Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2008ko uztailaren 7koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Oinarrizko Hezkuntzan ikasleen ebaluazioa arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 144
  • Hurrenkera-zk.: 4531
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/07/07
  • Argitaratze-data: 2008/07/30

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Urriaren 16ko 175/2007 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzen duenak, V. kapituluan jaso ditu ikasleen ebaluazioan, hurrengo mailara igarotzerako eta titulazioan aintzat hartu beharreko printzipioak, eta 33.5 artikuluan xedatzen du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak erabakiko duela zein prozedura-arau bete beharko diren alor horretan.

Agindu honek Oinarrizko Hezkuntzako ikasleen ebaluazioari eta hurrengo mailara igarotzeari buruzko zenbait alderdi arautzen ditu, 175/2007 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz eta ekainaren 19ko ECI/1845/2007 Agindua, 2/2006 Lege Organikoak araututako Oinarrizko Hezkuntzako ebaluazio-dokumentu oinarrizkoen osagaiak ezarri dituena, zein ikasleen mugikortasuna bermatze aldera beharrezkoak diren betekizun formalak, ebaluazio-prozesutik eratorriak, aintzat hartuz.

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegorako Oinarrizko Hezkuntzari buruzko ebaluazio-arauak garatzen ditu, ebaluazio-prozesuaren koherentzia bermatzen du eta prozesu horri begira beharrezkoak diren dokumentu eta txostenak ezartzen ditu; Oinarrizko Hezkuntzan Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza sartzen dira.

Aurreko guztiari jarraiki,

Agindu hau Oinarrizko Hezkuntzako ikasketak ematen diren Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko eta pribatuetan izango da aplikagarri.

Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazio-prozesua, oinarrizko gaitasunen jabekuntzaren ebaluazioa, helburuen lorpena eta ebaluazio-irizpideen aplikazioa urriaren 16ko 175/2007 Dekretuak, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma ezartzen duena, V. kapituluan xedatutakoari lotuko zaie.

  1. – Ikasleen ebaluazio-prozesuari buruzko emaitzak eta oharrak eranskinetan xedatzen diren dokumentuetan jasoko dira, Agindu honetan araututakoaren arabera.

  2. – Lehen Hezkuntzan, ebaluazioaren emaitzak honela adieraziko dira: Gutxiegi (GU), Nahikoa (NA), Ongi (O), Oso Ongi (OO) eta Bikain (BI); Gutxiegi kalifikazioa negatiboa izango da, eta gainerakoak positiboak.

  3. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ebaluazioaren emaitzak honela adieraziko dira: Gutxiegi (GU), Nahikoa (NA), Ongi (O), Oso Ongi (OO) eta Bikain (BI); Gutxiegi kalifikazioa negatiboa izango da, eta gainerakoak positiboak. Kalifikazioak zenbakien bidez emango dira, hamartarrik gabe eta batetik hamarrerako eskalan; kasu honetan, korrespondentzia hauek baliatuko dira:

    Gutxiegi: 1, 2, 3 edo 4.

    Nahikoa: 5.

    Ongi: 6.

    Oso Ongi: 7 edo 8.

    Bikain: 9 edo 10.

    Aparteko probaren deialdian, ikaslea proba horretara bertaratzen ez bada, gorabehera hori Ez Aurkeztua (EA) gisa jasoko da.

  1. – Ebaluazio-aktak Lehen Hezkuntzako zikloetako bigarren maila guztietan erabiliko dira. Akta horietan, taldea osatzen duten ikasleen izen-abizenen zerrenda, alfabeto-hurrenkeran, eta ebaluazioaren emaitzak jasoko dira. Ikastaldiaren amaieran itxiko dira.

  2. – Ebaluazio-aktetan zikloaren arloetako ebaluazioaren emaitzak adieraziko dira, agindu honen hirugarren artikuluak ezarritako moduan.

  3. – Ebaluazio-aktetan, halaber, ikaslea hurrengo ziklora igarotzeko edo beste urtebetez bertan egoteko erabakia jasoko da, etapa honetan gorabehera hori arautzen duten arauekin bat etorriz.

  4. – Oinarrizko Hezkuntzako hirugarren zikloaren ebaluazio-aktetan berariaz jaso beharko da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igarotzeko erabakia etapa horretara heltzeko baldintzak bete dituzten ikasleen kasuan, agindu honen 20.2 artikuluan xedatzen den moduan.

  5. – Ebaluazio-aktetan berariaz jaso beharko da, halakorik behar duten arloetarako, hezkuntza indartzeko edo curriculuma modu nabarmenean egokitzeko neurriak hartu ote diren. Gorabehera hori Hezkuntza Indartzea (HI) edo Curriculuma Norbanakoari Egokitzea (CNE) terminoez adieraziko da.

  6. – Aurreko zikloetako arloak gainditzean, gorabehera hori akta osagarrietan jasoko da. Emaitzak Ikasketa Espedientean eta Ikasketa Historialean jasoko dira.

  7. – Ebaluazio-aktak taldearen tutoreak sinatuko ditu, eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia berariaz jasoko da. Ikastetxeen ardura da aktak zaindu eta artxibatzea eta, halakorik bada, haien zentralizazio elektronikoa horretarako xedatzen den prozedurari jarraiki egingo da, betiere ikastetxe horien berezko eskumenak ordezkatu gabe.

  8. – Ebaluazio-akten edukia agindu honen I. eranskinean ageri den ereduari lotuko zaio.

