Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2019ko ekainaren 28koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren bidez araututako dirulaguntzak emateko 2019ko deialdia egiteko dena. Dekretu horren bidez, nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzak arautzen dira (Lehiatu Sustapena Programa).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 128
  • Hurrenkera-zk.: 3334
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/06/28
  • Argitaratze-data: 2019/07/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza; Osasun eta kontsumoa; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Nekazaritza eta arrantza; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Irailaren 23ko 179/2014 Dekretua nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzei buruzkoa da Lehiatu Sustapena Programa, eta nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak EAEtik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzen erregimena ezartzen eta arautzen du.

Aipatutako dekretuaren 9. artikuluak xedatzen duenez, urtero, dekretuan ezarritako laguntzetarako deialdia egingo da, eta artikulu horretan jasotzen diren zenbait alderdi zehaztu.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatutakoa betetzeko xedez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak dirulaguntzen plan estrategiko bat dauka, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko martxoaren 6ko Aginduaren bidez onartua, eta haren barruan dago agindu honetako deialdiko dirulaguntza, zeina euskadi.eus webgunean kontsulta baitaiteke.

Hori dela-eta, aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak (2019ko ekitaldirako luzatuak) onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak baimendutako kredituen arabera, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu-araubideari dagokionez indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. tituluan aurrekontua luzatzeko araubideari buruz ezarrita dagoenarekin bat etorriz, nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko deialdi hau egiten da, 2019ko ekitaldirako.

Horiek horrela, honako hau

Lehenengoa. Xedea.

Agindu honen xedea da irailaren 23ko 179/2014 Dekretuak araututako dirulaguntzak emateko 2019ko deialdia egitea. Dekretu horren bidez, nekazaritza-, elikagai-, arrantza- eta basogintza-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko merkatuetan sustatzeko laguntzak arautzen dira (Lehiatu Sustapena Programa).

Bigarrena. Betekizunak.

Agindu honetan iragarritako edozein laguntzaren onuradun izateko, irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako betekizunez gain, puntu honetan ezarritako betekizunak bete behar dira. Betekizun horiek Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko betekizunak jasotzen dituzte. Hauek dira:

  1. Konkurtso-deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

  2. Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen amaiera irmoa ebatzita ez izatea.

  3. Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea ekainaren 26ko 1/2014 Legean (kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.

  4. Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.

  5. Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoko 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial sendorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.

  6. Berreskuratze agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.

    Hirugarrena. Eskabideak aurkezteko epea, eskabide-eredua eta dokumentazioa.

  1. Irailaren 23ko 179/2014 Dekretuak ezarritako laguntza deialdian sartzeko eskabideak aurkezteko epea, 2019ko ekitaldirako, hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Agindu honen II. eranskinean dago jasota laguntza hau eskatzeko inprimakiaren edukia.

  2. Irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 8. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14 artikuluan xedatutakoa betez:

    1. Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak.

      Modu presentziala: eskabideak behar bezala beteta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat.

      Modu elektronikoa: eskabideak euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira, ebazpen honen 3. apartatuan adierazitako helbideen bidez.

      Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.

    2. Pertsona juridikoek eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluko 2. zenbakiko a), b), c) eta d) apartatuetan aurreikusitako gainerako subjektuek bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dituzte eskabideak, 3. apartatuan adierazitako helbide elektronikoa erabilita.

  3. Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak modu presentzialean zein elektronikoan nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ Programa Lehiatu Promoción 2019 (Errefe rentzia: 0082206) eta https://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ Lehiatu Sustapena Programa 2019 (Erreferentzia: 0082206).

    Eskabidea egin osteko izapideak helbide elektroniko honen bidez egingo dira: http://www.euskadi.eus/micarpeta eta http://www.euskadi.eus/nirekarpeta.

  4. Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.

  5. Prozeduraren eskuliburua onartzen da, eta eskuragarri egongo da http/www.euskadi.eus web-orrian, baita argitara eman ere agindu honen I. eranskinean.

