Arautegia
InprimatuHUTSEN ZUZENKETA, honako lege honena: 5/2012 Legea, otsailaren 23koa, Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Legea
- Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 72
- Hurrenkera-zk.: 1670
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2012/02/23
- Argitaratze-data: 2012/04/12
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Gizarte gaiak eta emplegua
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Ekonomia; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari buruzko abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren 18.2.b) artikuluak xedatzen duenez, aldizkariaren argitalpena prestatzerakoan egiten diren hutsak, baldin eta dokumentuaren edukia aldatzen badute edo zalantzak sortzen badituzte, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak zuzenduko ditu, ofizioz nahiz organo edo entitate interesdunak eskatuta.
Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeen otsailaren 23ko 5/2012 Legea argitaratu zen 2012ko martxoaren 6ko EHAAn (47. zenbakia). Goiko paragrafoan adierazitako moduko hutsak atzeman direnez lege horretan, zuzendu egiten dira jarraian.
Osorik argitaratzen da otsailaren 23ko 5/2012 Legeko zioen azalpena:
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.23 artikuluak Autonomia Erkidegoari esleitzen dio Gizarte Segurantzaz kanpoko mutualitateen arloko eskumen esklusiboa, betiere, estatu sozialaren barruan justizia soziala bultzatuz gizarte-kohesioa bilatzen duen printzipio gisa. Era berean, eskumen horrekin batera, aintzakotzat hartu behar da aipatutako Autonomia Estatutuaren 11.2.a) artikuluak Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen diola, betiere hor zehaztutako jarraibideak errespetatuz, aseguru-arloko oinarriak legegintzaz garatzeko eta bere lurraldean betearazteko eskumena ere.
Eskumen esklusibo hori baliatuz, Eusko Legebiltzarrak Gizarte-Emendiotarako Borondatezko Erakundeei buruzko urriaren 27ko 25/1983 Legea onartu zuen; legearen helburua borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen jarduera eta garapen askea bultzatzea zen, eta bazkideen eskubideak babestea; printzipio horiek gorpuztu zuten, beraz, Legea. Lege hori, bere garaian, gaiari buruzko lehenengo autonomia-erregulazioa izan zen, eta baliagarria izan da Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako erakunde ugari sortzeko eta, geroago, erakundeok behar bezalako garapena izateko.
Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak ustekabeko edo aurreikusteko moduko egoera edo gertaerek eragindako pertsonak babesteko sortu ziren, borondatezko gizarte-aurreikuspena gauzatuz irabazi-asmorik gabe eta Gizarte Segurantzaren araubide publikotik kanpo. Erakunde horien ezaugarri nagusiak izan ziren: helburua, batez ere erretiroa eta baliaezintasuna bezalako kontingentzia pertsonalen aurrean babestea; irabazi-asmorik ez izatea; elkartasuna errazten duen kudeatzailea elkarte bat izatea; bazkideek eskubide eta betebehar berberak izatea egindako ekarpenen inguruan, eta sistema autogestionarioa izatea eta, ondorioz, gobernu-organoen osaketa demokratikoa izatea.
Gizartearen, legearen, ekonomiaren eta finantzen ikuspegitik, legeak egoki bete ditu legegileak eskumena garatzeko betekizuna bere gain hartu zuenean zeuzkan asmoak, kontuan izanik, araugintza-espazio horri ez zitzaiola ordura arte behar bezalako arretarik eskaini.
Hala ere, legea onartu zenetik igarotako hogeita zazpitik gora urteetan, hainbat gertaera garrantzitsu izan dira Estatuko eta Europar Batasuneko esparruan, sektorean izandako aldaketa naturalez gain, eta horrek komenigarri egiten du autonomia-erkidegoko legeria sakon erreformatzea.