  1. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ebaluazio-aktek taldea osatzen duten ikasleen izen-abizenen zerrenda, alfabeto-hurrenkeran, eta ebaluazioaren emaitzak jasoko dituzte. Ikastaldi arruntaren bukaeran eta aparteko probaren ondoren itxiko dira.

  2. – Ebaluazio-aktetan berariaz jaso beharko da, halakorik behar duten arloetarako, curriculuma modu esanguratsuan egokitzeko neurriak hartu ote diren. Ikasgai hori CNE bidez ematen dela adierazten duen izartxo batez seinalatuko da gorabehera hori.

  3. – Ikastaldi arruntaren eta aparteko probaren bukaeran, gainditu gabeko ikasgaien ebaluazio-aktak egingo dira maila bakoitzeko.

  4. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailan eta Curriculum Desberdineko Programak amaitzean, edo halakoetan Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programen borondatezko moduluen bukaeran, titulu hori lortze aldera ezarritako betekizunak konplitzen dituzten ikasleei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua emateko proposamena jasoko dute ebaluazio-aktek.

  5. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ebaluazio-aktak taldearen tutoreak eta irakasle guztiek sinatuko dituzte. Era berean, ikastetxeko zuzendariaren oniritzia jasoko da akta horietan.

  6. – Ikastetxeen ardura da aktak zaindu eta artxibatzea eta, halakorik bada, haien zentralizazio elektronikoa horretarako xedatzen den prozedurari jarraiki egingo da, betiere ikastetxe horien berezko eskumenak ordezkatu gabe.

  7. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ebaluazio-akten edukia Agindu honen II. eranskinean ageri den ereduari lotuko zaio.

  1. – Ikasleen Ikasketa Espedienteak ikastetxearen eta ikaslearen identifikazio-datuak eta ebaluazio-prozesuari buruzko informazioa jaso beharko ditu.

  2. – Ikasketa Espedientean honakoak jasoko dira: ebaluazioaren emaitzak, hurrengo mailara igarotzeko proposamenak, titulazioa eta, halakorik bada, aniztasuna kudeatzeko edo hezkuntza indartzeko hartu diren neurriak, curriculumaren egokitzapen esanguratsuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua ematea, Eskola Ziurtagiria, Ikasketa Ziurtagiria, Hezkuntza Administrazioak emana, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programa batean gainditutako derrigorrezko moduluak, eta Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Ikasketa Historiala.

  3. – Ikastetxeen ardura da aktak zaindu eta artxibatzea eta, halakorik bada, haien zentralizazio elektronikoa horretarako xedatzen den prozedurari jarraiki egingo da, beti ere ikastetxe horien berezko eskumenak ordezkatu gabe.

  4. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen Ikasketa Espedientearen edukia agindu honen III. eranskinean ageri den ereduari lotuko zaio. IV. eranskinean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen Ikasketa Espedientea ageri da.

  1. – Lehen Hezkuntzako Ikasketa Historia ebaluazioaren emaitzak eta ikasleak etapan zehar egindako aurrerabideari buruzko erabakiak jasotzen dituen dokumentu ofiziala da, eta burututako ikasketen egiaztagiria da. Haren zaintza ikaslea dagoen ikastetxeari dagokio.

  2. – Etapa amaitzean, Lehen Hezkuntzako Ikasketa Historia ikaslearen gurasoei edo tutoreei emango zaie, eta haren kopia bat Bigarren Hezkuntzako ikastetxera igorriko da, hark hala eskatuta, agindu honen 14. artikuluak aipatzen duen txosten indibidualarekin batera. Horiek guztiak dagokion Ikasketa Espedientean jasoko dira.

  3. – Lehen Hezkuntzako Ikasketa Historian honakoak jasoko dira: ikaslearen identifikazio-datuak, ikasturte bakoitzean eman dituen arloak eta ziklo bakoitzean lortutako ebaluazioaren emaitzak, hurrengo ziklora igarotzeari buruzko erabakiak eta horien data, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igarotzeko erabakiaren data eta ikastetxe-aldaketei buruzko informazioa. Era berean, curriculuma norbanakoari egokituta eman diren arloak ere adierazi beharko dira.

  4. – Lehen Hezkuntzako Ikasketa Historian, dagokion curriculum ofiziala ezartzen duen arauaren erreferentzia nahiz ikastetxeko zuzendariaren oniritzia, datuen egiazkotasuna eta zaintza bermatuko dituena, jasoko dira.

  5. – Hezkuntzako Ikuskatzailetzak gainbegiratuko du Lehen Hezkuntzako Ikasketa Historiaren betekizuna eta zaintza.

  6. – Haren edukia agindu honen V. eranskinean ageri den ereduari lotuko zaio.

  1. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Ikasketa Historia ebaluazioaren emaitzak eta ikasleak etapan zehar egindako aurrerabideari buruzko erabakiak jasotzen dituen dokumentu ofiziala da, eta burututako ikasketen egiaztagiria da.

  2. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Ikasketa Historia derrigorrezko ikastaldia amaitzean emango zaie ikasleei eta, edozein kasutan, Oinarrizko Hezkuntzan eskolaldi arrunta bukatzean. Gorabehera hori dagokion Ikasketa Espedientean jasoko da.

  3. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Ikasketa Historian, dagokion curriculuma ezartzen duen arauaren erreferentzia jasoko da.

    Orobat jasoko ditu ikaslearen identifikazio-datuak, ikasturte bakoitzean eman dituen ikasgai edo arloak eta lortutako ebaluazioaren emaitzak deialdi zehatza (arrunta edo apartekoa) adieraziz, hurrengo mailara igarotzeari buruzko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-tituluari buruzko erabakiak eta horien datak, eta, azkenik, ikastetxe-aldaketei buruzko informazioa.

    Era berean, curriculuma norbanakoari egokituta eman diren ikasgaiak ere adierazi beharko dira eta, Curriculum Desberdineko Programa batean zein Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programa batean eskolatutako ikasleen kasuan, programa osatzen duten arlo edo moduluei buruzko informazioa jaso beharko da.

  4. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Ikasketa Historian ikastetxeko zuzendariaren oniritzia, datuen egiazkotasuna eta zaintza bermatuko dituena, jasoko da.

  5. – Hezkuntzako Ikuskatzailetzak gainbegiratuko du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Ikasketa Historiaren betekizuna eta zaintza.

  6. – Haren edukia eta ezaugarriak Agindu honen VI. eranskinean ageri den ereduari lotuko zaizkio.

  1. – Lehen Hezkuntzan zikloa edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasturtea amaitu gabe beste ikastetxe batera aldatzen direnen ikaskuntza-prozesuaren jarraipena bermatze aldera, txosten pertsonal bat onduko da, dagokion curriculuma ezartzen duen arauaren erreferentzia jasoko duena, elementu hauekin batera:

    1. Ebaluazioko emaitza partzialak, denbora-tarte horretan eman baziren.

    2. Halakorik izan bada, heziketa indartzeko eta laguntzeko neurri osagarriak nahiz egindako curriculum-egokitzapenak.

    3. Ikaslearen aurrerabide orokorrari buruz egokitzat jotzen diren oharrak.

      Ikaslea zentroz aldatzeagatik egin beharreko txosten pertsonala tutoreak landu eta sinatuko du, zuzendariaren oniritziarekin; horretarako, arlo, ikasgai edo esparru desberdinetako maisu eta irakasleek eskainitako datuak hartuko dira abiapuntu gisa.

  1. – Ikasle bat beste eskola batera doanean ikasketekin jarraitzeko, jatorriko zentroak Ikasketa Historiala bidaliko dio, ahalik eta azkarren, helburukoari, honek hala eskatuta, bertan diren datuak zentroan gordeta dagoen Ikasketa Espedientearekin bat datozela egiaztatuta, eta baita lekualdaketa dela-eta egin beharreko txosten pertsonala ere, ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasturtea eta Lehen Hezkuntzan zikloa bukatu ez badu. Ikasturtea edo zikloa amaitu bada, azken ebaluazioko txostena bidaliko da.

  2. – Lekuz aldatzen den ikasleak zentro berrian behin-behinekoan izena eman ahal izateko, lekualdaketarako egiaztagiria exijituko dute zentro guztiek; egiaztagiri hori ikasleak jatorri duen zentroak eman beharko du. Lekualdaketa-egiaztagiri hori gabe, ezingo da behin-behineko izen-ematerik egin. Egiaztagiriak ikaslearen egoera akademikoaren isla zehatza izan beharko du.

  3. – Behin Ikasketa Historiala behar bezala beterik jaso ondoren, matrikulazioa behin betikoa izango da. Harrerako ikastetxea arduratuko da hura gordailatzeaz eta dagokion Ikasketa Espedientea irekiko du, jasotako informazio guztia bertara ekarriz eta ikaslea txertatuko den taldeko tutorearen eskura jarriz.

  4. – Lehen Hezkuntzarako lekualdaketa-egiaztagiriaren eredua VII. eranskinean ageri da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lekualdaketa-egiaztagiriaren eredua VIII. eranskinean ageri da.

  1. – Lehen Hezkuntzaren hasieran, ikasle-taldeen tutoreek haien hasierako ebaluazioa egingo dute.

  2. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren hasieran, irakasleek ikasleen hasierako ebaluazioa egingo dute, oinarrizko gaitasunetan lortu duten garapen-maila eta ikasgaietako edukien jabekuntza-maila ezagutze aldera. Ebaluazio hori egiteko, 14. artikuluak hizpide duen txosten indibiduala hartuko da aintzat.

    Era berean, atzerriko beste hezkuntza-sistema batzuetatik helduta Oinarrizko Hezkuntzako edozein maila edo ziklotan txertatzen diren ikasleen hasierako ebaluazioa egingo da.

  3. – Lehen Hezkuntzan, ikasleen gaitasunen ebaluazioa banakatua, jarraitua eta orokorra izango da, eta ikasleak curriculumeko arlo guztietan egindako aurrerabideari erreparatuko dio, oinarrizko gaitasunak kontuan hartuta.

  4. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikasleen ebaluazioa banakatua, jarraitua eta curriculumeko irakasgai, arlo eta moduluetan bereizia izango da, oinarrizko gaitasunak aintzat hartuta. Ebaluazio jarraituko prozesu horretan, ikasgai, arlo edo moduluren bati dagozkion gaitasunak eskuratu gabe geratu diren ikasleek aparteko proba bat egiteko aukera izango dute, ikasturte bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen.

  5. – Oinarrizko Hezkuntzan, curriculumean ziklo eta maila bakoitzeko arlo eta ikasgaietarako ezarritako ebaluazio-irizpideak, ikastetxearen curriculum-proiektuan eta programazio didaktikoetan zehaztuak izango dira ebaluazioaren erreferentzia nagusiak.

    Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak ebaluatzean, jarduketa-planek arlo edo ikasgai bakoitzean finkatutako oinarrizko gaitasunei buruz ezarritako ebaluazio-irizpideak erabiliko dira.

  6. – Ebaluazio jarraituko prozesuan, ikasleren batenaurrerabidea ez bada behar bezalakoa, hezkuntza indartzeko neurriak ezarriko dira. Zikloko edo ikasturteko edozein unetan har daitezke neurri horiek, ikasteko zailtasunak hauteman bezain laster. Hala, neurri horiek helburu garbia dute: ikasleek, heziketa-prozesuan aurrera egiteko, ezinbesteko ikasketak eskuratuko dituztela bermatzea.

  7. – Ikasleen ikaskuntzaz gain, irakaskuntza-prozesua eta beraiek egindako lana ebaluatuko dute irakasleek, curriculumak araututako oinarrizko gaitasunak eskuratu diren ala ez aztertzeko. Ikasturte bakoitzaren amaieran gutxienez, irakasle-taldeak ebaluazio orokorreko emaitzak bilduko ditu, eta prozesua bideratzeko aldaketak proposatuko ditu edo xede horretarako erabakiak hartuko.

  1. – Ebaluazio-saioak dira ikasle-talde bakoitzaren irakasle-multzoak egiten dituen bilerak, ikasleen irakasle edo tutoreak koordinaturik eta, halakorik denean, ikastetxeko orientazio-zerbitzuaren aholkupean; bileren xedea da ikasleen ikaskuntza baloratzea, horretarako oinarrizko gaitasunak eskuratu eta curriculumaren hezkuntza-helburuak lortzea, familiek emandako informazioa eta irakaskuntza-jardueraren garapena aintzat hartuz, eta ikaskuntza hobetzeko neurriak hartzea.

    Ebaluazio-saioen uneren batean, taldea ordezkatzen duten ikasleak bertan egon litezke, taldean eragina duten auziei buruz jarduteko.

  2. – Ikasle-talde bakoitzaren gainean hiru ebaluazio-saio egingo dira ikastaldian zehar, baina ikastetxeetako hezkuntza-proiektuek saio gehiago ezarri ahal izango dituzte. Azken saioa ikasturteko azken ebaluazio arruntarekin batera egin ahal izango da.

  3. – Ebaluazio-saio bakoitzean, ikasgai bakoitzaren hasierako kalifikazioa hura irakatsi duenaren eskumen eta ardurakoa izango da, eta irakasle-taldeak batera jardungo du prozesu horren ondorioz erabaki orokorrak hartzeko orduan; aipaturiko prozesua ikasleen irakasle edo tutoreak koordinatzen du, halakorik denean ikastetxeko orientazio-zerbitzuaren aholkupean. Erabakiak aho batez onartuko dira, eta, erabateko adostasunik ezean, irakasle-taldearen bi herenen akordioz.

  4. – Ebaluazio-saioetan, ebaluazio-aktak osatuko dira ikasle bakoitzari arlo, ikasgai eta esparruetan emandako kalifikazioekin eta, ikasle bakoitzari zein haren familiari garatutako ikaskuntza-prozesuari eta egindako jarduerei buruz nahiz ikaslearen ikaskuntza indartzeko edo hari laguntzeko jaso dituen neurriei buruz helarazi behar zaien informazioa adostuko da. Era berean, antzeman diren zailtasunei erreparatuz ikasleak zein alderditan hobera egin duen eta non hobetu behar duen aztertuko da, eta zailtasun horiek gainditzeko behar dituen errekuperazio-jarduerak eztabaidatuko dira.

  5. – Talde bakoitzaren irakasle-tutoreak saioen garapenaren akta egingo du, eta bertan jasoko dira taldearen ezaugarri orokorrak, egoki diren alderdi pedagogikoei buruzko balorazioak eta oro har taldeari buruz nahiz indibidualki ikasleei buruz hartutako erabakiak.

  6. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila bakoitzean, aparteko ebaluazio-saio bat egingo da azken ebaluazio arruntean ikasgai, esparru edo modulu guztiak gainditu ez dituzten ikasleentzat. Halaber, ikasleak hurrengo mailara igarotzeari buruzko erabakia hartuko da, hala dagokionean irakasleek hurrengo ikasturtean ezarri beharko dituzten indartze-neurriak adieraziz, ikasleak bere ikaskuntza-prozesuan aurrera egin ahal izan dezan.

  1. – Tutoreak, ikaslearen gainerako maisuek emandako informazioarekin, txosten indibidual bat egingo du Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitza amaitzean; txosten horretan, ikaslearen ikaskuntza- eta gizarteratze-prozesuaren alderdi esanguratsuenak jasoko dira, eta baita heziketa indartzeko edo curriculuma norbanakoari egokitzeko neurriak -aplikatu balira- zein tutorearen iritziz interesa duen beste edozein alderdi.

    Aipaturiko txostenaren eredua ikastetxe bakoitzak xedatuko du. Ziklo bakoitza bukatzean, txosten horiek hurrengo zikloko tutorearen eskura egongo dira.

  2. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasturte bakoitza, Curriculum Desberdineko Programako ikasturte bakoitza eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programen borondatezko moduluak bukatzean, irakasle-taldeak azken ebaluazio arrunt eta apartekoak aztertzeko saioetan hartutako erabakien arabera, irakasle-tutoreak ikasle bakoitzaren azken ebaluazioko txosten bat egingo du; txosten horretan, ikasleak egin dituen ikasgai eta arloetan helburuen betetze-maila, ikasturte horretarako oinarrizko gaitasunen jabekuntza-maila eta hurrengo mailara igarotzeko edo, halakorik bada, titulua emateko erabakia jasoko dira.

  3. – Ikastetxe bakoitzak ezarritako ereduari jarraiki egingo du tutoreak txosten hori, gainerako irakasleengandik bildutako informazioarekin eta, halakorik bada, orientazio-departamenduaren laguntzaz. Ikasleren batek finkatu diren helburuak lortu ez baditu, tutoreak txostenean zehaztu beharko ditu ikasleak helburu horiek lor ditzan hartuko diren hezkuntza-neurri guztiak. Era berean, ikaslearen aurrerabide orokorrari buruz egokitzat jotzen diren ohar guztiak jasoko ditu.

  4. – Zikloaren edo ikasturtearen azken ebaluazioko txostenak irakasleek hurrengo ikasturtean egin beharreko lana gidatuko du, ikasle bakoitzaren ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuak behar duen jarraikortasuna bermatzeko.

  1. – Ikasleen prestakuntza-prozesuaren jarraikortasuna bermatze aldera, etapa amaitzean ikasle bakoitzak bere ikaskuntzari, lortu dituen helburuei eta eskuratu dituen oinarrizko gaitasunei buruzko txosten bat izango du.

  2. – Txosten hori etaparen azken mailako tutoreak egingo du.

  3. – Txostena Lehen Hezkuntzaren Ikasketa Historialari erantsiko zaio, Lehen Hezkuntzatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako jauzian ikasleen prestakuntza-prozesua jarraitua izango dela bermatzeko.

  4. – Bigarren Hezkuntzarekiko koordinazio-mekanismoak ezartzean, informazio horren isilpekotasuna bermatuko da.

  1. – Ebaluazio jarraitua ikasleen eskola-errendimendua ebaluatzean objektibotasuna errazten duen tresna bat da. Alde horretatik, bereziki garrantzitsuak dira taldeko irakasle guztien partaidetza eta, halakorik bada, orientazio-departamentuaren lankidetza. Ikasleen ebaluazio jarraituko prozesuan, beharrezkoa da ikasleak eskoletara eta dauden etapako ikasketa-plana osatzen duten ikasgaietan programatutako jardueretara erregulartasunez agertzea.

  2. – Ikasleek beren eskola-errendimendua objektibotasun osoz baloratua izateko duten eskubidea bermatze aldera, ikaskuntzak ebaluatzeko, hurrengo mailara igarotzeko edo titulaziorako baliatzen diren irizpide orokorrak ezagutzera eman beharko dira. Ikastetxe pribatuetako departamentu didaktikoek edota irakasle-taldeek ikastaldiaren hasieran jakinaraziko dituzte arlo eta ikasgai bakoitza gainditzeko eskuratu behar diren gutxieneko edukiak, aurreikusitako errekuperazio- eta laguntza-prozedurak eta ebaluazio-prozedurak eta -irizpideak.

  3. – Ikastetxeek jakitera eman beharko dute ikasleek eta haien guraso zein legezko tutoreek irakasleei ikaskuntza-prozesuari buruz jasotzen dituzten informazioen gaineko argibideak eskatzeko prozedura, eta kalifikazioei buruzko erreklamazioak ere egin ahal izango dituzte.

  1. – Ikasleek eta, bestela, haien guraso eta legezko ordezkariek errendimenduaren ebaluazioan eragina izango duten lan, proba eta ariketa guztiak gainbegiratu ahal izango dituzte, eta hala eskatuz gero horien kopia bat ere eskuratu ahal izango dute, behin zuzenduak izan ondoren.

    Zuzenketa ez da kalifikazio kualitatibo edo kuantitatibo hutsa izango; horrez gain, ikasleak egindako akatsak edo hutsegiteak zein kalifikazioaren azalpen arrazoitua ere jaso beharko ditu.

  2. – Bestalde, alegazioak aurkeztu eta kalifikazioen berrikuspena eskatu ahal izango dute. Prozedura ikastetxeek ezarriko dute, berrikuspenak egiteko epeak eta baldintzak adieraziz, eta aintzat hartuz irakasleentzat lotesleak direla, curriculum ofizialaz gain, Ikastetxearen Curriculum Proiektua, ikasgela-programazioak eta jakitera emandako kalifikazio-irizpideak.

  1. – Behin erreklamazioak ikastetxean ebatzita, ikasleek, haien guraso edo legezko tutoreek eta irakasleek, ados ez badaude, erreklamazio idatzia aurkeztu ahal izango dute Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan, 7 egun naturaleko epean. Erreklamazio-idazkia ikastetxeko zuzendaritzaren bitartez aurkeztuko da.

  2. – Zuzendariak, 7 egun naturaleko epean, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzara bidaliko du erreklamazio-idazkia, agiri hauekin batera: erreklamaziogileak eskaini duen dokumentazioa, erreklamazioa eragin duten ariketa originalak, eta programazioa, eskatutako maila eta ebaluazio-irizpideak jasoko dituen departamentuaren dokumentazioa, ikastetxean garatutako erreklamazio-prozesuan sortu den dokumentazio guztiaz gain.

