Hezkuntza Saila

Larrea Celayeta, Juan

Bizkaitar olerkaria (Bilbo, 1895 - Córdoba, Argentina, 1980). Filosofia eta letretako ikasketak egin zituen Deustuko eta Salamancako unibertsitateetan. 1921ean Madrilgo Artxibo Historiko Nazionaleko sarrera azterketak gainditu zituen. César Vallejo olerkari peruarrarekin batera Favorables París Poema argitaratu zuen 1926an eta Carmen Gerardo Diegorekin. Gerra Zibila hasi zenean Mexikora erbesteratu zen eta han Espainiako Kultura Batzordearen eta España peregrina aldizkariaren zuzendari izan zen J. Bergamín eta J. Carner-ekin batera. Estatu Batuetan izan ondoren, 1956an Córdobako (Argentina) unibertsitateko irakasle izendatu zuten. Bere poesia surrealistak abangoardia higikundearen jarraipen hutsetik ihes egiten duen joera dramatikoa erakusten du; Juan Larrearen poesia iraultzaileak eragin handia izan zuen Aleixandre, García Lorca, Alberti, Cernuda eta beste poeta handiengan. Obra nagusiak: Arte peruano (1935), Redención del espíritu (1943), Visión del Guernica (1947), La religión del lenguaje español (1952), La espada de la Paloma (1956), Razón de ser (1956), César Vallejo o Hispanoamérica en la cruz de la razón (1958), Corona incaica (1960), Teleología de la cultura (1965), Del surrealismo a Machu Picchu (1967) eta Versión Celeste (1970).