Ildo horretatik, Europar Batasunak, Europako bilakaera demografikoa ikusirik, behin eta berriz esan du sakondu egin behar dela gizarte-segurantzako sistema publikoen analisian eta sistema osagarriek sistema publiko klasikoak indartzeko bete dezaketen zereginaren azterketan, betiere, sistema publikoei uko egin gabe, belaunaldien arteko elkartasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko ezinbesteko tresna diren aldetik. Era berean, sistema osagarriak garatu eta hazteko gomendio eta sustapena egiten du, batez ere jarduera ekonomikoaren sektore edo enpresen eremuan sortutako eta negoziazio kolektiboak bultzatutako sistema kolektiboak badira.
Araugintzaren esparruan, kontuan hartu beharreko oinarrizko erreferentzia da, Europako esparruan, 2003/41/EE Zuzentaraua, ekainaren 3koa, enpleguko pentsio-funtsen jarduerei eta ikuskapenari buruzkoa, zeinak enpleguko pentsio-funtsen jarduerei atxikitzeko eta horiek gauzatzeko arauak ezartzen baititu, bertako kontsiderazio eta artikuluetan ezarritako moduan. Ildo horretatik, 2003/41/EE Zuzentarauak honela definitzen ditu enpleguko pentsio-funtsak: «kapitalizazio-sistemaren bitartez diharduen edozein instituzio, izaera juridikoa dena dela, baldin eta juridikoki enpresa sustatzailetik edo sektoretik independentea bada eta horren zeregina lan-jarduera baten testuinguruan erretiro-prestazioak ematea bada, honelako akordio edo lan-kontratu batean oinarrituta:
enplegatzailearen edo enplegatzaileen eta enplegatuaren edo enplegatuen edo horien ordezkarien artean banaka edo taldean sinatutako kontratua,
beren konturako langileekin sinatutako kontratua, baldin eta jatorrizko estatu kideko legeriak eta estatu kide hartzailekoak, biek ere, horrela ezartzen badute
eta, betiere, akordioaren jatorria aipatutako lan-harremana bada».
Zuzentarau horren 4. artikuluak, gainera, adierazten du aukeran egongo dela 2003/41/EE Zuzentarauaren artikulu gehienetan xedatutakoa aplikatzea (2003/41/EE Zuzentaraua enpleguko pentsio-funtsei buruzkoa da, eta bizi-aseguruei buruzko 2002/83/EE Zuzentarauan araututako erakundeek erretiro-prestazio okupazionalen inguruan egiten dituzten jarduerez ere ari da). Kasu horretan, jarduera horiei dagozkien aktibo eta pasibo guztiak zehatz mugatuta egongo dira, eta gainerako jardueretatik aparte kudeatu eta antolatuko dira.
Orobat, kontuan hartu behar da pentsio-plan eta -funtsei buruzko legeria agertu dela Estatuan, aseguru pribatuak antolatu eta ikuskatzeko legeriatik bereizita.
Bestalde, «Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Plana Euskadin», Eusko Jaurlaritzak 2006ko urtarrilaren 10ean onartua, erreferente garrantzitsua izan zen erreforma hau prestatzeko orduan; erreformak, hortaz, bi funtsezko oinarri ditu: alde batetik, gizarte-aurreikuspen osagarria ahalik eta gehien egokitzea demografia-, gizarte-, ekonomia- eta finantza-testuinguruaren bilakaeratik eratorritako erronka berriei eta, bestetik, aurreikuspen-sistema kolektiboak bultzatzea, batez ere enplegu-sistemak.
Gainera, ezin ditugu ahaztu Toledoko Itunaren ondorioz sinatutako akordioei egindako aipamenak, enplegu-sistemei buruzko interes bereziagatik, eta Europako Batzordearen Liburu Berdeari egindako aipamenak, Europan pentsio-sistema egoki, iraunkor eta seguruak lortzeari begira.
Orain arteko arau-multzoa aldatu beharraren ondorio da xedapen hau, nahiz eta, esan bezala, arau-multzo horrek egoki bete dituen, luzaroan, legegilearen asmoak zuzenbidearen, gizartearen, ekonomiaren eta finantzen ikuspegitik; izan ere, une hartan, beharrezkoa zen ordura arte arreta nahikorik jaso ez zuen araugintza-espazio bat betetzea, Europan pentsio-sistema osagarriak izenarekin ezagutzen direnak garatzeko.
