Hezkuntza Saila

Legasse Celaya, Marc

Parisen jaio zen euskal jatorriko idazle eta politikaria (Paris, 1918 - Ziburu, 1997). Ikasketak amaitu ondoren Itsasun hartu zuen bizilekua. Oso gazterik egin zen abertzale, baina EAJren Jangoikoa eta Lege Zaharra esamoldea onartzen ez zuenez, Legassek beste bat asmatu zuen: Jaunik gabe eta legerik ez. Ideia anarkistak bultzatu ditu beti. 1936an Hego Euskal Herritik ihesi zihoazen euskaldunei babesa eskaintzeko Sorospen Batzordea delako elkartea sortu zuen, beste lagun batzuekin batera. 1937an Luis Arana Goiri ezagutu zuen Donibane Lohizunen, eta haren ezagutzak eragin handia izan zuen Legasserengan. Bigarren aldiko Aintzina aldizkarian idatzi zuen, baina 1944an Hordago izeneko beste aldizkari bat sortu zuen. Aldizkari hori noizbehinka 1978 arte atera zen; urte hartan izen bereko argitaletxeari eman zion lekua. Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoko lehen hauteskundeetan abertzaleen zerrendan aurkeztu zen baina ez zuen inolako arrakastarik izan. Garai hartan idatzi zuen, Parisen aurkezteko, Ipar Euskal Herriarentzako Autonomia Estatutu baten proiektua. Jarduera hauen ondorioz atxilo hartu eta espetxeratu egin zuten Frantzian 1946an. 1947-1948 urteetan ezadostasun nabarmenak izan zituen erbesteko EAJrekin. Ondorioz, abertzale ezkertiarrekin jarri zen harremanetan. 1977an Bermeora joan zen bizitzera. Obra nagusiak: Sancho el Fuerte (Antso Azkarra, 1955), Las carabinas de Gaztinbeltza (Gaztinbeltzaren karabinak, 1978), Evangelio y apocalipsis del euskara (Ebangelioa eta Euskararen apokalipsia, 1980). Bere azken idazlanak Pasacalle por un país que ni existe (1982) eta Zortziko de Iraeta para arpa y txalaparta (1990) dira.