Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Arautegia

Inprimatu

310/2005 DEKRETUA, urriaren 18koa, Kirol Justiziako Euskal Batzordea sortu eta arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 217
  • Hurrenkera-zk.: 5645
  • Xedapen-zk.: 310
  • Xedapen-data: 2005/10/18
  • Argitaratze-data: 2005/11/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legeak bere XII. tituluko I. kapituluan arautzen du Kirol Justiziako Euskal Batzordea, Euskadiko Autonomia Erkidegoan kirol-justiziaren arloko administrazio-organo nagusi gisa. Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailari atxikiko zaio Kirol Justiziako Euskal Batzordea, baina, hala ere, beregaina izango da sailarekiko, eta azken administrazio-auzialdian erabakiak hartuko ditu bere eskumeneko gaiei buruz.

14/1998 Legea onartu zen arte, Kirol Justiziako Euskal Batzordearen eginkizunak Kirol Diziplinako Euskal Batzordeak burutzen zituen, kirol diziplinari buruzko arautegia onartzen duen urtarrilaren 10eko 7/1989 Dekretuan xedatutakoari jarraituz. Nola 14/1998 Legeak aurreko Diziplinako Euskal Batzordearen eskumen-esparru estua handitu duen, eta gainera haren araubideko alderdi batzuk aldatu dituen, beharrezkoa da erregelamendu-esparru berri bat finkatzea Diziplinako Euskal Batzordearentzat.

Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 5eko 34/2002 Dekretuaren 2. j) artikuluak Kirol Justiziako Euskal Batzordea aipatzen du saileko kide anitzeko organoen artean. Dekretuaren 12. artikuluak, bestalde, Kirol Zuzendaritzaren egitekoen artean honakoa jasotzen du: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari dagozkion arautegien aurreproiektuak egitea, ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoaren arabera.

Eusko Jaurlaritzak 2003ko uztailaren 22an onarturiko Kirolaren Euskal Planean jasota dago Kirol Justiziako Euskal Batzordea sortzea, hain zuzen kirola sustatzeko eta bultzatzeko atalean eta, zehatzago, kirolaren euskal ereduaren balioak eta printzipio orokorrak bultzatzeari buruzko P2.04 ekintza-lerroan.

Alde horretatik, 14/1998 Legearen 141. artikuluan xedatzen denez, Legea garatzen duten araudi-xedapenek finkatuko dituzte Kirol Justiziako Euskal Batzordearen osaera eta jarduera. Legearen 4.2 artikuluak, halaber, Kirol Justiziako Euskal Batzordea arautzea eta antolatzea Autonomia Erkidegoko erakunde komunei dagokiela xedatzen du.

Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko urriaren 18n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea da arautzea Kirol Justiziako Euskal Batzordearen antolaketa, osaera, izendatzeko sistema, funtzionamendu araubidea eta zereginak.

  1. – Kirol Justiziako Euskal Batzordea Euskadiko Autonomia Erkidegoan kirol justiziaren arloko administrazio-organo nagusia da.

  2. – Kirol Justiziako Euskal Batzordea Eusko Jaurlaritzan kirol arloko eskumenak dituen sailari atxikiko zaio, baina, hala ere, beregaina izango da sailarekiko eta ez da egongo hierarkikoki Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko inongo organoren mendean. Batzordeak azken administrazio-auzialdian erabakiak hartuko ditu bere eskumeneko gaiei buruz.

Kirol Justiziako Euskal Batzordearen eskumenak hauek izango dira:

  1. Kirol-diziplinako ahalmena duten kirol organo titularren erabakien aurka jarritako errekurtsoak aztertzea eta ebaztea..

  2. Kirol federazioetako hauteskunde-batzarren erabakien aurka jarritako errekurtsoak aztertzea eta ebaztea.

  3. Lehiaketa ofizialak bideratu, kalifikatu eta baimentzeari eta lizentziak tramitatu eta emateari dagozkion federazio-erabakien aurka jarritako errekurtso guztiak aztertzea eta ebaztea.

