Hezkuntza Saila

Lazkao

Gipuzkoako erdialdeko udalerria (Goierri), Agauntza errekak zeharkatua (Oria ibaiaren adarra). Mugak: iparraldean Beasain eta Ordizia, ekialdean Zaldibia, mendebalean Olaberria, eta hegoaldean Ataun eta Idiazabal. Garaiera, 160 m. 11,4 km2. 1997ko datuen arabera, 4.911 biztanle ditu (lazkaotarrak). Auzo nagusiak: Lazkao (herriburua), Lazkaomendi, Senpere eta Zubierreka. Hizkuntza banaketa 1996an: 2.943 euskaldun, 611 ia euskaldun eta 1.229 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusiak industria (metalurgia, mekanika eta kimika industria, papergintza, janari industria, ehungintza; langileen % 74) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak; langileen % 15) dira. Aipagarri dira XVII. mendeko Infanterriko dukearen jauregia (1921ean zaharberritua), beneditarren Santa Teresa abadia (XVII. m.), 1650. urteko San Migel parrokia eliza eta XVII. mendeko Lazkaotarren oinetxea.  v  Historia. 1027. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Lazkaoko herria. Bozue Txikia edo Billabonako elkarteko kidea izan zen 1648 arte. Santa Teresa komentua 1640. urtean sortu zuten Karmeldar Oinutsen ordenarentzat. 1916az geroztik fraide beneditarren esku dago.