Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2020ko otsailaren 26koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2020ko deialdia, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 51
  • Hurrenkera-zk.: 1555
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2020/02/26
  • Argitaratze-data: 2020/03/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2020ko otsailaren 25eko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, onartu egin du enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2020ko deialdia, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Bada, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren p) letran xedatutakoaren arabera, organismo autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.

Azaldutakoagatik guztiagatik, honako hau

Lehenengoa. Argitara ematea enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2020ko deialdia, urriaren 29ko 168/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2020ko otsailaren 25eko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez onartu da deialdia, eta ebazpen honen eranskin gisa argitaratuta dago.

Bigarrena. Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.

Hirugarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, zeinaren bidez deialdia onartzen baita, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko otsailaren 26a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

Urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira (2019ko azaroaren 28ko EHAA, 227. zk.; huts-zuzenketa, 2020ko urtarrilaren 24ko EHAA, 16. zk argitaratua), Bada, dekretu horren II. kapituluko 2. atalean, enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzak arautzen dira, hain zuzen ere desgaitasun larriak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean txertatzen laguntzeko. Dirulaguntza hauen hartzaile izan daitezke elkarteak, fundazioak eta irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuk, eta Euskal Autonomia Erkidegoan finkatutako enplegu-zentro bereziak kalifikazio hori dutenak eta hala inskribatuta daudenak baldin eta, helburu sozial gisa, desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzea edota haientzako enplegua sortzea badute.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 49.5 artikuluan ezarrita dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zen dekretu horren bidez-, ekitaldi ekonomiko bakoitzean Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarri egingo dira programen dirulaguntzak emateko arauak, eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu ziren dirulaguntzetarako.

Urriaren 29ko 168/2019 Dekretua xedapen orokor bat da, indarraldi mugagabea duena, eta, 26. artikuluan, berariaz ezartzen du enplegu lagunduko jarduketetarako laguntzen deialdia Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren erabaki baten bidez egingo dela, eta han, alderdi hauek zehaztuko dira gutxienez: finantzaketarako baliatuko diren baliabide ekonomikoen zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea, dirulaguntza justifikatzeko epea eta horretarako beharrezko dokumentazioa.

Halaber, 168/2019 Dekretuaren 76. artikuluak ezartzen duenez, dekretu horretan araututako laguntzak Europako Gizarte Funtsak lagunduta finantzatzen badira eta hala gertatzen da laguntza hauetan, kasuan kasuko deialdia onartzen duen Lanbideren Administrazio Kontseiluaren erabakian zehaztuko da zer programa operatibo den Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa babesten duena; erabaki horrek ezarriko ditu, orobat, finantzaketa horretatik eratorritako betekizunak edo baldintza espezifikoak.

Enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2020ko ekitaldiko Dirulaguntza Plan Estrategikoan aurreikusita daude. Organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak onartu zuen plana, 2019ko azaroaren 13ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, eta, hartara, bete egin zuen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa.

Abenduaren 27ko 13/2019 Legearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren, eta, haietan, aurreikusita dago laguntza hauek finantzatzera bideratutako kreditua.

Hori guztia aintzat hartuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, organismo autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2020ko otsailaren 25eko batzarrean, onartu egiten du enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzen 2020ko deialdia, urriaren 29ko 198/2019 Dekretuan aurreikusitakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa arautzen dira. Hona deialdiaren ezaugarriak:

Deialdi honek xede du Enplegu lagunduko jarduketetara bideratutako laguntzak ematea; urriaren 29ko 168/2019 Dekretuko II. kapituluko 2. atalean aurreikusitakoak. Dekretu horren bidez, arautu egiten dira bai Euskal Autonomia Erkidegoan desgaitasunen bat duten pertsonen enplegagarritasunarekin loturiko programak eta zerbitzuak (2020ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra garatuko direnak); bai eta Enplegu Zentro Berezien Euskal Erregistroa ere.

Hilabetekoa izango da eskaerak aurkezteko epea, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

  1. Deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 1.000.000 eurokoak dira guztira; horietatik, 500.000 euro 2020ko ordainketa-kreditukoak dira, eta, 500.000 euro, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 41. ataleko 3211-Enplegurako programaren 2021eko konpromiso-kreditukoak.

