Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Eskumenak eta transferentziak

Inprimatu

73/1981 DEKRETUA, ekainaren 29koa (Dekretu horren bidez, nekazaritzaren erreformaren eta garapenaren arloko eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruz Transferentzien Bitariko Batzordeak hartutako erabakia argitaratzea onetsi zen).

Identifikazioa

  • Egoera: Eginda
  • Transferentziaren urtea: 1981
  • Gaia: Nekazaritza eta Arrantza
  • Jardun-eremua: Nekazaritza eta Arrantza
Xedea:

1.- Nekazaritzaren Erreforma eta Garapenerako 118/1973 Legeak (urtarrilaren 12ko Dekretuaren bidez onartu zen) Nekazaritza Ministerioari hainbat zerbitzu eta eginkizun esleitzen zizkion; akordio honen bidez, EAEri eskualdatuko zaizkio Ministerio horrek EAEn betetzen zituenak. Hala ere, Estatuaren intereseko eremu handietan egin beharreko jarduerei dagozkien eginkizun eta zerbitzuek Estatuaren esku jarraituko dute, bai eta gizarte-interesagatik jabetza kenduz berbanatu behar ziren lurrei dagozkienak ere. 

2. Autonomia Erkidegoak finkatuko ditu sustatu beharreko nekazaritza-ustiategiek bete behar dituzten ezaugarriak eta ekoizpen-arloko gidalerroak, bai eta emango diren laguntzen eta pizgarrien gehieneko zenbatekoa eta helburuak ere, betiere, Estatuak ezarritako ekonomiaren erabateko antolamenduarekin bat etorrita. 

3. Autonomia Erkidegoari iruditzen bazaio eskualdatutako arloetan ekiteko komenigarria dela eraikuntza edo jardueraren bat egitea, eta Konstituzioak, Autonomia Estatutuak edo akordio honek ezarritakoaren arabera, eraikuntza edo jarduera hori, dituen ezaugarriak direla-eta, Estatuaren eskumenekoa bada, Autonomia Erkidegoak Estatuari eraikuntza edo jarduera hori egiteko proposamena egingo dio, eta Estatuarena izango da horretarako baimena emateko ahalemena. 

Baimen hori ematean, eraikuntza edo jarduera egiteko baldintzak finkatuko dira, eta Autonomia Erkidegoari dagokion partaidetza zehaztuko da, hala behar duten kasu eta jardueretan. 

4.- «Instituto de Reforma y Desarrollo Agrario» delakoak EAEko nekazaritzako ustiategiei ematen zizkien laguntzen gaineko sorospen-espedienteak EAEk kalifikatuko ditu kreditu ofizialaren kontura emandako maileguak direnean, diru-laguntzekin batera emandakoak izan edo ez; horrez gain, espediente horiek antolamendu orokorraren barruan ebazteko beharrezkoa den hitzarmena egingo da. 

5. Nekazaritzako Ministerioak eta Autonomia Erkidegoko organo eskudunek behar bezalako lankidetza-sistemak finkatuko dituzte, Estatuko Administrazio Zentralaren eta Autonomia Erkidegoaren eginkizunak eta jarduerak behar bezala koordinatzeko. Orobat, Estatuan zein Euskal Autonomia Erkidegoan estatistikak egin ahal izateko eta emaitzak behar bezala ebaluatzeko, datuak emango dizkiote elkarri; eta, gainera, arlo hauetako azterlanak eta jarduerak egiteko, lankidetza eta laguntza teknikoa sustako dira Estatuko erakundeen («Instituto de Reforma y Desarrollo Agrario» delakoa eta Nekazaritzako Ministerioaren bestelako erakundeak) eta Autonomia Erkidegoko erakundeen artean.

6. Izapidetzen ari ziren espedienteak EAEri eskualdatuz gero lanen kalitateari edo zerbitzuen etekinari kalte egin zekiekeela iritzi zitzaionean, arau honi jarraitu zitzaion behin-behinean: espedienteok hasieratik izapidetu zituzten funtzionarioek amaitu behar izango zituzten (hain zuzen ere, honako funtzionario hauek: EAEtik kanpora kokatutako Estatuaren unitateetako funtzionarioek, baita IRYDAren orduko buruzagitzei laguntzeko EAEn zeuden Estatuko funtzionarioek ere, edota, EAEri eskualdatutako funtzionarioen artean, EAEtik kanpora Estatuaren eskumeneko zereginak burutzen zituztenak. Zeregin horiek amaitu bitartean, funtzionario horiek eskualdaketa gertatu baino lehenago zeuzkaten eskumen berberak eduki zituzten).

Eskumenen konfigurazioa