Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

79. zk., 2020ko apirilaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
1906

AGINDUA, 2020ko apirilaren 17koa, Osasuneko sailburuarena, 2020ko martxoaren 18ko Agindua aldatzen duena. Agindu horren bidez, zuzendaritza-batzorde bat sortzen da Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusak (Covid-19) eragindako krisialdiari aurre egiteko dauden baliabide sanitarioak, kudeaketakoak eta boluntariotzakoak kudeatzeko eta koordinatzeko.

2020ko martxoaren 18an onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusak (Covid-19) eragindako krisialdiari aurre egiteko dauden baliabide sanitarioak, kudeaketakoak eta boluntariotzakoak kudeatuko eta koordinatuko dituen zuzendaritza-batzorde bat sortzen duen Agindua. Martxoaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (56. zk.).

Agindu horren helburua zen Osasuneko sailburuaren agintaritzapean zuzendaritza-batzorde bat sortzea, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden baliabide sanitarioak, kudeaketakoak eta boluntariotzakoak kudeatzeko eta koordinatzeko. Izan ere, agindu horretan xedatzen da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren asistentzia- eta kudeaketa-egitura guztia zuzendaritza-batzordeak hartutako erabakien zerbitzura jarriko dela eta haren beharra eskatzen duten alderdi operatiboak garatu eta lagunduko dituela.

Aginduaren indarraldia aldi baterakoa da; zazpigarren ebazpenean ezarri bezala, Estatuko gobernuak agindutako alarma-egoerak irauten duen bitartean egongo da indarrean, «bai eta krisia dela-eta sektorean koordinazio-premiak irauten duen bitartean ere.»

Bosgarren ebazpenean honako hau ezartzen da: «Zuzendaritza-batzordeak Osasun Sailaren Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzaren zeharkako laguntza izango du, hari lotutako kontratazioa eta kontrol ekonomikoa doitzeko Osakidetzako zerbitzu-antolaketa guztietan. Hitzarmen sanitarioen kontrola dagokio, Osasun Saileko hiru lurralde-ordezkaritzak lagunduta.»

Bada, pandemiaren bilakaera eta gaur egungo egoera zein diren aintzat hartuta, aurreikuspen hori aldatu behar da; Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko organo egokien esku utzi behar dira bere garaian Osasun Sailaren Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzari esleitu zitzaizkion eginkizunak.

Azaldutako guztia dela bide, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 4.1 eta 2. artikuluek organo honi ematen dizkioten eskumenez baliatuz eta Covid-19ak eragindako osasun-krisialdia kudeatzeko giza baliabideen eta bitartekoen arloko neurriak ezartzen dituen martxoaren 15eko SND/232/2020 Aginduaren (honen babesean emanda: 463/2020 Errege Dekretua, martxoaren 14koa, Covid-19k eragindako osasun-krisia kudeatzeko alarma-egoera deklaratzen duena) hamabigarren ebazpenak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, orain aldatzen den martxoaren 18ko aginduaren zortzigarren ebazpenean ezarri bezala, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ondoriorik gabe uzten da organo honen 2020ko martxoaren 18ko Aginduaren bosgarren ebazpenean ezarritakoa (Agindua, 2020ko martxoaren 18koa, zeinaren bidez zuzendaritza-batzorde bat sortzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusak (Covid-19) eragindako krisialdiari aurre egiteko dauden baliabide sanitarioak, kudeaketakoak eta boluntariotzakoak kudeatu eta koordinatuko dituena), eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko organo egokien esku uzten dira bere garaian Osasun Sailaren Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko Zuzendaritzari esleitu zitzaizkion eginkizunak.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 17a.

Osasuneko sailburua,

MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.


Azterketa dokumentala