134. zk., 2022ko uztailaren 12a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (241 KB - 16 orri.)
- EPUB (320 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
3160
AGINDUA, 2022ko uztailaren 6koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien zerbitzuen erabilera eta irakurketa sustatzeko dirulaguntzak, eta horien deialdia iragartzen baita 2022. urtean.
Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez sortu zen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, eta sare horri dagokio, besteak beste, liburutegiei laguntza-programak eta -zerbitzuak ezartzea, nagusiki informatika-sareak antolatzeko, irakurketa eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak bultzatzeko eta funtsez edo bestelakoez hornitzeko.
Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 14.1.d) artikuluan.
Bestalde, sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumenak dira: «Euskadiko Liburutegien urriaren 26ko 11/2007 Legearen esparruan Euskadiko Liburutegien Irakurketa Publikoko Sareari dagozkion planifikazio-, funtzionamendu- eta koordinazio-egitekoak garatu eta gauzatzea», bai eta «Irakurtzeko zaletasuna sustatzeko neurriak diseinatzea» ere.
Hori dela eta, eta jakinik haurtzaroan eta gaztaroan errazago hartzen dela liburuekiko zaletasuna eta liburutegiak erabiltzeko ohitura, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak uste du lehentasuna duela batez ere herritar horien beharrizanei erantzuteak.
Agindu hau, gainera, sartuta dago sailak 2021-2024 aldirako duen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, zeina Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartu baitzen. Baita Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2022ko otsailaren 16ko Aginduaren bidez onartutako 2022rako Dirulaguntzen Urteko Planean ere.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da irakurketa sustatzeko eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean txertatuta dauden liburutegien zerbitzuak erabiltzeko dirulaguntzen 2022ko deialdia arautzea.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen gehieneko zenbateko globala 330.000,00 eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dauden aurrekontu orokorren kargura emango dira.
3. artikulua.– Izapidetzea.
1.– Erakunde interesdunek, prozedura honetako eskabideak, kontsultak eta izapide guztiak egiteko, bide elektronikoak bakarrik erabili beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.
2.– Izapidetzeko-jarraibideak, ereduak eta eskabide-inprimakia eskuragarri jarriko dira administrazio prozedurari buruzko informazio-fitxan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0038309
3.– Eskaeraren osteko izapideak, berriz, helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https:// www.euskadi.eus/nirekarpeta
4.– Identifikaziorako eta sinadura elektronikorako bitartekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutakoak, helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
5.– Izapidetze elektronikoa ordezkari baten bidez ere egin ahal izango da, eta, horretarako, ordezkaritza hori Eusko Jaurlaritzaren ahalordeen erregistro elektronikoan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak
4. artikulua.– Erakunde onuraduna izateko betekizunak.
1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, toki-erakunde eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituta dauzkaten Euskal Autonomia Erkidegoko udal-erakundeak.
Udalerri bakoitzean erakunde onuradun bakarra egon daiteke. Beraz, udalerri batean eskaera bat baino gehiago badago, udalaren eskaerak lehentasuna izango du gainerako erakunde eskatzaileen aurretik.
Erakunde eskatzaile bat baino gehiago badago, eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen duen erakundeak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan, erakunde eskatzaileek liburutegi-kopuru bera kudeatzen badute, liburu-funtsen kopuru handiena duenak izango du lehentasuna.
2.– Ezin izango dituzte deialdi honetako dirulaguntzak eskuratu Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden erakundeek; besteak beste, egoera hauetan daudenak:
a) Egunean ez izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
b) Ordainduta ez izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
c) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiboren bat izatea, edo horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean egotea.
Halaber, ezingo dute agindu honetako dirulaguntzarik eskatu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako isunen ondorioz debekua dutenek ere.
3.– Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak laguntza-eskabidea aurkezten denetik bete beharko dira, eta hala egin beharko da onartutako dirulaguntza likidatu arte.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Diruz lagungarri izango da 2022ko ekitaldian burutzen den eta hauek sustatzea helburu duen jarduera oro: batetik, irakurzaletasuna sustatzea, batez ere haur eta gazteen artean; eta, bestetik, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan kultura eta liburutegi-zerbitzuak hedatzeko jarduerak.
Ildo horretatik, diruz laguntzeko modukoak izango dira, besteak beste:
a) Irakurzaletasuna sustatzearen arloan profesionalei prestakuntza espezifikoa emateko jarduerak, bazter utzita joan-etorrien gastuak, mantenukoak eta jarduera horietan parte hartzetik eratorritako gainerako dietak.
b) Irakurketako jarduera osagarriak (ipuinaren ordua, irakurketa-tailerrak eta abar).
c) Liburuen inguruko erakusketa bibliografikoak, solasaldiak eta abar antolatzea.
d) Literatura-lehiaketak antolatzea.
e) Liburuak eta liburutegiak sustatzeko kanpainak.
2.– Kanpo uzten da, espresuki, agindu honek aipatzen dituen helburuen barnean jarduera zehatzak burutzeko beharrezko ez den material bibliografikoa erostea.
3.– Ezin izango dira dirulaguntza hauetara aurkeztu gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatzen ez duten jarduerak.
4.– Gastu diruz lagungarriei Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa aplikatuko zaie. Zehazki, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak. Halaber, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak baino handiagoa denean, erakunde onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik.
Bestalde, diruz laguntzen den jardueraren % 100 azpikontratatu ahal izango du erakunde onuradunak, hala ezarrita baitago azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29.2 artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68.1 artikuluan.
6. artikulua.– Erakunde eskatzaileek eskabideak aurkeztea eta betebeharrak eta betekizunak egiaztatzea.
1.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak bide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira, agindu honen 3. artikuluaren 2. puntuan zehaztutako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan.
3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta agiriak, aukeran. Era berean, prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
4.– Eskabideari honako hauek erantsiko zaizkio:
a) Memoria labur bat, zeinetan jasoko baitira burutu beharreko jarduerak, eta proiektua egoki interpretatzeko interesgarri iritzitako elementu oro. Memoria hori liburutegiko teknikari arduradunak datatu eta sinatu beharko du.
b) Errolda-datuak, 0 eta 18 urte bitarteko biztanleei buruzkoak. Ez da erroldako ziurtagiririk aurkeztu behar.
c) Liburutegiak kudeatzeko eskumenak dituzten toki-erakundeek, eskumen hori egiaztatzeko, agiri bat erantsi beharko dute, non eta aurretik ez duten aurkeztu eta ez dagoen baldintza berean indarrean, behintzat.
5.– Eskabideetan, espresuki adieraziko da laguntza eskatzen duten erakundeek baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea. Hala ere, erakunde eskatzaileek espresuki uko egin ahal izango diote baimenari, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko dute, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren (RGS) 22. artikuluan azaltzen den eran.
6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 artikuluan xedatutakoarekin bat, erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:
a) Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso badira edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, horren berri eman beharko da.
b) Erakunde eskatzaileak adieraziko du ez dagoela dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoaren arabera.
c) Eskatzaileak jakinaraziko du ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako debekuren baten eraginpean, eta, bereziki, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela ere.
d) Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta agirietan jasotako datuak, eta betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak.
7. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio agindu honen bidez araututako dirulaguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.
8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
1.– Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren agiriak edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio erakunde interesdunari huts-egitea zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio, hori egin ezean, ulertuko dela eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.
2.– Erakunde eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkeztu badu, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.
9. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.
Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, agindu honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera. Era berean, zuzendari horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kulturako sailburuordeari igorriko dio. Bertan azalduko dira, hala badagokio, erakunde onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren kopurua, bai eta emandako dirulaguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen diren baldintza guztiak ere.
10. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko prozesua eta zenbatekoen mugak.
Agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituzten erakunde onuradunen artean banatuko dira agindu honen xedera bideratutako baliabide ekonomikoak.
Diru-kopuruak zehazteko, honako irizpide hau erabiliko da:
1.– Biztanleria-irizpidea: erakunde onuraduneko haurren eta gazteen biztanleria hartuko da kontuan, 0-18 urteko tarte bakarrean. Horretarako, biztanleen araberako multzoak ezartzen dira, zeinei indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko baitzaizkie: zenbat eta biztanle gutxiago izan erakunde onuradunek, orduan eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.
1.1.– Biztanleria homologatua (P).
Herri guztiak haurren eta gazteen biztanle-kopuruaren arabera sailkatzen dira, eta, horrela, herrien P balio homologatua lortzen da, eskala honen arabera:
(Ikus .PDF)
Adibidea: 1.145 biztanle dituen udalerri bat 2.000 dituenarekin parekatuko da, eta 40.127 biztanle dituen beste bat 50.000 dituenarekin.
1.2.– Indize zuzentzailea (IZ).
Honako koefiziente zuzentzaile hau ezarriko da:
(Ikus .PDF)
Formula lortzeko, urrats hauek egin behar dira:
1.– Erakunde onuradun bakoitzaren B balioa eskuratzea, hau da, faktore hauek biderkatzearen emaitza: Biztanleria homologatua (P) eta indize zuzentzailea (IZ).
(B = P*IZ*)
2.– B koefizienteen baturaren emaitza (BB).
3.– Dirulaguntza kalkulatzea:
Dirulaguntza: DK * B
BB:
4.– Faktoreak:
P: biztanle-taldeentzako biztanleria homologatua.
IZ: indize zuzentzailea.
B: biztanleria (P) eta indize zuzentzailea (IZ) biderkatzearen emaitza. (B = P*IZ)
BB: erakunde onuradun guztien B balioen batura.
DK: baliabide erabilgarriak.
Aurreko hori guztia aplikatu eta gero, onuradunen batek 11.1 artikuluko ehunekoa gainditzen badu, aurrekontuaren gainean onarturiko gehieneko zenbatekoan ezarriko dira dirulaguntzak. Soberakinak gainerako erakunde onuradunen artean banatuko dira, eta, horretarako, artikulu honetako kalkulu-prozesuan ezarritako sistema erabiliko da. Jardun hori behar adina aldiz errepikatuko da, eta aurretik lortutako zenbatekoei gehituko zaizkie hori aplikatzearen ondoriozkoak.
11. artikulua.– Zenbatekoa eta bateragarritasunak.
1.– Laguntza hauen xede diren jarduerak egiteko gastuen onartutako aurrekontuaren % 75erainokoa izan ahal izango da dirulaguntza. Gehieneko ehuneko hori mantendu beharko da amaieran justifikatutako kopuruekiko.
2.– Artikulu honen aurreko zenbakian zehaztutakoa gorabehera, erakunde bakoitzari emandako dirulaguntza ezin izango da inola ere izan 30.100,00 eurotik gorakoa.
3.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada, betiere. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
12. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen zuzendariak egindako proposamena ikusita, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpena ematea. Ebazpen horretan, honako informazio hau adieraziko da: eskatutako dirulaguntza ematea, ukatzea eta, hala badagokio, ez onartzea; ematen bada, erakunde onuradunaren izen soziala eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatu direnen kasuan, erakunde eskatzaileen izena edo izen soziala eta ukoa arrazoitzen duten zergatiak azalduko dira. Onartu ez direnen kasuan ere emango dira zergatiak.
2.– Hartzen den ebazpena bide elektronikoz jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Errekurtsoak aurkezteko kontuan hartu beharreko data lehenik egiten den jakinarazpenarena edo argitalpenarena izango da.
3.– Aurreko lerrokadan aipatzen diren ebazpenek ez diote amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote erakunde interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
4.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
5.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak izapidetzen ari den itzulketa-prozedura bat badu, emakida-prozedura horren amaieraren baldintzapean geratuko da, eta, itzulketa-prozedura amaituta, pertsona edo erakundeak itzultzeko betebeharra badu, soilik eman ahal izango da zorra borondatezko epean artatzen badu, edo atzeratzen badu eta bermatzen badu, edo dagokion itzultze-ebazpena aurkaratzen denean etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo erakunde eskatzaileak pertsona edo erakunde onuradun izateko debekua izango luke, ez dituelako egunean dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakundeek:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote dirulaguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Agindutako xede zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.
c) Dirulaguntza ematea eragin duen jarduera gauzatzea.
d) Dirulaguntza eman duen erakundearen aurrean egiaztatzea laguntza ematea eragin duten betekizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera bera gauzatu dela.
e) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak burutzen duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntza edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.
f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.
g) Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berberarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea.
h) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari.
i) Jasota uztea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Liburutegi Zerbitzuak emandako babesa jaso dela, dirulaguntza honen bidez egiten diren jarduera eta agiri guztietan, bai eta horien publizitatean ere.
j) Hizkera ez-sexista erabiltzea diruz laguntzen diren jardueretan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatzen duenari jarraituz. Era berean, bermatuko da jarduera horietan ez dela erabilera estereotipaturik egongo, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez.
k) Bai onuradun izateko bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko, eskatzen da zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak beteta edukitzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluko e) apartatuan jasota dagoenari jarraituz.
l) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotako beste edozein betebehar.
14. artikulua.– Dirulaguntzen abonua, justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.
1.– Dirulaguntza agiri bidez justifikatuko da 2023ko urtarrilaren 15a baino lehen.
2.– Justifikazio horiek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, web-gune honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Dirulaguntzak justifikatzeko agirien artean, kontu-hartzailearen edo idazkari kontu-hartzailearen «Justifikazio-ziurtagiria» aurkeztu beharko da, honako informazio hau duela: egindako gastuak eta, halakorik balego, helburu bererako jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen zerrenda. Helbide honetan dago eskuragarri ziurtagiri horren eredua: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0038309. Aurkeztu beharko dira, halaber, fakturak edo merkataritzako trafiko-juridikoan froga-balio bera duten edo administrazio-eraginkortasuna duten dokumentuak, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak, bai eta faktura elektronikoak ere, 2022ko ekitaldian benetan egindako gastua egiaztatzen dutenak.
Baldin eta eskabidean aurkeztutako jardueraren baten ordez xede bereko baina izaera desberdineko beste jarduera bat egitea justifikatu behar bada, exekuzioari buruzko memoria bat ere aurkeztu beharko da.
Jarduerak funts propioek edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuek ere finantzatu badituzte –dirulaguntzaz gain–, dirulaguntza jaso duten jarduera horietarako erabilitako zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatuko dira justifikazioan.
Aurkeztutako agiriak jasota eta aztertuta, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak aginduko du dirulaguntza ordaintzeko, eta, hala behar denetan, minorazio bat egiteko dagokion prozedurari jarraituz. Gainera, likidatzeko ebazpen-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, zeinari baitagokio ebazpena ematea bi hilabeteko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Ematen diren dirulaguntzak aldi bakarrean ordainduko dira, betiere egiaztatu eta gero diruz lagundutako jarduera burutu dela, eman den helbururako erabili dela eta haren kostuaren zenbatekoa zein den.
Pertsona edo erakunde eskatzaileak izapidetzen ari den itzulketa-prozedura bat badu, ordainketa-prozedura horren amaieraren baldintzapean geratuko da, eta, itzulketa-prozedura amaituta, pertsona edo erakundeak itzultzeko betebeharra badu, zorra borondatezko epean ordaintzen badu edo atzeratu eta bermatzen badu bakarrik ordaindu ahal izango da, edo dagokion itzulketa-ebazpena aurkaratzen denean etetea erabakitzen bada. Kasu horietatik kanpo, pertsona edo erakunde eskatzaileak pertsona edo erakunde onuradun izateko debekua izango luke, ez dituelako egunean dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
4.– Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, erakunde onuradunek alta emanda egon beharko dute Ekonomia eta Ogasun Sailaren Hirugarrenen Erregistroan.
Erregistratuta ez badago edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi badira, alta edo aldaketa egiteko https://www.euskadi.eus/hirugarrenak helbidera jo ahal izango da, eta inprimakia deskargatu daiteke edo elektronikoki egin daiteke.
15. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Honako hauek hartuko dira ez-betetzetzat:
a) Jasotako dirulaguntza, osorik edo partez, eman denerako ez, baizik eta beste jarduera batzuetarako erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikuluan jasotakoak.
d) Dirulaguntzen arloan aplikagarria den beste xedapen batek oro har ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
2.– Kasu horietakoren bat dagoela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta dirulaguntzen arloan aplika daitezkeen berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duena), azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) ezarritakoari jarraituz.
3.– Nolanahi ere, erakunde onuradunaren betetze-maila nabarmen hurbiltzen bada guztiz betetzera, eta hark egiaztatzen badu bere konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa bat, dirulaguntzaren azken zenbatekoa dirulaguntzaren xede den jardueraren ez-betetze-mailaren araberakoa izango da, proportzionaltasun-printzipioa errespetatuz.
Beraz, jarduera partzialki ez betetzea onartu ahal izango da, baldin eta diruz lagundutako jardueraren helburuak eta konpromisoak betetzera bideratutako jarduketa argi eta garbi egiaztatzen bada eta jardueraren betetze-maila, gutxienez, eskabidean aurkeztutako jarduera osoari dagokion aurrekontuaren % 65era iristen bada. Kasu horretan, emakida-ebazpena aldatu egingo da, eta azkenean emandako zenbatekoa murriztuko da, aurrekontu osoarekiko benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan.
Salbuespen gisa, proiektua aurretik ezarritako ehunekora iristen ez bada, dirulaguntzaren organo kudeatzaileak ez-betetze partzialak daudela balioetsi ahal izango du, baldin eta dirulaguntzaren onuradun den pertsonak edo erakundeak egindako lanek berezitasun eta espezifikotasun objektiboak badituzte eta, berez, diruz lagundutako proiektuaren xedeari balio erantsia ematen badiote.
16. artikulua.– Datuen babesari buruzko oinarrizko informazioa.
Zure datu pertsonalak erabiliko dira, eta tratamendu-jarduera honi erantsiko zaizkio: Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien zerbitzuen erabilera eta irakurketa sustatzeko laguntzak eta dirulaguntzak.
Arduraduna: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.
Xedea: Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien zerbitzuen erabilera eta irakurketa sustatzeko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: Tratamendua beharrezkoa da, interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak betetzeko jardunean (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita informazio gehigarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere.
Informazio gehigarria: gure web-orrian kontsulta dezakezu Datuen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehaztua: www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/026100-capa2-eu.shtml
Araudia: Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek, urriaren 1eko 39/2015 Legeari jarraikiz, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua), bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2022ko uztailaren 6a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.