LAA. LAAen LURRALDE EREDUA.
Ingurune Fisikoaren antolaketa.1. Interpretatzeko gakoakIngurune Fisikoari buruzko kapituluak egungo egoeraren diagnostikoa eta baliabide naturalek eta lurzoru urbanizaezinak gizarte-eskari berrien eta lurraldearen ekonomi egiturako aldaketen testuinguruan izan behar duten eginkizuna hartzen ditu abiapuntutzat. Laburbilduta, diagnostiko hau arazoak eta aukerak lurraldearen eta bere baliabide naturalen ikuspegitik deskribatzen dituzten lau multzo handitan bil daiteke: Lehenik eta behin, sistema natural garrantzitsuen degradazio-prozesu historikoa. Atal honetan baso autoktonoen atzerakada, uren poluzioa, balio handiko fauna-habitaten degradazioa eta kostaldeko ekosistemen narriadura dira prozesu nabarmenenak. Aurrekoaren ondorioz, aldakuntza garrantzitsua izan da lurraldean gertatzen diren prozesu naturaletan: higadura-fenomenoak eta material-lerradurak azaldu dira, basoko suteak eta, batez ere, uholde-arriskuak nabarmenki egin du gora.Fenomeno hauek, guztiz kaltegarriak, giza iharduerak ingurune fisikotik bereiz ulertu izanaren ondorio dira. Honen adibide garbiak dira produkzio-iharduerek oro har eta bereziki isurketek eragindako degradazioa, asentatzen direneko ingurune fisikoaren ezaugarriak kontuan hartu gabe garatutako urbanizazio-prozesuak eta, oro har, ingurugiro-balioei jaramonik egiten ez dien garapen-dinamika. Jarraibide historiko hauek aldatzeak duen berezko balioaz gainera, egungo panorama sozioekonomikoan EAEko Ingurune Fisikoa etorkizuneko garapenerako aukera bikain gisa ageri da. Izan ere, ongizate eta hazkunde ekonomikorako ezinbesteko baldintza da, ingurune naturala baliabideen eta bizi-kalitatearen hornitzaile gisa ulertuz, hondakin solido eta likidoen berrerabilpena hondakinak pilatzearen alternatiba produktibo bihurtuz, landa-zonetan produkzio-sektore tradizionalen krisialdia konpentsatuko duten iharduera osagarriak sortuz eta, oro har, ingurune fisikoa oinarrizko azpiegituratzat ulertuz, bere kalitateak gero eta eginkizun garrantzitsuagoa beteko baitu produkzio-iharduera berritzaile eta erakargarrienak non kokatu behar diren erabakitzerakoan. 2. Etorkizuneko ikuspegia. Etorkizuneko erronka eta desafioak.
Ingurune Fisikoa Antolatzeko Artezpidea hiru atal handitan antolatzen da: Artezpide Orokorrak, Ingurune Fisikoaren Elementu eta Prozesuei eta Ihardueren kontrolari buruzkoak; Artezpide Partikularrak, Lurzoru Urbanizaezinerako ezarritako Lurralde Eredua definitzen duten Antolamendu Kategoriei buruzkoak; eta Positiboki Iharduteko Proposamenak, LAAetatik herri-erakunde desberdinei iradokitzen zaizkien Ingurune Fisikoaren baliabideen kudeaketa egokia lortzera zuzendutako ekimen batzuk biltzen dituztenak. Antolamendu Kategoriak irudikatzen dituen Erreferentziazko Kartografia orientatzeko besterik ez da, eta udal-plangintzak definitu beharko du. Ingurune Fisikoari buruzko kapituluaren ikusmoldeak helburu hirukoitza dauka. Lehenik, baliabide naturalak kudeatzeko irizpide orokorrak ezartzea eta lurraldean garatu beharreko iharduerak kokatzerakoan eta iharduteko erak ezartzerakoan ingurugiroari buruzko alderdiak sartzeko oinarrizko arauak definitzea. Bigarrenik, Urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoruaren antolamendurako irizpideak definitzea, Antolamendu Kategoriak ezarriz eta lurzorua kalifikatzeko izendapenak eta Kategoria bakoitzean erabilerak arautzeko orientabideak homogeneizatuz. Azkenik, beren balio berezia dela-eta kontserbatzeko tratamendu berezi bat eman behar zaien lurraldeko areak ezartzea. Ikusmolde hau balio handieneko elementu naturalak babestera zuzenduta dago, Ingurune Fisikoaren harrera-ahalmenarekin bat datorren ihardueren eta plangintzaren garapena lortzera, eta kontserbazio-egoera onean dagoen ingurune natural erakargarri bat oztopo ez baizik aldeko faktoretzat izango duen ekonomi garapena ahalbidetzera. 5. Ingurune fisikoaren elementu eta prozesuei eta ihardueren kontrolari buruzko artezpide orokorrak.5.1.Artezpide Orokorrak EAEko lurralde osoari dagozkio, honen hirigintza-sailkapena edonolakoa dela ere, eta Ingurune Fisikoaren elementuak tratatzeko eta bertan eragin zuzenena izan dezaketen iharduerak garatzeko hainbat arau, irizpide eta gomendio planteatzen dituzte. 5.2.Artezpide Orokorrak EAEko lurralde osoari dagozkio, honen hirigintza-sailkapena edonolakoa dela ere, eta Ingurune Fisikoaren elementuak tratatzeko eta bertan eragin zuzenena izan dezaketen iharduerak garatzeko hainbat arau, irizpide eta gomendio planteatzen dituzte. A. LURZORUAREN TRATAMENDUA a1. Lurzorua oinarrizko baliabidea da, lehen produkzioko ihardueren funtsezko euskarria eta prozesu natural ugariren ezaugarriak mugatzen dituen, giza asentamenduetan eragina duen eta arrisku naturalen agerpena baldintzatzen duen oinarri fisikoa baita. Horregatik, lurzorua kontserbatzeak eta bere potentzialtasunak aprobetxatu baina hura narriatuko ez duten erabilerak esleitzeak lehentasunezko helburua izan behar dute lurraldea antolatzeko edozein prozesutan. a2.Baso-masak funtsezkoak dira lurzorua finkatu eta babesteko. Hori dela-eta, babespeko espazioen plangintzarekin zein basoen kudeaketa orokorrarekin zerikusia duten eta basoareen funtzioak zuzen betetzeari dagozkion arazo edo gai guztiak antolamendu beraren barruan integratu behar dira. Espezieak eta erabiltzeko moduak lurralde-helburuen arabera egokitzeko aukera emango duen lurralderako baso-eredu baten ezarpenak oinarrizko hiru ekintza izan behar ditu abiapuntutzat:
a3. Basorako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plan bat egingo da Landarako Euskal Plan Estrategikoaren (LEPE) arabera. Plan honetan, babesteko helburua duten oihaneztatze-proiektuak, basoak lurraldearen ezaugarrien arabera ustiatzeko arauak eta lurzoruaren egungo degradazio-prozesuak bukarazteko burutu beharreko gainerako ekintzak zehaztuko dira. Plan honek arrisku naturalen prebentziorako esparru orokor gisa ihardungo du eta bere edukiak higadura edo lerradura-arriskua duten zonen landare-tratamendua eta hidrologia eta baso-mailako zuzenketa-premiak barne hartuko ditu; horretarako, Uholdeen Prebentziorako Plan Integralak (UPPI) gai honi buruz egiten dituen gomendioak kontuan hartuko ditu. Arriskua duten zona horien mugaketa bilduko du; horretarako, Foru Aldundiek egindako Kartografia Geomorfologiko Sintetikoan inspiratuko da, zona horietan dauden higadura eta lerradura-arriskuen ebaluazioa eginez, azpizonak eta hauetako bakoitzean iharduteko proposamenak definituz eta, halaber, finantza-kostuak eta kudeatzeko erak zehaztuz lurzoruaren jabetza kontuan hartuta. a4.Plan hori onartzen ez den bitartean, honako arau hauek ezartzen dira:
a5. Nekazaritza-lurzoruak euskarri hutsezko funtziotik harantz doazen ezaugarriak ditu. Bere izaera erreproduzitu ezinekoak, urritasunak eta lehen sektoreko ihardueretarako duen garrantziak, EAEn bereziki garrantzitsua den babesa aholkatzen dute. Izan ere, Autonomia Erkidegoan kalitatezko lurzoruak oso urriak dira eta hiri, industria eta azpiegitura-erabilerek egiten duten presio handiak hondatu egiten ditu, bereziki trinkoa izanik ibarren hondoak bezalako zona egokietan. Lurzoru hau antolatzeko lehen urratsa inbentario bat egitea izango litzateke. Nekazaritza-balioari eta lurraldearen nekazaritzarako egokitasunari buruzko irizpideak kontuan hartuz babestu beharreko ezaugarri berezietako lurzoruak bilduko lituzke inbentario honek. a6. Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planek, Lurraldearen Antolamendurako Zatiko Planek eta udal-plangintzak lurzoruaren nekazaritza-ahalmena eta narriaduraren aurreko hauskortasuna hartuko dituzte obrak eta azpiegiturak ezartzeko irizpidetzat, eta beren balioetan eragina izan ditzaketen garapen hiritar eta ekonomikoko prozesuetatik baztertu behar direnak mugatuko dituzte. Babes hau, beren produktibitatea edonolakoa dela ere, nekazaritza-erabileren bideragarritasunerako kontserbatu beharrekoak diren lurretara zabalduko da, LEPEn ezarritako landa-garapenerako lerroekin bat datozen irizpideei jarraiki. B. LANDAREDIAREN TRATAMENDUA b1. Bioaniztasunak (bizi-forma guztiak aldaera guztietan: ekotipoak, arrazak, azpiespezieak eta abar) bizirik iraungo duela ziurtatzea da naturaren kontserbazioaren eremuan nazioarteko kezkarik handienetako bat, ondare genetiko errepikaezina da-eta. b2. Endemismoek, batzuetan beren habitat lokalaren leku geografiko txikian besterik ez dauden espezie gisa sortutako konbinazio genetikoek eta bestetan, aldiz, eremu zabalagoko espezieen aldaera lokal gisa sortutakoek, gizakiaren gizartearentzat guztiz interesgarriak diren joerak adierazten dituzte eta, hortaz, lehentasunezko babesa behar dute. b3. Aurrekoa lortu ahal izateko, lurraldean garatutako erabilerek balio bereziko ingurune natural bat zaindu duten eta herritar gehienentzat ekologi eta kultur erreferentzia bihurtu diren espazio zabalak antolatzeko abiarazi diren lerroak lantzen jarraituko da. b4. Lerro hau zabaldu egingo da eta EAE osoko habitat, espezie eta indibiduo berezien babesa barne hartuko du. Horrez gain, truke genetikoa bermatuko duten habitat desberdinak elkarrekin konektatzeko iraganbide ekologikoak zaindu eta leheneratu egin behar dira. b5. Lurralde-ekintza guztietan, arreta berezia jarriko da landarediaren babesean, zuhaitz-masa autoktonoen kontserbazioan batik bat. C. FAUNAREN TRATAMENDUA c1. Ez da ezarriko faunaren zirkulazio librea eragoz dezakeen barrera artifizialik. c2. Goi-tentsioko linea elektrikoen instalazioa hegaztiak elektrokutatzea eragotziko duten gailuak erabiliz egin beharko da. D. LURRAZALEKO UREN TRATAMENDUA d1.Epigrafe honek EAEko urtegi, ibai eta erreken aldamenean dauden lur urbanizaezinen, urbanizagarrien eta hiri-lurren lurralde-antolamendua du aztergai. Ubide iraunkorrak ulertuko dira ibaitzat eta errekak, berriz, urtaroen araberako zirkulazio hidrikoa dutenak izango dira. d2.Urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoruan Lurrazaleko Urak Babesteko Antolamendu Kategoriarako ezarritako zehaztapenak aplikatuko dira, 6.8.7. Artezpidean azaltzen denaren arabera. Antolamendu-kategoria hau adierazitako elementuek eta hauei dagokien babes-zonak osatzen dute. Sare hidrografikoko babes-zerrenden zabalera, ibai eta erreka, aintzira eta urtegien multzorako, urek ohiko urbolada handietan duten gehienezko mailatik edo gehienezko urtegi-mailatik neurtuta, EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planak zehaztuko du. EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko LAAP hau behin-betiko onartzen den artean, plangintza orokorrak eta hiri-plangintzak Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordeak horretarako erabili ohi dituen irizpideak hartuko ditu aintzakotzat. d3. Sare hidrografikoaren aldamenean dagoen urbanizagarri gisa sailkatutako lurzoruan, EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko LAAP behin-betiko onartzen den artean, udal-plangintzak Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordeak horretarako erabili ohi dituen irizpideak hartu beharko ditu kontuan. Eraikinek ibai-ubidearekiko mugan duten gehienezko lerrokaduraren eta uren gehienezko mailaren kanpoaldeko lerroaren artean dagoen espazioan Lurrazaleko Urak Babesteko Zona bat ezartzean dautza irizpide hauek. d4. Lurzoru urbanizagarrian, Lurrazaleko Urak Babesteko Zona espazio libreen sistema/berdegunetzat hartuko da eta derrigorrezko eta doako lagapen bidez lortu ahal izango da, lurzoru urbanizagarriko aldameneko sektorearen kargura. d5. Sare hidrografikoaren aldameneko hiri-lurzoruko lurretan, egun dagoen antolamenduari eusteko beharrezkoa denean, d3 idazatian lurzoru urbanizagarrirako adierazitako babes-zerrenden zabalera murrizteko baimena eman dezake udal-plangintzak, beti ere aldez aurretik murrizketa hori eta lurzoruaren destinoa justifikatuta. Dena den, Uren Legean adierazitako herritarren erabilerarako zortasunak bere horretan utziko dira. d6. Udal-plangintzak, Uren Legean eta berau garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera, lurzoruaren erabilerak baldintzapean dituen Lurrazaleko Urak Babesteko Zona urbazterren alde bietan 100 metroko distantziaraino zabal dezake lurzoru urbanizagarrian eta urbanizaezinean, udalerriko ubideen eta ur-masen berariazko ezaugarrien arabera eta arrisku naturalari buruzko irizpideak eta Eusko Jaurlaritzaren "Uholdeen Prebentziorako Plan Integralaren" gomendioak kontuan hartuta. d7. EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana idatziko da. d8. Oro har, EAEko lurrazaleko baliabide hidriko guztietarako, edozein ur-aprobetxamendu eman baino lehen, froga bidez ziurtatu beharko da gutxieneko emari ekologikoari eutsiko zaiola. d9.Debekatuta dago itsasoan, herri-ubideetan, urtegietan, ureztatze-erretenetan edo lurpeko akuiferoetan urak poluitu eta herritarren osasunari edo aprobetxamenduei kalteak eragin diezazkiekeen konposizio kimiko edo fisikoa edota eduki bakteriologikoa duten urak zuzenean edo zeharbidez isurtzea. Isurkiak sor ditzakeen edozein ihardueratarako lizentzia lortu ahal izateko, sare orokorrera zuzenean konektatzen direnak izan ezik, lurrazaleko, lurpeko edo itsasoko urak ez poluitzeko moduko tratamendua justifikatu beharko da. Hondakin-uren tratamenduak ingurune hartzailearen autodepurazio-ahalmena errespetatu beharko du, emaitzazko uren kalitatea destinatzen direneko erabilerei exiji dakiekeen kalitate-arauen barruan egon dadin. Herri-ubideen kasuan, kalitate hori beren legezko sailkapenak ezarritako mugetara egokituko da. E. LURPEKO BALIABIDE HIDRIKOEN TRATAMENDUA e1. Administrazioak eraginkortasunez kontrolatu beharko ditu akuiferoak, bi helburu lortzearren: uren kalitateari eustea eta hauen mailaz gorako ustiapena baztertzea. e2. Lurpeko uren Urrakortasun-Areak ezartzeko erreferentzi esparrua Eusko Jaurlaritzaren 1:25.000 eskalako Kartografian jasota dagoen "Akuiferoek Poluzioaren aurrean duten Urrakortasunaren Mapa" izango da. e3. Beren toxikotasuna edo konposizio kimiko edo bakteriologikoa dela medio, lurpeko zein lurrazaleko urak polui ditzaketen hondakin-urak sortzen dituzten edozein motatako instalazioek ezin izango dute putzurik, zangarik, galeriarik edo lurrak ur horiek zurgatzea ahalbidetuko duen bestelako gailurik eraiki. Saneamendurako hobi septikoen eraikuntza lurrazaleko edo lurpeko uren kalitatearentzat inolako arriskurik ez dutela behar bezala bermatuta dagoenean baino ezin izango da baimendu. Dena den, edozein motatako isurketak sortzen dituzten ihardueretarako lizentzi eskabideek indarrean dagoen legeriak isurketak baimentzeko exiji ditzakeen datu guztiak barne hartu beharko dituzte eta isurketa hauek ezin izango dira ba menik gabe egin. F. ITSASERTZEKO ESPAZIOAREN ETA ITSAS INGURUNEAREN TRATAMENDUA f1. Kostaldeko iharduketa guztiek indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituko diote, bai itsasoko eta lehorreko herri-jabariko zonari, bai babes eta iragan-zortasuneko eta eraginpeko zonei dagokienez. Lurraldearen Antolamendurako Zatiko Planek zehaztapen osagarriak ezarri ahal izango dituzte beren aplikazio-eremuaren azterketa xehekatuak abiapuntutzat hartuta. G. PAISAJEAREN TRATAMENDUA g1.Gizakiak mendeetan zehar bertan esku hartu izanak nabarmenki baldintzatu du paisajea. Halaber, gizakiaren kultur praktika jakin batzuek edertasun bereziko paisaje antropizatuak modelatu dituzten bezala, beste zenbaitetan gizakiaren eragina guztiz kontrakoa izan da, eta paisajearen degradazioa eragin du, sarritan lurraldearen degradazio ekologikoari loturik egoten dena. g2. Paisaje orok ahalik eta kalitate-maila handiena eduki behar du, lurraldeko baldintza fisikoen eta bertan eragina duten faktore sozioekonomikoen arabera, baina egin daitezkeen ahaleginak egin behar dira begi-bistan dauden zonetan paisajea hobetzeko, populazio gehienak paisajearen pertzepzio harmonikoagoa izan dezan. Zentzu honetan, tratamendu paisajistiko berezia izan behar duten eta iharduketa bisualki negatiboen presentzia baztertu behar den zona bisualak katalogatu beharra dago. Hauen egoera aztertuta, behar dituzten kontserbazio edo berriztapen paisajistikorako mekanismoak zehaztu beharko dira. Halaber, zedarri eta berezitasun paisajistiko naturalak, hala nola harkaitzak, gailurrak, ehun urtetik gorako zuhaitzak eta abar, edo gizakiak eraikitakoak, hala nola zelatari-dorreak, baselizak, errotak, antzinako elektrizitate-zentralak eta abar, beren ikus-eremua kontuan izango duten babes-perimetroetan inskribatuta utzi behar ditu plangintzak.Halaber, paisajearen egungo modelatua hausten duen obra edo iharduketa orori, sor ditzakeen eragin negatiboak minimizatzeko dagokion azterlan paisajistikoa egin dezan eta dagozkion berriztapen paisajistikorako iharduketak buru ditzan exijitu behar zaio. Horrela, garraio-azpiegiturak ezartzeko obra berri guztiek egokitzapen paisajistikoa burutzeko obra-unitateak eduki beharko ditu proiektuan, aurrekontuan behar bezala sartuak. Ikus-eragin garrantzitsua sor dezaketen ezaugarriak dituzten instalazioak ezartzerakoan, hala nola zabortegiak, ibilgailu-pilategiak, txatartegiak, goi-tentsioko lineak, ITB errepikagailuak eta abar, hauek paisajean duten eragina kontuan hartu beharko da. Lurzoru urbanizaezinean ez da euskarri naturalen gainean jarritako kanpo-publizitateko inolako modalitaterik onartuko. g3. Bisualki hurbilerrazenak diren zonen katalogazioa komunikabideen, hiriguneen eta elementu kultural eta natural berezien inguruetan kontzentratuko da. Administrazioak etengabeko jarraipena egingo die paisajearen gaineko eragin handiena duten iharduketei. g4. Herriaren paisajea zaintzerakoan erakutsi beharko den sentikortasun berezia, halaber, iharduketa bakoitzari dagokion arloko Araudiarekiko errespetuaren bitartez lortu beharko da, eta dagozkion Lurralde Plan eta Udal Planetan garatu beharko da.Zehazki, lurralde eta arlo-mailako garapen-plangintzak espazio marjinalen eta herri-jabariko espazioen tratamendu paisajistikoa aztertuko du, baita edozein motatako herri-lurzoruaren mugabanaketa eta berreskurapena eta bideen eta bestelako herri-elementuen gaineko zortasunen jagoletza ere. H. INTERES ZIENTIFIKO KULTURALEKO AZTARNATEGIEN BABESA h1. Lurzoru Urbanizaezinean kokaturik dauden aztarnategi arkeologiko eta paleontologikoak lurralde eta hirigintza-plangintzak seinalatuko ditu eta Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeak zehazten dituen babes-arauak eta babes-erregimenak ezarriko dira, baita LAA hauen 17. kapituluan eta dagokion arloko plangintzan bildutakoa ere. 5.3. Ihardueren kontrolari buruzko Artezpide Orokorrak A. AZPIEGITURAK a1. Azpiegitura guztien kokalekuak eta diseinuak hainbat alternatiba planteatu behar ditu, lurraldearen harrera-ahalmenari buruzko aldez aurreko edo aldi bereko azterlan batean oinarrituta. Azterlan hori Artezpide hauen irizpideei jarraiki egin beharko da eta gutxienez jarraian adierazitako alderdiak zehatz-mehatz jorratuko ditu:
B. ERAUZKETA-IHARDUERAK b1. Erauzketa-ihardueretarako baimenek, urak askatasunez pasatzeko oztopo izan daitezkeen edo material edota substantzia poluitzaileak arrastaka eramateko arriskuak sor ditzaketen aldapetan, sakanetan edo ubideetan materialak pilatzeko debekua bilduko dute beren baitan. b2. Harrobi Zonetarako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Plana, aire zabaleko ustiapenak ezar daitezkeen zenbait kokapenen zonifikazioa dakarrena, erreferentzia esparrua izango da horrelako erauzketa-iharduerak era bateratsuan tratatu daitezen. b3. Udal plangintzak erauzketa-ihardueren eraginpean dauden zonen zein erabilera horietarako izan daitezkeenen mugaketa barne hartu beharko du. b4. Arloko plangintzak eta administrazio publikoen iharduketek erauzketa-ihardueren eraginpeko zonak birgaitzeko edozein obra motak sorturiko hondakin solido inerteak zuloak betetzeko material lez erabil dezaten ahalegindu beharko dute, izan ditzaketen gaitasun zientifiko-didaktikoen kaltetan izan gabe. b5. Meagintzako prospekzio eta ikerketa iharduerak ez dira LAA hauen ondorioetarako erauzketa-ihardueratzat joko, horientzako berariazko arautegiak arupetu beharko dituelako. C. HIRIGINTZA ETA ERAIKUNTZA-IHARDUERAK c1. Izaera orokorrez, Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen diren hirigintza-garapenak dagokien Udal Plangintzak ezarritako zehaztapenetara egokituko dira eta plangintza hau, era berean, une bakoitzean indarrean dauden udalaz gaindiko Plan eta Artezpideetara. Udal-plangintzak oso kontuan izango du hirigintza-garapenerako edozein proposamenek Ingurune Fisikoaren gainean izan lezakeen eragina. c2. Garapen horiek, jakina, bestelako erabilerekin oreka gordez egin beharko dira, lurraldearen balio natural, paisajistiko eta produktiboen iraunarazpena babestuz. Eraikuntza sakabanatuetan gauzatzen diren egoitza-erabilerei arreta berezia eskaini beharko zaie, lurzoruaren okupazioan dituzten ondorioak eta ingurunean duten eragina okupatzen duten espazio fisikoa baino askoz harantzago heltzen baitira. c3. Debekatuta dago lurzoru urbanizaezinean etxebizitza isolatuak eraikitzea, nekazaritza-ustiategiari loturik daudenean izan ezik. c4. Landa-inguruneko etxebizitza familiabakar edo familiabikoen eskaria landa-auzuneetara edo hirigintza-arloan erabilera hori hartzeko sailkatu eta kalifikatutako eremuetara zuzendu behar da. D. HONDAKIN SOLIDOEN ZABORTEGIAK d1. Hondakin solidoen garraio, pilaketa, tratamendu eta kontrola ezarri eta kudeatzeko erreferentzi esparrua Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Hondakin Solido Inerteen Zabortegiak eta Segurtasunekoak Kudeatzeko Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planek osatuko dute. d2. Aipatutako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planek edo, halakorik ezean, udal-plangintzak ondokoak egin beharko dituzte: a. Hondakinak sortzen dituzten iharduera-moten arabera isurketak egiteko egokiak ez diren areak seinalatu. Horretarako, Artezpide hauetan ematen diren irizpideak udal-mailan zehaztu beharko dituzte. b. Egun dauden zabortegi kontrolatu gabeen baldintzak aztertu, hauen kokaleku eta funtzionamenduaren ondoriozko eraginak antzeman ahal izateko. Horrez gain, eragin horiek zuzentzeko hitzarmenak, epeak eta finantza-baliabideak aurreikusiko dituzte eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiro- zerbitzuekin edo Foru-mailakoekin lankidetzan ihardunez programatuko dute egun dauden zabortegi kontrolatu gabeen ezabaketa edo zigilatzea. c. Zabortegi berriak ezartzeko kokalekurik egokiena seinalatu, eraginpeko lurrak Azpiegituretarako Sistema Orokor gisa kalifikatuz. d3. Debekatuta dago hondakinak, zaborrak edo edozein motatako kondarrak horretarako ezarritako lekuetatik kanpo botatzea. Honelako ihardueretan aritzea plangintzaren urrapentzat joko da eta lurzorua jatorrizko eran utzi beharra ekarriko du, dagokion arloko legeriaren arabera egin litezkeen bestelako ekintzen kaltetan izan gabe. E. TURISMO ETA JOLAS IHARDUERAK e1. Turismo eta jolas-iharduerak dagozkien Lurralde Planen edota Udal Planen bitartez arautuko dira, motoredun ibilgailuetan oinarritutakoak batik bat. e2. Garapen-plangintzak lurraldeak aire zabaleko aisia eta jolaserako dituen aukerak baloratu eta jolas-erabilerarako egokitzeko modukoak diren areak seinalatuko ditu. e3. Turismo-kanpamentuak lurzoru urbanizagarrian baimen daitekeen erabileratzat hartzen dira, beti ere plangintzak debekatzen ez baditu. Horretarako lizentzia lortu ahal izateko, arloko legeria aplikagarrian agindutakoa bete beharko da (Eusko Jaurlaritzaren 41/81 eta 178/89 Dekretuak). Baimen hau ez da inolaz ere emango bere lokomozio-bide propioen edo automobilen bidez ezin garraiatu diren aterpeak instalatzeko.Turismo-kanpamentu gisa erabiltzeko baimena duten finkak zatiezintzat joko dira. Zirkunstantzia hau Jabetza-Erregistroko albo-oharrean jasota geraraziko da. e4. Golf-zelaiak instalatzen direnean, ur birziklatuak erabiliko dira ureztatzeko, asentatzen deneko lurraren jatorrizko topografia bere horretan utziko da eta zonarako belar-espezie egokiak landatuko dira. Ongarriak, produktu fitosanitarioak eta plagizidak erabiltzeari buruzko lege-arauak eta gainerako xedapenak kontuan hartu beharko dira. F. NEKAZARITZA IHARDUERAK f1. Nekazaritza, basozaintza, abeltzaintza eta akuikultura hartzen dira nekazaritza-ihardueratzat. f2. Arau orokor gisa, nekazaritza-azalera erabilgarriari eusteko ahaleginak egingo dira. f3. Nekazaritza-iharduerek eta egungo nekazaritza-lurzoruetan garatzen diren erabilerek LAA hauetan eta Lurralde-Planetan xedatutakoari jarraitu beharko diote. f4. Euskal baserriak Euskal Autonomia Erkidegoko landa-paisaiaren osagaiak dira eta ihardunean iraunarazteko erraztasunak eman behar zaizkie. Zentzu honetan, nekazarien errenta dibertsifikatzea proposatzen da, hau da, Landarako Euskal Plan Estrategikoan onartutako landa garatu eta ingurune naturala kontserbatzeko iharduketa-lerroak abiaraztea. f5. Nekazaritza-ustiategiei loturiko eraikuntzek aprobetxamenduaren intentsitateari egokitutako menpekotasun-erlazio eta proportzioa gordeko dute. f6. Nekazaritza-industrietarako hirigintza-lizentzia lortu ahal izateko, aldez aurretik nekazaritza-administrazio aginpidedunak horretarako baimena eman beharko du. f7. Basozaintza-iharduerek Eusko Legebiltzarrak 1994ko maiatzaren 26an onartutako Landarako Euskal Plan Estrategikoan (LEPE) definitutako Basorako Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planean ezarritakoa izango dute orientabidetzat, honako helburu hauek izanik:
6.1. Antolamendu Kategoriak LAAek Ingurune Fisikorako egindako Lurralde Ereduaren proposamenak dira (ikus Matrizea). Lurraldea arlo homogeneotan zonifikatzen dute, arlo bakoitza harrera-ahalmenaren arabera definituz eta bakoitzari erabilera-arautze espezifikoa aplikatuz, bere ezaugarrien arabera. Helburu bikoitza dute: batetik, hirigintza-plangintzak lurzoru urbanizaezina kalifikatzeko erabiltzen dituen izendapenak homogeneizatzea eta, bestetik, lurzoru-mota hori antolatzeko irizpide orokorrak ezartzea Lurralde Plangintzan eta Udal Plangintzan, Lurzoru Urbanizaezineko erabileren eta ihardueren arautzea orientatuz. 6.2. Adierazitako kategorietako batzuetan elkarrekikotasuna dago ingurune fisikoaren ahalmenaren eta lurraldearen egungo errealitatearen artean. Beste kasu batzuetan, Artezpide Partikular hauek Kategoriak ezartzen dituzte, ekintza positiboko neurriak garatzeko abiapuntu gisa, identifikatutako bokazioaren arabera egungo erabilera egoera egokiago batera moldatu ahal izateko. 6.3. Hona hemen proposatutako Antolamendu Kategoriak:
6.4. Garapen-plangintzak (Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak, Plangintza Arau Subsidiarioak, Lurraldearen Antolamendurako Zatiko Planak eta abar) LAAetan ezarritako Antolamendu Kategorien izendapenak eta irizpideak erabiliko dituen kalifikazio bat ezarriko du Urbanizaezin gisa sailkatutako lurzorurako. Aztergai den zonako berezitasunen arabera, azpikategoria gehigarriak ezar daitezke. LAAak onartzen diren unean 1976ko Lurzoruaren Legera egokitutako plangintzarik ez duten udalerrietarako, Ingurune Fisikoa Antolatzeko Artezpide hauek beren zehaztapen guztiei aplika-tzekoak izango dira plangintza berria onartzen ez den artean. 6.5. Garapen-plangintzak (Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak, Plangintza Arau Subsidiarioak, Lurraldearen Antolamendurako Zatiko Planak eta abar) erabilera eta ihardueren arautze espezifikoagoa ezarri ahal izango du Antolamendu Kategoria bakoitzean, beti ere LAA hauetan izaera orokorrez araututakoa eta dagokion lurralde-eremuko baldintza partikularrak kontuan hartuta.6.6. Antolamendu Kategorietan Erabilerak eta Iharduerak Arautzea: Ingurune Fisikoaren Antolamendu Matrizea. 6.6.1. Ingurune Fisikoaren Antolamendu Matrizean Antolamendu Kategoria bakoitzerako Artezpideak ezarritako hitzetan zehazten da lurraldearen eta ihardueren arteko erlazioa. Errenkadetako sarrera gorago zerrendatu ditugun Antolamendu Kategoriei dagokie eta zutabeetako sarrera, bestalde, Artezpidean kontuan hartutako egungo iharduerei eta iharduera potentzialei dagokie. Gurutzatze-laukiek dagozkien erabilerak eta iharduerak Antolamendu Kategoria bakoitzerako zein baldintzatan garatuko diren adierazten dute, honako ikur hauen arabera: Erabilera eta iharduera egokiak: (Matrizean "1" ikurraren bidez adierazten dira). Erabilera eta iharduera onargarriak: ("2" Ikurraren bidez adierazten dira). Gehienetan, kasuan kasuko erabilera edo iharduera egungo edo garatu beharreko plangintza-tresna edota araudi desberdinetan arautu beharko dela irizten zaio. Asteriskoak horixe adierazi nahi du. Erabilera eta iharduera debekatuak: ("3" ikurraren bidez adierazita, kasuan kasuko erabilera edo iharduera Antolamendu Kategoria horretan ez dela onartuko esan nahi du). Zuriz dauden laukiek dagokien antolamendu-kategorian iharduera horrek zentzurik ez duela esan nahi dute. 6.6.2. Garapen-plangintzak "Babes Berezia" delako kategorian sartzen dituen espazioetan erabilera-erregimena aldatzeko proposamenek, proposatutako ihardueren gizarte-justifikazioa eta alternatiben azterketa barne hartu beharko dituzte. Behin-betiko onarpena Jaurlaritzaren Kontseiluari egokituko zaio, Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordeak (EHLAB) txostena egin ondoren.6.6.3. Era berean, udal-plangintzak edo, hala badagokio, Lurraldearen Antolamendurako Zatiko Planek, LAAetan "Inguruaren Hobekuntza", "Basoa", "Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zona eta Landazabala", "Mendiko Larreak" eta "Lurrazaleko Uren Babesa" kategorietan debekatuta dauden iharduerak ahalbidetzen dituzten "Hirigintza Hazkundeak" baimenduz gero, gizarte-interesagatik beharrezkoak direla eta balio txikiagoko kategorietan barne hartutako lurzoruetan ezin kokatu direla adierazten duen alternatiben azterlana eduki beharko du. Plangintza horri behin-betiko onarpena eman ahal izateko, Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordeak horri buruzko aldez aurreko txosten loteslea eman beharko du. Izaera orokorrez, irizpide murriztailea aplikatuko da lehendik zeuden guneetan oinarritzen ez diren garapenetan. 