Hezkuntza Saila

Lázaro Carreter, Fernando

Espainiar hizkuntzalaria (Zaragoza, 1923 – Madril, 2004). Salamancako eta Madrilgo unibertsitateetako katedraduna. Irakasle laguntzaile eta irakasle bisitari izan zen Europa eta Estatu Batuetako hainbat unibertsitatetan. 1972az geroztik Espainieraren Errege Akademiako kide izan zen, eta 1991-98 bitartean bi aldiz aukeratu zuten akademiako zuzendari. Kargu horretan egon zen urteetan aldaketa handia izan zuten Akademia barruko lanek, ikerketa lexikografikoak eta hiztegi berriak sortzeko datu base informatikoen erabilera bultzatu baitziren, besteak beste. Bere lanen artean aipagarriak dira: Cómo se comenta un texto literario (1957, Nola egin literatura testu baten kritika); Diccionario de términos filológicos (1963, Hitz filologikoen hiztegia); Estilo barroco y personalidad creadora (1966, Estilo barrokoa eta nortasun sortzailea); Lazarillo de Tormes en la Picaresca (1973, Tormesko Itsumutila Pikareskan); Estudios de poética (1976, Poetika ikerketak); Estudios de Lingüística (1980, Hizkuntzalaritza ikerketak). 1997an El dardo en la palabra (Gezia hitzean) liburua argitaratu zuen, gaur egungo espainieraren erabileran aurki daitezkeen aldrebeskeriei buruz hainbat egunkaritan idatzitako artikuluen bilduma, irakurleen artean arrakasta handia izan zuena. Espainian eta nazioartean sari ugari irabazi zituen.