Hezkuntza Saila

Legazpi Gurrutxategi, Migel Lopez

Gipuzkoar konkistatzailea, Espainiako koroaren zerbitzuan jardun zuena (Zumarraga, 1503 edo 1505 - Manila, 1572). Aita bezala, eskribaua izan zen gaztetan, Areriako alkatetza nagusian (Gipuzkoako Goierrin), baina laster jo zuen Mexiko aldera; dirutza handia bildu eta bederatzi seme-alaba izan zituen bertan. Hirurogei urte inguru zituen Legazpik, Filipe II.aren agindu bat betez eta Andres de Urdaneta fraide eta itsasgizonak hala eskatuta, Mexikoko ekialdetik haranzko lurraldeen konkistarako itsas armada talde bat antolatu zuenean. Bidaldirako bere ondasun asko saldu ondoren 1564ko azaroan itsasoratu zen Navidad izeneko portuan. 1565eko urtarrilean iritsi zen Barbados uharteetara eta handik igaro zen Guam uhartera. Harrera ona izan zuten espainiarrek lurralde haietan eta Zebu uharterantz abiatu ziren ondoren. 1565eko apirilean iritsi ziren Zebura. Jazarri egin zitzaizkien bertako biztanleak, baina arazo handirik gabe nagusitu ziren Legazpiren gizonak eta bertan antolatu zuten Filipina uharteetako lehen gotorlekua, San Miguel izenez. Zebun antolatu zuen Legazpik kuartel nagusia eta, Andres de Urdanetaren laguntzaz, handik bideratu zuen uharte haien guztien konkista. 1570ean jaso zuen Legazpik adelantado titulua (konkistako lurrak banatzeko ahalmena) Filipe II.aren eskutik, eta Filipina izena eman zien Legazpik uharte haiei, Espainiako erregearen ohoretan. Uharte txikiez jabetu zen lehenik eta 1571n sartu zen Luzongo uharte handian, bertako buruzagi musulmana, Soliman, ia armarik erabili gabe menderatu ondoren. 1571ko ekainean sortu zuen Legazpik Manilako hiria, lur jota zegoen herri baten gainean; Herrera arkitektoak egin zituen hiri berrirako planoak. Hantxe hil zen.