Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

144/2011 DEKRETUA, ekainaren 28koa, telelaguntza-zerbitzu publikoari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 124
  • Hurrenkera-zk.: 3380
  • Xedapen-zk.: 144
  • Xedapen-data: 2011/06/28
  • Argitaratze-data: 2011/06/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 15 artikuluak autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasuna duten pertsonak zaintzeko zerbitzuen katalogoa ezartzen du, besteak beste telelaguntza-zerbitzua. Bestetik, 22. artikuluan, telelaguntza-zerbitzua zer den definitzen da, etxez etxeko laguntza-zerbitzutik bereizita dagoen zerbitzua edo horren osagarria izan daitekeela zehazten da, eta egoitzako laguntza-zerbitzurik jasotzen ez duten pertsonei eskainiko zaiela adierazten da, baldin eta arreta eskaintzeko banan-banako programan hala egiteko adierazi bada.

Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 22. artikuluan, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen katalogoa ezarri da, eta horren definizioa eta ezaugarriak lege-testuaren 21. artikuluan jaso dira.

Katalogo horretan, honako sailkapen hau jaso da: lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuak, bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak. Lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuen barnean telelaguntza-zerbitzua hartu da, besteak beste.

Lege-testuaren 23. artikuluak zera adierazten du, Eusko Jaurlaritzak prestazio eta zerbitzuen kartera egingo duela 22. artikuluan araututako katalogoari jarraiki, eta, ildo horretan, katalogoaren barnean hartutako zerbitzu eta prestazio ekonomiko bakoitzari dagokionez karterak gutxienez zehaztu beharreko alderdiak ezartzen ditu.

Gainera, 26.2 artikuluan zera ezarri da, erregelamendu bidez ezarriko direla bai prozedura motak -prozedura arrunta eta presako prozedura aurreikusi beharko dira-, bai eskaerarekin lotutako prozedura-berezitasunak, instrukzioa balorazioa, diagnostikoa eta orientazioa bereziki eta ebazpena. Era berean, prozedurako fase bakoitzean errespetatu beharreko epeen ezaugarriak eta Administrazioaren isiltasunaren ondorioak arautuko dira.

Bestalde, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 40. 1 artikuluak ezarri duenez, Eusko Jaurlaritzak gizarte-zerbitzuen arloko erregelamenduak egiteko ahalmena izango du, eta bereziki, ondokoak dagozkio: gizarte-zerbitzuak antolatzea, eta horretarako, zentro nahiz zerbitzuen baimentzeak, erregistratzeak, bateratzeak, homologazioak eta ikuskaritzak arautzea, eta, baimena lortzeko eta funtzionatzeko, baliabideen aldetik, funtzioen aldetik eta langileen aldetik bete behar diren baldintzak arautzea; Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen kartera egitea eta onartzea; eta doakoak ez diren zerbitzuak eta prestazioak finantzatzeari dagokionez, erabiltzaileen partaidetza ekonomikoari buruzko irizpide orokorrak arautzea.

Gainera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 40.3 artikuluak Eusko Jaurlaritzaren esku uzten du Eusko Jaurlaritzaren zuzeneko ekintzaren barnean hartutako prestazioak eta zerbitzuak betetzea, telelaguntza adibidez.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak, komunitatea oinarri duen ikuspegiaren araberako arreta-eredua finkatu du, pertsonak bizi diren ingurunean geratzeari lehentasuna emanez Eredu horri jarraiki, premia, eskaera eta itxaropenei erantzun egokia eman nahi zaie pertsonaren ikuspegi integral batetik abiatuta, hau da, pertsona bere ingurunean kokatuz eta arretaren jarraipena bilatuz.

Testuinguru horretan, telelaguntza oinarrizko zerbitzutzat jotzen da, etengabe bilakatzen ari dena eta erabiltzaileak bere etxean geratzeko aukera izan dezan bermatzeko funtsezkoa dena. Informazio eta Komunikazio Teknologietan oinarritutako sistemak erabiltzen dira horretarako, eta bizimodu independenterako konponbideak bilatzen dira, zainketa eta autonomia pertsonalari loturiko alderdiak sustatuz.

Lasaitasuna eta segurtasuna ematen die erabiltzaile eta senitartekoei, denbora gehiena bakarrik ematen duten pertsonei edo ohiko arrisku-egoeretan egon daitezkeenei bereziki.

Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak batera proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta 2011eko ekainaren 28an eginiko Bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertuta eta onartuta, ondokoa

Dekretu honen xedea telelaguntza-zerbitzuari dagozkion alderdiak arautzea da, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen karteran bildu beharrekoak.

Dekretu honen xedeetarako, telelaguntza gizarteari laguntzeko eta gizartean esku hartzeko zerbitzu teknikoa da, lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuen testuinguruan kokatua, erabiltzaileei, telefono-linearen bitartez eta komunikazio- eta informatika-ekipamendu espezifiko bati esker, etengabeko arretako zerbitzua edukitzeko aukera ematen diena, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, larrialdiko edo gizarte-premiako egoerei erantzun egokia emateko bereziki prestatuta dauden pertsonen ardurapean.

Eusko Jaurlaritzaren mendeko telelaguntza-zerbitzu publikoaren eremua Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldeari lotzen zaio.

Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen Sailari dagokio telelaguntza-zerbitzu publikoa ematea. Zerbitzu hori beren zerbitzuen zuzeneko kudeaketaren bitartez eman daiteke, edo Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoan bitarteko propiotzat hartu diren erakundeen bitartez, edo bestela sektore publikoaren kontratuen araudi erregulatzailearen barnean hartutako zeharkako kudeaketaren bitartez.

Telelaguntza-zerbitzuak honako helburu hauek ditu:

  1. Autonomia mugatua dutelako edo gizartean isolatuta geratzeko arrisku-egoeran daudelako etxean zein etxetik kanpo presako arretaren eta/edo ohiko zein etengabeko gainbegiratzearen premia izan dezaketen pertsonak ohiko familia- eta gizarte-ingurunean geratu eta integra daitezen erraztea, egoitza-zerbitzuetara jo beharrik izan ez dezaten.

  2. Laguntza-sareekiko etengabeko harremanaren bitartez, erabiltzaileei laguntza integrala eskaintzea, haien bizi-kalitatea hobetzeko eta etxean autonomia- eta segurtasun-sentimendua indartzeko.

  3. Gizarte beharrizaneko edo larrialdiko egoeretan berehala esku hartzeko aukera ematea.

  4. Erabiltzaileen zainketaren ardura hartzen duen gizarte- eta familia-inguruneari laguntza eskaintzea.

Telelaguntza zerbitzua Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren eta erabiltzaileen diru-ekarpenaren bitartez finantzatuko da.

  1. Telelaguntza-zerbitzuak honako prestazio hauek edukiko ditu gutxienez:

    1. Telelaguntza-ekipoak instalatzea, abian jartzea, mantentzea eta konpontzea, ekipo horiek erabiltzaileen etxeetan erabilera-lagapeneko erregimenean utzita.

    2. Erabiltzaileei ahozko informazioa ematea gailu teknologikoen erabileraren eta ezaugarrien inguruan, idatzizko erabilera-jarraibideak ere haien esku jarriz.

    3. Larrialdiko egoeretan (osasun-larrialdiak, lapurretak edo suteak, adibidez) berehalako erantzuna ematea; horretarako, etengabeko konexioa izango da Larrialdiak Koordinatzeko Zentroekin (SOS-Deiak), eta baliabide komunitario egokiak mobilizatuko dira edo bertatik bertara arreta emateko zerbitzua abian jarriko da zaintza pertsonal ez-sanitarioak eskatzen dituzten bestelako egoeretarako.

