Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2020ko apirilaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1907

38/2020 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko lankidetza-hitzarmena.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea honen testua: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak prestakuntza-arloan sinatu duten lankidetza-hitzarmena. Testu hori honen eranskinean dago jasota.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 21a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEŃA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 21EKO 38/2020 EBAZPENARENA
BOTERE JUDIZIALAREN KONTSEILU NAGUSIAREN ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENA

Madril, 2020ko martxoaren 12a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Carlos Lesmes Serrano jauna, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren 2013ko abenduaren 9ko 2. Erabakiaren arabera izendatua, abenduaren 10eko 979/2013 Errege Dekretuaren bidez (2013ko abenduaren 11ko BOE), eta Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 585. artikuluak ematen dizkion ahalmenez diharduela.

Beste alde batetik, Maite Iruretagoiena Ibarguren andrea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (IVAP) zuzendaria. Herri Administrazioaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzko 1983ko uztailaren 27ko 16/1983 Legearen bidez sortutako erakunde autonomoa da IVAP, eta Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza eta Autogobernu Sailari atxikita dago.

Bi alderdiek lankidetza hitzarmen hau egin eta sinatzeko zuzenbidean nahikoa den gaitasuna eta legitimazioa aitortzen diote elkarri, eta, horri jarraikiz, honako hau

AZALTZEN DUTE:

Lehenengoa.– Espainiako Konstituzioaren 122. artikuluak ezartzen du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia erakunde horren gobernu-organoa dela, eta Auzitegi Goreneko presidentea duela buru. Era berean, Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren (aurrerantzean BJLO) 104.2 artikuluak xedatzen du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari dagokiola Botere Judiziala gobernatzea, eta lurralde nazional osoan dituela eskumenak, eta, BJLOk berak 105. artikuluan xedatutakoaren arabera, bertako presidentea dela nazioko lehen agintari judiziala eta Botere Judizialaren eta haren gobernu-organoaren ordezkaritza duela.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Botere Judizialaren gobernua izateko Konstituzioak ematen dizkion funtzioen artean, epaile eta magistratuen hasierako eta etengabeko prestakuntzaren alorreko eskumen esklusiboa du, BJLOren 560.1.7 artikuluan xedatutakoari jarraituz, eta horretarako elkarlanean aritu daiteke beste entitate eta erakunde batzuekin, BJLOren 433bis.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Bigarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari honako helburu hauek esleitzen dizkio, besteak beste, erakundea bera sortu zuen 16/1983 Legeak:

a) Euskal Herriko administrazio autonomikoko funtzionarioak eta kontratupeko langileak edota beste edozein herri-administraziok edo ordenamendu juridikoak eskatzen dizkionak prestatzea eta hobetzea.

b) Euskal Herriko herri-administrazioen berezitasun juridiko, finantzazko eta estatistikoak ikertu, irakatsi eta ezagutaraztea.

c) Administrazioaren zientzia ikertu, irakatsi eta ezagutaraztea, eta Euskal Herriko administrazioetan ezartzea.

d) Espainiako zein atzerriko antzeko erakundeekin harremanak izatea eta hitzarmenak egitea.

Hirugarrena.– Bi erakunde hauen arteko lankidetza Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko prestakuntza-arloko hitzarmena izenpetuta eratu da, zeina Madrilen sinatu baitzuten 2017ko maiatzaren 25ean.

Laugarrena.– Bi alderdiek hitzarmen hori aldatu eta indarrean dagoen legedira egokitu beharra dagoela ikusi dute, bi erakundeen arteko lankidetza-ildoei eutsi eta ildo horiek areagotzeko.

Bosgarrena.– Azaldutako guztia kontuan hartuta, bi alderdiek, nork bere ahalmenak baliatuz eta beren eskumeneko gaietan lankidetzan aritzea bientzat onuragarria dela jotzen dutenez, hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute, honako klausula hauei lotuta:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko lankidetza-esparrua ezartzea beren eskumeneko eremuetan egiten dituzten jardueretarako.

Bigarrena.– Alderdien konpromisoak.

Ondorio horretarako, bi alderdiek hitzartu dute zikloak, ikastaroak, mintegiak, hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatzea –bai ikerketa arloan bai prestakuntza arloan, bai eta arlo horiekin lotutako beste jarduera-eremu batzuetan ere– karrera judizialeko kideentzat nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileentzat.

Bi erakundeen lankidetzatik eratorritako jarduerek Europar Batasuneko Zuzenbidea izango dute lehentasunezko aplikazio-eremua, baina etorkizunean jarduera horietan lehentasunezko arreta izango duten beste eremu batzuk ere sar daitezkeela kontuan hartuta.

Hirugarrena.– Finantzaketa.

Hitzarmen honek ez dakar berekin alderdientzako diru-ordainik.

Hitzarmen honetatik eratorritako jarduketek alderdientzako ekonomia- edo aurrekontu-eraginik badute, hitzarmen hau betearazteko akordioetan artikulatuko dira, eta nahitaezko legezkotasun-txostenen eta aldez aurretik gastua eta hartutako konpromiso ekonomikoak fiskalizatzearen mende egongo dira.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari ez dio gasturik eragingo, jarduera horiek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileei zuzendutako bere plangintza orokorrean sartzen baititu.

Laugarrena.– Jarraipenerako Batzorde Mistoa.

Hitzarmen hau betearazteko beharrezko jarduerak koordinatzeko eta hitzarmenaren jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko, Jarraipenerako Batzorde Mistoa sortuko da. Batzorde hori alderdi bakoitzaren bi ordezkarik osatuko dute, eta bakoitzaren erakunde-arauen arabera izendatuko dira. Bi alderdiak txandaka izango dira batzordearen buru urte betez.

Batzordea alderdi sinatzaileetako edozeinek eskatuta bilduko da, presidenteak deialdia egin ondoren; hala ere, gutxienez, urtean behin egingo dute bilera, egindako lankidetzaren emaitzak aztertzeko.

Batzordeak txostenak eskatu ahal izango ditu hitzarmen honen xedearen inguruan izaten diren neurri, emaitza eta gorabeherei buruz, eta honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Hitzarmen honen xedea gauzatzeko jarduerak egin daitezen proposatzea. Jarduera horiek betebehar eta konpromiso ekonomikoak badakartzate, hitzarmen hau betearazteko akordioaren bidez artikulatuko dira, eta alderdi sinatzaile bakoitzak dagozkion nahitaezko izapideak beteko ditu.

b) Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduerak garatzeko egindako jardueren eta lanen jarraipena egitea.

c) Hartutako konpromisoen balizko berrikuspenak aztertzea eta, hala badagokio, proposatzea.

d) Erakunde sinatzaileen arteko koordinazio-lanak bultzatzea, hitzarmenaren xedea ahalik eta hobekien lortzeko.

e) Hitzarmena interpretatzea eta gauzatzeko garaian sor litezkeen zalantzak argitzea.

Batzorde hori, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.f artikuluan xedatutakoaren arabera, Hitzarmenaren eta sinatzaileek hartutako konpromisoen jarraipen, zaintza eta kontrolerako alderdiek adostu duten tresna da, eta aipatutako Legearen 51.2.c) eta 52.3 artikuluetan ezarritakoaren arabera gauzatuko ditu bere eginkizunak.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren indarraldia eta eraginkortasuna.

Hitzarmen hau alderdiak ados daudela sinatuta hobetuko da. Hitzarmena sinatzen denetik bi urteko indarraldia izango du.

Aurretik adierazitako epe hori amaitu baino lehen, sinatzaileek hitzarmena gehienez ere beste lau urtez luzatzea edo amaitzea erabaki ahal izango dute aho batez, zeina berariazko akordio batean jaso beharko baita, edo dokumentu bateratu baten bidez edo elkarri adierazitako alde bakarreko idazki baten bidez.

Hitzarmen berri horrek indargabetu egingo du bi erakundeek aurretik izenpetuta zuten hitzarmena.

Seigarrena.– Hitzarmena aldatzea, suntsiaraztea edo azkentzea.

Hitzarmen hau aldatu egin daiteke, bi aldeek hala erabakitzen badute. Horretarako, hitzarmena aldatzeko gehigarria sinatu beharko dute hitzarmen hau sinatu zuten agintari berberek.

Urriaren 1eko 40/2015 Legearen 51. artikuluaren arabera:

1.– Xedetzat dituen jarduketak betetzen direnean edo suntsitzeko arrazoia dagoenean azkenduko da hitzarmena.

2.– Suntsitzeko arrazoiak dira:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitzea eta hura luzatzeko erabakirik ez hartzea.

b) Sinatzaile guztiek aho batez hala erabakitzea.

c) Hitzarmena salatzea, sinatutako baldintzetan funtsezko aldaketak izan direla uste delako.

d) Sinatzaileren batek ez betetzea bere gain hartutako betebeharrak eta konpromisoak.

Halakoetan, alderdietako edozeinek errekerimendu bat egin eta jakinarazi diezaioke adostutakoa hautsi duen alderdiari, bi hilabeteko epean bete ditzan betegabetzat jotako betebehar edo konpromisoak. Errekerimendua hitzarmena betearazteko den jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta sinatu duten gainerako alderdiei jakinaraziko zaie.

Errekerimenduan adierazitako epea igaro ondoren ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, hura egin zuen alderdiak sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena suntsiarazteko arrazoi bat dagoela, eta hitzarmena suntsitutzat joko da.

e) Epaileak hitzarmena deuseztatzeko erabakia hartzea.

f) Hitzarmenaren xedea eragozten duen ezinbesteko arrazoiak egotea.

g) Legeetan aurreikusi den eta aurretik jaso ez den beste edozein arrazoi.

Hitzarmena suntsiarazteak ez dio eragingo gauzatzen ari diren jardueren amaierari, eta jarduera horiek amaitzeko epe bat ezarriko du Jarraipen Batzorde Mistoak, luzaezina izango dena, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52.3 artikuluan xedatutakoa bete dadin.

Zazpigarrena.– Datuen babesa.

Hitzarmen honetan jasotzen diren datu pertsonalak eta hitzarmena gauzatzearen ondoriozkoak hitzarmen hau behar bezala gauzatzeko baino ez dira erabiliko. Bi alderdiek konpromisoa hartu dute datuak arau hauetan xedatutakoaren arabera tratatzeko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB), datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena, eta hura garatzeko Espainiako Estatutako eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako araudia eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa.

Hitzarmen honen babesean antolatutako ziklo, ikastaro, mintegi, hitzaldi eta mahai-inguruetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren tratamendu-jardueretan sartuko dira, zeinak «Etengabeko prestakuntza eta prestakuntza osagarria» eta «Irakasleak» izena baitute. Tratamendu horren helburua izango da prestakuntza-jarduerak garatu eta gauzatzea.

Datuen titularrek eskubidea dute beren datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta eramateko, bai eta beren datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko ere. Eskubide horiek baliatzeko, bakoitzak unean uneko dagokion egoitzaren helbidera jo beharko du edo Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren kasuan, webgunean dagoen inprimakiaren bidez ere gauzatu ahal izango da, zeina eskura baitago helbide honetan: http://www.poderjudicial.es/cgpj/eu/Gaiak/Datuak-Babesteko/Eskubideak-gauzatzeko-inprimakia-/

Ziklo, ikastaro, mintegi, hitzaldi eta mahai-inguruetan parte hartzen duten ikasleen datu pertsonalak IVAPen «Prestakuntza eta hobekuntza» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Aipatutako prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kudeaketa egitea izango da tratamendu horren helburua.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritza izango da tratamendu horren arduraduna, eta haren aurrean edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Datuak Babesteko ordezkariaren aurrean, datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko eta eramateko, eta datuen tratamendua mugatzeko nahiz tratamenduaren aurka egiteko eta baliogabetzeko eskubideak baliatu ahal izango dira, baita aplikatzekoa den araudian aurreikusitako beste edozein eskubide ere. Hemen kontsultatu daiteke tratamendu-jarduerari buruzko informazio osagarria eta zehatza: https://www.euskadi.eus/tratamendu-jardueren-erregistroa-tje/web01-aprat/eu/eu/contenidos/informacion/rat/eu_def/adjuntos/0213_eu.html

Zortzigarrena.– Konfidentzialtasuna.

Alderdiek adosten dute konfidentzialtasunez tratatuko dituztela hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean beste alderdiari emandako datuak, dokumentazioa eta informazio guztia. Bi alderdiek erabaki dute, halaber, informazio hori ez zabaltzea ezein pertsona edo erakunderi, langileei izan ezik, betiere konfidentzialtasunari eusten badiote, eta hitzarmen hau behar bezala gauzatzeko beharrezkoa den neurrian soilik.

Konfidentzialtasun-akordioak indarrean jarraituko du hitzarmen hau iraungi ondoren ere, azkentzearen arrazoia edozein izanda ere.

Nolanahi ere, bi alderdiek, beren izaera kontuan hartuta, aplikatu beharreko arauditik eratorritako publizitate- eta gardentasun-betebeharrak bete beharko dituzte, bereziki Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legetik eratorritakoak.

Bederatzigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen hau hitzarmen administratibo bat da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren VI. kapituluak arautzen du.

Hitzarmen honen edukia interpretatzeak, aldatzeak, ondorioek edo suntsiarazteak sor ditzakeen auziak, alderdiek Jarraipenerako Batzorde Mistoan adostuta konpondu ez badituzte, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende jarriko dira, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen arabera.

Eta ados daudela adierazteko, hitzarmen hau sinatu dute alderdiek, bi aletan, goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea,

CARLOS LESMES SERRANO.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MAITE IRURETAGOIENA IBARGUREN.


Azterketa dokumentala