  4. Administrazio-eginkizunak betetzean federazioen artean sor litezkeen auziak aztertzea eta ebaztea.

  5. Batzordeak, ofizioz edo Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzaren eskariz, gorago aipatutako gaien artetik aztertu beharreko ikusten dituenak aztertzea eta ebaztea.

  1. – Sei kide titularrek osatuko dute Kirol Justiziako Euskal Batzordea. Zuzenbidean lizentziadunak eta kirol arloko lege-gaietan esperientzia handikoak izan beharko dute. Aipatutako sei kide titularrez gain, Batzordeak bi ordezko izango ditu, titularrak kanpoan edo gaixorik badaude, kargua uzten badute edo antzeko legezko beste edozein arrazoi suertatzen bada (heriotza, prozeduran parte ez hartzea, errefusatzea, etab.). Ordezko kideek titularren betekizun berberak konplitu beharko dituzte.

  2. – Kirol Justiziako Euskal Batzordeko kideek presidentea eta presidenteordea aukeratu beharko dituzte beren artetik.

  3. – Kultura sailburuak izendatuko du, Kultura Saileko funtzionarioen artetik, batzordeko idazkaria, zeinak hitza izango baitu baina botorik ez. Idazkaria Zuzenbide lizentziaduna izango da. Kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste edozein arrazoi suertatzen bada, sailburuak ezaugarri berak dituen ordezko bat izendatu ahalko du funtzionarioen artetik.

  1. – Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak izendatu eta kargutik kenduko ditu Kirol Justiziako Euskal Batzordeko kideak, bai eta ordeztu edo eginkizunez gabetu ere.

  2. – Batzordekideek jarduera bidegabeak edo beren eginbeharren alorrean ez-betetze larriak egiten badituzte, Kultura sailburuak haien eginkizunak eten ditzake, edo hala badagokio kargutik kenduko ditu, betiere kontraesaneko espedientea izapidetu ondoren.

  1. – Kirol Justiziako Euskal Batzordeko kideen agintaldia lau urtekoa izango da, haien izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita.

  2. – Ordezko kideen agintaldia titularrei geratzen zitzaien denborakoa izango da, Batzordea berritu behar denean kide guztiak batera alda daitezen.

  3. – Edozein arrazoi dela ere batzordea berritzea berandutzen bada, kargua uzten dutenek automatikoki jarraituko dute haien funtzioak betetzen luzapen egoeran, harik eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzaren ondorioz Batzordearen berritzea indarrean jartzen den arte. Luzapenak urtebete iraungo du gehienez.

  1. – Batzordekideek bileretara joateko betebeharra dute.

  2. – Batzordekideren batek ezin baditu, aldi batez, bere funtzioak bete, horren berri eman behar dio Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari, bitarte horretan ordezko batek haren funtzioak egiteko deialdia egin dadin.

  3. – Kirol Justiziako Euskal Batzordeko kideen karguak ohorezkoak dira, ez soldatapekoak. Bakarrik jardueran jarduerako dieta eta gastuak ordainduko dira.

  1. – Kirol Justiziako Euskal Batzordeak osoko bilkuran edo atalen bidez jardun ahal izango du.

  2. – Kide titular guztiek osatzen duten osoko bilkurari dagozkio, nolanahi ere, honakoak:

    1. Barne-araudiaren proiektua aldez aurretik onartzea.

    2. Atalak sortzea eta ezabatzea, bai eta horietako bakoitzaren kideak izendatzea ere.

    3. Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzaren eskariz bideratutako espediente guztiak aztertzea eta ebaztea.

    4. Atalean ataleko presidentearen aburuz garrantzi berezia dutelako osoko bilkuran ebaztekoak diren errekurtsoak aztertzea eta ebaztea. Goragokoak eskumenak bereganatzeko arrazoitu egin behar du beti erabakia, eta indarreko legedian ezarritako betekizunak konplitu behar ditu.

    5. Auziak atalen artean banatzeko irizpideak eta txosten-txandak onartzea.

  3. Kirol Justiziako Euskal Batzordeko Atalek hiruna kide izango dituzte. Kide horien artean aukeratuko dute Batzordeko presidentea edo burua.

  1. – Kirol Justiziako Euskal Batzordearen osoko bilkura balio osoz eratzeko, beharrezkoa da presidentea –edo haren ordez presidenteordea–, idazkaria eta gutxienez hiru kide izatea.

  2. – Atalak balio osoz eratzeko, beharrezkoa da bi kide eta idazkaria izatea. Presidentea kanpoan edo gaixorik badago, edo behin-behineko legezko beste edozein arrazoi suertatzen bada, Batzordean urte gehien daramatzan kideak burutuko ditu haren funtzioak, edo, halakorik ezean, kiderik zaharrenak

Hauek dira batzordekide karguarekin dauden bateraezintasun-arrazoiak:

  1. Funtzionario edo langile gisa kirol alorrean eskumenak edo eginkizunak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde edo organo bati (publikoa zein pribatua) atxikitzea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko kirol diziplinako organoren batean parte hartzea

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko kirol klub, elkarte edo federazioren batean edo antzeko erakunderen batean zuzendaritza kargurik edo kargu teknikorik izatea, baita ere kirol federazioaren bateko arbitroen edo epaileen elkargoan parte hartzea.

  4. Oro har, indarrean dagoen legediak aurreikusten dituen bateraezintasun-arrazoiak.

Batzordekideei indarrean dagoen legediak aurreikusten dituen abstentzio eta errefusatze arrazoiak aplikatulko zaizkie.

  1. – Osokoaren presidenteari dagokio:

    1. Batzordearen ordezkaritza egitea egintza eta izapide guztietan, edozein erakunde, organismo, entitate edo pertsonaren aurrean.

    2. Kirol Zuzendaritzara jotzea, kide titularra kanpoan edo gaixorik dagoela-eta bajan badago horren ordezkoa izendatzeko.

    3. Batzordearen lana egokia dela begiratzea, alorreko gaien gaineko arauak betez eta betearaziz, Batzordearen funtzionamendu ona bermatuko duten neurriak hartuz, auziak taxuz bideratuz eta batzordekideek bere egitekoak zuzen betetzen dituztela zainduz.

    4. Bilkurak deitzea, zuzentzea eta bertako eztabaidak bideratzea.

    5. Bere karguarekin loturiko antzeko beste edozein eginkizun.

  2. – Atal bakoitzeko presidenteari aurreko eginkizun horiek guztiak dagozkio, b) letrakoak izan ezik.

Presidentea kanpoan edo gaixorik badago edo antzeko legezko beste edozein arrazoi suertatzen bada (heriotza, prozeduran parte ez hartzea, errefusatzea, etab.), presidenteordeak hartu ditu bere gain aurreko artikuluan aipatutako funtzioak.

Kirol Justiziako Euskal Batzordeko idazkariari dagokio:

  1. Beharrezko laguntza ematea osoko bilkurako eta ataletako kideei.

  2. Posta ofizialaren ardura eta horren erregistroarena.

  3. Izapide hutsezko komunikazioak sinatzea eta bidaltzea.

  4. Presidentearen oniritzia jaso eta gero, bidezko ziurtagiriak egitea, bai eta interesatuak eskatutako lekukotasunak ere.

  5. Pertsona edo erakunde interesatuek aurkeztutako ahalorde eta beste agirien banakapena egitea.

  6. Presidentearen edo presidenteordearen deialdiak bideratzea, bilkurak egiteko eguna, ordua eta gai-zerrenda zehaztuta.

  7. Izapide guztiak zorrotz-zorrotz betetzen direla egiaztatzea, eta forma-akatsak izanez gero haien gaineko ohartarazpenak egitea.

  8. Espedienteen laburpenak (labur baina osoki) prestatzea, batzordekideak jakitun egon daitezen.

  9. Batzordekideen artean gaiak banatzea eta txostenak esleitzea, aurretik ezarrita dagoen txanda-hurrenkeraren arabera.

  10. Batzordearen dokumentazioa eta artxiboak gordetzea eta zaintzea.

  11. Pertsona edo erakunde interesatuei Batzordearen ebazpenak jakinaraztea.

  12. Batzordearen osokoaren edo atalen bilkuretan parte hartzea eta horien fede ematea.

  1. Batzordeak, presidentearen bidez, funtzionamendua hobetzeko agintzen dion eta bere karguari dagozkion beste edozein funtzio.

  1. – Osokoaren eta atalen bilkurak Batzordearen egoitzan egingo dira, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzan, non eta presidentearen proposamenez ez den beste lekuren bat aukeratzen halako bilkura jakin bat egiteko.

  2. – Gainerako jarduketak Batzordearen egoitzan egingo dira, salbu eta izaera berezikoak direlako nahitaez beste lekuren batean egin beharra dutenak.

  3. – Bilkuretan gai-zerrendako eztabaidagaiak baino ezingo dira aztertu.

  4. – Salbuespenez, batzordekide guztiak bertan badaude eta halako gai jakin bat gehiengoz urgentziazkotzat jotzen bada, gai-zerrendatik kanpoko auziak ere eztabaida daitezke.

  5. – Kirol Justiziako Euskal Batzordeak, espedienteak bideratzerakoan, indarrean dagoen legediari egokitzen zaizkion komunikazio telematikoko baliabideak aplikatuko ditu. Baliabide horiek erabiliko dira bai hirugarren pertsonekiko edo erakunde interesatuekiko harremanetan bai barrura begira batzordekideen arteko harremanetan. Kasu biotan, administrazioaren jardunaren gainean indarrean dauden legezko printzipioak bermatuko dira.

Espedienteak honela bideratuko dira:

  1. – Behin errekurtsoa aurkeztu eta gero edo espedientea jaso eta gero, idazkariak horren laburpena egingo du, eta nahitaezko betebeharrak konplitu diren ala ez zehaztuko du.

  2. – Espedientea, laburpena eta guzti, osokoko presidenteari edo dagokion ataleko presidenteari emango zaio, dekretu honetan eta bera garatzeko lege-xedapenetan ezarritako irizpidearen arabera.

  3. – Espedientea esleitu ondoren, dagokion batzarkide txostengileari emango zaio, ezarritako banaketa-irizpidearen arabera.

  4. – Espedientea jaso eta hogeita hamar egun baliodun baino lehen, txostengileak bidezko ebazpen-proposamena emango du. Bertan, aukera hauetakoren baten alde egingo du:

    1. Errekurtsoa izapidetzeko eskaria atzera bota, prozeduraren nahitaezko betekizunak ez konplitzeagatik, aurreko auzialdiak ez agortzeagatik edo errekurtsoa Batzordearen eskumenetik at egoteagatik.

    2. Errekurtso-egileari eskatu hamar egun baliodun baino lehen aurkeztu duen dokumentazioa osa dezan edo, forma-akatsik egin badu, horiek zuzendu ditzan, beti ere akatsok ez badira errekurtsoaren izapidetzea atzera botatzeko adinakoak. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, horrela egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, eta jarduketak artxibatu egingo direla.

    3. Errekurtsoaren izapidetzea onartu, eta errekurritutako alderdia jakinaren gainean jarri, hamabost egun balioduneko epean alegazio-idazkia aurkez dezan eta, hala badagokio, bidezkoak iritzitako froga-eginbideak proposa ditzan.

  5. – Txostengileak, ofizioz edo alderdi interesatuaren eskariz, beharrezkoak iritzitako froga-eginbideak agindu ahalko ditu, behin betiko ebazpena eman baino lehen gertaerak goitik behera argitzeko.

  6. – Froga egiteko epea hamabost egun baliodunekoa izango da gehienez, onartzen denetik aurrera kontatuta. Behar bezala frogaturiko salbuespenetan, epe hori luzatu ahal izango da.