    4. Telefono bidez erabiltzaileen aldizkako jarraipena egitea, erabiltzaileen egoera etengabe gainbegiratzeko.

    5. Erabiltzaileentzat erabilgarri izan daitezkeen gizarte-baliabideei buruzko informazioa ematea, eta, hala badagokio, gizarte-arretako oinarrizko baliabideetara bideratzea.

  2. Telelaguntza-zerbitzuak telealarmako komunikazio-gailua integratuko du, telefono-linearen bitartez eta ekipamendu informatiko espezifiko bati esker, erabiltzaileei etengabeko arreta-zerbitzu bat edukitzeko aukera emango diena, 24 ordu egunean eta urteko egun guztietan.

    Arreta-taldearen eta premia-egoeran dagoen pertsonaren arteko kontaktua aktiba daiteke bai azken horrek eskatuta, bai zerbitzuaren eskaerari jarraiki, baldin eta zerbitzuko arduradunek arrisku-egoera bat gertatzen ari dela ikusten badute.

  3. Telelaguntza-zerbitzuak beste zenbait gailu eta teknologia bil ditzake, hala nola:

    1. Alarma pasiboak eta teknikoak, telealarma-sistemari konektatuak:

      Ingurunea kontrolatzeko sentsoreen edo larrialdi pertsonaleko egoerak detektatzen dituzten gailuen bitartez, alarma automatikoki aktibatzeko aukera ematen dute, baldin eta erabiltzailea arrisku-egoera batean egon daitekeela detektatzen badute.

    2. Telelaguntza mugikorra:

      Telealarma-sistemari konektatutako lokalizaziogailuak, narriadura kognitiboa duten pertsonen batetik besterako ibilaldiak eta espazio- eta denbora-desorientazioa gainbegiratzeko aukera ematen dutenak.

Jardunak antolatzeko, telelaguntza-zerbitzuak honako hauek eduki beharko ditu:

  1. Harremanetarako zerbitzu bat, instalatutako gailuen bitartez aktibatuko dena gizarte-beharrizanaren edo larrialdiaren ezaugarriak zehaztuko dituena, dagokion larrialdi-sistema ohartarazteko.

  2. Datuak erregistratzeko zerbitzu bat, pertsona identifikatzeko eta pertsonaren gizarte- eta osasun-aurrekariak ezagutzeko aukera emango duena.

  3. Arreta pertsonaleko zerbitzu bat, beharrezkoa den kasuetan premia gertatu den tokian bertaratuko dena eta pertsonari zuzeneko arreta bermatuko diena.

Honako profil sozial hauek dituzten pertsonak joko dira telelaguntza-zerbitzu publikoaren hartzailetzat:

  1. 65 urtetik gorako pertsonak:

    1. Eskumeneko organoaren administrazio-ebazpenaren bidez onartuko mendetasun-egoeran daudenak.

    2. Mendetasun-arriskuan daudenak, Dekretu honen Bigarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoaren arabera, mendetasun-egoera balioesteko organoaren irizpenaren bitartez egiaztatua.

  2. Bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonak.

  3. Adimen-desgaituak izaki, eskumeneko organo baten administrazio-ebazpenak onartutako mendetasun-egoeran dauden pertsonak.

  4. Desgaitu fisikoak izaki, eskumeneko organo baten administrazio-ebazpenak onartutako mendetasun-egoeran dauden pertsonak.

  5. Desgaitu sentsorialak izaki, eskumeneko organo baten administrazio-ebazpenak onartutako mendetasun-egoeran dauden pertsonak.

  6. Diagnostikatutako buru-gaixotasuna izaki, eskumeneko organoaren administrazio-ebazpenaren bitartez onartutako mendetasun-egoeran dauden pertsonak.

  7. Gizarte-isolamenduko arriskuan izaki, telelaguntza-zerbitzuaren bitartez bete litezkeen premiak detektatu zaizkien pertsonak. Kasu horietan beharrezkoa da oinarrizko gizarte-zerbitzuak dagokion txostena ematea.

Telelaguntza-zerbitzuaren eskatzaileek, jarraian zehaztutako betekizunak bete beharko dituzte zerbitzuan sartzeko:

  1. Administrazio-betekizunak:

    Horri dagokionez, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 3. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan ezarritakoa beteko da.

  2. Betekizun pertsonalak edo familiarrak:

    Aurreko artikuluan adierazitako profil sozialetako bati lotzeaz gain, telelaguntza-zerbitzuaren erabiltzaileak honako hauek bete beharko ditu:

    1. Etxean telefono-linea bat edukitzea, horren ezaugarriek telelaguntza-ekipoaren eta arreta-zentroaren artean elkarreragitea ahalbidetu behar dutela aintzat hartuta.

    2. Interesdunak, edo, hala badagokio, interesdunarekin bizi den senitartekoak edo ohiko zaintzaileak, telelaguntza-ekipoa behar bezala erabiltzeko gaitasuna edukitzea.

  3. Artikulu honen 1. eta 2. ataletan jasotako betekizunak ez ezik, interesdunak honako erraztasun eta baimen hauek ere eskaini behar ditu:

    1. Larrialdi-egoera batean etxera jotzen duten baliabide komunitarioetako langileei etxean sartzeko aukera ematea, behin langile horiek beren burua behar bezala egiaztatu ondoren.

    2. Gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duten Eusko Jaurlaritzaren Sailaren langileei edo, hala badagokio, Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzua garatzen duen erakunde esleipenduneko langileei, etxean sartzeko aukera ematea, behin bisitaldiaz ohartarazi ondoren eta beren kondizioa behar bezala egiaztatu ondoren, ekipoak instalatu, mantendu eta kendu behar dituztenean, baita zerbitzua ematea eragin duen egoeraren jarraipeneko eta egiaztapeneko jardunak egin behar dituztenean ere.

    3. Interesdunak prezioa ordaintzetik salbuesteko eskatzen badu, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailari baimena ematea kontsultak egin ditzan eta eskatzailearen ekonomia- eta zerga-egoerari buruzko datuak dagokion zerga-administraizoari eskatu diezazkion.

    4. Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Sailari baimena ematea, horrela badagokio, kontsultak egin edota datu eta txostenak eskatu eta eman diezazkien ondokoei: Osakidetza Euskal Osasun Zerbitzuari edo osasunaren arloko beste instantzia batzuei, larrialdiei aurre egiteko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzari eta telelaguntza-zerbitzua kudeatzeko nahitaezkoak diren gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duten administrazioei.

    5. Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Sailari baimena ematea, horrela badagokio, interesduna bizi den udalerriko oinarrizko gizarte-zerbitzuei zerbitzuan sartzeko eskaeraren espedientea eta telelaguntza-zerbitzuak erabiltzailea dela-eta garatutako jardunei buruzko informazioa eskuratzeko aukera emateko, zerbitzua emateko beharrezkoa den neurrian, betiere.

Telelaguntza-zerbitzuak eratutako prestazio teknikoak jasotzeko eskubidea izango dute telelaguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek, Dekretu honetan aurreikusitako baldintzetan, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 9. artikuluan eta aplikatzekoa den gainerako araudian jasotakoaren arabera.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 10. artikuluan bildutako gizarte-zerbitzuen erabiltzaileen eskubideez eta aplikatzekoak diren gainerako arauez gain, erabiltzaileek honako betebehar espezifiko hauek izango dituzte:

  1. Sistemarekin bateragarria den telefono-linea jardunean edukitzea, hala badagokio beharrezkoak diren gestioak eginez linea hori hornitzen duen enpresaren aurrean.

  2. Telelaguntza-ekipoa behar bezala erabiltzea, egoera onean kontserbatuz.

  3. Ekipoaren funtzionamendu egokia ziurtatzeko aldizkako probak egiten laguntzea.

  4. Telelaguntza-zerbitzuaren prezioa ordaintzea, baldin eta prezio publikoa nahitaez ordaindu behar badute. Aurrekoa gorabehera, baldintzak betetzen dituen inor ez da inola ere telelaguntza zerbitzua jaso gabe geratuko diru-arrazoiengatik.

  1. Modua:

    Interesdunek edo interesdunen ordezkariek aurkeztuko dituzte eskaerak, gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendariaren Ebazpenak onartutako eredu normalizatuari atxikiz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dena.

  2. Tokia:

    Eskaerak Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen Zuzendaritzari bidaliko zaizkio, eta, dokumentazio osagarriarekin batera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bitartekoetako bat erabiliz aurkeztu ahal izango dira.

  3. Dokumentazioa:

    Eskaerari honako dokumentu hauek erantsi behar zaizkio:

    1. Eskatzailearen eta, hala badagokio, haren legezko ordezkariaren Nortasun Agiri Nazionalaren edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakiaren fotokopia. Eskabidea bide presentzialaz aurkeztu bada, ez da aurkeztu beharko, baldin eta eskabide-ereduan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzari baimena ematen bazaio Barne Ministerioan nortasunari buruzko datuak egiaztatzeko. Agiri hori ez da aurkeztu beharko, ezta ere, eskabidea bide elektronikoz aurkeztu bada eta eskatzailea onartutako ziurtagiri elektronikoa erabiliz identifikatu bada.

    2. Pertsona eskatzailearen errolda-ziurtagiria edo -papera, eskatzailearen bizileku berean erroldatuta dauden pertsona guztien zerrendarekin. Ez da aurkeztu beharko, baldin eta eskabide-ereduan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzari baimena ematen bazaio Estatistikako Institutu Nazionalean edo dagokion udalean dagokion konprobazioa edo egiaztapena egiteko, telematika bidez zein bestelako bitartekoen bidez.

    3. Eskatzailearen osasun-txartelaren fotokopia. Ez da aurkeztu beharko, baldin eta eskabide-ereduan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzari baimena ematen bazaio eskumena duen administrazioan konprobazioa edo egiaztapena egiteko, telematika bidez zein bestelako bitartekoen bidez.

    4. Osasun-fitxa, dekretu honen I. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaiona. Familia-medikuak beteko du fitxa hori, eskatzailearen osasun-egoera, eta, hala badagokio, patologiei buruzko diagnostikoak eta dagozkien tratamenduak jasota.

    5. Txosten soziala, dagokion oinarrizko gizarte-zerbitzuak emandakoa, telelaguntza-zerbitzuaren bitartez bete daitezkeen premiak jasotzen dituena, dekretu honen 9. artikuluko 7. paragrafoan aurreikusitako kasuetan. Dekretu honen II. eranskinean jasotako ereduari lotuko zaio txostena.

    6. Telelaguntza-zerbitzuaren prezioa ordaintzeko banku-helbideratzea egiteko dokumentua. Prezioa ordaintzeko salbuespena onartzen bada, aurkeztu diren banku-datuak ezeztatu egingo dira.

    7. Telelaguntza-zerbitzuaren preziotik salbuestea edo hobaria ematea eskatzen duten interesdunek gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuaren Aginduan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute, beren gaitasun ekonomikoa zehazteko. Lege horren bitartez, erabiltzaileek telelaguntza-zerbitzu publikoaren finantziazioan duten parte-hartze ekonomikoa arautzen da.

    8. Familia Liburua edo Liburuak (fotokopia konpultsatua), zeinetan familia-unitateko kideak agertzen baitira. Familia Liburua aurkeztu ezean, familia-unitateko kideen jaiotze-agiriak (originalak edo fotokopia konpultsatuak). Agiri hauek prezio publikotik preziotik salbuesteko eskatzen bada bakarrik aurkeztu beharko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroko inskripzioaren kasuan, erregistro horretako inskripzioaren ziurtagiria ez da aurkeztu beharko, baldin eta, eskabidea sinatuz (eskabide ereduaren 14. puntua) Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari baimena eman bazaio erregistro horretako inskripzioaren konprobazioa edo egiaztapena egiteko.

Dekretu honetan jasotzen diren prozedurak eta jarduerak direla-eta, herritarrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekin harremanak bitarteko elektronikoen bidez izateko duten eskubidea bermatuko da.

  1. Behin Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen Zuzendaritzak 13. artikuluan aipatzen diren eskaera eta dokumentazioa jaso ondoren, ebazpena emateko oinarritzat hartuko diren datuak zehazteko, ezagutzeko eta egiaztatzeko beharrezko instrukzio-egintza guztiak egingo dira.

  2. Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen zuzendaritzari aurkeztutako edo bidalitako eskaera osatu gabe badago edo eskatutako dokumentuetako bat falta bada, zuzendaritza horrek eskatzaileari eskatuko dio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan ezarritakoa betez, hamar egun balioduneko epean falta konpontzeko eta nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta ohartarazi egingo dio, halakorik egin ezean, eskaera bertan behera utziko dela, 30/1992 Legearen 42. artikuluan jasotakoari jarraiki.

  1. Administrazio-espedientea bideratu, eta, hala badagokio, nahitaezko entzunaldi-izapidea gauzatu ondoren, gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendariak ebazpena emango du prozedurari amaiera emateko. Ebazpena bi hilabeteko gehienezko epean jakinaraziko da, eskaera gizarte-zerbitzuaren arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Zuzendaritzan sartzen den egunetik zenbatzen hasita.

  2. Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta honako hauek gauzatuko ditu:

    1. Eskatzaileari telelaguntza-zerbitzuan alta ematea onartu, edo, hala badagokio, ukatu egin zaiola adieraziko du.

    2. Alta ematearen aldeko ebazpena izanik, zerbitzua jasotzeko eskubidearen titularra den erabiltzaileak ordaindu beharreko prezio publikoa adieraziko da, baita ordainketa-betebeharraren hasiera-data ere.

    3. Ukatzeko ebazpena bada, aldiz, ukatzearen arrazoiaren edo arrazoien berri emango du.

  3. Telelaguntza-zerbitzuan alta eman eta gero, eskatzailearen etxean instalatuko du 15 egun naturaleko epean, jakinarazpen egunetik zenbatzen hasita.

Telelaguntza-zerbitzua ematea onartzeko prozeduraren Ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpenaren egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

  1. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 50. artikuluan xedatutakoaren arabera, interesdunaren premia larriari erantzuteko premiazko izapidetzearen prozedura aplikatzea erabakitzen bada, prozedura arrunterako ezarritako epeak erdira murriztuko dira.

  2. Kasu horietan telelaguntza-ekipoa 3 egun balioduneko epean instalatuko da, aldeko ebazpena ematen den egunetik zenbatzen hasita.

Gehienezko epea igaro eta berariazko ebazpena jakinarazi ez bada, interesdunak eskabidea baietsi dela ulertu ahal izango du.

  1. Telelaguntzaren zerbitzu-ematea honako kasu hauetan amaituko da:

    1. Zerbitzuaren erabiltzaileak zerbitzuari uko egiten badio.

    2. Zerbitzuaren erabiltzailea hiltzen bada.

    3. Zerbitzuaren erabiltzailea egoitza batean modu iraunkorrean sartzen bada.

    4. Erabiltzaileak bizilekua aldatzen badu Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko udalerri batera.

    5. Erabiltzaileak Dekretu honen 12. artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez baditu.

    6. Zerbitzuaren erabiltzaile-kondizioa onartzea eragin zuten zirkunstantziak aldatzen badira, erabiltzailea telelaguntza-ekipoa behar bezala erabiltzeko ezinduta geratzen bada edo horretarako zailtasun larriak sortzen bazaizkio, esaterako.

      e) eta f) paragrafoetan jasotako kasuetan, erabiltzailea zerbitzuan baja eman aurretik entzunaldiko izapidea gauzatu beharko da nahitaez, bajaren arrazoiak eta alegazioak aurkezteko epea adieraziz.