  6. Eskatzaileek, laguntza-eskabidearekin batera, agindu honen III. eranskinean adierazitako dokumentazioa ere aurkeztu beharko dute. Dekretu arautzailearen 8. artikuluaren 3.c) puntuan adierazten den memoria xehatua egiteko, ebazpen-zati honen 3. apartatuan adierazitako web-helbideko «fitxa-txostena» bete beharko da.

  7. Enpresa txiki eta ertainek (ETE) izaera hori egiaztatu beharko dute, agiri hauek aurkeztuta:

    1. Pertsona fisikoentzat: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kopia, ekonomia-jardueren eranskinarekin batera, eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiarena.

    2. Pertsona juridikoentzat: eskaera aurkeztu den dataren aurreko ekitaldiari dagokion sozietateen gaineko zergaren kopia.

      Agiriekin batera, dokumentazioak erakusten duen egoera aldatu ez dela dioen adierazpena.

  8. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatearen ziurtagiriak. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta, hala egiten badu, dagokion ziurtagiria edo eskatutako agiria aurkeztu beharko du.

  9. Eskatutako dokumentazioa administrazio honetan edo beste batean entregatzen denean eta eskatzaileak berariaz deklaratzen badu dokumentu horietan ez dela aldaketarik egin, horiek aurkeztutzat joko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. paragrafoaren 28. artikuluan ezarritakoarekin bat. Eskatzaileak adierazi beharko du zein Administraziotan eta zein unetan aurkeztu diren. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake laguntza-eskabidean inplizituki dagoen baimen hori, eta, hala egiten badu, dokumentazioa aurkeztu beharko du.

  10. Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat etorriz.

    Laugarrena. Betebeharrak.

    Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek, irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 5. artikuluan ezarritako betekizunez gain, dekretu horren 15. artikuluan eta ebazpen-zati honetan jasotako betebeharrak bete behar dituzte. Izan ere, horietan jasota daude Dirulaguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetako betebeharrak. Hauek dira:

    1 artikuluari dagokionez:

    1. Dirulaguntza eman izanaren oinarrian dagoen jarduera egitea, jarrera hori hartzea, proiektua egikaritzea edo helburua betetzea.

    2. Dirulaguntza ematen duen erakundeari edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak betetzen direla, dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela.

    3. Dirulaguntza ematen duen erakundeak edo, hala badagokio, erakunde laguntzaileak egingo dituzten egiaztapen-ekintzak betetzea, eta eskumena duten kontrol-organoek estatukoek zein Europar Batasunekoek finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen beste edozein ekintza ere bai. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eman beharko dute.

    4. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzen dituzten bestelako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideak lortu izanaren berri ematea dirulaguntza ematen duen organoari edo erakunde laguntzaileari. Jakin bezain laster jakinarazi behar zaio, eta betiere jasotako funtsen erabilpena justifikatu baino lehen.

    5. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, arauz zehaztutako eran, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena egin baino lehen.

    6. Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

    7. Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.

    8. Lege honen 18. artikuluaren 4. apartatuan jasotako zabalkunde-neurriak hartzea.

    9. Lege honen 37. artikuluan aurreikusitako kasuetan jasotako funtsak itzultzea.

      1. artikuluari dagokionez, lankidetzarako betebeharra ezartzen da. Horren arabera:

      1. Onuradunek, erakunde laguntzaileek eta dirulaguntzaren xedearekin edo justifikazioarekin lotuta dauden hirugarrenek lankidetza eta beharrezko agiriak eman beharko dizkiete honako hauei, kontrol-jarduerak egiten dituztenean eta dirulaguntza ematen duen administrazioaren esparruaren barruan: Estatuko Administrazioaren Kontu-Hartzailetza Nagusia, autonomia-erkidegoena edo toki-korporazioena. Horiez gain, Europar Batasunaren araudiaren arabera finantza-kontrolerako egitekoak esleituta dituzten erakundeei ere eman beharko diete informazio hori; xede horretarako, ahalmen hauek izango dituzte:

        1. Egiaztatu beharreko dokumentazioa haien esku jarri behar dute, are programa eta fitxategi informatikoak ere.

        2. Negozio-lokaletan sartzen utzi behar diete, bai eta dirulaguntzaren xede izan den jarduera egiten den establezimendu eta toki guztietan eta dirulaguntzaren kargura finantzatutako eragiketak egiazkoak eta erregularrak direnez egiaztatzeko arakatu beharreko tokietan ere.

        3. Dirulaguntza oker jaso, gozatu edo erabili delako zantzuak agertzen dituzten eragiketen inguruko fakturak edo antzeko edo ordezko dokumentuak gorde behar dituzte, edo haien kopiak eman.

        4. Dirulaguntza kobratu den finantza erakundeko banku kontuko edo funtsak baliatzeko erabili den kontuko informazio guztia eman behar diete.

      2. Betebehar hori betetzen ez bada, erresistentzia, aitzakia, oztopatzea edo ezezkoa dela ulertuko da, lege honen 37. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, hargatik eragotzi gabe bestelako zehapenak ere jarri ahal izatea.

        Horrez gain, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak araututako Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18.4 artikulua aplikatuz, onuradunak behar bezalako publikotasuna eman behar dio diruz lagundutako jardueraren finantzaketaren izaera publikoari. Onuradunek jasotako dirulaguntzen eta laguntzen berri eman beharko dute, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean xedatutako moduan eta baldintzetan.

        Bosgarrena. Aurrekontu-zuzkidura.

        Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako aurrekontu-kredituak, deialdi honetarako, bostehun mila (500.000) eurokoak dira.

        Seigarrena. Onuradun bakoitzari gehienez emango zaion laguntzaren zenbatekoa.

        Onuradun bakoitzari gehienez sei mila (6.000) euroko laguntza emango zaio, dekretu arautzailearen 6. artikuluko 1A paragrafoan xedatzen diren ekintza indibidualetarako, eta hogeita bi mila (22.000) eurokoa agindu arautzaile horren 1B paragrafoan zehaztutako sustapen-programetarako.

        Dena den, honako araudi hauetan ezarritako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak errespetatu beharko dira: Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduan, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak arrantzaren eta akuikulturaren alorrean de minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2014ko ekainaren 27ko Batzordearen 717/2014 (EB) Erregelamenduan; horiek aplikagarri izango dira baldin eta enpresa onuraduna nekazaritza edo arrantza sektorekoa bada, eta, hori horrela izanik, lehenengo kasuan laguntza 200.000 eurokoa izango da, hiru zergalditan ematekoa; bigarren kasuan, berriz, 30.000 eurokoa izango da, hiru zergalditan ematekoa.

        Zazpigarrena. Diruz lagun daitezkeen ekintzak.

        Honako ekintza hauek sartu ahal izango dira dirulaguntza deialdi honetan:

        1. Ekintza indibidualak. Jarduera hauek hartzen dira ekintza indibidualtzat:

          1. Izaera profesionala duten nazioarteko azoketan edo merkataritza-lehiaketetan erakusketari gisa parte hartzea, merkataritza-jarduerak garatzeko, produktuak erakutsiz erakusmahai indibidual edo partekatuetan.

          2. Azoketara joatea, hau da, eskatzaileak bisitaldiak egitea profesionalei zuzendutako nazioarteko azoketara.

          3. Zuzeneko misioak egitea eta estatuz kanpoko merkatuetan produktuak aurkeztea, hau da, enpresa eskatzailearen produktuak aurkezteko edo dastatzeko ekintzak egitea, atzerriko merkatu horietan merkataritza-harremanak eta produktuen esportazioa areagotzeko.

          4. Alderantzizko misioak egitea: atzerriko erosleei edo iritzi-emaileei gonbitea egitea enpresen ekoizpen-establezimenduetan bisitaldiak egin ditzaten; Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik egingo dira bisitaldi horiek,

          5. Estatutik kanpoko merkatuetako salmenta-puntuetan sustapen ekintza zehatz eta espezifikoak egitea, produktuaren publizitatea eginez eta hura dastatzeko aukera emanez, kontsumitzailearen oniritzia lortzeko.

          6. Ikus-entzunezko katalogoak eta materialak, hau da; enpresaren irudiari eta produktuei buruzko dibulgazio-materialak egitea, gutxienez atzerriko hizkuntza batean.

        2. Sustapen-programak:

          1. Sustapen-programa datza gutxienez hiru herrialdetan A apartatuko sei jarduera jasotzen dituen plan edo programa integral bat egitean. Hortik kanpo geratzen da enpresari kanpoko zerbitzuak ematen dizkioten zerbitzu profesionalen kontratazioa, eskatzailearen produktuak sustatzeko programa garatzeko aholkularitzarako.

          2. Ez da dirulaguntzarik emango azoketan parte hartzeko, baldin eta azoka horietan erakusmahai bat jarri badu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, edo Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberek, edo kanpoko merkatuan enpresei laguntza finantzarioa ematen dieten antzeko erakundeek, eta erakunde horiek euskal enpresei azoka horietan parte hartzeko tokia eskaini badiete. Hala ere, dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte aipatutako erakundeei azoketan tokia eskatu baina baiezko erantzunik jaso ez duten enpresek.

            Zortzigarrena. Guztizko zenbatekoa, eremu geografikoaren arabera.

            Joan-etorrietarako, ostaturako eta mantenurako gastuei dagokienez, jarduera bakoitzean, hauek dira guztizko zenbatekoak eremu geografikoaren arabera banatuta:

          1. Euskal Autonomia Erkidegoa (alderantzizko misioak baino ez) eta Estatuko gainerako tokiak: mila (1.000) euro.

          2. Europa: mila eta bostehun (1.500) euro.

          3. Amerika, Afrika, Asia eta Ozeania: bi mila eta bostehun (2.500) euro.

            Bederatzigarrena. Justifikazioa.

            Egikaritutako gastuak justifikatzeko, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

            Fakturen eta ordainketen Excel fitxategia.

            Eginiko jarduera bakoitza justifikatzeko fitxa-txostenak.

            Eginiko gastuen fakturak eta ordainketa-ziurtagiriak.

            Jarduerak egin direla frogatzen duten euskarri-dokumentuak.

            Agindu honen hirugarren ebazpen-zatiaren 3. puntuan adierazitako helbidean jasota dauden jarraibideen arabera aurkeztuko da gastuen justifikazioa.

            Hamargarrena. Bateraezintasuna.

            Irailaren 23ko 179/2014 Dekretuaren 24. artikuluan xedatutakoaren arabera, dekretu horretan araututako eta agindu honen bidez deitutako laguntza bateragarria da beste edozein erakunde publiko zein pribatuk xede bererako emandako beste edozeinekin, betiere dirulaguntza guztien baturak gainditzen ez baditu 11. artikuluak egoera bakoitzerako ezarritako gehieneko ehunekoak. Muga hori gaindituz gero, programa honen babespean emandako laguntzari kendu egingo zaio gaindikinari dagokion zenbatekoa.

            Aurreko paragrafoetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, dekretu honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak izango dira ardoa sustatzeko laguntzekin. Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 Erregelamenduaren (EB) 45. artikuluan ezarritakoa aplikatuz ezarri ziren ardoa sustatzeko laguntzak (1308/2013 Erregelamendua, Nekazaritza-produktuen merkatuen antolamendua sortu eta honako erregelamendu hauek indargabetzen dituena: 922/72 (EEE); 234/79 (EE); 1037/2001 (EE); eta 1234/2007 (EE). Beste laguntza batzuekin ere bateraezinak izango dira, espresuki horrela ezarrita badago.

            Hamaikagarrena. Datuak babestea.

            Agindu hau aplikatzean jasotako datu pertsonalak lankidetzarako laguntzei buruzko fitxategian jaso eta tratatuko dira, zeinaren helburua baita agindu honen bidez deitutako laguntza-espedienteak tramitatzea eta ebaztea. Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna, eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzaren aurrean gauzatuko ditu dagozkion eskubideak. Eta hori guztia Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta indarreko gainerako araudian xedatutakoarekin bat etorriz egingo da.

            Hamabigarrena. Errekurtsoak.

            Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epea.

            Hamahirugarrena. Ondorioak.

            Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

            Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 28a.

            Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

            MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

            (Ikus .PDF)