Hezkuntza Saila

Klee, Paul

Suitzar margolaria (Münchenbuchsee, Berna ondoan, 1879 - Muralto-Lorcano, 1940). Klee-ren lanak eragin handia izan du XX. mendeko artean. Munich-eko Arte Ederretako akademian egin zituen ikasketak 1898 eta 1901 bitartean; Italian ibili ondoren 1906an Munich-era itzuli zen, baina 1933an naziek Alemaniatik kanpora egotzi zuten eta Bernara joan zen. Lehen Mundu Gerran alemaniar gudarostean aritu zen, besteak beste hegazkinen hegoak margotzeko kontratatu baitzuten. Gerra ostean, 1919an, Munich-en egin zuen erakusketak mundu osoan zehar egin zuen ospetsu. Bauhaus-en, Weimar eta Dessau-en irakasle izan zen; azken urteetan berriz Düsseldorf-eko akademian egon zen irakasle. Klee-ren lanak, eta hasierakoak batik bat, Blake, Beardsley, Goya eta Ensor-en eragina du. Abstrakzioaren teoria landu baten erabilerak eta bere asmamen bereziak inozentzia itxura nabaria ematen diete Klee-ren lanei. Kolorearen erabilerari buruzko teoriarik berrienez jabetu zen, eta kolore eta argien sen bikaina erakusten du bere irudi bitxi irudimentsuetan. Hil arte lanean jarraitu zuen; azken zazpi urteetako lanak kolore ilunagoen erabiltzea du bereizgarri.