79. zk., 2020ko apirilaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (318 KB - 11 orri.)
- EPUB (204 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
1908
AGINDUA, 2020ko apirilaren 15ekoa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira arrantza-sektoreari laguntzak emateko aldi baterako araubidearen oinarriak, eta deialdia egiten baita. Laguntza horien xedea arrantza-jardueraren lehiakortasunari eustea da, eta Covid-19ak eragindako alarmaren ondoriozko aldi baterako laguntza-esparruaren babesean ematen dira.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren helburuetako bat da arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen trebakuntza-politika egokiari eustea. Halaber, Arrantza eta Akuikulturaren 2020ko Plan Estrategikoarekin bat etorriz, helburu nagusia arrantza-sektorea lehiakorra izatea da, praktika seguruak eta ingurumenean integratuta daudenak baliatzea, kalitatezko lehengaiak eskaintzea, erakunde indartsu nahiz egituratuak izatea, eta balio-kate osoan jardutea, erauzketa-unetik hasi eta merkaturatze-unera arte, kudeaketa-eredu aurreratuak eta azpiegitura nahiz teknologia moderno eta berritzaileak ezarrita, bai eta arrantzagune eta akuikulturagune jasangarriak eratzea ere.
2020ko martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak nazioarteko pandemia-mailara igo zuen Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera. Deklarazio horren ondorioz, 2020ko martxoaren 14an, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua argitaratu eta indarrean jarri zen, zeinaren bidez alarma-egoera deklaratu baita, Covid-19 koronabirusak eragindako osasun-larrialdiari aurre egiteko. Egoera honek ekonomia- eta enpresa-sektore ugariri eragiten die –hala nola, arrantza-sektoreari–, eta normaltasunez jardutea eragozten die, aipatutako errege-dekretuan jasotako euste-neurriak direla eta.
Bestalde, 2020ko martxoaren 19an, Europako Batzordeak C(2020) 1863 Komunikazioa argitaratu zuen, eta, han, Aldi Baterako Esparru bat ezarri zuen, estatu kideei ekonomia sustatzen laguntzeko Covid-19aren agerraldiaren testuinguruan.
Horrenbestez, arrantza-sektoreen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuteko, beharrezkoa da sektore horri laguntzeko mekanismoak sustatzea, egoerak hala eskatzen duenean –eta halakoa da egoera–. Hartara, sektorearen lehiakortasunari eutsiko zaio, eta egoera honek arrantza-enpresen emaitza ekonomikoetan duen eragina arinduko da, kontuan hartuta nolako mugak ezarri dituen alarma-egoeraren deklarazioak.
Laguntza hauen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-sektoreko arrantza-ekoizleen lehiakortasunari eutsi nahi zaio, C(2020) 1863 Komunikazioaren babespean, non aurreikusten baita Europar Batasunaren estatu kideei aldi baterako laguntzak ematea haien ekonomia sustatzeko, Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera dela eta.
Bestalde, Espainiako estatuko erregioetako administrazioek C(2020)1863 Komunikazioaren esparruan antolatzen dituzten laguntza-araubide guztiei estaldura emateko, agintari nazionalek honako laguntza-araubide honen berri jakinarazi diete Europako Batzordearen zerbitzuei: «Aldi Baterako Esparru Nazionala, enpresa eta autonomoei zuzendutako laguntza-neurriei buruzkoa, Covid-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzea helburu»; esparru hori C(2020) 2451 Erabakiaren bidez onartu zen, SA.56851 (2020/N) baimen-kodearekin. Hain zuzen ere, araubide horren babesean ematen dira agindu honetako laguntzak.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan ezarritakoaren arabera eta, zehazki, 15.1.p) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari dagokio «Euskal Autonomia Erkidegoko uretako arrantza, itsaski-bilketa, akuikultura eta arrantza kontinentala antolatzea». Bestalde, dekretu horren 18.1.f) artikuluaren arabera, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio «Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-ontzidia babestea eta laguntzea premiazko egoera berezietan»; eta, artikulu horretako i) letrak dioenez, zuzendaritzari horri dagokio, orobat, «Arrantzako sektoreko behar eta zehaztapenetara egokitzen diren finantza-tresnak aztertu eta sustatzea».
Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluen arabera Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumenaren indarrez, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
2020an aparteko laguntzak emateko oinarriak onartzea eta deialdia egitea, honako esparru hauetan aurreikusitakoari jarraituz: batetik, «Aldi Baterako Esparru Nazionala, enpresa eta autonomoei zuzendutako laguntza-neurriei buruzkoa, Covid-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzea helburu»; esparru hori C(2020) 2451 Erabakiaren bidez onartu zen, SA.56851 (2020/N) baimen-kodearekin; eta, bestetik, C(2020) 1863 Komunikazioaren Aldi Baterako Esparrua, zeinean aurreikusten baita Europar Batasuneko estatu kideei aldi baterako laguntzak ematea haien ekonomia sustatzeko, Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera dela eta. Laguntza hauek helburutzat dute arrantza-sektorearen lehiakortasunari eusten laguntzea, egoera honek arrantza-enpresen emaitza ekonomikoetan duen eragina leuntzea –kontuan hartuta nolako mugak ezarri dituen alarma-egoeraren deklarazioak– eta Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoeraren ondorioak arintzea; izan ere, egoera horren ondorioz, alarma-egoera deklaratu da, pertsonen zirkulazioa mugatu duena eta merkataritza-jardueraren arloan euste-neurriak ezarri dituena, eta, neurri horiek, hain zuzen ere, bete-betean eragin diote EAEko arrantza-sektoreari.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegiturako sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 15a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
1. oinarria.– Xedea eta helburua.
Eranskin honen xedea da 2020an aparteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezartzea. Laguntza hauek helburutzat dute arrantza-sektorearen lehiakortasunari eusten laguntzea eta egoera honek arrantza-enpresen emaitza ekonomikoetan duen eragina leuntzea, alarma-egoeraren deklarazioak sorrarazitako gorabeherak direla eta; horretarako, konpentsazio bat finkatzen da, autonomia-erkidegoko arrantza-enpresei zuzendua, arrantza-ontzien armadoreek nahiz saregile eta paketegileek azken hiru urteetako (2017, 2018 eta 2019ko) martxo, apiril, maiatz eta ekainean izandako hileko batez besteko fakturazioaren arabera.
Agindu honetan araututako laguntzen helburua Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoeraren ondorioak arintzea da; izan ere, egoera horren ondorioz, alarma-egoera deklaratu da, pertsonen zirkulazioa mugatu duena eta merkataritza-jardueraren arloan euste-neurriak ezarri dituena, eta, neurri horiek, hain zuzen ere, bete-betean eragin diote EAEko arrantza-sektoreari.
2. oinarria.– Araubide juridikoa.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak bertan xedatutakoaren arabera arautuko dira, bai eta honako hauetan xedatutakoaren arabera ere: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsia; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko manuak; hori garatzeko Erregelamenduan xedatutakoa, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onartuta, eta, hala dagokionean, haien ordez emandako araudia.
2.– Laguntza hauen deialdia C(2020) 1863 Komunikazioaren babesean egiten da, zeinean aurreikusten baita Europar Batasuneko estatu kideei aldi baterako laguntzak ematea haien ekonomia sustatzeko, Covid-19ak eragindako osasun publikoko larrialdi-egoera dela eta; deialdia, halaber, agintari nazionalek Europako Batzordearen zerbitzuei jakinarazitako SA.56851 (2020/N) Aldi Baterako Esparru Nazionalaren babesean egiten da. Dirulaguntza zuzenak izango dira laguntza hauek, aipatutako C(2020)1863 Komunikazioaren 3.1 apartatuan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
3. oinarria.– Onuradunak eta betekizunak.
1.– Hurrengo apartatuetako betekizunak betetzen dituzten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izan daitezke agindu honetan araututako laguntzen onuradunak.
2.– Oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan aurreikusitako betebeharrak bete behar dituzte; jarraian zerrendatuta daude:
a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Betekizun hori bete beharko da hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte eta, hortaz, egiaztapenak egingo dira bai dirulaguntza onartzen denean bai ordainketak egiten direnean.
b) EAEko Administrazioak edo haren mendeko erakundeek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean egotea. Betebehar horien ordainketak egunean dituztela ulertuko da baldin eta zorrak atzeratuta eta zatituta badaude, eta, gainera, berme bat eratu bada, zorra osorik estaltzen duena, interes eta gastu guztiak barnean direla.
c) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean direla, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat.
d) Konkurtso-deklaraziorik eskatu ez izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat deklaratuta ez egotea, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren eraginpean ez egotea, edo desgaitua ez egotea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
e) Dirulaguntzak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuak ez izatea, delitu hauetakoren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
f) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako kontraturen baten amaiera irmoa ebatzita ez izatea.
g) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.
h) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.
i) Berreskuratze-agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
3.– Gainera, baldintza espezifiko hauek bete beharko dituzte onuradun izan nahi dutenek:
a) Oinarri-portua Euskal Autonomia Erkidegoan duen arrantza-ontzi baten armadorea izanez gero, betekizun hauek bete beharko dira:
1) Ontziak Ontzien eta Enpresa Ontzi Ustiatzaileen Erregistroko hirugarren zerrendan egon beharko du.
2) Ontziak alta-egoeran egon beharko du Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian. Ontzia aktibo dagoela jotzen da baldin eta Arrantza Flotaren Erregistro Nagusian behin-behineko nahiz behin betiko alta-egoeran badago eta laguntza eskatu aurreko urtean zehar arrantzan jardun badu (aurreko 365 egunak zenbatzen dira).
3) Arrantza-ontziak arrantza-lizentzia eta behar diren baimenak izan beharko ditu balizko modalitate eta arrantzategietarako.
4) Ontziak aktibo egon behar du arrantza-jardunean, non eta jarduera gelditu behar izan ez duen, koronabirus positibo bat deklaratzeagatik, enpresa aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat egitera behartu duena.
5) Egoitza sozial eta fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.
6) Krisialdian dagoen enpresa ez izatea 2019ko abenduaren 31n; laguntzak emango zaizkie krisialdian ez dauden enpresei eta/edo 2019ko abenduaren 31n krisialdian ez zeuden baina, Covid-19aren agerraldiaren ondorioz, geroago egoera horretan zeudenei edo sartzen hasi zirenei, betiere estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
7) Ontziek arrantza-jarduera eduki izana 2020ko martxoaren 14tik (larunbata) 2020ko ekainaren 15era bitartean.
8) Aurreko kanpainetan izandako diru-sarreren aldean galera ekonomikoak edukitzea, alarma-egoeraren ondorioz; galerak egiaztatzeko, frogatu beharko da arrantza-lonjetan egindako salmentetan arrantza-produktuen batez besteko prezioa jaitsi dela.
b) Saregile eta paketegileek baldintza hauek bete behar dituzte:
1) Alta emanda egotea Itsasoko Araubide Berezian.
2) Egoitza fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
3) Saregile- eta paketegile-lanak garatu izana 2020ko martxoaren 14tik (larunbata) 2020ko ekainaren 15era bitartean.
4) Aurreko kanpainetan izandako diru-sarreren aldean galera ekonomikoak edukitzea, alarma-egoeraren ondorioz; galerak egiaztatzeko, frogatu beharko da arrantza-lonjetan egindako salmentetan arrantza-produktuen batez besteko prezioa jaitsi dela.
4.– Onuraduna izateko betekizunak atxiki beharko dituzte laguntza guztiz justifikatu eta/edo itzuli arte.
4. oinarria.– Finantzaketa, diruz lagundu daitezkeen gastuak eta laguntzen zenbatekoa.
1.– Agindu honetan jasotako laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan horretarako ezarrita dauden kredituetatik bakarrik etorriko dira, eta, guztira, hiru milioi (3.000.000) eurokoak izango dira.
2.– Diruz lagundu daitezkeen gastu eta zenbatekoak eskaera egiten duten eta agindu honetan xedatua betetzen duten armadore guztientzat izango dira, bai eta saregile eta paketegileentzat ere.
Enpresa bakoitzeko, laguntza 120.000 eurokoa izango da, gehienez ere.
3.– Armadoreentzako laguntzak ontzidi-segmentuaren arabera banatuko dira, honako irizpide hauei jarraikiz:
a) NEAFC arrantzategiaren erroldako ontzidiarentzat, azaleko tretzaren erroldako ontzidiarentzat eta arrantzategi nazionaleko arraste-ontzidiarentzat: sektore honetako lehiakortasunari eusteko, azken 3 urteetan apiriletik maiatzera bitartean izandako batez besteko diru-sarreren % 15eko gehieneko laguntza ezartzen da, 50.000 euroko muga jarrita arrantza-enpresa bakoitzeko, eta bi hilabeteko aldi horretan arrantzan jarduten duten denborarako, edo, hala badagokio, arrantza-kuotak amaitu arte.
b) Kantauriko ipar-mendebaldeko arrantzategiko inguraketa-arrantzako ontzidiarentzat: sektore honetako lehiakortasunari eusteko, azken 3 urteetako apirileko bigarren hamabostaldian, maiatzean eta ekainaren lehen hamabostaldian izandako batez besteko diru-sarreren % 30eko gehieneko laguntza ezartzen da, 120.000 euroko muga jarrita arrantza-enpresa bakoitzeko, eta bi hilabeteko aldi horretan arrantzan jarduten duten denborarako, edo, hala badagokio, arrantza-kuotak amaitu arte.
c) Kantauriko ipar-mendebaldeko arrantzategiko gainerako ontzientzat: sektore honetako lehiakortasunari eusteko, azken 3 urteetako martxoaren bigarren hamabostaldian, apirilean eta maiatzean izandako batez besteko diru-sarreren % 50eko gehieneko laguntza ezartzen da, 120.000 euroko muga jarrita arrantza-enpresa bakoitzeko, eta aldi horretan arrantzan jarduten duten denborarako, edo, hala badagokio, arrantza-kuotak amaitu arte.
Betiere, infekzioaren kasu positibo bat atzemanez gero, eta, horren ondorioz, gainerako tripulazioa berrogeialdian jartzen bada eta ontziaren jarduera gelditzen, laguntzaren zenbatekoa hau izango da: azken 3 urteetan, dagozkion hilabeteetan, armadore-enpresak jarduten duen arrantzategietan izandako diru-sarreren % 100ekoa, geldialdiak irauten duen bitartean.
4.– Saregile eta paketegileentzat, honela finkatuko dira dirulaguntzaren zenbatekoak: saregileentzat, 828,96 euroko laguntza zuzena, eta neskatila eta paketegileentzat, 252,70 eurokoa, baldin eta haien soldata lanean jarduten duten arrantza-ontzien diru-sarreren baitan badago.
5.– Emango diren laguntzen zenbateko guztia ezingo da izan baliabide horiek baino handiagoa, ez eta baliabideok eguneratzean ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa ere, indarrean dagoen legedia betez aurrekontu-aldaketak onartzen diren kasuetan. Gehikuntza hori gertatuz gero, deialdiaren ebazpena eman baino lehen egin behar da, eta horren berri emango da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen baten bitartez.
5. oinarria.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2 hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidearekin batera, 6. oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira.
2.– 39/2015 Legearen 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, pertsona fisiko eta juridikoek bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dituzte eskabideak, euskadi.eus-en egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus (Erref.: 14131).
Helbide horretan eskuratu ahal izango dira: eskabide-orri normalizatua, erantzukizunpeko adierazpenaren eredua eta jarraian aipatzen diren inprimakien ereduak, bai eta eskabidea modu telematikoan aurkezten eta justifikatzen laguntzeko beharrezkoa den dokumentazioa ere.
3.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza.
4.– Eskabidearen ondorengo izapideak helbide elektroniko honetan egin eta jakinaraziko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6. oinarria.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
1.– Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKa, ahalordetze-eskritura eta eratze-eskritura eta estatutuak, dagokien erregistroan zigilatuta.
2.– Erantzukizunpeko adierazpena, non ziurtatzen baita eskatzaileak agindu honetako betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta 3. oinarriko 2. paragrafoaren b) eta j) letra bitartean ezarritako betekizunak betetzen dituela, hori egiaztatzeko dokumentazioa duela, eta Administrazioak eskatzen duenean haren esku utziko duela. Era berean, eskabide-ereduko erantzukizunpeko adierazpenak komunikazio hauek izango ditu:
a) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez.
b) Jakinarazi beharko dute, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasiera eman zaion itzulketa- edo zigor-prozeduraren batean sartuta dauden ala ez.
3.– Armadoreek memoria bat aurkeztu beharko dute alarma-egoeraren ondorioz izandako galera ekonomikoak justifikatzeko; galerak egiaztatzeko, frogatu beharko da arrantza-lonjetan egindako salmentetan arrantza-produktuen batez besteko prezioa jaitsi dela.
4.– Saregile eta paketegileek, halaber, memoria bat aurkeztu beharko dute alarma-egoeraren ondorioz izandako galera ekonomikoak justifikatzeko; galerak egiaztatzeko, frogatu beharko da arrantza-lonjetan egindako salmentetan arrantza-produktuen batez besteko prezioa jaitsi dela.
5.– Salmenta ofizialen oharren kopiak –2017, 2018 eta 2019ko martxo, apiril eta maiatzekoak–, edo, hala badagokio, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari baimena ematea, dagokion erregistroan ohar horiek kontsultatu ditzan.
6.– Eskatzaileak aurkeztu nahi duen beste edozein dokumentu osagarri.
7. oinarria.– Eskabideen kudeaketa.
1.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du eskatzaileen NAN, IFK eta egunean dituztela dagokien zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketa-betebeharrak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, ziurtagiria edo eskatzen zaion agiria aurkeztu beharko du, betiere urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoaren arabera.
2.– Oinarri honetako 6. oinarrian eskatutako dokumentazioa lehendik aurkeztuta badago administrazio honetan edo beste batean, eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zer administraziotan eta noiz aurkeztu dituen. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.
3.– Eskatzaileak berak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean aurkeztu ahalko ditu laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraikiz.
4.– Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko diren agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, hirugarrenen altaren kasuan izan ezik, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak ebazpena eman ondoren Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
5.– Edonola ere, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak beharrezko jotzen dituen bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertzeko, ebaluatzeko eta eskabidea izapidetzeko.
8. oinarria.– Laguntzak kudeatzeko eta esleitzeko prozedura; ebazpena.
1.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak du agindu honetan araututako laguntzak ebazteko eta kudeatzeko eskumena.
2.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek eskabide bakoitzean egiaztatuko dute betekizunak betetzen direla, eta berariaz jasota utziko dute hori.
3.– Baldintzak betetzen dituzten arrantza-enpresen arteko lehiarik gabeko konkurrentziaren bidez esleituko dira laguntzak. Baldin eta deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiei emango zaie erabakitako zenbatekoa. Ezarritako gehieneko diru-kopurua ez bada nahikoa aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko, dirulaguntza proportzionalki banatuko da onuradunen artean, harik eta funtsak erabat agortu arte.
4.– Aurkeztutako eskabideak eta dokumentazioa aztertu ondoren, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio deialdiaren ebazpena ematea, eskatutako dirulaguntzak eman edo ukatzen dituena ebazpen bakarraren bidez.
5.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak emango du ebazpena, gutxienez informazio hau bilduko duena:
a) Baietsitako eskabideei dagokienez: enpresa onuradunen izena edo izen soziala, IFK edo NANa, eta emandako dirulaguntza.
b) Onartu ez diren eskabideei dagokienez: eskatzaileen izena edo izen soziala, IFK edo NANa, eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak.
6.– Onuraduna zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaituta izan beharko da dirulaguntza eman ahal izateko. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezartzen bada, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, itzulketa ez bada borondatezko aldian egiten, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.
7.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.
8.– Prozeduraren ebazpena EHAAn argitaratuko da, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren 1. zenbakiko b) letran xedatutakoaren arabera, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da. Dena dela, enpresa eskatzaile guztiei ebazpen osoa banan-banan helaraziko zaie, eta, gainera, ebazpenean, interesdun bakoitzari berariaz eragiten dioten alderdiak identifikatuko dira. Nolanahi ere, lehenengo egin den jakinarazpenaren data joko da jakinarazpen-datatzat.
9.– Prozeduraren ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen dutenetik aurrera, edo, edozein unetan, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin bat.
9. oinarria.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek oinarri honetan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Haien artean, besteak beste, artikulu hauetako betebeharrak daude: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, baldin eta dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean onuradunek ez badiote berariaz uko egiten, onartu egiten dutela ulertuko da.
2.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
3.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati diruz laguntzen den ekintza bera finantzatzeko, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idatziz, beste dirulaguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta hamabost egun balioduneko epean.
4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartzen den egoera subjektibo edo objektiboren bat aldatzen bada, aldaketaren berri ematea Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari, idatziz.
5.– Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzetan erabil baitaitezke.
6.– Tratu-berdintasunaren arloko araudian xedatutakoa betetzea.
10. oinarria.– Gastua justifikatzea eta laguntzak ordaintzea.
1.– Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikulua betez, jasotako laguntza eta onuradun izateko eskatutako betekizun eta baldintzak betetzen direla justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dizkio onuradunak Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari:
A) Armadoreek:
1) Erantzukizunpeko adierazpena, laguntza eskuratzeko zerrendatutako betekizunak betetzen direla dioena.
2) Salmenta-oharrak, 2020ko martxoaren 14tik ekainaren 15era saldutako arrantza-produktuei dagozkienak, eta arrantza-produktuen salmenta oharrak, azken hiru urteetako (2017, 2018 eta 2019ko) martxo, apiril, maiatz eta ekainean izandako hileko batez besteko fakturazioari dagozkionak.
3) Aurreko apartatuan aipatutako salmenta-oharren bidez justifikatu behar da galera ekonomikoak eduki izana alarma-egoeraren aldiari dagokion fakturazioan, aurreko kanpainetan izandako diru-sarreren aldean.
4) Egiaztatu behar da, halaber, arrantza-lonjetan egindako salmentetan arrantza-produktuen batez besteko prezioa jaitsi dela.
B) Saregile eta paketegileek:
1) Erantzukizunpeko adierazpena, laguntza eskuratzeko zerrendatutako betekizunak betetzen direla dioena.
2) Alarma-egoeraren aldian eta azken hiru urteetako (2017, 2018 eta 2019ko) martxo, apiril, maiatz eta ekainean saregile- eta paketegile-jardueran izandako diru-sarrerak aurkeztea.
2.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak automatikoki eta ofizioz egiaztatuko du foru-ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dauden. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen inplizitu hori, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.
3.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio. Eskaera hori arrazoitua izan beharko da.
4.– Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla bermatzeko, diruz lagundutako jarduera gauzatu dela justifikatzen duten agiriak aurkezteko epea 2020ko abenduaren 31n amaituko da.
5.– Laguntzak ordainketa bakar batean emango dira, onuradunak laguntza justifikatu ondoren oinarri honetako 1. paragrafoan ezarritako baldintzetan. Ordaindutako zenbatekoa onuradunak 12. oinarriko 2. puntuan benetan justifikatutako laguntzaren zenbatekora egokituko da.
6.– Onuraduna zehapen-prozeduraren batean edo dirulaguntzen itzultze-prozeduraren batean egonez gero, laguntza jasotzeko, lehenik hura amaitu beharko da. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.
11. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, atzera egiteko eskaera helarazi beharko diote Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari, idatziz, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du eskaera, eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura.
2.– Onuradunek laguntzari uko egin ahal izango diote, laguntza onartu ondoren ere –agindu honen 9. oinarriko 1. paragrafoan ezarritako betebeharrarekin bat etorriz, emandako laguntza onartzeko betebeharra dute onuradunek–, baldin eta Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du eta amaitutzat emango du hari dagokion prozedura. Ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.
12. oinarria.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea eta ez-betetzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo dirulaguntzaren bat emanez gero, Nekazaritza eta Akuikultura Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio idatziz, eta gerta liteke horren ondorioz dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak bete beharko dira. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak aldaketa-ebazpena emango du, zeinetan birdoitu egingo baitira oinarri berriaren arabera emandako dirulaguntzaren zenbatekoak.
2.– Baldin eta 10. oinarrian deskribatutakoaren arabera benetan izandako eta justifikatutako galerak txikiagoak badira emandako dirulaguntza baino, eta, betiere, dirulaguntza xede bererako erabiltzen bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa benetan justifikatutako kopurura arte murriztuko da, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak emandako likidazio-ebazpen baten bidez.
3.– Edonola ere, onuradunek ez badute betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, edota dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badaude Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluarekin bat, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, onuradunek beren betebeharrak ez betetzeagatiko espedientea bideratu eta interesdunak entzun ondoren, dirulaguntza osoa edo zati bat hartzeko eskubidea kenduko die onuradunei, ebazpen bidez, eta, hala badagokio, aginduko die Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiotela, guztiz edo partzialki, proiektuaren egikaritze-mailaren arabera, hartu dituzten laguntzak eta dirulaguntzen alorrean aplikagarri den berandutze-interesa. Hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagozkion gainerako neurriak hartzea bazter utzi gabe.
Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
4.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzultze-prozedura, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
13. oinarria.– Bateragarritasunak.
Aldi Baterako Esparru Nazionalean aurreikusitakoarekin bat etorriz, agindu honetako laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek xede bererako emandako beste edozein laguntzarekin, salbu eta aldi baterako geldialdirako laguntzak, erreferentzia-aldirako emanak 2020ko aurrekontu-ekitaldian zehar; nolanahi ere, baldin eta galeren ondoriozko konpentsazioak zuzenduta badaude 2020ko kosteran berdelaren kuota agortu duten eta xede-espezietzat antxoa ez duten ontzidiaren segmentuei, agindu honetako laguntzak bateragarriak izango dira aipatutako aldi baterako geldialdirako laguntzekin.
Baldin eta, agindu honen bidez emandako laguntzarekin batera, beste laguntza bateragarri bat ematen badu administrazio honek edo besteren batek diruz lagundu daitezkeen gastu berberetarako, betiere Aldi Baterako Esparru Nazionalaren babesean hartutako neurrien eremuan, 120.000 euroan finkatutako gehieneko laguntza errespetatu beharko da, eta, zenbateko hori gaindituz gero, agindu honetako laguntza izango da murriztu edo itzuli beharrekoa (Aldi Baterako Esparru Nazionala, enpresa eta autonomoei zuzendutako laguntza-neurriei buruzkoa, Covid-19aren agerraldiaren testuinguruan ekonomia sustatzea helburu; esparru hori C(2020) 2451 Erabakiaren bidez onartu zen, SA.56851 (2020/N) baimen-kodearekin).
14. oinarria.– Datuen babesa.
Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Datu Pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.