146. zk., 2022ko uztailaren 29a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (222 KB - 11 orri.)
- EPUB (116 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LAN ETA ENPLEGU SAILA
3449
AGINDUA, 2022ko uztailaren 20koa, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskadiko Gizarte Ekonomiako enpresetan asistentzia teknikoa emateko laguntzen deialdirako oinarriak eta horren deialdia egiten baita 2022. urterako.
Gizarte-ekonomiako enpresen gobernantzak eta administrazioak, oro har, ez dute gainerako enpresetan aplikatutakoaz bestelakoa den berezitasunik behar. Ondorioz, kudeaketa eraginkortasunez eginez gero, dagozkion emaitzak izango ditu, eta bazkideei onurak eragingo dizkie. Gizarte-ekonomiaren kasuan, bazkideak langile ere badira. Agindu honen bidez, gobernantza ekonomiko-finantzariorako dauden balio onenen erabilera sustatu nahi da.
Deialdi hau Lan eta Enplegu Sailaren 2022ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dago, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Plana https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/lan-enplegu-saila/webgunean argitaratuta dago.
Horrenbestez, 11/2021 Legea (abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2022ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) onartu ostean, deialdia finantzatzeko aurrekontu-kreditu nahikoa dagoela egiaztatuta, bat etorriz Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluarekin, eta Lan eta Enplegu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 7/2021 Dekretuak ematen dizkidan eskumenen arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da: Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Enplegu Sailaren bitartez, sozietate kooperatiboen eta lan-sozietateen kudeaketa hobetzeko asitentzia teknikorako emango dituen laguntzen deialdia egiteko oinarriak onartzea.
2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Agindu honen ondorioetarako, hauek jotzen dira laguntza teknikoko ekintzatzat:
a) Urteko kudeaketa-plana edo aginte-taula integrala egitea eta ezartzea, enpresen egitura ekonomiko-finantzarioa barne.
b) Ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek aldez aurretik behar den azterlan ekonomiko eta finantzarioa egitea, euren erakunde elkartuei bermeak emateko.
c) Kooperatiben eta lan-sozietateen merkataritza-kudeaketako aholkularitza espezifikoa jasotzea.
d) Kudeatzailetzari laguntzeko zerbitzu espezializatuak kontratatzea, kudeatzaileen edo zuzendarien egitekoetan laguntzeko, edo kooperatiba eta lan-sozietateetako jardun-arloekin zerikusia duten zerbitzuak kontratatzea, profesionalizazioa areagotzen laguntzeko xedez, merkatuan lehiakortasunari eusteko eta lehiakorragoak izateko giltzarrietako bat delako.
e) Zailtasunak dituzten enpresak suspertzeko plantzat hartzen diren ekintzak egitea, gomendio zehatzak barnean hartuta enpresaren lehiakortasuna hobetzeko eta, hala badagokio, finantzaketa lortzeko.
f) Erakundeak eraldatzeko tresna berriak ezartzea.
g) Gizarte-ekonomiako enpresen digitalizazioaren eta ingurumenaren arloko beharren eta gizarte-ekonomiari laguntzeko kontzeptu berrien diagnostikoa egitea (lehiakortasuna, expertise independentea, mentoring behartua, berrikuntza, marketina).
h) Enpresak digitalizatzeko tresnak ezartzea.
i) Enpresetan ingurumena hobetzeko ekintzak garatzea.
2.– Ekintzek 2022. urtean izan beharko dute hasiera. Aurreko paragrafoko b) apartatuko ekintzei dagokienez, hau hartuko da ekintzaren hasiera-datatzat: ordezkaritza handiena duten gizarte-ekonomiako erakundeek euren erakunde elkartuei bermeen prestazioa egingo dien erakundearekin hitzarmena sinatzen duten eguna.
3.– Gehien jota, ekintzak 2023ko lehen seihilekoan bukatu behar dira.
4.– Dirulaguntza bakarra eman ahal izango zaio erakunde eskatzaile bakoitzari, eta, dirulaguntzari loturiko jarduera bakarra egiteko, 5.2) artikuluan jasotako salbuespenarekin.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta emakidaren muga.
