Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2015eko urtarrilaren 28koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren lurzorua erosteko baldintzak ezartzeko dena, lurzoru horretan azalera-eskubideko zenbait higiezin eraikita baitaude.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 21
  • Hurrenkera-zk.: 478
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2015/01/28
  • Argitaratze-data: 2015/02/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2015eko urtarrilaren 27an, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako erabaki hau hartu zuen:

Lehenengoa. Baimena ematea Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, kostu bidez besterendu dezan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzekoa den lurzorua, zuzenean esleituta, lurzoru horren gainean eraikitako babes ofizialeko azalera-eskubideko etxebizitzen titularrei zuzenean esleituta, egindako birkokatzeen etxebizitzen kasuan izan ezik, eta orduan birkokatutako pertsonak badira gaur egungo titularrak.

Bigarrena. Baimena ematea Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, kostu bidez besterendu dezan aurreko atalean aipatutako etxebizitzek osatzen duten jabeen erkidegoetan dauden merkataritzako lokal eta atxiki gabeko eranskinek okupatzen duten lurzorua, horien titularrei zuzenean esleituta.

Hirugarrena. Baimena ematea Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, kostu bidez besterendu dezan azalera-eskubidean eraikitako eta hirigintza-jarduerarako eremu berean eraikitako etxebizitza-sustapenei emandako babes ofizialaren luzapenaren babespeko merkataritza-lokalek eta atxiki gabeko eranskinek okupatzen duten lurzorua, merkataritza-lokal eta atxiki gabeko eranskin horien titularrei zuzenean esleituta.

Laugarrena. Baimena ematea Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, kostu bidez besterendu dezan etxebizitza horien lurzorua, aldi baterako kalifikazioaren epea bukatzeagatik babes ofiziala galdu duten azalera-eskubideko etxebizitzen titularrei zuzenean esleituta.

Bosgarrena. Baimena ematea Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, kostu bidez besterendu dezan aurreko atalean aipatutako etxebizitzek osatzen duten jabeen erkidegoetan dauden merkataritzako lokal eta atxiki gabeko eranskinek okupatzen duten lurzorua, horien titularrei zuzenean esleituta.

Seigarrena. Baimena ematea Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, duen balio ekonomikoa ordaindu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak babes ofizialeko eta hirurogeita hamabost urterako jabetza-araubidean eskualdatu ziren etxebizitza, lokal eta atxiki gabeko eranskin batzuen jabaria itzultzeko eskubideari uko egiteko.

Zazpigarrena. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak zehaztuko ditu lurzoru hori besterentzeko eskatzaileen baldintza ekonomikoak eta gehieneko diru-sarrerak, zer izapide jarraitu behar den, lurzorua nola baloratu behar den, jabaria itzultzeko eskubidea eta zer epetan besterendu behar den.

Horiek horrela, alderdi horiek zehazte aldera, honako agindu hau ematea erabaki da.

Azalera-eskubidea da inoren lurzoruaren gainean edo azpian eraikitzea ahalbidetzen duen eskubide erreal bat, eta eraikitakoaren gainean aldi baterako jabetza ematen du. Beraz, eraiki ondoren, nolabaiteko bikoiztasuna dugu jabetzari dagokionez: (i) lurzoruaren gainean berreroria eta (ii) eraikin erresultantea xede duena: eraikuntza. Horixe da, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzako lurzoruetan eraikitako araubide orokorreko eta bereziko babes ofizialeko hainbat etxebizitzaren egoera.

Ohiko baldintzetan, ezarritako denbora igarotzeagatik azalera-eskubidea iraungitzen denean, Administrazioak bere egingo luke eraikitakoaren jabetza, horregatik kalte-ordainik ordaindu beharrik izan gabe, eskubidea eratzeko titulua edozein dela ere. Iraungitzearen ondorioz, era berean, ezarritako eskubide erreal eta pertsonal guztiak ere iraungi egingo lirateke, hau da, eskubidedunek galdu egingo lukete sustapen beretako babes ofizialeko etxebizitzen, merkataritzako lokalen eta atxiki gabeko eranskinen gaineko jabetza.

Galera hori gerta ez dadin, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak, sailburuaren 2010eko uztailaren 21eko, 2011ko maiatzaren 18ko eta 2011ko uztailaren 26ko Aginduen bidez, bi eragiketa abiarazi zituen, azalera-eskubideko babes ofizialeko etxebizitzen, merkataritzako lokalen eta atxiki gabeko eranskinen titular jakin batzuek azaleraren jabetza eskura zezaten.

Honela, 2010eko uztailaren 21eko Agindua bideratua zegoen 2003ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko kalifikazioa zuten babes ofizialeko etxebizitzen titularrei, horrenbestez, lurzoruaren jabe egiteko, etxebizitzen titularrek eskatu behar zuten babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazio iraunkorra.

Hala ere, 2011ko maiatzaren 18ko Agindua bideratua zegoen kalifikazio iraunkorra bazuten babes ofizialeko etxebizitzen titularrei, izan ere, 2003ko urtarrilaren 1tik aurrera emandako kalifikazioei zegokien, eta horiek denak iraunkorrak dira.

Azkenik, 2012ko uztailaren 26ko Agindua bideratua zegoen erosteko aukeraz baliatu ez ziren bi kolektiboak osatzen zituztenei, 2011ko ekainaren 1aren ondotik kalifikatutako higiezinak barne, eta ahalbidetzen zien jabetasun mugagabea eskuratzea zenbait etxebizitzaren titularrei, jabetasun osoaren erregimenean eskualdatuak, baina 75 urterako eta zeinen gainean Euskal Autonomia Erkidegoak jabetza itzultzezko eskubidea baitu.

Zikloa osatu ostean, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2013ko azaroaren 20ko Aginduak abian ezarri zuen lurzorua saltzeko laugarren fase bat, aurreko faseetan barne hartutako higiezin guztiei irekia, zeinen jabeek, hainbat arrazoi tarteko, ez zituzten eskuratu ahal izan. Agindu horren berritasun bakarra zen ez ziela mugarik ezartzen higiezin horien titularren sarrerei.

2015ean, esperientzia hori baldintza berdinetan errepikatuko da, nahiz eta sustapen kalifikatu berriak sartuko diren 2013ko bigarren seihilekotik aurrera. Horrenbestez, bosgarren deialdi hau 19.340 higiezinei bideratua da, etxebizitzak, atxikitako edo atxiki gabeko eranskinak eta lokal komertzialak barne.

Horiek horrela, hauxe

Lehenengoa. Honako hauek erosi ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren jabetzako lurzorua:

  1. Azalera-eskubidean eraikitako babes ofizialeko etxebizitzen erregistro-titularrek, salbu birkokatzeetara bideratuak, zeinen egungo titularrak orduan birkokatu ziren pertsona berak badira; agindu honen III. eranskinean xedatutako baldintzak bete behar dituzte. Aldi baterako kalifikazioa duten etxebizitzak badira, beren titularrek, aldi berean, kalifikazio iraunkorra eskatu beharko dute.

  2. Etxebizitza horiek osatzen dituzten jabeen erkidegoen eraikinetan dauden merkataritzako lokalen eta atxiki gabeko eranskinen erregistro-titularrek.

  3. Babes ofizialeko etxebizitzen sustapen horietan ez dauden merkataritza-lokalen eta eranskinen erregistro-titularrek, baldin eta azalera-eskubidean eraikita badaude eta hirigintza-jarduerarako eremu berean eraikitako etxebizitza-sustapenei emandako babes ofizialaren luzapenaren babespekoak badira.

  4. Azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzen erregistro-titularrek, baldin eta babes ofiziala galdu badute aldi baterako kalifikazioaren epea igaro delako, eta, aldi berean, etxebizitza horien kalifikazio iraunkorra eskatzen badute.

  5. Etxebizitza horiek osatzen dituzten jabeen erkidegoen eraikinetan dauden merkataritzako lokalen eta atxiki gabeko eranskinen erregistro-titularrek.

    Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak babes ofizialeko eta hirurogeita hamabost urterako jabetza-araubidean dituen etxebizitza batzuen jabaria itzultzeko eskubideari uko egin diezaiola eskatu ahal izango dute.

  1. Aldi berean etxebizitzen kalifikazio iraunkorra eskatzen duten etxebizitza horien erregistro-titularrek.

  2. Etxebizitza horiek osatzen dituzten jabeen erkidegoen eraikinetan dauden merkataritzako lokalen eta atxiki gabeko eranskinen erregistro-titularrek.

    Hirugarrena. Lurzorua erosi nahi dutenek edo jabaria itzultzeko eskubideari uko egin nahi diotenek beren lurralde historikoko Etxebizitzako lurralde ordezkariari zuzendu beharko diote eskabide-orria, dagokion dokumentazioarekin batera. Eskabidea agindu honen II. eranskinean datozen ereduen araberakoa izango da. Eskabidea horretarako dauden edozein erregistro publikotan aurkeztu ahal izango da eskabidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean 38. artikuluaren arabera.

    Laugarrena. Aldi baterako kalifikazioa duten babes ofizialeko etxebizitzen eta aldi baterako kalifikazioaren epea bukatzeagatik babes ofiziala galdu duten etxebizitzen titularrek lurzorua erosi ahal izateko, eta etxebizitzen itzulketa-eskubideari uko egiteko eskatu ahal izateko, berariaz eskatu beharko da behin betiko babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazio iraunkorra emateko.

    Bosgarrena. Lurzorua erosteko finantzaketa kualifikatua lortu nahi duten babes ofizialeko etxebizitzen titularrek, hala adierazi beharko dute eskabide-orrian horretarako jarritako atalean.

    Seigarrena. Eskabideak aurkezteko epea 2015eko otsailaren 2an hasi eta maiatzaren 29an amaituko da.

    Zazpigarrena. Lurzoruaren balioespena erosteko prezioa kalkulatu ahal izateko eta jabariaren gaineko itzulketa-eskubidearen balioespen ekonomikoa agindu honen I. eranskinean aurreikusitako eran egingo dira.

    Zortzigarrena. Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak eragiketaren azken prezioa (BEZa barne) jakinaraziko dio eskatzaileari, bai eta ordaintzeko modua eta epea ere, zeina ez baita hilabetekoa baino gehiago izango.

    Bederatzigarrena. Interesdunak finantza-neurriak ere eskatu baditu, azken prezioarekin batera neurri horiek onartu zaizkion ala ez adierazteko ebazpena jakinaraziko zaio.

    Hamargarrena. Lurralde historikoan dauden zoruak erosteko eskabide-kopurua eta sustapenen ezaugarriak aintzat hartuz, Etxebizitzako lurralde-ordezkariak dagokion lurzoruaren besterengarritasun-adierazpenaren proposamena bidaliko dio Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, horrek, ondoren, adierazpenari buruzko ebazpena onar dezan, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzeko azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 89. artikuluan ezarritako eran.

    Jabaria itzultzeko eskubideari uko egiteko, besterengarritasun-adierazpenik ez da behar.

    Hamaikagarrena. Azken prezioa ordaindurik edo jabariaren itzulketa-eskubidearen balio ekonomikoa ordaindurik, baldin eta eskatzailea aldi baterako kalifikazioa duen edo izan duen etxebizitza baten titularra bada, lurralde-ordezkariak ebazpena emango du babes ofizialeko etxebizitzari kalifikazio iraunkorra emateko.

    Hamabigarrena. Izapide guztiak amaitutakoan, Etxebizitzako lurralde-ordezkariak erosteko eskaerari buruzko ebazpen baieslea edo jabariaren itzulketa-eskubideari uko egiteko ebazpena emango du; ebazpenean jasoko dira eskualdatzea formalizatu eta erregistratu ahal izateko behar diren datu guztiak, eta interesdunei eskritura publikoa egiteko deia egingo zaie.

    Hamahirugarrena. Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 91. artikuluan xedatutakoarekin bat, baldin eta, eskabidea erregistratu eta sei hilabeteko epean, Etxebizitzako lurralde-ordezkariak ez badu berariaz ebatzi, eskariari ezez erantzun zaiola ulertu beharko da.

