Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2016ko otsailaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
780

242/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Komunikazio-bitartekotzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30. eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, Lanbide Heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia Jasangarriaren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia Jasangarriaren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak –Lanbide Heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak–, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena, sustatzeko eta bizkortzeko.

Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da Lanbide Heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako zuzentarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.

7. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere Lanbide Heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta herritartasun demokratikoa gauzatzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.

831/2014 Errege Dekretuak, urriaren 3koak, Komunikazio-bitartekotzako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du, eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Dekretu horrek ordezkatu egin du 2060/1995 Errege Dekretuak, abenduaren 22koak, ezartzen zuen Zeinu-mintzairaren Interpretazioko goi-mailako teknikari-tituluaren erregulazioa.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren 2. atalak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, errege dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten Lege Organikoei, eta 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egin gabe».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak hezkuntza-sistemaren barruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Komunikazio-bitartekotzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan, betiere Komunikazio-bitartekotzako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen urriaren 3ko 831/2014 Errege Dekretuaren babesean.

Komunikazio-bitartekotzako goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, lehen iturria dira heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta bereganatu behar dituzten ikaskuntzaren emaitzak lortzeko.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Honako dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko abenduaren 22an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRA

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-esparrua.

1.– Dekretu honek Komunikazio-bitartekotzako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du, Euskal Autonomia Erkidegorako.

2.– Ikastetxearen pedagogia- eta antolamendu-autonomiaren esparruan, hari dagokio ikastetxeko Ikasketa Proiektua ezartzea eta proiektu horretan landuko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko eta prestakuntza-moduluen programaziorako irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

3.– Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

II. KAPITULUA
TITULUAREN IDENTIFIKAZIOA ETA LANBIDE-PROFILA

2. artikulua.– Tituluaren identifikazioa.

Komunikazio-bitartekotzako goi-mailako teknikariaren tituluak elementu bereizgarri hauek ditu:

● Izena: Komunikazio-bitartekotza.

● Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

● Iraupena: 2.000 ordu.

● Lanbide-arloa: Gizarte eta Kultura Zerbitzuak.

● Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-5b.

● Goi-mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.

3. artikulua.– Lanbide-profila.

1.– Titulu honen konpetentzia orokorra da: gorrekin, gor-itsuekin eta entzuteko desgaitasuna dutenekin, Espainiako zeinu-mintzaira erabili edo ez, edo komunikazio-, mintzaira- eta hizketa-zailtasunak dituztenekin komunikazio-bitartekotzako esku-hartzeak egitea, hala nola Espainiako zeinu-mintzaira erabiltzen duten pertsona gorrei eta gor-itsuei zuzenduriko eta gizartea sentsibilizatzeko programak sustatzea, erabiltzaileen idiosinkrasia errespetatuta.

2.– Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

a) Komunikazio-, mintzaira- eta hizketa-zailtasunak dituzten pertsonak gizarteratzeko programak osatzea, indarrean dagoen araudia eta genero-ikuspegia aplikatuta.

b) Esku hartzeko programetan jarduteko jarraibideak ezartzea, informazioa biltzeko teknikak eta tresnak aplikatuta.

c) Gizabanakoak, kolektiboak eta erakundeak aholkatzea eta sentsibilizatzea pertsona gorren, gor-itsuen eta entzumen- eta komunikazio-urritasunen bat dutenekin, gizarte-komunikazioko teknikak eta bitartekoak erabilita.

d) Espainiako zeinu-mintzairan komunikatzea mintzaira hori erabiltzen duten pertsonekin, hizkuntza-elementuak zehatz erabili eta diskurtso-koherentzia bermatzeko.

e) Komunikazio-, mintzaira- eta hizketa-zailtasunak dituzten pertsonekiko komunikazioa sustatzea, komunikazio-sistema handigarriak eta alternatiboak eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak hautatuta.

f) Komunikazioa erabiltzailera egokitzea, egoera pertsonalaren eta komunikazio-ingurunearen aldaketak kontuan hartuta.

g) Pertsona gorren, gor-itsuen eta entzumen- zein komunikazio-zailtasunak dituzten pertsonen autonomia sustatzea, egunoroko izapideak egin ditzaten, eta ingurunearekin komunikatzea erraztuta.

h) Zeinu-mintzaira erabiltzen duten pertsona gorren, gor-itsuen eta entzumen- zein komunikazio-zailtasunak dituzten pertsonen eta entzumendunen arteko komunikazioa gauzatzen laguntzea.

i) Pertsona gor-itsuei laguntzea, gidari ikusmendunaren teknikak aplikatuta eta komunikazio-forma egoerari egokituta.

j) Komunikazioan, hezkuntzan, prestakuntzan eta gizarteratzean esku hartzeko programak antolatu eta ezartzea komunikazio-, mintzaira- eta hizketa-arazoak dituzten pertsonentzat.

k) Pertsona gorren, gor-itsuen eta entzumen- zein komunikazio-zailtasunak dituzten pertsonen komunikazio-isolamenduko egoerak prebenitzeko eta arintzeko esku-hartzea egitea.

l) Komunikazio-bitartekotzako esku-hartzeak egitea, informazioan sartzeko laguntza teknikoen eta komunikaziorako laguntzen aplikazio onena eginez eta horien funtzionaltasuna egiaztatuz.

m) Komunikazio-, mintzaira- eta hizketa-zailtasunak dituzten pertsonei aplikatutako komunikazio- eta gizarteratze-programak ebaluatzea, horien egokitasuna aztertuta, erabiltzailearen arabera.

n) Istripuetan edo larrialdietan, lehen laguntzen arloan ezarritako protokoloak aplikatzea.

ñ) Erabiltzaileekin eta familiekin, taldekideekin eta gainerako profesionalekin harreman ona izatea, gizarte-trebetasunak erakutsiz eta ager daitezkeen gatazken aurrean irtenbideak proposatuz.

o) Laneko egoera berrietara egokitzea, egunean izanda lanbide-ingurunearen gaineko ezagutza zientifikoak, teknikoak eta teknologikoak, prestakuntza eta dauden baliabideak bizialdi osoko ikaskuntzan kudeatuta, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabilita.

p) Egoerak, arazoak eta gorabeherak konpontzea, ekimenez eta autonomiaz dagokion eskumen-eremuan, eta sormenez, berrikuntzaz eta hobetzeko gogoaz norberaren eta lantaldearen zereginetan.

q) Lantaldeak arduraz antolatu eta koordinatzea, haien garapena gainbegiratuz, harreman onak izanez, lidergoa hartuz, eta lantaldean sortzen diren gatazkak konpontzeko aterabideak proposatuz.

r) Parekoekin, nagusiekin, bezeroekin eta bere ardurapeko pertsonekin komunikatzea, komunikazio-bide eraginkorrak erabiliz, informazioa edo ezagupen egokiak emanez, eta dagokion lan-eremuan esku hartzen duten lagunen autonomia eta eskumenak errespetatuz.

s) Norberaren eta lantaldearen lan-garapenean ingurune seguruak sortzea, laneko eta ingurumeneko arriskuen prebentziorako prozedurak gainbegiratuz eta aplikatuz, betiere enpresaren arautegian eta helburuetan ezarritakoarekin bat etorriz.

t) Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitate-prozedurak, irisgarritasun unibertsalekoak eta «denontzako diseinukoak» gainbegiratzea eta aplikatzea.

u) Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea, erantzukizun sozialez jokatuta.

v) Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.

3.– Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

– Osatutako lanbide-kualifikazioak:

a) Gorren erkidegoaren sustapena, garapena eta parte-hartzea. SSC449_3. (1096/2011 Errege Dekretua, uztailaren 22koa, lanbide-kualifikazioen katalogo nazionala osatzen duena, gizarte eta kultur zerbitzuak lanbide-arloko bederatzi lanbide-kualifikazio ezartzearen bidez). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

UC1437_3: Espainiako zeinu-mintzaira erabiltzea bere eginkizunak gauzatzean.

UC1447_3: Gorren erkidegoaren gaineko aholkuak eta sentsibilizazioa ematea banakoei, kolektiboei eta erakundeei.

UC0252_3: Gizarteratze esku-hartzeak programatzea, antolatzea eta ebaluatzea.

UC1023_3: Elkarte-ehunaren sorreran eta garapenean esku hartzea, bultzatzea eta laguntzea.

b) Pertsona gor-itsuaren eta erkidegoaren arteko bitartekotza egitea. SSC447_3. (1096/2011 Errege Dekretua, uztailaren 22koa, lanbide-kualifikazioen katalogo nazionala osatzen duena, gizarte eta kultur zerbitzuak lanbide-arloko bederatzi lanbide-kualifikazio ezartzearen bidez). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

UC1437_3: Espainiako zeinu-mintzaira erabiltzea bere eginkizunak gauzatzean.

UC1438_3: Pertsona gor-itsuen berariazko komunikaziorako laguntza-sistemak eta -bitartekoak eta gidari ikusmendunaren teknikak erabiltzea.

UC1439_3: Pertsona gor-itsuentzako hezkuntza- eta prestakuntza-programen garapenean parte hartzea.

UC1440_3: Pertsona gor-itsuen isolamendu-egoerak arintzera bideratutako esku-hartzeak egitea.

UC1441_3: Pertsona gor-itsuek oinarrizko zereginetan ingurunearekin elkarreragitea erraztea.

– Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:

a) Dinamizazio komunitarioa. SSC321_3. (1368/2007 Errege Dekretua, urriaren 19koa, lanbide-kualifikazioen katalogo nazionala osatzen duena, Gizarte- eta Kultura-zerbitzuak talde profesionaleko sei lanbide-kualifikazio ezartzearen bidez):

UC1026_3: Generoaren ikuspegia txertatzea gizartean esku hartzeko proiektuetan.

b) Autonomia pertsonalaren eta sozialaren trebetasunetan heztea. (295/2004 Errege Dekretua, otsailaren 20koa, lanbide-kualifikazioen katalogo nazionalean biltzen diren zenbait lanbide-kualifikazio ezartzen dituena, baita Lanbide Heziketaren Katalogo Modularrean txertatzen diren haien prestakuntza-moduluak ere):

UC0254_3: Komunikazio-sistema alternatiboak ezartzea, egokitzea eta aplikatzea.

4. artikulua.– Lanbide-ingurunea.

1.– Lanbide-figura hau dutenek pertsona gorrentzako, gor-itsuentzako, entzumen-desgaitasunen bat dutenentzako eta komunikatzeko zailtasunak dituzten Espainiako zeinu-mintzaira erabiltzaileentzako zerbitzuen sektorean egingo dute lan. Zerbitzu horien barne daude arretan, hezkuntzan, arlo psikosozialean eta oinarrizko zereginetarako laguntzan ematen direnak.

Halaber, gizartearen aldeko zerbitzuen sektorean ere egin dezakete lan, dinamizazio komunitarioan eta pertsonen aukera-berdintasunaren sustapenean.

2.– Hauek dira zeregin eta lanpostu aipagarrienak:

Gorren erkidegoa garatzeko agentea.

Gorrei sustapena, arreta eta prestakuntza emateko teknikaria.

Gorren erkidegoa dinamizatzeko agentea.

Gorren erkidegoaren gizarte-bitartekaria.

Gor-itsuen erkidegoa garatzeko agentea.

Gor-itsuen erkidegoa dinamizatzeko agentea.

Gor-itsuen bitartekaria.

Gor-itsuen laguntzailea.

Komunikazio-zailtasunak dituztenen bitartekaria.

III. KAPITULUA
HEZIKETA-ZIKLOAREN IRAKASGAIAK, ESPAZIOAK ETA EKIPAMENDUAK, ETA IRAKASLEAK

5. artikulua.– Heziketa-zikloaren irakasgaiak.

1.– Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

a) Informazioa interpretatzea, eta estrategiak eta bitartekoak hautatzea, komunikazio-, mintzaira- eta hizketa-zailtasunak dituzten pertsonak gizarteratzeko programak osatzeko, indarrean dagoen araudia eta genero-ikuspegia aplikatuta.

b) Informazioa lortzeko teknikak eta bitartekoak hautatzea, erabiltzailearen beharren eta ezaugarrien arabera, esku-hartze programetan jarduteko jarraibideak ezartzeko.

c) Gizarte-komunikazioko teknikak eta bitartekoak aztertzea, eta horien aukerak eta mugak identifikatzea, pertsona gorren, gor-itsuen, entzumen-desgaitasuna dutenen eta komunikazio-zailtasunak dituztenen gaineko aholkuak eta sentsibilizazioa emateko banakoei, kolektiboei eta erakundeei.

d) Mezuak osatu eta ezagutaraztea, hizkuntza-elementu eta -baliabide egokiak hautatuta, zeinu-mintzairan komunikatzeko mintzaira horren erabiltzaileekin.

e) Komunikazio-sistema handigarriak eta alternatiboak eta ahozko komunikaziorako laguntza-bitartekoak erabiltzea, eta horien aukerak eta mugak aztertzea erabiltzaileen komunikazioaren sustapenean aplikatzeko.

f) Komunikazioa errazten edo zailtzen duten faktoreak identifikatzea, egoera pertsonalaren eta komunikazio-ingurunearen ezaugarriak eta aldaketak aztertuta, komunikazioa erabiltzaileari egoki dakion.

g) Estrategiak eta jardunbideak hautatzea, erabiltzailearen egunerokotasuna aztertuta, oinarrizko zereginetan autonomia gehiagoz jardutea sustatzeko.

h) Komunikazio-bitartekotzako teknikak identifikatzea, esku-hartzearen ingurunea, ezaugarriak eta solaskideak aztertuta, horien arteko komunikazioa bideratzeko.

j) Gidari ikusmendunaren teknikak eta komunikaziorako laguntza-sistemak hautatzea, komunikazio mota egoerari egokituta, pertsona gor-itsuak laguntzeko.

j) Estrategiak eta baliabide metodologikoak hautatzea, komunikazioan esku-hartzeko programaren arabera, horiek antolatzeko eta ezartzeko.

k) Komunikazio-isolamenduko egoera prebenitzeko eta arintzeko estrategiak eta baliabideak hautatzea, egoera pertsonalaren eta sozialaren eta erabiltzailearen komunikazio-ingurunearen arabera.

l) Baliabide eta laguntza teknikoak aztertzea, pertsonaren eta ingurunearen ezaugarrien araberako funtzionamendua eta egokitzapena aplikatuz, komunikazio-bitartekotzako esku-hartzeak gauzatzeko.

m) Ebaluazio-teknikak eta -tresnak hautatzea, kalitate-irizpideen eta -adierazleen arabera, komunikazio-, mintzaira- eta hizketa-zailtasunak dituzten pertsonei zuzendutako komunikazio- eta gizarteratze-programak ebaluatzeko.

n) Istripuetan edo larrialdietan jarduteko protokoloak deskribatzea, lehen laguntzak aplikatzeko teknika egokiak hautatuta.

ñ) Lan-ingurunean behar diren gizarte-trebetasunak aztertzea, esku-hartzean inplikatutako pertsonekin harreman ona izateko eta balizko gatazkak konpontzeko erabakigarriak diren faktoreak identifikatuta.

o) Sektoreko bilakaera zientifikoarekin, teknologikoarekin eta antolamendukoarekin lotzen diren ikaskuntza-baliabideak eta -aukerak aztertzea eta erabiltzea, baita informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ere, eguneratze-izpirituari eusteko eta laneko egoera berrietara eta egoera pertsonal berrietara egokitzeko.

p) Sortzaile eta berritzaile izaera garatzea, lanaren eta norberaren bizitzaren prozesuetan eta antolaketan agertzen diren erronkei erantzuteko.

q) Erabakiak arrazoituta hartzea eta, horretarako, inplikatutako aldagaiak aztertzea, hainbat esparrutako jakintzak integratzea eta arriskuak eta erabaki okerrak hartzeko aukera onartzea, askotariko egoerei, arazoei edo gorabeherei aurre egiteko eta horiek ebazteko.

r) Lidergo, motibazio, gainbegiratze eta komunikazioko teknikak garatzea talde-laneko testuinguruetan, betiere lantaldeen antolamendua eta koordinazioa errazteko.

s) Komunikazio-teknika eta -estrategiak aplikatzea, zabaldu beharreko edukietara, horien helburura eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta, eta, hartara, prozesuaren eraginkortasuna ziurtatzea.

t) Laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumen-babeseko egoerak ebaluatzea, norberaren eta taldearen prebentziorako neurriak proposatuz eta aplikatuz, lan-prozesuetan aplikatzekoa den araudiaren arabera, betiere ingurune seguruak bermatzeko.

u) Irisgarritasun unibertsalari eta guztiontzako diseinuari erantzuteko beharrezkoak diren lanbide-ekintzak identifikatzea eta proposatzea.

v) Kalitate-parametroak identifikatzea eta aplikatzea ikaskuntza-prozesuan egindako lanetan eta jardueretan, ebaluazioaren eta kalitatearen kultura baloratzeko eta kalitate-kudeaketako prozedurak gainbegiratzeko eta hobetzeko gai izateko.

w) Ekintzailetzako, enpresako eta ekimen pertsonaleko kulturarekin lotzen diren prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bat egiteko.

x) Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan izanda, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

2.– Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

a) Komunikazio-, mintzaira- eta hizketa-arazoak dituzten pertsonak gizarteratzeko metodologia.

b) Gizarte-sentsibilizazioa eta partaidetza.

c) Gor-itsuekin gizartean eta hezkuntzan esku hartzea.

d) Gor-itsuekiko komunikazio-bitartekotzaren testuingurua.

e) Zeinu-mintzaira.

f) Zeinu-mintzaira aplikatzeko eremuak.

g) Komunikazio-zailtasunak dituzten pertsonekin esku hartzea.

h) Komunikazioan esku hartzeko teknikak.

i) Komunikazio-sistema handigarriak eta alternatiboak.

j) Gizarte-trebetasunak.

k) Lehen laguntzak.

l) Komunikazio-bitartekotzako proiektua.

m) Ingeles teknikoa.

n) Laneko prestakuntza eta orientabidea.

n) Enpresa eta ekimen sortzailea.

o) Lantokiko prestakuntza.

I. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

Hezkuntzaren alorrean eskumena duen Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

3.– Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezarri da hori guztia.

4.– Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 13 asteetan gauzatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien aldeko ebaluazioa lortuta egingo da.

5.– Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Espazioak eta ekipamenduak.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

7. artikulua.– Irakasleak.

1.– Heziketa-ziklo honetako irakasgaiak osatzen dituzten lanbide-moduluen irakaskuntza honako hauen esku egongo da: bigarren hezkuntzako katedradunen kidegoko irakasleak, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleak eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak, Dekretu honetako IV. eranskinaren 1. zenbakian ezarritako espezialitateek eskatzen dutenaren arabera.

2.– Aipatu irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateen titulazio baliokideak, irakasteari dagokionez, Dekretu honen IV. eranskinaren 2. atalean jaso dira.

3.– Irakasle espezialistek eskumena izango dute dekretu honen IV. eranskineko 1. paragrafoan zehaztutako lanbide-moduluak irakasteko.

4.– Irakasle espezialistek otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 12. artikuluan xedatutako betekizun orokorrak bete beharko dituzte irakaskuntzako funtzio publikora sartzeko. Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetara sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena.

5.– Gainera, lanbide-moduluaren barnean sartutako prozesuen beharrei erantzuten zaiela bermatzeko, irakasle espezialistek, izendapen bakoitzaren hasieran, dagokien lan-esparruan ezagututako lanbide-esperientzia egiaztatu beharko dute, behar bezala eguneratua. Izan ere, izendapenaren aurre-aurreko lau urteetan gutxienez bi urteko lanbide-jarduna frogatu beharko dute.

6.– Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barnean hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean eman dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez –ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak–.

7.– Sailaren ardura izango da lanbide-moduluak ematen dituzten irakasleek zehaztutako eskakizunak bete ditzaten, bermatuz horrela irakaskuntza horien kalitatea.

IV. KAPITULUA
BESTE IKASKETA BATZUETARAKO SARBIDEAK ETA LOTURA. BALIOZKOTZEAK, SALBUESPENAK ETA EGOKITASUNAK. BALIOKIDETASUNAK, ETA ONDORIO AKADEMIKOAK ETA PROFESIONALAK. URRUTIKO ESKAINTZA ETA BESTELAKO MODALITATEAK

8. artikulua.– Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasunak, egindako Batxilergoko modalitateei eta gaiei dagokienez.

Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasuna izango dute Giza eta Gizarte Zientzien Batxilergoko modalitatea egin duten ikasleek.

9. artikulua.– Beste ikasketa batzuetarako sarbideak eta haiekiko lotura.

1.– Komunikazio-bitartekotzako goi-mailako teknikari-tituluak aukera ematen du goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere horretan onartzeko ezartzen diren baldintzetan.

2.– Komunikazio-bitartekotzako goi-mailako teknikari-tituluak aukera ematen du graduko edozer unibertsitate-titulutara zuzenean sartzeko, betiere horretan onartzeko ezartzen diren baldintzetan.

3.– Hezkuntzaren alorreko eskumendun Sailak zehaztuko du Komunikazio-bitartekotzako goi-mailako teknikari-tituluak eta berarekin loturaren bat duten unibertsitate mailako tituluak baliozkotzeko araubidea. Baliozkotzeko erregimena errazteko, 120 ECTS kreditu esleitu dira dekretu honetan ezarritako irakaskuntzetan, heziketa-zikloko lanbide-moduluen artean.

10. artikulua.– Baliozkotzeak, salbuespenak eta korrespondentziak.

1.– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabideko modulua edo Enpresa eta ekimen sortzaileko modulua gaindituak dituenak modulu horiek baliozkotuak izango ditu lege horren babespeko beste ziklo guztietan.

2.– Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

4.– Laneko esperientziaren bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan xedatutako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:

– Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

– Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko xedatutako prestakuntzaren egiaztagiria badute –Prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da–.

5.– Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles Teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5. artikuluan xedatutakoaren indarrez.

6.– VI. eranskinean jasotzen dira komunikazio-bitartekotzako goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako konpetentzia-atalen egokitasuna lanbide-moduluekin, horiek baliozkotu edo salbuesteko, eta titulu honetako lanbide-moduluen egokitasuna konpetentzia-atalekin, horiek egiaztatzeko.

11. artikulua.– Urrutiko eskaintza eta bestelako modalitateak.

Hezkuntzaren alorrean eskumena duen Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.

Errege-dekretu honetan Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du lanbide-ardurak betetzeko, hau da, laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueren pareko lanbide-ardurak, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Ardura horiek jasota daude Prebentzio-zerbitzuen Araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Metodologia berriz egindako proiektuak baimentzea.

Lanbide Heziketaren alorrean eskumena duen Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean xedatutakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala