Hezkuntza Saila

Laponia

(Fineraz Lappi; Suedieraz eta Norvegieraz Lapland). Europako iparraldeko herria, Iparburuko Zirkuluaren barnean. Norvegiako (Finnmark, Troms eta Norland), Suediako (Norrbotten eta Västerbotten), eta Finlandiako (Lappi) iparraldean eta Errusiako ipar-mendebalean (Murmansk, Kolako penintsula) dago, Norvegiako itsasoaren (mendebalean), Barentseko itsasoaren (iparraldean) eta Itsaso Zuriaren (ekialdean) artean. Hegoaldetik Laponiak ez du muga zehatzik, baina ipar latitudeko 66°-ko marraren inguruan jarri ohi da. 500.000 biztanle eta 350.000 km2 inguru. Hirigune nagusiak: Kemi, Rovaniemi eta Törnio Finlandian; Gällivare, Jokkmokk, Karesuando eta Jukkasjärvi Suedian, eta Karasjok Norvegian. 40.000 laponiar inguru bizi dira gaur egun lurralde hartan, 24.000 mila Norvegia aldean, 10.000 Suedia aldean, 3.000 Finlandia aldean eta 2.000 Kola penintsulan. Hizkuntza: laponiera eta tokian tokiko estatu hizkuntza ofizialak.  v  Orografia. Eskandinaviako mendiak zabaltzen dira mendebalean eta fiordo eta uharte txiki ugari daude itsasertzean. Lur beheragoak, aintzirak (Inari aintzira, 1.085 km2) eta uharte txiki asko daude ekialdean. Tundrako landaredia da nagusi eta ler edo pinualdeak daude hegoaldean.  v  Klima. Tenperatura hotza da oso (-21,1° neguan eta 10,8° udan, Karesuandon) eta ur biltegi guztiak izozten dira azaroaren eta maiatzaren artean. Neguko sei-zazpi astetan ez du eguzkirik ateratzen batere.  v  Ekonomia. Elur-oreinen ustiakuntza da egun ere laponiar erdi nomaden ekonomia jarduera nagusia (500.000 buru guztira), laborantza pobrea da (patatagintza), basoak Finlandia aldean ustiatzen dira batez ere (pinua) eta burdin hobi guztiz garrantzitsuak daude Kirkenes (Norvegia), Kiruna (Suedia) eta Porkonen (Finlandia) aldean. Arrantzak badu garrantzirik, baina molde tradizionaletara atxikiegia dago egun ere.  v  Historia. K.a. lehen mendetik daude gutxienez laponiarrak gaur dauden lurraldean. IX. mendean areagotu zen merkatari finlandiarren aldetik laponiarrekiko tratua, larru salerosketa zela medio eta XVI. mendean Suediako erresumaren eraginpean geratu zen lurraldea, Gustavo Vasak Laponiako kolonizazioa bultzatu ondoren. 1595. eta 1613. urteetako hitzarmenen arabera banatu zen lehenengoz Laponia, Danimarka, Suedia eta Errusiako erresumen artean; 1751n zehaztu zen Suediako eta Finlandiako Laponien arteko muga eta 1826an Norvegiako eta Errusiako Laponien artekoa. 1940-1945. urteetan, alemaniar naziak jabetu ziren Laponiaz eta herrigune gehienak erre zituzten finlandiar eta errusiar osteak lurraldea askatzeko zeudenean (1945). Berreraikitze lanak berehala egin ziren eta  hiri berri ederrak sortu ziren Laponian, Rovanienmi horien artean.