6.6.4. Dena den, Lurraldearen Antolamendurako Zatiko Plan edo Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planik ezean, Udal Plangintzak LAA hauen irizpide eta helburuekin duen erlazioari buruzko azterlana barne hartu beharko du. 6.7. Ingurune Fisikoaren Artezpidean araututako egungo ihardueren eta iharduera potentzialen definizioa.Artezpide honetan barne hartu diren erabilera-motak ondokoak dira: A. INGURUGIROAREN BABESA a1. Kontserbazioa Egungo ezaugarriak eta egoera bere horretan uztea, gizakiak bertan esku hartu gabe, edo kasurik naturalizatuenetan zientzi edo kultur izaerako eskuhartzeak soilik burutuz, edo egungo erabilerarekin jarraitzea, gizakiak aktiboki parte hartuz garapen sostengarriko dinamika batean gainerako kasuetan. a2. Ingurugiroaren hobekuntza Kultur izaerako tratamenduak, aplikatzen direneko zona bere jatorrizko egoerara edo balio handiagoko oreka-egoera batzuetara bideratzeko gauza direnak. Hobekuntza hau era desberdinetakoa izan daiteke, esleitzen zaien unitateen kasuistika partikularraren arabera (inausketa selektiboak, kontrolpeko larratzea, garbiketa, landarediaren ezabaketa selektiboa, izurrite eta gaixotasunen tratamendua eta abar). B. AISIA ETA ASTIALDIA b1. Herritarren erabilera zabala Aisia, turismo, inguruneko hezkuntza eta interpretaziora zuzendutako erabilera eta gozamena, iharduera bigunetan oinarritua, ekipamendu adierazgarririk gabe: txangozaletasuna eta paisajea begiratzea; ingurune fisikoan ez dute eragin handirik, oinezkoak bertan ibiltzea besterik ez baitakarte, eta ez dute inolako azpiegitura edo egokitzapenik behar, arreta handiz egin eta paisajean integratuta egon ohi diren obra txikiak ez badira (erreken gaineko pasabideak, bidezidorrak, begiratokiak, eta abar).b2. Herritarren erabilera trinkoa Aisia, turismo, inguruneko hezkuntza eta interpretaziora zuzendutako erabilera eta gozamena, mota desberdinetako jolas-ihardueretarako lokalizatutako espazio batera egokitzea dakarten aisia edota harrerako ekipamenduetan oinarritua: kanpinak, aparkalekuak, mahaiak, eserlekuak, barbakoak, iturriak, komunak, haur-jolasak, paperontziak, zabor-erraustegiak edo zerbitzu-eraikinen bat. Halaber, erabilera honetan barne hartutzat jotzen dira golf-zelaiak eta motoredun ibilgailuen zirkulazioari loturiko iharduerak, bereziki moldatutako zirkuituetan zein interes orokorreko bideetan, ekintza antolatuetan edo nork bere kabuz garatuta. b3. Ehiza eta arrantza-iharduerak Ehizean edo arrantzan aritzea iharduera hauek arautzen dituen estatu edo autonomia-mailako araudiaren barruan. Era berean, lurraldea iharduera hauetarako kudeatzeko ahaleginak egin beharko dira: barrutiak, erreserbak eta abar. C. LEHEN SEKTOREKO BALIABIDEEN USTIAPENA c1. Nekazaritza Lurra laboreak lortzeko prestatzera zuzendutako iharduerak, laboreak bildu, aukeratu eta sailkatzea eta geroztik biltegiratu edo kontsumitzeko garraiatzeko moduan antolatzea barne hartuz, baita ureztatzea eta ureztatze-sailen edo negutegiko nekazaritzaren kasuan aprobetxamendu-intentsitate handiagoa ere. Honako hauek ere barne hartzen ditu: tresnak, laborantza-lanabesak eta nekazaritza-produktuak biltegiratu eta kontserbatzeko eraikuntzak; nekazaritza-produktuen produkzioa, erauzketa eta sailkapena eta produktuak merkaturatzeko beharrezkoa den lehen transformazioa edo hauen artisau-transformazioa; eta ureztatze-sailetarako edo negutegiko nekazaritzarako beharrezkoak diren obra eta instalazioak. Dena den, azalera eraikiak erlazioa izan beharko du zerbitzatzen duen ustiategiaren produkzio-ahalmenarekin edo, elkartea sortu duten produzitzaileen kasuan, ustiategien produkzio-ahalmenarekin. Antolamendu-kategoria desberdinen arabera berariazko mugak ezarri ahal izango dira. Nekazaritza edo abeltzaintzako ustiategi bati lotutako nekazariaren etxebizitza familiabakar edo familiabiko batek osatzen dituen etxeak barne hartzen dira, zuzeneko ustiategiari hertsiki loturik badaude eta aldez aurretik horien beharra frogatu bada. c2. Negutegiak Instalazio iraunkorrak, sartzen errazak eta laboreak bortxatu edo babesteko itxituraz hornituak, bertan laboreen zikloetako fase guztiak edo batzuk gara daitezke. Iharduerari lotutako eraikuntzak onartzen dira C1 idazatian azaldutako baldintzetan. c3. Abeltzaintza Oro har, lurra larreak eta bazka-laboreak lortzeko eta larreratzeko prestatzera zuzendutako iharduerak. Abeltzaintza-ustiategi estentsibo edo erdi-estentsiboei loturiko eraikuntzak onartzen dira C1 idazatian azaldutako baldintzetan. "Mendiko larreak" antolamendu-kategoriaren kasuan bereziki, larreratzeari loturiko iharduerak baino ez dira kontuan hartzen, eta larreen hobekuntzak egin daitezke mendia belar-sastrakaz garbituz eta produktu fitosanitarioak, zuzeneko ereintzak eta ongarriak kontrolpean aplikatuz. Salbuespen gisa, lur-iraulketak dakartzaten iharduerak egin ahal izango dira noiz edo behin. Larreratzeari zuzenean loturiko eraikuntzak baino ez dira onartuko (bordak eta abeltzaintzarako eraikuntza txikiak, uhaskak eta abar). Antolamendu-kategoria desberdinen arabera, berariazko mugak ezar litezke, "Babes berezia" kategorian batik bat, debeku edo muga bereziak ezar baitaitezke.c4. Basozaintza-erabilera Zuhaitz-espezieen landaketa edo ereintza barne hartzen du, bai babes ekologiko edo paisajistikoko helburu bereziarekin, bai helburu batez ere babeslearekin. Dena den, bi helburuok konbinatu eta bateratu egin behar direla ulertzen da, helburu nagusitzat babesa duten basozaintza-erabileretan ekonomi aprobetxamenduari uko egin gabe eta helburu nagusitzat produkzioa duen basozaintza-erabilera masen aprobetxamendu sostengarrirantz bideratuta antolatuz. Zuhaitz-masak maneiatzeko beharrezkoak diren instalazioak erabileran barne hartutzat jotzen dira, baita baso-ustiapenari loturik dauden eraikuntzak ere, C1 idazatian azaldutako baldintzetan. c5. Nekazaritza-industriak Ukuiluratze iraunkorreko erregimenpeko abeltzaintza-produkzio intentsiboetara destinatutako eraikuntzak eta ustiategi bati zuzenean loturik ez dauden lehen transformazioko nekazaritzako elikagaien industriak. c6. Erauzketa-iharduerak Meatze-baliabideak erauztera zuzendutako iharduerak eta hauei zuzenean loturiko iharduera lagungarriak. Tokian bertan dauden geologi baliabideak erauzi eta lehen tratamendua emateko eraikuntzak eta instalazioak barne hartzen dira. Meatze-baliabideen prospekzio eta ikerketak egiteko lanak ez dira barne hartzen. D. AZPIEGITURAK d1. Garraiabideak Autobideak, autobiak, errepideak eta trenbideak barne hartzen ditu, instalazio osagarri eta guzti. Halaber, azpiegituren kategoria honek pertsonak edo merkantziak garraiatzeko beste bide batzuk ere biltzen ditu, ingurune fisikoaren gaineko antzeko eragina dutenak. d2. Aireko lineak Energia elektrikoa garraiatu edo bana-tzeko sareak eta beste helbururen bat duten bestelako aireko lineak barne hartzen ditu, hauen euskarriekin eta sarearen osagarriak diren instalazioekin batera. d3. Lurpeko lineak Gasa, petrolioa eta produktu deribatuak eta ura garraiatu edo banatzeko sareak, saneamendukoak eta telekomunikazioenak eta lurpeko bestelako azpiegitura-sareak barne hartzen ditu, baita hauen instalazio osagarriak ere. d4. Zerbitzu ez-linealen instalazio teknikoak, A motakoak Instalazio-multzo zabala barne hartzen du: aire zabaleko azalera handiko ibilgailu-aparkalekuak, ura edangarri bihurtu eta tratatzeko plantak, urtegiak edo ur-depositu handiak; energia elektrikoa produzitzeko zentralak; 100 metro karratutik gorako azalerako transformazio-estazioak; gasa hartu edo produzitzeko zentralak; araztegiak eta hondakin solidoak tratatzeko plantak eta ingurune fisikoaren gaineko antzeko eragina duen herri-onurako beste edozein instalazio.d5. Zerbitzu ez-linealen instalazio teknikoak, B motakoak Hainbat instalazio barne hartzen ditu: dorreak, antenak eta irrati eta telebistarako eta satelite bidezko komunikaziorako emisore eta hargailuak; faroak, irrati-faroak eta antzeko eragina duten bestelako komunikazio-instalazioak. d6. Hondakindegiak eta zabortegiak Obra-hondakinak eta hiriko nahiz industriako hondakin solidoak botatzera destinatutako lekuei dagokie. E. HIRIGINTZA-HAZKUNDEAK e1. Lehendik zeuden guneetan oinarritutako hazkundeak Lehendik zeuden hiriguneen edo landa-auzuneen hazkunde gisa ulertutako hirigintza-garapenak dira, gune horien garrantzia edonolakoa dela ere, landa-izaerako eraikuntza-kopuru txikia bereizgarritzat duten Euskal Herriko auzuneak barne. Dena den, hazkunde hauek elkarrekikotasun estrukturala eta tipologikoa gorde behar dute oinarritzat hartzen dituzten guneekin. Bereziki, erabilera honek lurraldean dauden landa-auzuneen hazkundeak biltzen ditu. Gune hauetarako, hazkundearen garrantziak lehendik zegoen gunearena baino hirigintza-aprobetxamendu handiagoa sortzen baldin badu, garapen hau hurrengo puntuan adierazten den kategoriako lurzoruari dagokion erabileratzat hartuko da. e2. Lehendik zeuden guneetan oinarritu gabeko garapenak Egoitza, industria edo zerbitzuetara zuzendutako hirigintza-iharduketak dira, beren izaerari dagozkion ekipamendu, zuzkidura eta erabilera osagarri guztiak inkorpora ditzaketenak eta lehendik zeuden zona hiritar edo industrialetatik bereiz garatzen direnak edo oinarritzat hartzen duten elementuak baino hirigintza-aprobetxamendu handiagoa dutenak.e3. Herri-onurako eta gizarte-intereseko eraikinak Beren izaera eta ezaugarriak direla medio derrigorrez landa-ingurunean ezarri behar diren zerbitzuak egitera destinatuta dauden ekipamendu komunitario publiko edo pribatuetarako eraikuntzak eta instalazioak, beti ere aldez aurretik herri-onurakotzat edo gizarte-interesekotzat aitortu badira. e4. Etxebizitza isolatua Lurzoru Urbanizaezinean (LUE) Lurzoru urbanizaezinean nekazaritza-ustiategiari lotu gabeko oin berriko etxebizitza isolatua eraikitzea. e5. Industria edo biltegiratze arriskutsuak Beren izaera, ezaugarriak edo manipulatutako materialak direlaeta hiri-lurzoru edo lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako lurretan barne hartzeko modukoak ez diren arrisku larriak sor ditzaketen substantzien biltegiratze eta garapena eta produkzio-prozesuak. 6.8. Lurzoru urbanizaezineko Antolamendu Kategoriak Epigrafe honetan, arestian definitutako iharduerak Antolamendu Kategoria bakoitzean arautzeko oinarrizko irizpideak ezartzen dira. 6.8.1. Babes berezia 1. Definizioa Ongi kontserbatuta dauden baso autoktonoei, itsasadar eta estuarioei, egoera onean dauden ibaiguneei, hondartzei, barnealdeko zona hezeei, kostaldeko itsaslabarrei, goialdeei edo landaredi berezikoei eta, oro har, ekologiaren, kulturaren, paisajearen edo hauen guztien ikuspegitik balio handia duten elementu guztiei aplikatzen zaie. Ondokoak barne hartuko dira kategoria honetan:
Babes Bereziko Areen zerrenda hau, LALko 6. atalaren 3. paragrafoan ezarritakoa betetzearren, "21. Interes Naturalistikoa duten Area eta Espazioen Zerrenda Irekia" kapituluko 3. Eraskinarekin osatzen da. Hauek guztiak lurralde, arlo eta udal-plangintzak kontuan hartu beharko dituzte, beren balio ekologiko, kultural eta ekonomikoak babestu ahal izateko. Eraskin horretan zerrendatutako espazioak Babes Bereziko Kategoria izan dezaten, dagozkien Lurraldearen Antolamendurako Zatiko Planek edo Udal Plangintzak horrela ezarri beharko dute. 2. Irizpide orokorra Arlo hauetan aplikatu beharreko erabilera-irizpidea eskuhartze antropikoa mugatzean datza, lehendik zegoen egoera bere horretan utziz, eta zona horretan aprobetxamendurik baldin badago, aprobetxamendu hori modu sostengarrian bultzatuz, erabiltzen den baliabidea eraberritzen dela ziurtatuz. Lurraldearen ikuspegitik eta lurzoruaren erabilerak esleitzeko ikuspegitik Artezpide hauek eta lurralde-plangintza eratorriak ematen duten babesa edozein izanda ere, Administrazio aginpidedunak proposatuz gero Euskal Herriko Natura Kontserba-tzeko ekainaren 30eko 16/1994 Legeak ezartzen dituen berariazko babes-figuretakoren batean barne hartu ahal izango dira. 3. Iharduera bultzatuak Ekosistema kontserbatzeko eta ingurugiro-mailan hobetzeko iharduerak bakarrik bultzatuko dira, ongi kontserbatuta dauden eremuak baitira. Hala eta guztiz ere, iharduera hauek herri-erakundeen kontrolpean egongo dira. 4. Iharduera onargarriak Onargarritzat hartzen dira, Garapen Plangintzaren bitartez arautu ondoren, jolas-iharduera zabalak, abeltzaintza, basozaintza-erabilera, aireko lineak, lurpeko lineak, B motako zerbitzu lineal ez diren instalazio teknikoak eta Herri Onurako eta Gizarte Intereseko eraikinak. 5. Iharduera debekatuak Debekatutzat hartzen dira Irizpide Orokorrarekin bateraezinak diren iharduerak eta, bereziki, Artezpide honetan definitzen diren bezalaxe, jolas-iharduera trinkoak, nekazaritza, negutegiak, nekazaritza-industriak, erauzketa-iharduerak, garraiabideak, A motako zerbitzu lineal ez diren instalazio teknikoak, hondakindegiak eta zabortegiak eta eraikuntza-erabilera guztiak, Herri Onurako eta Gizarte Intereseko eraikinak izan ezik. 6.8.2. Ingurugiroaren hobekuntza 1. Definizioa Balio handiagoa duten areen barnealdean edo ondoan kokaturik daudelako kalitate-maila handiagoetarantz eboluzionatzea komeni zaien baso degradatuei, sastrakadiei eta lurzoru marjinalei aplikatzen zaie. 2. Irizpide orokorra Zona hauek eboluzionaraztea, egoera ekologikoki eboluzionatuagoetarantz bideratuz egungo egoera. 3. Iharduera bultzatuak Ekosistema bere onera ekartzea eta kontserbatzea bultzatuko da. 4. Iharduera onargarriak Jolas-iharduera zabalak onargarritzat hartzen dira inolako murrizketarik gabe. Jolas-iharduera trinkoak, ehiza eta arrantza-iharduerak, abeltzaintza, basozaintza-erabilera, nekazaritza-industriak, erauzketa-iharduerak, garraiabideak, aireko lineak, lurpeko lineak, B motako zerbitzu lineal ez diren instalazio teknikoak, hondakindegiak eta zabortegiak, lehendik zeuden guneetan oinarritutako hirigintza-hazkundeak eta Herri Onurako eta Gizarte Intereseko eraikinak garapen-plangintzaren zehaztapenen arabera onartu ahal izango dira. 5. Iharduera debekatuak Debekatutzat hartzen dira Irizpide Orokorrarekin bateraezinak diren iharduerak eta, bereziki, Artezpide honetan definitzen diren bezalaxe, nekazaritza, negutegiak, A motako zerbitzu lineal ez diren instalazio teknikoak eta eraikuntza-erabilera guztiak, lehendik zeuden guneetan oinarritutako hirigintza-hazkundeak eta Herri Onurako eta Gizarte Intereseko eraikinak izan ezik. 6.8.3. Basoa 1. Definizioa Basozaintza-erabilera barnealdean bereizteko zailtasunaren ondorioz, baso-sistemetan produkzio eta babes-funtzioak elkarrekin nahasten baitira, baso-area bakar bat definitzen da. Area honek egungo erabilera edota erabilera-bokazioa dela medio (aldapa, arriskuak, arroen babesa eta abar) basozaintza-erabilerarako orientabide argiak dituzten lurrak barne hartzen ditu. Behealdean eta landazabalean kokaturik dauden eta honen osagaiak diren egungo baso-masak ez dira barne hartzen, nekazaritza eta abeltzaintza-erabilerekin konbinatu eta txandaka baitaitezke. Zona-motaren arabera, geroztiko plangintzak azpizonak bereizi ahal izango ditu kategoria honetan, basozaintzako praktika, espezie eta tratamendu jakin batzuetarako egokitasun handiagoa edo txikiagoa duten kontuan hartuta. 2. Irizpide orokorra Zona hauetan irizpide orokorra basozaintza-erabilera era antolatu eta mugagabean bermatzean datza, baso-masen produkzio sostengarria ziurtatuz. Irizpide hau arriskuan jarriko ez duten iharduerak onartu beharko dira, beti ere arrisku naturalen minimizaziotik eratortzen diren mugen baldintzapean. 3. Iharduera bultzatuak Lurzorua basozaintzarako erabiltzea bultzatuko da, baso-masak irizpide orokorraren eta basorako arloko plangintzan xedatutakoaren arabera iraunarazi eta eraberrituz. 4. Iharduera onargarriak Kontserbazioa, ingurugiroaren hobekuntza eta jolas-iharduera zabalak onargarritzat hartzen dira inolako mugarik gabe. Bestalde, garapen-plangintzak ezarriko du honako iharduera hauek onargarriak ote diren: jolas-iharduera trinkoak, ehiza eta arrantza-iharduerak, nekazaritza, abeltzaintza, nekazaritza-industriak, erauzketa-iharduerak, garraiabideak, aireko lineak, lurpeko lineak, A motako zerbitzu lineal ez diren instalazio teknikoak, B motako zerbitzu lineal ez diren instalazio teknikoak, hondakindegiak eta zabortegiak, lehendik zeuden guneetan oinarritutako hirigin-tza-hazkundeak, nekazaritza-iharduerari lotutako egoitza-erabilera isolatua eta Herri Onurako eta Gizarte Intereseko eraikinak. 5. Iharduera debekatuak Debekatutzat hartzen dira Irizpide Orokorrarekin bateraezinak diren iharduerak eta, bereziki, Artezpide honetan definitzen diren bezalaxe, negutegiak eta eraikuntza-erabilera guztiak, lehendik zeuden guneetan oinarritutako hirigintza-hazkundeak, nekazaritza-ustiategiari lotutako egoitza-erabilera eta Herri Onurako eta Gizarte Intereseko eraikinak izan ezik. 6.8.4. Nekazaritza eta abeltzaintzako zona eta landazabala 1. Definizioa Nekazaritza-erabilerarako ahalmen handieneko lurzoruek dute kategoria hau. Horrez gain, kontserbatzeko interes handiena duten egungo zonak, hala nola Kantauri aldeko landazabaleko mosaikoak, lur ureztatuak edo baratze-erabilerak dituztenak, Arabako Errioxako mahastiak eta Arabako Lautadako nekazaritza estentsiboko zonak. 2. Irizpide orokorra Kategoria honetan, tratamendu-irizpidea lurzoruen ahalmen agrologikoa, nekazaritza eta abeltzaintzako iharduerak eta hauekin bateragarriak izanik ekosistemen eta nekazaritza-paisajeen babesa ziurtatzen duten bestelako iharduerak iraunaraztean datza. Hala eta guztiz ere, gainerako erabilera onargarriek, basozaintza-erabilera barne, nekazaritza eta abeltzaintzako erabileren menpe egon beharko dute. Arreta berezia jarri beharko da balio agrologiko handiko lurzorua okupatzen duten eraikuntza-prozesuak eta azpiegiturak ezartzekoak kontrola-tzeko, baita nekazaritza-zonak zatikatu eta irla-modukoak bihurtzen dituzten prozesuak kontrolatzeko ere, bertan burutzen diren ihardueretarako ondorio kaltegarriak ekarri ohi dituzte-eta. 3. Iharduera bultzatuak Nekazaritza eta abeltzaintzako iharduera guztiak bultzatuko dira, batez ere nekazaritza-ustiategiaren intentsitatea areagotuko dutenak. 4. Iharduera onargarriak Kontserbazioa, ingurugiroaren hobekuntza eta jolas-iharduera zabalak inolako mugarik gabe onartzen dira. Jolas-iharduera trinkoak, ehiza eta arrantza-iharduerak, negutegiak, basozaintza-erabilera, nekazaritza-industriak, erauzketa-iharduerak, garraiabideak, aireko lineak, lurpeko lineak, A motako zerbitzu lineal ez diren instalazio teknikoak, B motako zerbitzu lineal ez diren instalazio teknikoak, hondakindegiak eta zabortegiak, lehendik zeuden guneetan oinarritutako hirigintza-hazkundeak, nekazaritza-iharduerari lotutako egoi-tza-erabilera isolatua, Herri Onurako eta Gizarte Intereseko eraikinak eta instalazio arriskutsuak garapen-plangin-tzaren zehaztapenen arabera onartu ahal izango dira. 5. Iharduera debekatuak Debekatutzat hartzen dira Irizpide Orokorrarekin bateraezinak diren iharduerak eta, bereziki, Artezpide honetan definitzen diren bezalaxe, lehendik zeuden guneetan oinarritu gabeko hirigintza-hazkundeak eta nekazaritza-ustiategiari lotu gabeko egoitza-erabilera isolatua. 6.8.5. Mendiko larreak 1. Definizioa Altuerako abeltzaintza-zonak, mendi-mazizoetako zona kakuminaletan kokaturik daudenak. 2. Irizpide orokorra Zona hauek kontserbatzeko asmoa ez dago ekonomi ihardueratzat hartutako abeltzaintza-aprobetxamenduari soilik loturik. Aitzitik, mendiko larreak ingurugiroaren, paisajearen eta kulturaren ikuspegitik balio ikaragarria duten inguruneak dira. Hori dela eta, zona horiek antolatzeko irizpide orokorra artzaintza-ihardueraren iraunarazpen sostengarria ziurtatzera bideratu behar da, hau baita inguru hauek babesteko mekanismorik eraginkorrena. 3. Iharduera bultzatuak Kontserbazioa, ingurugiroaren hobekuntza eta abeltzaintza bultzatzen dira. 4. Iharduera onargarriak Jolas-iharduera zabalak inolako mugarik gabe onartzen dira. Beste hauek garapen-plangintzaren zehaztapen eta arautzeen menpe egongo dira: jolas-iharduera trinkoak, ehiza eta arrantza-iharduerak, basozaintza-erabilera, garraiabideak, aireko lineak, lurpeko lineak, B motako zerbitzu lineal ez diren instalazio teknikoak eta Herri Onurako eta Gizarte Intereseko eraikinak. 5. Iharduera debekatuak Debekatutzat hartzen dira Irizpide Orokorrarekin bateraezinak diren iharduerak eta, bereziki, Artezpide honetan definitzen diren bezalaxe, nekazaritza, negutegiak, nekazaritza-industriak, erauzketa-iharduerak, A motako zerbitzu lineal ez diren instalazio teknikoak, hondakindegiak eta zabortegiak eta eraikuntza-erabilera guztiak, Herri Onurako eta Gizarte Intereseko eraikinak izan ezik. 6.8.6. Erabilera-bokazio definitu gabea 1. Definizioa Kategoria hau balio txikiagoko larredi eta sastrakadiek eta kalitate gutxiko lurren gaineko nekazaritza-iharduera ez oso produktiboek osatzen dute. Horrez gain, ez dute balio azpimarragarririk ikuspegi ekologiko, paisajistiko eta zientifiko-kulturaletik. 2. Irizpide orokorra Area hauek lehentasuna izan behar dute bigarren eta hirugarren sektoreei dagozkien garapen-ihardueren eta azpiegituren eta ingurugiro-eraso handiagoa duten ekipamenduak kokalekua ezartzerakoan. 3. Bultzatu beharreko iharduerak Goian aipatutako ihardueren kokapena bultzatuko da beste kategoria batzuekiko lehentasunez, beti ere aukeratzerik badago. 4. Iharduera onargarriak Iharduera guztiak onar daitezke, honi buruzko legeriak eta araudi partikularrak ezartzen dituztenak izanik muga bakarrak. 5. Iharduera debekatuak Nekazaritza-ustiategiari lotu gabeko etxebizitza familia-bakar isolatua bakarrik debekatzen da bereziki. 6.8.7. Lurrazaleko uren babesa 1. Definizioa Antolamendu-kategoria hau EAEko ibai eta errekek eta hauen babes-zonak osatzen dute. Zona hau behin-betiko ezarriko du EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Antolamendurako Arloko Planak. LAAP hau onartzen ez den artean, Lurralde Antolamendurako Batzordeak horretarako erabili ohi dituen babes-zerrendak erabiliko dira. 2. Irizpide orokorra Zona hauetan iharduteko irizpidea uren kalitatearen iraunarazpena ahalbidetzean, ubideen eta urbazterren okupazioa edo aldakuntza saihestean eta arrisku naturalen ondoriozko kalteak minimizatzean datza. 3. Bultzatu beharreko iharduerak Antolamendu-kategoria honetan kontserbazio-iharduerak, ingurugiroa hobetzeko iharduerak eta ingurunearen ezagutza hobetzera, herrien ur-hornidura bermatzera, kalitatea hobetzera eta arrisku naturalak minimizatzera zuzendutako azpiegitura hidraulikoak bultzatuko dira. 4. Iharduera onargarriak Espreski debekatuta ez dauden beste iharduera guztiak, jolas-iharduera zabalak izan ezik, garapen-plangintzak arautuko ditu. 5. Iharduera debekatuak Debekatuta daude nekazaritza-industriak, hondakindegi eta zabortegiak eta eraikuntza-mota guztiak. 6.8.8. Baldintzatzaile gainjarriak 6.8.8.1. Hurrengo klaseetan bildutako azalerak beren definizio iturri diren baldintzatzaileen menpe daude. Baldintzatzaile hauek arestian azaldutako Antolamendu Kategoriei gainjarrita iharduten dute, azalera horietan iharduera jakin batzuk garatzeko era kasuan-kasuan dakarten arrisku-motaren arabera mugatuz. Erabilera faktore jakin baten arabera baldintzatzen dutenez gero, "debekatuak" edo "bultzatuak" adierazpenak ez dira egokiak Artezpide hauek arautzen dituzten ihardueretarako eta, horrenbestez, iharduera horiek sor litzaketen arrisku naturalak baztertzeko beharrezkoak diren muga gehigarriak besterik ez dira ezarri behar. 6.8.8.2. Jarraian adierazitako lau baldintzatzaileetarako izaera orokorrez gairapen-plangintzak horien eraginpean dauden orean mugatuko ditu eta lurzoruen egonkortasun eta kontserbaziorako lurpeko uren kalitaterako, uholdeak kontrolatzeko edo espazio natural babestuetarako ezarritako helburuak betetzeko mehatxu edo arriskua ekar dezakeen edozein ihardueratarako lizentzia eman ahal izateko exiji daitezkeen irizpideak eta baldintzak ezarriko ditu. Hori guztia, iharduera horrek arrisku naturalak kon¬trolatzeko, babestu nahi diren baliabideen kalitatea zaintzeko edo espazio natu¬ral babestuei eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserbari esleitzen zaizkien babes-funtzioak, landa-garapenekoak eta herritarren erabilerakoak betetzeko ondorio ne- gatiborik ez dakarrela ziurtatuko duten behar adinako berme teknikoak eduki ahal izateko. 6.8.8.3. Akuiferoak poluitzeko arriskua duten areak 1. Definizioa Lurpeko akuiferoak urez betetzen dituzten areei dagozkie, EAEko "Akuiferoek poluzioaren aurrean duten urrakortasunaren maparen" irizpideen arabera baliabide hauek poluitzeko arrisku-maila handia dutenak. 2. Irizpide orokorrak Lurzorura gai poluitzaileak jaulki ditzaketen iharduerak ez ezartzeko ahaleginak egitea; ezinbesteko arrazoiak direla medio mota honetako iharduerak ezarri behar direnean, lurpeko uretarako kaltegarriak ez direla bermatzeko exijituko zaie. 3. Iharduera onargarriak Zona honetan garatzeko modukoak diren ihardueretarako, baldin eta lurpeko uren kalitaterako arriskurik ekar badezakete, garapen-plangintzak area urragarriak mugatu eta beharrezkoak diren zehaztapenak ezarriko ditu, baldintzatzaile honetarako irizpide orokorrari eta 6.8.8.2. idazatian xedatutakoari jarraiki. 6.8.8.4. Area higagarriak edo higadura-arriskua dutenak 1. Definizioa EAEko Mapa Geomorfologiko Sintetikoak erabilitako irizpideen arabera, beren litologia eta erliebe-ezaugarriak direla-eta higadura-fenomenoak azaltzeko arrisku-maila handia duten areak dira. 2. Irizpide orokorra Zuhaitz-estalkia duten lurzoruetan hau iraunaraztea eta zoru biluzietan zuhaitz-estalkia sartu eta zabaltzea, higadura fenomenoetatik babesteko funtsezko elementua baita. Lurzoruaren egonkortasunean eragina duten iharduerak baztertu egingo dira. 3. Iharduera onargarriak Zoru-galerak areagotu egin ditzaketen edo egungo higadura-prozesuak zuzentzeko oztopo izan daitezkeen ihardueretarako, garapen-plangintzak beharrezkoak diren zehaztapenak ezarriko ditu, baldintzatzaile honetarako irizpide orokorrari eta 6.8.8.2 idazatian xedatutakoari jarraiki. 6.8.8.5. Urpean gera daitezkeen areak 1. Definizioa Beren kokapena, erliebea eta ezaugarri topografikoak direla-eta, Uholdeen Prebentziorako Plan Integralak ezarritako errekurrentzi aldien arabera ohiko urbolada handienetan uholdeak jasateko benetako arriskua duten zonak dira. 2. Irizpide orokorra Uraren zirkulazio librea bermatzea, ubideak eta gainezkabideak eten eta butxa ez daitezen ahaleginduz, eta neurriak hartzea gainezka egin duten uren eragina izan dezaketen instalazio, azpiegitura eta eraikuntzek kalterik jasan ez dezaten. Zentzu honetan, Uholdeen Prebentziorako Plan Integralaren gomendioak kontuan hartu beharko dira zona hauetan erabilerak arautzeko. Zehazki, babes zibilerako interesgarriak diren ekipamendu komunitarioak eta herri-zerbitzuak ez dira zona hauetan ezarri behar, ez eta beren izaera, ezaugarriak edo manipulatutako materialak direla-eta arrisku larriak sor ditzaketen instalazioak eta biltegiak kokatu eta hondakin toxiko edo arriskutsuak metatu ere. Zona hauetan kokatzen diren eraikuntza eta iharduerek uholdeen ondoriozko kalteak saihesteko diseinu egokiak izan beharko dituzte. 3. Iharduera onargarriak Edozein motatako eraikuntza edo azpiegiturak instalatzerik edo uren dinamika naturala oztopatzen duten edozein motatako materialak pilatzerik ez dakarten iharduera guztiak inolako mugarik gabe onartzeko modukotzat jotzen dira. Uholde-arriskua edo prozesu hauek eragindako kalteak areago litzaketen gainerako ihardueretarako, udal-plangintzak urpean gera daitezkeen areak mugatu eta beharrezkoak diren zehaztapenak ezarriko ditu, baldintzatzaile honetarako irizpide orokorrari eta 6.8.8.2. idazatian xedatutakoari jarraiki. 6.8.8.6. Espazio Natural Babestuak eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserba. 1. Definizioa Espazio babestuen sarea da: Parke Naturalak, Biotopoak, Zuhaitz bereziak, Biosferaren erreserba, gaur egun halakotzat aitortuta daudenak eta etorkizunean aitortuko direnak, eta hauen guztien inguruko babes-zonak. Hori guztia, Euskal Herriko Natura Babesteko Legean eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserba Babestu eta Antolatzeko Legean oinarrituta. 2. Irizpide orokorra Espazio bakoitzaren antolamendu eta kudeaketa-planak ezarritakoak eta, hauen osagarri gisa, ingurugiroaren zein paisajearen eta kulturaren ikuspegitik arearen kontserbazioan eta espazio horietan edo beren eraginpeko eremuetan dauden herrien garapen sostengarrian laguntzen duten beste guztiak. 3. Iharduera onargarriak Dagozkien legeriak eta plangintza bereziak ezarriko du iharduerak nola arautu behar diren. 7. Ekintza positiborako neurriak: Iharduketa-ProposamenakA. 4/1990 Legeko 6. atalaren 3. idazatian adierazitakoa betetzeko, babes berezia eman behar zaien area edo zonak zehatzmehatz mugatu eta definitu behar dira, hauen balio ekologikoak, kulturalak edo ekonomikoak zaindu eta babesteko eta, hala badagokio, eremu horietan dauden baliabide naturalak zentzuz ustiatuko direla ziurtatzeko, kasuan-kasuan aplika daitekeen berariazko legeriari jarraiki. Artezpide honek goian aipatutako definizioa zehaztera zuzendutako zerrenda gaineratzen du, orain arte Parke Natural edo Biotopo babestutzat aitortu diren espazioak eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserba oinarritzat hartuta. Hona hemen:
Espazio hauetako bakoitzaren berariazko antolamendu eta kudeaketa arloko berariazko legeriak bildutako tresnak oinarritzat hartuz egingo da: Euskal Herriko Natura Babesteko 16/1994 Legea Parke Natural eta Biotopo Babestuen kasuan, eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserba Babestu eta Antolatzeko 5/1989 Legea Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren kasuan. Zerrenda hori irekia da eta bertan aitorpen berriak egiten diren heinean espazioak sartu eta osatu egingo da. B. Hauetaz gainera, 21. kapituluaren 3. Eraskinean interes naturalistikoa duten hainbat espazio barne hartzen dira, bertan barne hartutako balioen kontserbaziora zuzenduta. Espazio horiek area adierazgarriei dagozkie: baso klimazikoak, itsas eragina duten ekosistemak (dunak, padurak, itsaslabarrak, uharteak eta estuarioak), barnealdeko lur hezeak, harkaiztegiak, ibaitarteak eta sastrakadi klimazikoak. Espazio hauek guztiak EAEko interes handiko espazioak dira eta beren azalera txikia eta inguruetan garatzen diren ihardueren ondorioz oso hauskortzat har daitezke. Espazio hauek lurralde eta hirigintza-antolamenduko tresna desberdinek kontuan hartu eta lurraldea sailkatu eta kalifikatzeko proposamenetan barne hartu ahal izango dituzte, bai Euskal Lurraldea Antolatzeko maiatzaren 1eko 4/1994 Legea jatorritzat duten tresnek, bai lurzoruaren erregimenari buruzko legeriatik eratorritakoek. Aurreko paragrafoan adierazitako tresna desberdinei egokituko zaie espazioen mugaketa fisikoa adierazitako balio naturalak kontuan hartuz egitea. C. Ingurune Fisikoaren Artezpidea jarraian adierazitako tresnen bitartez garatuko da:
Tresna horien sustapen eta garapena gaiaren arabera aginpidea dagokien departamentu edo sailek burutuko dute. |
2. Etorkizuneko ikuspegia. Etorkizuneko erronka eta desafioak. 4. Ingurune fisikoa antolatzeko artezpidearen edukia eta egitura. 5. Ingurune fisikoaren elementu eta prozesuei eta ihardueren kontrolari buruzko artezpide orokorrak. 6. Ingurune fisikoaren antolamendu kategorien artezpide partikularrak: Lurralde Eredua 7. Ekintza positiborako neurriak: Iharduketa-Proposamenak |