Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2021eko apirilaren 30a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
2452

AGINDUA, 2021eko apirilaren 20koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2021. urtean, ikus-entzunezkoen arloan proiektuen garapenaren aldeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuan bildutako xedapenekin bat etorriz, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte eta kultura mailako jarduerak sustatu, finkatu edota hedatzeko eskumenak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio otsailaren 23ko 73/2021 Dekretuak, Kultura eta Hizkuntza Politikaren Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Aipatutako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak proiektuen garapenerako dirulaguntza berariazko lerro bat ezartzeari egoki irizten dio. Deialdi horren bidez ikus-entzunezko produkzioaren aurreko jarduerak sustatuko dira eta jarduera horien artean nabarmentzekoa da gidoiaren garapena, ikus-entzunezko sektoreak ekoizten dituen obren kalitate eta bideragarritasun handiagoa bultzatuz.

Munduko ikus-entzunezkoen industria bere negozio-ereduak aldatzen ari da, kontsumo-ohitura berrien ondorioz eta plataformak zinema-areto tradizionalen alternatiba gisa agertzearen ondorioz. Testuinguru horretan, serieak ikus-entzunezkoen industriarako aukera-produktu gisa kokatu dira, eta egonkortasuna eta jarraitutasuna eskaini diete ikus-entzunezko enpresei.

Animazioaren sektorea dinamikoenetako bat izan da pandemiaren garaian. Errodajeak egiteko ezintasuna, industriaren gainerakoentzat geldiarazlea, ez da oztopo izan animaziorako, ikus-entzunezkoen politiketarako sektore estrategikoetako bat baita.

Agindu honetan, beraz, gure industriaren ikus-entzunezkoen garapenerako gaitasunari erantzuteaz gain, bi azpisektoreen berezitasunei ere erantzun nahi zaie.

Halaber, agindu hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu duen eta sailaren web orrian argitaratu den Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren 2021-2024 urteetarako plan estrategikoaren barruan dago sartuta. Plan hori, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2021eko otsailaren 18ko Aginduaren bitartez onartu zen.

Kultura arloko estatu-laguntzei buruzko EB Europar Batasunaren araudiaren barruan, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hau jarri zen indarrean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren (EBFI) 108. artikuluaren 3. Atalean agertzen diren eta notifikazio beharrik ez daukaten estatu dirulaguntzen kategoriak zabaltzea. Kategorien artean daude ondare eta kulturako dirulaguntzak, eta, zehatzago, ikus-entzunezkoenak.

Beraz, Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz.

Horiek horrela, hau,

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea 2021eko ekitaldian zehar edozein hedabidetarako edo edozein euskarritarako film luze, serie edo miniserie proiektuak garatzeko dirulaguntzak emateko deialdia egin eta horretarako baldintzak ezartzea da. Honako hau joko da «proiektuen garapentzat»: ikus-entzunezko ekoizpen baten prestaketa eta diseinua, produkzio-fasearen beraren aurretik egin behar diren operaziotan zentratua eta 2021 eta 2022 urteetan zehar egingo direnak.

2.– Deialdi honetatik kanpo geratuko dira:

a) Film laburrak.

b) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren gidoi zinematografikoak sortzeko 2021erako laguntza-deialdira aurkezten diren proiektuak.

c) Eskabidea aurkezteko unean filmatzen hasiak diren proiektuak.

d) Telebistarako edo plataformetarako programak (talent show-ak, lehiaketak, reality show-ak, streaming, influencer edo youtuber serieak, etab.).

e) Telebista plataformen edo talebista kanalen laguntza edota garapen kontratua lortu duten proiektuak.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Dirulaguntza hauetarako, guztira 400.000 euro daude jarrita.

2.– Deialdi honek barne hartzen dituen laguntza-modalitateen arabera, zenbateko osoa honela banatuko da:

a) Film luzeak garatzeko dirulaguntzak II. kapituluan ezarritako moduan: 250.000 euro.

b) Serieak eta miniserieak garatzeko dirulaguntzak III. kapituluan ezarritako moduan: 150.000 euro.

3.– Eskaerarik ez dagoelako edo dauden eskaerek balorazio fasean gutxieneko puntuazioa gainditzen ez dutelako modalitateetako bati bideratutako diru-kopurua agortzen ez bada, sobera geratzen den kopurua oraindik ebazteke dagoen beste modalitateko proiektuetara/programetara bideratuko du dagokion Balorazio Batzordeak, betiere, erabaki gabe badago. Horretarako, horien balorazioaren ondoriozko hurrenkerari eta puntuazioari jarraituko zaie, harik eta soberakin ekonomikoa agortzen den arte.

3. artikulua.– Onuradun izateko baldintzak.

1.– Produkziorako laguntzak eskuratzeko honako baldintzak bete behar dira: pertsona fisiko edota juridiko independenteak izatea, Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean egoitza izatea eta laguntza jasoz gero Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izatea edo izateko konpromisoa hartzea.

2.– Pertsona fisiko edota juridiko independentetzat hartuko dira Zinemari buruzko abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluan n) letraren definizioan horrela agertzen dena.

3.– Pertsona fisiko edota juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen 21.2 artikuluak zer dioen hartuko da aintzakotzat.

4.– Dirulaguntza koprodukzio batentzat eskatzen denean eskatzaileak ikus-entzunezko produkzioaren % 25eko titulartasuna izan beharko du gutxienez.

5.– Ezin izango dira onuradun izan dena delako enpresak, laguntzaren bat itzultzeko agindua jaso badute, aldez aurretik Europako Batzordeak hala erabaki duelako, laguntza hori legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela iritzita; beste horrenbeste gertatutako da krisian dauden enpresekin ere, hain zuzen ere krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C249, 2014-07-31).

6.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ahal izateko, zerga-betebeharrak egunean izan behar dira, baita Gizarte Segurantzaren ordainketak eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Baldintza hori betetzea nahitaezkoa izango da onuradun izaten jarraitzeko, eta, beraz, emakida egiten den unean eta ordainketak egiten diren unean egiaztatuko da betetzen direla.

7.– Ezingo dute deialdi honetako dirulaguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute dirulaguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

8.– Halaber, pertsona onuradunek, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako gainerako baldintzak bete beharko dituzte.

9.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkez dezake, baina onuradun bakoitzari proiektu bakarragatik baino ez zaio dirulaguntza emango, 14. artikuluko 8 idatz-zatian jasotzen den moduan.

10.– Proiektu bera dirulaguntza agindu honetan jasotako modalitateren batera gehienez bi deialditan aurkeztu ahal izango da.

11.– Onuradun izateko baldintza guztiak bete beharko dira aldi osoan emandako laguntza likidatu arte.

4. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko denez, soilik finkatutako irizpideak aplikatuz balorazio handiagoa lortu dutenek jasoko dute laguntza, eta ezarri den diruguntza maximoaren barruan.

5. artikulua.– Dirulaguntzen kudeaketa.

Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea.

6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Agindu honen babesean ematen diren dirulaguntzak eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Pertsona fisikoek bide elektronikoak erabili ahal dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen du-eta 21/2012 Dekretuak, otsailaren 21eko, Administrazio Elektronikoari buruzkoa.

– Bide presentziala: eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan hitzordua eskatuta soilik (https://www.euskadi.eus/hitzordua-zuzenean), EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako establezimenduen aurrean.

– Bide elektronikoa: eskabideak euskadi.eus helbidean edota artikulu honen 4. atalean aipatzen diren helbideetan aurkeztuko dira edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoen aurrean.

3.– Pertsona juridikoek bide elektronikoak erabiliz aurkeztuko dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

4.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

– Film luzeak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276307

– Serieak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276308

Eskabidearen ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz «Nire karpeta»-ren bitartez hemen egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Elektronikoki ere izapidetu ahal izango da ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da helbide honetan: https://euskadi.eus/ordezkariak

5.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskaren Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

6.– Eskaerarekin batera 7. artikuluan adierazitako dokumentuak aurkeztuko dira.

Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak erabilitako bidea –presentziala edo elektronikoa– edonolakoa dela ere ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa aurkeztuko da ahal bada PDF formatuan.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

d) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira kontsultatu ahal izateko, dagokion agirian.

7.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, interesdunek eskubidea dute dagoeneko administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein administraziok egin dituen dokumentuak ez aurkezteko. Dokumentu horien bidez, Administrazioak dokumentu horiek kontsultatu edo eskatu ahal izango ditu, interesdunak horren aurka egiten ez badu behintzat. Kasu horretan, eskatzaileak egiaztatu beharko ditu.

8.– Eskabideak aurkezteak, deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

7. artikulua.– Betekizunen akreditazioa eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerarekin aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira:

1.– Eskatzaileari dagokionez:

1.1.– Identitateari buruzko datuak: eskaera sinatzen duenaren identitatearen egiaztagiria.

1.2.– Pertsona juridikoak izanez gero: administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateak eskaeran zein erregistrotan dagoen inskribaturik azalduz gero, ez da beharrezkoa izango horren inguruko dokumentaziorik.

Beste administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateek egiaztatu beharko dute sortze-eskritura eta estatutuak eta dagozkien erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria eta ordezkaria den pertsonaren identitatea, eta honek daukan legezko ordezkaritzako ahalmena.

1.3.– Zerga eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, pertsona edo eskatzaileak baldintza hauek betetzen dituela, eta horretarako ez du pertsona edo entitate horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak. Nolanahi ere, pertsona fisiko eskatzaileak egiaztapena egiteko modu arrazoituan egin ahal izango du aurka, baina, kasu horretan, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du. Pertsona edo entitate interesatuak Nafarroako Ogasunean zergak ordaintzen baditu, zerga betebeharrak betetzen dituela egiaztatu beharko du dagokion egiaztagiriaren bitartez.

2.– Proiektuari dagokion dokumentazioa:

a) Proiektu berarentzat eskatu eta lortu diren beste laguntzen gaineko adierazpen eta haien zenbatekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan ezarritako ereduaren arabera:

– Film luzeak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276307

– Serieak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276308

b) Proiektuaren argibide-memoria. Bertan jaso behar da garatu beharreko estrategia eta garapenean aurreikusten diren ekintza guztien deskribapen zehatza eta egutegia, garapenaren hasiera eta bukaeraren data zehatzekin.

c) Gidoiaren sinopsia (orri 1) film luzeetan, eta lehenengo denboraldiko gidoiaren sinopsia (orri 1) sailetan.

d) Gidoia, eta ez badago, gidoiaren trataera (gehienez 35 orri). Telesailen kasuan kapitulu baten gidoi osoa eta lehenengo denboraldiko gidoiaren sinopsia.

e) Gidoiaren gaineko eta, hala badagokio, lehendik dagoen obraren gaineko ustiapen eskubideak dituela egiaztatzea, edo, halakorik ezean, eskubideak lagatzeko aukeraren eta etorkizuneko kontratuaren baldintzak itunduta dituela egiaztatzea.

f) Proiektuaren aurrekontua, partidaka banatua eta xehatua, aurreikusitako gastu-sarrerak jasoko dituena, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

g) Produkzioaren aurrekontu orientagarri orokorra eta finantzazio plana.

h) Garatu beharreko obrari buruzko informazioa, obraren intentzionalitate artistikoa eta zein publikori zuzentzen zaion.

i) Zuzendariaren eta gidoilariaren historial artistiko profesionala. Zuzendariak ez badu inoiz luzerik egin, baina bai aldiz film laburrik, aurretik egindako film labur horien guztien kopia bat.

j) Gidoilariarekin edota zuzendariarekin sinatutako akordioa garapen lanak egiteko.

k) Proiektuen garapenean parte hartzen duten arduradun artistikoek, zuzendariek, gidoilariek eta abarrek sinatutako ardurapeko aitorpenak edo intereseko itunak.

l) Produkzio-etxearen azken bost urteotako historial profesionala eta datozen bi urteotako ekoizpen-aurreikuspenak, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu beteginak ezartzen duenari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eskaerarekin barera aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpen bidez, honako betebehar hauek egiaztatutako dira:

– Eskatzaileak egiaztatu behar du ez dagoela laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozte dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.

– Eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra dauka, edo egoitza irekitzeko konpromisoa hartzen du laguntza jasoz gero.

– Eskatzailea pertsona pribatu independientea da, abenduaren 28ko 55/2007 Legearen 4. artikuluko n) idatz-zatiak xedatutakoaren arabera (Zinemaren Legea).

– Eskatzailea ez da krisian dagoen enpresa bat, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C249, 2014-07-31).

– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraziko du eskatzaileak, eta dirulaguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.

9. artikulua.– Egindako akatsak zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ikusten bada zerbait falta dela edo errakuntzak daudela, eskatzaileari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezan edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan, eta horretarako hamar eguneko epea emango zaio, dagokion jakinarazpena jasotzen den egunaren biharamunetik kontatuta. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

Bitarteko elektronikoak erabiltzera behartua dagoen norbaitek bide presentziala erabiliz aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio interesdunari. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen-datatzat.

10. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da:

2.– Batzordeko kideak hauek izango dira:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, eta falta denean batzordekide zaharrenak ordezkatuko du.

– Lau aditu-profesional, Kulturako sailburuordeak izendatuak eta aztertu beharko dituzten laguntza-modalitateekin zerikusia dutenak.

– Batzordeko idazkari gisa, baina bertako kide izan gabe, hitzarekin baina botorik gabe, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat arituko da, bertako zuzendariak izendaturik. Idazkariari dagokio batzordearen jokabidearen legalitate formalaz eta materialaz arduratzea.

Aldi berean, gai zehatzak aztertzeko Balorazio-batzordeen bileretan parte har dezakete bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek, eta hitz egin bai baina botorik ezin izango dute eman.

3.– Balorazio-batzordeen behin betiko osaera Kulturako sailburuordearen ebazpenaren bitartez EHAAn argitaratuko da, eratu aurretik interesatuek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

4.– Balorazio-batzordeetako kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legearen 3.7 kapituluan xedatutakoa beteko da.

5.– Batzorde horrek botoen gehiengoaren bidez eskabidea onartzea/ez onartzearen proposamena eta, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, dirulaguntza ematea/ez ematearen proposamena Kulturako sailburuordeari aurkeztuko dizkio.

Proposamen horietan ordezko onuradunak izendatu ahal izango dira, gerta baitaiteke hautatutakoek deialdi honetan zehaztutako baldintzei uko egitea edo horiek ez bete edo ez onartzea. Gorabehera hauetakoren bat suertatuz gero, ordezkoak jasoko duen dirulaguntzaren zenbatekoa hasieran onuradun izendatu zenari ordaindu gabe geratzen dena izango da, baina eskatutako kopuruaren barruan. Deialdiko baldintzei uko egin edo horiek onartu ez edo betetzen ez dituen onuradunak ordaindu zaion dirulaguntzaren zatia itzuli beharko dio Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari gehi aplikagarriak diren legezko interesak.

6.– Balorazio-batzordeek, beharrezko ikusten dutenean eta aurkeztutako eskabideak egoki baloratze aldera, behar adina azalpen eskatu ahal izango dizkiete eskatzaileei

7.– Balorazio-batzorde horietarako izendatutako aditu-profesionalek ardurapeko aitorpena aurkeztu beharko dute, honakoak frogatzeko: Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean ezartzen diren abstentziorako arrazoiren batean eroriak ez daudela; eskatzaileek aurkeztutako agiriak proiektuak baloratzeko baino ez direla erabiliko eta hori deialdi honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz egin dela; eta, ebazpen-proposamena eman ondoren, espedienteetako agiri guztiak deialdia kudeatzen duen organoari itzuliko zaizkiola.

11. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko prozedura Kulturako sailburuordeak eman eta ebatziko ditu, Balorazio-batzordeek aurkeztutako proposamena ikusi ondoren. Horretarako epea 6 hilabetekoa izango da, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duenetik kontatzen hasita. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, denen jakingarri.

2.– Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Edozein motatako hautaketa-prozesu edo norgehiagoka-prozeduretako egintzak direnean Administrazio-egintzak beti argitaratu beharko dira, eta horrek jakinarazpen-ondorioak izango ditu, horrela dago xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b artikuluan. Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat, aipatutako 39/2015 Legearen 41.7 arabera.

3.– Ebazpen hauek ez dute administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haien aurka gora-jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan.

4.– Ebazteko epea igarota interesatuari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

5.– Nolanahi ere, onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo guntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona/erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.

b) Dirulaguntzari eman zaion xede horretarako erabiltzea.

c) Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari guntzen fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Diruz lagundutako proiektua deialdirako aurkeztu diren baldintzetan garatzea. Aldaketa horiek, diruz lagunduko diren gastuei buruzkoa den 13 artikuluan aipatzen diren jarduerakoren bat ez burutzea, hasieran onartutako proiektuaren barruan egon arren, edo onartutako garapenaren aurrekontuan jasotako atalen batean % 20tik gorako aldaketak egitea, besteak beste, idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari, eta honek jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost egun balioduneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Epea inolako jakinarazpenik gabe igaroz gero, aurkeztu den aldaketa onartu dela ulertuko da. Aldaketa horiek emandako laguntza doitzea ekar dezakete. Inola ere ezingo da aldaketa hauen bidez dirulaguntzaren kopurua igo.

e) Onuradunek konpromisoa hartzen dute diruz lagundutako lanen hasierako kredituei dagozkien informazio, publizitate, sustapen eta izenburu guztietan eta ondorio horretarako erabiltzen den edozein hedabidetan lanak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzaz egin direla adierazteko.

f) Laguntza ematen duen organoari Estatuko nahiz mundu mailako beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek xede bererako ematen dituzten bestelako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen diren jakinaraztea.

g) Argitaratutako promozio-material guztien ale bat Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan aurkeztea.

h) Laguntza emateko ebazpenaren berri izaten duenetik, onuradunak gehienez hamabi hilabeteko epea izango du proiektuaren jarduera-txostena eta 16.b artikuluan aipatutako gainerako agiriak aurkezteko, beti ere 2022ko abenduaren 31 baino lehenago.

i) Onuradunak proiektua garatzeko aurrekontuaren % 32, gutxienez, erabili beharko du Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza edo establezimendua duten pertsona fisiko edo juridikoek egindako lanetarako. Koprodukzioen kasuan, aipaturiko % 32 hori aplikatuko zaio onuradunak ikus-entzunezko ekoizpenean duen partaidetza-kuotari.

2.– Halaber, onuradunek, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrak izango dituzte.

13. artikulua.– Diruz lagunduko diren gastuak.

1.– 2021eko urtarrilaren 1etik agindu honen 15.1.b artikuluan ezarritako justifikazio-data arte egindako gastuak onartuko dira.

2.– Diruz lagunduko diren gastuak honako hauek dira:

– Obraren egilearen eskubideak eskuratzea.

– Gidoiaren garapena. Berridazketa edo egokitzapena, elkarrizketak, kanpoko aholkularitza, itzulpena.

– Promozio-materiala diseinatzea eta lantzea: material inprimatua, teaser-a, trailerra, programa pilotua, story board-a, web orria.

– Marketing- eta banaketa-plana garatzea.

– Merkatu eta koprodukzio foroetara joatea. Bidai gastuak, alojamendua eta akreditazioak.

– Casting-a egitea eta kokapenak bilatzea.

– Ikerketa dokumentala, grafikoa (animaziozko proiektuetan) eta artxiboak bilatzea.

– Langile-gastua: enpresako langileen soldatak eta Gizarte Segurantza. Aurrekontuaren % 15eko gehieneko gastua, eta animazioaren kasuan % 25ekoa.

– Aholkularitza juridikoa eta fiskala aurkeztutako proiektuarentzat. Koprodukzio kontratuen aholkularitza eta idazketa, obraren eskubideak, proiektuan parte hartuko duten profesionalekin kontratuak.

– Gastu orokorrak (gehienez % 5)

3.– Laguntzaren eskatzailea pertsona fisikoa bada, gehienez ere garapen-aurrekontuaren% 10 egotzi ahal izango da aurretik zerrendatutako diruz laguntzeko moduko gasturen batean egiten dituen lanetarako. Egindako lanak eta balorazio ekonomikoa justifikatzeko adierazpen baten bidez egiaztatuko da.

4.– Dirulaguntzaren eskaeraren xede diren garapen-lanak enpresa eskatzaileko langileek egin ahal izango dituzte, gehienez ere % 50era arte.

14. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak eta mugak.

1.– Balorazio fasean puntuazio onena jasotzen duten proiektuek dirulaguntza jasoko dute, ondoko puntuetan ezarritako mugak errespetatuta, puntuazio-hurrenkeraren arabera eta diru-zuzkidura osoa agortu arte.

2.– Puntuazio onena lortzen duen proiektuari eskatutako kopurua emango zaio. Gainerakoei proportzionalki murriztuko zaie kopurua lortutako puntuazioaren arabera. Ateratzen den zenbatekoa eskatutako zenbatekoaren % 60 baino txikiagoa bada, ez zaio dirulaguntza emango, eta zenbateko hori proportzionalki banatuko da puntuazio handiagoa duten gainerako proiektuen artean.

3.– Laguntza jasotzeko, nahitaez lortu behar da puntuazioaren % 50 balorazio-fasean.

4.– Agindu honetan ezarritako irizpideen arabera, proiektu zehatz bati zuzendutako kopuruak ezingo du proiektua garatzeko aurrekontuan jasotzen diren gastuen % 50 gainditu. Gastu hauek 13. artikuluan zehazten dira:

5.– Gutxienez, jasotako zenbatekoaren % 45 gidoia garatzeko erabiliko da, animazio-proiektuetarako izan ezik, horiek% 35 izan baitaitezke. Pertsonalaren gastuek eta gastu orokorrek ezin izango dute aurrekontuaren % 15 eta % 5 gainditu, hurrenez hurren.

6.– Laguntza koprodukzioa egiteko eskatzen bada, dirulaguntza ez da produktore eskatzaileak duen partaidetza errealaren % 50 baino gehiago izango.

7.– Beste laguntza publiko batzuk lortzen badira, laguntza guztien zenbatekoak, deialdi honen kargura ematen direnak barne, ezin du izan proiektuaren garapenaren kostuaren % 75 baino gehiago.

8.– Produkzio-etxe bakoitzak modalitate honetarako eskabide bat baino gehiago aurkezteko duen aukerari kalterik egin gabe, pertsona onuradun bakoitzeko laguntza bakar bat eman ahal izango da. Hala bada, balorazio onena lortzen duen eskabideari emango zaio eta gainerakoak ezetsi egingo dira. Hortaz, beste eskatzaileen proiektu batzuei ere laguntzak eman ahal izango zaizkie, nahiz eta proiektuok beste onuradun baten bigarren eskabideak eta hurrengoek baino balorazio baxuagoa lortu duten.

15. artikulua.– Justifikazioa eta dirulaguntzaren ordainketa.

1.– Ematen diren laguntzen ordainketa honela tramitatuko da:

a) Laguntza emateko unean % 50 ordainduko da.

b) Gainerako % 50, honako agiriak jasotzean eta agindu honetan laguntzaren erabilera eta kopuruen inguruan ezartzen denaren egokitzen dela egiaztatzean. Edonola ere, ordainketa 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera egingo da, baina urte horretako abenduaren 31 baino lehenago:

– Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza egonkorra izatea egiaztatzen duen agiria.

– Proiektuaren jarduera eta lortutako emaitzen txostena.

– Behin-betiko aurrekontua, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Garapenaren gastuen zerrenda sailkatu bat, BEZik gabe. Zerrendak honako datu hauek jasoko ditu: hartzekodunaren eta agiriaren identifikazioa, kopurua, jaulkipen-data eta, ahal bada, ordainketa-data, euskadi.eus gunean ezarritako ereduaren arabera.

– Egin diren gastuak behar bezala frogatzea jatorrizko fakturak edo kopia konpultsatuen bitartez eta ordainketa egiaztatzen duten agirien bitartez.

– Gidoia osorik eta zuzenduta.

– Gidoilariarekin edo gidoilariekin sinatutako eskubideen lagapen-kontratua, gutxienez bi urterako, edo garatzeko dagoen lanaren eskubideak erosteko aukera eskaintzen duen kontratua, gutxienez bi urterako.

– Lanerako plana berriro banakatzea eta produkzioaren behin-behineko aurrekontu berria.

– Filmaketa egingo den lekuei buruzko agiriak.

– Casting-ak egiteko behin-behineko proposamenak.

– Finantzaketa-plan zehatza.

– Marketing- eta banaketa-plan zehatza.

– Proiektuaren sustapen-materialaren ale bat.

Agiri horiek bide presentziala edo bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dira https:// www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean pertsona fisikoak direnean. Pertsona juridikoak direnean bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztu ahalko da aipatutako helbide elektronikaren bidez.

2.– Kultura sailburuordeak ofizioz edo onuradunek eskatuta ebatzi ahal izango du justifikazio-epea luzatzea. Hala interesdunaren eskaera nola luzapenari buruzko erabakia, nolanahi ere, justifikatzeko gehieneko epea amaitu baino lehen egin beharko dira. Epea luzatzeak ezin izango du epe horren erdia gainditu, eta ezin izango ditu hirugarrenen eskubideak kaltetu. Epe hori luzatzea justifikazio-agiriak aurkezteko baino ez da izango, eta ez du balioko inola ere gastua egiteko epea luzatzeko.

16. artikulua.– Kitapen-ebazpena.

Laguntza emateko orduan kontuan izan ziren baldintzetakoren bat aldatu delako –baina helburua beteta–, aldi berean beste edozein entitate publiko eta pribatuk emandako laguntza jasotzea izan badu, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatuko da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak kitapen-ebazpena emango du, eta esleitu diren laguntzen zenbatekoak berregokituko dira bertan.

17. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

1.– Honelakoak izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan adierazi bezala onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Hala badagokio, laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epearen barruan.

d) Aurkeztutako proiektuan Kulturako sailburuordeak baimendu gabeko aldaketaren bat egitea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluaren b, c, d, e, f edota g ataletan aurreikusitako ez-betetzeak.

2.– Horrelako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako dirua eta horrek sortutako ikus-entzunezkoen alorrean aplikagarriak diren berandutze-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio onuradunak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzak Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra erregulatzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotena bete ondoren eta horien arabera.

II. KAPITULUA
FILM LUZEEN GARAPENERAKO LAGUNTZAK

18. artikulua.– Laguntzen xedea.

1.– laguntza-modalitate honen barruan, film luzeak garatzen lagunduko da.

2.– Ondorio horietarako, film luzetzat hartuko da ikus-entzunezko lan bat, fikziozkoa, animaziozkoa edo dokumentala izan eta hirurogei minutu edo gehiagoko iraupena duena eta zinema-aretoetan, plataformetan edo telebistetan komertzialki ustiatzeko erabiltzen dena.

19. artikulua.– Laguntzen mugak.

Gehienaz ere, laguntzen zenbatekoa ezin izango da hogeita bost mila (25.000,00) eurotik gorakoa izan fikzioaren eta dokumentalaren kasuan, eta berrogei mila (40.000,00) eurotik gorakoa animazioaren kasuan.

20. artikulua.– Hautaketa eta Balorazio irizpideak.

Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen den baremoaren arabera ondoren zehazten diren alderdiak baloratuko ditu:

a) Proiektuaren bideragarritasuna (% 40). Bereziki honakoak izango dira kontuan:

– Aurrekontuaren egokitasuna proposatutako garapenarekin (% 10). Aurkeztutako aurrekontuaren eta memorian jasotako ekintzen eta merkatu-dinamiken arteko koherentzia baloratuko da.

– Estimatutako produkzio aurrekontuaren eta finantzazio planaren egokitasuna (% 10).

– Nazioarteko edota nazionaleko koprodukziorako eta hedapenerako potentzialtasuna (% 10).

– Proiektuaren interesa (% 10). Kontuan hartuko dira Euskadin ekimen artistiko eta enpresarial berrietarako eskaintzen dituen aukerak.

b) Gidoiaren kalitatea (% 30). Bereziki honakoak izango dira kontuan:

– Proposamenaren originaltasuna eta sormena (% 15). Istorioaren berezko garrantzia baloratuko da, baita kontatzeko modua ere.

– Pertsonaien definizioa (fikzioa) / diseinua (animazioa) (% 10). Pertsonaien ñabardurak eta bilakaera baloratuko dira narrazioan, baita elkarrizketen kalitatea ere. Animazioaren kasuan, gainera, pertsonaien diseinuen originaltasuna eta kalitatea baloratuko dira (espresioak, poseak, grafismoa).

– Egitura eta garapena (% 5). Narrazio koherente eta egituratu bat baloratuko da, genero eta publiko hartzailearentzat erritmo egokia mantenduko duena.

c) Produktoraren, gidoilariaren eta zuzendariaren ibilbidea (% 12): aurretik egindako lanak kontuan hartuko dira eta egindako proiektuak ez ezik, jendaurrean izandako eragina eta balorazioa eta komunikabide espezializatuetan agertzen diren kritikak baloratuko dira.

d) Jatorrizko bertsioa euskaraz izatea (% 5). Jatorrizko euskarazko bertsiotzat hartuko da aurkeztutako gidoiaren% 70 baino gehiago euskaraz idatzita badago.

e) Proiektuaren ibilbidea (% 3), kontuan hartuz emango da ikus-entzunezko proiektuak Eusko Jaurlaritzak gidoiak sortzeko modalitatean egin izan dituen deialdietan laguntza jaso izana. Ibilbidea kontuan hartzeko, aipatu laguntza amaitua eta deialdi horren araudiaren arabera behar bezala justifikatua egon behar da.

f) Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza-, gidoigintza- eta ekoizpen exekutiboko lanetan (% 10). 3 puntu emango dira lanpostu bakoitzeko. Aparteko puntu bat emango da aipatutako hiru lanpostuak emakumeei badagozkie. Emakumearen parte-hartzea esklusiboa den kasuetan soilik emango ditu puntuak.

III. KAPITULUA
SERIEEN GARAPENERAKO LAGUNTZAK

21. artikulua.– Laguntzen xedea.

1.– laguntza-modalitate honen barruan, fikziozko, animaziozko eta dokumental serieak eta miniserieak garatzen lagunduko da.

2.– Serietzat hartuko dira ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izan, guztira gutxienez 135 minutuko iraupena dutenak, lehen denboraldiari dagozkion 3 kapitulurekin gutxienez, eta zine aretoetan, telebistetan edo bestelako hedapen-moduetan ustiatzeko direnak.

3.– Miniserietzat hartuko dira ikus-entzunezko proiektuak, fikziozkoak, animaziozkoak edo dokumentalak izanik, gutxienez 2 kapitulu eta guztira 90 minutuko iraupena dutenak. Proiektu horiek zine aretoetan, telebistetan edo plataformetan merkaturatzeko ustiatu behar dira.

22. artikulua.– Laguntzen mugak.

Gehienaz ere, laguntzen zenbatekoa ezin izango da hogeita hamabost mila (35.000.00) eurotik gorakoa izan, fikziozko edo dokumentalezko seriearen edo miniseriaren kasuan, berrogeita bost mila (45.000,00) eurotik gorakoa, animaziozko seriearen edo miniseriaren kasuan.

23. artikulua.– Hautaketa eta Balorazio irizpideak.

Balorazio-batzordeak jasotako eskabideak aztertuko ditu eta jarraian aipatzen den baremoaren arabera ondoren zehazten diren alderdiak baloratuko ditu:

a) Proiektuaren bideragarritasuna (% 40). Bereziki honakoak izango dira kontuan:

– Aurrekontuaren egokitasuna proposatutako garapenarekin (% 10). Aurkeztutako aurrekontuaren eta memorian jasotako ekintzen eta merkatu-dinamiken arteko koherentzia baloratuko da.

– Estimatutako produkzio aurrekontuaren eta finantzazio planaren egokitasuna (% 10).

– Nazioarteko edota nazionaleko koprodukziorako eta hedapenerako potentzialtasuna (% 10).

– Proiektuaren interesa (% 10). Kontuan hartuko dira Euskadin ekimen artistiko eta enpresarial berrietarako eskaintzen dituen aukerak.

b) Gidoiaren kalitatea (% 30). Bereziki honakoak izango dira kontuan:

– Proposamenaren originaltasuna eta sormena (% 10). Istorioaren berezko garrantzia baloratuko da, baita kontatzeko modua ere; eta, aldi berean, xede den publikoak zehaztuko duena.

– Pertsonaien definizioa (fikzioa) / diseinua (animazioa) (% 15). Pertsonaien ñabardurak eta bilakaera baloratuko dira narrazioan, baita elkarrizketen kalitatea ere. Animazioaren kasuan, gainera, pertsonaien diseinuen originaltasuna eta kalitatea baloratuko dira (espresioak, poseak, grafismoa).

– Egitura eta garapena (% 5). Narrazio koherente eta egituratu bat baloratuko da, genero eta publiko hartzailearentzat erritmo egokia mantenduko duena.

c) Produktoraren, gidoilariaren eta zuzendariaren ibilbidea (% 15): aurretik egindako lanak kontuan hartuko dira eta egindako proiektuak ez ezik, jendaurrean izandako eragina eta balorazioa eta komunikabide espezializatuetan agertzen diren kritikak baloratuko dira.

d) Jatorrizko bertsioa euskaraz izatea (% 5). Jatorrizko euskarazko bertsiotzat hartuko da aurkeztutako gidoiaren% 70 baino gehiago euskaraz idatzita badago.

e) Emakumeen parte-hartzea zuzendaritza-, gidoigintza- eta ekoizpen exekutiboko lanetan (% 10). 3 puntu emango dira lanpostu bakoitzeko. Aparteko puntu bat emango da aipatutako hiru lanpostuak emakumeei badagozkie. Emakumearen parte-hartzea esklusiboa den kasuetan soilik emango ditu puntuak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Infomazio-Klausula.

Arduraduna: Kultura Sustatzeko Zuzendaritza; Kultura eta Hizkuntza Politika Saila.

Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz, Araba.

Telefonoa: 945 01 80 00. Web orria: http://euskadi.eus

Helburua: 2021.urteko ikus-entzunezkoen proiektuen garapenerako prozesuak garatzeko dirulaguntza eskabideak kudeatzea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorra, azaroaren 17koa, eta 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazioa gehiago:

– Film luzeak: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276307

– Serieak: http://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0276308

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko apirilaren 20a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala