Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

LAA. LURRALDE EREDUAREN OINARRIAK.



Lurralde eta Gizarte Neoindustriala Euskadin.

Euskal Autonomia Erkidegoko egitura ekonomiko, sozial eta demografikoak eta, bereziki, lurraldeari dagozkion egiturak transformazio sakonak izan dituzte mende honetan.

Transformazio honetan inplikaturik dauden prozesuak ulertzea behar-beharrezkoa izango da gaur egungo hiri eta lurralde-desorekak zuzentzeko estrategiak ezarri ahal izateko eta, azken finean, eremu hauetan artezpide koherenteak inspiratzeko.

Euskal Herriak bizi izan zuen industrializazio-prozesu luzearen barruan gertatu zen migrazio-dinamikaren ondorioz, populazioa espazio jakin batzuetan kontzentratu zen. Kontzentrazio honek lurralde-desorekak eta, batik bat, hiri-desorekak eragin zituen eta desoreka hauei, hain zuzen ere, egin behar diegu aurre orain. Mendetako prozesu hau osatzeko, azken bosturtekoetan industriaren gainbehera nabarmena gertatu da. Artezpide hauek, beraz, testuinguru zail honetan ihardun behar dute.

Populazioak lurraldean finkatzeko jarraitu duen dinamikak azken hamarkada hauetan izan duen joerak aldaketa azpimarragarriak izango ditu seguraski. Izan ere, datozen hamarkadetan oso bestelako kokapen-tentsioak gertatuko direla aurrikus daiteke eta, ondorioz, beharrezkoa izango da tentsio hauek koherentziaz bideratuko dituen udalaz gaindiko lurralde-estrategia finkatzea eta estrategia honen bitartez euskal gizartearen garapenaren egoera berri honi lotzen zaion lurralde orekatsua lortzea.

Batetik, Euskal Herriak bizi izan zuen industrializazio-aldi indartsuari lotu zitzaion lurralde eta hiri-eredua etetea aurrikus daiteke, metaketa-ekonomia klasikoen indarrak behera egin eta metaketa-kostuen balorazio sozialak gora egin du-eta.

Bestetik, hirugarren sektoreak bizi duen gorakadak, industriaren produkzio-prozesuetan robotika gero eta gehiago aplikatzeak eta komunikazio-sistemak hobetzeak lan-taldea eta lan koordinatua pertsonen arteko harreman fisikorik gabe -gaur egun ez bezala- garatu ahal izatea ahalbidetuko dute.

Horrenbestez, gaur egun lurraldearen gune jakin batzuetan populazioaren eta iharduera ekonomikoaren gehiegizko metaketa gertatzen da eta metaketa-eredu horrek oreka handiagoko egoera baterantz bilakatzea ahalbidetuko dion berrikuspena beharko du.Gune tradizionalen mugen barruan edo Euskal Herrian guztiz bereizgarriak diren korridore estuen hondoan egoitza eta industria-metaketa handia azaltzen duen industri hiri trinkoaren eredua, aurreikus daitekeenez, enpleguen eta etxebizitzen zati bat hiriaren ohiko mugetatik kanpo ateratzeko eta naturarekin kontaktuan egongo den dentsitate baxuko egoitza-tipologia berriak eta ekonomi iharduera berriak sortzeko joera hartuko du. Ingurune akademikoetan "desurbanizazio" gisa ezagutzen den prozesu honekin batera komenigarria izango litzateke "berrurbanizazio-prozesua" gertatzea, hau da, hirien gunean zuzkidura-iharduera berriak, enplegu koalifikatuak eta hiri-egoitza berriak sortzea eta, horretarako, birmoldaketa ekonomikoaren eta zaharkituta geratu den industriaren eraispenaren ondoriozko hutsuneak aprobetxatzea.

LAAetan gaur egungo lurralde-eredua zuzentzeko iharduketa-multzo konbinatu eta sinergikoa proposatzen da, etapa neoindustrialeko euskal gizartearen behar eta asmoekin bat eginez. Zuzentzeko iharduketa hauek landa-auzuneetatik hurbil eta naturarekin kontaktuan egoitza-habitat alternatiboak barne hartzen dituzte, bai eta Euskadiko industri gune tradizional nagusietan ekonomi iharduerak eta berrikuntza eragiketak ere.

Ekonomi ihardueren produktibitatea areagotu eta "bizi-kalitatea" kontzeptuaren balorazio pertsonal eta soziala areagotu ahala, gehitu egingo da etorkizunean aisialdia. Hori dela eta, etorkizunean garrantzi handiagoa izango du naturarekin gozatzeko interesak eta bizilekuaren eta lan egiteko lekuaren ingurugiro-kalitatea ahalik eta handiena izan dadin bilatzeak.

Hiriko eta landako bizimodu tradizionalen "bitarteko habitatek" gero eta garrantzi handiagoa izango dute, herrialde garatuenetan gertatu den bezalaxe. Gaur egungo hiriguneak erabat suspertzeko prozesuaz eta landa-areak indartzeko estrategiaz gain, erabaki-gune nagusiekin egoki lotuta dauden dentsitate baxuko egoitza-habitataren eskari handia sortzea aurreikus daiteke.

Asentamenduen sisteman espero den transformazio-dinamika hau osatzeko, balio handiagoa izango du "aniztasun" kontzeptuak eta honek hiri-asentamenduen, landa-asentamenduen eta bitarteko asentamenduen arteko lotura estutzeko estrategiak hartzea eta hauetako bakoitzaren idiosinkrasia, ezaugarriak eta bereizgarriak azpimarratzea eragingo du.Garapen-egoera berria eskatzen duen lurralde-eremuari lotzen zaizkion erronka handiei aurre egiteko, gure gizarteak bere gain hartu beharko du hiri eta lurralde-arazoekiko jarrera berria.

Hiri-esparruari dagokionez, garrantzitsua da gure gizarteak hiri-eszenarekiko kezka, hiriaren irudiarekiko kezka, morfologiarekiko kezka, hiri-espazioarekiko kezka eta hiritarrek berek hiria bere egin dezaten eta hiriaz goza dezaten eragiten duen guztiarekiko kezka bere gain hartzea; horrenbestez, hirian gizabiziak ahalik eta kalitaterik handiena izan dezan lortzea da helbururik nagusiena.

Honekin batera, ezinbestekoa da lurraldea ingurune fisikoa artatu, leheneratu eta aintzatestea kontuan duen estrategia orokorraren barruan garatzea.

Aurreikus daitezkeen dinamika hauen ondorioz, lurralde antolamenduko azterlanak sortu beharko dira -gaur egun oso urriak dira-, gaur egungo planteamenduan nagusi den udal-ikuspegia gainditu beharko da, azterlan historiko eta kulturalak normalizatu beharko dira eta, azken finean, hiri eta lurralde-arazoekiko jarrera berria sortu beharko da.

Orri honen hastapenara bueltatu 

1. Etorkizuneko Ikuspegia. Etorkizuneko Erronka eta Desafioak
  • Euskal lurraldeak, gainerako herrialde europarrak bezalaxe, transizioaldia bizi du. Herrialde industrializatu baten berezko antolakuntzatik teknologia berrien garrantziak definitzen duen beste antolakuntza batera iragateak balio erantsia bilatzen lan egitea eskatzen du, bai eta lurralde-ikuspegitik ere. Horrek kalitate-ingurunea eskatzen du, zerbitzu eta industria-gizarte baten berezko eskariekin bat datozen azpiegitura eta ekipamenduak dituen ingurunea alegia.
  • Beharrezkoa gertatzen da lurraldeak jasotzen dituen desorekak, gabeziak eta desabantailak zuzentzea eta gaur egun dauden indar eta ahalmenak biltzea, etorkizuneko erronketan barne har daitezen.
  • Erronka berriei erantzuteko hazkunde ekonomiko egonkor eta eusgarria lortu behar da, ingurunearekiko arreta azpimarratuko da eta herritarren bizi-kalitatea eutsi eta areagotuko da; azken finean, belaunaldi berriei lurraldea prestatu behar zaie.

1. Etorkizuneko Ikuspegia. Etorkizuneko Erronka eta Desafioak.
















































































Bilbo Metropolitarra



Orri honen hastapenara bueltatu