Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

19/2012 DEKRETUA, otsailaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Bizikidetzaren Behatokia sortzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 46
  • Hurrenkera-zk.: 1031
  • Xedapen-zk.: 19
  • Xedapen-data: 2012/02/21
  • Argitaratze-data: 2012/03/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Justizia

Testu legala

Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 3.2 artikuluaren arabera, hauek dira, besteak beste, Euskal Eskola Publikoaren helburuak: elkarbizitza demokratikoa ahalbidetzen duten baloreetan oinarriturik ikasleen nortasuna askatasunean garatzea eta heziketa osatua bultzatzea, besteak beste, gaitasun eta jokaera kritikoa, berdintasuna, zuzentasuna, partaidetza, aniztasunarekiko eta kontzientzi askatasunarekiko begirunea, elkartasuna, gizartearekiko kezka, elkar eramankortasuna eta elkarrenganako begirunea, bai eta giza eskubideen aldeko jarrera ere, sustatzea; bakerako, askatasunerako eta herrien arteko lankidetza- eta elkartasun-ideiak sustatzeko heziketa; eta, ematen den heziketaren hezkidetasuna ziurtatzea.

Halaber, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatzen denez, Hezkuntza Administrazioaren oinarrizko printzipio izango da, sexu-berdintasunaren eta -aniztasunaren errespetuan oinarritzen diren bizikidetza-ereduak ikasiz, hezkuntza-maila guztietan indarkeria-jokaerak prebenitzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzeko urriaren 16ko 175/2007 Dekretuan, hezkuntzako eskumen orokor gisa, elkarrekin bizitzen ikastea aipatzen da, besteak beste, eta, berariaz, «harreman positiboak izaten eta, gatazka-egoeretan, elkarrizketara eta negoziaziora jotzen ikastea. Halaber, gogoz eta demokratikoki parte hartzen ikastea, lankidetzan jarduten eta taldean lan egiten ikastea, eta aniztasuna errespetatzea, elkartasun-jarrerak erakutsiz». Norbera izanda, pertsona gisa garatzen ikastea ere aipatzen du, «eta emozio negatiboak kontrolatzea eta nork bere burua modu positiboan eta errealistan balioestea. Pertsona autonomoa izatea, norberak hartutako erabakien ardura hartzea, eta printzipio etikoei jarraitzea».

Gainera, oinarrizko eskumenen artean, Gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna ezartzen du, izan ere, lehenago aipatu eskumen orokorrekin zerikusi zuzena du. Eskumen honek ekarriko du norbera zein errealitate sozialetan bizi den ulertzea, bizikidetzari eta gatazkei balio eta praktika demokratikoetan oinarritutako judizio etikoa erabiliz aurre egitea, eta hiritartasuna gauzatzea, irizpide propioekin jardunez eta bakearen eta demokraziaren aldeko eraikuntzan parte hartuz, eta jarrera eraikitzailea, solidarioa eta arduratsua izanez hiritar-eskubide eta -betebeharrak betetzerakoan.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzko abenduaren 2ko 201/2008 Dekretuaren ardatza elkarbizitza positiboarentzat mesedegarri diren estrategiak garatzea da, eta elkarbizitzan etena eragiten duten kasuetan nahastuta dauden ikasleei irakasleek eta hezkuntzako gainontzeko komunitateak eman beharreko erantzuna hezkuntzan oinarritu beharra biltzen da. Erantzunak hezkuntzan oinarrituz ematea eta prebentzioa dira bizikidetza eteten duten jarrerak, eta, bereziki, berdinen arteko jazarpena ikastetxeetatik erauzteko oinarriak.

201/2008 Dekretuaren 5. artikuluan ezartzen duenaren arabera, ikastetxeen bizikidetza-planek berdinen artean, generoen artean eta kulturen artean bizikidetzarako funtsezko oinarritzat hartuko dute norberaren eskubideak baliatzea eta besteen eskubideak errespetatzea, baita irakasleen, ikasleen eta irakasleak ez diren langileen arteko harremanetarako ere. Agiri horretan, gatazkak modu baketsuan ebazteko, adiskidetzeko eta kaltea ordaintzeko bitartekotza-prozedurak jaso beharko dira, baita bizikidetzarako hezkuntza-konpromisoak hartzeko zuzentarauak eta ikastetxean bizikidetzaren behatokia antolatzeko neurriak ere.

Bizikidetza da irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuen eta etorkizuneko hiritarren prestakuntza osoaren euskarri giltzarrietako bat. Hori aintzat harturik, berdinen arteko tratu txarren aurrean ikastetxeetan jarduteko protokoloa prestatu zuen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 2007ko maiatzean -2011ko apirilean eguneratua-, eta gida espezifiko bat gehitu du sareko jazarpen-kasuetarako. Halaber, ikastetxe publikoetako langileei egindako erasoak gertatzean jarduteko protokoloa egin zuen 2007an -2011ko uztailean eguneratua-, hezkuntza komunitateari laguntza-tresnak emateko gure ikastetxeetan gerta litezkeen jarrera bortitz oro, bere adierazlerik txikienean, arbuiatzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Bizikidetzaren Behatokia sortzen duen apirilaren 21eko 85/2009 Dekretua berrikusi beharra jasotzen du Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako 2010-2011 Planak, Behatokiaren egitura egokitu eta sinplifikatzeko, gisa horretan, eraginkorragoa izan dadin.

Horregatik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko otsailaren 21ean egindako bilkuran proposamen hori aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Bizikidetzaren Behatokia kontsultarako eta aholkularitzarako kide anitzeko erakunde gisa sortzen da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikia egongo da, eta beraren jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoena izango da.

  1. artikuluak. Helburuak.

    Hauek dira Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren helburuak:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako eskolako bizikidetzaren ikerketa, analisia, balorazioa eta jarraipena egitea.

    2. Errespetuan eta elkarrizketan oinarritutako bizikidetza sustatzea ikastetxeetan; bizikidetza horren baitan, pertsonen arteko harremanei atxikia hautemango da gatazka, eta gatazkaren transformazio etikoa eta sortzailea hezkuntza-prozesuaren parte izango da.

    3. Prebentzio-jarduerak eta bizikidetza hobetzeko neurriak proposatzea ikastetxeetan bizikidetza hobetzeko, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen aurkako diskriminazio eta indarkeria-eza sustatzea.

Hauek dira Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren egitekoak:

  1. Arrisku-faktoreak identifikatu eta jardun eraginkorrak proposatzea, bizikidetza ona sustatzeko.

  2. Eskolako bizikidetzara bideratutako politiken jarraipena egitea, eta berau hobetzeko beharrezko jardunak proposatzea.

  3. Hezkuntza komunitateko sektore guztiei bizikidetzarako prestakuntza-jarduerak proposatzea.

  4. Adierazle-sistema bat proposatzea, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan dagoen bizikidetza ezagutu eta ebaluatu ahal izateko.

  5. Ikastetxeetako bizikidetzaren egoerari buruzko aldizkako berariazko txostenak egitea, eta horiek hezkuntza komunitateari ezagutzera ematea.

  6. Bizikidetzarekin zerikusia duten material eta baliabide didaktiko egokien lanketa sustatzea.

  7. Eskolako bizikidetzaren alorrean inplikatuak dauden erakunde eta hezkuntzako eragile eta eragile sozial guztien arteko lankidetza sustatzea.

  8. Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren antolaketa- eta funtzionamendu-araudia egitea.

  9. Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren urteko egitasmoa eta egindako jardueren memoria egitea.

  10. Sexuaren aldagaia barne hartzea ikerketa guztietan eta hala egitea bidezko suertatzen den egintzetan.

  11. Dekretu hau garatzeko eskatzen den bestelako edozein.

  1. Behatokiak Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren bidez jardungo du. Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren Osoko Bilkura eta Batzorde Iraunkorra osatzerakoan, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izatea zainduko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritakoa betez.

  2. Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren eginbeharrak burutzeko behar den euskarri tekniko eta administratiboa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila emango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren bidez.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua izango da Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren Osoko Bilkuraren lehendakari, eta kide hauek hauek izango ditu:

Hezkuntzako sailburuordea, lehendakariordea izango da.

Euskadiko Eskola Kontseiluko lehendakaria, Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Aholku Batzordean Hezkuntzaren ordezkaria ere izango da.

Hezkuntzako ikuskatzaile orokorra.

Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko lehendakaria.

Berritzegune Nagusiko zuzendaria.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko bi ordezkari, bizikidetza gaietan arduraren bat dutenak, eta, bietako bat gutxienez, Bizikidetza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Aholku Batzordeko partaidea; sailburuak proposatuko ditu.

Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxeetako ikasleen familien bi ordezkari; sektore bakoitzean ordezkaritza handiena duen federazioak proposatuko ditu.

Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxeetako ikasleen bi ordezkari; ordezkaritza handiena duten ikasle-elkarteek eta -taldeek proposatuko dituzte.

Hezkuntzan ordezkaritza handiena duten 5 sindikatuetako ordezkari bana.

Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako bi zuzendari; Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren zuzendariak proposatuko ditu.

Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako enpresa-erakundeen eta titularren -ordezkaritza handiena dutenak- bi ordezkari.

Eudel-Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat; Eudelek proposatuko du.

Eusko Jaurlaritzako Familia eta Komunitate Politikarako zuzendaria, edo, haren ordez, hark eskuordetutako pertsona.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria, edo, haren ordez, hark eskuordetutako pertsona.

Arartekoaren Haur eta Nerabeentzako Bulegoko zuzendaria.

Emakundeko zuzendaria, edo, haren ordez, hark eskuordetutako pertsona.

Eskolako bizikidetzaren arloan prestigioa duten bi pertsona; Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren zuzendariak proposatuko ditu.

Idazkari bat; Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren zuzendariak izendatuko du.

  1. Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren Osoko Bilkura da 3. artikuluan jasotako egitekoak garatzeko ardura duen organoa, eta, horretarako, Batzorde Iraunkorraren euskarri teknikoa izango du.

  2. Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren Osoko Bilkurak urtean birritan egingo du gutxienez ohiko bilkura.

  3. Eztabaidatu beharreko gaietan duen esperientzia eta ezagutza dela-eta Lehendakaritzak deitzen duen oro bildu ahal izango da Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren saioetara; horiek ahotsa izango dute, baina botorik ez.

  4. Eskola Bizikidetzaren Behatokiak, bere egitekoak burutzeko, informazioa eskatu ahal izango dio Hezkuntza Administrazioari, eta lankidetza beste erakunde edo instituzio batzuei.

Hezkuntzako sailburuordea izango da Batzorde Iraunkorreko lehendakaria, edo, Batzorde Iraunkorraren kideen artetik, hark eskuordetutako pertsona. Kide hauek hauek izango ditu:

Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko lehendakaria.

Berritzegune Nagusiko zuzendaria.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko kideetako bat, bizikidetza gaietan arduraren bat duena; sailburuak proposatuko du.

Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikasleen familien ordezkari bat; Osoko Bilkurak proposatuko du.

Ikasleen ordezkari bat; Osoko Bilkurak proposatuko du.

Sindikatuen hiru ordezkari; Osoko Bilkurak proposatuko ditu.

Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendari bat; Osoko Bilkurak proposatuko du.

Irakaskuntzako enpresa-erakundeen eta titularren ordezkari bat; Osoko Bilkurak proposatuko du.

Eskolako bizikidetzaren arloan prestigioa duen pertsona bat; Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren zuzendariak izendatuko du.

Osoko Bilkurako idazkaria.

  1. Batzorde Iraunkorrak Behatokiak funtziona dezan behar duen euskarri teknikoa eta administratiboa emango dio Osoko Bilkurari, Osoko Bilkuran eztabaidatu beharreko lanak prestatuko ditu, hartutako neurriak garatzen diren ebaluatuko du, eta Osoko Bilkurak eskatzen dion laguntza eta jarraipena emango dio.

  2. Batzorde Iraunkorra hiruhilean behin bilduko da gutxienez.

  1. Eskola Bizikidetzaren Behatokiko kideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak izendatuko ditu, eta kenduko ditu kargutik.

  2. Duten ordezkaritzaren arabera ordezkari direnek bi urteko agintaldia izango dute -bi urtez luzagarriak-

  3. Arrazoi hauetakoren bat tarteko denean, Eskola Bizikidetzaren Behatokiko kideek kide izateari utziko diote:

    1. Euren agintaldia amaitzea.

    2. Uko egitea.

    3. Ezeztatzea.

    4. Duten ordezkaritzaren arabera ordezkari direnek euren kolektiboaren ordezkari izateari uzten diotenean.

Hauek dira Eskola Bizikidetzaren Behatokiko lehendakariaren egitekoak:

  1. Behatokiaren ordezkaritza, bozeramaile gisa jardungo du Osoko Bilkuraren bileretan.

  2. Osoko Bilkuraren ohiko eta aparteko bileren deialdia egitea, eta gai-ordena zehaztea.

  3. Saioak zuzentzea eta osoko bilkuretan moderatzaile gisa jardutea.

  4. Dekretu honetan ezarritako legezko xedapenak betetzen direla ziurtatzea.

  5. Organoaren erabakien aktak eta ziurtagiriak sinatzea.

Hauek dira lehendakariordearen egitekoak:

  1. Gaixotasuna, absentzia eta beste ezintasun batzuk tarteko, lehendakaria falta denean, hura ordezkatzea.

  2. Batzorde Iraunkorra gidatzea.

  3. Batzorde Iraunkorraren ohiko eta aparteko bileren deialdia egitea, eta gai-ordena zehaztea.

  4. Organoaren erabakien aktak eta ziurtagiriak sinatzea.

  5. Lehendakariak eskuordetzen dizkion bestelako funtzioak.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko funtzionario bat izango da idazkaria, eta egiteko hauek izango ditu:

  1. Bileretan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe.

  2. Osoko Bilkuren nahiz Batzorde Iraunkorraren bileretarako eta eztabaidetarako deia egitea Eskola Bizikidetzaren Behatokiko kideei.

  3. Eskola Bizikidetzaren Behatokiko kideei komunikazio-egintzak jasotzea.

  4. Aktak egitea eta euren edukia ziurtatzea, agiriak ordenatzea eta zaintzea, eta hartutako erabakiei bide ematea.

  5. Kontsulten, irizpenen eta hartutako erabakien ziurtagiriak jaulkitzea.

  6. Lehendakariak eskuordetzen dizkion bestelako funtzioak.

  1. Eskola Bizikidetzaren Behatokiko kideek bileretara joan eta eztabaidetan parte hartu beharra izango dute, eta euren iritzia adierazi eta egoki iritzitako proposamenak egin.

  2. Eskola Bizikidetzaren Behatokiko kideek eskubidea izango dute Batzorde Iraunkorrari proposatzeko, idazkariaren bidez, ohiko bileretako gai-zerrendan gaiak txertatzeko, eta esleitutako egitekoentzako informazioa jasotzeko.

  3. Eskola Bizikidetzaren Behatokiko kide izateak ez du ematen horregatik ordainsaria jasotzeko eskubiderik, hala ere, Behatokiko jardueretan parte hartzeagatiko joan-etorri eta dietak direla-eta diru-konpentsazioak jasotzeko eskubidea izango dute, indarrean den araudiaren arabera betiere.

Lehenengoa. 1. Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren antolaketa eta funtzionamendu-araudia Osoko Bilkurak onartuko du, dekretu hau indarrean sartzen denetik sei hileko epean.

  1. Antolaketa eta funtzionamendu-araudian berariazko gaietarako lantaldeak, batzordeak sortzea, edo lantzen diren gaien arabera egoki iritzitako adituen lankidetza puntuala aurreikusi ahal izango dira.

    Bigarrena. Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren Osoko Bilkura dekretu hau argitaratu eta hiru hilabetera eratuko da beranduenez.

    Hirugarrena. Behatokiak, bere egitekoak betez, datuen erreserba eta konfidentzialtasuna ziurtatuko ditu, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Izaera Pertsonaleko Datuen Fitxategien eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoarekin bat.

Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Bizikidetzaren Behatokia sortzeko den apirilaren 21eko 85/2009 Dekretua indargabeturik gelditzen da.

Lehenengoa. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari baimena ematen zaio dekretu honetan ezarritakoak bete eta garatzeko eman behar diren xedapenak eman ditzan.

Bigarrena. Prozedura gaietan agindu honetan arautu gabeko kasuetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Hirugarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra dekretu honek.

Bilbon, 2012ko otsailaren 21ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.