Hezkuntza Saila

Lazio

(Lat., Latium). Italiako erdialdeko antzinako eskualdea, Bolsena aintziraren, Tirreniar itsasoaren eta Abruzzi mendien artean eta Frosinone, Latina, Rieti, Erroma eta Viterbeko herrialdeek osatua. 17.203 km2 eta 5.025.158 biztanle. Hiriburua, Erroma. Hiri nagusiak: Anzio, Cassino, Civitavecchia, Formia, Frascati, Gaeta, Latina, Ostia, Rieti, Erroma, Terracina, Tivoli eta Viterbe. Eskualde menditsua da, Abruzzi mendiek (Sabini, 1.000 m; Sibillini, 2.200 m; Prenestini, 1.000 m) eskualdeko lurraldearen herena hartzen baitute. Ekonomia jarduera nagusiak laborantza (garia, garagarra, mahatsa, olibondoak) eta abeltzaintza (behiak eta ardiak) dira. Industria gehiena Erroman dago (industria mekanikoa, petrolio findegiak, kimika industria, ehungintza.  v  Historia. K.a. 2000. urte inguruan finkatu ziren latinoak Lazion. K.a. VI. mendearen bukaera arte etruriarren mendean egon ziren (K.a. 509, Tarkino Harroa Erromako azken errege etruriarraren amaiera). K.a. V. mendean, herri latinoek Latinoen Liga osatu zuten, etruriarrei, ekuei eta volskoei aurre egiteko. Hogeita hamar herri bildu ziren, Alba, Tusculum, Prenestes, Fidenes eta Lavinium besteren artean; Erroma ez zen oraindik horien artetik gailendu. Samnioko lehen gerraren ondoren (K.a. 343-341), borrokatu zen Erroma latinoen aurka eta K.a. 338an Erromako hiritar bihurtu ziren latino guztiak.