Telelaguntza-ekipoak Eusko Jaurlaritzaren jabetza izango dira, eta Eusko Jaurlaritzak zerbitzuaren erabiltzaileei lagako dio erabilera baja gertatu arte, une horretan telelaguntza-ekipoa Eusko Jaurlaritzari itzuliko zaiolarik.

Lehenengoa. Prozeduren araubide iragankorra.

Dekretu hau indarrean hasi aurretik hasi ziren eta oraindik ebazteke dauden prozedurei, une oro, Dekretu honetan ezarritakoa aplikatuko zaie.

Bigarrena. Dekretua indarrean hastean telelaguntza-zerbitzuaren erabiltzaile direnen eskubideak.

  1. Dekretu hau indarrean hastean Arabako Foru Aldundiaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo Vitoria-Gasteizko Udalaren telelaguntza-zerbitzuaren erabiltzaile diren pertsonek Eusko Jaurlaritzaren telelaguntza-zerbitzua baliatzen jarraitzeko aukera izango dute, dekretu honetan zerbitzua emateari dagokionez aurreikusitako baldintzetan, dekretu honen 9. artikuluan jasotako hartzaile-profilari lotu edo ez. Ildo horretan, dekretu hau indarrean hastean jarraipenerako, agenden kudeaketarako eta egin beharreko jarduerak oroitzeko etxean aldizkako bisitaldiak jasotzen dituztenek prestazio horiek jasotzen jarraituko dute.

  2. Dekretu hau indarrean hasten denean, zerbitzuaz baliatzen ari diren pertsonek ez dute telelaguntza-zerbitzuaren finantziazioan duten parte-hartze ekonomikoaren proportzioa igo beharrik izango, beren baliabide ekonomikoen mailan gerta litezkeen aldaketetatik erator zitezkeen igoerak izan ezik.

Lehenengoa. Abenduaren 28ko 249/2010 Dekretua aldatzea. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta honen erakunde autonomoek prezio publikoen bidez ordaindu ditzaketen zerbitzu eta jardunak zehazten ditu.

Eranskineko 8. puntua, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak prezio publikoak zein zerbitzurengatik kobratu ditzakeenari buruzkoa, aldatu da, eta honela geratu da:

  1. Enplegua eta Gizarte Gaiak:

    Matrikulak: mintegiak, kongresuak, jardunaldiak eta kurtsoak.

    Telelaguntza-zerbitzua.

Bigarrena. Mendetasun-arriskuaren egoera.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan hartzaileen artean mendetasun-arriskuan dauden pertsonak biltzen dituzten gizarte-zerbitzuen xedeetarako, pertsona bat egoera horretan dagoela hartuko da aintzat baldin eta apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretuak -edo hori ordezkatzen duen arauak- onartutako mendetasuna balioesteko baremoa aplikatuta gutxienez 23 puntu lortzen baditu eta I. mailako mendetasuna badagoela aintzat hartzeko ezarritako 25 puntuko gutxienekora iristen ez bada.

Lehenengoa. Telelaguntza-zerbitzuaren prezio publikoaren zenbatekoa zehaztea.

Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailburuaren agindu batez zehaztuko dira ba telelaguntza-zerbitzuaren prezio publikoaren zenbatekoa bai Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeko 57. artikuluan xedatutakoari jarraituz aplikatu behar diren salbuespen eta hobariak ere. Agindu horretan zehaztuko dira, halaber, prezioa ordaintzeko modua eta epeak.

Bigarrena. Eranskin-aldaketak.

Gizarte Zerbitzuen arloko eskumena duen zuzendariaren Ebazpenaren bitartez, Dekretu honen eranskinetan bildutako ereduak aldatzeko aukera izango da.

Hirugarrena. Indarrean jartzea.

Dekretu hau 2011ko uztailaren 1ean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko ekainaren 28an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GENMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Txostena egin duen medikuaren izen-abizenak:

elkargoa:

zenbakia:

Telelaguntza-zerbitzuaren eskatzailearen izen-abizenak

NAN /atzerritar-txartela:

Osasun-arazo nagusiak:

A)

B)

C)

D)

E)

F)

G)

Oharrak:

Ohiko medikazioa:

A)

B)

C)

D)

E)

F)

G)

Oharrak:

Batetik bestera ibiltzeko gai:

n Bakarrik

n Bakarrik edo laguntza-produktuarekin: n Makilarekin n Eskorgarekin n Gurpil-aulkian

n Beste pertsona baten laguntzarekin

n Ohean

Gaitasun kognitiboa:

n Arrunta

n Narriadura kognitibo arin-ertaina

n Narriadura kognitibo larria-oso larria

Zentzumenak:

Ikusmena

Arrunta edo eskasia arina

Eskasia ertaina edo larria, egokituta

Erabateko eskasia

Entzumena

Arrunta edo eskasia arina

Eskasia ertaina edo larria, egokituta

Erabateko eskasia

Mintzamena

Arrunta edo eskasia arina

Eskasia ertaina edo larria, egokituta

Erabateko eskasia

Oharrak:

................................., .....................(e)ko ............................aren ..............(a)

Medikuaren sinadura

Txostena egin duen gizarte-langilearen izen-abizenak

Udalerria:

Oinarrizko Unitatea:

Telefono-zenbakia: e-maila:

Telelaguntza-zerbitzuaren honako eskatzaile honi dagokionez:

Izen-abizenak: NAN zenbakia:

  1. Erabiltzailearen bizikidetza-egoera eta gizarte- eta familia-harremanen eredua

    1. n Bakarrik bizi da

      n Norbaitekin bizi da

      Bizikidetza-unitatearen osaera, interesdunaren bizilekuan izena emandako pertsona guztien erroldatze-ziurtagirien bitartez egiaztatua:

      Izen-abizenak. Ahaidetasuna (baldin badago) Jaiotze-data

    2. Bakarrik egoten da:

      n Ia goiz osoa n Ia arratsalde osoa n Ia gau osoa

    3. Familia-inguruneko pertsonekiko harreman-gradua:

      n Ona n Egokia n Txarra n Harremanik ez

    4. Gertuko senitartekoren bat hil al zaio azken urtean?

      n EZ n BAI. Zehaztu lotura:

    5. Senitartekoekin egoten da? Bisitatzen dute?

      n Egunero n Astean behin n Hilean behin n Noizean behin n Inoiz ez

    6. Lagunekin egoten al da?. Bisitatzen al dute?

      n Egunero n Astean behin n Hilean behin n Noizean behin

      n Inoiz ez

    7. Zein maiztasunarekin irteten da kalera?:

      n Egunero n Astean behin n Hilean behin n Noizean behin

      n Inoiz ez

    8. Etxean denboraldi luzerik ematen al du inoren bisitarik jaso gabe?

      n Ez

      n Bai n 3 egun n astebete n hilabete

  2. Oharrak:

    Aurrekoa ikusita, eta aurkeztutako datuak egiaztatu eta ebaluatu ondoren, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen Sailari honako hau jakinarazi diogu

    n Erabiltzailearen zenbait premia telelaguntza-zerbitzuaren bitartez bete daitezkeela uste dugu.

    n Ez dugu uste erabiltzaileak telelaguntza-zerbitzuaren bitartez betetzeko moduko premiarik daukanik.

    ..................................... , ........................(e)ko ................................aren ................(a)

    Sinadura: