Hezkuntza Saila

klorofila

iz. Landareen pigmentu berdea.  v  Klorofilari esker landare berdeek eguzkitik jasotzen duten argi energia energia kimiko bilakatzen dute fotosintesi prozesuan. Klorofila molekularen atomoak abaraska edo uztai bihurri baten modura adieraz daitezke; uztaiaren erdigunean magnesio atomo bat izaten da lau nitrogeno atomori lotuta eta horren alboan kate luze bat fitolez, 20 karbono atomozko katea duen alkoholez, eratua. Alga zianofizeetan izan ezik, kloroplastoetan izaten dute landare berde guztiek klorofila, eta garrantzitsuenak “a” klorofila eta “b” klorofila motak dira. Landare berde guztiek dute “a” klorofila (C55H72N4O5Mg); algek eta beste landare batzuek, ordea, ez dute “b” klorofilarik. Bi klorofila mota horiek R. Willstätter-ek aurkitu zituen.