1.– Agindu honen xedea betetzeko, laurehun eta berrogei mila (440.000) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: berrehun eta hirurogeita lau mila (264.000) euroko ordainketa-kreditua 2022ko ekitaldirako, eta ehun eta hirurogeita hamasei mila (176.000) euroko konpromiso-kreditua 2023ko ekitaldirako.
2.– Laguntza hauek finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak honela banatuko dira:
a) 2.1.b) artikuluko laguntzetara 50.000 euro bideratuko dira.
b) Gainerako laguntzetara 390.000 euro bideratuko dira.
3.– Laguntzak esleitzean, lehiarik gabeko aldi bereko prozedura jarraituko da, garaiz eta modu egokian egiten diren eskabide guztietan, betiere berariaz egiaztatzen badute bete egiten dituztela eskatzen diren baldintza objektibo eta subjektiboak. Hala, eskabide bakoitzari dagokion zenbatekoa kalkulatuko da, agindu honen 12. artikuluan aurreikusitako gehieneko muga portzentualak eta kuantitatiboak betez.
4.– Artikulu honen lehen paragrafoan adierazten den hornidura ekonomikoa aski bada hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, aurreko atalean adierazitakoaren arabera, zenbateko baliokideen ziozko dirulaguntzak esleituko dira.
5.– Hornidura ekonomikoa ez bada aski hasieran kalkulatutako zenbateko guztiak estaltzeko, eta 3.2 artikuluan zehaztutako kolektiboetakoren batean erakunde onuradunen kolektiboa artatzeko saldoa sobratzen bada eta bestean ebazpen positibo guztiak estaltzeko baliabideak falta badira, soberan dagoen saldoa beste taldearen beharrizanak estaltzeko erabiliko da.
6.– Aurreko aukeretako bat ere gertatzen ez bada, murrizketa lineala aplikatuko da kalkulatutako zenbatekoetan, bereizita, talde bakoitzerako.
4. artikulua.– Bitarteko elektronikoen erabilera.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako eskabideak bitarteko elektronikoak erabiliz izapidetuko dira.
2.– Agindu honen administrazio-prozeduraren informazio-fitxa eskuragarri egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/36520. Eskabidera sartzeko aukera egongo da, era berean, aipatu helbide telematikoan.
3.– Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak helbide honetan daude eskuragarri: https:// www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Prozedura osoa ordezkari baten bidez izapidetu ahal izango da; horretarako, ordezkaritza inskribatu ahal izango da Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta horien baldintza bereziak.
1.– Jarduera nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen duten erakundeek eskuratu ahal izango dituzte agindu honetan aurreikusitako laguntzak, zehaztapen hauei jarraikiz:
a) Lan-sozietateak eta kooperatibak, 2.1.g) artikuluaren kasuan salbu.
b) Gizarte-ekonomiako enpresen elkarte-erakundeak.
2.– 2.1 artikuluko a), b), c), d), e), f), h) eta i) apartatuen kasuetan onuradun izateko: gizarte-ekonomiako enpresak ordezkatzen dituzten elkarte-erakundeek eskabide bateratua egin beharko dute beren enpresetarako, aipatutako kudeaketa-tresnaren bat egiteko. Kasu horretan, diruz lagundutako jarduera egiteak doakoa izan beharko du diruz lagundutako jarduerak jasotzen dituzten erakunde elkartu edo federatuentzat, eta elkarte eskatzaileak berak ordainduko du Administrazioak bere gain hartu ez duen kostua. Eman beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, baldintza orokor edo berezi guztiak betetzen dituzten enpresak edo erakundeak soilik hartuko dira kontuan, laguntza-eskabidearekin lotutako lerro partikularraren arabera.
3.– 2.1 artikuluko a), f), h) eta i) apartatuen kasuan, kooperatiba edo lan-sozietate onuradunak azken bost urteen barruan eratuta edo eraldatuta egon beharko dira; epe hori 15 urtekoa izango da 2.1.e) artikuluko kasuetan.
4.– 2.1 artikuluko a), d) eta f) apartatuen kasuetan, enpresan gutxienez 100 langile egon beharko dira. 2.1 artikuluko h) eta i) apartatuen kasuetan, enpresan gutxienez 10 langile egon beharko dira.
5.– 2.1 artikuluko a), c), d), e), f), h) eta i) apartatuen kasuetan, gizarte-ekonomiako erakunde ordezkagarri baten edo kanpoko aholkularitza-erakunde baten aholkularitza eduki beharko da.
6.– 2.1 artikuluko a), c), d), e), f), h) eta i) apartatuen kasuetan, ezin izango dute aurretik laguntza publikorik jaso antzeko kudeaketa-tresnak ezartzeko.
7.– 2.1.e) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, egoera hauetako batean daudela egiaztatzen duten enpresak hartuko dira zailtasunak dituzten enpresatzat: gero eta galera-maila handiagoa izatea, negozio-bolumena murriztea, izakinak gehitzea, gehiegizko gaitasuna izatea, autofinantzaketarako marjina gordina gutxitzea, gero eta zorpetze handiagoa izatea, finantza-gastuak handitzea, eta aktibo garbia ahuldu edo desagertzea.
8.– 2.1.f) artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, erakundea eraldatzeko tresna berritzat joko dira pertsonak enpresen funtsezko ardatz egituratzaile gisa hartuta eredu hauetakoren bat ezartzen dutenak:
● Sareko antolaketa-eredu malguak: enpresa-eredu tradizional, piramidal eta taylorista erakunde malguago bihurtzea, inguruaren aldaketetara egokitzeko.
● Kontziliazioa kudeatzeko sistemak: gizartearen, enpresen eta pertsonen interesak uztartzen dituzten tresnak.
● Pertsonen garapenerako eredua: pertsonen gaitasunak ezagutzeko, horien hobekuntza-arloak antzemateko eta hazteko aukerak identifikatzeko tresnak, egungo eta etorkizuneko enpresan duten zereginaren barruan.
● Gatazkak kudeatzeko tresna aurreratuak.
6. artikulua.– Aholkularitza-erakundeak.
Baldintza hauek bete behar dituzte aurreko artikuluan adierazi diren kaudimen aitortuko aholkularitza-erakundeek –pertsona fisikoak nahiz juridikoak izan daitezke–:
a) Batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan garatzea beren jarduera.
b) Jardueraren ardatza enpresa-aholkularitza izatea.
c) Euskal Autonomia Erkidegoko lan-zentroetan, goi-mailako tituludunak izatea, batez ere gizarte-ekonomiako enpresetan egiaztatutako esperientzia dutenak. 2.1.e) artikuluaren ondorioetarako, zailtasunak dituzten eta desagertzeko arriskuan dauden gizarte-ekonomiako enpresen azterketan daukaten esperientzia egiaztatu beharko dute.
d) Lanaren gaineko ardura duen aholkulariak aholkularitzako enpresan gutxienez hiru urteko esperientzia daukala egiaztatu beharko du.
e) Aholkulariek edo haiek partaide diren aholkularitza-enpresek ezin izango dute inolako loturarik izan, ez zuzenean ez zeharka, laguntzak eskatzen dituzten erakundeekin, ez akzioen ez partizipazioen bidez. Betekizun hau ezin izango zaie ezarri 5.1.b) artikuluko erakundeei.
7. artikulua.– Onuraduna izateko betekizun orokorrak.
1.– Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde eskatzaileek betekizun hauek bete behar dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzea.
b) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean ez egotea.
c) Hala badagokio, dirulaguntza itzultzeko betebeharrak egunean izatea, bai eskabidea egiteko unean, bai ordainketen unean.
d) Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zer egoeratan dagoen Administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).
e) Berdintasun-plana indarrean izatea, Estatuaren araudiaren arabera horretara behartuta dagoenean. 50 langile baino gehiago dituzten enpresen kasuan, ezarrita edukitzea sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitu eta eragozteko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuak ezarrita dituen legeen arabera.
2.– Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretakoren batean dauden erakundeak.
8. artikulua.– Erakunde onuradunek baldintzak egiaztatzea.
1.– Eskabidearekin batera aurkeztuko duten erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, erakunde onuradunek adierazi behar dute bete egiten dituztela aurreko artikuluan zehazten diren betekizunak, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gainerako betekizunak ere. Dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena baino lehen, eta gehienez ere 15 eguneko epean, errekerimendua egin beharko da adierazpenean aipatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkezteko, aurreko artikuluko a) eta e) apartatuen kasuetan.
2.– Eskabidea aurkeztean, baimena ematen da Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak zuzenean eskuratu ditzan administrazioaren esku dauden edo edozein administraziok egin ahal izan dituen era guztietako agiriak, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiztatzeko horiek barne. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, bai eta onuradun gisa jarraitzeko ere, onartutako dirulaguntza likidatu arte; hortaz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da dirulaguntza emateko unean eta ordainketak egiteko unean.
3.– Administrazio publikoen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duten erakundeek idatziz bazter dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izatea. Kasu horretan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko ditu eskatutako nahitaezko agiriak.
9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskabidea egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0036520
2.– Eskabideak aurkezteko epea 2022ko irailaren 15ean amaituko da (egun hori barne).
3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
10. artikulua.– Derrigorrezko dokumentazioa.
1.– Dirulaguntza jasotzeko eskabidearekin batera, justifikazio-memoria aurkeztu behar da, bai eta dirulaguntza jaso dezaketen jarduerak gauzatzeko aurreikusitako lan-plana ere. Plan horretan, iraupena, metodologia eta kalkulatutako aurrekontu zehatza adierazi behar dira.
2.– Horretaz gain, 2.1 artikuluaren a), c), d), e), f), g), h) eta i) apartatuetako jarduerei buruzko eskabideekin batera, beste dokumentu hauek ere aurkeztu behar dira:
a) Agindu honen 6. artikuluan adierazitako aholkularitza-erakunde baten laguntza eta lankidetzako konpromisoa dagoela agertzen duen agiria, hau da, harekin egindako kontratua edo eskabide irmoaren agiria, erakunde horrek aipatu artikuluko baldintzak betetzen dituela agertzen duten frogagiriekin batera.
b) 2021eko ekitaldiaren balantze ekonomikoa eta emaitzen kontua.
c) Aholkulariaren edo aholkularitza-lanaren arduradunaren curriculuma.
d) Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu ez duela aholkularitzarekiko edo pertsona fisiko aholkulariarekiko inolako loturarik, ez zuzenean ez zeharka, ez akzioen ez partizipazioen bidez, 5.1.b) artikuluko erakundeen kasuan salbu.
3.– 2.1.b) artikuluaren kasuan, elkarteak emandako ziurtagiria, xedapen horrek arautzen duen zerbitzuaren antolaketa egiaztatzen duena.
4.– Erakunde eskatzaileari laguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, emandako laguntzaren ordainketa jasotzeko Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke https://www.euskadi.net/hirugarrenak helbidean.
11. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.
Dirulaguntzen eskabideen termino guztiak beteta ez badaude edo beharrezko dokumentazioarekin batera ez badatoz, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio akatsa konpon dezala edo beharrezko dokumentuak gainera ditzala, betiere hamar eguneko epean, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu atzera botako zaiola eskabidea. Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, eta ebazpen hori jakinarazi, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 eta 68.1 artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
Erakunde batek eskabidea aurrez aurre aurkeztu nahi badu, bide elektronikoz aurkeztu beharra jakinaraziko zaio. Ondorio horietarako, eskabidea benetan bide horretatik egin den eguna joko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.
12. artikulua.– Dirulaguntzak jaso ditzaketen gastuak, dirulaguntzen zenbatekoa eta zenbateko hori zehazteko irizpideak.
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, 2.1 artikuluaren a), c), e), f), g), eta i) apartatuetako kasuei dagokienez, diruz lagundu daitezkeen gastuak dirulaguntzako proiektua egiteko behar den aholkularitzaren gastuak izango dira. Artikulu horren b) kasuari dagokionez, bermeak eratu aurretiko azterketa ekonomiko eta finantzarioa egiteko behar diren gastuak izango dira diruz laguntzeko modukoak. d) apartatuari dagokionez, aipatutako zerbitzuak kontratatzeko gastuak.
2.– Zenbateko hauek egokituko zaizkie betekizunak betetzen dituzten eskabideei:
a) Agindu honen 2.1 artikuluko a), c), e), f, h) eta i) apartatuetan arautzen diren ekintzetarako: aholkularitza-ekintzaren % 75; baina gehienez sei mila (6.000) euro eman dakioke erakunde onuradun zuzen bakoitzari hamar bazkide baino gehiago baldin baditu, agindu honen 5.4 artikuluan ezarritako baldintzen arabera, hiru mila (3.000) euro eman dakioke gehienez, erakunde onuradun horrek hamar bazkide edo gutxiago baldin baditu.
Ekintza hauetarako erakunde onuraduna 5.1.b) artikuluan zehaztutako horietatik kanpo badago, zenbatekoa zehazteko kalkulua banan-banan egingo da baterako eskabidean jasotako erakunde bakoitzeko, atal honetan ezarritako baldintza berbetan. Kontzeptu honengatik, erakunde onuradunak ezin izango du 30.000 eurotik gorako dirulaguntzarik jaso. 2.1.b) artikuluko jardueren kasuan, aholkularitza-enpresaren jardueraren kostuaren % 75 emango da, diruz lagundutako jarduera bakoitzeko gehienez ere hogeita bost mila (25.000) euroko mugarekin. 2.1.g) artikuluko jardueren kasuan, aholkularitza-enpresaren jardueraren kostuaren % 85 emango da, diruz lagundutako jarduera bakoitzeko gehienez ere berrogeita hamar mila (50.000) euroko mugarekin.
b) Agindu honen 2.1 artikuluko d) apartatuan adierazten diren ekintzetarako: kontratatutako erakunde edo pertsonaren jardueraren kostuaren % 50, eta, gehienez ere, hamar mila (10.000) euro erakunde onuradun zuzenarentzat.
13. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzak bateragarri dira, xede eta helburu berarentzako, beste edozein administrazio edo erakunde publikok emandakoekin. Nolanahi ere, dirulaguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honen 12. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.
2.– Erakunde onuradunak Administrazio honetatik edo beste administrazio edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beragatik jasotzen dituen laguntzak eta agindu honetako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honen 12. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, hala badagokio, murriztu egingo da Lan eta Enplegu Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.
3.– Agindu honen edozein laguntza bateraezina izango da Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak 2022ko ekitaldiko deialdirako gizarte-ekonomiako Ekintzailetzan aritzeko aginduaren barruan kudeatzen dituen horiekin.
14. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, epea eta publikotasun-prozedura.
1.– Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko organo eskuduna.
2.– Gizarte Ekonomiaren zuzendariak emandako ebazpen bakar baten bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak. Ebazpen bakar hori eskatzaileei banaka jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera.
Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
3.– Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik aurrera. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.
4.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen edo laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean.
5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean dirulaguntza zer erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako dirulaguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinarazi ahal izango da.
15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko eta justifikatzeko modua.
1.– Deialdi honen babespean emandako dirulaguntzak ordaintzeko lehendabiziko ordainketa (dirulaguntza osoaren % 60) laguntzaren emakida jakinarazi eta hamabost egun igaro ondoren egingo da, espresuki uko egin ez bazaio. Gainerako % 40, diruz lagundutako ekintzak amaitu direnean eta behar bezala justifikatu direnean ordainduko da.
2.– Dirulaguntzaren bigarren ordainketa egiteko, erakunde onuradunak egindako jardueren memoria eta egindako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Horretarako, diruz lagundutako jarduerari egotzitako ordainagirien kopia elektronikoak aurkeztuko ditu. Egindako lanen kopia ere aurkeztu beharko du.
3.– Aurreko puntuan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilekoa izango da, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik aurrera, eta, betiere, 2023ko ekainaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da dokumentazio hori.
4.– Dirulaguntza jaso dezaketen eta egiaztatzen diren gastuak bat etorriko dira onuradunek egiaz ordaindutako kostu errealekin, eta ordaindutako jatorrizko fakturen kopia elektronikoen bidez edo froga-balio bera duten kontularitza-agirien bidez egiaztatu beharko dira.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan deitutako laguntzen erakunde onuradunek beti bete beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimena.
2.– Betebehar hauek ere bete beharko dira:
a) Onuradunak laguntza edo dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, jasotako funts publikoak itzuli beharko ditu.
b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia emango beharko da, laguntzen zertarakoa fiskalizatzen denean.
c) Dirulaguntza zertan eta zelan erabili den ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betetzeko. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.
17. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzen aldaketa.
Xedea bete denean, dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketaren bat izanez gero, aldi berean beste administrazio batzuen edo erakunde publiko zein pribatuen laguntzak nahiz dirulaguntzak lortuz gero, eta, kasua bada, helburu bera duten bestelako diru-sarrerak edo baliabideak lortuz gero, dirulaguntza emateko ebazpena alda daiteke. Ondorio horietarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du, zeinaren bidez emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokitu egingo baitira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte neurriz gain jasotako zenbatekoak.
18. artikulua.– Ez-betetzeak eta erantzukizunak.
1.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak dirulaguntza galduko du, eta, bi hileko epean, ordura arte jasotako dirulaguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horretaz gainera, legez egin daitezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia, hauetan ezarritakoa betez: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena; eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan ezarritakoa aintzat hartuta, ez-betetzeak mailakatzeko eta beti proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, hau ezartzen da: erakunde onuradunak hasieran aurkeztutako aurrekontuaren gutxienez % 60 erabiltzen duenean, itzuli beharko da, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko da eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko da, betiere proiektuaren helburuen betekizuna guztizko betekizunen antzekoa bada, eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jarduketa berri bat.
3.– Hauek dira dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. tituluan tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak; eta zehagarriak dira, zabarkeria arin gisa bada ere. Dirulaguntzen gaineko arau-hauste horiek zehatzeko, diru-zehapenak jarriko dira, eta, hala badagokio, diruzkoak ez diren zehapenak ere.
19. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:
a) Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen bidez jakinaraziko dio erakunde onuradunari dirua itzultzeko prozedura hasi dela eta zergatik hasi den prozedura hori; horretaz gainera, 15 eguneko epea emango dio, egoki iritzitako alegazioak egin ditzan.
b) Alegazioak jasota edo batere aurkeztu gabe igaro bada epea, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpen baten bidez xedatuko du dagozkion kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, bi hileko gehieneko epea emanez horretarako, ebazpena jakinarazten denetik aurrera.
Epe hori borondatezko epetzat joko da.
Laguntzak itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabeteko epean ebatzi behar da.
c) Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Finantza eta Aurrekontuen Sailburuordetzari, hark, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoa betez, premiamendu-bideari ekiteko.
20. artikulua.– Datuen babesa.
Agindu hau aplikatuz jasotzen diren datu pertsonalak Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian xedatutakoaren arabera tratatuko dira.
Datuen babesari buruzko informazio xehatua lortzeko, helbide honetara jo: https://www.euskadi.eus/rgpd/0036520
XEDAPEN GEHIGARRIA.– De minimis araua.
Agindu honetan jasotako laguntzek edo dirulaguntzek hau bete beharko dute: Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua (EB), 2013ko abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (2013-12-24ko EBAO, L 352). Sozietate kooperatibei eta lan-sozietateei soilik aplikatuko zaie. Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, hiru ekitaldi fiskaleko edozein eperen barruan. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzari eragiten ez diotela edota lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europako Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako beste minimis laguntza batzuk deklaratu egin beharko ditu laguntza-eskabidea egiten duenak, modu horretara, minimis laguntza berriak erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez duela egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arau aplikagarriak.
Agindu honetan adierazitako dirulaguntzetarako, hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatutako lege orokorra).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean,agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta hurrengoetan jasotakoarekin bat etorriz. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoa betez.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 20a.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.