Lege honek, funtsean, gizarte-aurreikuspen osagarria hedatu nahi du Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren artean, eta, bereziki, sistema kolektiboak eta enplegukoak sustatu nahi ditu. Gainera, araudia argitu eta eguneratu nahi du eta, ildo horretatik, lege-ondare gertukoenak Europakoak eta Estatukoak sortutako kontzeptu eta erregulazioak hartuko ditu barne.
Lege berriaren helburuen artean sartzen dira, halaber, erakundeen kudeaketan gardentasuna, eraginkortasuna, kaudimena, berrikuntza eta profesionaltasuna areagotzea eta botere publikoen zaintza- eta kontrol-mekanismoak indartzea, babestutako kolektiboen interesak zaintzeko.
Oinarrizko gizarte-segurantzaren eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren mugak osatuz joan dira, hori egitea nahitaezkoa baitzen kontuan hartuta bataren eta bestearen proportzioak elkarrekin erlazionatuta daudela zuzenean; gaur egun, hortaz, bakoitzaren esparruak askoz zehatzagoak dira, Administrazioak bere lege-aurreikuspenak betetzearren egindako lanari esker, zalantzarik gabe.
Bestalde, subjektu kudeatzailearen arabera gizarte-aurreikuspenaren esparru osagarri desberdinetarako ager zitezkeen figurak, salbuespenak salbuespen, erabili ez izanak pentsaraz zezakeen borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko autonomia-erkidegoko araudiak oihartzun eskasa izango zuela gizartean eta ez zela errealitate bihurtuko esparru juridikoan; hori ez zen, ordea, horrela gertatu, izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko legeria agertu zenean, aurreikuspen-mota hori modu egokian hedatu zen eta, horren erakusgarri gisa, biderkatu egin dira, eraginkortasunak eta objektibitateak eskatzen dituzten mugen barruan, bai lan horretan jardun duten erakundeen kopurua, bai horietako bazkide eta onuradun izan diren pertsonen kopurua.
Gauzen izaerak berak ekarri zuen berekin Gizarte Segurantzaren eremu osagarria lan-harreman kolektiboen esparruan negoziatzeko aukera, Lan Zuzenbidearen barrutian; hori onartuta ere, eta ez dago ukatzerik, une oro pentsatu da izaera, ezaugarriak, kontzeptuak, subjektuak edo objektua ezin direla inolaz ere aldatu negoziazioaren esparruko erabilgarritasunaren bitartez. Aitzitik, egiazke zuzeneko arauketaren barruan sartzen zela iritzi zitzaion, esparru autonomikoan gerta baitaitake hori, besteak beste, babes-esparru subjektiboari eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren kudeaketa-figurei buruzko guztia, une bakoitzean egokien iritzitako zerga-trataera emanez.
Beraz, legegintzaren bilakaeraren aurrekariak horiek izanik, Borondatezko Aurreikuspeneko Gizarte Erakundeei buruzko lehenengo Legea egin zenetik, egiaztatu da lege haren legegintzako garapena ez dela nahikoa izan hainbat gai eta alderdi behar besteko xehetasun eta zehaztasunez mugatzeko, bilakaera egokia izan dadin. Horren ondorioz, erabilgarritasun nahikoa egotea onartu da hobekuntzaren helmena neurtzeko, baina horrek ezin du biderik eman gizarte-aurreikuspenaren osagarritasun-mailaren azpian datzan harreman juridikoaren izaera hutsaltzeko.
Araudi berria, hortaz, bat dator horretan aurrekoarekin eta, beraz, jatorrian borondatezkotasuna dagoela aitortzen da, eta estu-estu dagoela lotuta Administrazioak legearen eta gauzen izaeraren beraren ondorioz kontu hartzeko gauzatzen duen jarduerari; izan ere, kontu hartzearen mendeko aurreikuspen subsidiatuen esparruan gaude, borondatezko aseguramendu hutsarenean bainoago.
Euskal Autonomia Erkidegoan erregistratutako borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak erantzukizuna duten subjektuak dira, eta dagokion lege autonomikoaren arabera balioz eratu ondoren, berezko nortasun juridikoa dute, erakunde eta instituzio sustatzaileenetik bereizita. Errealitate horri esker, erakunde horiek gizartean eta ekonomiaren eta finantzen esparruan garrantzi handia duen pertsonifikazio juridikoa bihurtu dira.
Orobat, lege honen esparruan sartzen dira, borondatezko gizarte-aurreikuspen direnez gero, elkarlaguntzako sozietate zibilak, kofradiak, montepioak eta ermandadeak, zeinak historikoak baitira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, arrantzaren eta abeltzaintzaren esparruan; gainera, oinarri historiko tradizionala izan dira bereizi gabeko hainbat arrisku-egoeretarako berariazko estaldura soziala ezartzeko. Lege honen esparruan sartzeak, ordea, ez du eragotziko gerora horiei buruz egin dadin berariazko erregulazioan xedatutakoa. Erakunde hauek, horietako asko Estatuak gai honi buruzko eskualdaketak egin zituenean erkidego honetara transferituak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde gisa daude inskribatuta gaur egun, baina beren prestazioak suteetan, ehorzketetan edo antzekoetan ematen dituztenek izendapen historiko tradizionalak hartu ahal izango dituzte etorkizunean, hala badagokio.
Aurrekoa gorabehera, ez dugu ahaztu behar nahitaezko Gizarte Segurantzaz kanpoko mutualitateen arloan Euskal Autonomia Erkidegoak duen eskumen esklusiboa modulatua izan zela aseguruak antolatzeko oinarriak ezartzen dituen Estatuko araudiak gizarte-aurreikuspeneko mutualitateen oinarriak arautu zituenean eta nahitaezko Gizarte Segurantzaren sistemaren osagarri den borondatezko aseguru-modalitate bat eskaintzen duten erakundetzat definitu zituenean.
Konstituzio Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren doktrinak bermatu egiten du hori eta, ondorioz, 2003/41/EE Zuzentarauan araututako esparrutik kanpoko aseguru-jardueraren bat gauzatzen denean, erakunde horiei une bakoitzean aseguruen antolamenduaren esparruan oinarrizko diren manuak aplikatuko zaizkie jarduera horri dagokionez.
Horrek guztiak, errealitate sozialak ezartzen dituen eskakizunekin batera, komenigarri egiten du, batetik, legean agertzen diren balizko kasuak egokitzea zerga-tratamendu zuzena izan dezaten foru-ogasunen esparruan eta Kontzertu Ekonomikoaren baitan eta, bestetik, indarrean dagoen araudia eguneratzea, Europako Zuzenbidearen eta barneko Zuzenbide estatal eta autonomikoaren esparruan legegintzako jarduera egokiek eskatzen dituzten berrikuntza guztiak sartzeko araututako gaiaren nukleo funtzional eta egiturazkoan.
Legeak zati hauek ditu: zioen azalpena; 80 artikulu, XVI kapitulutan banatuta; sei xedapen gehigarri; lau xedapen iragankor; xedapen indargabetzaile bat, eta hiru azken xedapen. Ondoren, atal bakoitza laburbilduko da, berrikuntza nagusiak nabarmenduz.
kapituluan, legearen xedea eta borondatezko gizarte-aurreikuspenaren araubidea osatzen duten funtsezko printzipioak arautzen dira.
kapituluan, legearen aplikazio-eremua ezartzen da, bai lurraldeari, bai eragindako pertsonei dagokienez.
kapituluan, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak definitu eta sailkatzen dira, lehenengo aldiz, estalitako kontingentziaren eta subjektu babestuen arteko loturaren arabera, eta planen eta erakundeen arteko integrazio-harremanak arautzen dira.
kapituluan, gizarte-aurreikuspeneko planak sailkatzen dira, eta bakoitzaren kontzeptua azaltzen da; gainera, aurreko erregelamendu-araudiei lege-maila ematen zaie.
kapituluan, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko lehentasunezko plan eta erakundeen inguruko antolamendua, kontzeptu zehatzak eta oinarrizko printzipioak ezartzen dira, eta bereziki aipatzen da horien jatorria eta enpresa-hitzarmen edo -itun bidez sortu diren. Gainera, berariaz azpimarratzen da diskriminaziorik ezaren printzipioa beteko dela bazkideak hartzeko orduan eta prestazioa, ahal dela, errenta moduan jasoko dela, eta jarraipen-batzordearen eraketa eta funtzioak zehazten dira. Horrela, plan eta erakundeok gizarte-aurreikuspen osagarriak gerora izango duen garapenaren funtsezko elementu gisa eratzen dira.
kapituluan, bazkideen eta onuradunen definizio eta sailkapen berri bat egiten da, eta horien eskubideak eta betebeharrak arautzen dira. Eskubideen artean, azpimarratzekoa da banakako mugikortasunerako aukera irekitzen dela, hau da, gizarte-aurreikuspeneko planak dituen bazkide arruntek eta onuradunek beren ekonomia-eskubideak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde batetik beste batera aldatu ahal izango dituztela, lege honetan eta lege hau garatzeko araudian ezarritakoaren arabera.
Era berean, aurreko araudian bezala, banakako modalitateko edo elkartekide modalitateko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkideek ekonomia-eskubideak erreskatatu ahal izango dituzte, erabilitako finantza-sistemaren arabera pilatutako erreserben kontura, baldin eta egindako lehenengo ekarpenak hamar urtetik gorako antzinatasuna badu.
kapituluan, babes-jarduera zehazten da, eta prestazioen araubide juridikoaren eta kontingentzia guztien kontzeptuak mugatzen dira behar bezala.
kapituluan, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen bizi-prozesu osoa zehazten da, eta horien sorrera, Erregistroko inskripzioa, bat-egitea, zatiketa, desegitea eta likidazioa arautzen dira. Zerbitzuen zuzentarauarekin bat, interes orokorreko arrazoiengatik, aurretiazko administrazio-baimenari eusten zaio, baina administrazioaren isiltasunak ondorio positiboak izango ditu.
kapituluak legearen aldetik garrantzitsua den berrikuntza bat dakar, izan ere, gizarte-aurreikuspeneko planen araubide juridikoa ezartzen du eta, sorreratik azkentzera arte arautzeaz gain, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde batean integratzeko modua eta gizarte-aurreikuspeneko planak erakundez aldatzeko modua ere erregulatzen ditu. Ildo horretatik, gizarte-aurreikuspeneko enpleguko planek eta elkartekide modalitateko planek ahalmena izango dute, sustatzaileek legitimoki hartutako erabaki baten bitartez eta dagokion administrazio-baimena jaso ondoren, bazkideak eta planari atxikitako aktiboak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko beste erakunde batera aldatzeko, erakunde horrek onartzen baditu. Jatorrizko erakundeak nahitaez baimendu beharko du aldaketa hori bere estatutuetan edo erregelamenduetan ezarritako epeetan.
Lehendik dagoen enpleguko gizarte-aurreikuspeneko plan baten barruan dauden babesleak eta dagokien kolektiboak ere aldatu ahal izango dira, administrazio-baimenik eskatu gabe.
kapituluak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen gobernu-organoei buruzkoak, gehiengoen erregimena ezartzen du erabakiak hartzeko, batzarretan delegatuen eta ordezkarien bitartez parte hartzeko aukera argitzen du eta zuzendaritzaren figura arautzen du. Gizarte-aurreikuspenari buruzko gutxieneko ezagutzak eskatzea ere aurreikusten da gobernu-batzordeko kideentzat. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legea betez, sexu bien ordezkaritza orekatuta egongo dela aurreikusten da, bazkide eta onuradun diren gizon eta emakumeen portzentajearen proportzionala.
kapituluan finantza-funtsak eta -bermeak, administrazio-gastuak eta erakundeek aplikatu beharreko inbertsio-printzipioak arautzen dira.
Erakunde hauei aplikagarri zaien indarreko araudia betetzen dela gainbegiratu, kontrolatu eta ikuskatzeko eta kontu hartzeko administrazio-araubidea XII. kapituluan dago jasota.
kapituluan, arau-hausteen eta zehapenen legezko araudia ezartzen da, gizartearen egungo errealitateari egokituta.
kapitulua Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroari buruzkoa da, eta bazkideen fitxategi orokorra sortzea aurreikusten du, Euskal Autonomia Erkidegoko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako bazkide guztiak antolatzeko irizpide jakinen arabera eta aurreikusitako ondorioetarako.
kapituluan, federazioei aplikatuko zaien araubidea ezartzen da, eta gizarte aurreikuspenaren euskal kontseilua eratzen da; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-aurreikuspen osagarriko sistema dagoeneko garrantzitsuak eta, batez ere, datozen urteotan izango duen garapen esanguratsuak komenigarri egiten dute tresna egokia sortzea sistemaren hedapena eta finkapena bideratzeko eta jarraipena egiteko. Kontseiluak lagungarri izan behar du helburuak modu eraginkorrean betetzeko eta Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Planean zehaztutako jarduera-esparrua etengabe egokitzen dela bermatzeko. Kontseiluaren jarduerak aukera emango du bitartekoak helburuei doituak direla ziurtatzeko eta, azkenik, aurreikusitako neurriak eta jarduerak zein intentsitaterekin eta zein erritmotan aplikatu behar diren erabakitzeko.
kapituluak, Xedapen bereziak izenekoak, Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Planean proposatutako sustapen-neurriak bideratzeko eskatzen dio Gobernuari; gainera, arlo honetako espedienteetan dauden datuen eta agirien izaera eta erakundeen publizitate-jarduera arautzen ditu.
Azkenik, xedapen gehigarriek, iragankorrek, indargabetzaileek eta azken xedapenek dagozkien gaiei buruzko arauak ezartzen dituzte. Berariaz aipatu beharrekoa da hirugarren xedapen gehigarria, minusbaliatuei aplikatu beharreko araubidea ezartzen duena, finantza- eta zerga-arloetan estatu- eta foru-legegileek araututakoaren ildoari jarraituz. Zehazki, araubide berezi horren jatorria Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren 40/1998 Legean dago, eta, Euskal Autonomia Erkidegoan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko foru-arauetan arautzen da. Halaber, bosgarren xedapen gehigarria aipatu behar da azalpen honetan, bertan beren-beregi aipatzen baita ez dutela administrazio-zerbitzuen tasa ordaindu behar izango.
2012/2670 (26/41) orrialdeko 50. artikuluko 6. paragrafoan, gaztelaniazko testuan, honela dio:
... en los estatutos en el orden del día, y, en todo caso, a solicitud...,
baina honako hau esan behar du:
... en los estatutos, en el orden del día, y, en todo caso, a solicitud....
2012/1053 (37/41) orrialdeko 76. artikuluan, gaztelaniazko testuan, honela dio:
Las entidades de previsión social voluntaria, podrán pertenecer...,
baina honako hau esan behar du:
Las entidades de previsión social voluntaria podrán pertenecer....
2012/1053 (38/41) orrialdeko lehenengo xedapen gehigarrian, honela dio:
... 73. artikuluan ezarritakoaren arabera, ...,
baina honako hau esan behar du:
... 75. artikuluan ezarritakoaren arabera, ....
2012/1053 (39/41) orrialdeko bigarren xedapen gehigarrian, honela dio:
... 73.2 artikuluan ezarritako funtzioez gain, ...,
baina honako hau esan behar du:
... 75.2 artikuluan ezarritako funtzioez gain, ....