  7. – Presidentearen aburuz errekurtsoaren gaiak horretarako bidea ematen duenean, adituen iritziak jaso daitezke. Pertsona horiek, baina, behartuta egongo dira prozeduraren gaineko sekretua gordetzera.

  8. – Errekurtso bat izapidetzen denean jatorrizko espedientean ez dauden egitate edo agiriak –kontuan hartzekoak– agertzen badira, interesatuak jakinaren gainean jarriko dira, bidezkoak iritzitako alegazioak, dokumentuak eta ziurtagiriak aurkez ditzaten. Hori egiteko epea ez da izango hamar egunetik beherakoa, ezta hamabost egunetik gorakoa ere. Errekurtsoak ebazterakoan ez dira aintzat hartuko aurkezteko aukera izan arren errekurtso-egileak aurkeztu ez dituen egitate, agiri edo alegazioak.

  9. – urreko izapideak bete ondoren, txostengileak behin betiko ebazpen-proposamena aurkeztuko du, eztabaidatu eta gero epaitza eman dadin.

  10. – Batzordeak ofizioz edo Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzaren eskariz hasitako espedienteetan eta kirol federazioen arteko eskumen-auziei buruzko espedienteetan, behin prozeduraren instrukzioa egin ondoren eta ebazpen-proposamena idatzi baino lehen horien berri emango zaie interesatuei edo, hala badagokio, haien ordezkariei, entzunak izateko eskubidea gauzatu ahal izan dezaten indarrean dagoen legediaren arabera.

  11. – Espedientea jakinaraztea eta ebazpena ematea lehenbailehen egin behar direnean eta arestian adierazitako prozedura estu-estu aplikatuta kalte konponezina sortaraziko balitz, Batzordeak izapidetze laburragoa erabaki dezake, eta horrela epe guztiak murriztu Batzordeak beharrezkotzat jotzen duen neurrian.

  1. – Kirol Justiziako Euskal Batzordeak, alderdi interesatuaren eskariz edo ofizioz eta espedientearen instrukzioaz arduratzen den txostengileak proposatuta, kautela-neurriak hartzeko agindu ahal izango du, epaitza benetan eraginkorra izango dela bermatzeko edo kalte-galera konponezinak ekiditeko

  2. – Kautela-neurriak errekurtsoarekin batera eskatuko dira, jeneralean. Baina eskatzaileak urgentzia eta premiatasuna behar bezala frogatzen baditu, errekurtsoaren aurretik ere eska litezke kautela-neurriok.

  3. – Oro har, Batzordeak kautela-neurriak eskatzea aginduko du, baldin eta lehen aipaturiko betekizunak gertatzen badira, aldez aurretik pertsona interesatu guztiei entzun eta gero. Salbuespena izango da, ordea, urgentziazko arrazoiak direla-eta aldez aurreko entzunaldiak kautela-neurriaren helburua bera kolokan jar dezakeenean.

  4. – Erabakitako kautela-neurriak indarrean egongo dira espedientea izapidetzen den bitartean, harik eta behin betiko ebazpenaren bidez berretsi edo bertan behera uzten diren arte. Alabaina, prozedurak irauten duen bitartean, administrazioaren kabuz zein interesdunak eskaturik, behin-behineko neurriak aldatu edo kendu ahal izango dira, baldin eta neurriak hartu zirenean kontuan hartu ezin ziren gorabeherak edota gerora agertutakoak azaltzen badira.

  1. – Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak bertako bilkuretan emango dira, aldez aurretik eztabaidatu eta bozketa egin ondoan. Erabakitakoaren gaineko bidezko akta egingo da. Bozketan parte hartzen duten kideek erabakitakoa sinatuko dute, nahiz eta ados ez egon gehiengoaren iritziarekin.

  2. – Batzordearen ebazpen guztiak arrazoituak izango dira, lege-xedapenaren testua justifikatzen dituzten gertakariak eta legezko oinarriak labur adierazita, eta bidezko errekurtsoen aipamena eginda.

  3. – Ebazpenak hartzeko, bilkuran parte hartzen duten kideen gehiengoaren aldeko botoa beharko da. Berdinduz gero, presidentearen botoak garbituko du berdinketa, nahiz eta erabakitakoarekin bat ez datozen kideek eskubidea izango duten beren boto partikularra erabakiari eransteko. Kide guzti-guztiek eman behar dute botoa.

  4. – Boto partikularra bozketa egiteko unean iragar daiteke, eta boto-emailearen sinadura eraman behar du. Boto partikularra berrogeita zortzi ordu pasa baino lehen aurkeztu behar da idatziz; ebazpenari erantsiko zaio eta alderdiei jakinaraziko zaie gehiengoz onarturiko testuarekin batera.

  5. – Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenek administrazio-bidea amaitzen dute. Beraz, haien aurka administrazioarekiko auzien jurisdikzioan baino ezin da errekurritu.

  1. – Kirol Justiziako Euskal Batzordeak ezin izango ditu ebazpenak aldatu, behin sinatu eta gero; bai ordea, ebazpenok argitu. Alderdi interesatu batek eskatu behar du argitzea, ebazpena jakinarazi den egunaren biharamunetik harako bi egun balioduneko epean horretarako eskaria idatziz egin ostean.

  2. – Soilik kontzeptu lausoak argitu ahal izango dira; zuzendu, ebazpenak dituen huts materialak zuzendu ahal izango dira.

  3. – Argibideak eta zuzenketak hamar egun balioduneko epean egin beharko ditu Kirol Justiziako Euskal Batzordeak, eskabidea jasotzen den egunaren biharamunean kontatzen hasita.

  1. – Kirol Justiziako Euskal Batzordearen ebazpenak jendaurrean jakinarazi ahal izango dira, beti ere ohorea eta intimitatea babesteko eskubidea errespetatuta indarreko legediari men eginez.

  2. – Bidezko interesa dutela egiaztatzen dutenek isilpekoak ez diren Batzordearen liburu eta artxiboetara jo dezakete, eskatzen dituzten kasuan kasuko lekukotza edo ziurtagiriak lortzeko.

Kirol Justiziako Euskal Batzordeak ematen dituen ebazpenak kirol ekitaldiaren erakunde titularrak betearaziko ditu lehenik, zeina arduratuko baita benetan betearazten dela. Halakorik ezean, Batzordeak berak hartuko du bere gain betearazpena.

  1. – Kirol Justiziako Euskal Batzordera jotzen duten interesatuek euskara zein gaztelania erabil ditzakete. Pertsona interesatuak zein hizkuntza aukeratzen duen, hizkuntza horretan bideratuko da prozedura.

  2. – Prozeduran interesatu bat baino gehiago suertatzen badira eta horiek hizkuntza ezberdinak aukeratzen badituzte, prozedura bi hizkuntza ofizialetan bideratuko da.

  3. – Pertsona interesatuek hala eskatzen dutenean, agiriak edo agiri-zatiak hizkuntza batetik bestera itzuli beharko ditu Kirol Justiziako Euskal Batzordeak. Itzultzeko betebeharra ez dagokio Batzordeak esku hartu aurreko espedienteko agiriei.

Kirol Justiziako Euskal Batzordeko oraingo kideak berritzea.

Kirol Diziplinako Euskal Batzordeak indarrean jarraituko du, orain arteko kideekin, "Kirol Justiziako Euskal Batzordea" izenpean, kide berriak izendatzen diren bitartean. Kide berriak hiru hilabete baino lehen izendatuko dira, dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatuta.

Indarrik gabe geratzen da, oso-osorik, kirol-diziplinari buruzko arautegia onartzen duen urtarrilaren 10eko 7/1989 Dekretuaren III. titulua.

Indarrik gabe gelditzen dira dekretu honen aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko urriaren 18an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.