildoetarako lehentasun-irizpideez gain, EMAS Europako erregistroan inskribatuta dagoen erakunde sustatzaile batek aurkeztutako eskaerek (edo gutxienez proiektuaren aurrekontuaren heren bat duen bazkide baten partaidetza dutenek) 3 puntu gehiago lortuko dituzte, ebaluazio teknikoaren emaitza orokorraz gainera.

5.– Bi proposamen edo gehiagok puntu kopuru berdina lortuz gero, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, ezarritako hurrenkeran, berdinketa hausteko:

– Enpresak desgaitasuna duten edota gizarte-bazterketa egoeran dauden langileen ehuneko handiagoa edukitzea; berdinketaren kasuan, lehentasuna izango dute plantillan desgaitasuna duten langile finko gehiago dutenek edota gizarteratze egoeran dauden langileen kopuru handiagoa dutenek.

– Enpresako langileen artean emakume enplegatuen ehuneko handiagoa izatea.

– Zozketa, aurreko irizpideak aplikatuta berdinketa hautsi ez bada.

19. artikulua.– Dirulaguntza-eskabideak ebaluatzea.

1.– Balorazio-epaimahaiak aztertu eta ebaluatuko ditu eskabideak, horretarako sortuta baitago eta agindu honen 17. artikuluan aipatzen baita, eta, horretaz gainera, proiektuei dirulaguntzak emateko proposamena egingo du, betiere horretarako eskabidea formalki aurkeztu badute.

2.– Dirulaguntzak emateko proposamena egiteko, kontuan hartuko da agindu honen 9. artikuluan ezarritakoa.

20. artikulua.– Dirulaguntzak emateko ebazpen-proposamena.

Epaimahaiak ebazpen-proposamen bateratu bat egingo du ildo guztietarako, esleipen-irizpideekin bat etorriz. Bertan, dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak zehaztuko dira, bai eta dirulaguntzaren zenbatekoa ere, eta proiektu bakoitzeko ETEak zehaztuko dira (3. ildoa), baita deialdiko baldintzak ez betetzeagatik ezetsitako eskabideak ere, ezesteko proposamenaren oinarri diren arrazoiekin eta, hala badagokio, ebaluazioan lortutako puntuazioarekin batera. Proposamen hori Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeari helaraziko zaio, eta hark, dagokion ebazpenaren bidez, deialdia ebatziko du.

21. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

Ebazpena Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak emango du, eta erakunde interesdunei jakinaraziko zaie Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Horren berri ere emango zaie interesdunei, banan-banan, egoitza elektronikoaren helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Interesdunei gehienez ere sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie, argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota ebazpen espresurik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute erakunde interesdunek, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 51.9 artikuluarekin bat etorriz.

Laguntza eman den edo ez zehaztuko da ebazpenean; gainera, laguntza eman bada, zer erakundek jaso duen, laguntza zer proiektuk jaso duen, zer puntuazio eskuratu duen eta zenbateko laguntza jaso duen zehaztuko dira; eta, aitzitik, eman ez bada, laguntza ez emateko arrazoiak adieraziko dira.

Aurreko apartatuetan aipatzen den ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta, horren aurka, gora jotzeko helegitea jarri ahal izango diote erakunde interesdunek Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

22. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko epea eta luzapenak.

1.– Dirulaguntzak nolabait ere pizgarri izan daitezen, proiektuek dirulaguntza jaso ahal izateko, dirulaguntza eskatzen duen datatik aurrera abiarazi beharko dira.

2.– Proiektuak gauzatzeko gehieneko epea honako hau izango da:

– 1. ildoa, Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia: 2023ko abenduak 31.

– 2. ildoa, Ekoberrikuntza estrategikoa: 2024ko ekainak 30.

– 3. ildoa, ETE zirkularra: 2023ko abenduak 31.

3.– Proiektua gauzatzeko epea bat etorriko da gehieneko epearekin, salbu eta enpresa sustatzaileak edo bitarteko eragile sustatzaileak berariaz ezartzen badu epe laburragoa, zeinak berrikuntza-prozesuaren ondoriozko desbideratzeak kontuan hartuko dituen.

4.– Dirulaguntzaren xede den proiektuaren baldintza espezifikoekin lotutako eta behar bezala justifikatutako arrazoiak direla eta, pertsona onuradunak, ezarritako exekuzio-epea amaitu baino lehen, xedatutako epea luzatzeko eskatu ahal izango du. Epea ez da izango eskabidean zehaztutako egikaritze-epearen erdia baino gehiagokoa. Luzapen-eskaera hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari zuzendu beharko zaio.

23. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.

Dirulaguntza zuzenean ordainduko zaie erakunde onuradunei, jarraian azaldu moduan:

1.– 1. ildoa, Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia, eta 2. ildoa, Ekoberrikuntza estrategikoa: diruz lagundu daitezkeen kostuen zenbatekoa honela ordainduko da:

– % 50, erakunde onuradunek emandako dirulaguntza onartu ondoren.

– Gainerako % 50a, aurreikusitako behin betiko azken txostena eta dagokion itxiera-memoria ekonomikoa onartu ondoren, 24. artikuluan ezarritako gehieneko epean.

2.– 3. ildoa, ETE zirkularra: Diruz lagundu daitezkeen kostuen zenbatekoa honela ordainduko da:

– Onuradun bakoitzari (bitarteko eragileari eta ETEa) emandako dirulaguntzaren % 50, parte-hartzaile bakoitzari dirulaguntza emateko ebazpena eman ondoren.

– Gainerako % 50a, aurreikusitako behin betiko azken txostena eta dagokion itxiera-memoria ekonomikoa onartu ondoren.

Lehen ordainketa aurreratuta egin ahal izango da orobat, hau da, justifikazioa aurkeztu baino lehen ere ordaindu ahal izango da, finantzaketa hori beharrezkoa baldin bada dirulaguntzaren helburu diren jarduerak aurrera eramateko.

Jarduketaren benetako kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan murriztuko da, eta, hala badagokio, aplikatu behar den intentsitatea oinarri berriari aplikatuko zaio.

Puntu horretan, kontuan hartuko da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 3.2 artikuluan xedatutakoa (dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira).

24. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.

1.– 1. ildoa, Ekodiseinua eta ekonomia zirkularraren erakustaldia, eta 2. ildoa, Ekoberrikuntza estrategikoa. Proiektua sustatzen duen enpresak honako hauek entregatuko ditu:

– «Proiektuaren amaierako memoria teknikoa», formatu librean, erakunde kolaboratzaileari egindako lanaren justifikazioa emateko. Barne hartuko ditu bilera-aktak, interes konfidentzialik gabeko entregagaiak, eta konponbide berriaren bizi-zikloaren azterketa, aurreko alternatibarekin alderatuta, ezarritako gutxienekoen eskakizunei jarraituz.

– «Lortutako emaitzen eta proiektuan aurreikusitako eraginen azken txostena», ezarritako ereduaren arabera. Txosten horrek hau dena bildu behar du: emaitzen laburpena; proiektu teknikoaren oztopoak, alderdi kritikoak eta ikaskuntza; hurrengo urratsak; emaitzak jakinarazteko plana; partzuergoak nola baloratzen duen proiektua; epe ertain eta luzerako inpaktuen eta emaitzen zenbatespena eta argitaratu beharreko proiektuaren emaitzen fitxa.

– Proiektuaren memoria ekonomikoa, Excel eta PDF formatuko ereduaren arabera. Memorian honako hauek jasoko dira, kostu motaren arabera: onartutako gastuak, baliozkotutako aldaketak –hala badagokio–, baita benetan egindako gastuak ere. Zehaztutako ereduaren arabera aurkeztuko da, eta honako hauek ere jasoko ditu:

• Langileen kostuei dagokienez: pertsona eta urte bakoitzeko egindako orduen erantzukizunpeko adierazpena eta bazkide bakoitzaren ordutegi-parteak. Ordu horietako bakoitzaren kostu unitarioa eta kostu unitario horren kalkulua, behar bezala egiaztaturik. Horrela, bi gauza ikusi ahal izango dira islaturik: sortutako guztizkoa, eta Gizarte Segurantzak enpresarentzat duen kostua.

• Gainerako kostuetarako: fakturak eta ordainagiriak. Fakturek 1619/2012 Errege Dekretuan aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, ildo horretan, honako hauek jaso beharko dituzte: jaulkitzailearen identifikazio-datuak (izena eta IFZ/IFK), faktura zein erakunderen izenean egin den eta haren datuak, IFK, kontzeptua, data, fakturaren zenbakia, BEZa barne duten kontzeptuen xehetasuna (edo salbuespena), zenbatekoa eta sinadura eta/edo zigilua. Era berean, argi eta garbi deskribatuko dituzte gastuaren kontzeptuak, proiektuko diruz lagundutako jarduerak egitearekin zuzenean lotuta egongo direnak.

Ez da fotokopiarik edo albaranik onartuko.

2.– 3. ildoa, ETE zirkularra. Proiektua sustatu duen bitarteko eragileak hauek entregatuko ditu:

– Proiektuaren azken memoria teknikoa, formatu librean. Memoria horretan, bilera-akta, txosten eta entregagai guztiak –egindako lanen irismena balioesteko aukera ematen dutenak– jasoko dira.

– Proiektuaren komunikazio-memoria bat. Bertan, lan-metodologia, parte-hartzaileak eta lortutako emaitzak jasoko dira.

– Proiektuaren memoria ekonomikoa PDF formatuan, eta kopia bat Excel formatuan. Memorian honako hauek jasoko dira, kostu motaren arabera: onartutako gastuak, baliozkotutako aldaketak –hala badagokio–, baita benetan egindako gastuak ere. Ereduaren arabera aurkeztuko da, eta honako hauek ere jasoko ditu:

• Bitarteko eragilearen langileen kostuei dagokienez: pertsonako eta urteko egindako orduen erantzunkizunpeko adierazpena eta ordu-parteak. Ordu horietako bakoitzaren kostu unitarioa eta kostu unitario horren kalkulua, behar bezala egiaztaturik. Horrela, bi gauza ikusi ahal izango dira islaturik: sortutako guztizkoa, eta Gizarte Segurantzak enpresarentzat duen kostua.

• Gainerako kostuetarako: fakturak eta ordainagiriak. Fakturek 1619/2012 Errege Dekretuan aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, ildo horretan, honako hauek jaso beharko dituzte: jaulkitzailearen identifikazio-datuak (izena eta IFZ/IFK), faktura zein erakunderen izenean egin den eta haren datuak, IFK, kontzeptua, data, fakturaren zenbakia, BEZa barne duten kontzeptuen xehetasuna (edo salbuespena), zenbatekoa eta sinadura eta/edo zigilua. Era berean, argi eta garbi deskribatuko dituzte gastuaren kontzeptuak, proiektuko diruz lagundutako jarduerak egitearekin zuzenean lotuta egongo direnak.

Ez da fotokopiarik edo albaranik onartuko.

3.– Horretarako, proiektuaren azken justifikazioa egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta) aurkeztu beharko dute dokumentazio hori, proiektua gauzatzeko epea amaitzen denetik gehienez ere hiru hilabeteko epean.

4.– Kanpo-aholkularitzarekin lotutako gastuak justifikazio-agiriak entregatzeko epearen barruan bakarrik egin/fakturatu ahal izango dira.

5.– Proiektuaren gastuak (langile-gastuekin zerikusia dutenak izan ezik) egiaztatzeko, fakturen eta merkataritzako trafiko juridikoan balioa duten edo administrazio-eraginkortasuna duten froga-balio bereko gainerako dokumentuak erabiliko dira, eta ezinbestekoa izango da proiektua gauzatzeko onartutako jarduketak egin direla egiaztatzen duen faktura aurkeztea.

25. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Inbertsio eta gastuak, edo aurreikusitako gastu-konpromisoak, dirulaguntza eman den urteetan egin beharko dira eta emate-ebazpenean adierazitako epeetan.

Agindu honetan araututako dirulaguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

a) Esleitutako dirulaguntza onartu behar du, eta horrek agindu honetan jasotzen diren baldintza eta arau guztiak onartzea dakar, aldi berean. Alde horretatik, dirulaguntza egokitu zaiola dioen jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hamar egun naturaletan dirulaguntzari espresuki uko egiten ez bazaio, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontuen Euskal Epaitegiak dirulaguntzen xedea fiskalizatzeko eginkizunak betez eskatzen dieten informazio oro ematea, eta organo emaileak datuak egiaztatzeko egin beharreko ekintzei men egitea, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei buruz eskatutako informazio oro emanez.

c) Proiektuan edozein arrazoi dela medio aldaketak eginez gero, lehenbailehen jakinaraztea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, aldaketa horien onarpena eskatzeko. Era berean, dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, erakunde emaileari horren berri jakinarazi beharko zaio.

d) Diruz lagundutako ekintza gauzatzea eta justifikatzea, dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako epeetan.

e) Dirulaguntza zertarako eman den, xede jakin horretarako erabiltzea, betiere 28. artikuluan, baldintzak aldatzeari buruzkoan, finkatutakoa aplikatu behar ez bada.

f) Egoki diren lizentziak, baimenak eta gainerako sektore-eskakizunak betez gauzatzea proiektuak.

g) Edozein administraziok edo erakunde publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste dirulaguntzarik eskatu edo lortuz gero, inguruabar horren berri izan ondorengo 10 egun balioduneko epean, horren berri ematea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzari, eta adieraztea, halaber, organo emailea eta dirulaguntzaren edo diru-sarreraren zenbatekoa zein diren.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluan jasotako moduan, publizitatea emateko betebeharra betez, erakunde onuradunek dirulaguntzen deialdi honen bitartez lortutako babesaren berri emango dute jendaurrean. Hala, diruz lagundutako proiektua deskribatuko dute haien Interneteko gunean.

i) Proiektuaren aurrerapenak eta oinarrizko emaitzak argitaratzea, informazioa berrikusi eta haren zabalkundea berariaz onartu ondoren.

j) Jarduketak herritarrekin harremanetan egotea eskatzen badu, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta hizkuntza horietan artatuak izateko aukera eman beharko zaie herritarrei.

k) Argitalpenik eginez gero, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari bidali beharko zaio euskarri digitalean.

l) Egiten diren dokumentu eta ekintzek genero-ikuspegia eduki behar dute, eta hizkuntzaren eta irudien erabileran ez da bazterketa-elementurik egongo.

m) Kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea erakunde onuradunari kasuan-kasuan aplikatu beharreko merkataritzako eta sektoreko legediak eskatutako moduan.

26. artikulua.– Emaitzen jabetza, konfidentzialtasuna eta dibulgazioa.

1.– 1. eta 2. ildoetarako, proiektuaren esparruan garatutako informazioa eta ezagutza enpresa sustatzailearen jabetzakoa izango da, eta, idatziz zehazten duten moduaren arabera, proiektuan parte hartzen duten gainerako enpresa bazkideen jabetzakoa. Enpresa sustatzaileak eta/edo bazkideek eskabidean adierazi eta justifikatu beharko dute entregagaiak isilpean daudela, proiektua gauzatu bitartean edo amaitzean.

3.– ildorako, proiektuaren barruan sortutako informazioa eta ezagutza proiektuan parte hartu duten enpresena izango dira. 15. artikuluan jasotako lankidetza-hitzarmenak, hala badagokio, proiektua gauzatzean edo amaitzean aurkeztu beharreko entregagaien konfidentzialtasuna adierazi eta justifikatu beharko du.

2.– Proiektuaren emaitzak ondo zaintzeko, hala nahi duten enpresa onuradunek beste planteamendu zehatzago bat ere egin ahal izango dute jakintzaren jabetzari, babestu beharreko emaitzei eta konfidentzialtasunari buruz. Planteamendu hori proiektua itxi aurretik jakinarazi beharko da.

3.– Emaitzak kanal eraginkorrenetatik zabaldu eta transferituko dira, zer zabaldu behar den elkarrekin adosturik eta proiektuan parte hartu duten alderdiak berariaz aipatuz.

4.– Politika publikoak aplikatzeko interesa duen metodologiarik garatu edo horrelako ezagutzarik sortzen bada, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren esku egongo da erabiltzeko. Horretarako, konfidentzialtasunari lotutako guztia babestu beharrez, sailburuordetzak zehatz-mehatz definituko du zer metodologia edo ezagutza nahi duen aplikatu. Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia zirkularraren politikak garatzeko soilik erabili beharko ditu, onuradunei jakinarazita.

27. artikulua.– Ez-betetzeak eta dirua itzultzea.

Erakunde onuradunak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren dirulaguntza eskatutako eta emandako xede espezifikoa betetzeko erabiltzen ez badu, dirulaguntza ematea eragin zuen jarduketa egiten ez badu, dirulaguntza zertarako eman zen, helburu horrexetarako erabili dela egiaztatzen ez badu edo, oro har, onuradunak ez badu betetzen erakunde eskudunak ezarritako baldintzaren bat, ikuskapen-lanak ahalbidetu nahi ez baditu edo onuradunen betebeharren bat betetzen ez badu, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adieraziko da, betiere aldez aurretik interesdunari entzun ondoren; gainera, hala badagokio, dagokion zenbatekoa eta dagozkion interes legalak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, hala ezarritako baitago azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan. Azken horretan ezartzen dira kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

28. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea eta dirulaguntzen pilaketa.

1.– Dirulaguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan aldakuntzaren bat eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betekotzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako dirulaguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten dirulaguntzak jaso badira, horren berri aurretiaz eman beharko dute Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzak horrelakoak berariaz onar ditzan. Aipatutako aldaketek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango dute, betiere agindu honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, dagokion kitapen-ebazpena emango da, hala behar denean, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzeko, edo, hala badagokio, behar den zenbatekoaz gaindi jasotakoa itzultzea eskatzeko.

2.– Ezingo da inola ere aldatu jardueraren izaera, ezta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa handitu ere, eta, aldaketa onartuko bada, erakunde onuradunak txosten bidez justifikatu beharko du aldatutako proiektuaren eragina parekoa edo handiagoa dela hasieran diruz lagundutako proiektuarena baino.

3.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-izapidea ez denez egin, dirulaguntza eman duen organoaren esku geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea; betiere, hori eginda beste inoren eskubideak kaltetzen ez badira.

4.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak ezin izango dira metatu Europar Batasunak ematen dituen beste dirulaguntza edo ekarpen batzuekin, baldin eta metaketaren ondorioz, dirulaguntzaren intentsitateak Europar Batasunaren araudian aurreikusitako gehienekoa gainditzen badu. Beste entitate batzuek xede berarako dirulaguntzak emanez gero, dirulaguntza onuragarrienaren gehieneko muga aplikatuko da.

29. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari, hilabeteko epean, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan berariaz jaso gabe geratu den guztirako, arau hauek aplikatuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duena.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan adierazitako dirulaguntzen lerro bakoitzerako zenbateko osoa eta esleipen zehatza handitu ahal izango dira, eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren beste programa batzuk gauzatzearen ondorioz agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera, eta horiek ebatzi aurretik. Ingurumen-iraunkortasuneko sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 13a.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
LEHENTASUNEZKO EREMUEN ZERRENDA: EKODISEINUKO, EKONOMIA ZIRKULARREKO ERAKUSTALDIKO ETA EKOBERRIKUNTZA ESTRATEGIKOKO PROIEKTUAK (1. ETA 2. ILDOAK)

Deskribapen xehatua dokumentu honetan: «2022ko lehentasunezko eremuak ekodiseinuko, ekonomia zirkularreko erakustaldiko eta ekoberrikuntza estrategikoko proiektuetarako».

1.– Ekipoen, osagaien eta mugikortasunaren ekodiseinua.

a) Bizitza erabilgarria luzatzeko ekodiseinua.

b) Goitik behera birdiseinatzea, funtzionaltasuna optimizatuz.

c) Ekodiseinua, erabilera-fasean baliabideak eraginkortasunez kontsumitzeko.

d) Desmaterializaziora bideratutako ekodiseinua.

e) Birziklagarritasunerako ekodiseinua.

2.– Ontzi eta bilgarrien ekodiseinua.

a) Kontsumorako ontzi- eta bilgarri-sistema berritzaileak.

b) Bilgarri industrialetarako sistema berritzaileak.

c) Ontzi eta bilgarri berrerabilgarriak diseinatzea.

d) Ziklo itxiko ontziak dituzten sistema logistikoak garatzea.

3.– Iraunkortasunerako serbitizazioa.

a) Produktuak zerbitzu gisa duen funtzioa.

b) Produktuak eta ekipoak berrerabiltzeko sistemak.

c) Ekipoen eta osagaien erabilera-fasea optimizatzea.

d) Alderantzizko logistikako sistemak eta ziklo-itxierak.

e) Hornitzaile-katearen berdekaratze estrategikoa.

4.– Birmanufaktura eta konponketa aurreratua.

a) Birmanufakturako/Konponketa aurreratuko prozesua garatzea eta/edo optimizatzea.

b) Aurrediagnosiak, diagnosiak, kontrolak eta testak egiteko teknologia berritzaileak edo digitalak.

c) Serieko pieza eta osagaien birmanufaktura automatizatzea.

d) Ingurumenaren aldetik jasangarriak diren balio handiko ordezko piezak fabrikatzea.

e) Konponketa mekanikorako teknologia aurreratuak.

f) Zirkuitu eta elementu elektronikoen konponketa eskala industrialean.

g) Osagaien konponketa aurreratua.

5.– Teknika Erabilgarri Onenak (TEO):

a) «Near Net Shape» fabrikazio-teknologia berritzaileak.

b) Produkzio-prozesuak simulatuz, erregulatuz eta kontrolatuz digitalizatzea.

c) Zein diren eskura dauden teknologiarik onenak burdin-galdaketako prozesuetarako eta BREF eskakizunak berrikusten dituzten sektoreetarako.

6.– Metal giltzarriak eta material kritikoak.

a) Ingurumen-aztarna txikiagoa duten produktu metalikoak ekodiseinatzea.

b) Ekoizpenean sortutako hondakin metalikoen barne-berreskurapena.

c) Aleatutako txatarren kudeaketa eta bereizketa optimizatzea.

d) Gaika biltzeko eta birziklatzeko sistemak, balio handiko aleatzaileentzat.

e) Metalen berreskurapena, hondakin konplexuetatik abiatuta.

f) Zeparen metal-lermak minimizatzea.

7.– Plastikoa.

a) Plastikozko produktuen fabrikazio ekoefizientea.

b) Plastikoen eta konpositeen konponketa aurreratua eta industrializatua.

c) Plastikoen gaikako bilketa ziurtatzeko protokolo berritzaileak.

d) Polimero eta gehigarri jasangarrietan oinarrituta, balio handiko produktuak fabrikatzea.

e) Industria osteko hondakin plastikoan oinarrituta, balio handiko produktuak fabrikatzea.

f) Polimeroak detektatzeko eta bereizteko teknologia berritzaileak.

g) Kontsumo osteko plastikozko hondakinetan oinarrituta, plastikozko produktuak edo konpositeak fabrikatzea.

h) Kondentsazio-plastikoen birziklatze kimikoa.

i) Termoplastikoak, kautxua edo konpositeak birziklatzea, balio txikiagoko erabileretarako.

j) Kautxua birziklatzea edo berreskuratzea.

8.– Mineralak eta eraikuntza-materialak.

a) Eraikuntza-materialak ekodiseinatzea, iraunkortasun, berrerabilera eta birziklapen handiagoa lortzeko.

b) Egokitzapen klimatikoko soluzioak ematen dituzten produktuen garapena.

c) Hondakin mineraletan eta eraikuntzakoetan dauden materialak kontzentratzeko eta/edo bereizteko teknologia berritzaileak.

d) Hondakin mineraletan oinarrituta material berriak fabrikatzea.

e) Bigarren mailako materialen oinarria duten erregogorrak fabrikatzea.

f) Funtzio anitzeko eraikuntza-materialak eta -ondasunak birziklatzea.

g) Ingurumen-aztarna txikiko zementu berriak garatzea.

h) Zurezko eraikuntza-material berritzaileak garatzea.

9.– Kutsatutako lurzoruak in situ konpontzeko edo kutsagabetzeko teknologiak.

a) Lurzoru eta lurpeko ur kutsatuak in situ eta on site ikertzeko eta saneatzeko teknologia berritzaileak aplikatzea.

b) Lurzorurako mehatxuen jarraipena egiteko teknologia berritzaileak.

c) Industria-prozesuetako eta produktuetako konposatu per- eta poli-fluoratuekiko ingurumenaren aldetik jasangarriak diren alternatiben erakustaldia.

II. ERANSKINA
LEHENTASUNEZKO TIPOLOGIEN ZERRENDA

3. ildoa. ETE zirkularra.

ETE Zirkularraren 3. ildoko lehentasunezko tipologiak hauetara zuzenduta daude:

– Aukera zirkularrak identifikatzea, merkatuaren zaintza, ekonomia zirkularraren diagnostikoa edota erronka berrien aurreko hausnarketa eta posizionamendua barne hartuta. Halaber, erakundeak eta haien produktuak zirkularrak izatea errazten duten ekintzak identifikatzea, ekintza-plan batekin batera.

– Bizi-zikloaren ikuspegia eta merkatuan desberdintzea: produktuaren, erakundearen edo zerbitzuaren ingurumen-inpaktuak zehazteko, metodologia normalizatuen bidez, baita hirugarren alderdiak egiazta ditzakeen aintzatespenak lortzea ere, hala nola ingurumen-aztarnak eta ekoetiketak (I. mota edo produktuaren III. motako ingurumen-adierazpenak).

– Ingurumen-hobekuntza eta erregulazio zirkularrei aurrea hartzea produktuetan eta zerbitzuetan ingurumen-hobekuntzak ezartzeko, edo Europako Batzordearen Zirkulartasunaren 45552-9 Mandatutik eratorritako arauak eta estandarrak aplikatzea ErP Ekodiseinuaren Zuzentarauaren esparruan. Eremu horretan sartzen dira, halaber, produktuen edo osagaien (produktu plastikoen eta eraikuntzako materialen) birziklatze-materiala baliatzearen bideragarritasun teknikoa, ingurumenekoa eta ekonomikoa erakustea; edo bilgarrien eta ontzien ekodiseinua.

– Balio-katearen jasangarritasuna eta ospea: erakunde bezero handien eskakizun berdeei erantzuteko, sailkapenetako posizioa hobetzeko edo markaren ospea hobetzeko.

– Estrategia zirkular berriak: produktuen, materialen eta osagaien bizitza baliagarria hedatzearekin zerikusia dutenak (berrerabiltzea, birziklatzea eta berreskuratzea, konpontzea, berregokitzea, berriz manufakturatzea), serbitizazioarekin lotutakoak (zerbitzutik produktura eraldatzea), industria-sinbiosia, edo produktuaren eta zerbitzuen alokairuan eta erabilera partekatuan, elektronikan eta garraio eta mugikortasun jasangarrian oinarritutako eredu berriak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala