170. zk., 2022ko irailaren 5a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (178 KB - 7 orri.)
- EPUB (112 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Prestatu eta trebatzeko ikastaroak
OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
3889
1329/2022 EBAZPENA, uztailaren 29koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2022ko ohiko bigarren deialdiko probetan parte hartzeko deialdia onartzen duena.
Martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak, euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko prozesua arautzen duenak, zehazten du Osakidetzan aplikatu beharreko hizkuntza-eskakizunak apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak direla, 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri-administrazioetan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Prozesua arautzen duena.
Beste alde batetik, martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuaren 25. artikuluak ezartzen du Osakidetzak eskumena duela hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probak egiteko, Entitate horrek helburu zehatz horrekin deituko dituen ohiko deialdi nahiz ohiz kanpoko deialdien bidez.
Horri lotuta, 106/2008 Dekretuak, ekainaren 3koak, 2008ko martxoaren 14ko bileran Sanitateko Mahai Sektorialak lortutako Akordioa onartzen duenak, eranskineko 11. artikuluan ezartzen du urtean deialdi bi egingo direla hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko.
Gaur egun, COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiaren ondorioz, eta osasun-esparruko agintariek zehaztutako prebentzio-arau eta jarraibideetara egokituz, berariazko neurriak ezarri dira hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko 2022ko bigarren deialdia gauzatzeko, zuhurtasuna eta segurtasuna gidari. Hori dela eta, azterketa-denbora murrizteko, zenbait proba laburtu dira, betiere proben eskakizun maila bermaturik, Ebazpen honen 9. eta 10. oinarrietan zehazten den erara.
Azaldutako guztiagatik eta emandako ahalmenak erabiliz, hau
EBATZI DUT:
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko proben 2022ko ohiko bigarren deialdia onartzea, eranskinean agertzen diren oinarrien arabera.
Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probetarako deia egiten duen Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera.
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 29a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA ROSA PÉREZ ESQUERDO.
ERANSKINA Hizkuntza-Eskakizunak Egiaztatzeko Deialdiaren Ebazpenarena
OINARRIAK
1. oinarria.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honek aukera ematen du Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuan xedatutako lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko. Hizkuntza-eskakizun bakoitza Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko maila banarekin dago baliokidetuta: B1, B2, C1 eta C2, hurrenez hurren.
2. oinarria.– Deialdian parte hartu dezaketenak.
Deialdi honetan parte har dezakete Osakidetzako langileek, lan-harremana edozein izanda ere, baldin eta 2022ko lehenengo egiaztatze-prozesuan izena emateko epearen amaieratik (2022ko otsailaren 23tik) prozesu honetan izena emateko epearen amaiera bitartean (2022ko irailaren 20a arte), zerbitzu aktiboan, senideak zaintzeko eszedentzian edo zerbitzu berezietan egon badira edo badaude.
3. oinarria.– Izena ematea.
Deialdi honetako egiaztatze-prozesuan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea irailaren 6tik 20ra izango da, biak barne.
Deialdi honetan izena emango duten pertsonak hizkuntza-eskakizun bakarrera aurkeztu ahalko dira. Beraz, izangaiek hizkuntza-eskakizun bakarrerako egin ahal izango dute eskaera.
Deialdi honetan eskaerak aurkezteko, kontuan hartu behar da, Osakidetzaren deialdiaren prozesu-aldiak eta IVAPen deialdiarenak bat etorriz gero, azterketa bera izango litzatekeela, eta batera egina. Hala balitz, Osakidetzaren deialdi honetan izena ematen duenak aldi berean IVAPen deialdian ere eskabidea egingo balu, aukeratzeko eskatuko litzaioke, bi deialdietako batean soilik parte har dezan.
Izena emateko, izangaiek eskabide telematikoa bete beharko dute. Hona hemen helbidea eta bidea:
– www.osakidetza.eus (Profesionalak > Euskara > Hizkuntza-eskakizunak > HE akreditazioa > 2. Deialdia (2022-07-29) > Eskaera).
Era berean, badaude eskabidea aurkezteko beste era batzuk ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearekin bat etorrita.
4. oinarria.– Laugarren hizkuntza-eskakizunera aurkeztuko direnak.
Laugarren hizkuntza-eskakizunaren probetan parte hartzeko, derrigorrezkoa izango da, deialdian izena emateko epearen azken egunerako, hirugarren hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta edo horren baliokidea den titulu edo ziurtagiriren bat lortuta izatea. Era berean, 4. hizkuntza-eskakizuneko azterketara aurkeztu ahal izango dira, apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuko baldintzak betez, Europarako Marko Bateratuko C1 mailari dagokion azterketa egitetik salbuetsita daudenak ere. Horretarako, beharrezkoa izango da egiaztapen hori Osakidetzaren Erregistro Ofizialean erregistratuta edukitzea.
Laugarren hizkuntza-eskakizunaren probak egiteko eskatzen den hirugarren hizkuntza-eskakizuna Osakidetzako langileen erregistroan jasota ez badago, izangaiak dokumentazio hau aurkeztu beharko du laugarren hizkuntza-eskakizunaren probetan parte hartu ahal izateko:
– Hizkuntza-eskakizunen probetarako eskabidearen fotokopia (intranet bidez egina).
– Hirugarren hizkuntza-eskakizuna baliokidetzeko eskabidea, behar bezala beteta eta inskripzio-epearen barruan aurkeztuta, dagokion dokumentazioarekin (ikusi Giza Baliabideen zuzendariaren 11/2012 Jarraibideak, beste Herri Administrazio batzuek emandako hizkuntza-eskakizunen egiaztapenen baliokidetzari eta euskaraz egindako ikasketa ofizialen aitortzeari eta erregistratzeari buruzkoak).
Dokumentazio hori eskaera egiteko epean barruan aurkeztu beharko da dagokion zerbitzu-erakundean.
5. oinarria.– Probak egiteko egokitzapenak behar dituzten pertsonak.
Probak egiteko egokitzapenak behar dituzten pertsonek eskabide-orrian adierazi behar dute zer egokitzapen eskatzen duten (aulki edo mahai berezia, entzungailuak, eta abar) eta eskaera oinarrituta dagoen mediku-txostena aurkeztu behar dute. Datu hauek babestuta egongo dira deialdi honen 22. oinarrian jasotzen den bezala. Baldintzak beteta, behar den azterketa-egokitzapena egingo zaie, betiere azterketaren edukia indargabetzen ez bada edo eskatu beharreko gaitasun-maila murrizten ez bada.
6. oinarria.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda. Gora jotzeko errekurtsoak.
Deialdi honetara aurkezteko eskaera egiteko epea amaitu, eta eskaerak aztertu ondoren, Giza Baliabideen zuzendariak, ebazpen baten bidez, onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak onartuko ditu. Baztertuen kasuan, baztertzearen arrazoia adieraziko da. Halaber, bertan adieraziko da ahozko proban zein izangaik parte hartu ahalko duen, proba idatzia egin gabe, 9.2. oinarrian araututakoaren arabera.
Aipatutako ebazpena Osakidetzaren intranet korporatiboan argitaratuko da. Era berean, zerbitzu-erakundeek ebazpenaren berri emango dute, erakundean zabalkunde handiena duten bitartekoen bidez.
Onartutako eta baztertutako behin betiko zerrenda intranet korporatiboan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, interesdunek hilabeteko epea izango dute gora jotzeko errekurtsoa Osakidetzako zuzendari nagusiari aurkezteko. Deialdi honen 21. oinarrian adierazitako erregistro eta bulegoetan aurkeztu ahal izango dira gora jotzeko errekurtsoak.
Azterketetan parte har dezakete onartuen eta baztertuen zerrendaren ebazpenean onartuta agertzen diren izangaiek.
Era berean, azterketan parte har dezakete, baztertuta egon arren, gora jotzeko errekurtsoa jarri eta beraren kopia azterketaren egunean aurkezten dutenek. Gora jotzeko errekurtsoaren kopiarekin batera, eskabidearen kopia ere aurkeztu beharko dute. Kasu horretan, azterketaren emaitzak bakarrik balio izango du baldin eta errekurtsoa ebatzi ondoren izangaia onartuta geratzen bada.
7. oinarria.– Epaimahai kalifikatzailea.
Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, deialdiaren ardura izango duen epaimahaia izendatuko da. Ebazpen hori, deialdira onartutakoen eta baztertutakoen zerrenda onartzen duen ebazpenarekin batera argitaratuko da Osakidetzako intranet korporatiboan.
Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuari jarraituz, epaitu beharreko proben edukiak nolakoak diren kontuan hartuta osatuko da Epaimahaia. Epaimahaikide gehienak Euskal Herri Administrazioen zerbitzuan dauden langile finkoak izango dira eta 4. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan beharko dute. Epaimahaikide izango dira epaimahaiburua, sei mahaikide eta idazkaria. IVAPek epaimahaikideetako bi izendatuko du.
Epaimahaiaren osaketan, gaitasun, eskumen eta prestakuntza egokia duten gizonezko eta emakumezkoen arteko ordezkapen orekatua bermatuko da, eta bere kideek inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioak beteko dituzte.
Epaimahaiak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak eduki ahal izango ditu bere kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik hartzen baitute parte kalifikazio-organo horretan.
Epaimahaiaren jarduera urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 15. eta hurrengo artikuluen araberakoa izango da.
8. oinarria.– Azterketaldia. Azterketa idatzia eta ahozko azterketa.
Edozein hizkuntza-eskakizun egiaztatzeko prozesuak bi azterketa ditu; azterketa horiek idatzia eta ahozkoa dira, eta hurrenkera horretan egingo dira. Bi azterketa horiek baztertzaileak izango dira. Beraz, idatzizko azterketa gainditzen dutenek baino ez dute ahozko azterketan parte hartzeko aukerarik izango.
9. oinarria.– Idatzizko azterketa.
1.– Lehen azterketa idatzizkoa izango da. Azterketa horretan trebetasun bi neurtuko dira: idatziaren ulermena eta idatzizkoaren adierazpena. Trebetasun bakoitza neurtzeko berariazko proba bana egongo da. Idatzizko azterketa gainditzeko, trebetasun bi horiek gainditu beharko dira, zein bere aldetik. Idatziaren ulermenaren probak bi ariketa izango ditu eta idatzizko adierazpen probak ariketa bakarra.
2.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko Osakidetzaren 2022ko urtarrilaren 28ko deialdian idatzizko probak (irakurmena eta idazmena) gainditu, baina ahozko probak (entzumena eta mintzamena) gainditu ez zuten izangaiak, edo aurkeztu ez zirenak, salbuetsita daude Ebazpen honen bidez deitutako deialdian idatzizko azterketa egitetik; hortaz, zuzenean joango dira ahozko azterketara. Hala ere, horretarako, izangai horiek guztiek izena eman beharko dute ezinbestean deialdi honetan, dagokion epearen barruan.
Era berean, deialdi honetan idatzizko proba gainditu, baina ahozko proba gainditzen ez dutenei azterketa idatziaren emaitza gordeko zaie Osakidetzaren 2023ko ohiko lehenengo deialdirako, eta deialdi horretan ere izena eman beharko dute dagokion epean.
4. hizkuntza-eskakizunera aurkezten diren salbuetsitakoen kasuan, bi deialdien arteko denbora-tartean lanpostuz aldatu izanez gero, mintzamen-probako lehenengo ariketan aritzeko aukera izango dituen gaiak berdin izan daitezke azterketariak gaur egun duen lan-esparruari buruzkoak zein aurreko deialdian izan zuen lan-esparruari buruzkoak.
10. oinarria.– Ahozko azterketa.
Bigarren azterketa ahozkoa izango da, eta horretan entzunaren ulermena eta mintzamena neurtuko dira. Ahozko azterketa gainditzeko, proba biak gainditu behar dira, entzunaren ulermenarena eta mintzamena, zein bere aldetik. Entzunaren ulermena, mintzamen-saioarekin batera neurtuko da, berariazko entzunaren ulermen probarik egin gabe.
Mintzamena grabatu egingo da, salbu eta azterketariak horretarako baimena berariaz eta idatziz ezesten badu. Edonola ere, epaimahaiak aurrez aurreko mintzamen-saioa izango du ebaluagai, ez grabazioa. Epaimahaikideek ebaluazio-fitxan jasoko dute beren irizpena.
11. oinarria.– Azterketa egunak eta toki-orduak.
Azterketa egutegi bat prestatuko da, betiere onartutako eskatzaileen kopurua eta azterketak egiteko beharko diren baliabideak kontuan hartuta. Baldintza bi horiek aintzat hartuta, baliteke proba bat baino gehiago bateratzea ekitaldi edo egun bakarrean.
Azterketen egunak, lekuak eta orduak Osakidetzaren intranet korporatiboan jakinaraziko dira, baita zerbitzu-erakundeetan zabalkunde handiena duten bitartekoen bidez ere.
Bertan zehazten diren azterketa egunak eta tokiak ofizialak dira eta azterketariek, onartuta dauden hizkuntza-eskakizunaren arabera, bakoitzari egokitu zaion egunean eta tokian egingo dute azterketa.
Hala ere, interesdunek ahozko azterketa egiteko aukeratu zuten Lurralde Historikoaren aldaketa eskatu ahal izango dute, 6. oinarrian aurreikusitako hilabeteko epean. Ordutik aurrera, ez da inolako aldaketarik onartuko alde horretatik.
Azterketa egin ahal izateko derrigorrezkoa da azterketariek NANa, pasaportea edo gidatzeko baimena aurkeztea.
12. oinarria.– Ebaluazio-irizpideak. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua.
Hizkuntza-eskakizun bakoitzean eskatzen den ezagupen maila neurtzeko hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratua hartuko da kontuan.
13. oinarria.– Azterketak kalifikatzeko modua.
Trebetasun bakoitzaren emaitza (idatziaren ulermena, idazmena, entzunaren ulermena eta mintzamena), bai azterketa bakoitzarena, bai prozesu osoarena, orokorra izango da, hau da, «gai» edo «ez gai».
14. oinarria.– Trebetasunei dagozkien proben zuzenketa eta hurrenkera.
Idatziaren ulermena, idazmena, entzunaren ulermena eta mintzamena baztertzaileak dira eta emaitzak «gai» izan behar du trebetasun bakoitzari dagokion proban, hurrengo trebetasunari dagokion proba zuzendu ahal izateko.
15 oinarria.– Proba idatziaren emaitzak eta ahozko probara deitutakoen zerrendak.
Proba idatziaren emaitzak eta ahozko probara deitutakoen zerrendak Osakidetzaren intranet korporatiboan argitaratuko dira. Azterketa idatzia gainditzen dutenek baino ez dute egingo ahozko proba. Azterketa idatziaren emaitzaren kontrako erreklamazio jarri nahi duenak prozesuaren behin-behineko emaitza orokorrak argitaratu arte itxaron beharko du, hau da, fase honetan ezin izango da erreklamaziorik egin.
16. oinarria.– Behin-behineko emaitza orokorrak eta erreklamazioak.
Epaimahaiak prozesuaren behin behineko emaitza orokorrak onartuko ditu eta, Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariaren ebazpen baten bidez jakinaraziko dira trebetasun ezberdinak (idatziaren ulermena, idatzizko adierazpena eta entzunaren ulermena eta ahozko adierazpena) ebaluatzen dituzten probetako behin-behineko emaitza orokorrak, ebaluatutako proba bakoitzari dagokion «gai» edo «ez gai» kalifikazioa zehaztuta.
Behin-behineko emaitzak jakinarazten dituen Ebazpena Osakidetzako intranet korporatiboan argitaratuko da. Era berean, zerbitzu-erakundeek ebazpenaren berri emango dute erakundean zabalkunde handiena duten bitartekoen bidez.
Behin-behineko emaitzak Osakidetzako intranet korporatiboan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, interesdunek gutxienez 5 egun balioduneko epea izango dute erreklamazioak Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariari aurkezteko.
Erreklamazioa egin ahal izateko, Osakidetzako intranet korporatiboan eskura egongo den formulario normalizatua erabili beharko da, betiere bertan agertzen diren jarraibideak oinarri hartuta.
17. oinarria.– Behin betiko emaitza orokorrak. Gora jotzeko errekurtsoak.
Behin-behineko emaitza orokorren aurkako erreklamazio-epea amaituta eta, erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, epaimahaiak prozesuaren behin betiko emaitza orokorrak onartuko ditu eta, Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, Osakidetzaren intranet korporatiboan eta webgunean argitaratuko dira.
Ebazpen horrek jasoko ditu izangai bakoitzaren trebetasun desberdinak ebaluatzen dituzten proben kalifikazioak (idatzizko ulermena, idatzizko adierazpena eta ahozko ulermena eta adierazpena) eta emaitza orokorra, ebaluatutako proba bakoitzari dagokion «gai» edo «ez gai» kalifikazioa adierazita.
Ebazpen horren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena Osakidetzaren intranet korporatiboan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera. Errekurtso hori deialdi honen 21. oinarrian adierazitako erregistro eta bulegoetan aurkeztu ahal izango da.
18. oinarria.– Behin betiko emaitzak argitaratzea. Gora jotzeko errekurtsoak.
Osakidetzako zuzendari nagusiaren ebazpena, deialdi honen bitartez deitutako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko probei dagozkien behin betiko emaitzak onartzen dituena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, izangaiek egiaztatutako hizkuntza-eskakizunak adierazita.
Ebazpen horren kontra, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetzako Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera. Errekurtso hori deialdi honen 21. oinarrian adierazitako erregistro eta bulegoetan aurkeztu ahal izango da.
19. oinarria.– Egiaztapenaren balio-data.
Azterketen emaitzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen direnean hasita izango dituzte ondorioak hizkuntz eskakizunen egiaztapenek.
20. oinarria.– Hizkuntza-eskakizunak erregistratzea eta ziurtagiriak ematea.
1.– Deialdi honen bidez izangaiek egiaztatutako hizkuntza-eskakizunak Osakidetzaren informazio-sistemetan erregistratuko dira.
2.– Deialdi honen bidez hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatzen dutenek Osakidetzako zuzendari nagusiaren ziurtagiria jasoko dute.
21. oinarria.– Errekurritzea.
Interesdunek errekurtsoa aurkez dezakete deialdiaren, haren oinarrien eta horietatik eta auzitegien jardunetatik eratorritako administrazio-egintza guztien aurka, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako kasu eta moduetan.
Errekurtso eta erreklamazio horiek eta ahozko azterketaren lekua aldatzeko eskaerak honela aurkeztu ahal izango dira:
a) Osakidetzaren edozein zerbitzu-erakundetako Langileen Zuzendaritzan.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren erregistro elektroniko orokorrean (https://www.euskadi.eus/erregistroa/erregistro-elektroniko-orokorra/web01-tramite/eu/ identifikazio eta sinadura elektronikoko edozein bitartekoren bidez identifikatuta, administrazio honen egoitza elektronikoan onartuta badago eta «tramiteak eta zerbitzuak, identifikazio elektronikorako onartutako bitartekoak» atalean kontsulta badaitezke (https:// www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/).
c) Halaber, sektore publikoko gainerako erregistro elektronikoetan, posta-bulegoetan, Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo bulego kontsularretan, erregistro-gaietan laguntzeko bulegoetan eta indarrean dauden xedapenek ezartzen duten beste edozein bulego edo erregistrotan.
22. oinarria.– Datu pertsonalen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikulua betez, jakinarazten da deialdi honen eremuan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko prozesua kudeatzeko datu pertsonalen tratamendua Osakidetzaren ardurapean egingo dela.
Interesdunari jakinarazten zaio bere datu pertsonalak Osakidetzak tratatuko dituela eta Giza Baliabideen Kudeaketa Integratua izeneko tratamendu-jardueran sartuko direla. Tratamendu horren helburua da Osakidetzako langileak kudeatzea, interes publikoaren izenean edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak erabiliz egindako misio bat betetzeko. Datuak hirugarren erakundeei jakinaraz dakizkieke, eta, zehazki, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan sartzeko.
Interesdunak datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea du, bai eta haien tratamendua mugatzeko edo aurka egiteko ere. Datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: https://www.osakidetza.euskadi.eus/datuenbabesa.