Hezkuntza Saila

Leigh, Mike

Britainiar zinema, antzerki eta telebista zuzendaria (Salford, Lancashire, 1943). Ospetsua da antzezleak prestatzeko duen metodoagatik. The Box Play (1965) bere lehen antzerki lanerako, antzezleei utzi zien azken gidoiaren elkarrizketak sortzen. Hurrengo lanetan ere, antzezleek hainbat denbora igarotzen zuten Leighekin batera pertsonaiak zehazten. Zuzendari eta antzezleen arteko lan honetatik sortu ohi zen behin betiko gidoia. 1971n egin zuen debuta zineman, bere antzerki lanetako bat zinemarako egokituz: Bleak Moments (1971). Film honek Chicago eta Locarnoko zinemaldietako sariak irabazi zituen arren, Leighek zinema albora utzi eta telebistarako lan egiten hasi zen: Hard Labour (1973); Abigail’s Party (1977); Grown-Ups (1980); Home Sweet Home (1982) eta Meantime (1983), besteak beste. Antzerki lanak ere zuzendu zituen: Babies Grow Old (1974); Goose-Pimples (1981) edota Smelling a Rat (1988). Azken urte honetan itzuli zen zinemara, Veneziako Zinemaldian Nazioarteko Kritika saria irabazi zuen High Hopes (1988) filmarekin. Harrezkero sari ugari irabazitako filmak egin ditu, horien artean Life is Sweet (1990); Naked (1993) eta Secrets & Lies (1996).