Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

LAA. LURRALDE EREDUAREN OINARRIAK


Euskadi Europako Espazio Handien Kontestuan.

1. Europako hiri-sistema handiak.

Europako espazio bakarra arian-arian finkatzearen eta herrialdeen arteko mugak pixkanaka desegitearen ondorioz, lurraldeen arteko lehia eta lankidetza areagotu egiten da. Azpiegitura-sistemen eraginkortasuna eta lurralde desberdinen ingurugiro-kalitatea da lurralde-lehiakortasunaren faktore kritiko bat.

Europaren etorkizunean, lurralde eta eskualde bakoitzak bere bokazioa eta bere garapen estrategiak testuinguru elkarrerlazionatuago batean identifikatu behar ditu. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, funtsezkoa da Europako gainerako eskualdeekin integrazio funtzional eta azpiegitura-mailakoaren giltzarriak definitzea.

Gogoeta hau dela-eta, Europa-mailako testuingururatzeari buruzko kapitulu hau sartu da LAAetan, eskala txikiko proposamenak inspiratuko dituen lurralde-erreferentzia bat eskura eduki ahal izateko.

Europako Dortsala

Aparteko hiri-kontzentrazioa dago zentraltasun handiko Europako hiru espaziotan: Ingalaterra, Erresuma Batuan; Benelux-RFA-Suitzako aglomerazioa; eta Italiako Iparraldea. Hiru zona hauek elkarrerlazio sendoak dituen espazio bat konfiguratzen dute, barrera politiko-administratiboek segmentatzen ez dutena eta Ipar Itsasoa edo Alpeak bezalako oztopo fisiko garrantzitsurik gabekoa. Lurralde zabal honi "Europako Dortsala" deitzen zaio eta munduko hiru megalopolietako bat da.

Europako gainerako lurraldeak 200.000 biztanletik gorako hirien banaketa uniforme samarra dauka. Hala eta guztiz ere, hutsune garrantzitsuak antzeman daitezke Madril inguruan eta Frantziako erdialdean, baita Irlanda, Grezia eta Danimarkako mendebaldean ere.

"Europako dortsalak" edo Megalopoliak Europako Hirien Sistemako elementu egituratzaile gisa duen garrantzia, biltzen duen hiri-kopuru handian ezezik, hauen arteko hurbiltasun handian datza. Europako hiri garrantzitsuen %47 biltzen du eta hirien sistema osoaren populazioaren eta ekonomi ihardueraren %50 barne hartzen du Europako lurraldearen %18 besterik hartzen ez duen espazio txiki batean.Megalopoliaren parte tradizionalena Ipar Itsasoaren kostaldetik Kolonia eta Bonneraino zabaltzen da. Parte dinamikoena Munich-Stuttgart-Zurich triangeluan barne hartuta dago, baina ez da ahaztu behar Brusela eta Amsterdam ere enpresentzat oso hiri erakargarriak direla.

Hegoaldearen Iparraldea

"Hegoaldearen Iparraldea" deritzana ere hiri-protagonismo handia duen espazio europarra da. Azpisistema hau berriagoa da. Genebako ingurutik eta Lyondik abiatu eta "Mediterranioko frantziar bulebarrean" zehar zabaltzen da Hegoaldeko Espainiarantz eta Portugalerantz. Une honetan Bartzelona, Zaragoza, Madril eta Balentzia ere hartzen ditu. Bestalde, espazio berri hau "Europako Dortsalarekin" lotzen da Italiako Iparraldean eta Adriatikoan zehar jarraitzen du Erroma eta Napolirantz, espazio italiarraren zati handi bat oso-osorik integratuz.

"Hegoaldearen Iparraldeak" egungo Europako iharduera dinamiko eta berrienak biltzen ditu eta, nolabait, bere eraginez Megalopolia hegoalderantz desplazatzen ari da. Zona honek garapen handia izango duela espero da, batez ere teknologia berrietan oinarrituta, baina bestelako iharduerak ere ez dira alde batera utziko. Hegoaldeko eskualde hauen berariazko erakargarritasun nagusiak honako hauek dira: klima ona, ingurugiro koalifikatua eta atsegintasun-eskaintza zabala, kasu askotan garai batean turismo, aisi eta astialdirako burututako garapenetan oinarritzen dena.Aspaldi industrializatutako zonak ez bezala, espazio hauek eskulan merke eta erreibindikazio gutxiko eskaintza ugaria dagoelako eta Europa Erdialdean tradizionalki gogokoenak izan diren espazioen kongestio-mailak gainditzeko aukera ematen dutelako aintzat hartzen dira. Egoitza-garapen berrien eta ekonomi iharduerako area berrien kalitatearekiko konpromisoa eta dagoeneko finkatuta dauden kalitate urriko zonak birkoalifikatzeko eragiketak funtsezko faktoreak dira lurralde hauek produkzio inbertsioak erakartzeko lehian dauden hiri-areen Europako eskema berrian arrakasta lor dezaten.