  2. Europako Gizarte Funtsak parte hartu ahal izango du deialdi honen babespean diruz lagundutako enplegu lagunduko jarduketak finantzatzen, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan.

  1. Dirulaguntzaren erakunde onuradunak azken memoria bat aurkeztu beharko du, 2021eko martxoaren 31 baino lehen, dokumentazio hau bilduko duena:

    1. Memoria deskribatzailea, diruz lagundutako aldian enplegu lagunduko unitateak izandako jarduerari buruzkoa, garatutako jarduketei buruzko informazio kualitatiboa bilduko duena, bai eta egindako jardueratik ateratako ondorio nagusiak ere. Memoriak oinarrizko eduki gisa izan beharko du: pertsona-lanpostua egokitzeko metodologia, banakako txosten laburtua, pertsona lanpostuan sartzeko eta lanpostura egokitzeko prozesuari buruzkoa, aztertutako lanpostu moten zerrenda, prospekzio-jarduketetan oinarrituta eta, azkenik, enpresen gogobetetze-maila, enplegu lagundurako metodologiarekin. Honako hauek erantsiko zaizkio memoria horri:

      1. Enplegu lagunduko jarduketak jaso dituzten eta desgaitasunen bat duten pertsonen zerrenda, laneratu berriak eta aurreko laneratzeen jarraipenak bereizita.

      2. Desgaitasunen bat duten laneratuei egindako lan-kontratuen kopiak. Dena dela, kontratua bera eta iraupena egiaztatzeko, Gizarte Segurantzako lan-bizitzaren erregistroa kontsultatuko da.

      3. Artatutako pertsonen desgaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiriaren kopia, dagokion organo eskudunak emana.

      4. Enplegu lagunduko jarduketak gauzatu diren enpresekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak. Laguntze aldera, hitzarmen-eredu bat eskuragarri jarriko da Lanbideren web-orrian: www.lanbide.euskadi.eus.

      5. 2020an eta aurreko ekitaldietan egindako laneratzeen prestakuntzari eta jarraipenari buruzko fitxak.

      6. Bisita-orriak eta egindako prospekzio-jarduketen eta kontaktatutako enpresen zerrenda.

      7. Enplegu lagunduko jarduketetan esku hartu duten prospekziogileen eta lan-prestatzaileen zerrenda.

      8. Enplegu lagunduko jarduketetan esku hartu duten prospekziogileek eta lan-prestatzaileek diruz lagundu daitezkeen jardueretan eman duten denbora jasotzen duten orriak.

    2. Memoria ekonomikoa, non labur jasoko baitira egindako gastuak, kontzeptuka zehaztuta urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren 25. artikuluko 2. apartatuan ezarritako diruz lagundu daitezkeen kontzeptuen arabera, eta, halakorik izan bada, zehatz adierazita zer beste diru-sarrera edo dirulaguntza jaso den diruz lagundutako jarduera finantzatzeko. Honako hauek erantsiko zaizkio memoria horri:

      1. Diruz lagundu daitezkeen jarduketak gauzatu dituzten enplegu lagunduko unitateko langileen zerrenda, soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak zehaztuz, bai eta justifikatutako jarduketei kontzeptu horiengatik egotzi zaien gastua ere.

      2. Enplegu lagunduko unitateko langileen nominak, 2020. urtekoak; nomina horietan, zigilu batek adierazi beharko du Europako Gizarte Funtsaren finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko aldirako EGIF programa operatiboaren barruan. Gainera, erakundeak nomina bakoitzari dagokion zenbatekoaren banku-transferentzia egin izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. Bankuko kontu-laburpenaren oharra globala bada eta haren zenbatekoa hainbat langileri badagokio, transferentzia-agindua aurkeztu beharko da laburpen horrekin batera, eta, han, azalduko da zein diren enplegu lagunduko unitateko pertsonak, behar bezala identifikatuta, ordainketa bakoitza zeini dagokion argi ikusteko moduan.

      3. Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuak (kotizazio-likidazioen zerrenda eta langileen zerrenda nominala), 2020koak, ordainagiriekin batera. Halaber, kotizazio-datuen txostena aurkeztuko da (IDC dokumentua), enplegu lagunduko unitateko pertsona bakoitzari buruzkoa.

      4. Erantzukizunpeko adierazpena, enpresaren legezko ordezkariak sinatua, non zerrenda zehatz batean bilduko baitira jasotako edo eskatutako (baina ebazteke) beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuk, deialdi honen babespean diruz lagundutako jarduketetan aritutako langileen kostuak finantzatzera bideratuak.

      5. Auditoretza-txosten bat, non egiaztatuko baita azken justifikazio ekonomikoan aitortutako gastuak egozgarriak direla, diruz lagundutako aldiari dagozkiola eta urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren 25. artikuluan aurreikusitako mugei egokitzen zaizkiela. Hain zuzen ere, soldata-kostuei eta gizarte-segurantzakoei dagokienez, jasota geratu beharko da gastu horiek nominekin eta gizarte-aseguruekin egiazta daitezkeela, haietan agertzen diren zenbateko berak dituztela, egiaz ordainduta daudela eta ordainketa gauzatu izana jasota dagoela. Hauek ere jaso beharko ditu: kontzeptu hauengatik justifikatutako gastuaren zenbatekoa dirulaguntzari osorik edo partez egozten zaion, eta, azken kasu horretan, justifikatutako jarduketei egotzitako zenbateko zehatza zein den. Gastua egozteko irizpideak eta kalkuluak behar bezala dokumentatuta daudela ere egiaztatu beharko du, bai eta diruz lagundu daitezkeen jardueretan izan duten dedikazioa jasotzen duten orriekin bat datozela ere. Kalkulu-irizpide horiek xehetasunez azaldu behar dira auditoretza-txostenean.

        Onuradunak nahi duen auditorea aukeratu eta kontratatuko du, Kontabilitatearen eta Kontu Auditoretzaren Institutuaren mendeko Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako jarduneko auditoreen artean, sektoreko merkatu aske eta lehiakortasunezkoaren batez besteko ordainsariak gainditu gabe.

  2. Lanbideren www.lanbide.euskadi.eus web-orrian eskuragarri dauden eredu eta inprimakien arabera aurkeztuko da lehenagoko a).1, a).5, a).6, a).7, a).8 eta b).1 apartatuetan aipatzen den dokumentazioa.

  3. Azken memoria osatzen duten egiaztagirien multzoa aurkezteko, laguntza hauek izapidetzeko baliatutako bitarteko elektronikoak erabiliko dira.

  1. Dirulaguntzei honakoa aplikatu behar zaie, Europako Gizarte Funtsaren finantzazio-laguntza jaso baitute: batetik, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1303/2013 (EB) Erregelamendua; bestetik, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1304/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren, 1083/2006 (EB) Erregelamendua indargabetzekoa; eta azkenik, ESS/1924/2016 Agindua, abenduaren 13koa, 2014-2020 programazio-aldian Europako Gizarte Funtsak diruz lagun ditzakeen gastuak zehazten dituena.

  2. Laguntzen onuradunek urriaren 29ko 168/2019 Dekretuaren II. kapituluko 2. atalean eta 71. artikuluan aurreikusitako betebeharrak bete beharko dituzte, eta bereziki honako hauek:

    1. Berariaz aipatzea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kofinantzaketarekin batera, Europako Gizarte Funtsarena, EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren barruan gauzatua, diruz lagundutako jarduketak komunikatzeko, zabaltzeko edo argitaratzeko material eta ekintza guztietan.

    2. Gastuaren kontabilitate-erregistro bat bermatzea, kontabilitate-identifikazio bereizia edo kontabilitate-kode egokia duela.

    3. Gutxienez 2027ra arte gordetzea diruz lagundutako kontratu guztiei buruzko dokumentazioa, badaezpada inoiz egiaztatzen bada deialdi honen arabera bete beharreko konpromiso eta betebehar guztiak bete direla.

    4. Men egitea honako hauek egindako egiaztatze-jarduketei: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.

  3. Dirulaguntzaren erakunde onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 115. artikuluko 2. apartatuan aurreikusitako zerrenda publikoan.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (4)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.