  3. – Hezkuntzako Ikuskatzailetzaren txostena aztertu ondoren, Lurralde Ordezkaritzak ebazpena emango du, zazpi egun natural baino gehiago luzatuko ez den epean. Txostena taxutzeko orduan, Hezkuntzako Ikuskatzailetzak kontuan izango ditu Agindu hau, Ikastetxearen Curriculum Proiektua, dagokion arlo edo ikasgaiaren programazioa, jakitera eman diren eskuratu beharreko gutxieneko edukiak eta kalifikazio-irizpideak, ikaslearen ariketak, lanak, probak eta azterketak eta, beharrezkoa izanez gero, ikasle erreklamaziogileak eskatzen duen kalifikazio bera duten beste ikasle batzuenak.

    Txosten horretan, proba eta ariketa berriak egitea eta ikastetxeak argitara emandako kalifikazio-irizpideetan aurreikusitakoari lotzen ez zaizkion kalifikazioak aldatzea proposatu ahal izango du.

  4. – Lurralde Ordezkaritzak ikastetxeko zuzendariaren bitartez jakinaraziko die ebazpena bai ikasleari bai kalifikazioaren erreklamazioa egin den arloko irakasleari zein taldeko irakasle-multzoari, 7 zazpi egun natural baino gehiago luzatuko ez den epean, Ikuskatzailetzaren txostena jasotzen denetik kontatzen hasita.

  1. – Ikasturte osoan zehar probak, lanak eta ariketak ikuskatzea posible izan dadin, irakasleek ikastetxean gorde beharko dituzte eskolaldi osoan eta gutxienez erreklamazio-epea amaitu eta beste hiru hilabetez, behin ikasturteko azken ebaluazioa burutu ondoren.

  2. – Epe hori igarota, suntsitu edo ikasleei eman ahal izango zaizkie, beti ere sor litekeen erreklamazio baten ebazpenerako aintzat hartu behar ez badira.

  3. – Edonola ere, erreklamazio baten ebazpenerako aintzat hartu behar diren ariketak edo dokumentuak gorde egin beharko dira horiek oinarri harturik ebazpen administratibo bat edo akzio judizial bat egitea posible den bitartean.

Tutoreen eginkizuna da haien ikasleen guraso edo legezko tutoreei seme-alaben hezkuntza-prozesuari buruz aldian-aldian informazioa ematea. Informazioa idatziz emango da, gutxienez hiru hilean behin, eta ikasleak arlo edo ikasgai batean lortutako kalifikazioak nahiz garrantzitsua irizten zaion informazio oro jasoko ditu. Horretarako, ikastetxeek komunikazio-ereduak taxutuko dituzte, Ikastetxearen Curriculum Proiektuan ezarritakoari jarraiki.

Ikasturte bakoitzaren amaieran, ikasturteko azken ebaluazioko txosten indibidualaren kopia bat emango zaio familiari.

  1. – Lehen Hezkuntzako ziklo bakoitza amaitzean eta ebaluazio-prozesuaren emaitzari erreparatuta, irakasle-taldeak ikasleak hurrengo ziklora igaroko diren ala ez erabakiko du; erabaki hori hartzeko, tutoreak emandako informazioari eta hark adierazitako iritziari erreparatuko zaie bereziki.

    Ikasleak hurrengo hezkuntza-ziklora igaroko dira irizten bazaio oinarrizko gaitasunen jabekuntzan behar bezalako aurrerabidea egin dutela. Hurrengo ziklora igaroko dira, halaber, ikasi ez dituztenak gorabehera, horrek ez badu eragozten hurrengo zikloari behar bezalako probetxua ateratzea. Halakorik gertatzen bada, laguntza emango zaio ikasleari, aurreko hezkuntza-etapan ikasi gabekoak ikas ditzan.

    Aurreko atalean adierazitako baldintzak betetzen ez badira, beste urtebete eman beharko du ikasleak ziklo berean. Neurri hori behin baino ez da hartuko Lehen Hezkuntza osoan, eta horrelakoetan oinarrizko gaitasunak indartzeko edo berreskuratzeko berariazko plan bat taxutuko da.

    Ebaluazio-taldean erabateko adostasunik ez badago, ikasleak ziklo berean beste urtebete emateko erabakia ikasle horren irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan esku hartu duen irakasle-taldeko gutxienez bi herenen adostasunez hartuko da. Edonola ere, ikasle bat hurrengo ziklora ez igarotzeko eta zikloan beste urtebetez egoteko erabakia hartu aurretik, tutoreak ikaslearen guraso edo legezko tutoreei entzungo die, eta ikasleak zer-nolako zailtasunak dituen eta horiek gainditzeko proposatzen diren neurri osagarriak jakinaraziko dizkie.

  2. – Ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igaroko dira irizten bazaio oinarrizko gaitasunen jabekuntzan behar bezalako aurrerabidea egin dutela. Hurrengo ziklora igaroko dira, halaber, ikasi ez dituztenak gorabehera, horrek ez badu eragozten hurrengo zikloari behar bezalako probetxua ateratzea. Halakorik gertatzen bada, laguntza emango zaio ikasleari, aurreko hezkuntza-etapan ikasi gabekoak ikas ditzan.

    Aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen ez badira, ikasleak ezingo dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igaro; hala ere, Lehen Hezkuntzan behar baino urte bat gehiago eman duten ikasleak igaro ahal izango dira. Azken kasu horretan dauden ikasleak Berariazko Esku-hartze Proiektu batean sartu ahal izango dira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari ekitean.

  3. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila bakoitza amaitu ondoren, ikasleak hurrengo mailara igaroko diren ala ez erabakiko du irakasle-taldeak, ebaluazio-prozesuaren emaitzari erreparatuz. Ikasle-taldeetako irakasle guztiek osatuko dituzte irakasle-taldeak, eta erabakiak irakasle guztien artean hartuko dituzte; koordinazio-lanak irakasle-taldeetako tutoreek egingo dituzte.

    Ikasleak hurrengo mailara igaroko dira ikasitako irakasgaien helburu eta gaitasunak lortu badituzte edo gehienez ere bi irakasgaitan ebaluazio negatiboa izan badute; hiru ikasgaitan edo gehiagotan ebaluazio negatiboa izan badute, aldiz, osorik errepikatu beharko dute dagokion maila. Salbuespen gisa, hiru irakasgaitan ebaluazio negatiboa duen ikasle bat hurrengo mailara igarotzeko erabakia har dezake irakasle-taldeak, beti ere irakasle-taldearen ustez ikasgai horien izaera dela-eta, ikasleak hurrengo ikasturtea arrakastaz egiteko arazorik izango ez badu, errekuperatzeko aukera egokiak baditu eta hurrengo ikasturtera igarotzea ikaslearen bilakaera akademikoaren onerako bada.

  4. – Hurrengo mailara iragotzeari eta titulazioari begira, gainditu gabeko ikasgaiak zenbaterakoan kontuan hartuko dira bai dagokion ikasturteko ikasgaiak bai aurreko ikasturteetakoak. Horri dagokionez, Biologia eta Geologia, batetik, eta Fisika eta Kimika, bestetik, elkarrekin joango dira.

    Ikasgai guztiak gainditu gabe hurrengo ikasturtera igarotzen direnek, ikaskuntza-prozesua indartze aldera irakasle-taldeak ezarriko duen programa egin beharko dute ikasi gabekoa ikasteko, eta programa horri dagokion ebaluazioa gainditu beharko dute.

  5. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, hurrengo mailara igarotzen ez diren ikasleek urtebete gehiago eman beharko dute maila berean, edo hezkuntza-arloko berariazko esku-hartze proiektu batean sartu beharko dute, gainditu gabeko maila Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen maila bada.

    Neurri horiek hartuta, berariazko plan bat egin beharko da ikasle bakoitzarentzat, aurreko ikasturtean hautemandako zailtasunak gainditzera bideratua. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak araututako jarraibideak betez antolatuko dute ikastetxeek plan hori. Ikasleak behin bakarrik errepika dezake du maila bera, eta gehienez birritan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Salbuespen gisa, laugarren maila bigarren aldiz errepikatu ahal izango da, aurrez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan beste mailarik errepikatu ez bada.

  6. – Curriculum Desberdineko Programa amaituta, ikasleren batek ez baditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua eskuratzeko baldintzak bete eta adinari buruzko baldintza orokorrak betetzen baditu, urtebete gehiagoz jarraitu ahal izango du programa horretan.

  7. – Ikasleak bigarren errepikapena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken mailan egin behar badu, urtebetez luzatu ahal izango da urriaren 16ko 175/2007 Dekretuaren 32.3 artikuluak araututako adin-muga; horretarako, baina, irakasle-taldeak iritzi beharko dio ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua eskuratu dezakeela, haren jarrera eta asmoei erreparatuz.

  8. – Maila errepikatu ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak ez baditu betetzen hurrengo mailara igarotzeko baldintzak, irakasle-taldeak, orientazio-taldeak aholkatuta eta familiarekin hitz egin ondoren, dauden aukeren artean erabakia hartuko du, beti ere ikaslearen premiei erreparatuta:

    1. Ikasleak lehen maila egin badu, bigarren mailara igarotzea erabakiko da, heziketa indartzeko neurriak hartuz edo, bestela, hezkuntza-arloko berariazko esku-hartze proiektu batean txertatzea.

    2. Ikasleak bigarren maila egin badu, hauen artean aukeratuko da: hirugarren mailara igarotzea, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programa batera igarotzea, edo bi ikasturteko Curriculum Desberdineko Programa batean sartzea. Azken bi aukeretako bat hautatuz gero, ikasleak 15 urte beteak izan beharko ditu ikasturtea hasten den urte naturalean.

    3. Ikasleak hirugarren maila egin badu, hauen artean aukeratuko da: laugarren mailara igarotzea, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programa batera igarotzea, edo Curriculum Desberdineko Programa batean sartzea.

  9. – Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, haiei dagozkien jarduera-planek curriculuma arlo edo ikasgai batzuetan egokitzen badute, hurrengo mailara igarotzeko irizpideak plan horrek onartutakoak izango dira.

  10. – Gurasoek edo tutoreek parte hartu eta babestu egin behar dute beren seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza-prozesua, jakin behar dute zein erabaki hartu diren ebaluazioaren eta hurrengo mailara igarotzearen inguruan, eta lagundu egin behar dute ikasleek hezkuntzan aurrera egiteko ikastetxeek hartzen dituzten laguntza- edota indartze-neurriak betetzen.

  1. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean oinarrizko gaitasunak eta etapako helburuak lortu dituen ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua jasoko du.

  2. – Halaber, titulu hori lortuko dute ikasturtea amaituta ikasgai batean edo bitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleek, eta, salbuespen gisa, hirutan, baldin eta irakasle-taldeak iritzi badio, ikasgaien izaerari eta horiek etapa osoan duten garrantziari erreparatuta, ikasgai horiek gainditu ez arren ikasle horiek oinarrizko gaitasunak eta etapako helburuak lortuak dituztela.

    Titulua lortu ez duten ikasleek aukera izango dute, hurrengo ikasturtean eta Oinarrizko Hezkuntzako ikasketak bukatu dituzten ikastetxean, gainditu gabeko ikasgaietan aparteko proba bat egiteko.

  3. – Curriculum Desberdineko Programak egiten dituzten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua jasoko dute, baldin eta programako jakintza-arlo eta ikasgai guztiak gainditzen badituzte.

    Halaber, titulu hori lortuko dute ikasturtea amaituta ikasgai batean edo bitan ebaluazio negatiboa jaso duten ikasleek, eta, salbuespen gisa, hirutan, baldin eta irakasle-taldeak iritzi badio ikasle horiek oinarrizko gaitasunak eta etapako helburuak lortuak dituztela.

  4. – Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programa batean parte hartu duten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortuko dute, baldin eta horretarako gainditu behar diren moduluak gainditzen badituzte.

  5. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egin eta graduatu-titulua lortzen ez duten ikasleek eskola-ziurtagiria jasoko dute, IX. eranskinaren arabera, eta bertan eskolan egindako ikasturteak adieraziko dira. Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programa bat egin badute, gainditutako moduluak jasoko dituen ziurtagiri bat jasoko dute.

  6. – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-tituluak Batxilergora, Erdi Mailako Lanbide Heziketara, Arte Plastikoetako eta Diseinuko Erdi Mailako Zikloetara, Erdi Mailako Kirol Irakaskuntzetara eta lan-mundura heltzeko edo sartzeko aukera emango du.

Musika eta Dantzako irakaskuntza profesionalaren eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Musika eta Gorputz Hezkuntzako irakaskuntzen artean ezarritako baliozkotzeak direla medio, edo irailaren 19ko 1467/1997 Errege Dekretuaren arabera goi-mailako kirolari izateak Gorputz Hezkuntzako ikasgaian izan ditzakeen ondorioak direla medio, Musika, Gorputz Hezkuntzako edo hautazko ikasgaiak ikastetik salbuetsitako ikasleen ebaluazio-dokumentuetan, gorabehera hori “Baliozkotua” (BL) esapideaz adieraziko da.

  1. Ikastetxeei dagokie aktak eta Ikasketa Espedienteak modu iraunkorrean zaindu eta artxibatzea.

  2. Ikasle bat beste ikastetxe batera aldatuz gero, Lehen Hezkuntzan zikloko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasturteko azken txostenak hiru urtez gordeko dira.

  3. Ikaslearen eskolaldian zehar, ikastetxe orok dokumentazio hau eduki beharko du:

    • Ikasketa Espedientea.

    • Ikasketa Historiala.

      13. artikulua.– Azken txosten indibiduala, ziklo bakoitzekoa Lehen Hezkuntzan eta ikasturtekoa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

    • Ebaluazio-aktak.

Hezkuntza Ikuskatzailetzari dagokio ebaluazio-prozesuaren garapena aholkatzea eta ikuskatzea nahiz hura hobetzeko neurriak proposatzea. Horretarako, ikastetxeetara egiten dituzten bisitaldietan bertako zuzendaritza-taldearekin, irakasleekin eta ebaluazioaren gainerako arduradunekin bilduko dira ikuskatzaileak, eta arreta osoz saiatuko dira ikasleen ebaluazioaren emaitzak balioesten eta aztertzen zein Agindu honetan xedatutakoa betetzen.

Ikasleen datu pertsonalak lortzeari, horiek ikastetxe batzuek beste batzuei lagatzeari eta datuen segurtasun eta isilpekotasunari dagokienez, datu pertsonalak babesteko indarrean dagoen legerian xedatutakoa, eta batik bat Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa, beteko da.

Oinarrizko Hezkuntzako Eskolatze Liburuak, 2006-2007 ikasturtea amaitu arte indarreko legerian ezarritako balio egiaztatzailea izan dutena, eginbidez itxiko dira, eta gainerako orrialdeak baliogabetuko. Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Ikasketa Historiala irekitzean aurreko oinarrizko irakaskuntzako Eskolatze Liburuari jarraipena ematen zaionean, liburua Ikasketa Historialari gehituko zaio, eta bertan liburu horren saila eta zenbakia jasoko dira.

Gorabehera hori, era berean, dagokion Ikasketa Espedientean jasoko da. Eskolatze Liburua eta Ikasketa Historiala batera zainduko, lekualdatuko eta entregatuko dira.

Dekretu hauek indargabeturik geratuko dira:

Agindua, 1993ko maiatzaren 5ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Lehen Hezkuntzan ebaluaketa araupetzen duena.

Agindua, 1996ko uztailaren 16koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen ebaluazioari buruzkoa.

Agindua, 1999ko ekainaren 25ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen ebaluazio-prozesuan erabili beharreko dokumentuen ereduak argitaratzen dituena.

Indargabetuta geratuko dira, halaber, lerrun bereko edo txikiagoko arauak, Agindu honetan araututakoaren aurka badoaz.

Hezkuntza sailburuordeak behar beste arau eman ahal izango ditu agindu honetan ezarritakoa aplikatzeko.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 7a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.