Hezkuntza Saila

Leakey, Richard Erskine

Kenyar antropologoa (Nairobi, 1944). Mary Douglas Leakey paleoantropologoaren eta Louis Leakey antropologoaren semea. Hasieran ez zuen gurasoen bidetik jarraitu nahi izan, baina 1963an australopitekoen masailezur bat aurkitu zuenean, antropologia ikastea erabaki zuen, eta Londresen bi urteko ikastaro bat sei hilabetetan osatu ondoren, Kenyara itzuli zen. 1967an aztarnategi paleontologiko garrantzitsu bat aurkitu zuen Turkana aintziraren ekialdeko ertzean. Han Austrolopithecus boisei-aren burezur bat aurkitu zuen oso-osorik 1969an, eta urte batzuk geroago Homo habilis motako burezur bat. Leakeyk burezur hura berregin eta ikertu ondoren, bi milioi urteko data ipini zion, eta Homo leinuaren antzinatasuna uste zena baino askoz handiagoa zela frogatu zuen. 1984an ordu arteko Homo erectus-aren hezerdurarik osoena aurkitu zuen Alan Walker-ekin batera, eta 17 milioiko antzinatasuna eta gizonaren zein tximinoaren aurrekoa izan daitekeen Sivapithecus-aren masailezurra, hortzak eta burezur zatiak ere aurkitu zituen. 1968-89 bitartean Kenyako Museo Nazionaleko zuzendari izan zen, eta gero Kenyako Fauna Zerbitzuen buru izendatu zuten. 1977an The making of mankind (Gizadiaren eraketa) lana argitaratu zuen.