Hezkuntza Saila

Lasso, Orlando di

(Roland de Lassus sortzez). Flandestar musikagilea (Mons, Hainaut, 1531 - Munich, 1594). Europako Berpizkundeko musikari gorenetako bat izan zen. Haurretan nabarmendu zen kantari gisa; koru guztiek nahi zuten beren koruko kantari izan zedin eta hiru aldiz bahitu zuten hori zela eta. 1544an Fernando de Gonzaga Karlos V.a enperadorearen zerbitzuko jeneralak eraman zuen Italiara eta hamar urtez egon zen han, aita santuaren kapera maisu gisa, Palestrina musikagile ospetsuaren ondoan. 1555ean Anberes aldera jo zuen eta Bavariako dukearen kapera maisu izendatu zuten ondoko urtean. Munichen bizi izan zen hil arte. Bi mila musika piezatik gora ondu zuen Lassok: italiar erako madrigalak zituzten bost liburu argitaratu ziren Venezian 1604an eta 516 motetez osatutako bilduma oparoa plazaratu zuten bere semeek Magnum Opus Musicum izenez. Lieder germaniar kantu bilduma bat (zazpi sail osotara) ere idatzi zuen eta salmo sail ederra, bere obra onena agian (1584, Psalmi Davidis Poenitentiales). Orlando di Lasso erlijio musikari bikaina izan zen; italiar, frantses eta germaniar moldeko erlijio kantuak ondu zituen, eta haren eragina bizi-bizirik egon zen Europako musikarien artean, barroko estiloa XVII. mendean guztiz nagusitu zen arte.