Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

224. zk., 2021eko azaroaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5749

AGINDUA, 2021eko azaroaren 3koa, Hezkuntzako sailburuarena, kooperatiba edo fundazio diren itunpeko sareko ikastetxeetan inbertsioak finantzatzeko dirulaguntza-deialdia egiten duena (HEZKOOP-2021).

Irakaskuntza-kooperatibak partaidetza sozialerako tresna dira, eta ikastetxeen titular diren erakunde horietako alderdi espezifikoa eta bereizgarria markatzen dute; berezko izaera dela-eta irabazi asmorik ez dute, eta Euskadiko Kooperatibei buruzko abenduaren 20ko 11/2019 Legearen arabera arautzen dira.

Ildo horretatik, 2014ko uztailaren 9an, asmo- eta lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, eta, haren bitartez, «Kooperatiba Mugimenduaren sustapenerako dauden finantza-tresnak bultzatzeko» konpromisoa hartu zuten, besteak beste.

Era berean, ekainaren 2ko 9/2016 Legeari jarraikiz Fundazioaren figura juridikoaren mendean eratutako ikastetxeek interes orokorrari erantzuten diote.

Kasu batean nahiz bestean, deialdi honetako xedearen harira, ikastetxeok azkentzen direnean, likidazio-eragiketen emaitzak Administrazioari itzultzeko eskatzen zaie. Alderdi hori ziurtatuta dago kooperatiben kasuan indarrean duten araudia dela medio, eta, fundazioen kasuan, estatutu arautzaileetan jasotzeko beharra dela-eta.

Horrenbestez, aipatzekoa da ikastetxeen titular diren kooperatiba eta fundazioak finantza-ahalegin handia egiten ari direla eraikinak eta instalazioak azken urteetan aldaketa nabarmenak izan dituen legediaren eskakizunetara egokitzeko.

Errealitate horretaz jabetuta, sail honek, indarrean den legediak ematen dizkion eskumenez baliatuta, ikastetxeek duten karga finantzarioa arintzen lagundu nahi du eta, aldi berean, hezkuntza-jarduera Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo, Lanbide Heziketa eta Hezkuntza Bereziko mailetako ikasleei eskainitako irakaskuntzaren kalitatea hobetzea ekarriko duen ingurunean garatzea bultzatu nahi du. Hori horrela, ezaugarri horietako azken deialdia 2018koa bada ere, sail honek deialdiarekin aurrera jarraitu nahi du.

Honako arau hauek aplikatuko dira: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren (dirulaguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen du); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenaren VI. tituluan xedatutakoa eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenak.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea itunpeko ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatiba edo -fundazioek sinatutako maileguen finantzaketarako laguntzen deialdia egitea da, hezkuntza-erabilerako higiezinak erostera bideratutako inbertsioak egiteko edo indarrean dagoen legediak eskatutako baldintzetara egokitzeko eraikuntza, zabaltze, ordezte eta egokitze lanak egiteko.

2.– Dirulaguntzen xede izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako ikastetxeetan egindako inbertsioetarako sinatutako maileguak.

2. artikulua.– Onuradunak.

Eskabidea aurkezteko egunean, maila hauetakoren bat ematen duten itundutako ikastetxeek eskatu ahal izango dute: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo, Lanbide Heziketa eta Hezkuntza Berezia.

3. artikulua.– Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Dirulaguntza eskuratzeko, eskatzaileek baldintza hauek bete eta mantendu beharko dituzte:

1.– Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergo, Lanbide Heziketa eta Hezkuntza Bereziko mailetan itundutako ikastetxeetarako beharrezkoa izango da titularrek baldintza hauetakoren bat betetzea:

a) Irakaskuntza-kooperatiba gisa eratuta egotea.

b) Fundazio gisa eratuta egotea eta, horrez gain, estatutuetan finkatuta edukitzea honako baldintza: azkenduz gero likidazio-eragiketen ondoriozko ondasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrera bideratzea.

2.– Era berean, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeak, baldin eta bazkide nagusien artean aurreko atalean zerrendatutako baldintzak beteko dituen Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergo, Lanbide Heziketa eta Hezkuntza Bereziko ikasketa mailaren bat eskaini eta itunduta duen zentro kooperatiboren bat badute.

3.– Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, eta ez izatea laguntzak jasotzeko legezko debekurik, ezta sexu-bereizkeriagatiko debekurik ere, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

4.– Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea.

5.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. eta 14. artikuluetako betebeharrak betetzea.

4. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak egiaztatzea.

