Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

39. zk., 2021eko otsailaren 23a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BERDINTASUN, JUSTIZIA ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1028

EBAZPENA, 2021eko otsailaren 16koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena. Ebazpen honen bidez, 2021. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta erakunde pribatuei dirulaguntzak emateko deialdia egiten da eta dirulaguntza horiek arautzen dira, aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, minimis laguntzen araubidea baliatuta.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra– Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen eremu guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori –izatez eta zuzenbidez– bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea, eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.

Helburu horiek lan-eremuan lortu ahal izateko, enpresek eta erakunde pribatuek aktiboki parte hartu behar dute, alde batetik, emakumeek eta gizonek enplegua berdintasunez lortuko dutela eta lan-baldintza egokietan lan egingo dutela bermatzeari dagokionez, eta, bestetik, euren produktuek eta zerbitzuek emakumeen zein gizonen beharrei eta interesei erantzuten dietela bermatzeari dagokionez.

Horrek duen garrantziaz jabeturik, eta ikusirik beharrezkoa dela enpresei –diagnostikoak egiteko eta barneko berdintasun-planak ezartzeko– laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza-enpresa espezializatuak egotea, 2002. urteaz geroztik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea aholkularitza-enpresei prestakuntza ematen eta horiek egiaztatzen hasi zen, Europako Gizarte Funtsaren laguntzarekin. Eta, hori guztia burutzeko, homologazio-prozesu bat ireki zen, jarduteko planteamenduetan gutxienez eduki beharreko kalitate-maila eta homogeneotasuna bermatzeko. Une honetan, zenbait aholkularitza-enpresa homologatuk jada laguntza teknikoa eskain diezaiekete hala eskatzen duten enpresa eta erakunde pribatuei.

Ebazpen honen oinarri juridikoa Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortu zuen otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3.j) artikuluan eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2.2.m) artikuluan dago. Azken artikulu horren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitekoak dira, besteak beste, enpresa eta erakundeentzako laguntzak eta bestelako sustapen-neurri batzuk ezartzea, horiek baliabide material eta ekonomikoz eta giza baliabidez hornitzeko, eta, hartara, emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak, programak eta jarduerak egiteko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Ebazpen hau enpresa edo erakunde pribatuek aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten sustatu eta laguntzeko sortu da, horrela enpresek laguntza teknikoa jasoko baitute emakume eta gizonen berdintasunerako diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, bai barne-antolamendurako bai eskaintzen dituzten zerbitzu edo produktuetarako. Eta ebazpen honen bidez, hain justu ere, xede horretarako dirulaguntzak arautzen dira.

Honako deialdia argitaratzea guztiz justifikatuta dago Euskadin soldata-arrakala murrizteko ekintzaren Estrategia eta Plan Operatiboaren barruan, eta, bereziki, Euskadin soldata-arrakala murrizteko gidalerroen 4. ardatzean, zeinetan 52. neurria agertzen baita: dotazio ekonomikoa handitzea, enpresa txiki eta ertainetan berdintasun-planak egiteko.

Deialdia urtero egokitzen da hautemandako beharretara eta lege-aldaketetara, batez ere martxoaren 1eko 6/2019 Legegintzako Errege Dekretua indarrean jartzeak izan duen eraginari dagokionez –enplegu eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriak ezartzekoa–, zeinak berdintasun-planak ezartzeko betebeharra 50 langiletik gorako enpresetara ere zabaltzen baitu mailaz maila.

Urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretua, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua moldatzen duena, zein urriaren 13ko 902/2020 Errege Dekretua, emakumeen eta gizonen ordainsari-berdintasunari buruzkoa, indarrean sartzeak betebehar berriak ezartzen dizkie enpresei. Alde batetik, enpresaren barruan berdintasun-politikak negoziatzeko beharra berretsi da. Bestalde, berdintasun-planen edukia erregelamendu bidez garatzen dute eta enpresak nahitaez bete beharreko tresnak sartzen dituzte: ordainsari-auditoria, lanpostuak baloratzeko prozedura eta sexu-jazarpenaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurkako protokoloak planen edukian behin betiko sartzea.

Azaldutako helburu guztiak aintzat hartuta, dirulaguntzetarako deialdi hau arautuko dugu, publizitate-, lehiakortasun- eta objektibotasun-irizpideen arabera, eta Emakunderen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dagoen eran, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2019-2021 aldirako Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2018ko urriaren 31ko Ebazpenean (2019ko abuztuaren 12ko Ebazpenak aldatutakoa), hain zuzen ere.

Horri jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen bidez, enpresa eta erakunde pribatuentzako dirulaguntzak arautzen dira, eta dirulaguntzetarako deia egiten da, 2021. urtean aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten. Aholkularitza-enpresek laguntza teknikoa emango dute emakume eta gizonen arteko berdintasunerako diagnostikoak egiteko eta berdintasun-planak diseinatzeko, bai barne-antolamendurako, bai ematen dituzten zerbitzu edo produktuetarako.

Dirulaguntzak erakundeei beren lehen pausoetan laguntzea du xede, enpresaren barruan berdintasuna sustatuko duen kultura bat txertatzen laguntzeko beren lehen berdintasun-diagnostiko eta -planak diseinatzen hastean, plan eta programa horiek diseinatzean beharko dituzten baliabide materialez, ekonomikoz eta giza baliabidez hornituz; helburua ez da, beraz, aurreragoko diagnostikoak edo planak finantzatzea, edo geroko ezarpenean edo kudeaketan laguntzea.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidea aplikatuko zaie laguntza hauei.

2. artikulua.– Hautaketa eta diru-hornidura.

1.– Deialdi hau norgehiagokaren prozeduraren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, norgehiagoka esango zaio honako prozedura honi: dirulaguntzak nori eman erabaki baino lehen, aurkeztu diren eskaerak alderatzea eskaeren artean lehentasunak ezartzeko, betiere 9. artikuluan finkatutako esleipen-irizpideei jarraituz eskaera horien zerrenda bat egiteko eta dirulaguntza emateko soilik irizpide horien arabera balioespenik onena lortu duten eskaerei.

2.– Emakunderen aurrekontuetan ondorio horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako da aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko bideratuko den diru-zuzkidura. Zenbatekoa laurehun mila (400.000) eurokoa izango da.

3. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak eta konpromisoak.

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunak konplitzen dituzten enpresa eta erakunde pribatuek eska ditzakete laguntzak –horien artean, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean izatea–, eta, bereziki, betekizun hauek bete behar dira:

a) Enpresa eta erakunde pribatuek nortasun juridiko propioa eta independentea izan behar dute. Nortasun juridiko bereizia duten taldeetakoak diren enpresek edo erakundeek euren aldetik aurkeztu behar dituzte eskabideak.

b) Zuzenean edo zeharka, enpresaren partaidetzarik edo kontrolik handiena ez izatea inolako administrazio publikorena.

c) Erakundearen zuzendaritza eta administrazio-kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea. Horretarako, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egon behar da, edo, bestela, lantokiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dira, eta horien zuzendaritza- eta administrazio-organoek antolamendu-aldaketak egiteko kudeatze-gaitasuna eta autonomia nahikoa izan behar dute, ebazpen honetan aipatzen diren berdintasunerako jarduera-planak bete ahal izateko.

d) EAEko lantokietan gutxienez 10 langile eta gehienez 100 izan behar dituzte.

e) Sexu-bereizkeria egiteagatik administrazio-zehapena edo zehapen penala duten erakundeek, zehapenean jartzen den aldian, ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak jasotzerik ez dute izango, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera debeku horrekin zehatutakoek ere.

f) Laguntzen deialdi honetan, erakunde hauek ere ez dute parte hartzerik izango: dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dien zehapena dutenek eta laguntza horiek jasotzeko gaitasunik gabe uzten dituen lege-debekuren bat dutenek.

g) Aurreko urteetan eta xede berarekin beste administrazio publiko batetik dirulaguntzaren bat jaso duten erakundeek ere ezin izango dituzte laguntza horiek eskuratu; izan ere, dirulaguntza hori erakundeei lehen urratsetan laguntzera bideratuta dago, ez plan bat duten erakundeei laguntzera.

h) Deialditik kanpo geratuko dira, halaber, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea direnak (otsailaren 11ko 11/2014 Dekretua) edo antzekoren bat aitortu zaien erakundeak.

i) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Baldintza horiek automatikoki egiaztatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat (2006ko uztailaren 25eko BOE, 176. zk.); artikulu horretan ezartzen denez, dirulaguntzarako eskabidea aurkezten denean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari Errege Dekretu honen 18. eta 19. artikuluetan ezartzen diren baldintzen egiaztapena ziurtagiri telematikoen bitartez zuzenean eskuratzeko, eta horrelako kasuetan eskatzaileak ez du dagokion egiaztapena aurkeztu beharko, salbu eta eskatzaileak espresuki adierazten badu ez duela horretarako baimenik ematen.

j) Azkenik, kanpo geratuko dira, halaber, berdintasunaren aldeko beren ibilbidean planak edo diagnostikoak egin dituzten erakundeak.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako betebeharrak hartzen dituzten enpresa eta erakunde pribatuek lor ditzakete laguntzak, eta, bereziki, betebehar hauek hartu behar dituzte:

a) Enpresei eta erakundeei emakume eta gizonen berdintasunaren arloko laguntza teknikoa ematen dieten aholkularitza-enpresen homologazioa arautzen duen ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren arabera homologatutako aholkularitza-enpresa baten laguntza teknikoa kontratatu edo kontratatzeko konpromisoa hartu izana. Laguntza teknikoaren xedea da Emakume eta Gizonen berdintasunari buruzko Diagnostikoa egitea, gutxienez 20 orduko trebakuntza ematea eta Berdintasun-plana diseinatzea, 4. artikuluan xedatutakoa betez. Aukeratutako aholkularitza-enpresa homologatuak sinatu eta diseinatu beharko du eskabidearekin batera helarazten den lan-proposamen teknikoa.

b) Zuzendaritzaren konpromisoa erakustea, adierazteko aurrera jarraituko duela diagnostikoa eta berdintasunerako plana egiteko hasitako lan-prozesuarekin, harik eta enpresa edo erakundea emakumeen eta gizonen berdintasunerako Lankidetza Erakunde aitorpena eskatzeko prest egon arte, 3 urteko epean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea aitorpena arautzen duen otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuan eta ebazpen honen I. eranskinean jasotako moduan.

c) Zuzendaritzak prozesua dinamizatuko duen arduraduna izendatzea –erakundeko langileen artean–, deialdi honen I. eranskinean jasotako moduan.

3.– Dirulaguntza eman ondoren, onuradunentzat beharrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzako Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta inprimakian aipatzen diren datuak aldatu ez diren. Alta emateko esteka hau da: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatutako prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, azpimarratu behar dugu azkenean betebeharrak ordainduta baditu soilik emango dela dirulaguntza.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– Aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko izango da dirulaguntza. Aholkularitza-enpresek, 2021eko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era, honako hauek egiten lagundu beharko diete enpresei edo erakundeei:

a) Emakume eta gizonen berdintasunari buruzko Diagnostikoa, barne-antolamenduari eta zerbitzuak edo produktuak eskaintzeari dagokionez. Diagnostikoan honako hauek aztertu eta balioetsiko dira, gutxienez: hautaketa-politikak, kontratazioak, karrera profesionalaren sustapena eta garapena, sailkapen profesionala, prestakuntza, ordainsariak, lan-osasuna, lan-baldintzak, komunikazioa, eta bizitza pertsonala, lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzearen alorra; halaber, genero-indarkeriaren eta sexu-jazarpen eta sexuaren ziozko jazarpen egoerak aztertuko dira. Horrez gain, erakundeak egiten dituen produktu eta zerbitzuak aztertu beharko dira, bai eta erakundearen beste plan eta politika batzuk ere. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da. Ahal dela, haren edukia bat etorriko da urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoarekin (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).

b) Gutxienez 20 ordu ematea erakundearen langileei lan-munduan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan trebatzeko. Saio horrek diagnostikoan agertu diren berdintasun ezak ulertzeko balio behar du, bai eta berdintasun-plana diseinatzeko oinarri izateko ere, eta, gutxienez, langile guztien lagin adierazgarri batentzat egingo da. Proposamenak jaso beharko ditu emango diren edukien xehetasunak, orduak, langileen kopurua sexuaren arabera bereizita eta abar. Programak jaso behar ditu, gutxienez, pertsonak kudeatzeko prozesu ez diskriminatzaileak, lantokiko sexu-jazarpenak eta jazarpen sexistak, eta berdintasuna zerbitzu-eskaintzan txertatzeko jarraibideak.

Aurrez aurreko prestakuntza bideragarria ez den salbuespenezko kasuetan, eta prestakuntza hori aurrez aurre emateko ezintasuna justifikatu ondoren, online motako prestakuntza baimendu ahal izango da, baldin eta ikasgela birtualaren formatua badu eta ikaskuntza-ingurune bat badu, non prestatzailea eta ikasleak elkarreraginean arituko diren, modu konkurrentean eta denbora errealean.

c) Berdintasun-plana diseinatzea enpresaren barne-antolamendurako eta zerbitzu edo produktuetarako. Aurkeztutako plana, gutxienez, urte askotarakoa izango da, adierazleak izango ditu espero diren emaitzak neurtzeko emakumeen eta gizonen arteko aldeen murrizketaren ildotik, eta erantsita izango ditu esleitutako pertsonak, aurrekontua, jarraipen- eta ebaluazio-sistema. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da. Edukia bat etorriko da urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoarekin (901/2020 Errege Dekretua, urriaren 13koa, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena eta laneko hitzarmen eta akordio kolektiboen erregistro eta gordailuari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua aldatzen duena).

2.– Diruz lagun daitezkeen gastuek (behar bezala sailkatuta eta zehaztuta) bete egin beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritako betekizunak.

Diruz lagun daitekeen zenbatekotik kendu egingo da Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ), irabazi-asmorik gabeko erakundeei izan ezik, baldin eta erakunde horietan lortutako onurak ez badira banatzen erakundearen titularren edo partaideen artean, baizik eta, aitzitik, produkzioan edo ondasun- eta zerbitzu-banaketan lortutako irabaziak edo soberakinak erakundeen xedeak betetzeko inbertitzen edo bideratzen badira, baldin eta berreskuratzeko aukera ez badute. Horretarako, entitateek egiaztatu egin beharko dute egoera hori.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2021eko apirilaren 9an amaituko da, egun hori barne.

2.– Eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira, eskabide-ereduari jarraikiz, eta datu guztiak eman beharko dira, hurrengo artikuluan eskatutako dokumentazioarekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak ezartzen duen eran. Horrela, eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0039208

3.– Halaber, prozedura honen izapide guztiak egin eta kontsultatzeko, erakunde interesdunek bide elektronikoak erabil ditzakete: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Interesdunek onartutako egiaztagiri elektroniko bat izan behar dute, bai eta sinadura elektronikoa ere, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Izapidetzeari buruzko zehaztapenak, deialdian ezarritakoak, helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0039208

Eskabideak elektronikoki ere aurkeztu ahal izango dira, ordezkari baten bidez; horretarako, ordezkaritza Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

Eskabidearen ondorengo izapideak, bide elektronikoz, «Nire karpeta»-ren bidez egingo dira: (URL) https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Eskabideak, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, EAEko hizkuntza ofizial bietako edozeinetan aurkez daitezke. Eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta agiriak.

1.– Erakunde eskatzaileak ereduaren araberako eskabidea aurkeztu behar du, non honako erantzukizunpeko adierazpen eta adostasun hauek jasoko diren:

– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko, batetik, erakundeak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik; eta, bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera ez zaiola debekurik ezarri zehapenak irauten duen aldian ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko.

– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko erakundeak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

– Erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatzeko beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik ez duela jasotzen ebazpen honetan araututako dirulaguntzaren helburu bera duen laguntzarik; edo laguntza eskatu duela eta eman egin diotela.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko erakundearen EAEko egoitza sozialean kudeatzen eta administratzen dela erakundea, edo, egoitza EAEtik kanpo izanez gero, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietako zuzendaritza- eta administrazio-organoek badutela nahikoa kudeaketa-gaitasun eta autonomia, ebazpen honetan aipatutako berdintasunerako jarduera-planak betetzeko behar diren antolamendu-aldaketak egiteko.

– Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazteko, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den deialdian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adierazteko, bereziki 3. artikuluan ezarritakoak.

– Erantzukizunpeko adierazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituela adierazten duena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2.g) artikuluan xedatutakoaren arabera.

– Administrazio publikoak dituen dokumentuak kontsultatu ahal izateko berariazko baimena, baldin eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 35. artikuluko eskubidea baliatu nahi bada.

2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) I. eranskina, behar bezala betea, atal hauetan jasotako informazioa adieraziz:

– Dinamizatzailearen izendapena.

– Zuzendaritzaren konpromisoa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lankidetza-erakundearen aitorpena eskatzeari buruzkoa, dirulaguntza eman eta 3 urteko epean.

– Eskatutako laguntzak eta jasotakoak, erakunde emaileak eta laguntzen zenbatekoa.

– Barneko lantaldearen aurreikusitako osaera. Adieraziko da erakundean ordezkaritza sindikal propioa dagoen, ordezkaritza handiena duten sindikatuen ordezkaritza edo sektoreko sindikatu ordezkagarrien ordezkaritza, edo antzeko elkarrizketa-organoa, Gizarte Kontseilua, eta abar.

b) II. eranskina, bidaltzen diren dokumentuen zerrenda.

c) Aholkularitza-enpresa homologatuak prestatu eta sinatutako laguntza teknikoaren proposamena, 2021ean erakunde eskatzailean Diagnostikoa, Berdintasun Plana eta Prestakuntza egiteko laguntzari buruzkoa, hizkuntzaren erabilera ez-sexista egiten saiatuz, non honako hauek jasoko diren:

– Erakunde edo enpresa eskatzailearen aurkezpena.

– Berdintasunari buruzko diagnostikoa eta berdintasun-plana egiteko motibazioa.

– Erakunde eskatzaileak berdintasunaren arloan daukan jardunbidea.

– Erakundearen alde edo alderdi estrategikoak, non berdintasun politikaren sustapenak eragin handia izan dezakeen.

– Diagnostikoan berrikusi beharreko alderdiak.

– Erabiliko den metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa.

– Emakume eta gizonen berdintasunaren inguruan langileak prestatzeko saioen programa (20 ordu gutxienez), 4. artikuluan ezarrita dagoen eran.

– Ekintza-plana prestatzeko prozesua.

– Barneko lantaldea, eta taldea osatzeko irizpideak, ebazpen honen I. deialdian jasotako moduan.

– Kronograma.

– Egindako proposamenaren jarduera motaren arabera xehatutako aurrekontua (Diagnostikoa, Plana eta Trebakuntza), kontratatuko den aholkularitza homologatuak sinatua. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) ere agertuko da jardueraren arabera xehatuta.

d) Laguntzak kanpoan eta barruan ustez izango duen eraginari buruzko txostena. Gutxienez aurkeztu beharrekoa: dirulaguntzaren onuradun zuzenen eta zeharkakoen kopuruari buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita; heziketa egiteko aurreikusitako ordutegia, hezkuntzaren onuradunen kopurua, betiere erakundearen langileak, sexuaren arabera bereizita; identifikatu behar da, gutxienez, plana martxan jartzean aldatuko diren erakundearen alderdi estrategikoak; planaren garapenak eragingo dien erakundeen kopurua, eta abar.

e) Langile kopuruaren egiaztagiria, Gizarte Segurantzaren kotizazio-orrien bidez: TC1 eta TC2 ereduak, eskabidearen aurreko hilekoak.

f) Estatutuak eta eratze-agiria.

g) Esleipen-irizpideetan oinarrituta, proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak.

3.– Eranskinik ez duen dokumentazioa bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta bide elektronikoz izenpetuta bidaliko da, helbide honetan: https:// www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Aurretiaz aurkeztutako dokumentazioa ez da berriz aurkeztu beharko. Horretarako, noiz aurkeztu zen eta zein prozeduratan aurkeztu zen aipatu beharko da, II. eranskinean horretarako dagoen atalean, eta, bestalde, modu osagarrian, kontsulta egiteko baimena eman behar da.

5.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, benetakoa dela egiaztatzeko.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Horrez gain, ohartarazten zaio, eskatutakoa egin ezean, eskaera ezetsi egingo dela, aurretiaz ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan agindutakoari jarraikiz.

Eskabidearen osteko izapideak, zuzenketak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

8. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

Hautaketa Batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute:

a) Presidentea:

Zuriñe Elordi Romero andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia.

b) Bokalak:

Izaskun Garaigordobil Garmendia andrea, Administrazio Arloaren arduraduna.

Sonia Gonzalez Ubierna andrea, Programa eta Prestakuntza Arloaren arduraduna.

Ane Miren Fernández Gómez andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko teknikaria.

Unay Casado Lataburu jauna, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko teknikaria. Bera izango da Hautaketa Batzordeko idazkaria.

9. artikulua.– Dirulaguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Dirulaguntzak esleitzeko, irizpide hauek hartuko ditu kontuan Hautaketa Batzordeak, bakoitzari emandako puntuen arabera:

A) Proposamenaren kalitatea. 50 puntu, gehienez.

– Bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa, egutegiaren, metodologiaren eta aurrekontuaren arabera. 15 puntu, gehienez.

– Berrikuntzak eta proposamenaren eta erakunde-motaren arteko egokitasuna. 20 puntu, gehienez.

– Proposamena diagnostikorako eta planak egiteko metodologietara egokitzea. 10 puntu, gehienez.

– Proposamenaren kalitatea, osotasunean. 5 puntu, gehienez.

B) Lan-prozesuan Zuzendaritza inplikatzea eta erakundeko denetariko pertsonek parte hartzea. 15 puntu, gehienez.

– Erakundeak alor honetan duen ibilbidea. 7 puntu, gehienez.

– Lantaldearen konfigurazioa. 8 puntu, gehienez.

C) Eragin biderkatzailea. 25 puntu, gehienez.

– Lurraldean duen ezarpena. 3 puntu, gehienez.

– Enpresaren tamaina. 6 puntu, gehienez.

– Jarduera sektorea/eremua. 6 puntu, gehienez.

– Barne- eta kanpo-eraginerako diseinatutako jarduerak. 10 puntu, gehienez.

D) Askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden erakundeko emakume langileen beharrizan espezifikoak kontuan hartzea. 10 puntu, gehienez.

2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.

10. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Dirulaguntzaren zenbatekoa diruz lagundu nahi den jardueraren kostuaren % 50 izango da, gehienez ere; eta, onuradun bakoitzeko, 12.000 eurokoa, gehienez ere.

2.– % 80ko muga aplikatuko zaie (gehienez, 12.000 euro) irabazi-asmorik gabeko erakundeei, baldin eta erakunde horietan lortutako onurak ez badira banatzen erakundearen titularren edo partaideen artean, baizik eta, aitzitik, produkzioan edo ondasun- eta zerbitzu-banaketan lortutako irabaziak edo soberakinak erakundeen xedeak betetzeko inbertitzen edo bideratzen badira.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntzak bateragarriak izango dira helburu eta xede bererako ematen diren laguntza edo dirulaguntzekin, laguntzen izaera eta erakunde emailea edozein direla ere, baldin eta, laguntza guztiak batuta, egin beharreko ekintzaren guztirako kostua gainditzen ez bada, ez eta diruz lagunduko den jardueraren kostuaren % 50eko muga ere, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatzekoa denean. Halakorik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, dagokion gehienezko kopurura egokitzeko. Laguntzak, berariaz, erakunde honek diruz lagundutako Plana eta Diagnostikoa egiteko gastuak zein prestakuntza-orduak finantzatzeko izango dira.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eskabideak Hautaketa Batzordeak ebaluatuko ditu, dirulaguntzak esleitzeko irizpideen arabera; ondoren, proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Emakundeko zuzendariak ebazpen adierazia eta arrazoitua emango du. Ebazpen horrek amaiera emango dio lehiaketari, eta adieraziko du dirulaguntza nori eman zaion minimis izaerarekin, nori ukatu zaion eta ukatzeko arrazoiak zeintzuk izan diren. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie enpresa edo erakunde onuradunei. Hala ere, emandako dirulaguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

2.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Epe horretan enpresa edo erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, dirulaguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Ebazpenen jakinarazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta»-ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Ebazpenean, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da, irizpide orokorrak aplikatuta lortu den puntuazioaren arabera (diruz lagunduko diren enpresa zein erakundeak eta bakoitzari emandako zenbatekoak jarrita), eta, horrez gain, ordezko erakundeen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunen batek uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko. Erakunde horiek ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, diruz lagunduko diren proiektuak adieraziko dira, eta, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehienezko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

13. artikulua.– Enpresa edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak jasotzen dituzten enpresa edo erakundeek bete egin beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betekizunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoak eta, bereziki, honako hauek:

a) Emandako dirulaguntza onartu behar dute. Horrela, dirulaguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean enpresa edo erakunde onuradunek dirulaguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, dirulaguntza onartu egin dutela esan nahiko du.

b) Dirulaguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 15. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den. Era berean, diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, dirulaguntzaren inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

d) Onartutako proiektuaren hasierako baldintzak edo edukia aldatzeko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundearen zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko, 15. artikuluan ezarritakoa betez.

e) Komunikazio guztietan, barnekoetan nahiz kanpokoetan (webgunean, Intranetean, prestakuntzarako erabilitako materialetan, langileei bidalitako mezu elektronikoetan, iragarki-taulan agertzen diren oharretan), diagnostikoak eta planak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen finantziazioa dutela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu behar da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean eska daiteke. Logotipoa diagnostikoan eta planean jarri behar da, bai eta horiek egiteko prozesuan sortzen diren dokumentuetan ere, izan barnean jakinarazteko, izan kanpoan jakinarazteko, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 18.4 artikuluan ezartzen duen moduan.

f) Prozesuaren hasieran, diagnostikoa eta plana egiteko asmoa jakinarazi behar zaie langileei, eta, prozesuaren amaieran, diagnostikoaren eta adostutako planaren emaitza nagusienak ere jakinarazi behar zaizkie. Horretarako, hori ziurtatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira.

g) Proiektua gauzatu bitartean egindako agirietan eta bukaerako memoria eta txostenetan hizkera sexistarik ez dela erabili ziurtatu behar da.

h) Edozein aldaketa gertatzen bada enpresen plantilletan, eta ondorioz langileen kopurua aldatzen bada eta horrek eragina badu berdintasun planen mugetan, enpresek horren berri eman beharko diote Emakunderi.

i) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena eskatzeko konpromisoa hartu behar dute, dirulaguntza esleitzeko ebazpena EHAAn argitaratu eta hiru urteren barruan.

j) Justifikatu egin behar dute ekintzak burutzeko dirulaguntzen erabilera.

k) «Datuen alta/Hirugarren interesduna». Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta aipatzen diren datuak aldatu ez diren. Ebazpen honen 6.1 artikuluaren azken atalean aipatzen den baimena ematen denean ere ez da bete beharko. Inprimaki hori eskuratzeko helbidea: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak/

14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Jarduerak egin eta sortutako gastu guztiak justifikatu ondoren ordainduko da dirulaguntza, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluaren arabera, jardueraren guztizko zenbatekoa bete arte Emakundek betetzen ez dituenak barne. Horretarako, 2021eko azaroaren 30a baino lehen (egun hori barne), agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Egindako diagnostikoa, zeina ebaluatuko baita dirulaguntza esleitzeko aurkeztu zen proposamena kontuan hartuta. Horrela, aurkeztutako proposamenaren eta azkenean bidalitako diagnostikoaren arteko koherentzia bermatuko da. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.

b) Erakundearen urte askotarako berdintasun plana, zeina ebaluatuko baita dirulaguntza esleitzeko aurkeztu zen proposamena kontuan hartuta. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.

c) 2022rako plan operatiboa edo ekintza-plana.

d) Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzeko memoria. Egindako lan-prozesua eta lortutako helburuak deskribatuko dira, aurreikusitako egutegiaren arabera; halaber, sentsibilizazio-saioko edo saioetako edukiak, partaideak eta horiek saioei buruz egiten duten ebaluazioaren berri ere eman beharko da.

e) Diruz lagundutako jardueren balantze ekonomikoa, III. eranskinaren arabera, eta laguntza teknikoa egiaztatzen duen faktura xehatua, baita emandako aholkularitza-zerbitzuen ordainagiriak ere. Fakturek edo froga-balio baliokidea duten agiriek (merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo eraginkortasun administratiboa dutenak) behar adina xehetasun izan behar dute, funtsak behar bezala erabili direla egiaztatzeko, edo egindako gastuak egiaztatzeko (diruz lagundutako jarduerei dagokienez), hau da: banku-egiaztagiriak zer kontzeptu eta faktura-zenbaki justifikatzen duen, horiexei egin behar die erreferentzia. Era berean, gastuak faktura elektronikoen bitartez ere egiaztatu ahal izango dira, betiere zerga-eremuan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte.

Dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza edo baliabideak erabiltzen direnean jarduerak finantzatzeko, funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira justifikazioan, baita diruz lagundutako jardueretan nola erabili diren ere.

f) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza aipatu izana egiaztatzen duen agiria, 13.e) artikuluan eskatutakoari jarraikiz.

g) Prozesuaren hasieran nahiz amaieran plantillari prozesu horren helburuak eta emaitzak azaldu izanaren egiaztagiriak, 13.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

h) Laguntzaren barne- eta kanpo-eraginari buruzko aurretiazko txostenean aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko txostena.

i) Planaren Negoziazio Batzordea eratu dela egiaztatzen duen dokumentazioa.

j) Halaber, onuradunen kopurua sexuaren arabera xehatuta jasoko da: zuzenekoak (erakundekoak direnak eta bertan lan egiten dutenak), bitartekoak (lana gauzatzeko kontratatu direnak edo diagnostikoa eta berdintasun-plana aurrera eramateko kontratatu den entitate edo enpresakoak direnak eta bertan lanean daudenak) eta azkenak (eginiko planaren onurak jasoko dituztenak).

2.– Dokumentazio hori bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatu eta elektronikoki izenpetuta bidali beharko da helbide honetara: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Ordaintzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa aurkezteko eskaera egin dezake, benetakoa dela egiaztatzeko.

4.– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada (dirulaguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean) edo gastuaren egiaztagirien bidez justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko da dirulaguntzaren zenbatekoan.

15. artikulua.– Dirulaguntza emateko inguruabarrak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Emakunderen Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio. Dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira (betiere, ezarritako gutxieneko eskakizunak eta dirulaguntzaren helburua bete bada) eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk aldi berean laguntzarik edo dirulaguntzarik eman badu.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa jasotzen denean, dokumentazioa aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako dirulaguntza aldatu eta/edo likidatu egingo du (kasu bakoitzaren arabera), eta, behar izanez gero, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko ditu.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak (bereziki, 13. artikuluan ezarritakoak) betetzen ez direla egiaztatuz gero, jasotako dirua eta honek sortutako atzerapen-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuliko zaizkio, honako dekretuen arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; betiere, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako egintzak. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 36. eta 37. artikuluetan jasotako egintzak eta egoerak.

Deialdian jasotako betebeharrak –konpromisoak betetzeari buruzkoak– partzialki betetzeak berekin ekarriko du jasotako zenbatekoak itzuli beharra, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37.2 artikuluari jarraikiz.

17. artikulua.– Itzulketa prozedura.

Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio emandako dirulaguntza itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozeduraren oinarrian dauden arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jasota, edo epea alegaziorik jaso gabe amaitzen bada, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek amaiera emango dio administrazio-bideari.

Ebazpenean adierazten bada baldintzak ez direla bete, galdutzat joko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren atzerapen-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua bi hilabeteko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik aurrera. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik dirulaguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilekoa izango da, gehienez ere.

18. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen datuen tratamendu batean sartuko dira –«laguntzak, dirulaguntzak, sariak eta bekak» deitutakoa–. Tratamendu hori lotuta dago Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan araututakora, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakora, zeinaren bidez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen baitira datu pertsonalen tratamenduari dagokionez eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen baita. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo esteka honetara: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062200-capa1-eu.shtml

Erakundeak sustatutako laguntzak kudeatzeko baino ez dira erabiliko datu horiek, botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko. Hala nahi dutenek, legeak aurreikusten dituen eskubideak baliatu ahal izango dituzte, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, aurka egiteko, zein Erregelamenduan aurreikusitako beste edozein eskubidetarako. Datuen babesari buruzko informazioa: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/datuak-babesteko-ordezkaria/hasiera/

Datu pertsonalak ez dira hirugarren herrialdeetara bidaliko, ezta hirugarren pertsonei emango ere, lege-eginbeharra betetzeko ez bada.

19. artikulua.– Minimis laguntzak.

1.– Ebazpen honetan jasotako dirulaguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamendua bete beharko dute, minimis laguntzei Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBAO, L 352 zk., 2013-12-24koa). Dirulaguntza hauek minimis izaera dute, hau da, pertsona juridiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Kantitate hori baino gutxiagoko dirulaguntzak ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia-baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.

2 – Dirulaguntzaren onuradunak aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta momentuko ekitaldi fiskalean jasotako minimis izaerako dirulaguntzen berri eman beharko du I. eranskina betez, betiere jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz jasotzen diren dirulaguntzei, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta azken lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 16a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.


Azterketa dokumentala