Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

169. zk., 2018ko irailaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
4405

AGINDUA, 2018ko abuztuaren 9koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez egiten baita uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuan aurreikusitako laguntzen deialdia. Dekretu horrek enpresari-elkarteei eta erakunde sindikalei diru-laguntzak emateko modua arautzen du, enpresari-elkarteen eta sindikatuen giza baliabideen kualifikazioa haien jarduera-eremuen berezko gaietan hobetzera zuzendutako prestakuntza-planak garatzeko.

Uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuak (2003ko irailaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua, 169. zenbakia) Enpresaburuen Elkarteei eta Erakunde Sindikalei diru-laguntzak emateko aukera arautzen du, Enpresaburuen Elkarteen eta Erakunde Sindikalen giza baliabideen kualifikazioa haien jarduera-eremuen berezko gaietan hobetzera zuzendutako prestakuntza-planak garatzeko. Dekretu horrek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak 1996. urteko urriaren 29an 244/1996 Dekretuarekin hasitako laguntza-neurriei jarraipena emateko helburua du. Adierazitako neurriak prestakuntza-jarduerak gauzatzen laguntzeko dira, Enpresaburuen Elkarteen eta Erakunde Sindikalen berezko helburuen barnean. Dekretu horren bitartez enpresaburuen elkarteen eta erakunde sindikalen prestakuntzako barne-programak indartzera, integratzera eta koherentzia ematera zuzendutako finantzaketa publikoko sistema bat ezartzen da, horiek beren koadroen eta langileen prestakuntzarako tresna egoki izan daitezen, modu horretan egoera soziolaboralari beharrezko laguntza emanez.

Aipatutako arauak indarraldi mugagabea du, hain zuzen ere arauaren 9.3 artikuluak ezartzen du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren Aginduaren bitartez urtero aipatutako Dekretuan aurreikusitako laguntzen deialdia egingo dela, horiek finantzatzeko erabiliko diren eskaeren eta gehienezko kopuru globalaren aurkezteko epea adieraziz, entitate onuradunen bi kategorien artean banatuta.

Xedapen honen bidez iragarritako diru-laguntza lerroa Lan eta Justiziako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 23ko Aginduan (Lan eta Justizia Saileko 2018. urterako Diru-laguntza Plan Estrategikoa onartzen duena) dago xedatuta, Diru-laguntzen Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra) 8.1 artikuluan ezartzen duen moduan, eta manu horretan aipatutako edukiarekin.

Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 9.1.w) artikuluarekin bat etorrita, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari dagokio Gizarte-eragileek dituzten giza baliabideen kualifikazioa sustatzea, zenbait prestakuntza-planen bitartez, zehazki giza baliabide horiek gizartearen garapen ekonomikoaren eta ongizatearen alde egin dezaten sustatuko duten prestakuntza-planen bitartez.

191/2003 Dekretuaren 16. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan propio ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira Dekretuaren helburua betetzeko behar diren aurrekontu-baliabideak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluan ezarrita dagoenez -Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zen dekretu horren bidez-, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia-ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean, diru-laguntzak arautzeko behar diren xedapenak emango dira, eta egon daudenak gaurkotu edo aldatu egingo dira; orobat, bere garaian indarraldi mugagabekotzat jo ziren diru-laguntzak iragarriko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontu Orokorretan –abenduaren 22ko 5/2017 Legeak onartutakoak– esleitu da 3112 Lana, 11 zerbitzua, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza programan, 45499 azpikontzeptua, Transferentziak eta diru-laguntzak irabazteko asmorik gabeko beste instituzioei, 005 partida, 191/2003 izenekoa, Formakuntza-planak enpresa-elkarteak eta sindikatuentzat; guztira, zenbatekoa 710.000 eurokoa da.

Diru-laguntza horiek ez zaizkio aldez aurretik Europako Batzordeari jakinarazi behar, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko betekizunak betetzen ez direlako; izan ere, emandako diru-laguntza publikoak, bere izaera dela eta, ez du abantaila ekonomikorik ekartzen, ez du lehia edo estatu kideen arteko merkataritza-trukeak faltsutzen eta ezin du halakorik faltsutu.

Hori guztia dela-eta, eta aipatutako uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuaren 9.3 artikuluan aurreikusitako gaikuntza baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Helburua.

Uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuan xedatutako laguntzak eskuratzeko 2018ko deialdia egitea. Dekretu horren bidez, enpresarien elkarteei eta erakunde sindikalei beren jarduera eremuetako berezko gaiei dagokienez, giza baliabideen trebakuntza hobetzeko prestakuntza-planak egiteko emango zaizkien diru-laguntzak arautu ziren.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu honek ondorioak dituenetik aurrera.

Hirugarrena.– Diru-baliabideak.

Deialdi honen xede den finantziazioari bideratutako baliabide ekonomikoak, 2018rako, 710.000 eurokoak dira; horietatik 497.000 euro 2018. urteko aurrekontu arruntetik ordainduko dira eta 213.000 euro 2019rako konpromisoko aurrekontutik, 3112 Lana 11 zerbitzua, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza programaren kontura.

Zenbateko hori entitate onuradun izan daitezkeen kategoria bien artean banatuko da, banaketarako formula honakoa izango dela:

A) Enpresaburuen elkarteei gehienezko kopuru globalaren % 40 emango zaie, hau da, 284.000 euro.

B) Erakunde sindikalei gainerako % 60a emango zaie, hau da, 426.000 euro.

Laugarrena.– Diru-laguntzak emateko eta eskuratzeko baldintzak.

1.– Honako hauek dira aipatutako diru-laguntzak jasotzeko baldintzak:

– Uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuan aurreikusitakoak. Dekretu horrek enpresaburuen elkarteei eta erakunde sindikalei diru-laguntzak emateko modua arautzen du, enpresa-elkarteen eta sindikatuen giza baliabideen kualifikazioa haien jarduera-eremuen berezko gaietan hobetzera zuzendutako prestakuntza-planak garatzeko.

– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean eduki beharko dituzte.

– Ezingo dute eduki zigor- edo administrazio-mailako zehapenik, laguntza publikoak edo diru-laguntzak eskuratzeko aukera galarazten dienik, eta, halaber, ezingo dira egon horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren batean, ezta sexu-diskriminazioaren zioz sortu direnetan ere ez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoaren arabera.

– Ezingo dira egon Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 13. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aurreikusten duen egoera batean ere.

2.– Nolanahi ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 50.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak betetzeke dituztenak ezingo dira onuradun izan.

3.– Artikulu honetan onuradun izateko ezartzen diren baldintzak betetzen direla justifikatzeko, bestalde, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahalko da. Salbuespen bakarra zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean direla ziurtatzeko agiria izango da.

Bosgarrena.– Kudeaketa-organoa.

Lan eta Justiziako Saileko Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza da eskaerak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura duen organoa, eta ebazteko eskumena duena Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendaria.

Seigarrena.– Ebaluazio-batzordea.

Agindu honetan ezarritakoaren babesean aurkeztutako proiektuak analizatu eta ebaluatzeko, ebaluazio-batzorde bat sortuko da. Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzako hiru teknikarik, titularrak izendatuak, osatuko dute.

Batzorde horrek ebazpen-proposamena egingo dio Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariari, uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Zazpigarrena.– Laguntzen izapidetzea.

1.– Erakunde interesdunek prozedura honen izapideak egin ahalko dituzte, aurrez aurre edo bitarteko elektronikoen bidez, administrazio elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, Informatika eta Telekomunikabideetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean (horren bidez, Platea – E-Administraziorako plataforma teknologikoa onartzen da) eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean erregulatzen denarekin bat eginez.

Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/formakuntzarako-enpresaburuen-elkarteei-eta-erakunde-sindikalei-diru-laguntzak-191/2003-dekretua-2018/y22-izapide/eu

3.– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

4.– Kanal elektronikoa erabiltzen duten erakunde interesdunei, elektronikoki egingo zaizkie jakinarazpenak, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» atalean begiratu beharko dira.

Jakinarazpena egin dela balioetsiko da, erakunde interesduna edo, bestela, haren legezko ordezkaria edo baimendutako pertsona edukira sartzen denean.

Jakinarazpena eskuragarri jartzen denetik hamar egun natural igarotzen badira erakunde interesduna edo, bestela, haren legezko ordezkaria edo baimendutako pertsona edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertu egin dela eta izapidea egin dela balioetsiko da, prozedurarekin jarraituz. Ez da hala jokatuko, ofizioz edo pertsona zein erakunde hartzaileak hala eskatuta sarbidearen ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen bada.

5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, jakinarazpena paperean edo bitarteko elektronikoen bidez egin gorabehera, ohar bat bidaliko da interesdunak emandako gailu elektronikora edota posta elektronikoaren helbidera, eta, horren bidez, dagokion administrazioaren edo erakundearen egoitza elektronikoan edo prestatutako helbide elektroniko bakarrean jakinarazpen bat dagoela adieraziko zaio interesdunari.

Zortzigarrena.– Eskaeren aurkezpena eta egiaztagirien ekarpena eta dokumentazioa.

1.– Diru-laguntza eskaera I. eranskinean argitaratutako formatuaren arabera egingo da. Halaber, erantsiko zaio diru-laguntza eskatzen den jardueren xehetasuna, II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

2.– Diru-laguntza eskaerarekin batera, III. eranskinak jasotzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

3.– Eskaeran bildutako erantzukizun-deklarazio baten bitartez (III. eranskina), honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

1) Erantzukizunpeko adierazpena, beste diru-laguntza batzuen egoerari buruzkoa, baldin eta horiek administrazio batzuei nahiz erakunde publiko nahiz pribatuei eskatu bazaizkie, eta jadanik edo tramitatzeke badaude, prestakuntza -plan berbera betetzeko edota eskabidepeko plan horren alderdietatik edozein betetzeko.

2) Erantzukizunpeko adierazpena, itzulketa prozeduren edota prozedura zehatzailearen egoerari buruzkoa: baldin eta halako prozedura hasi badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek izaera bereko diru-laguntza eman eta gero, eta prozedura horiek oraindik tramitatzeke badaude.

3) Erantzukizunpeko adierazpena, sexu-arrazoiengatiko bereizkeria egin izanagatik administrazioaren nahiz zehapenen eremuan zigorra jaso ez izana eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen izenean debeku horrekin zehaturik ez egotea adierazten duena.

4) Erantzukizunpeko adierazpena, diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen administrazio-zehapenik ez izatea edo horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik ez izatea adierazten duena.

5) Zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzarekikoen, indarrean dauden xedapenek ezarritakoen, betetzea egunean duelako erantzukizunpeko adierazpena, araudiaren arabera zehazten den moduan.

6) Diru-laguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa egunean duelako erantzukizunpeko adierazpena, araudiaren arabera zehazten den moduan.

7) Diru-laguntzen Lege Orokorraren 13.1 eta 2. artikuluan xedatutako ezein inguruabarretan ez dagoelako erantzukizunpeko adierazpena.

8) Uztailaren 19ko 191/2003 Dekretuan eta Diru-laguntzen Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betekizun eta baldintza guztiak betetzeko konpromisoa.

9) Abenduaren 17ko 698/191 Dekretuaren 2.3 artikuluan ezarritako formetatik edozein erabiliz, berme erreala eratzeko konpromisoa hartzea.

4.– Diru-laguntza jasotzeko eskaera aurkeztean baimena emango diote organo kudeatzaileari zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egon behar duela dioen betekizuna betetzen duela egiaztatzeko behar beste ziurtagiri eskatzeko. Horretarako, ez da beharko erakunde eskatzailearen oniritzirik Kasu horretan, ziurtagiri horiek aurkeztu beharko ditu, araudian aurreikusitako terminoetan.

5.– Eskabideak aurrez aurre edo bitarteko elektronikoz baliatuta aurkezteko aukera dago:

– Aurrez aurre: eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

– Bide elektronikoa: euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, zehazki Lan eta Justizia saileko webgunearen helbide honen bitartez:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/formakuntzarako-enpresaburuen-elkarteei-eta-erakunde-sindikalei-diru-laguntzak-191/2003-dekretua-2018/y22-izapide/eu

6.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan egon beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden bankuko datuak aldatu nahi baditu, honako helbide honetan agertzen den formularioa bete beharko du:

http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/

Bederatzigarrena.– Entitate onuradunen betebeharrak.

Uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuak ezartzen dituen betebeharrez gain, laguntza hauen onuradun suertatzen diren erakundeek bete egin beharko dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 14. 18. eta 46. artikuluetan ezarritakoa, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 50. artikuluan ezarritako betebeharrak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuan (dekretu horren bidez, beren jarduera-eremuetako gaiei dagokienez giza baliabideen trebakuntza hobetzeko prestakuntza-planak gara ditzaten, enpresa-elkarteentzako eta sindikatuentzako diru-laguntzen emakida arautzen da) ezarritakoari ez ezik honako hauek xedatutakoari ere men egingo diote agindu honek hizpide dituen diru-laguntzek: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; eta Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrean eta 887/2006 Errege Dekretuan (azken horren araudia onartzen duena) jasotako oinarrizko arauketa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Deialdi honen izapidean jasotzen diren datu pertsonalak (parte-hartzaileek tratatzeko baimendutakoak) fitxategi batera sartuko dira. Diru-laguntzen deialdi hau edo honekin zerikusia daukan bestelako edozein administrazio-prozedura edo -espediente kudeatzea izango da fitxategi horren xedea, bai eta deialdian parte hartu duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea ere. Lan eta Justizia Sailaren Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak begiratzeko, zuzentzeko eta ezeztatzeko eskubideak erabili ahalko dira,http://www.euskadi.eus web-orrialdean datuen babesari buruz jasotzen den informazio gehigarri eta xehean azaltzen den bezala.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko aukerako errekurtsoa jarri ahalko diote interesdunek Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzietarako errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, aldizkari ofizial berean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluek ezarritakoari jarraikiz.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abuztuaren 9a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala