Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2014ko uztailaren 15ekoa, Araubide Juridikoaren sailburuordearena, zeinaren bidez argitara ematen baita Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordearen akordio bat. Akordio hori honako lege honen arlokoa da: 20/2013 Legea, abenduaren 9koa, Merkatu-batasuna bermatzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Herri Administrazio eta Justizia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 151
  • Hurrenkera-zk.: 3530
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2014/07/15
  • Argitaratze-data: 2014/08/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

Konstituzio Auzitegiaren urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan aurreikusten den akordioa hartu ondoren, eta artikulu horren c) idatzi-zatian ezarritakoarekin bat, hau

Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Aldebiko Lankidetza Batzordeak honako akordio hau hitzartu du:

  1. Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak osatutako Alldebiko Lankidetza Batzordeak, 2014ko martxoaren 3an, akordio bat hitzartu zuen, hain zuzen ere Merkatu-batasuna bermatzeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legea (aurrerantzean, MBBL) aztertu eta eskumen-desadostasunak nola konpondu proposatzeko. Akordio horretan xedatutakoa betez osatutako lan-taldeak aurretik egindako negoziaketekin bat etorriz, bi aldeek uste dute desadostasun horiek konponduta geratu direla, kontsiderazio hauek kontuan hartuta:

    1. MBBLren 4. eta 12. artikuluetan jasotako erregulazioa azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 5. artikuluaren testuinguruan ulertu behar da (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena). Horren haritik, konferentzia sektorialetako lankidetza gauzatuko da konferentzia sektorial bakoitzaren erakundetze-akordioan eta barne-araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

    2. MBBLren 17. artikuluko 1. paragrafoak baimenak eskuratu beharra baino ez du arautzen, eta horrela interpretatu behar da. Hala, erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko jakinarazpenak aurkeztu beharra justifikatzeko, aintzat hartuko dira azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 3.11 artikuluan bildutako interes orokorreko eta ezinbesteko arrazoiak, MBBLren 17. artikuluko 2. paragrafotik 4.era bitartean ezarritakoarekin bat etorriz (17/2009 Legea, Zerbitzu-jardueretara oztoporik gabe iristeari eta zerbitzuetan oztoporik gabe jarduteari buruzkoa).

    3. MBBLren 19.3 artikuluan, honako hau jasotzen da: «azken horiek erabat baliozkoak direla onartuko dute agintari hartzaileek». Tarteki horrek esan nahi du agintari hartzaileek erabat baliozkotzat joko dituztela jatorrizko agintariek jarduera ekonomiko bati ekiteko eskatzen dituzten baldintzak, kualifikazioa, aurretiazko kontrolak edo bermeak. Nolanahi ere, onarpen horrek ez du eraginik izango agintari hartzaileek euren lurraldean ezarria duten jarduera-erregimenaren gainean. Halaber, jatorrizko agintariek ezarritako jarduera-erregimenak erabat baliozkotzat jotzeak ez du eragotziko Zuzenbidearekin bat datozen aurkaratze-bide guztiak erabiltzea.

    4. Agintari eskudunek operadore ekonomikoen eskubide eta interesen alde egiteko prozedura, MBBLren 26. artikuluan aurreikusitakoa, kasuan kasuko agintari eskudunak ebatziko du, artikulu horren 5. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz. Agintari horrek hartutako ebazpenaren berri eman ahal izango dio interesdunari, baina hori ez da eragozpena izango Merkatu Batasunaren Kontseiluko Idazkaritzak ebazpen hori jakinarazteko, ebazpena jaso eta hurrengo egun baliodunean; MBBLren 26. artikuluko 8. eta 9. paragrafoetan aipatzen diren epeak Merkatu Batasunaren Kontseiluko Idazkaritzak jakinarazpena egiten duen egunetik hasiko dira.

    5. Sektore Publikoko Kontratazio Plataforman argitaratu arren (MBBLren hirugarren xedapen gehigarrian aipatzen da argitaratze hori), lizitazio-deialdiak eta haien emaitzek ondorioak izango dituzte dagozkien aldizkari ofizialetan argitaratzen diren egunetik aurrera. Alde horretatik, bi administrazioek mekanismo bat adostu dezakete, deialdiak eta emaitzak Plataforman aldi berean argitaratzea bermatuko duena.

  2. Akordio hau Konstituzio Auzitegiari jakinarazten zaio, Konstituzio Auzitegiari buruzko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 33.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Akordioa, halaber, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

    Madril, 2014ko ekainaren 27a.

    Ogasun eta Herri Administrazioetarako ministroa,

    CRISTÓBAL MONTORO ROMERO.

    Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

    JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.