1.– Organo kudeatzaileak automatikoki, eta beharrezkoa den guztietan, egiaztatuko du dirulaguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, haien oniritzia jaso beharrik gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen du uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 24. artikuluan onartutakoak aplikatuz. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan xedatutakoaren arabera eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak bete dituela egiaztatzeko baimena berariaz ukatuz gero, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.

Era berean, ezinbesteko baldintza izango da onuradun izateko zein emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten jarraitzeko; beraz, egiaztatu egingo da bete egiten direla bai emateko orduan bai ordaintzeko orduan.

2.– Eskabideetan, laguntza eskatzen duten erakundeek aukera izango dute beren-beregi adierazteko baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo agiri guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak betetzea.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 eta 50.6 artikuluek ezarritako moduan –1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua–, eskabidean jasotako erantzukizunpeko deklarazioaren bitartez, betebehar hauek egiaztatuko dira:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

b) Erakunde eskatzailea ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

c) Eskatzaileak adierazten du betetzen dituela eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla eta laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

d) Era berean, eskatzaileak adierazten du betetzen dutela indarrean dagoen legediak eskatutako baldintzetara egokitzeko lanek eta eraikuntza berriko, zabaltzeko eta ordezteko lanek legedia.

e) Ez dagoela Itzultze- edo zehapen-prozedura baten eraginpean edo prozeduraren amaieran. Onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala dagokionean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapidetze-prozesuan dagoen itzulketa- edo zigor-prozedura oro amaitzea.

5. artikulua.– Diru-hornidura.

1.– Laguntza-programa hau finantzatzeko zuzkidura osoa hogeita lau milioi ehun eta laurogeita hamabi mila (24.192.000,00) eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako partiden kargura finantzatuko da.

2.– Zenbateko hori gehitu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta eta aurrekontuan baliagarri dagoen diruaren arabera, betiere haiek ebatzi aurretik, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoa jarraituz. Inguruabar hori argitara emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bitartez.

6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen maileguak.

1.– Agindu honen ondorioetarako diruz lagundu daitezke 2. artikuluan zehaztutako ikastetxeetako titularrek finantza-erakundeekin sinatutako maileguak, deialdi honetan finkatutako baldintzetan, 50.000 euro edo gehiagoko zenbatekoarekin eta inbertsioa amaitzeko epea 2018ko urtarrilaren 1a eta 2021eko irailaren 30a artekoa denean.

2.– Diruz lagundu daitezkeen maileguekin finantzatutako inbertsioek baldintza hauetakoren bat bete beharko dute:

a) Indarrean dagoen legedian xedatutako baldintzak beteta behin-behinekotasuneko egoerak desagerrarazten lagunduko duten inbertsioak izatea (behin-behineko egoeratzat hartuko dira alokairuko lokalak, prefabrikatutako ikasgelak, etxebizitzetako behe-solairuak eta eskolatzeko egoki jotzen ez diren eremuak).

b) Indarrean diren lege-baldintzak beteta, eremuak zabaltzen dituzten ikastetxeetako inbertsioak izatea, ikastetxeak eskolatzen duen unitate kopururako gaitasuna nahikoa ez izateagatik.

3.– Nolanahi ere, deialdi honetatik kanpo geratuko dira inbertsio hauek:

a) 2018ko urtarrilaren 1a baino lehen amaitutakoak, baita 2018ko uztailaren 17ko Aginduaren babesean finantzaketa lortu zutenak ere (2018-07-27ko EHAA, 144. zk.).

b) Benetako inbertsioak itzultzea beste izaerarik ez duten obrak, indarrean dagoen hezkuntza-itunen araudian aurrez ikusitakoari jarraikiz.

7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

Erakundeek elektronikoki egingo dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.

Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren bidez eta e-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenaren bidez arautzen da.

Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/0190304

Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira, elektronikoki:

https://www.euskadi.eus/nire-karpeta

8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Deialdi honetara biltzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak elektronikoki aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/0190304

Dirulaguntza eskatutako inbertsio edo obra bakoitzeko eskabide bana aurkeztu beharko da. Hainbat inbertsioetarako mailegu bera aurkezten den kasuetan, eskabidean adierazi beharko da.

3.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

4.– Egikaritze-proiektuak, planoak eta dokumentazio grafikoa CD formatuan aurkeztuko dira Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako moduetatik edozeinetan.

9. artikulua.– Nahitaezko agiriak.

