Hezkuntza Saila

Leakey, Mary Douglas

Britainiar paleoantropologoa (Londres, 1913 - Nairobi, 1996). 11 urte zituela sortu zitzaion antropologiarako grina, Frantzia hegoaldeko Cro-Magnon-go gizonaren haitzulo famatua bisitatu zuenean. Londresen antropologia eta geologia ikasi ondoren, harrizko tresna eta lanabesetan aditua bilakatu zen. Ingalaterran bertan hainbat indusketatan parte hartu eta 1931n kultura klaktoniarrari buruzko ikerlan bat gidatu zuen Essex-en. Urte haietan hasi zen Louis Leakey antropologoaren Afrikako espedizioetara joaten, eta 1936an harekin ezkondu zen. 1959an 1.750.000 urte baino gehiago zituen Zinjanthropus-aren burezurra aurkitu zuen Olduvaiko haitzartean, Afrikako hominidoen antzinatasun handia frogatuz. 1975ean Homo motako masailezurra eta hortzak aurkitu zituen, 3.750.000 urtekoak, eta lau urte geroago, 1979an, ordu arte ezagutzen ziren hanka biko hominido baten aztarna fosildu zaharrenak, 3.600.000 urtekoak. Lan handi eta zorrotz baten zati bat, Olduvaiko haitzartea (1971), eta Afrikako paleontologia eta historiaurreari buruzko idazlan ugari argitaratu zituen. Iragana ezagutaraziz izenburuko autobiografia argitaratu zuen 1984an.