Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2020ko urtarrilaren 23koa, Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez informazio publikoaren izapidea egiten baitzaio Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako kontzertu sozialaren araubidea eta hitzarmenak arautzen dituen dekretu-proiektuari.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 24
- Hurrenkera-zk.: 572
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2020/01/23
- Argitaratze-data: 2020/02/05
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.12 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du gizartea-laguntzaren arloan.
Eskumen hori egikaritzeko, Eusko Legebiltzarrak Gizarte-zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea onetsi zuen, zeinaren xedea hau baita: Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan gizarte-zerbitzuen prestazioak eta zerbitzuak jasotzeko eskubidea sustatu eta bermatzea, eta, horretarako, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema unibertsal bat arautu eta antolatzea.
Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioetara eta zerbitzuetara iristeko aukera sustatze eta bermatze aldera, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 5. artikuluan dago definituta sistema hori erantzukizun publikoko sare publiko gisa, titulartasun publikoko eta titulartasun pribatu itunduko prestazio, zerbitzu eta ekipamenduz osatua.
Halaber, Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legeak zehazten du Eusko Jaurlaritzarena dela gizarte-zerbitzuen arloko erregelamenduak egiteko eskumena, eta bereziki: gizarte-zerbitzuak antolatzea, eta, horretarako, zentro eta zerbitzuak baimentzeko, erregistratzeko, ituntzeko, homologatzeko eta ikuskatzeko prozedurak arautzea, eta, baimena lortzeko eta funtzionatzeko bete behar diren eskakizunak zehaztea baliabideei, funtzioei eta langileei dagokienez (40.1.a artikulua).
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2019ko maiatzaren 24ko Aginduaren bidez erabaki zen xedapen orokor baterako prozedura bati hasiera ematea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako kontzertu sozialaren araubidea eta hitzarmenak arautzeko xedez.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2019ko maiatzaren 23ko Aginduaren bidez aldez aurretiko onespena izan zuen honela osatutako testu batek: hogei artikulu, hiru xedapen iragankor, xedapen gehigarri bat eta azken xedapen bi.
Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legeko 8.1 artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, herritarren eskubide eta interes legitimoei eragiten dieten xedapen orokorrek entzunaldi-izapidetik pasatu behar dute. Halaber, xedapenen izaera aintzat hartuta komenigarria baldin bada, jendaurrean jarri beharko dira.
Hori dela eta, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuaren 13. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, hau
Lehenengoa. Jendaurrean jartzea Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako kontzertu sozialaren araubidea eta hitzarmenak arautzen dituen dekretu-proiektua, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik 2020ko martxoaren 4ra bitartean.
Bigarrena. Dekretu-proiektuaren edukia eskuragarri egongo da bai Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz), bai Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean, euskadi.eus atarian.
Egoki iritzitako alegazio, dokumentu eta egiaztagiri oro aurkeztu ahal izango da, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzari zuzenduta, epe eta toki horietan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak zehaztutako organoetan.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko urtarrilaren 23a.
Gizarte Zerbitzuen zuzendaria,
MARÍA ANTONIA OLABARRIETA IBARRONDO.