Eskabideari, oro har, behar bezala betetako I. eranskineko txantiloiaz gain, dokumentazio hau atxikiko zaio:

1.– Eraikuntza berriko, zabaltzeko, ordezteko eta egokitzeko lanak egitea xede duten eskabideetarako:

a) Onartutako egikaritze-proiektua eskatzen duten lanak egitea xede duten eskabideetarako:

a.1.– Onartutako egikaritze-proiektua (formatu digitalean) eraberritze-lanen edo hedapenen aurreko eta ondorengo planoak barne, argi eta garbi adierazita kasu guztietan eremu bakoitzaren xedea eta azalera erabilgarria.

a.2.– Egindako inbertsioa justifikatzen duten fakturak.

a.3.– Onartutako obren amaierako ziurtagiria.

a.4.– Onartutako obren amaierako dokumentazioa.

a.5.– Inbertsioak finantzatzeko kreditu-erakundeek emandako maileguak egiaztatzen dituen dokumentazioa, horien baldintzak eta eskabidea egindako egunean duten egoera jasota.

b) Onartutako proiekturik eskatzen ez duten lanak egitea xede duten eskabideetarako:

b.1.– Egindako jardueraren planoak eta azalerak jasotzen dituen azalpen-txostena, teknikari aditu batek egindakoa.

b.2.– Teknikari aditu batek egindako memoria balioetsia.

b.3.– Egindako inbertsioa justifikatzen duten fakturak eta obra ikastetxeak berak kudeatu duenean gremioak eta hornitzaileak banan-banan kontratatuta, horien zerrenda hornituko da bakoitzaren zenbatekoarekin.

b.4.– Obra-onarpenaren akta edo erakunde titularraren akordioa, obren amaiera ontzat ematen duena, obra ikastetxeak berak kudeatu duenean.

b.5.– Jatorrizko txostenarekiko aldaketarik izan den ala ez zehazten duen azalpen-txostena eta obraren kitapena. Aldaketarik izan bada, horiek zehaztu eta benetan egindako neurketak eta jatorrizko aurrekontua eta benetan egikaritutakoa alderatzen dituen taula jaso.

b.6.– Inbertsioak finantzatzeko kreditu-erakundeek emandako maileguak egiaztatzen dituen dokumentazioa, horien baldintzak eta eskabidea egindako egunean duten egoera jasota.

c) Horrez gain, ikastetxeko titularra higiezinaren titularra ez bada:

c.1.– Alokairu- edo lagapen-kontratua.

c.2.– Obrak egiteko jabearen baimena.

2.– Higiezinak erostea xede duten eskabideetarako:

a) Salerosketaren eskritura, higiezinaren deskribapena eta balioa jasotzen dituena.

b) Planoak eta dokumentazio grafikoa: higiezinaren kokapen-planoak, oinplanoak, sekzioak eta altxaerak 1/100 edo 1/200 eskalan (formatu digitalean).

c) Inbertsioak finantzatzeko kreditu-erakundeek emandako maileguak egiaztatzen dituen dokumentazioa, horien baldintzak eta eskabidea egin den egunean duten egoera jasota.

3.– Kreditu-erakundeei 2021eko lau hiruhilekoei dagozkien banku-ordainketak egiaztatzeko eta justifikatzeko dokumentazioa.

4.– Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela egiaztatzea II. eranskinean.

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Azpiegitura, Baliabide eta Teknologiaren Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen kudeatze-lanak egitea.

11. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzak aurkeztutako eskabidean akats edo zehaztasun-ezak antzemanez gero, erakunde eskatzaileari jakinarazi eta 10 egun naturaleko epea emango dio horiek zuzentzeko; eta ohartaraziko dio, bestela, eskabideari uko egin diola ulertuko dela, aldez aurretik dagokion ebazpena eman ondoren. Ebazpen hori aipatutako Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean aurreikusitako moduan aplikatuko da.

12. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Eskabideak aztertu eta sailkatuko dituen balorazio-batzordea kide hauek osatuko dute:

a) Azpiegitura, Baliabide eta Teknologiaren zuzendaria. Lehendakari moduan jardungo du.

b) Ikastetxe eta Plangintza zuzendaria, edo berak izendatutakoa.

c) Plangintza eta Antolaketa zuzendaria, edo berak izendatutakoa.

d) Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari gisa jardungo duena, hitza izango du, baina botorik ez.

Balorazio-batzorde horrek Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari bidaliko dio proposamena, eta bertan ikastetxeak eta bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa jasoko dira, agindu honetan aurreikusitako esleipen eta zenbaketarako irizpideei jarraikiz.

13. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak.

Agindu honetan aurreikusitako baldintza guztiak beteta, laguntza bertan ezarritako epean eta moduan eskatzen duten ikastetxeei esleituko zaie.

Baldin eta 14. eta 15. artikuluetan ezarritako irizpideei jarraikiz kalkulatuta aurkeztutako eskabideen guztizkoari erantzuteko 5. artikuluko 1. atalean adierazitako zuzkidura ez bada aski, orduan, zuzkidura hori eskakizunak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da, hasieran haietako bakoitzarentzat kalkulatu ziren kopuruen arabera, baina osorik ordaintzeko behar den guztizko zenbatekoari zegokiokeen proportzio berean.

14. artikulua.– Diruz lagun daitekeen zenbatekoa.

Diruz lagundu ahal izango da irizpide hauek aplikatzearen ondoriozko inbertsioaren zenbatekoa:

1.– Indarrean dagoen legediak eskatutako baldintzetara egokitzeko lanek eta eraikuntza berriko, zabaltzeko eta ordezteko lanen kasuan, diruz lagun daitekeen zenbatekoa hauen artean txikiena izango da:

a) aurkeztutako obraren kitapena.

b) modulu ekonomikoak aplikatzearen ondoriozko kopurua.

Modulu ekonomikoak, obra motaren arabera:

Eraikinak:a

– Eremu itxien egokitzapena: 494 €/m2.

– Eremu erdi itxien egokitzapena: 864 €/m2.

– Zabaltzea: 1.234 €/m2.

– Zabaltzea, solairuartearen eraikuntza eremu itxietan: 740 €/m2.

Kirol-eremuak, gimnasioak eta aldagelak:

– Eremu itxien egokitzapena: 370 €/m2.

– Eremu erdi itxien egokitzapena: 514 €/m2.

– Zabaltzea: 638 €/m2.

– Jokalekuak: 124 €/m2.

Gehieneko azalera-muga gisa ezarriko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskola-unitateen arabera ikastetxeetarako beharren programetan taula gisa jarrita duena.

2.– Higiezinak erostera bideratutako inbertsioen kasuan, diruz lagundu daitekeen zenbatekoa hauen artean txikiena izango da:

– gutxieneko baldintza gisa ezarritako eremuei dagokion zatiaren erosketako balioa, 2010eko otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren arabera,

– aurreko 1. ataleko modulu ekonomikoak aplikatzearen erresultantea.

15. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa amortizazioaren eta 8 urterako eta kuota finkoko maileguaren interesaren % 50ekoa izango da gehienez ere, printzipala diruz lagundu daitekeen zenbatekoa izanik, 14. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuta eta urteko % 4ko interesarekin.

Inbertsioak finantzatzeko erakunde eskatzaileak eskatutako maileguaren saldo bizia diruz lagundu daitekeen zenbatekoaren % 50 baino txikiagoa denean, 14. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuta, dirulaguntzaren zenbatekoa amortizazioa eta saldo bizi horren interesa izango da.

Agindu honen ondorioetarako maileguaren saldo bizitzat hartuko da Agindua argitaratzean maileguak duen egoera.

Nolanahi ere den, gehienez maileguaren 8 urteko iraupenean benetan egindako eta justifikatutako kostuak lagunduko dira gehienez, dirulaguntzak ezingo du urtean agindu honen xede diren inbertsioak finantzatzeko ikastetxeetako erakunde titularrek kreditu-erakundeekin sinatuta dituzten maileguek sortutako kuotaren zenbatekoa gainditu, eta eragina izateari utziko dio mailegu horiek guztiz amortizatzen direnean.

Aipatutako epean mailegua aldez aurretik baliogabetzeak, gelditzen den saldoa baino zenbateko handiago eta baldintza berak dituen beste batekin ordezkatzen ez denean, betiere, dirulaguntza jasotzeko eskubidearen galera ekarriko du baliogabetze-egunetik aurrera, eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez kitatuko da, agindu honen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Hainbat eskabidetarako mailegu bera aurkezten denean, maileguaren saldoak aurreko artikuluaren arabera ezarritako diruz lagundu daitekeen zenbatekoaren batukariaren berdina izan beharko du gutxienez, bestela, zenbatekoa inbertsio bakoitzerako hainbanatu egingo da

16. artikulua.– Bateragarritasunak.

Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batetik jaso daitezkeenekin, baldin eta, guztiek batera, agindu honetan jasotako diruz lagun daitekeen zenbatekotik gorakoak ez badira. Handiagoa izatekotan, soberakinari dagokion zenbatekoa kenduko zaio agindu honen arabera emandako laguntzaren zenbatekoari. Era berean, bateragarriak dira hezkuntza-ituneko eskola-unitateak mantentzeko modulu ekonomikoaren berrezarpen eta inbertsioetako partida jasotzearekin.

17. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio-batzordeak hala proposatuta, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak laguntzak emateko prozedura amaituko duen ebazpena emango du, egindako eskabide guztiei buruzko iritzia azalduz, deialdia EHAAn argitaratu eta sei hilabeteko epean. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean emango da argitara ebazpen hau, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. www.euskadi.eus/erregistro-elektroniko-orokorra/. Halaber, Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian ere argitaratuko da, informazio gisa.

2.– Adierazitako epean jakinarazten ez bada aipatutako ebazpena, gaitzetsitzat jo beharko dira eskabideak, hala agintzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25 artikuluan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoak; hargatik eragotzi gabe, lege horren arabera, administrazioak berariazko ebazpena eman beharra.

3.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen eta laguntzen emakida eta, hala badagokio, ordainketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta honen erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zigor-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean geratuko da.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, «Nire kudeaketak» atalaren bidez, hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan jakinarazitako ebazpena argitaratzen denetik aurrera.

18. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako dirulaguntzaren onuradun diren ikastetxek honako betebeharrak bete beharko dituzte beti:

1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Hori horrela, Platea E-Administraziorako Plataforma Teknologikoaren bidez deialdiko ebazpenaren jakinarazpena egin eta hamabost eguneko epean, dagokion erakundeak Nire kudeaketak (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/) bitarteko elektronikoen bidez berariaz uko egiten ez badu, ebazpena onartu dela ondorioztatuko da.

2.– Laguntza ekonomikoa zertarako eman den, horretarako erabiltzea, ez beste ezertarako.

3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen dieten informazioa, deialdi honen kontura emandako laguntza ekonomikoen gainekoa, ematea.

4.– Hezkuntza Sailari obra deskribatzen duen kartela jartzeko erraztasunak ematea.

5.– Eskabidearen berri ematea eta, kasuan-kasuan, obrak egiteko laguntzak eskuratu izana.

6.– Eska daitekeen betebehar oro, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 paragrafoan aurreikusitakoarekin eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

7.– Datu-orria betetzea, erantsitako II. eranskineko dokumentua.

19. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.

Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa zatikako ordainketen bidez ordainduko zaie dirulaguntza horren onuradunei, hiruhilekoa amaitutakoan, eta gehienez ere zortzi urtez, dagokion hiruhilekoan mugaeguneratutako zenbatekoak kreditu-erakundeei ordaindu zaizkiela egiaztatu ondoren. Lehenengo ordainketa 2021eko lehen lau hiruhilekoei dagokiena izango da, kreditu-erakundeei mugaeguneratutako zenbatekoak ordaindu zaizkiela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu ondoren. Ordainketa horiek ez dute dagokion aldian sortutako kuotaren zenbatekoa gaindituko. Frogagiriak Nire kudeaketak bitartekoaren bidez izapidetuko dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/

20. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere dirulaguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako dirulaguntza edo laguntzarik eman badu, dirulaguntzak emateko ebazpena alda daiteke.

Ondorio horietarako, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak kitatzeko ebazpen bat emango du, eta bertan dirulaguntzen zenbatekoa doituko da.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

Egiaztatzen bada finantzaketa emateko baldintzaren bat ez dela bete, jasotako diru-kopuruak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko dira, arau hauen arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretuaren arabera eta eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 17. artikuluaren arabera (1992/02/07ko EHAA, 26. zk.).

22. artikulua.– Datuen babesa.

Bat etorriz Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin, (www.boe.es/buscar/doc.php? ID = BOE-A-2018-16673, deialdiak izapidetzean jasotzen diren datu pertsonalak fitxategi batzuetan sartuko dira (parte-hartzaileek berek horien tratamendua eta argitalpena baimenduta). Dirulaguntzen deialdiak kudeatzea eta deialdietan parte hartzen duten pertsonei horien garapenaren berri ematea izango da fitxategien helburua. Era berean, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra ere aplikatuko da. Fitxategi honen arduraduna Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Azpiegitura, Baliabide eta Teknologia Zuzendaritza izango da. Datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da Zuzendaritza horretara joz gero, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Datuen babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza gure webgunean:www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/055100-capa2-es.shtml

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusi ez diren prozedurazko alderdi guztietan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko azaroaren 3a.

Hezkuntzako sailburua,

JOKIN BILDARRATZ SORRON.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala