Hezkuntza Saila

Larraun

Gipuzkoarekin muga egiten duen Nafarroako erdi-mendebaleko udalerria eta harana (Iruñeko eskualdea). Mugak: iparraldean Areso, Leitza eta Basaburua, ekialdean Basaburua eta Imotz, mendebalean Araitz eta Aralar, eta hegoaldean Arakil, Irañeta eta Uharte-Arakil. Garaiera, 583 m. 113,43 km2. 1999ko datuen arabera, 1.083 biztanle ditu, aurreko erroldan baino zertxobait gutxiago (larraundarrak). Herrigune hauek osatzen dute Larraungo udalerria eta harana: Albiasu, Aldatz, Alli, Arruitz, Astitz, Azpirotz, Baraibar, Etxarri, Errazkin, Gorriti, Uitzi, Iribas, Lekunberri (herriburua), Lezaeta, Madotz, Mugiro eta Oderitz. Larraun ibaiak igarotzen ditu udalerria eta harana. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusiak nekazaritza (artoa, bazkarako landareak, patata, fruitu arbolak; langileen % 44) eta zerbitzuak (oinarrizko zerbitzuak, administraritza, irakaskuntza, garraioa; beharginen % 27) dira. Langileen % 28k zurgintzan, janari industrian eta eraikuntzan dihardu. XI. mendeko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Larraungo harana. 1192. urtean jaso zituen foruak Antso VI. Jakituna Nafarroako erregearen eskutik.  v  Arakil ibaiaren ezkerraldeko ibaia. 19 km. Aralarko mendialdean du iturburua eta Larraungo, Basaburuko, Imotzko eta Arakilgo udalerriko lurrak ureztatzen ditu ura Arakil ibaian hustu aurretik.