    Hamalaugarrena. Etxebizitzako lurralde-ordezkariek beharrezko diren xedapen egintza guztiak gauzatuko dituzte jabariaren itzulketa-eskubidearen eskualdatzea edo uko-egitea eskritura publikoaren bidez formalizatzeko.

    Hamabosgarrena. Eskualdaketak eragindako eskritura- eta erregistro-gastuak eta zergak erosleek edo jabariaren itzulketa-eskubideari egindako ukoaren onuradunek ordaindu beharko dituzte, hiri izaerako lurren balioaren handitzeagatiko zerga izan ezik.

    Hamaseigarrena. Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuotan, errekurtsoak jartzeko epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta ondorengo egunetik hasiko dira.

    Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 28a.

    Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

    JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.

Lehenengoa. Erosteko prezioa finkatu ahal izateko, lurzoruaren balioespena 38/2009 Dekretuaren 7. artikuluan eta babes ofizialeko higiezinen balioespenerako aplikatu beharreko gainerako arauetan aurreikusitako eran egingo da (38/2009 Dekretua, martxoaren 4koa, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa).

Etxebizitza, merkataritzako lokal eta atxiki gabeko eranskin bakoitzari dagokion lurzoruaren prezioa kalkulatzeko, urrats hauek egingo dira:

  1. Eraikin osoaren balioaren kalkulua.

    Lehenik eta behin, eraikinaren guztizko balioa kalkulatuko da. Horretarako, berau osatzen duten elementu guztiei dagozkien balioak gehituko dira, hau da, etxebizitza eta horiei atxikitako eranskinenak, merkataritzako lokalenak eta atxiki gabeko eranskinenak.

    Etxebizitzak eta horiei atxikitako eranskinak agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean indarrean eta eguneratuta dauden gehieneko prezio ofizialen arabera baloratuko dira, eta lokalak eta atxiki gabeko eranskinak, merkatuko prezioaren arabera.

    Etxebizitzen sustapenetako merkataritza-lokalek eta atxiki gabeko eranskinek merkatuan zein prezio duten jakiteko, kasuan kasuko lurralde historikoan garaje, lokal eta trastelekuen salmentako batez besteko prezioak hartuko dira aintzat. Datuak Etxebizitzaren Euskal Behatokiak higiezinen eskaintzari buruz argitaratutako 2014ko bigarren hiruhilekoari dagozkion estatistika ofizialetik hartuko dira. Baldin eta, elementu horietakoren batentzat, lurralde historikoko daturik eskuratzerik ez badago, Euskal Autonomia Erkidegoaren batez bestekoa erabiliko da.

    Etxebizitzen sustapenetako merkataritza-lokalek eta atxiki gabeko eranskinek merkatuan zein prezio duten jakiteko, peritu-tasazioa erabiliko da, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak egina edo tasazio-sozietateei eta horretarako legez gaituta dauden enpresei egiteko eskatua.

  2. Eraikina hartzen duen lurzoruaren balio osoaren kalkulua.

    Besterentze-prozedura honetarako, eraikinaren balio osoari % 10 aplikatuko zaio oihartzun-balio gisa eraikinaren balioan.

  3. Jabetza horizontalaren kuoten arabera, azken prezioa ezartzea.

    Lurzoruaren azken balorazioa egiteko, kontuan izango da eraikinak hartzen dituen etxebizitza eta horiei atxikitako eranskin, merkataritzako lokal eta atxiki gabeko eranskin adina zatitan banatua egotea. Zati bakoitzari dagokion prezioa kalkulatzeko, eraikina hartzen duen lurzoruaren balio osoa biderkatuko da etxebizitza eta horiei atxikitako eranskin, merkataritzako lokal eta atxiki gabeko eranskin bakoitzari dagokion partaidetza-kuotarekin.

  4. Balio Erantsiaren gaineko Zerga aplikatzea.

    Azkenik, etxebizitza, merkataritza-lokal edo eranskin bakoitzari erantsiko zaio dagokion azken prezioari Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa).

    Bigarrena. Sistema hori erabiliko da, orobat, jakiteko zein den Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak babes ofizialeko eta hirurogeita hamabost urterako jabetza-araubidean eskualdatu ziren etxebizitza batzuen jabaria itzultzeko eskubidearen prezioa.

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.