Seguraski, Suitza eta Bavariaren botere ekonomikoak eta hazkunde iraunkorrek "Hegoaldearen Iparraldeak" iharduera berriak ezartzeko espazio gisa duen larrialdi gisako fenomenoa sendotu egingo du, Europako Megalopoliarekin konektatuz hain zuzen. Bitartean, lehendabiziko industri iraultzen aztarnak markatzen dituen eskualde zaharrak beharbada ahuldu egingo dira Europako garapen-ardatzak Hegoalderantz desplazatzearen ondorioz, eta indar handiagoarekin jasango dute beren egitura, iharduera eta ekipamenduen zaharkitasuna eta denbora luzean beren paisajeetan eragindako presioa.

Periferiak

Funtzionalki integratuta dauden Europako espazioetatik harantz "Periferiak" aurki ditzakegu. Oraindik ez daude oso transformatuta eta ekintza antropikoa oraindik ez da oso garrantzitsua. Tamaina handi samarreko hiriak dituzte, baina zeharo ahulak dira garatzen dituzten hiri-funtzioei dagokienez. Azpisistema periferikoko hiri-sarea nekez aldera liteke arestian azaldu ditugun azpisistemetako sareen garapen-maila handiekin. Grezia, Italiako Hegoaldea, Portugal, Espainiako Hegoaldea eta Irlanda erdigunetik urrun daude eta hori nabarmenki nabaritzen dute. Eskoziako lurralde beherea, ordea, berriztatzen ari dela dirudi. Dena den, Europaren mutur batean dagoen arren, Eskozia berez ez da Periferiak deitzen diren horietakoa.

Horrela deskribatutako Periferiak etorkizuneko Europako hazkunderako erreserba-espazio gisa ageri dira, baina garapen-arazo larriak dituzte gaur egun. Etorkizuna definitu gabe dute oraindik. Momentuz, Periferietako hiri gehienek behar baino zuzkidura gutxiago daukate. Sevilla izan liteke etorkizun ez oso urrunean hazten hasteko benetako aukerak dituen bakarretako bat, eta hori Estatu espainolak Expo 92 zela-eta azpiegiturak sortzeko egindako ahalegin itzelaren ondorioz. Horrez gain, Lisboak eta Portok asko eman dezaketela espero da, baita Salonikak ere.

Arku Atlantiarra

Kostalde Atlantiarrek Europako multzoan indar handiegirik gabe integratutako beste hiri-azpisistema bat osatzen dute. Zona honek maila eta eragin-ahalmen txiki samarreko hiriak ditu, batzuk besteetatik aski isolatuta, oso egituratuta ez dagoen hiri-espazio ez oso dinamikoa osatuz, batzuetan "Finisterreak" izena eman zaiona, baina gehienetan "Arku Atlantiar" izenaz identifikatzen dena. Euro-eskualde honetan gaur egun ez dago goi-mailako hiri-aglomeraziorik, hots, ez dago ekonomi garapena eta gizarte-ongizatea ahalbidetzen duen berrikuntzen sorrera-transmisioaren eramaile izateko aukera emango dien aitzindaritza eraginkortasuna burutzeko gauza den hiririk. Beraz, Megalopoliarekiko menpekotasuna oso handia da.

Europako eskualde honetako hiriek zalantza handi batean murgilduta daude, hots, beren eginkizun hiritarrari eutsi behar ote dioten ala bereizgarritzat duten isolamendua, koordinaziorik eza eta funtzio-ahultasuna gainditzen lagunduko dieten hiriarteko lankidetza-mekanismoak bilatu behar ote dituzten erabaki nahian. Arku Atlantiarraren eginkizuna, Periferien kasuan bezalaxe, definitu gabe dago oraindik.Arku Atlantiarrean kokaturik dauden eskualdeek gaur egun elkarren artean eta dinamikoagoa den Europako dortsalarekin duten lurralde-artikulazio urria bereizgarritzat duen garapenerako espazio potentziala konfiguratzen dute. Egoera honek eskualdeen arteko diferentziak areagotzeko joera dauka eta Arku Atlantiarra lehia-desabantaila nabarmenean jartzen du Europako Erkidegoko beste espazio periferikoen aurrean, gorantz egiten ari den Arku Mediterraniarra kasu.

Euro-eskualde Atlantiarrak zona ez oso homogenoak biltzen ditu, era askotako arazoak eta garraio eta komunikabide-azpiegitura nabarmenki ahulak dituztenak. Lurralde honen etorkizuna Europako Erkidegoko gainerako hiri-sistema dinamikoekin integratzeko estrategien arrakastaren mende dago neurri handi batean.

Orri honen hastapenara bueltatu

2. Aldatzeko dinamika europako espazioen sisteman.

Europako hiri-sistema handiak tentsio eta transformazioen mende daude. Honela laburbil genitzake:

Europako Dortsal edo Megalopoliaren grabitate-zentroa hegoalderantza desplazatzen ari da. Mugimendu nabarmen bat dago eta honen arabera Ingalaterrako zona jakin batzuk atzera egiten ari dira, Italiako iparraldeko espazio batzuk aurrerantz doazen aldi berean.

Hauxe da, inolako zalantzarik gabe, Europako hirien sisteman identifikatzen diren tentsioen eta mugimenduen oinarrizko alderdia. Aurreko hamarkadetan Estatu Batuetako Mendebaldeko Kostaldeak Ekialdeko Kostaldearekin alderatuz lortu zuen protagonismo-gehikuntzaren antzera, Europako Dortsalarekin Italiaren iparraldean konektatzen den Arku Mediterraniarraren gorakada garrantzitsua sortzen ari da, Milango eskualde metropolitarrean batik bat.

Europako Dortsalak historikoki eragindako garapen-espazio batzuk sortu izan ditu bere alde bietan mendebaldetik Paris eta Lyoneraino eta ekialdetik Berlin eta Vienaraino iristen direnak. Megalopoliak eta horrek eragindako garapen-espazioek Europako garapen-eremu zentral handia konfiguratzen dute, kontinenteko ekonomiaren egungo eragile nagusia. Une honetan "lotura" batzuk sortzen ari dira, Europako espazio zentral hau Ekialdeko Europarekin konektatzera eta Frantziako eskualde atlantiarrak Parisko nodoarekin integratzera zuzenduak.

Aurreko espazioan jatorria duten garapen berriak Italiako hegoalderantz eta Iberiar Penintsularantz zuzentzen dira. Arku dinamiko berri bat konfiguratzen da, "Hegoaldearen Iparraldea" izenaz ezagutu eta hainbat hiri mediterraniar garrantzitsu aitzindari dituenak, hala nola, Erroma, Marseilla, Bartzelona eta Balentzia. Tentsioak sortzen dira Espainiako Ardatz Mediterraniarra mendebalderantz luzatzeko eta ardatz sendoago bat osatzeko Zaragoza-Madril norabidean. Hainbat ekintza hasi da Lisboa eta Sevilla bezalako nodo urrunagoak Madrilekin konektatu eta artikulatzeko.

Europako eszenatoki orokor honen barruan, "Zailtasunen Diagonala" izena eman zaion lerro bat ikus daiteke, Europako ipar-sistemaren eta dinamikoena den hego-sistemaren arteko muga adierazten duena. Diagonal honen iparraldean Europako hirien sistemaren funtsezko arazo ekonomiko eta estrukturaletako asko kontzentratzen dira. Euskal Herria mugaldean dago, zailtasunak dituzten areen eta egitura-bilakaera positiboko zonen artean.

Azkenik, "Goi Teknologien Orbita" izenekoa aipatzea komeni da. Izan ere, bertan Iberiar Penintsula globalki egoera periferikoan azaltzen da, baina Euskal Herria espazio europar hauetatik hurbil dago. Europako teknilogi garapen orokorrak aurrera egin ahala, seguraski zona hau zabaldu egingo da eta Euskadi bete-betean hartuko du espazio europar honen barruan.

Europako Hirien Sistemako hierarkiaren barruan, Espainiak oso ongi kokatuta dauzka maila handieneko bere bi hiriak. Erroma, Frankfurt, Munich, Amsterdam eta Bruselaren maila berean daude Madril eta Bartzelona, eta Londres, Paris eta Milango Area Metropolitarra bakarrik daude gorago. Maila honetan, beraz, Europako berrikuntza eta protagonismo handieneko espazioen eta Espainiako hierarkiako maila handienen arteko elkarkonexioa egokia dela dirudi.

Ez da gauza bera gertatzen Espainiako hiri-sistemako gainerako mailekin. Maila eta funtzio benetan europarrak dituzten Espainiako hirietan bizi den populazio-portzentaia oso txikia da (%20) eta oso urrun dago Europako batezbestekotik (%39), baita Espainiak bere aurrean duen hurrengo herrialdetik ere (Erresuma Batua, %30). Eskualde-buru deitzen den hiri-maila honen egituraketa eraginkorrik ezak oinarrizko mailetan ere badu eraginik, eta isolamendua eta garapenerako zailtasunak sortzen ditu. Espainiak Europan duen posizio geografiko eszentrikoak eragin handia izango du horretan beharbada.

Europako hiri-sistemaren testuinguruan, Euskal Herriak potentzial garrantzitsua dauka Bilbo Metropolitarra leheneratzeko eta Euskal Hiriburuen Gune Anitzeko Sistema deritzonaren integrazio sendoa burutzeko gauza den heinean eta tamaina adierazgarria duten aldameneko hiriekin (Santander, Iruñea eta Logroño) dituen erlazioak indartzen dituenean. Europa mailako hiri-nodo indartsua sor liteke, Europako Erkidegoaren testuinguruan gero eta protagonismo handia izatera bideratua.

Orri honen hastapenara bueltatu

3. Europako lurraldea antolatzeko eszenatokiak.

Lurraldearen antolamendu-arloan ekintza publikoa berrorientatu nahi bada, gure lurraldeak Europako testuinguruan duen posizionamenduari buruzko etorkizuneko ikuspegia hartu behar da oinarritzat, eta horretarako Europako antolaketa-sisteman herrialde eta eskualdeguztietan aldi berean jokoan ari diren hiru joera nagusiei buruzko oharrak zehatz-mehatz hartu: truke eta fluxu ekonomikoak mundu-mailakoak bihurtzea, deszentralizazioa eta Europa irekitzea.

Hiru joera horietako bakoitzak zuzeneko eragina du arlo espezifiko batean, baina guztiak batzearen ondorio izango da etorkizunean Europako hiri eta eskualdeen antolaera artikulatzeko modua.

Joerazko lau eszenatoki darabiltzate Europako adituek lurralde-antolaketa europarraren etorkizunari dagokionez. Alderdi ekonomikoak, I+G, azpiegitura eta erakunde-antolamenduari buruzkoak biltzen dituzten datuetan oinarrituz, herrialde bakoitzak, eskualde bakoitzak bere estrategiak kokatzeko lau egoera posible marrazten dituzte.

3.1.1. Eszenatokia: Europaren muina

Eszenatoki honek Europa-mailako ekonomia bat dagoela eta mundu-mailako ekonomia batean barne harturik dagoela egiaztatu izana hartzen du abiapuntutzat. Eszenatoki honek argi eta garbi adierazten du ekonomiaren zentro nagusia non dagoen, eta area jakin batzuk sortzen ditu zentroak periferiari menpekotasuna helarazteko.

Zentro horrek bere zerbitzuen eta industriaren boterea eta produkzio-sistemaren baitan (egiten jakite teknikoa, produkzio-esferaren eta merkatu-esferaren arteko integrazioa) eta eskualde-sistemaren baitan (metropolia-eskualdea) bitarteko izateko ahalmen handia ditu bereizgarritzat.

Gainerako areek bai teknologi berrikuntzako espezializazioa bai Ekialdeko merkatu potentzialekiko posizionamendu geografiko egokia dute bereizgarritzat.

Eszenatoki honek Europako lurraldearen antolaketaren ekonomi dimentsioa pribilegiatzen du.Ekonomia europarra mundu-mailako ekonomiaren multzo bat da, mundu-mailako beste bi arlo ekonomiko nagusiekin ongi konektatutako zentro nagusi bat daukana.

Mugarik gabeko Europa konsagratzen du, bertatik mundu-mailako merkatua menderatzeko.

Muinak (Londres-Paris-Randstad holandarra (Amsterdam, Roterdam...) ekonomia europarraren truke eta botere-funtzio guztiak iragazten ditu eta mundu-mailako merkatuan sartu ahal izateko derrigorrezko pasagunea da.

Eszenatoki hau lantzeko erabilitako adierazle ekonomiko, teknologiko eta fluxuei dagozkienek honako ardatz nagusi hauek azpimarratzen dituzte:

  1. Londres eta Paris.
  2. Brusela eta Randstad.
  3. Frankfurt, Kolonia eta Zurich.
  4. Milan, Turin, Bartzelona eta Madril.

3.2.2. Eszenatokia: Eurohirien erresuma

Eszenatoki honek erakundeak deszentralizatzeko prozesua hartzen du bere konfigurazioaren oinarritzat; honek estatu-hirien edo eskualde-metropolien sorrera eragiten du, herrialde bakoitzaren hiri-armaduraren konfigurazioaren arabera. Sistema honetan bost euro-hiri nabarmentzen dira, horietako batzuk estatuen hiriburuak: Londres, Paris, Madril eta beste eskualde-metropoli batzuk: Frankfurt eta Milan.

Eszenatoki honek bost eurohiri hauek Europako lurraldeko ekonomi oinarritzat konsagratzen ditu; izan ere, herrialde bakoitzeko ardatz gisako metropoliak dira eta, era berean, Europako eta munduko hiri periferikoetarako konexio-puntu pribilegiatua.

Lurraldea antolatzeko erakunde nazionalen arabera, honako hauek bereizten dira:

  • Sistema zentralizatuetan, Londres, Paris eta Madril hiriak, beren botere ekonomikoa lurralde-botere nazionalarekin konbinatzen dutenak. Izan ere, beren lurraldea monopolizatu egiten dute eta menpekotasun-eremu itzela proiektatzen dute beren inguruan.
  • Sistema deszentralizatuetan, Frankfurt eta Milan kasu, eurohiriaren maila lortzen dute eta beren inguruan lurralde-sare europarra osatzen laguntzen dute. Frankfurt-en kasuan, finantza-hiriburua izanik, sare hau Europa erdialderantz desplazatzen da, bere konexio-zirkuluak Ruhr eta Baden-Wurtenberg integratzen ditu bere potentzia industrial eta teknologikoarekin, Hamburgo-Rhin-Maine-Danubio lerroa ere integratzen du bere truke eta azpiegituren potentziarekin, ekialdeko hiriburuak ere barne hartuz (Praga, Viena, Budapest). Milanek, hiri industrial eta diseinuaren hiriburu, Europa alpetarrerantz desplazatzen den sare bat konfiguratzen du. Bere konexio zirkuluak Baden-Wurtenberg, Austria, Suiza, Italiaren Iparraldea eta Rhône-Alpes integra-tzen ditu. Industri barrutietan eta hiri tertziarioekiko akoplamenduan sostengatzen da.

3.3.3. Eszenatokia: Europako eklipsea

Eszenatoki honek "banana urdinaren" diseinuari erantzuten dio. Europako kontinentalizazio nagusiaren eszenatokia da. Antolakuntzak eta logistikak hirien eta eskualdeen posizionamendu nazional eta europarra zehazten dute.

Eszenatoki honetan, bi faktore nagusik modelatzen dute Europako lurraldearen morfologia eta, horren ondorioz, Europako hiri eta lurraldeen antolaera, batzuk besteekin erlazionatuta: sare moduan antolatutako enpresen sorrera eta sare teknikoen nagusitasuna (komunikazio-azpiegiturak).

Sare moduko enpresa eredu berria da; bertan, antolakuntza-eginkizuna teknologi berrikuntzaren bidez lortutako produktibitateari nagusitzen zaio. Izan ere, sare moduko enpresa produzio faktoreak eta eginkizunak merkatuen konfiguraziora egokitzeko era aproposean konbinatzen dituen enpresa logistikoa da. Mota honetako enpresek ahalik eta egokitzapen onena ziurtatzen dute kontzepzio, produkzio eta merkatuaren artean.Mota honetako enpresak zuzentzen zaizkien merkatu potentzialak benetako merkatu bihurtzen dira bertara heltzeko bitartekoengatik. Horregatik da hain garrantzitsua eszenatoki honetan azpiegitura eta sare teknikoen eskaintza, enpresa hauen funtzionamendua zehaztu eta lurraldean kokatu ahal izateko.

Eszenatoki honetako hiri eta eskualdeek elkarrekin eta munduaren gainerakoarekin ongi erlazionatutako komunikazio-guneak osatzen dituzte.

Eszenatoki honek Europako lurraldearen antolakuntzaren dimentsio logistiko kontinentala pribilegiatzen du eta "banana urdinaren" posizionamendu geografiko zentrala konsagratzen du.

"Banana urdina" azpiegitura-arloko irradiazio-zentro bihurtzen da, konexioak bi mugalerro nagusietaraino hedatuz: Frantziako iparralde-mendebalde/hegoalde-ekialdea lerroa eta Hamburgo, Danubio, Trieste lerroa ekialdean.

Europako gainerako espazioak itzalpean daude.

3.4.4. Eszenatokia: Zeharkako eszenatokia: X europarra.

Eszenatoki hau iparralde-hegoalde ardatzen nagusitasunean oinarritzen da. Europako lurraldeei benetako maniobra-tarteak sotzen ahalegintzen da: zeharkako ardatzak garatzen ditu, itsas fatxada atlantiarrera irekitzen da, eta sareen existentzia ahalbidetzen du ezartzen dituen bi ilargierdien baitan, ez mendebaldea ez hegoaldea marjinalizatu gabe. Hegoaldeko herrialdeentzako eszenatoki alternatibotzat jotzen da: Frantzia, Espainia eta Italia.

  • Frantziako iparralde-hegoalde ardatzak lurralde-konurbazio berrien grabitate-lerroa osatzen du.
  • "Banana" bat ekialderantz zuzentzen da eta, hemen, iparraldeko puntua Copenhagueraino zabaltzen da eta hegoaldekoa Italiaren Iparraldetik Napoliraino luzatuz. Hazkunde hau Berlin, Munich eta Triestek osatzen duten lehen zirkulu batean zabaltzen da.o Beste "banana" bat mendebalderantz zuzentzen da eta, hemen, iparraldeko puntua Birminghamen gelditzen da edo Dublineraino luzatzen da eta hegoaldekoa Bartzelona eta Valentziaraino iristen da.

Bi arkuak irradiatu eta lurralde mugakideekin konektatzen dira. Europako ekialdearekin lehen kasuan eta fatxada atlantiarrarekin bigarrenean.

Europako itsas ibilbideak, espazio garatuenetako integrazio-elementu gisa, eszenatoki honetako beste elementu estrukturaletako bat da, eta bertan fatxada atlantiarrak eginkizun nagusia jokatzen du mundu-mailako fluxu eta trukeetan.

3.5. Euskal Herriaren bokazio europarra

Europako hiri eta lurraldeen sarearen antolakuntza posibleen sorta zabal honetan, Euskal Autonomia Erkidegoak espazio horretan integratzeko erronkari egiten dio aurre. Euskadi integraturik dagoen Europako mendebaldearen eta fatxada atlantiarraren eboluzioa litekeena da, berak dituen baliabideei balio erantsia ematen baldin badaki, horretarako bere potentzialtasunak erabiliz, ondokoetan zehatz daitezkeenak:

  • Mundura eta nazioarteko aldaketetara irekitzea, bere portuei esker.
  • Potentzial demografiko garrantzitsua.
  • Ingurugiroaren eta turismo-garapenetarako espazio aproposen kalitatea.
  • Ikerketarako azpiegituraz eta ahalmen teknologikoz ongi hornitutako polo hiritarrak.
  • Hiriko sare-maila orekatua, hirien arteko lankidetza-sareak eta elkarmenpekotasunezkoak antolatzeko aukerak dituena.

Mende-amaiera honetan, Euskadik duen posizioak garrantzi handia hartzen du, aurrerabide teknikoaren ondorioz giza ihardueren esparru espaziala zabaldu egiten baita eta horrek, era berean, espazio ekonomiko handien eraikuntza dakar. Horrela, mugak irekitzeak suspertu egiten ditu merkantzien truke eta fluxuak, eta etengabe egiten dute gora. Mendebaldeko ardatz atlantiar hau Europako indar-lerroetako bat da gaur egun eta, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoak posizio estrategikoa du bertan, garraio-azpiegiturek lurraldeen antolakuntzan eta ekonomi garapenean funtsezko eginkizuna betetzen duten garai honetan. Euskadik baliatu egin behar du Bretainiatik Portugaleraino doan multzo handi baten zentro geografikoan egotea, nekez bazter daitekeen posizioa baitu bertan. Izan ere, ezin dugu ahaztu iberiar penintsularen bi heren Baionako meridianoaren mendebaldean daudela eta Euskal Autonomia Erkidegoa dela Portugali Europarekin lotzeko aukera ematen dion pasabide bakarra. Euskadik, nolabait, ainguraketa-eginkizuna betetzen du lurralde hauetarako.

Ekonomiaren globalizazioaren babespean sortzen diren erlazio berrietan, distantziak beren pisu tradizionala neurri handi batean galtzen duten lurralde zabal horretan, edozein lurraldetarako irekita dagoen mundu horretan integratzeko gakoa Estatu barneko lurralde bereko eskualdeen arteko fluxuen eta Europako Batasuneko beste estatu batzuetako eskualdeekiko fluxuen ideian oinarritzen da. Hurbiltasuna eta fluxuak trukatzeko aukera, halaber, eskualde gisa, nazio gisa nahiz estatu gisa antzeko kezkak izatearen ondorio izango da.

Euskal Herriak, jasotzen duen herentzia eta etorkizunerako nahi duen proiektua direla-eta, aktiboki parte hartzen du Europaren eraikuntzan, eta Europako Eskualdeen Batzordean eta Europako Eskualdeen Batzarrean parte hartzea dugu horren lekuko. Izan ere, erakundeok eskualdeen arteko truke-fluxuak ezartzeko benetako plataformak dira, mugaz haraindiko eskualdeekiko erlazioek tradizionalki errepresentatzen duten hurbiltasun geografikoa gainditu ahal izateko. Hain zuzen ere, eskualde hauekin batera lan egin beharra dago Euroeskualde Atlantiarra eraginkortasunez eratu ahal izateko.

Errotula Handia. Europan Barneko Korapiloa.

13 KB

Orri honen hastapenara bueltatu

4. Euskal herria europako espazioan integratzeko hipotesia.

Euskal Herria, Kantauriko Erlaitzeko beste eskualde batzuek ez bezala, ahalegin handia egiten ari da teknologi arloan. 70eko hamarkadan enpresetan ia ez zen ikerketarik egiten, eta 1989. urtean euskal enpresen ia %26k I+G iharduera-motaren bat zuten, neurri handi batean Eusko Jaurlaritzak garatutako politikaren laguntzarekin. Dagoeneko hainbat teknologi zentro daude, ikertzaile askori lana ematen dietenak iharduera desberdinetan: robotika, material berriak, elektronika, kimika, ingurugiroa eta abar. Zentro hauek 135 proiektu egin zituzten 1987. urtean I+G arloan. "High-tech" enpresetan espezializatuta dagoen Zamudioko teknologi eremuak, halaber, erdi-mailako teknologi enpresak bultzatzeko poloa osa dezake. Teknologi garapen autonomiaduna egiteko moduko mailako ekonomiak ez dituzten enpresa txiki eta ertain ugari izateak justifikatzen du Euskal Herriko teknologi garapenari erakundeetatik laguntza eman beharra.

Euskadik, Europako hirien sistemarekiko kokaera dela-eta, iparraldetik hegoalderako eta ekialdetik mendebalderako konexiorako ERROTULA eginkizun garrantzitsua betetzeko aukera ezin hobea dauka. Euskal Hiriburuen Gune Anitzeko Sistemak eta, bereziki, Bilbo Metropolitarrak, inguruko eskualdeetan maila honetako polo hiritarrik ez dagoenez gero, goi-mailako funtzioen garapena areagotzeko bokazioa dauka. Funtsezkotzat jotzen da teknologi ikerketaren eta enpresei laguntzeko zerbitzuen arloetan espezializatzea, iharduera horiek espazio mugakideetarantz zabaltzeko eta Euskal Herria Europako espazio dinamikoenekin konektatzen duten ardatzei irmoki lotu ahal izateko. Euskal Herriaren espezializazio hau burutzeko, lankidetza-ahalegin garrantzitsua egin behar da Europako beste eskualdeekin, batez ere teknologia eta merkataritzaren arloan.

Euskal Herria Arku Atlantiarraren barnean dago; esan dugun bezala, egituraketa urriko espazioa da, deskonektatua eta ez oso homogeneoa. Hala eta guztiz ere, Arku Atlantiarra Europako beste espazio dinamikoagoekin (Europako Dortsala eta Hegoaldearen Iparraldea) integratzeko prozesuetan lurralde hau nodo estrategiko bihurtuko duten faktore garrantzitsu batzuk daude:

4.1. Iberiar Penintsulako beste eskualde atlantiarrak baino askoz posizio zentralagoan dago (Kantaurialdeko Erlaitza, Galizia eta Portugal) eta horren ondorioz, "Goi Teknologien Orbita" izenekotik hurbilago dago eta Europako Erkidegoko espazio zentralekin integratzeko aukera handiagoak ditu.

4.2. Gainera, Euskal Herria Europako hazkunde handienekotzat jotzen diren espazioetatik hurbilen dagoen eskualde atlantiarretako bat da.

4.3. Europako iparraldetik abiatu, Paris, Akitania, Euskal Herria eta Madrildik igaro eta Andaluziaraino iristen den Europako iparralde-hegoalde iraganbidean dago.

4.4. Halaber, aipatutako iparralde-hegoalde luzekako iraganbidearen eta etorkizunean sendotu beharreko bi iraganbide garrantzitsuren arteko gurutzagunean dago:

  • Ebro ibaiaren Ardatza, (Euskal Herria, Logroño, Zaragoza, Bartzelona), Euskal Herria Hegoaldearen Iparraldea deritzon Europako espazio dinamikoarekin hobeto integratzeko aukera emango lukeena.
  • Kantaurialdeko Erlaitza, iraganbide gisa finkatuz gero, eskualde atlantiar hau hobeto egituratzeko eta Euskal Herriarekin eta Europako beste espazio batzuekin hobeto integratzeko aukera emango lukeena.

4.5. Bilbo Metropolitarraren inguruan maila garrantzitsuko hainbat hiri daude, distantzia laburrera eta hobeto integratzeko aukerarekin (Bilbo Metropolitarra, Donostia-San Sebastiango Hirialdea, Vitoria-Gasteiz, Santander, Iruñea, Logroño). Globalki, garrantzi handiagoko espazioak artikulatzeko hiri-errotula gisa ihardungo duen Europako zentraltasun-nodo bat konfiguratzera irits daitezke.

4.6. Erronka handi hau lortu eta Euskal Herriak Arku Atlantiarraren eta Europako espazio dinamikoen arteko artikulaziorako benetako ERROTULA osa dezan, oso iharduketa boteretsuak egin behar dira bi esparru osagarritan. Lehenik, adierazi dugun bezala, Euskal Hiriburuen Gune Anitzeko Sistemaren beraren integrazio eraginkorragoa eta bere alderdi koalitatiboen hobekuntza nabarmena; eta bigarren, azpiegitura-mailako garrantzi handiko hainbat eragiketa. Hona hemen ekintzarik garrantzitsuenak:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko azpiegitura telematikoaren funtsezko hobekuntza, teknologia berrien garapenean oinarritutako etorkizun ekonomikoari lehiatzeko abantailekin ekin ahal izateko.
  2. Euskal Hiriburuen Gune Anitzeko Sistemako hirien arteko errepide eta trenbide bidezko konexioak hobetzea, integrazio eta osagarritasun handiagoa lortu eta Europako zentraltasun-nodo garrantzitsu bat konfiguratzeko xedez.
  3. Euskal Autonomia Erkidegoa osoko hiri eta ingurugiro-kalitatea hobetzeko asmo handiko programa, lurraldearen "erakargarritasun" globala areagotzea helburu duena. Aldi berean, bizi-kalitatea hobetzeko eta bizitzeko eta lan egiteko erakargarritasun globalak areagotzeko ekipamenduen sistema hobetzeko ekintzak gauzatuko dira. Bilboko Aireportua eta Euskal Aireportuen Sistema bultzatu eta sendotzea, nazioarteko mailan batik bat.
  4. Bilboko Merkataritza-Portua bultzatu eta errepide eta trenbidean zeharreko sarbideak hobetzea, bere "interland" areagotu eta Europako testuinguruan duen protagonismoa areagotzeko xedez.
  5. Euskal Hiriburuen Gune Anitzeko Sistema Ebro Ibaiaren Ardatzarekin errepidez konektatzea Iruñean eta Logroñon zehar.
  6. Madril eta Parisekiko konexioak Europako iparralde-hegoalde iraganbidean zehar.
  7. Kantaurialdeko Erlaitzeko iraganbidea sortzea, eskualde atlantiar hau Europako hiri-sistemaren gainerakoarekin integratzeko eta Euskal Hiriburuen Gune Anitzeko Sistemaren zentraltasuna areagotzeko.
  8. Herrialde mugakideen arteko lankidetza sustatzea, Euskal Herriaren eta Akitaniaren artekoa batik bat.
  9. Euskal Herria Abiadura Handiko trenbideen trazaduretan sartzea, batez ere iparralde-hegoalde ardatz jarraiaren bitartez (Paris, Tours, Bordele, Euskal Herria, Burgos, Valladolid, Madril, Sevilla) eta, orobat, Azpiegituren Gida-Planean (1993-2007) aurreikusitako Donostia San Sebastian, Iruñea, Zaragoza konexioa.

Orri honen hastapenara bueltatu

5. Etorkizuneko ikuspegia. Etorkizuneko erronka eta desafioak.

Euskadi Europako espazioan eraginkortasunez eta dinamikoki integratzea da euskal gizarteari une honetan planteatzen zaion erronka nagusia edo, behinik behin, desafio garrantzitsuenetako bat.

Horretarako, konexio fisiko eraginkorrak izan beharko ditu, eta Euskadiren erakargarritasuna areagotuko duten lurraldearen berriztapen eta berrikuntzarako prozesuak garatu beharko dira, Europako espazio dinamikoenetan sortzen diren joera berriak bereganatu ahal izateko.

Arku Atlantiarraren barne-egituraketa handiagoa ekar dezaketen ekintza guztiek eragin onuragarria izango dute Euskadin, eta Arku Atlantiarraren eta Europako Iparralde-Hegoalde iraganbide handiaren arteko lotune-eginkizuna sendotuko dute. Ekintza horiekin batera, Europako beste espazio batzuekin ekonomia, gizarte eta kultura-arloan elkarlanean, lankidetzan eta truke-lanetan aritzeko ekimenak suspertu beharra dago.


1. Europako hiri-sistema handiak.

2. Aldatzeko dinamika europako espazioen sisteman.

3. Europako lurraldea antolatzeko eszenatokiak.

4. Euskal herria europako espazioan integratzeko hipotesia.

5. Etorkizuneko ikuspegia. Etorkizuneko erronka eta desafioak.


























Europako Eremu Eranginkorrenak



Goi Teknologien Orbita




Zailtasunen Diagonala
























Europako Ipar-Hego Ardatza eta Erakuntzan Zeharkako Ardatza.


Atlantiar arkua






































































































































































































































































































































conclusion



Orri honen hastapenara bueltatu