Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

2/1998 LEGEA, otsailaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 48
  • Hurrenkera-zk.: 1105
  • Xedapen-zk.: 2
  • Xedapen-data: 1998/02/20
  • Argitaratze-data: 1998/03/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Panel mugikorrak eta antzekoak erabiliz, iragarkien oholerako matxura, arrisku, salaketa, istripu jakin, etab.ei buruzko ohar laburrak idazteko.

Eusko Legebiltzarrak ondoko legea onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei:

Bi dira lege honen bitartez lortu nahi ditugun helburuak: alde batetik, arau orokor sustantibo batzuk zehaztea, gero arlo-mailako edozein zigor-erregimenetan aplikatzeko balioko dutenak, hau da, bestela esanda, Administrazioko Zigor Zuzenbidearen zati orokor bat ezarri nahi dugu, eta, beste alde batetik, arau orokor batzuekin prozedura bat zehaztu eta, era berean, halako bide formal bat zabaldu nahi dugu, zigortzeko ahalmena erabiltzeko balioko dutenak gaia edozein izanda ere.

Helburu bata eta bestea lege-erabiltzaileen berebiziko premia batek eraginda etorri dira, eta erabiltzaile horiek dira bai zigortzeko ahalmena erabili behar dutenak, bai erabilera horren emaitzen aurrean legezko defentsa-eskubidea erabili beharrean gertatu direnak. Premia hori, azken batean, segurtasun juridikoa lortu beharra da, gai honi buruzko araudiak nahiko sakabanatuta baitaude eta, are eta nabarmenagoa dena, egon ere, halako araudi gutxiegi baitago.

Prozedurari dagokionez, bada guztiontzako prozedura bat, baina sarri askotan prozedura-aldaerak ageri dira arlo bateko edo besteko zigor-erregimena osatzen duten araudietan, eta bada oso-osorik beste prozedura bat hartu duenik ere, nahiz eta horretarako beharrik egon ez. Izan ere, arlo batzuen eta besteen artean badira berezitasun batzuk gaiaren aldetik, baina berezitasun horiek ez dute aldaketa askorik exigitzen zigor-erregimenean kontuan hartu beharreko eskubide zibikoak jasota uzteko orduan. Eta zigortzeko ahalmena erabiltzeko arau sustantiboei dagokienez, berriz, Administrazioko Zigor Zuzenbidearen barruan ia egon ere ez dago zuzenbide positiboko araurik. Legeerabiltzaileek, beraz, jurisprudentzia eta doktrina hartu behar dituzte bide-argi. Argi horren emana Konstituziotik eta Zuzenbide Penaletik dator, eta oinarria, berriz, Konstituzio Auzitegiaren doktrina da, hain zuzen ere, zigor-araudi penal eta administratiboek funtsean duten berdintasunari buruzko doktrina. Bizia beraz argia, bai, baina ez nahikoa segurtasun juridikoaren ikuspunturako, argitu beharreko gaia, berez, aldakorra baita, eta oraingo honetan, gainera, izugarri zaila. Zailtasuna datorkio ñabardurak aurkitu eta definitzeko beharretik, printzipio eta arau penalek beharrezkoak baitituzte administrazio-mailako zigorgintzaren berezitasunetara egokitzeko. Ñabardura-behar horrek kontraesanak eta bitxikeriak eragiten ditu, eta, ondorioz, zigortzeko ahalmenak kasu bakoitzean lortu nahi duen interes orokorra ez da behar bezala beteko, edo ahalmen hori dela-eta kontuan hartu beharreko eskubide zibikoak ez dira behar beste zainduko, edo bi ondorioak batera ere etor daitezke.

Esandakotik uler daitekeenez, lege hau sortarazi duen arautu behar hori nekez izango litzateke hutsegite borobila ez beste, ez bagenu honako ideia hau hartuko oinarri, alegia, printzipio eta arau penalak administrazioaren zigortzeko ahalmenak dituen berezitasunetara egokitu behar direla, edo, hobeto esanda, zigorgintzan funtsezkoa zer den aurkitu, eta gero administrazio-mailako zigorgintzan erabili behar dela. Horregatik, horixe da lege honek dakartzan prezeptu guzti-guztien atzean aurkituko dugun ideia.

Ideia hori garatzeko orduan, legearen mamiari dagokionean behinik behin, gure iturri nagusiak izan dira Kode Penala, Konstituzio Auzitegiak gai honen inguruan emanak dituen doktrina, jurisprudentzia eta pronuntziamenduak, eta, maila apalagoan bada ere, lege honek 30/1992 Legeko bederatzigarren atalburuko lehen sekzioaren iturritik ere edan du. Etorkizunean «ius puniendi» enborrak administrazio-arloko adarrak ere hartuko ditu, beharbada, elikatzeko iturri, baina, gaur egun, oinarrizko printzipioak, zigor-lanaren zati komuna, Zuzenbide Penalean dago, aipatutako kodean jasota dagoen horretan alegia, eta, hain zuzen ere, zati orokorreko arauetan edo arau horien izateko arrazoietan.

Arau penal horiek, sarri askotan, oinarrizko printzipio komun horietako bat jaso besterik ez dute egiten, eta halakoetan, beraz, ez da inolako ñabardura-beharrik administrazio-arloko araudira eramateko. Ñabardurarik egon badaiteke, halako kasuetan, zigortzeko ahalmena erabiltzen daukagun esperientzian ibili gara haren bila, hor aurkituko dugu eta, inon aurkitzekotan.

Legearen prozedura-aldeari dagokionez, Konstituzioko 24.2 atalean jasotako eskubideen muina errespetatzea da kontua. Eta hori ia guztiz lortua izango dugu, hasiera-hasieratik, baldin eta indarrean dugun Administrazio Zuzenbidea, eta zehatz-mehatz prozedurari dagokion zatia, bai orokorra eta bai zigorrei buruzkoa, Konstituzioaren arabera interpretatzen badugu. Ez dugu, beraz, Prozesu Zuzenbide penalaren barruko printzipio eta arauetara jotzeko behar handirik. Lege honetarako iturriak, horrenbestez, Administrazio Prozedurako Zuzenbidean aurkitu ditugu, 30/1992 Legean eta 1398/1993 Errege Dekretuan hain justu, eta zati sustantiboa idazteko kontuan izan dugun modu berean, iturrien bila genbiltzala ere, kontuan hartu ditugu Konstituzio Auzitegiak gai honen inguruan emanak dituen jurisprudentzia, doktrina eta pronuntziamenduak.

Lege honen izatea adierazteko azalpen orokor hau amaitzeko, gogoeta batzuk egitea dagokigu orain, esandakoa laburbildu eta amaiera emateko:

  • Administrazioak zigortzeko duen ahalmena «ius puniendi» da. Ezinbesteko abiapuntua da gaur egun adierazpen hori, zigorgintzaren oinarrizko printzipioetatik urruntzen utziko ez diguna. Beraz, Administrazioko Zigor Zuzenbidearen diferentzia edo berezitasuna aurkitzeko beharrezko ahaleginak printzipio horietaraino iritsiko dira, horiek dira muga, printzipio horien muina ezin da-eta alde batera utzi zigortzeko ahalmena hobeto erabiltzearren. Berme sustantiboak eta prozedura-mailakoak txikiagoak izan daitezke eta benetan hala izan behar dute administrazio-mailako zigorgintzan arlo penalean baino, batez ere administrazio-mailako zigorrak ez direlako hain gogorrak izaten (orokorrean eta abstraktuki). Baina, hala ere, ezin dira inoiz zigortzeko zuzenbideak berezkoak dituen printzipioen muinak eskatzen duenaren azpitik geratu.

  • Lege hau ez da, Administrazioko Zigor Zuzenbidea eraikitzeko lanetan, bidearen amaiera, ezta hasiera ere. Lege hau jaio baino lehenago ere ahalegin handiak egin ziren gai honetako jurisprudentzia, doktrina eta arauen arloan. Baina, hala ere, bide horretan aurrera egiteko baliabide egokia izan daitekeela ziur gaude.

    Lege honek behar duen osagarria ez da arauak sortzeko ahalmenak agian ekarriko diona, hermeneutikako lanetik, doktrinatik eta auzitegietatik zalantzarik gabe etorriko dena baizik. Ez du badaezpadakoa izan nahi, baina betiko gogorik ere ez du; ez da bat-bateko esperimentua edo kapritxo ausarta, baina ondo asko daki ez duela inolako oztoporik jarri behar betetzen hasten denean agertuko diren aldaketa-premiak onartzeko.

Aginpideen aldetik, bada lege honetarako nahikoa oinarri.

Zigortzeko erregimena eta administrazioprozedura baliabideak dira, gai jakin bat lege aldetik eratzeko balio dutenak, eta, beraz, baliabide horien gaineko aginpideak kasuan kasuko gaiaren gainean ditugun aginpideen araberakoak izango dira, mugak muga: herri-administrazioetako erregimen juridikoko oinarriak eta administrazio-prozedura komuna direla-eta Estatuari dagozkion aginpideak, Konstituzioko 149.1.1 atalean xedatutakoaren arabera.

Muga horiek 30/1992 Legean eta 1398/1993 Errege Dekretuan zehaztu ziren. Eta oinarrien kontzeptua materiala eta dinamikoa bada ere, arau horietatik abiatu behar dugu nahitaez, eta arau horien barruan ere badu tokirik lege honetan egindako araugintza-lanak, horretarako nahiko tarte zabala uzten baitute.

Zigor-erregimenaren eta prozeduraren inguruko aginpideak eta atzetik dituzten gai jakinen inguruko aginpideak lotuta daudenez, lege hau bete beharko da bakar-bakarrik zigortzeko ahalmena Autonomia Erkidegoaren barruan erabiltzen bada, eta Erkidegoko erakunde komunek dena delako gaiari buruzko araugintza-aginpideak beren eskuetan badituzte, aginpideak osoak izan nahiz arauak garatzeko besterik ez izan (1. atala). Eta hori horrela izanik, ezinbestekoa da lege honen hasieran argi uztea.

Gai-mugaketa hori Estatuak eta lurralde historiko eta toki-erakundeek ere bete behar dute. Estatuak 1398/1993 Errege Dekretuko 1. atalean xedatutakoarengatik bete behar du (arrazoi horrek, argi dago, prozedura-kontuetarako besterik ez du balio, ez lege honen zati sustantiborako, baina, zati hori dela eta, lege honek 30/1992 Legean xedatutako printzipioak garatu besterik ez du egiten, eta horixe da aginpide-mugaketaren arrazoia). Lurralde historikoak eta toki-erakundeak direla eta, berriz, lege honen aginpideen oinarria hauxe da: lege honek araututakoa oinarrizkoa da zigor-erregimenari dagokionean eta edozein gaitako arloa osatzeko prozedurari dagokionean, baldin eta gai honetako araugintzaaginpideak elkarren artean araututa badaude.

Lege honek Estatuko arauetako prezeptu batzuetako testuak hartu ditu behin baino gehiagotan, baina horrek ez du esan nahi formaren aldetik Konstituzioa hautsi egin dugunik, aginpide autonomikoak erabilita edo legea ondo osatu eta zehatz egin beharrak bultzatuta egin dugu-eta, hau da, azken batean, segurtasun juridikoak eskatuta egin da-eta.

Helburu horiek nola lortu arautzeko baliabiderik egokiena legea da.

Konstituzioko 25.1 atalean zehaztutako lege-erreserban arauhauste eta zigorrak besterik ez daude jasota berariaz, baina arrazoizkoa da esatea edozein zigor-erregimenetako alderdirik garrantzitsuenak ere, zati sustantiboaren ingurukoak izan edo prozeduraren ingurukoak izan, erreserba horren barruan daudela. Esate baterako, erantzukizuna zehaztearen inguruko guztia: justifikatzeko arrazoiak, errurik gabe uzteko arrazoiak, partaidetza, preskribitzea, defentsa-eskubidea eta abar.

Eta, horretaz gainera, justu lege-erreserbaren barruan ez badago ere, araugintza bera eta lan horrekin lortu nahi den bateratze-bidea hain garrantzitsuak izanik, argi dago Legebiltzarrak ere parte hartu behar duela.

Beste alde batetik, ikuspuntu praktiko batetik begiratuta, arloz arlo indarrean dauden legezko araudiak ordenamendutik kanpora utzi nahi baldin baditugu lege honetan araututakoaren kontra dauden kasuetan, hori seguru lortzeko bide bakarra lege bat egitea da. Halakoetan, gainera, nahitaez utzi beharko ditugu kanpoan, baterabidea iritsi eta, ondorioz, segurtasun juridikoa bermatzea lortu nahi baldin badugu.

Legeak hiru atalburu ditu: lehenengo atalburuan legea zein eremutan ezarri behar den zehaztu dugu, betiere, oinarri-oinarrian azaldu dugun aginpide-banaketa errespetatuta. Bigarren eta hirugarrenean, berriz, lege honen helburuak lortzeko ahaleginaren emaitza jaso dugu.

Bigarren atalburuan, zigorgintza-ekintza guztien norabidea zuzendu behar duten arau sustantiboak jaso ditugu, hau da, alde batetik, jokaera jakin bat zigortzeko modukoa den edo ez jakiteko balio dutenak, alegia, jokaera hori tipikoa, zuzenbidearen aurkakoa eta erruduna den eta zigortzea segurtasun juridikoaren kontrakoa ez den ala baden (preskripzioa) esango digutenak, eta, beste alde batetik, zigorgintza-lanerako oinarrizko printzipio hau lortzeko bidea ematen dutenak: zigorra beti nori berea ezarri behar zaio, kontuan hartuta errua zenbaterainoakoa den (erantzukizuna aldatzen duten inguruabarren arabera erabaki behar da nolako pena ezarri) eta zigorrak nolako ondorioak ekarriko dizkion. Bigarren atalburuan, laburtu beharrez, Kode Penaleko zati orokorreko arauak jaso ditugu, baina beharrezkoak iruditu zaizkigun ñabardurak eginda eta zatiak kenduta (ñabardurak egitea hori ere).

Bigarren atalburuko zatirik handiena legea ezarri behar duenari zuzenduta dago, baina badira bi atal araugileari zuzenduta daudenak: 4 eta 11.1 atalak.

  1. atalean honako printzipio hauei jarraitu nahi izan diegu, arauhausteak tipifikatzea dela eta: «lex certa» (legezkotasun-printzipioaren alderdi bat), proportzionalitate-printzipioa eta «non bis in idem» printzipioa. Espezifikazioak dira denak ere, 30/1992 Legeko 129, 131 eta 133. atalak garatzen dituztenak.

    Proportzionalitate-printzipioa zigor-erregimena aplikatzeko orduan bete behar da, bai, baina baita araugintzan ere. Eta, araugintzaren barruan, ez da, besterik gabe, zigorrak ezartzeko irizpidea; arauhausteak tipifikatzeko ere balio du. Izan ere, arauhaustea tipifikatzeko erabakiak berak eta arauhausteari larritasunaren arabera ezartzen zaion kalifikazio abstraktuak ere babes-behar bati erantzun behar diote eta, beraz, kontuan hartu behar dute zein den kaltetuta gertatu den ondasun juridikoa eta zenbaterainokoa den lesioaren eta dena delako jokaerak edo gertakariak dakarren arriskuaren larritasuna («ultima ratio» printzipioa Administrazioko Zigor Zuzenbidean ere bete behar da).

    «Non bis in idem» printzipioa bete behar da zigortzeko erregimena araugintza-mailara eramaten den momentutik bertatik. Gerta daiteke ekintza nahiz omisio bera edo antzekoa eta ondasun juridiko bera edo antzekoa arau batean baino gehiagotan jasota agertzea, penalak eta administratiboak izan, edo administratiboak bakarrik izan, eta horixe da zigor bikoitza dakarren hasierako arrazoia. Araugintza-mailan dago, horrenbestez, printzipioa hausteko arriskua, eta maila horretan hasi beharko, beraz, arauhauste hori ebitatzeko lanean.

    Araugilearen lan horrek bi alderdi ditu. Lehenengo eta behin, tipifikatzeko erabakia hartzen den momentuan bertan, zigor-bidea hartzeko arrazoirik badagoen erabaki behar da, hau da, dena delako ondasun juridikoa lehenagoko beste arau zigortzaile batzuen bitartez erasoetatik babestuta dagoen ala ez, edo, hala egonda ere, osorik babestua dagoen ala ez, hau da, ondasun horren edo erasoaren alderdi batzuk lehenagoko arau horretatik kanpora dauden edo, bestela esanda, zuzenbidearen kontrako zer edo zer arau horretatik kanpora geratu den eta, beraz, erantzunen bat eman behar zaion zigorgintzaren aldetik. Espezifikazio hori oso garrantzitsua da, zigor bikoitzerako ez baita zertan ondasun juridiko bat baino gehiago egon, edo jokaera kaltegarri nahiz kaltegarri izan daitekeen bat baino gehiago egonik, ez da hori funts bakarra. Bereizketa hori erabatekoa ez den kasuetan, azken zigorrak aurreko arauak emandako babesaren hein berekoa izan behar du, eta hori ere bada beste funts bat («ultima ratio» printzipioa). Eta, bigarrenik, tipoak azaltzeko orduan ahalik eta zehatzen jokatu beharra dago, horrela, alde batetik, hartzaileak debekatuta dauden jokaerak zein diren jakingo duelako eta, beraz, alde horretatik behintzat segurtasun juridikoa bermatzea lortuko dugulako, eta, beste alde batetik, arauhausteen arteko tipoak ezkutatzeko bidea itxi egingo dugulako, inolako arrazoirik gabe zigor bat baino gehiago jartzeko bidea zena.

    1 atalean proportzionalitate-printzipioa jaso dugu, hain zuzen ere, zigorrak maila abstraktuan ezartzeari dagokionean. Baina atal horrek badu beste helburu bat ere harantzago doana: zigorrak ezartzeko zein arau aplikatu ondo erabakitzeko bidea eskaini nahi du; zigorra bera eta zigorraren barruko edukia ondo egokituta egotea lortu nahi da, hain zuzen ere, kasuan kasuko arauhaustea nolakoa den eta zigor-erregimenak gaiaren aldetik gainetik duen araugintza-motaren helburu eta berezitasunak zeintzuk diren, zigorra eta zigorraren edukia hartara egokitzea lortu nahi du. Azken batean, proportzionalitatearen bi alderdi gogoan hartzea da kontua: batek zigortuaren lekuan jarri eta ekintza zuzenbidearen kontrakoa zein neurritan den zehazteko balio duten inguruabarrak hartzen ditu kontuan, eta besteak interes orokorra lortu nahi du, hau da, dena delako ondasun juridikoa babestu nahi du, prebentzioaren bitartez. Zigorrak zuzena izango bada, bi alderdi horiek zuzen-zuzen bildu beharko ditu, hau da, proportzionala izan beharko du arauhaustea zein larria den eta babes-helburua zein den kontuan hartuta.

    2 atalaren bitartez, diziplina-ahalmena lege honen aplikaziotik kanpora utzi dugu, ahalmen hori berezia delako eta aparte arautu behar delako. Baina, hala eta guztiz ere, ahalmen hori zigorrak jartzeko ahalmena da, eta, hortaz, zigortzeko zuzenbidearen oinarrizko alderdi komunak ere bere baitan ditu. Horregatik, zigortzeko zuzenbidea definitzen duten printzipioek ahalmen horretarako ere balio dute, nahiz eta, beharbada, zigortzeko ahalmen orokorrak baino egokitzapen handiagoak edo beste era batekoak beharko dituen. Eta hori horrela bada, arrazoizkoa dirudi esateak lege honek ere beharbada balioko duela jarraibide modura diziplina-erregimena eraikitzeko (bai arauak sortzeko bai interpretatzeko) eta erregimen horretako hutsuneak betetzeko.

  1. atalean, zigortzeko ahalmenaren arau sustantiboek lege aldetik bete behar dituzten parametroak zehaztu ditugu. Atalak, gainera, arlokako zigor-erregimenetara bidaltzen gaitu eta, osagarri modura, Kode Penala aplikatu behar dela dio, oso aipagarria dena.

    Prozedura-mailako arauetan ez bezala, mamiari dagozkion arauetan zeresan handia du arloko zigor-erregimena zein gairi buruzkoa den, gai horren ezaugarrien eta ordenamendu barruan dagokion arloaren helburu eta izaeraren araberakoa izango baita, neurri handi batean behinik behin, arauhauste eta zigorren tipifikazioa, eta baita Administrazioko Zigor Zuzenbide izenaz ezagutzen dugun horren alderdi garrantzitsu batzuk ere, hala nola, zein inguruabarrek esaten duten ez dugula zuzenbidearen kontra jokatu edo ez garela errudunak, zeintzuk balio duten erantzukizuna aldatzeko, zigorrak zehazteko arau zehatzak, preskripzioa eta abar. Eta horregatik, hain justu, 2.1 atala arlokako zigor-arauei buruzkoa da, nahiz eta, jakina denez, esparru orokorra lege honetan zehazten dena izan. Esparru horrek bihar-etziko araugintzarako muga eta ideia-iturri izan behar du.

    Kode Penala da bigarren atalbururako erabili dugun iturri nagusia. Izan ere, kode horretan dago «ius puniendi» delakoaren oinarrizko printzipioak jasotzeko orain arte egin den saiorik onena, eta zigortzeko zuzenbide komuntzat hartu ere har daiteke. Hala eta guztiz ere, lege honen norabidea zehazteko irizpide nagusiena, lehenago ere esan dugunez, printzipio horiek ahal den neurrian administrazio-mailako zigorren ezaugarri berezietara egokitzen saiatzea da, eta horregatik, hain zuzen ere, lege honek berezitasun horrekin bat etorri behar du, gero aplikatu ahal izateko baldintza baitu hori (2.2 atala). Baldintza generikoa da, baina zer arautu behar den kontuan hartuta, ezin bestela izan. Egokitzeko behar hori lege osoan zehar nabari da hainbat ñabardura, aldaketa eta gehiketa nahiz murrizketa jakinetan, baina Kode Penalera jo behar badugu, orokorrean izan edo beste kontu zehatzen bategatik izan, egokitzeko premia horrek aukera bakarra utziko digu: baldintza generikoa, legean jasota dagoena. Baldintza hori, beste alde batetik, nahitaezkoa da arauak bateratzeko edozein saiori ekiteko orduan, ez baitugu horrelako bateratze-lanik egiterik izango arauaren edo kasuaren berezitasuna errespetatzen ez badugu.

    Erruduntasun-printzipioaren funtsa, gaur egun, 3. ataleko esaldian dago. Doloa eta errua edo zuhurtzigabekeria baino harantzago halako esparru zabal bat dago oraindik batere edo gehiegi esploratu gabea, eta esparru horretan erantzukizun objektiboa da jaun eta jabe. Doloaren eta zuhurtzigabekeriaren kontzeptuek eskatzen dituzten ñabardurak esparru hori goitik behera esploratzearen edo, beste era batera esanda, esparru hori konkistatzearen ondorioz etorriko dira, hala behar du behintzat. Eta lan hori doktrina eta jurisprudentzia interpretatzearen bidez egin behar bada ere, interpretazioa erantzukizunaren inguruko instituzio administratibo edo zibiletatik ere elika daiteke, baina, betiere, errunduntasunaren printzipioa indargabetu gabe. Legea alde horretatik berritzeko ahalegin orok segurtasun-falta, edo erantzukizun objektiboari eta, beraz, printzipio horren suntsitzeari ateak zabaltzea, dakar. Urteak eman beharko ditugu araugintzan, berriztatze-lan hori ondorio txarrik gabe egin nahi badugu.

    Administrazio-mailako zigor-arloan ez dago erantzukizun objektiborako tokirik: horixe adierazi nahi izan dugu 3. atal horren bitartez. Gainera, ez dugu uste 30/1992 Legeko 130.1 atalak helburu hori lortzeko bideak ixten dituenik, beste arrazoi batzuen artean, Konstituzio Auzitegiko doktrinak behin eta berriz esan duelako Administrazioko Zigor Zuzenbidearen barruan beti hartu behar dela kontuan errunduntasun-kontzeptua, eta jakin badakigu arauak doktrina horren arabera ulertzen direla. Horiek horrela, ez betetze hutsa errua edo zuhurtzigabekeria da. Eduki zehatza jurisprudentziak zehaztuko du.

  1. atalaren arabera, tentatiba eta frustaziorako ez dago zigorrik (bigarrena dagoeneko ez da Kode Penalean ageri), Administrazioko Zigor Zuzenbidean kontsumazioa besterik ez delako zigortzeko modukoa. Administrazio-mailako arauhausteetan, oro har, arrisku-kalteak eta tartean dauden ondasun juridikoak delitu eta falta penalen kasuan baino txikiagoak direnez, kontsumazio aurreko exekuzio-graduetan ezin da «ius puniendi»a erabili, zuzenbide-kontrakotasuna ez da-eta behar bezain garrantzitsua («ultima ratio» edo ahalik eta gutxien esku hartzeko printzipioa berriz ere).

    Prestaketa-ekintzak (konspiratzea, proposatzea eta probokatzea) eta apologia direla eta, beste hainbeste esan beharra dago. Zigorgintzaren esparru honetan ez da, gure ustez, zigor bidezko babesa hain aurrera eramateko moduko zuzenbide-kontrakotasunik. Kontuan izan Kode Penalean ere jokaera horiek ez direla kasu guztietan zigortzen, berariaz zehaztutako kasu jakin batzuetan baizik, eta, betiere, dena delako delitua zenbateraino den larria eta berezia kontuan hartuta.

    2 atalaren arabera, jokaera horiek zigorrik gabe geratuko dira, baina, jakina, salbueste orokorra da, hau da, prestaketa-ekintzak eta apologia aipatzen ditugunean, edozein arauhausteri dagozkionak ditugu gogoan. Hortaz, beharrezkoa bada, ez dago eragozpenik kasu jakin batzuetan jokaera horiek tipifikatzeko.

  2. atalean erantzukizunetatik salbuesteko arrazoiak jaso ditugu.

  1. zenbakian Kode Penala hartu dugu iturri nagusitzat, baina, lehen aipatu dugun moduan, bateragarria ote den baldintzapean. Izan ere, gai hau dela eta, zer berritu gutxi dago kode hori baino harantzago. Baina, hala eta guztiz ere, arau penalak betetzeko orduan beharrezkoak izango diren ñabardura batzuk ere aipatu ditugu, eta, gainera, ate bat zabalik utzi dugu Administrazioko Zigor Zuzenbideko berezko salbuespenik egin nahi bada ere.

    Kontuan izan behar dugu, betiere, ñabardura horiek badutela muga bat, hau da, kasu bakoitzean aplikatu beharreko salbuespen penalen funtsa. Arrazoiek, gainera, bi printzipio hauen barruan egon behar dute beti: zuzenbide-aurkakotasunaren printzipioaren eta erruduntasun-printzipioaren barruan. Bateragarritasunaren baldintza hori ez da ulertu eta erabili behar inor errurik gabe uzteko oztopo zentzugabe modura. Kontua ez da zigor-sistema eraginkorragoa lortzea eta, horretarako, salbuespenerako arrazoiak bazterrean uztea beti, erruduntasunaren printzipioa neurririk gabe murriztuta. Baina salbuespen-arrazoi horiek nahikoa pentsatu gabe aplikatzen baditugu, zentzurik gabe aplikatzen baditugu (kasu penala ez datorrelako bat arauhaustearen edo administrazioko dena delako zigor-erregimenaren ezaugarriekin), edo ñabardurarik gabe aplikatzen baditugu ñabardurak beharrezkoak izanda ere, orduan, zigortzeko sistemaren eraginkortasuna gehiegi estutuko dugu, eta horixe da, hain zuzen ere, eragotzi behar duguna.

  2. zenbakian akatsa aipatu dugu zuzen-zuzenean. Izan ere, zigor-arauak hainbeste eta, sarri askotan, hain konplexuak eta zehaztasunik gabeak izanik (batzuetan halakoxeak izan behar derrigorrez), inor errurik gabe uzteko moduko inguruabar horrek oso toki zabala betetzen du Administrazioko Zigor Zuzenbidean. Kode Penalean idatzita dagoen bezala utzi dugu (14. atala), baina ebita daitekeen akatsaren ondorioa aldatu egin dugu, lege honetan ez dugulako zuhurtzigabekeria kode horretan duen zentzu berean jaso, hau da, lege honen arabera, zuhurtzigabekeria ez da ekintza egiteko modu jakin bat, ez da doloaren halako hondar bat, ondorioz aurretik zehaztutako zigor jakin bat jasoko duena, baizik eta erruduntasun-printzipioaren isla arrunta, hainbat maila dituena eta zigor gogorragoa edo arinagoa jasoko duena mailaketa horren arabera.

    Legearen testuan ez dugu ideia jaso, ez da-eta erraza behar bezain formula zehatza, abstrakzioduna eta orokorra aurkitzea, baina, hala ere, kontuan izan behar da, oso-oso garrantzitsua baita, akatsaren inguruabarra zigorgintzan aplikatzeko orduan oso zuhur ibili behar dugula, muturreraino zuhur, inguruabar hori berez nahikoa baita edozein zigor-erregimenek izan dezakeen babes-indarra ezerezean uzteko. Ezin zaio zigorrik jarri bere ekintzak zuzenbidearen kontrakoak zirela jakiteko biderik izan ez zuenari, eta baten batek jakiteko aukera eduki bai baina jakin ez bazekien, horren erantzukizuna arinagoa izango da. Baina arduraren betebeharra eskatzeko orduan, ardura izateak herritarrek bete behar dituzten arauak ezagutzea esan nahi badu, orduan, zorrotza izan behar da (ez zentzugabea). Hori, batez ere, arlo jakin batzuk ukitzen dituzten arauen kasuan gertatuko da, (industria, merkataritza, kirola...). Arau horiek, gainera, arlo horietan dihardutenei zuzenduta daudenez, jarduera horretan arduraz aritzeko exigitu behar zaie, eta ardura horren barruan dago jarduera zuzentzen duten administrazio-arauak ezagutzea. Kontuan izan behar da, era berean, araugintza zenbat eta kontu handiagoarekin egin (bai zigor-bideari ekitea erabakitzeko momentuan, bai arauhaustea deskribatzeko garaian), orduan eta toki txikiagoa utziko diogula akatsari. Hemen, Administrazioko Zigor Zuzenbide barruko beste alderdi batzuetan bezalaxe, ideia bat dago argi, hau da, zigortzeko ahalmena eraginkorra izango bada, hori ezin da bide bakar batetik lortu, ez da nahikoa zigor-bidean dauden herritarren eskubide eta bermeei ñabardura gehiago betearaztea; beste bide batzuk ere erabili behar dira, batez ere, gogoeta eta arlo bateko eta besteko zigor-erregimenak arauetan islatzeko ahalegina.

  3. zenbakian adingabeen kasua jaso dugu, arauhausterik ez inputatzeko arrazoitzat hartuta. Adin batetik behera ez gara administrazio-mailako arauhausteen erantzule; hori onartzea ez da oso lan zaila, ez baita zigorgintza komunaren barruko printzipio bat bakarrik, baita ere erantzukizun juridikoaren ideia orokorraren funtsaren zati bat, eta hori nortasun juridikoarekin lotuta dago. Baina benetan zaila dena adin hori zehaztea da. Arlo penalean zehatz daiteke adin jakin bat, aldatu ezingo dena, baina ez da hori administrazioko zigorren esparruan gertatzen dena. Izan ere, hainbat eta hainbat arauhauste dago tipifikatuta, eta elkarren artean diferenteak dira izatez. Desberdintasun horiek, gainera, badute zeresana gai honetan ere, batez ere kontuan hartzen badugu adingabetasuna zehazteko orduan ez direla erantzukizun juridikoarekin zerikusia duten arrazoiak bakarrik oinarritzat hartu behar. Zigortzeko ahalmenak kasu bakoitzean iritsi nahi dituen helburuak ahalik eta ondoen lortu beharra ere kontuan har daiteke. Horregatik guztiagatik, legeak arlo bakoitzeko zigor-arauetara bidaliko gaitu eta arau osagarri bat emango digu.

  1. atalean erantzukizuna aldatzen duten inguruabarrez jardun dugu, bai arindu bai larriagotu egiten duten inguruabarrez. 14. atalarekin batera, erantzuteko eman beharreko zigorra indibidualizatzeko printzipioa jaso dugu erruduntasunaren ikuspuntutik begiratuta.

  1. zenbakian, 6.1 ataleko eskema berbera ikusiko dugu, eta, beraz, atal horren gainean esandakoak kasu honetarako ere balio du.

  2. zenbakia idatzi dugu halako ate bat zabalik uzteko premia zegoelako, gero inguruabar aringarrien kasuistika jaso ahal izateko, azken batean, arauetan ezin dira-eta jaso errealitateak erakusten dizkigun aukera guztiak. Horrenbestez, zenbaki horretan klausula ireki bat jaso dugu, Kode Penaleko 21.6 atalaren antzera, baina ñabardura garrantzitsu batekin, hau da: agindu penal horretan baldintza bat ageri da, analogiarena, eta analogia hori ulertzeko orduan bi aukera ditugu, alegia, analogiaren atzetik, beharbada, errurik txikiena egoztearen esanahia izango dugu (inguruabar aringarri guztiek berezkoa duten esanahia), eta, beharbada, arauan berariaz jasotako inguruabarren esanahi zehatza.

    Baina lege honek bigarren ulermen-bide hori ezabatzeko asmo garbia duenez (joera hori bera darama jurisprudentzia penalik berrienak), eta kontuan hartuta arloetako zigor-arauetan ageri den inguruabar aringarrien saldoan gerta daitekeela behar adinako zehaztasunik ez egotea edo bestelako gabezia gehiago ere agertzea, klausula irekia aplikatzeko jarri dugun baldintza, 7.2 atalean jarri duguna, ez da izan aurretik zehaztutako inguruabarrekiko analogiarena, erru-maila lehengo aldean murriztuta geratu behar izatea baizik, horixe baita aringarriaren ideia bera definitzen duena, nori bere zigor zehatzarekin nola erantzun zehazteko orduan. Azken zehaztapenean klautsula ireki hori nola aplikatu argitzeko irizpide bat jaso dugu. Irizpide horren bitartez lortu nahi dugun helburua hauxe da: inguruabar bat aringarria den ala ez eta noraino den aringarria zehazteko orduan, kasuan kasuko inguruabarra zein den kontuan edukitzeaz gainera, neurri berean, arauhaustea eta dagokion arloko zigor-erregimenaren izaera eta helburuak ere kontuan hartzea eta halako ponderazio bat egitea.

  3. zenbakia debeku bati buruzkoa da. Izan ere, legezkotasun-printzipioaren ondorioz, zigorrak ezin dira analogiaz «in peius» aplikatu, debekatuta baitago, eta debeku horri erantzuten dio, hain justu, 3. zenbaki horrek. Debeku hori tipo eta zigorren esparrura iristen da gehienbat, baina urrutirago ere zabaldu behar da, hain zuzen ere, zigor-mailako erantzuna larriagotzearekin zerikusi zuzena duen edonora.

  4. zenbakian honako ideia honetatik abiatu gara: Administrazioko Zigor Zuzenbidean, Zuzenbide Penalean ez bezala, erruduntasun-printzipioaren isla arrunta, arauhausteen atzetik dagoena orokorrean, zuhurtzigabekeria da, eta, beraz, doloz egindako arauhausteei hondar-balioa ematen zaie, zigor-mailako erantzuna larriagotzeko balio duena. Erantzun hori zenbateraino larriagotzen duen zehazteko, gainera, erantzukizuna indibidualizatzearekin zerikusia duten inguruabar guztiak ponderatu behar dira lehenik eta behin.

  5. zenbakian jaso dugunaren arabera, zuhurtzigabekeria guztiak ez dira maila berekoak, eta, ondorioz, zigor-mailako erantzuna aldatzeko aukera ere eduki behar dugu derrigorrez.

    Sei eta zazpigarren zenbakietan aringarri batzuk jaso ditugu, baina lege penaletan tradizio luzea dutenak denak ere. Zazpigarrenean, orain arteko betiko aitortzaren ordez, gertakariak argitzeko lankidetza aipatu badugu, arrazoi jakin bategatik izan da, hau da, zehatz-mehatz aitortzak izan gabe ere, zigor-prozeduraren helburua betetzeko lagungarriak diren eta, beraz, beharbada zigorra arintzea mereziko duten jarrera eta jokaera guztiei -halako barietate handia dago- toki bat utzi nahi izan diegulako.

  1. zenbakian, kaltetu asko eragiten dituzten arauhausteak eta arauhauste etengabearen izenaz ezagutzen dena jaso ditugu. Kasu jakin batzuk dira, zer egotzi handiagoa dakartenak baina, hala ere, zigor bat baino gehiago eragin ezin dezaketenak. Izan ere, zigor-tipoa ezin da behin baino gehiagotan aplikatu, ekintza nahiz omisioa denboran luzatu edo pertsona bati baino gehiagori eragiteagatik ere, horrek ez dakarrelako dena delako ondasun juridikoa, kasuan kasuko zigor-tipoari dagokiona alegia, askotan kaltetzea. Beraz, dagokion zigorrak larriagoa izan behar du; horixe izango da zer egotzi gehiago edukitzeak dakarren ondorio juridikoa.

    Lehenago esan dugunez, ekintza kontsumatu aurreko garapen-mailek eta prestaketa-ekintzek ez dakarte zigorrik. Kasu horietarako esan dugun gauza bera esan daiteke, bada, oraingo honetan ere, egilearena ez den beste edozein partaidetza-maila zigorrik gabe geratuko baita (lege honetako 8. atala).

  2. atalak Kode Penaleko 28.a dakar, baina honako ñabardura hauekin:

    • Pertsona juridikoak aipatzen ditu berariaz, pertsona horiek arauhausteak egiteko eta zigorrak jasotzeko gaitasuna dutelako, doktrina eta jurisprudentzian erabat onartuta dagoenez.

    • Indukzioa ere kanpoan geratu da, konplizitatea, estalketa, probokazioa eta apologia zigorrik gabe geratu diren arrazoi berberengatik. Estalketa zigorrik gabe geratu bada, partaidetza-bide bat den aldetik izan da, baina horrek ez du esan nahi estaltzeko balio duten edo antzeko beste jokaera batzuk arauhauste-tipo jakin batzuetan jaso ezin direnik.

    • Beste batek arauhausteren bat egin behar duela eta, arauhauste horri aurrea hartzeko legezko betebeharra (ebitatzekoa ez) betetzen ez duena egiletzat hartzen da.

      Azken ñabardura hori 30/1992 Legeko 130.3 ataleko arauak jasotzeko premiari erantzuteko egin dugu. Eta arau hori jasotzerakoan aldatu ere egin dugun arren neurri batean, horrek ez du esan nahi aginpidegehiegi geureganatu ditugunik. Izan ere, Estatuko legeak agindutakoaren oinarrizkoena errespetatu egin dugu, eta ezer aldatu badugu, gure ustez zigorgintzaren bidea den horretara moldatzeko neurrian besterik ez dugu aldatu. Azken batean, Estatuko arauaren funtsa hauxe da: alde batetik, betebeharra doakien baina betetzen ez duten guztien erantzukizuna, eta, bestetik, besteinoren arauhausteari aurrea hartzeko legezko betebeharra hausten dutenen erantzukizuna. Eta lege honek ez du funts hori aldatzen. Funtsaren lehenengo alde hori, esate baterako, egilekidetzaren itxurapean jasota dago, eta bigarren zatia, berriz, egiletzaren pareko partaidetzaren itxurapean dago jasota zigor-ondorioetarako, betiere, zigortzeko zuzenbideari ez dagokiona alde batera utzita, hau da, erantzukizun subsidiarioa edo solidarioa alde batera utzita. Figura horiek, Zuzenbide Zibilekoak berez, ezin dira aplikatu zigorrean bertan, non eta ez dugun erantzukizun pertsonala, zigorgintza definitzen duen printzipioa, hilzorian utzi nahi (beste gauza bat da arauhausteak dakartzan erantzukizun zibil edo antzekoetan aplikatzea, baina ez da hori gure kasua).

      1. ataleko b) letrako bigarren lerroaldearen bidez, prezeptuaren esparrua inolako arrazoirik gabe zabaltzeko bidea ekarriko luketen interpretazioak ebitatu nahi izan ditugu. Horregatik, pertsona jakin batzuek arauhausterik ez egitea denez prebenitzeko betebeharraren xedea, eta betebehar horrek dakarren jagoletza pertsona horiei ezartzen zaienez, ez badakigu arauhaustea benetan gertatu den ala ez (gertakariaren probarik ez dagoelako, halako gertakaririk ez zela izan probatu delako, gertakari hori arrazoiren bategatik zuzenbidearen kontrakoa ez zelako edo dena delako gertakaria tipifikatu gabe zegoelako eta abar) eta ez baldin bada zehaztu, arrazoia edozein izanda ere -aurrekoan bezala-, prebenitzeko betebehar hori nori edo nortzuei begira ezarri den, orduan, halako kasuetan ez dugu aipatutako b) letran zehaztutako parekotasunik izango, hau da, kasu horiek ez dira egiletzaren parekoak izango.

        Halakoetan, araua hautsi duela esaten dugunean, ez dugu esan nahi jagoteko betebeharrean huts egin duenik, araua hausten parte hartu duela baizik, eta araua hausteko modu hori egiletzaren parekotzat hartzen da zigor-ondorioetarako. Beraz, ez bada halako arauhausterik izan edo jagotekoa zenak egin ez badu, ez dago agindua aplikatzeko arrazoirik. Bestela gertatuko litzateke jagon behar zena ez balute errudun deklaratuko errurik gabe uzteko arrazoiren bat aplikatuta. Orduan bai, orduan aplika daiteke agindua, alde batetik araua hautsi egin dutelako, eta, bestetik, jagon behar zen pertsona egilea delako, araua zuzenean hautsi duena erruduna izan ala ez.

        Kontuan izan behar da arau hau ez dela aplikatuko besteak arauhaustea egiten duen kasu guztietan. Arauhaustea gertatu arren, betebeharrari ez bazaio muzin egin, orduan ez da aplikatuko, betebeharrak ez baitu emaitza ebitatzeko agintzen (hori izan arren azken helburua) jagoteko baizik, eta jagon behar hori beteta geratuko da arauhaustea ebitatzeko arrazoizko ahalegina eginez gero, arauhaustea gertatu nahiz ez gertatu. Agindua horrela ulertu beharra dago erruduntasun eta erantzukizun pertsonalaren printzipioak behartuta. Kontu egin dezagun pertsona bat egile modura zigortu dugula besteren batek egindako arauhauste bategatik, eta legez arauhauste hori prebenitzeko betebeharra zeukalako besterik ez, eta, gainera, betebehar hori dela-eta arrazoiak agintzen duen guztia egin duen edo ez kontuan hartu gabe; orduan, besteren baten egiteengatik erantzukizun objektiboa ari gara ezartzen, eta horrek zuzenbidea ezereztatzea dakar «ius puniendi» delakoari dagokionean.

      1. atal honetako 3. zenbakian erruduntasunaren printzipioa egokitu egin nahi izan dugu, hain zuzen ere, arauhausteak pertsona juridikoei inputatu behar zaizkienerako. Egokitu behar hori Konstituzio Auzitegiaren doktrinak dakar. Doktrina horrek dioenez, pertsona juridikoek arauak hausteko duten gaitasuna onartu izanagatik ere, horrek ez du esan nahi erruduntasun-printzipioa kanpoan utzi behar denik, baizik eta printzipioa gaitasun horren berezitasunetara egokitu behar dela. Pertsona juridikoei, definizioz, ezin zaie erruduntasun-judiziorik egin, eta, beraz, judizio hori pertsona juridikoen «borondatea» zehazten dutenei egin behar zaie derrigorrez. Pertsona fisiko horien ekintzak, pertsona juridikoen baliabide diren aldetik egin badituzte, pertsona juridiko horiei inputatzen zaizkie. Baina inputazio horrek zigor-mailako ondorioak badakartza, orduan ekintza horiek tipikoak, zuzenbidearen kontrakoak eta errudunak izan beharko dute.

        Halako kasuetan, jakina, pertsona juridikoa inputatu ahal izateko, hautsi den arauak pertsona juridikoari berari zuzenduta egon behar zuen. Eta, hortaz, pertsona juridikoaren bitartekari den pertsona fisikoak araua hausten badu, pertsona juridikoak hautsi du.

      2. atalean halako praktika bat jaso dugu, ondo erabiliz gero mesedegarria gerta daitekeena segurtasun juridikoaren ikuspuntutik. Erruduntasun eta erantzukizun pertsonalaren printzipioak errespetatzen baditugu eta egilearen kontzeptua (dogmatika penalak gai hori dela eta emandako azalpenak) kontuan hartzen badugu, arlokako legeek erantzuleak abstraktuki zehazteak zehaztasuna eta segurtasuna dakar. Izan ere, arauhausteen izaera, arauhaustea tipifikatuta duten arauen helburua eta kasuan kasuko arloaren berezitasuna ezagutzea da bermerik onena arau horiek nori zuzenduta dauden ondo zehazteko, eta, beraz, arauhausteen erantzuleak nortzuk diren zehazteko. Baina zehaztasun penal horrek ez ditu, erangikorrago jardun nahia dela eta, printzipio horiek bazterrean utzi behar. Horixe da ebitatu behar duguna.

        3 atala konfiskazioari buruzkoa da. Kode Penalaren bide beretik, zigorraren ondorio gehigarria da.

        Konfiskazioa ez da zigorra, baina bai zigorraren ondorio gehigarria. Horrek, alde batetik, zigorra larriagotu egiten duela esan nahi du, eta, bestetik, arauhaustearen ondorioa dela. Ondorioz, legezkotasun-printzipioaren bermea (bai alde formala bai materiala) konfiskazioaren kasuan ere bete behar da. Horregatik, hain zuzen ere, prezeptuko lehen zehaztapena.

        30/1992 Legeko 130.2 atalean jasota dagoen arauaren zatirik oinarrizkoena lege honetara ekartzea, horixe da 12. atalak egiten duena. Arau hori garatu, garatu behar da, baina ez lege honetan, arau hori erreposizio eta kalte-ordainetarako betebeharrei buruzkoa baita, eta gai horiek arautzeko aginpide guztiak, Auzitegi Konstituzionaleko doktrinaren arabera, Estatuarenak baitira, legedi zibilaren barruko gaiak direlako. Baina, hala ere, gomendio bat behinik behin egin dezakegu, hau da, prezeptua aplikatzerakoan gerta daitezkeen zalantzak direla eta, estatu-mailako araurik ez dagoenez justu gai horren gainean, delitu edo faltek dakarten erantzukizun zibilari buruz Kode Penalak dioenari kasu egitea; horixe da gure gomendioa, betiere, administrazio-mailako zigorgintzak eskatzen dituen ñabardurak ere kontuan hartuta.

      1. atalaren bidez lortu nahi dugun helburua hauxe da: kalifikazio juridikoa egiteko orduan azalpen tipikoan agertzen ez den kontzeptu, irizpide edo elementurik ez erabiltzea. Irizpide horietako bat gertakarien larritasuna da, behin eta berriz erabiltzen dena nahiko sarri: arauhaustea kalifikatzeko, zigorra mailakatzeko eta ondorio gehigarriak zehazteko.

      2. atalean, lehenengo eta behin, zigorrak ezartzea dela-eta legezkotasun-printzipioak zer dioen jaso dugu. Gero, zigorra erantzukizuna aldatzen duten inguruabarren arabera zehazteko arau jakin batzuk eman ditugu. Aginduaren iturri nagusia Kode Penaleko 66. eta pareko atalak dira, ez delako, azken batean, erruduntasunaren arabera nori bere zigorra ezartzeko printzipioaren funtsa islatzeko modu hoberik aurkitu.

        Egoera ekonomikoa kontuan hartuta nori bere zigorra ezartzeko printzipioa jaso dugu 15. atalean. Printzipio hori 1973ko Kode Penalean ere ageri zen, eta orain kontua lege honetan jasotzea da. Egungo Kode Penalean, gainera, beste era batera emanda dago, indar handiagoarekin eta zehatzago: zigor ekonomikoak zehazteko orduan (isun penalak), zigortuaren egoera ekonomikoa kontuan hartu behar da. Inguruabar horrek ez du erruduntasunean inolako eraginik; ez du ekintza zuzenbidearen kontrakoa den edo ez zehazteko balio; zigor-mailako erantzuna dela-eta legearen aurrean denak berdinak garela dioen printzipioak eskatzen du inguruabar hori kontuan hartzea.

        Halaxe da: zigorra gogorragoa edo bigunagoa izango da, jasaten duenaren egoera ekonomikoaren arabera, eta, beraz, zigorra zehazterakoan ez badugu inguruabar hori ere kontuan hartzen, eta betiere erruduntasun-maila alde batera utzita, arauhauste berberaren aurrean pertsona batzuek beste batzuek baino presio handiagoa jasan beharko dute zigorraren aldetik (praktikan zigor larriagoa jasoko dute, nahiz eta formaren aldetik berbera izan). Beste alde batetik, printzipio horrek, hau da, egoera ekonomikoaren arabera nori bere zigorra dagokiola dioen printzipio horrek, balio du zigor-mailako erantzunaren helburuetako bat, prebentzioa alegia, hobeto betetzen laguntzeko ere.

        Oso gauza desberdinak dira zigorra zehazteko orduan zigortuaren egoera ekonomikoa ere kontuan hartzea eta zigortuaren erruduntasun-maila edo bere ekintza noraino den zuzenbidearen kontrakoa edo larria, eta horrexegatik hain zuzen ere, zerikusirik ez dutelako, Kode Penalean bata bestetik bereizita ageri dira isunaren egun-kopurua, faktore horiek kontuan hartuta zehazten dena, eta, beste alde batetik, egun bakoitzean ordaindu beharreko kopurua, zigortuaren egoera ekonomikoa bakarrik kontuan hartuta zehazten dena. Baina lege honetan ez dugu formula penal hori erabili, banaketa hori beste era batera adieraztea egokiagoa iruditu zaigu-eta, hau da, honako bi pauso hauek ondo bereiztea iruditu zaigu onena: zigorra erruduntasun-mailaren arabera zehaztuko da, eta gero zigor hori egokitu egin beharko da zigortuaren egoera ekonomikoaren arabera. Bigarren pauso hori lehenengoaren atzetik egin beharko da, eta biak ere, bata bestetik bereizita.

        Bada beste berezitasun handi bat Kode Penalaren eta lege honen artean: lege honen arabera, aldatzea ez da zigorra egokitzeko bide bakarra, azkena baizik. Hau da, lehentasuna emango zaio exekuzioa zatikatu eta eteteari.

        «Non bis in idem» printzipioa errespetatuko bada, ezin da arau edo arauhausteen konkurtsorik gertatu, bereizi egin behar dira. Eta horretara zuzenduta daude, lege eta doktrina penalak iturri hartuta, 16 eta 17. atalak.

        1 atalean, penaleko arau bat baino gehiago batera bete daitekeenean erabakia nola hartu jakiteko arau klasikoak jaso ditugu (jurisprudentziak aplikatu zituenak aurreko Kode Penala indarrean zen bitartean eta egungo Kode Penalak berariaz jaso dituenak).

        2 atalean arauen konkurtsoak eta arauhausteen konkurtsoak -konkurtso idealak batez ere- bereizteko irizpide bat eman dugu. Irizpide horren bitartez, alde batetik, «non bis in idem» printzipioaren eskakizunei erantzuna eman nahi izan diegu, baina, beste alde batetik, gertakari edo ekintza batek, arauhauste bat baino gehiagoren barruko kasuen artean dagoela eta, benetan arauhauste bat baino gehiago baldin badakar, halakoetan inpunitaterik ez izatea lortu nahi dugu.

        Prezeptu honen arabera, batera aplika daitezkeen arau tipifikatzaileen artean zein aplikatu jakiteko ez da funts diferentea duten edo ez kontuan hartu behar bakarrik. Bada beste gorabehera bat maiz gertatzen dena eta kontuan hartu behar dena aurrekoarekin batera, hau da: tipoak neurri handi batean bat datozenez, diferentziak txikiak izaten dira funtsaren aldetik, edo, bestela esanda, denek, zati handi batean, babes berbera eskaintzen dute. Prezeptu honek, beraz, lege-aplikatzaileari gorabehera hori ere kontuan hartzeko aukera ematen dio, eta legegileak jakin ere jakingo du, horrela, tipoetako bat aplikatzea nahikoa dela gertakariari legeen aldetik egotz dakiokeen guztia egozteko.

        1 atalean arauhausteen konkurtso erreala izenaz ezagutzen dena jaso dugu (gertakari bat baino gehiago-arauhauste bat baino gehiago). Lege-mailako ondorio modura, zigorrak ere pilatu egingo dira, atalean bertan jartzen duenez.

      1. ataleko 2. zenbakian doktrina penaleko honako hiru figura hauek jaso ditugu: konkurtso ideala, mediala eta arauhauste jarraia. Hiru figura horiek, hala ere, ez ditu Kode Penalean bezala garatzen. Kode Penalaren arabera, pena bakar bat ezarri behar da, larriagotua izango dena eta objektiboki ezarrita egongo dena. Hau da, egozgarritasun txikieneko kontsiderazio orokor eta abstraktu batetik abiatzen da eta penaren helburu errehabilitatzailearekin zerikusia duten politika kriminaleko irizpideak hartzen ditu kontuan, eta helburu horren arabera, ezin da, penak bata bestearen atzetik pilatuta, kondena neurrigabea ezarri. Lege honetan, ordea, errehabilitatzeko helburua administrazio-mailako zigorretatik kanpo geratzen denez, ez da baztertu zigorrak pilatzeko aukera. Baina, pilatzekotan ere, arauhauste bakoitzerako ezarritakoen artetik arinenak aukeratu beharko dira. Eta baldintza bat ere ezarri da: ekintzaren batasunak eta arauhaustearen jarraipenak, arauhausteak bat baino gehiago izanda ere, egozgarritasun txikiagoa izan behar dute. Irizpide hori 16.2 atalean jasotakoarekin lotuta dago, eta batera hartu behar dira.

      1. ataleko 3. zenbakiaren bidez, berriz, Kode Penaleko 76. atalean jasota dagoenaren moduko ñabardurak bazterrean utzi nahi izan ditugu. Izan ere, halako ñabardurak ez datoz erruduntasunaren arabera egindako mailaketaren ondorioz, errehabilitatzeko funtzioa baloratzearen ondorioz baizik, eta administrazio-mailako zigorrek ez dute helburu hori betetzen.

        Ikusi dugunez, 16 eta 17. ataletan «non bis in idem» printzipioa jaso dugu ikuspuntu jakin batetik begiratuta: zein arau aplikatu eta erantzuteko zein zigor ezarri aukeratzea, kontuan hartu gabe lehenagotik beste zigortzeko ekintzarik baden edo ez gertakari eta pertsona berberen inguruan. Horixe da printzipioaren alderik ezagunenak dioena. Baina hori 18. atalean jaso dugu. Orain, 18. atal hori azaltzen saiatuko gara:

      1. zenbakian printzipioa bera azaldu dugu, 30/1992 Legeko 133. atalean ageri den bezala.

      2. zenbakian, funts berberaren kontzeptua nola aplikatu jakiteko jarraibide zehatz bat ematen saiatu gara. Kontuan hartu beharrekoa ez da bakarrik tipoen konfigurazioa eta babes-helburua geroko zigor-mailako erantzunaren proportzionalitatea ere kontuan hartu behar da. Konstituzio Auzitegiaren 154/90 eta 234/91 epaietan datorren doktrinaren arabera, proportzionalitate-printzipioa «bis in idem» delakoaren debekuaren oinarrietako bat da (beste bat segurtasun juridikoaren printzipioa izango da), eta, beraz, debeku hori noraino iristen den zehazteko orduan ere oinarrizko elementuetako bat izango da. Lehenago aplikatutako tipoak emandako babesa eta orain aplikatu nahi denak ematen duena berberak baldin badira (berberak direlako bai kontuan hartutako ondasun juridikoak bai gainditu nahi diren arriskuak), orduan argi dago: funtsa berbera da eta ezin da zigor bat baino gehiago ezarri. Baina kontrako kasuan, ondasun juridikoak edo arriskuak berberak ez badira, orduan ez dago hain argi, diferentzia horiek beste zigor bat merezi ote duten ikusi beharko da eta. Azterketa egin eta emaitza ezezkoa bada, eta, hala ere, zigor bat baino gehiago ezarriko bagenu, proportzionalitate-printzipioa hautsiko genuke. Printzipio hori «non bis in idem» delakoa ulertzeko erabiltzen badugu, gero zigorrik ekarriko duen bestelako funtsik ez dagoela ikusiko dugu azkenean.

      3. zenbakiaren bidez, apur bat sakonago aztertu nahi izan dugu proportzionalitate-printzipioa, betiere, zigor-aniztasunaren gaiaren iturrietako bat den aldetik. Abiaburu modura, funts bakarra baino gehiago dagoela eta, beraz, zigorra ezartzeko aukera ere badagoela planteatu dugu. Baina aukera hori murriztu eta ezerezera eraman ere egin daiteke, aurretik izan den zigorrak ematen duen babesaren arabera, hau da, babes horrek gero emandako zigorraren babes-helburua betetzeko zenbateraino balio duen kontuan hartuta. Prezeptu honen atzetik honako kasu hau dago, sarri gertatzen dena: tipo batzuek eskaintzen duten babesa berbera ez izan arren, kasu batzuetarako berdin-berdin balio du.

      1. atalean, erantzukizuna desagertzea dakarten arrazoi klasikoak jaso ditugu.

        20 eta 21. ataletan indultuaren eta ordezpenaren oinarrizko alderdiak arautu ditugu. 1870eko legea hartu dugu oinarritzat, baina administrazio-arloaren berezitasunetara egokitzen saiatu gara.

      1. atalean arauhauste eta zigorren preskripzioa arautu dugu, eta 30/1992 Legeko 132. atalean jasota dagoen bezala arautu ere. Beste ezer gehiago gehitu badugu, prezeptu hori logika-legez argitu eta garatzeko izan da. Horrenbestez, 3. zenbakiko bigarren lerroaldean eta 5. zenbakiko hirugarren lerroaldean, praktikan sarri gertatzen diren egoera batzuei erantzuna eman nahi izan diegu, betiere, preskripzioak zigorgintza alde batera uztea dakarrela kontuan hartuta. Eta 3 eta 5. zenbakien lehen lerroaldean egin dugun aldaketa txikia dela eta, berriz, segurtasun handiagoa lortu nahi izan dugu prozedura gerarazteko erabakiaren eta geroko ondorioen inguruan.

        Neurri batean berritzailegoa da, ez hala ere 30/1992 Legeko 32. atala garatzeko bidea gainditu zalea, 2. zenbakiko azken zehaztapenean jaso dugun araugintza-lana. Arauhauste etengabe deritzenen kasuan preskripziorako «dies a quo» delakoaren arazoari jurisprudentziaren batean zein konponbide eman izan zaion azaldu dugu zehaztapen horretan. Arauhauste etengabeak gertatzen dira ekintzaren bat edo omisioren bat denboran barrena luzatzen denean, arauhauste bat baino gehiago eragin gabe.

        Hirugarren atalburua jardunbideari buruzkoa da, eta bi sekziotan dago banatuta, bata xedapen orokorrei buruzkoa eta bestea jardunbidea bera zehazten duena.

        «Ius puniendi»a gauzatzeko behar diren jardunbideko bermeak -interesatuen eskubideak behar bezala zaintzea dela eta- jardunbidearen Administrazio Zuzenbidean jasota daude dagoeneko: bai lege-testuetan eta baita lege horiek Konstituzioarekin bat datozen jakiteko normaltasunez egiten ari diren interpretazioetan. Dagoeneko indarrean dagoenetik abiatuta eta hori oinarri hartuta, zehaztea eta osatzea da lege honen asmoa, betiere orekaren bila: batetik, zigortzeko ahalmenak eraginkorra izan behar du, hau da, defendatzen dituen eskubide eta baloreak garrantzitsuak dira eta eraginkortasunez babestu behar dira, baina, bestetik, jardunbideak eragiten dion herritarraren eskubideen funtsa ere errespetatu behar du. Hori dela eta, zioen adierazpen honetan eman beharreko azalpenak bigarren atalburukoak baino laburragoak izango dira, gairik adierazgarrienak bakarrik aipatuko direlako.

        Sustantiboaren esparruan besterik gertatu bada ere, jardunbidearenean, arlokako zigor-erregimena osatzen duten arauek ez dute inolako interbentziorik izan behar; hala uste da. Eta, hain zuzen ere, lege honen helburuetako bat jardunbideari buruzko hainbeste arau egoteari amaiera ematea da, ugaritasun horrek segurtasunik eza baitakar, eta ez baitio mesederik egiten jardunbidearen eginkizunari. Horren ondorioz, 23. atalak dioen bezala, atalburua jardunbide guztiek bete beharrekoa izango da eta ez dira arlokako arauak aipatzen, 2.1 atalean hala egiten bazen ere.

      1. atalean berrikuntza txiki bat jaso da, indarrean dauden Estatuko edo autonomia-erkidegoetako arauen antzeko erregulazioekin alderatuta. 1. zenbakiko bigarren lerroaldean jasota dagoenez, jakinarazi beharra administrazio-jardunbideak aipatzen dituen gertakarien ondoriozkoak diren gertakarietara ere zabalduko da, baldin eta horietaz prozesu penalen bat hasita badago, eta hau da horrela jardutearen arrazoia, alegia, gerta liteke administrazio-arauhauste baten ondorioz delitu edo falta penalen bat burutzea, eta, hori dela eta, gertakariak zeintzuk izan diren aztertu beharra egotea prozesu penalean. Horren erakusle, esate baterako, kontsumitzailearen defentsa dela-eta sor daitezkeen arauhausteak daude, arauhaustea dela-eta pertsona jakin batzuen integritate fisikoari kalte egin diotenak eta, ondorioz, ez-zilegitasun penalak direnak.

      1. atalak antolakuntzari buruzko araua izatea du helburu, «non bis in idem» printzipioa bete dadila errazteko. Arau hori erregelamendu bidez garatu beharra dago jakinarazteko eta koordinatzeko moduari dagokionez, baina, hala ere, berehala saiatu beharko litzateke duen helburua lortzen, eta, horretarako, «ad hoc» sortu beharko litzateke jakinarazteko eta koordinatzeko metodoa.

      1. atalak inpartzialtasunaren printzipioa zehaztu nahi du, bidezko muga batzuen barruan, hain zuzen ere zigortzeko jardunbideei hasiera eman, jardunbide horiek tramitatu eta ebazpena ematea dela-eta dauden harremanetan.

        Gure ustez, izapideari hasiera ematen dion organoa eta ebazten duen organoa ezberdina izateak ez du inola ere konpontzen organo ebazlearen inpartzialtasunaren edo inpartzialtasun-itxuraren auzia. Izan ere, jardunbideari hasiera emateak ez dakar ez akusazioa, ez ikertzea eta ezta, ondorioz, gertakariak zeintzuk izan diren jakiteko aukera izateagatik partzialtasuna dagoela argudiatu ahal izatea ere, batik bat kontuan izanik lege honetan aldez aurretiko egintzen tramitea alde batera uzten dela. Kontrakoa gertatzen da, bereizketa egiteak distortsioak sortzen ditu antolaketan.

        Esan berri duguna garrantzitsua bada ere, arazo nagusia jardunbidearen instrukzio edo tramitazioaren eta ebazpenaren artean dagoen harremana da. Gai hori dela eta, legearen ustez fase bakoitza organo ezberdinen esku uzteak ez dakar inpartzialtasuna, eta bai, ordea, eraginkortasunari kalte egitea zigortzeko ahalmena gauzatzeko orduan.

        Hasteko, administrazioaren zigortzeko ahalmenak dituen ezaugarri bereziak direla eta, ezinezkoa da prozesu penalaren esparruan egin den bereizketa (instrukzio-fasea/judiziamenduaren fasea), kontaminazio judiziala ekiditeko egindako bereizketa, administrazioaren esparrura ekartzea, besterik gabe. Administrazioak duen antolaketa bereziagatik eta prozesu penalaren eta zigortzeko jardunbidearen artean dauden aldeengatik, parekatze bera egin nahi izatea zentzurik gabeko eginkizuna da. Konstituzio Auzitegiak berak zalantzan jarri du aipatzen ari garen inpartzialtasun-printzipioaren ikuspegia Administrazioko Zigor Zuzenbidean ezartzea (hauxe dio 60/95 Epaiak: «Kausaren instrukzioa egin duen epaile berak ez epaitzeko eskubidea oinarrizko eskubidea da, eta eskubide hori dela eta... esan dugu prozesu penal akusatorioaren oinarrizko bermeen baitako kontua denez, ez dela nahitaez antzeko beste prozesu batzuetara hedatzeko modukoa, eta antzeko horien artean dago administrazioko zigor-jardunbidea...»). Esandako guztiagatik, lege honetan 30/1992 Legearen 134.2 atalean agintzen den faseen bereizketa errespetatzen duen formula jaso da, eta, inpartzialtasuna lortzeko joerarekin, zigortzeko jardunbidearen ezaugarrietara egokitu da formula hori.

        Alde batetik, izapideak egiteko lana lan tekniko eta juridikoa da. Izapidegilearen eginkizuna ez da gertakariak ikertu eta zehaztea bakarrik; izan ere, zigor-organoaren erabakia ere prestatzen du, benetako laguntzaile teknikoaren lana eginda. Hori dela eta, eginkizun hori teknikari batek eraman behar du aurrera. Gainera, zigor-organoa ezin da egon instrukzio-lanean egiten denaz ezer ere jakin gabe, lan horrekiko nolabaiteko kontrola izan behar du, eta hori asko zailduko litzateke instrukzioa egitea eta ebazpena ematea organo ezberdinen esku egongo balitz. Beste alde batetik, zigortzeko jardunbidean, inpartzialtasunak ez du soilik esan nahi instrukzioa egiten duenak ez dezala ebatzi eta ebatzi behar duena ez dadila neurri batetik aurrera instrukzioan sartu (hori bermatzea ez da, jardunbide honen barruan, zailegia ere), baizik eta beste zerbait ere esan nahi du, alegia, instrukzioa egiten duenak ez duela ebazteko gaitasuna duenaren menera edo pertsona horrek baldintzatuta egon behar. Hori da gakoa, zigor-jardunbidea prozesu penaletik bereizten duena; izan ere, prozesu penalean ez da arazo hori sortzen, antolaketa judizialak dituen ezaugarriengatik.

        Gorago esandako guztia kontuan izanda, formula erraza da: instrukzioa egitea funtzionario baten betekizuna izango da, baina eginkizun hori aurrera eramateko independentzia izango duela bermatuko da.

        Esperientziak erakutsi duenez, inpartzialtasunaz gainera, instrukzioaren kalitate tekniko eta juridikoa hobetzea ere komeni da, horrek, azken batean, zigortzeko ahalmenaren pean dauden herritarren eskubideak hobeto babestea ekarriko baitu. Eta horren ondorioa da legean administrazioko unitate bereziak aipatzea, sistema horren bidez instrukzioa egingo duten funtzionarioak egokiago prestatuko direla uste baita. Dena den, legeak horretan gomendio edo iradokizuna baino ez du egiten, prestakuntza tekniko egokia beste bide batzuetatik ere lor daitekeela pentsatzen da eta.

        Esan denez, zigor-organoa ezin da geratu instrukzioan egiten denaz ezer ere jakin gabe. Zigor-jardunbidean ez dagoenez ahozko judizioaren faserik, eta fase horretan laburbiltzen denez judiziamendua bera eta hor gauzatzen denez batez ere defentsa-eskubidea, zigor-organoak, bera denez zigortzeko ahalmenak ematen duen judizioa gauzatzen duena, ahalbideak eduki behar ditu interesatuen defentsa egokia bermatzeko instrukzioan zehar. Horrek ez du esan nahi instrukzioa zigor-organoak egin behar duenik, alderdien defentsa-eskubideei dagokienean izapidegilearen jarduna kontrolatu behar duela baizik. Kontrol hori nolakoa izango den zehaztea zailagoa izango litzateke izapidegilea beste organoren bat izango balitz, eta ez funtzionarioa, eta kasu honetan 41. atalean zehaztu da, izapidegilearen independentzia inola ere oztopatu gabe. Kontrolaren helburu bakarra izapidegilearen erabaki batzuek interesatuen defentsa-eskubidea arrazoirik gabe ez mugatzea da.

        Era berean, zigor-organoak izan behar du kautelazko neurriei buruzko erabakia hartu behar duena, horrek dakarren eskubideen mugatzea ezin baita instrukzioa egingo duen funtzionarioaren esku utzi. Konstituzio Auzitegiaren 60/95 Epaian esaten denez, ebazpena emango duen organoak kautelazko neurriak hartzeak ez dakar partzialtasun susmoko kontaminaziorik, ondorioa ez delako gertakariak ikertzea edo erakustea. Beraz, alde horretatik ez dago eragozpenik zigor-organoak kautelazko neurriak hartuta jarduteko.

        30 eta 35. ataletan prozesu penaleko akusazio partikularraren baliokidea jarri nahi da indarrean.

        Ez da ikusten arrazoirik bidezko interesa deitutako kontzeptuak izan dezakeen indarra mugatuta uzteko zigortzeko administrazio-jardunbidean. Herritarrak ez du zigortzeko eskubiderik, baina ez-zilegitasun penal edo administratiboaren biktima izan daitekeenez, interes garbia du botere publikoei zigortzeko duten boterea gauzatu dezatela eskatzeko eta, bereziki, hori gauzatzeko dagoen jardunbidean parte hartzeko. Administrazio-arauhausteak kalte egin diezaieke norbanakoaren eskubide eta interesei, eta kalte hori delitu edo falta penaletakoa bestekoa izan daiteke (interes orokorrari beti egiten zaion kaltearekin batera); ondorioz, ez da erraz ulertzen administrazioko zigor-jardunbidean zergatik ageri diren soilik interes orokorra eta inputatuaren interes partikularra.

        30/1992 Legeko 31. ataleko 1. zenbakiko b) eta c) letretako egoerak zigortzeko jardunbidetik kanpora geratu dira, baina horretarako arrazoiak daudelako egin da hori. Batetik, zigor-jardunbidean ez daudelako beharrezkoak diren interesatuak, zigorra eskatzeko eskubide indibidualik ez dagoenez gero, eta, jardunbide horren barruan, arauhaustetik sortutako kalte indibidualak ordaintzeko eskatzerik ez dagoenez gero. Bestetik, hainbat akusatzaile egotea -aldez aurretik administrazioko zigor-jardunbide bat dagoela oinarri hartuta- saihestu nahi da.

        Oinarri gabeko akusazio partikularrik ez egotea nahi du legeak, edo defentsa behar bezala egiteko beharrezkoak diren datuak ez dituzten akusazio partikularrak saihestu nahi ditu. Horregatik, akusazioak onartzeko tramitea jarri da, onartzeko oso baldintza gogorrak dituena.

        Kautelazko neurriak hartzea ez dator bat errugabetasun-presuntzioarekin, eta herritarraren beste eskubide batzuk ere mugatzen ditu. Ondorioz, oinarri sendoa behar da, Konstituzioko baloreak eta eskubideak betetzea dela edo inputatuaren defentsa ziurtatuko duten jardunbideko bermeak direla eta. Esandako hori gogoan izanda, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako arauetan gai horretaz dagoeneko badagoena osatzen dute 31 eta 32. atalek.

        Hirugarren atalburuko gainerako atalek jardunbidearen «iter»a jaso dute, eta hauxe da aipagarriena:

        Hasiera emateko egintza bat finkatu da. Egintza horrek bere edukiaren eta aurkeztu behar diren agirien bidez inputatuari defentsa-eskubidea aurrera eramateko aukera ematen dio jardunbidea hasten den unetik bertatik (36. atala); hori horrela egitea printzipio akusatorioak berak eskatzen du, eta prozesu penalaren instrukzio-fasean ere ageri da printzipio hori (Konstituzio Auzitegiaren 32/94 Epaia). Dena den, horren premia handiagoa ikusten da zigortzeko administrazio-jardunbidean, hor ez baitago alderdi guztiak elkartzen diren une edo faserik.

        Modu berezian azpimarratzen da ebazpen-proposamenak eta behin betiko ebazpenak arrazoitutakoa izan behar duela, eta garbi uzten da praktikatutako frogen balorazioa jaso behar dela ebazpen horretan, hau da, arauhaustea egon dela, egilea zein izan den eta zigor zehatza nahiz arauhaustearen beste ondorio batzuk zehazteko aukera eman duen frogen balorazioa jaso behar da.

        Jardunbidea malgua izateko, izapidegileari frogaldia eta alegazioen epeak laburtu edo luzatzeko aukera eman zaio, tramiteren bat kentzeko aukera eman ordez. Izan ere, interesatuen defentsa behar bezala egiteko eta jardunbidearen helburua lortzeko, uste da beharrezkoak direla tramite horiek guztiak (40. atala).

        Zigor-organoak auziperatzeko duen gaitasunaren eta printzipio akusatorioa eta defentsa-eskubidea gorde beharraren arteko oreka bilatzen saiatu da 43. atala.

  1. atala.– Ezarpen-eremua.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoan zigortzeko ahalmena duten ente guztiek ezarri beharko dute lege hau, erakunde komunek araugintzako eskumena duten arloetan, eskumen hori erabatekoa izan edo Estatuarekin edo lurralde historikoetako organoekin banatutakoa izan.

  2. – Lege honen ezarpen-eremutik kanpo geratuko da administrazio publikoek haien zerbitzura dauden langileekiko edo administrazioarekin kontraturen bat duten langileekiko duten diziplina-ahalmena.

  1. atala.– Printzipioak eta integrazioko arauak.

  1. – Zigortzeko ahalmena gauzatzeko, printzipio hauekin bat etorri beharko da: 30/1992 Legearen IX. idazpuruko I. atalburuan, edo atalburu hori ordeztuko duen Estatuko legedian ezarritakoekin, lege honetakoekin nahiz lege hau garatuko duten arauetakoekin eta egongo diren zigor-erregimenetan ezarritako arlokako arauetakoekin.

  2. – Atalburu horretan, lege honetan, lege hau garatuko duten arauetan edo egongo diren zigor-erregimenek ezarriko dituzten arlokako arauetan esandakoa jarraituz ezin baldin bada sortutako arazoren bat konpondu, zigortzeko ahalmenaz baliatuta, orduan Kode Penaleko kasuan kasuko arauak ezarriko dira, betiere arauhastearen eta dena delako alorreko arlokako araudiaren ezaugarriekin eta helburuarekin bateragarriak baldin badira.

  3. atala.– Erruduntasuna.

    Ez da zigorrik ezarriko dolo edo zuhurtzigabekeriarik egon ez bada, azken horretan ez betetze hutsa barne dela.

  4. atala.– Tipizitatea.

  1. – Egongo diren zigor-erregimenak eratuko dituzten arlokako legeek eta foru-arauek ahalik eta zehatzen tipifikatuko dituzte egongo diren arauhausteak, eta maila hauetan sailkatuko dituzte: oso larriak, larriak eta arinak, betiere babestu beharrekoak diren ondasun juridikoen garrantzia kontuan izanda eta tipifikatu diren jarreren ondorioz izan daitekeen lesioa edo lesio-arriskua kontuan izanda.

  2. – Zigor-erregimenak eratzeko orduan, lege penaletan finkatutako delitu edo faltek duten egitatezko kasu beragatik eta oinarri beragatik beste arauhauste batzuk tipifikatzea saihestuko da. Gauza bera gertatuko da zigortzen duten beste administrazio-arau batzuekin, hau da, ez dira arauhauste berak berriz tipifikatuko.

  3. – Oinarria bera dela pentsatuko da administrazio-arauhaustea tipifikatzean babesten den ondasun juridikoa eta babes horrek erreferentziatzat duen arriskua aurretik dagoen aukera penal edo administratiboaren berbera baldin bada.

  1. atala.– Zigorgarritasuna.

  1. – Burututako arauhausteak baino ez dira izango zigortzeko modukoak.

  2. – Arauak hausteko konspirazioa, proposamena eta probokazioa ez dira zigortuko. Era berean, arauak hausteko apologia egitea ere ez da zigortuko.

  1. atala.– Erantzukizunetik salbuesteko arrazoiak.

  1. – Erantzukizunetik salbuestea dela eta, zigortzeko arauetan salbuesteko ezarriko diren arrazoi zehatzak kontuan izanda ere, Kode Penalean jasota dauden egoerak ezarriko dira, baldin eta kasuan kasuko arauhaustearen eta kasuan kasuko arlokako araudiaren ezaugarriekin eta helburuarekin bateragarriak badira, eta, hala egokituz gero, araudian zehaztutako matizazioekin bateragarriak badira.

  2. – Tipoko elementu batean edo arauhaustea izan den egintzaren ez-zilegitasunean izandako akatsak ez du erantzukizunetik salbuetsiko, saihestezina izan den kasuan izan ezik. Saihesteko moduko akatsa aringarria izango da, zuhurtzigabekeriaren zenbaterainokoa murriztea eragin badezake horrek. Aplikatu den arauhaustean doloa ere egon bada, saihesteko moduko akatsa egoteak ere erantzukizuna izatetik salbuetsiko du.

    Inguruabar astungarriren batean akatsa egon bada, ez da kontuan hartuko, saihestezina baldin bada. Saihesteko modukoa baldin bada akatsa, ondorio aringarria eduki ahal izango du, inguruabar astungarria kontuan izatearekin lotura duen zigor-tramoan.

  3. – Zigortzeko arlokako arauek, kasuan kasuko arlokako araudiaren ezaugarriak eta helburu zehatza kontuan izanda, eta adin txikikoei araudi horretan onartzen zaien jarduteko gaitasuna kontuan izanda, arauhauste baten erantzule izateko gutxieneko adina zein den zehaztuko dute. Gaiaren inguruan ezer ere erabakitzen ez den artean, 14 urtez beherakoak ez dira erantzule izango.

  1. atala.– Erantzukizuna aldatuko duten inguruabarrak.

  1. – Zigortzeko arlokako arauetan ezarritako inguruabarrak hartuko dira kontuan. Dena den, Kode Penalean jasota dauden inguruabar aringarriak ere kontuan izango dira, 6. atalean aipatzen diren baldintzak beteta.

  2. – Hori horrela izanik ere, aringarri moduan kontuan eduki beharko da arauhauslearen erantzukizuna txikiagoa izatea eragingo duen edozein inguruabar, Kode Penalean edo ezartzekoa den zigor-erregimena eratzen duten administrazio-arauetan berariaz jasota daudenekin analogia izan edo izan ez arren dena delako inguruabarrak. Hala ere, ondorio aringarririk dagoen edo ez jakin eta arintze hori zenbaterainokoa den ikusteko, arauhauste zehatza nolakoa den edo zein helburu zuen jakin beharko da, eta baita zein arlotako zigor-erregimena dagokion ere.

  3. – Ezin izango da astungarri moduan kontuan hartu lege honetan edo ezartzekoa den zigor-arauan berariaz jaso ez den inguruabarrik.

  4. – Arauhausteak doloz burutzea astungarria izango da dagokion arlokako zigor-legeak horrela adierazten duenean. Doloa inoiz ez da astungarri izango, inplizituki edo esplizituki, arauhauste-tipoaren osagaia bada.

  5. – Izandako zuhurtzigabekeria zenbatekoa den kontuan edukiko da, erantzukizuna arintzeko edo astuntzeko.

  6. – Beti ondorio aringarria izango du errugabetzeko arrazoiren bat egoteak, arauak errugabe uzteko eskatzen duen baldintzetakoren bat betetzen ez bada.

  7. – Era berean, inputatuak gertakariak argitzen laguntzen baldin badu, hori ere inguruabar aringarritzat hartuko da.

  8. – Arauhauste-tipoan ageri diren ekintzak edo omisioak denboran zehar mantentzeko modukoak baldin badira edo hainbat pertsonari eragiteko modukoak baldin badira, eta denbora hori benetan igarotzeak edo hainbat pertsonari benetan eragin izanak ez badakar tipoaren aplikazio anitza, inguruabar horiek eragin astungarria izango dute.

  1. atala.– Pertsona erantzuleak.

    Arauhausteen erantzule arauhaustea burutu duten pertsonak baino ez dira izango.

  2. atala.– Egile izatea.

  1. – Tipifikatutako gertakaria beren kasa, beste norbaitekin batera edo beste norbaitez baliatuz burutzen duten pertsona fisikoak edo juridikoak dira egileak.

  2. – Pertsona hauek joko dira egiletzat:

    1. Arauhaustea burutzeko ezinbestekoa den laguntza eman duten pertsonak.

    2. Beste norbaitek araua hausteari aurrea hartu ez dioten pertsonak, legearen mailako arau batek hala jarduteko aginduta ere.

      Pertsona horiek ez dira erantzule izango, edozein arrazoi dela eta, aurrea hartu beharko lioketen arauhaustea zein den zehaztuta ez badago edo beren ardurapeko pertsonak berak hautsi duela araua frogatu ez bada. Arauhaustea egon bada eta egilea ardurapeko pertsona izan bada, ardura zuten pertsonak erantzule izango dira, nahiz eta egile materiala errudun jo ez, pertsona hori inputabilitatetik edo erruduntasunetik salbuesteko arrazoiren bat dela eta.

  3. – Ustezko erantzulea pertsona juridikoa baldin bada, zigortu nahi den jarduera konkretuan edo omisioan pertsona juridiko haren borondatean eragina izandako pertsona fisikoaren edo pertsona fisikoen aurka burutuko da erruduntasun-judizioa. Kasu horietan ezin izango dira arauhauste beragatik ekintza bera burutu duten pertsona fisikoak zigortu.

  1. atala.– Erantzuleak zeintzuk diren zehaztea.

    Aurreko bi ataletan ezarritakoa errespetatuta, zigortzeko arlokako arauek erantzuleak zeintzuk diren zehaztu ahal izango dute, kasuan kasuko arlokako zigor-erregimenaren ezaugarriak eta helburuak zeintzuk diren kontuan izanda.

  2. atala.– Zigorrak eta konfiskazioak zehaztea.

  1. – Egongo diren zigor-erregimenak eratuko dituzten arauek arauhauste bakoitzari edo arauhausteen maila bakoitzari dagokion zigorra zein den zehaztuko dute, proportzionaltasunaren printzipioa kontuan izanda. Hau da, kontuan izango dira arauhausteen larritasuna eta ezaugarriak eta kasuan kasuko arlokako araudiaren ezaugarriak eta helburua. Gainera, tipifikatutako arauhausteak burutzea dagokien zigorra betetzea baino onuragarriagoa ez dadila izan lortu beharko da, ahal bada.

  2. – Zigor-erregimenek adinez txikikoa den norbait zigortzen baldin badute, eginkizun prebentiboa, hezitzeko eginkizuna eta jarrerak zuzentzekoa bateratzea ahalbidetu beharko du zigorrak.

  3. – Ezartzekoa den zigor-erregimena eratzen duen legeak berariaz jasota baldin badu, zigorrak berarekin batera beste ondorio bat ere izango du, hau da, arauhaustetik datozen gauzak, araua hausteko erabilitako baliabideak edo arauhaustearen oinarria izan diren gauzak nahiz lortutako irabaziak konfiskatzea, edozein izanik ere gauza horiek jasandako aldaketa. Salbuespena egongo da: gauzak, baliabideak eta irabaziak edo horien aldaketak arauhaustearekin zerikusirik ez duen fede oneko hirugarren pertsona batenak izatea, eta legez erositakoak gainera.

  1. atala.– Erreposizioa eta kalte-ordaina.

    Zigor-jardunbidearen ondorioz sortuko diren administrazio-erantzukizunez gainera, bidezkoa izango da erantzukizuna izan dutenei arauhaustearen bidez aldatutako egoera hasieran zegoen egoerara aldatzeko exigitzea eta izandako kalte eta galeren kalte-ordaina ordaintzeko exigitzea.

  2. atala.– Arauhaustea kalifikatzea.

    Kasu bakoitzean arauhaustea zein izan den zehazteko, arauhausteen tipoaren deskripzioan jasotako elementuak baino ez dira hartuko kontuan.

  3. atala.– Zigorraren erregimena eta zigorra ezartzea.

  1. – Legean jasota dauden zigorrak bakarrik jarri ahal izango dira.

  2. – Arauhauste jakin baterako edo arauhaustearen maila baterako legean zigor-mota bat baino gehiago baldin badago jasota, legeak berak berariaz kontrakoa baimentzen ez duen artean, arauhauste bererako aurreikusita dagoen zigorretakoren bat bakarrik jarri ahal izango da.

  3. – Kasu zehatz bakoitzean zigorra zein izango den edo zenbatekoa izango den zehazteko, betiere ezartzekoak diren zigor-arauetan arauhausterako edo arauhaustearen mailarako ezarritakoaren arabera, kontuan izango dira inguruabar astungarriak eta aringarriak.

  4. – Hainbat inguruabar aringarri baldin badaude, edo bakarra baina garrantzi handikoa, eta kasu batean zein bestean erruduntasuna asko murrizten bada, egin den arauhausteari edo arauhausteen mailari dagokion mailakoa baino zigor txikiagoa ezarriko du zigor-organoak.

  5. – Ezin izango da inoiz ere, dauden inguruabar astungarriak kontuan izanda, larritasun handiagoko arauhausteetan edo arauhausteen mailetan ezartzeko pentsatutako zigorrik jarri.

  6. – Inguruabar astungarri edo aringarriak ezin izango dira ezarri, inguruabar horiek edo oso antzeko errealitateari erreferentzia egiten diotenak nahiz ondasun juridiko berari edo antzekoari edo erruduntasunaren antzeko arloari edo arlo berari erreferentzia egiten dioten inguruabarrak ezarriko den arauhauste-tipoaren deskripzioan ageri baldin badira. Era berean, ezin izango dira ezarri arauhausteari erabat lotutakoak badira astungarri edo aringarriak, hau da, bestela arauhaustea burutuezina bihurtzeko besteko lotura dutenak.

  7. – Kasuan kasuko inguruabar aringarri edo astungarriak zenbatekoak diren ezartzeko, inguruabar horiek guztiak ponderatu egingo dira, arauhaustearen eta zigortzeko arlokako erregimenaren ezaugarriak eta helburua zeintzuk diren kontuan izanda, eta egilearen erruduntasunaren graduaren artean eta zigorraren artean proportzionalitatea gordetzen saiatu beharko da.

  8. – Arauhauste baterako edo arauhausteen mailarako aurreikusita dagoen zigorrik larriena ezarri ahal izateko, atal honetako hirugarren eta zazpigarren zenbakietan aipatzen den ponderazioaren emaitza nabarmen eta biziki astungarria izan beharko da.

    Aurreko lerroaldea ezartzea dela eta, ezartzekoa den zigor-erregimenean arau zehatzik ez baldin badago jasota, zigorrik larrientzat, inputatuaren ondare juridikoan eragin kaltegarriena dutenak hartuko dira.

  9. – Erantzuleak arauhaustearen bidez lortutako onura zein izan den, isuna zenbatekoa den jakiteko bakarrik hartuko da kontuan, edo isunaren oso antzeko ondorioak izango dituen zigorra zehazteko, eta hori, zigortzeko arlokako arauan ez baldin bada arauhaustearen ondorioz lortutako gauzak eta irabaziak konfiskatzeko agintzen, edo ezinezkoa bada konfiskazioa aurrera eramatea.

  1. atala.– Zigorra zatitu, eten, murriztu edo ordeztea.

  1. – Zigorra zehaztutakoan, baldin eta aurreko erregelak bakarrik ezarriz ondorioztatzen den zigorra isuna bada, kontuan hartuko da zein den erantzulearen ekonomi egoera, eta kasu egingo zaie egoera horretan eragiten duten norberaren inguruabarrei, familiakoei eta gizartekoei.

  2. – Baldin eta aurreko zenbakiak aipatu bezala egoera haztatu ondoren, ikusten bada aurreko ataletan jasotako erregelak ezarriz ondorioztatzen den zigorrak ez duela proportziorik erantzulearen ekonomi egoerarekin, orduan ondoko zenbakietan jasotako eran jardungo da.

  3. – Isunaren zenbatekoaren ordainketa zatitu egingo da bidezkotzat jotzen den eran; bestalde, denbora-mugari dagokionez, ondoko zenbakiaren lehenengo lerroaldeko azken zehaztapenean finkatutakoa izango da muga.

  4. – Aurreko zenbakian finkatutako zatiketa nahikoa ez bada zigorra erantzulearen ekonomi egoerara egokitzeko, eten egingo da zigor-ebazpenaren betearazpena, bidezkotzat jotzen den eperako. Epe horrek ezin izango du gainditu ezarritako zigorraren edo zigorren preskripzioa aurreikusitako epea.

    Erantzulearen ekonomi egoera etenerako arrazoirik ez izateko hainbestean hobetzen bada, hobetu ere, kendu egingo da zigorraren eten hori. Halaber, administrazio-bideko ebazpen irmo batek berriro zigortzen badu erantzulea, zigorraren etena kendu egingo da, baldin eta eten egindako zigorra edo zigorrak ezarri zizkion arlokako zigor-erregimen bera ezartzen bada. Sortzen den zigor berria ezin izango da eten.

    Zigorraren betearazpena eteten bada, zigorraren preskripzio-epea ere gelditu egingo da, eta epe berria hasiko da zenbatzen, honako epe-hasierak dituela: etete-aldia amaitzen denetik, edo zigorraren etena kentzen denetik, edo isuna murriztu nahiz ordezten duen behin betiko ebazpen osagarria ematen denetik, baina betiere ondoko zenbakietan jasotako kasu eta moduetan.

  5. – Ordainketa zatitzea edo zigorraren betearazpena etetea ezinezkoa bada edo nahikoa ez bada zigor-erantzuna erantzulearen ekonomi egoerara egokitzeko, edo eten-epea igarota etenaren arrazoiak bere hartan jarraitzen badu, murriztu egingo da isunaren zenbatekoa edo beste zigor batekin ordeztuko, baina betiere kasuan kasuko arauhausterako edo arauhauste-mailarako aurreikusitako eremuaren barruan.

  6. – Zigor-ebazpenak berak zehaztuko du nolako aukerak dauden zenbatekoa zatitu, eten, murriztu edo ordezteko; aukerok arrazoitu beharko dira, eta ebazpenetik bereizita agertarazi, alegia, aurreko ataletako erregelen arabera finkatutako zigorretik bereizita. Neurri horien arrazoiak zigor-ebazpena eman ondoren agertzeagatik edo agertu direla uste izateagatik zigor-ebazpenak ezin badu hori guztia agertu, arrazoiak ebazpen osagarri batean jasoko dira; administrazio-errekurtsorik bada, horren ebazpenean azalduko dira.

    Nahiz eta zigorra irmoa izan, ebazpen osagarri hori zigorra betearazten hasi arte eman ahal izango da.

  7. – Ebazpen osagarriaren aurka, zigor-ebazpenaren aurkako errekurtso berberak aurkez daitezke. Baldin eta zigor-ebazpenaren aurka administrazio-errekurtsoa jartzea badago, eta ebazpen osagarria ematen bada ebazpenaren aurkako errekurtsoa jartzeko epea igaro gabe, ebazpen osagarriaren aurka jarriko den errekurtsoan zigor-ebazpena ere aurkatu ahal izango da. Baina zigor-ebazpena irmoa izan ondoren ematen bada ebazpen osagarria, osagarriaren aurkako errekurtsoan ezin izango da zigor-ebazpena aurkatu.

  1. atala.– Arau bat baino gehiagoren menpean dauden kasuak.

  1. – Arlokako zigor-arau bereko edo ezberdinetako bi prezeptu edo gehiagoren arabera arauhaustetzat jo daitezkeen gertakariak honako erregela hauek kontuan hartuz zigortuko dira:

    1. Prezeptu bereziak lehentasuna izango du orokorrarekiko.

    2. Prezeptu subsidiarioa ezarriko da bakar-bakarrik prezeptu nagusirik ez denean, eta hori, subsidiarietatea berariaz adierazita edo esan gabe ondorioztatuta.

    3. Prezepturik zabalenak edo konplexuenak zigortuko ditu bere esparruan egindako arauhausteak.

    4. Aurreko irizpiderik ez bada, zigorrik handienarekin zigortutako arauhaustea jasotzen duen prezeptuak salbuetsi egingo ditu zigorrik txikienarekin zigortutako arauhausteak jasotzen dituztenak.

  2. – Aurreko zenbakia ezarri ahal izateko, ezinbestekoa da aipatutako prezeptu horietako bakar bat nahikoa izatea gertakariaren esanahi antijuridiko osoa besarkatzeko. Bi arrazoi izan daitezke irizpide hau ezartzeko: batetik, prezeptu horiek guztiek ondasun juridiko bera babesten dutelako arrisku beraren aurrean, eta, bestetik, honi dagokionez ezberdintasunak egonda ere, ulertzen delako ez dagoela nahikoa oinarririk zenbait arauhauste daudela ondorioztatzeko; horretarako ezinbestekoa da ezberdintasunak garrantzitsuak ez izatea eta gertakariaren egozgarritasuna txikia izatea. Horrela ez bada, ondoko atalak dioenari jarraituko zaio.

  1. atala.– Arauhauste bat baino gehiago biltzen duten kasuak.

  1. – Bi arauhauste edo gehiagoko erantzukizuna dutenei arauhauste horiei guztiei dagozkien zigor guztiak ezarriko zaizkie.

  2. – Honela jokatuko da aurreko zenbakian jasotako erregela ezartzeko: arauhauste bat baino gehiago duten kasuetan, bakoitzari dagokion zigorrik bigunena jarriko da, baldin eta arauhausteen aniztasuna gertakari bakar batetik badator, edo une beretsuaz baliatuz egindako batzuetatik badator, edo arauhausteetako bat ezinbestekoa bada bestea egiteko, eta, kasuaren inguruabarrak kontuan hartuta, inguruabarrok erantzulearen jokabidearen egozgarritasun apalagoa erakusten badute.

  3. – Atal honen lehenengo zenbakia ezartzearen ondorioz sortzen diren zigorren kopurua edo nolakotasuna ez da arrazoia izango zigorrean jaitsieraren bat egiteko, betiere lege honen 15. atalean ezarritakoaren kalterik gabe.

  1. atala.– «Non bis in idem».

  1. – Aurretiaz bide penaletik edo administrazio-bidetik zigortutako gertakariak ezin izango dira berriro zigortu, baldin eta sujetu, gertakari eta zuzenbide-oinarri bera badute.

  2. – Honako kasu hauetan, zuzenbide-oinarri bera dagoela ulertuko da:

    1. Aurreko penarekin edo zigorrarekin zigortzen den pena-bidezko edo administrazio-bidezko arauhausteak eta aztertzen ari den arauhausteak arrisku berberarekiko babesa ematen diotenean ondasun juridiko berberari.

    2. Babestutako ondasun juridikoen artean edo kontuan hartutako arriskuen artean zenbait ezberdintasun izanda ere, ezberdintasunok nahikoa indar ez dutenean zigor bikoitza zuritzeko, alegia, ezberdintasunak dituzten alderdien babesak ez dakarrenean bigarren zigorraren beharrik.

  3. – Nahiz eta zuzenbide-oinarri bera ez izan, puntu komunak badira babestutako ondasun juridikoen artean edo kontuan hartutako arriskuen artean, eta baldin eta aurretik ezarritako zigor edo penak zigortuko den arauhaustearekiko babes-helburua, zati batez bada ere, betetzeko balio badu, aurretiazko zigorra edo pena aintzat hartuko da ondorengo zigorraren bigungarri modura. Proportzionalitate-printzipioak hala eskatzen badu, larritasun txikiagoko arauhausteei edo arauhauste-kategoriei dagozkien zigorrak ezarriko dira; salbuespenez, aurretik ezarritako zigor edo pena bereziki larria izan den kasuetan, konpentsatu ahal izango da ondorengo zigorra, baina, hala ere, arauhaustea egin dela aldarrikatu beharko da.

  1. atala.– Erantzukizunaren amaiera.

  1. – Honako kasu hauetan amaitu egiten da erantzukizuna:

    1. Zigortutako pertsona fisikoa hiltzen denean.

    2. Zigorra oso-osorik betetzen denean.

    3. Indultua denean.

    4. Arauhausteak preskribitzen duenean.

    5. Zigorrak preskribitzen duenean.

  2. – Zigortutako pertsona juridikoa desegin edo amaitzen denetan, zigorra edo zigorrak betearazteko, jarraituko zaio arlokako administrazio-arauek edo zuzenbide pribatuan ezartzekoak diren araudiek diotenari.

  1. atala.– Indultua jaso ditzaketen kasuak eta zigorrak ordeztu daitezkeenak.

  1. – Hona hemen indultua noiz eman ahal izango den: kasu jakinaren inguruabar guztiak aintzat hartu ondoren, ikusten bada ezarritako zigorra ez dela zuzentasunak kasu horretarako eskatzen duen bezain egokia, eta hori nahiz eta zigorrak bat egin indarrean dagoen legediarekin. Nolanahi ere, indultua eman ahal izateko, ezinbestekoa da zuzenbideak bestelako biderik ez eskaintzea indultuak lortu nahiko lukeen justizi helburu bera lortzeko.

  2. – Halaber, interes orokor zehatza eta argia dagoenean, eman ahal izango da indultua.

  3. – Erabakitako zigorraren ordez larritasun txikiagoko arauhausteei edo arauhauste-kategoriei dagokien zigor bat ezartzen denean ere erabili ahal izango da aurreko bi zenbakietan aurreikusitakoa.

  1. atala.– Indultuaren eta zigor-ordezpenaren erregimen juridikoa.

  1. – Eusko Legebiltzarrak emandako legeen ondorioz ezarritako zigorrak direnean, Eusko Jaurlaritzako Kontseilua izango da indultua eman edo zigorra ordezteko organo eskuduna.

    Zigorrak foru-arauak aplikatuz jartzen badira, indultua edo ordeztea dagokion foru-organoak emango du, atal honetan eta aurrekoan ezarritako printzipioei eta prozedurari jarraiki.

  2. – Jardunbidea hasteko hiru bide daude, alegia, alderdi interesatuak eskatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak ofizioz hasita, edo zigorra ezarri zuen organoak nahiz administrazio-errekurtsoa ebatzi zuen organoak proposatuta. Jardunbideak ondoko tramite hauek izango ditu:

    1. Zigorra ezarri zuen organoaren txostena.

    2. Zigor-ebazpenaren aurka jarritako administrazio-errekurtsoa ebatzi zuen organoaren txostena. Organo horrek indultua proposatu duenean baino ez da egingo txosten hau.

    3. Zigortutako pertsonaren alegazioak.

    4. Kasuan kasuko zigor-jardunbideko alderdien alegazioak.

  3. – Jaurlaritzaren Kontseiluak, kasu bakoitzerako, epe komun bat finkatuko du aurreko zenbakiak aipatzen dituen tramiteak betetzeko, betiere kasuan biltzen diren inguruabarrak kontuan hartuta.

  4. – Zigortuari jakinarazi egingo zaio Jaurlaritzaren Kontseiluak indultua eman edo zigorra ordezteko egingo duen dekretua, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

  5. – Ezarritako zigor guztiei, batzuei edo beren ondorio gehigarriei egokitu ahal izango zaizkie indultua eta ordezpena, baina bakar-bakarrik bete gabe geratzen diren zatiei. Nolanahi ere, horrek guztiak ez du Administrazioa behartzen ordaindutakoa itzultzera, ez eta zigor betearaziak zigortuari sortuko bide zizkion kalteen ordaina ematera ere.

  6. – Indultuak eta ordezpenak ez dituzte inola ere eragingo jokabide arauhausleek ekar ditzaketen erantzukizun zibilak, ez eta lege honen 12. atalak aipatzen dituen berrezartze eta kalte-ordainen betebeharrak ere.

  7. – Indultua eman edo zigorra ordezteko jardunbidea hasteak ez du zigorraren betearazpena etengo; bai, ordea, zigorraren preskripzio-epea.

  1. atala.– Arauhausteen eta zigorren preskripzioa.

  1. – Arauhausteak eta zigorrak ezartzen dituzten arauek zehaztuko dituzte preskribitzeko epeak. Arauok ez badituzte preskribitzeko epeak finkatzen, arauhauste oso larriek hiru urtera preskribituko dute, larriek bi urtera eta arinek sei hilabetera. Bestalde, arauhauste oso larriak direla-eta ezarritako zigorrek hiru urtera preskribituko dute, arauhauste larriengatikoek bi urtera eta arauhauste arinengatikoek urtebetera.

  2. – Arauhaustea egin den egunaren biharamunean hasiko da arauhaustea preskribitzeko epea. Jarraian egin diren arauhausteen kasuetan, arauhaustearen azken gertakaria burutu den egunetik aurrera zenbatuko da epea edo legez kontrako egoera bukatu denetik aurrera.

  3. – Ustezko erantzulea jakinaren gainean dela administrazio-jardunbidea hasten denean, arauhaustearen preskripzioa eten egingo da. Erantzuleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik jardunbidea gelditu bada, handik hilabete bat gehi egun batera abiatuko da berriro preskripzioa, eta berriz ere epe osoa zenbatuko da; halaber, modu berean jokatuko da jardunbidea amaitzen den egunaren biharamunetik, baldin eta erantzukizun-adierazpenik ez badago.

    Jardunbidearen helburua lortzera bideratzen den edozein jarduketa egiteak, helburu horren neurrikoa bada, galarazi egingo du jardunbidea gelditutzat jotzea, nahiz eta jarduketa hori ez egon berariaz jasota jardunbidearen arauan, betiere jarduketa organo eskudunak erabaki badu eta behar bezala dokumentaturik badago.

  4. – Zigorra ezartzen duen ebazpena administrazio-bidean irmo bihurtzen den egunaren biharamunean bertan hasiko da zenbatzen zigorraren preskripzio-epea.

  5. – Ustezko erantzulea jakinaren gainean dela betearazpen-jardunbidea hasten denean, zigorraren preskripzioa eten egingo da. Erantzuleari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik jardunbidea gelditu bada, handik hilabete bat gehi egun batera abiatuko da berriro preskripzioa, eta berriz ere epe osoa zenbatuko da.

    Betearazpen-jardunbidearen helburua lortzera bideratzen den edozein jarduketa egiteak, helburu horren neurrikoa bada, galarazi egingo du jardunbidea gelditutzat jotzea, nahiz eta jarduketa hori ez egon berariaz jasota jardunbidearen arauan, betiere jarduketa organo eskudunak erabaki badu eta behar bezala dokumentaturik badago.

    Epaileen erabaki batek eteten badu betearazpena, orduantxe ere eten egingo da zigorraren preskripzioa; horrelakoetan, dagokion epea, oso-osorik, berriro hasiko da zenbatzen epaileen etena bukatzen den egunaren biharamunetik aurrera.

  1. atala.– Batasuna eta printzipioak.

  1. – Atalburu honen arauak ezarriko zaizkie erakundeek zigortzeko ahalmena erabiltzeko egiten dituzten jardunbide guztiei, betiere 1. atalean jasotako esparruaren barruan.

  2. – Zigortzeko jardunbideak honako arau hauek bete beharko ditu: batetik, 30/1992 Legearen IX. idazpuruko II. atalburuan, edo atalburu hori ordeztuko duen Estatuko legedian ezarritako printzipioak; bestetik, lege hau, eta, azkenik, legea garatuko duten arauak. Horiek ezean, 30/1992 Legeak jardunbide komunerako erabakitako arauak ezarriko dira.

  1. atala.– Jardunbidera noiznahi sartzeko printzipioa.

  1. – Jardunbidera noiznahi sartzeko printzipioak indarra izango du jardunbide osoan. Horretarako, interesatuek, jardunbideko edozein unetan, eskubidea dute tramitazioa zertan den jakiteko eta bertan biltzen diren dokumentuen kopiak eskuratzeko.

  2. – Halaber, interesatuek, entzunaldia baino lehenago, alegazioak eta bidezkotzat jotzen dituzten dokumentu guztiak aurkeztu ahal izango dituzte.

  3. – Bukatutako zigor-espedienteetan agertzen diren dokumentuak eskuratzeko, arau izango da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Komunaren Legearen (30/1992 Legea) 37. atalean xedatutakoa.

  1. atala.– Administrazio-jardunbidea eta prozesu penala.

  1. – Izapidegileak, jardunbideko edozein unetan, uste badu instrukziopean dauden gertakariek legez kontrako izaera penala izan dezaketela, ebazpen-organo eskudunari emango dio horren berri. Organoak bidezkotzat jotzen badu izapidegilearen ustea, Ministerio Fiskalari jakinaraziko dizkio gertakari horiek, eta izapidegileari eskatuko dizkio egindako jarduketei buruzko argibideak.

    Halaber, administrazio-jardunbideak biltzen dituen gertakarien gainean prozesu penala egiten ari dela jakin ondoren, Ministerio Fiskalari eskatuko zaio egindako jarduketei buruzko jakinarazpena. Bestalde, administrazio-jardunbideak biltzen dituen gertakarien ondoriozko gertakarien gainean prozesu penala irekita dagoenean ere, horrelako beste jakinarazpen bat eskatu zaio Ministerioari.

  2. – Ministerio Fiskalaren jakinarazpena jasotakoan, zigor-jardunbidea ebazteko organo eskudunak jardunbidea etetea erabakiko du, harik eta epaileek behin betiko ebazpena eman arte.

  3. – Administrazioko zigor-jardunbidea eten arren, kautelazko neurriek beren hartan jarraitu ahal izango dute, betiere bateragarriak badira prozesu penalean hartutako neurriekin. Hala ere, neurri horiek ez dira bateragarritzat joko, baldin eta kautelazko neurri penalak nahikoak badira administrazioko zigor-jardunbidean aintzat hartutako kautelazko helburuak lortzeko.

    Ministerio Fiskalari jakinarazi beharko zaio kautelazko neurriak hartzeko edo beren hartan jarraitzeko egintza.

  4. – Nolanahi ere, epaileek ebazpen irmoan frogatutzat jotako gertakariek lotu egiten dituzte administrazio-organoak, bideratzen diren zigor-jardunbideei dagokienez.

    Administrazioak ofizioz berraztertuko ditu ebazpen penalean frogatutzat jotako gertakarietan oinarritzen ez diren administrazio-ebazpenak, eta bat egin beharko du ofiziozko berrazterketako jardunbideen arauekin.

  1. atala.– Administrazio-jardunbidea eta Europako Erkidegoko zigor-jardunbidea.

  1. – Egiaztatzen bada zigor-jardunbideren bat egiten ari dela Europako Erkidegoko organoetan gertakari berberak direla-eta, administrazio-jardunbidea ebazteko organo eskudunak ebazpena gerora dezake, harik eta Europakoak ebazpen irmoa izan arte.

  2. – Europako Erkidegoko organoek zigorra ezarri badute, barruko zigor-jardunbidea ebazteko organo eskudunak kontuan hartu beharko du zigorra, izan ere, horrela graduatu eta konpentsatu ahal izango baitu, hala dagokionean, jarri beharko duena; hala ere, arauhaustea egin dela adierazi ahal izango da.

  1. atala.– Administrazio-jardunbidea eta bestelako zigor-jardunbideak.

    Izapidegileak jakin badu beste zigor-jardunbide bat egiten ari dela gertakari berberak direla-eta, horren berri emango dio zigor-organoari. Organo hori, jardunbidea gelditu gabe, harremanetan jarriko da jardunbidea ebazteko organo eskudunarekin, eta, horrela, zuzen koordinatu ahal izango dute beren artean lege honen 16., 17. eta 18. atalek ezarritakoa.

  2. atala.– Dagokion organo eskudunari igortzea.

    Ebatzi behar duen organoak, zigor-jardunbideko edozein alditan, datu adierazgarrien bidez uste badu esku artean duela bere eskumenekoa ez den gertakari bati dagokion arauhaustea, eta hortaz zigorra ezartzea ez dagokiola berari, eskumen hori daukan organoari jakinaraziko dio eta egindako guztia helaraziko dio.

  3. atala.– Organo eskudunak.

  1. – Jardunbidea ebazteko organo eskudunak jardunbidea hasteko ere eskudunak izango dira.

  2. – Organo eskudunak zigor-arauetan edo arlokako antolaketa-arauetan zehazten dira.

  3. – Baldin eta zigor-jardunbideak tramitatzeko administrazio-unitate jakin bat badago, orokorra nahiz arlokakoa, izapidegilea unitate horretako funtzionario batek izan beharko du. Horrelako unitaterik ez badago, izapidegilea ustezko arauhaustearen gaian eskumena duen sail edo erakundeko lege-aholkularitzako funtzionario bat izango da.

  4. – Funtzionario izapidegileak, tramiteak dirauen artean, ez du inolako menpekotasun funtzionalik izango izapidegintza-lana betetzeari dagokionez.

  5. – Zigor-arauek edo arlokako antolaketa-arauek sistema objektiboa ezarriko dute kasu bakoitzean jardungo duen izapidegilea zehazteko. Ebazpen-organo eskudunak ezin izango du izapidegilea hautatu.

  1. atala.– Interesatuak.

    Hona hemen zeintzuk diren jardunbideko interesatuak: erruztatuak eta banakoen zein taldeen legezko eskubide edo interesen titular diren aldetik, jardunbidea sustatzen dutenak.

  2. atala.– Kautelazko neurriak.

  1. – Zigortzeko ahalmena duen organo eskudunak jardunbidearen edozein unetan hartu ahal izango ditu kautelazko neurriak arrazoitutako erabaki bidez, egokitu daitekeen ebazpenaren eraginkortasuna ziurtatzeko edo jardunbideari eragozpenak ipintzea ekiditeko, edota baita juzgatutako gertakariak edo antzeko esangura dutenak jarraitzea edo berriro gertatzea ekiditeko edo gertakariek sortarazitako kalteak jarraitzea edo kalteak arindu nahi izatea ekiditeko ere. Kautelazko neurriak hartu aurretik entzunaldia eskainiko zaie interesatuei bost eguneko epean.

  2. – Aurreko zenbakian adierazitako aldez aurretiko entzunaldiaren ordez kautelazko neurrien ondorengo alegazioak egin daitezke, epe berberean, baldin eta beharrezko kautelazko neurriek aurretiko entzunaldiaren tramitea burutu arte itxaronez gero birtualtasuna galduko balute.

  3. – Ezin emango da behin-behineko neurririk baldin eta beroriek interesatuei kalte konpontzen zailak eta konponezinak eragin ahal badizkiete edo legeek babesturiko eskubideren bat bortxatzea ekartzen badute.

  4. – Kautelazko neurriak hartzerakoan proportzionalitatearen irizpidea hartuko da aintzat, eta kontuan izango da neurri horiek erruztatuari sortaraziko dizkioten kalteen eta 1. puntuan ezartzen diren kasu bakoitzeko helburuen arteko oreka. Betiere, aipatutako helburuak lortzen dituzten neurriaren edo neurrien artean erruztatuari kalterik gutxien sortarazten dizkiotenak eta indarraldia amaitu ondoren konponerrazenak izango direnak aukeratu behar dira.

  5. – Kasu zehatz bakoitzari dagozkion kautelazko helburuak bete ahal izateko behar-beharrezkoa den denbora iraungo dute kautelazko neurriek, ez gehiago.

  6. – Kautelazko neurriak hartu dituen organoak neurri horiek baliogabetu egingo ditu kasu zehatz bakoitzeko kautelazko helburuak betetzeko beharrezkoak ez direla egiaztatzen duenean. Kautelazko neurriak ofizioz nahiz alderdietako batek eskatuta baliogabetu daitezke.

  7. – Organo horrek, ofizioz nahiz alderdietakoren batek eskatuta, egiaztatzen duenean kautelazko erabakia hartzerakoan kontuan eduki zen egoera aldatu egin dela, kautelazko erabakia ere aldatu egingo da; kautelazko neurriak aldatu edo beste batzuekin ordeztuko dira, egoera berriak eskatzen duenaren arabera, atal honetako 3. zenbakian ezarritako hautaketa-irizpideei jarraituta.

  8. – Honako arrazoi hauengatik amaituko dira kautelazko neurriak:

    1. Kautelak hartzea erabakitako jardunbideari amaiera emango dion ebazpenagatik.

      Dagokion administrazio-errekurtsoa ebazteko organo eskudunak aukera izango du, arrazoituz gero, erabakitako neurriei eusteko edo beste neurri batzuk hartzeko, errekurtsoaren ebazpenaren egintza eman artean.

    2. Zigor-jardunbidearen iraungipenagatik.

      1. atala.– Funtzionario ikuskatzaileek salbuespenez kautelazko neurriak hartzea.

      1. – Ikuskaritza-lanak betetzen ari diren funtzionarioek ez-zilegiak izan daitezkeen gertakariak egiaztatzen badituzte, ezarri ahal izango dituzte kautelazko neurriak salbuespenez, interesatuei aurreko entzunaldirik egin gabe, honako baldintza hau izanez gero: 31.1 atalean adierazten diren helburuak lortu ahal izateko, lehenengo eta bigarren azaldutakoak izan ezik, kautelazko neurriak berehala hartu beharra derrigorrezkoa izatea.

      2. – Funtzionario horiek 31. atalean ezarri diren irizpideak hartuko dituzte aintzat, eta hartu duten edo dituzten kautelazko neurria edo neurriak azaldu egingo dituzte ikuskaritzaren ondorioz irekitako aktan, baita kautelazko neurriaren edo neurrien arrazoi zehatza eta xede zehatza ere.

      3. – Atal honek arautzen dituen kautelazko neurriak ezarri diren kasuetan, dagokion zigor-jardunbidea irekiko da ahalik eta lasterren, eta irekitze-egintzan zigortzeko eskumena duen organo titularrak zehaztuko du, arrazoituta, neurri horiek amaitu, jarraitu edo aldatu egin behar diren. Horren ondoren, 31.2 atalean aurreikusten diren kautelazko neurrien ondorengo alegazioen tramiteari ekingo zaio.

      4. – Atal honen indarrez erabakitako kautelazko neurriak hartu eta lau egun pasa ondoren dagokion zigor-jardunbidea irekitzen ez bada, kautelazko neurri horiek baliogabetu egingo dira.

      1. atala.– Inputazio-akatsa.

        Jardunbidea hasi eta gero egiaztatzen baldin bada erantzuleak izan daitezkeenak ez direla hasieran inputatutakoak, beste batzuk baizik, lehenengo inputatu horiek absolbitzen dituen ebazpena emango da eta bigarren inputatuei buruzko jardunbidea hasiko da, baldin eta inputatu berrientzat arauhausteak preskribitu ez baldin badu. Preskripzio-epea ez da etendakotzat joko lehenengo jardunbidea tramitatzen den bitartean, bertan egindako inputazio-akatsa bigarren jardunbideko inputatuen erruz gertatu denean izan ezik, hau da, bigarren jardunbideko inputatu horiek beren erantzukizuna saihesteko eragin garrantzitsua izan dutenean lehenengo jardunbideko inputazio-akatsean.

  1. atala.– Ofizioz hastea.

  1. – Zigor-jardunbideak ofizioz hasiko dira organo eskudunaren erabaki bidez, beraren kabuz nahiz beste organo batzuek egindako eskaera arrazoituaren edo salaketaren ondorioz.

  2. – Beste organoren batek eskaera arrazoitua egiten duenean, arauhauste izan daitezkeen gertaeren kontaketa egin beharko du eta honako xehetasun hauek adierazi beharko ditu: tipifikazioa, zein egunetan edo zein denboralditan gertatu ziren eta, ahal izanez gero, ustezko erantzuleen identifikazioa.

    Eskaera arrazoitua egiten duen organoak eskaeraren xedeari buruz bere esku dituen dokumentuak eta frogak aurkeztu beharko ditu, eskaera arrazoituarekin batera.

  3. – Eskaera arrazoitua egitea ez da loteslea zigortzeko ahalmena duen organo titularrarentzat. Baina zigortzeko ahalmena duen organoak eskaera arrazoitua egin duen organoari jakinarazi egin behar dio jardunbidea irekitzeko erabakia hartu duen edo ez.

  4. – Salaketak berak, besterik gabe, ez du bihurtzen salatzailea interesatu zigor-jardunbidean. Organo eskudunak jardunbidea irekiko duen edo ez eta, hala badagokio, jardunbide horri amaiera emango dion ebazpena jakinaraziko dio salatzaileari, honek horretarako eskubidea du-eta; horretaz aparte, salatzaileak ez du bestelako eskuhartzerik izango jardunbidean, kasu honetan izan ezik: Lege honen 30. atalean ezartzen den legitimazioa izatea eta jardunbidea irekitzeko eskaera egitea.

  1. atala.– Alderdietako baten eskaeraz hastea.

  1. – Zigor-jardunbideak hasi ahal izango dira, halaber, alderdi interesatuak eskatuta, Lege honen 30. atalarekin bat etorrita. Zigor-jardunbidea irekitzeko eskaera arrazoitua izango da eta, 30/1992 Legearen 70.1 atalean ezarritakoaz gain, honako xehetasun hauek eduki beharko ditu: ustezko arauhaustea sortarazi duten gertaerak, zein egunetan edo denboralditan gertatu diren, zein prezeptutan dauden tipifikatuta, ustez erantzule diren pertsonak, dagokien edo dagozkien zigorra edo zigorrak eta zigor horiek zein prezeptutan jasota dauden. Horrek guztiak ez dio kalterik egingo xehetasun horiek aldatzeko aukerari, alderdi interesatuak jardunbidean zehar egindako ondorengo alegazioetan.

    Eskabide horrekin batera eskabide-egileak, interesatua denez, aurkeztu ahal izango ditu bere xedea oinarritzeko egokiak izan daitezkeen dokumentu, tresna edo froga guztiak.

  2. – Aurreko puntuan aipatutako eskabidea eta eskabidearekin batera aurkeztutako gainerako guztia igorri egingo zaie bertan ustezko erantzuletzat jotzen diren pertsonei, egoki iritzi diotena alegatu ahal izan dezaten hamar eguneko epean.

    Epe berbera izango da jardunbidea irekitzeko eskabidean aldaketak sartzeko, 30/1992 Legearen 71. atalean aurreikusitako konpontze-ahalmenaren indarrez.

  3. – Aurreko puntuan adierazten diren alegazioak jaso edo horretarako epea pasa ondoren, erabakia hartzeko eskumena duen organoak jardunbidea irekitzeko eskabidearen onargarritasuna erabakiko du.

  4. – Ez da eskabidea onartuko honako kasu hauetan:

    1. Atal honetako 1. puntuan eta 30/1992 Legearen 70. atalean ezarritako xehetasunak behar bezain argi adierazi ez direnean eta 30/1992 Legearen 71. atalean ezarritako epea akats hori konpondu gabe pasa denean.

    2. Argi eta garbi ikusten denean oinarririk gabekoa dela.

      Onarpenik eza goiko arrazoi horretan oinarritzeko kontuan hartuko da, bereziki, eskabidean egindako arrazoibidea eta eskabidearekin batera aurkeztutako frogen laguntza.

      Onarpenik eza arrazoi horretan oinarritzen denean ezin izango da a) lerroaldean azaltzen den konponketa gauzatu.

    3. Interesatua ez denak aurkezten duenean.

      Eskabidea interesatua ez denak egina izanez gero, akatsak eta gabeziak ezin izango dira konpondu.

  5. – Organo eskudunari irekitze-eskabidea onartezina iruditzen bazaio, hala adieraziko du ebazpen arrazoituan. Aitzitik, eskabidea onargarria dela iruditzen bazaio, jardunbidea hasteko erabakia emango du.

  1. atala.– Jardunbidea hasteko erabakia.

  1. – Jardunbidea hasteko erabakiak honako eduki hau izango du gutxienez:

    1. Ustez erantzulea den pertsonaren edo erantzuleak diren pertsonen identifikazioa.

    2. Jardunbidearen hasiera arrazoitzen duten gertakariak, gertakari horiek izan dezaketen kalifikazio juridikoa eta egokitu dakizkiekeen zigorrak.

    3. Jardunbidearen izapidegilea, berak duen ezespen-erregimena adieraziz.

    4. Jardunbidea ebazteko organo eskuduna eta eskumena eratxikitzen dion araua.

  2. – Izapidegileari jardunbidea hasteko erabakiaren berri emango zaio eta erruztatuari eta gainerako interesatuei ere jakinaraziko zaie; interesatuei aditzera emango zaie, halaber, hamabost eguneko epea dutela egoki iritzi dieten alegazioak, dokumentuak edo informazioak aurkezteko, frogaldia irekitzeko eskabidea egiteko eta egoki iritzi dieten frogabideak proposatzeko.

    Jardunbidea hasteko erabakiarekin batera jardunbidea irekitzeko eskabidea, salaketa edo eskabide arrazoitua aurkeztuko da, baita horiei erantsi zaizkien edo zigortzeko organo titularrak jardunbidea irekitzeko kontuan hartu dituen dokumentuak eta frogak ere.

  1. atala.– Froga.

  1. – Frogaldia irekiko da honako kasu hauetan:

    1. Aurreko atalean ezarritako alegazioen tramitazioan interesatuen arteko edozeinek eskatzen duenean, horretarako frogabide zehatzak proposatzen baditu, betiere frogabide horiek bidezko jotzen dituenean izapidegileak.

      Izapidegileak arrazoitu egingo ditu frogaldia irekitzeko eskabidea ez onartzeko eta froga jakinak atzera botatzeko hartzen dituen erabakiak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Komunaren 30/1992 Legearen 80. eta 137.4 atalen indarrez.

    2. Alderdi interesatuak eskabiderik egin ez arren, izapidegileak egoki jotzen duenean gertakariak argitzeko eta erantzuleak zehazteko.

      Kasu horretan izapidegileak bost eguneko epea emango die interesatuei egoki iritzi dieten frogabideak proposatu ahal izateko.

  2. – Frogaldiak hogeita hamar egun balioduneko iraupena izango du.

  3. – Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Komunaren 30/1992 Legearen 81. atalean ezarritakoaren arabera egingo da frogen praktika.

  1. atala.– Ebazpen-proposamena.

    Hala egokituz gero, frogaldia amaitu ondoren izapidegileak ebazpen-proposamena egingo du. Ebazpen-proposamen horrek honakook eduki beharko ditu:

    1. Arauhaustea eta erantzukizuna daudela irizten badio:

    1. Frogatutzat jotzen dituen gertakariak eta irizpen horren oinarri den frogaren balorazioa.

    2. Erantzuletzat jotzen dituen pertsonak, prezeptuak eta irizpenaren oinarri den frogaren balorazioa.

    3. Arauhausteak tipifikatzen dituzten zein prezeptutan oinarritzen diren gertakariak, eta gertakari horiek arauhaustetzat jotzeko arrazoiak.

    4. Egoki iritzi dien zigorrak eta ondorio gehigarriak, zein prezeptutan oinarritzen diren, horretarako kontuan hartu dituen inguruabarrak, irizpenaren oinarri diren prezeptuak eta frogen balorazioa eta, hala egokituz gero, baita zigorraren betearazpena geldiarazteko, atalka betearazteko edo aldatzeko proposamena eta proposamen horren arrazoiak ere.

    5. Arauhausteak lehen zegoen egoera zertan aldatu duen eta eratorri diren kalte-galerak, ziurtatutzat jotzen direnean, irizpen horietarako arrazoiak, proposatzen diren konponbideak edo kalte-ordainak eta proposamen horien arrazoiak.

    1. Arauhausterik eta erantzukizunik ez dagoela irizten badio:

    1. Irizpen hori frogak baloratu direlako edo balioespen juridikoa egin delako hartu den zehaztu behar du eta, batean zein bestean, irizpenaren oinarri diren arrazoiak azaldu behar ditu.

    2. Absoluzio-proposamena.

  2. atala.– Entzunaldia interesatuari.

  1. – Interesatuei ebazpen-proposamenaren berri emango zaie eta alegazioak aurkezteko hamabost eguneko epea dutela jakinaraziko zaie.

    Jakinarazpen horretan, halaber, aditzera emango zaie interesatuei epe horretan espedientea agerian jarriko dela, kontsultatu eta bertako dokumentuen fotokopiak egin ahal izateko.

  2. – Entzunaldiaren tramitea amaitu bezain laster izapidegileak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio organo eskudunari, jardunbidea ebazteko, espedienteak dituen dokumentuekin, alegazioekin eta informazioekin batera.

  1. atala.– Epeak murriztea eta luzatzea.

  1. – Izapidegileak, arrazoiak emanez, eta aldeen kontrako jarrerarik egon ezean, frogaldiaren iraupena murriztu ahal izango du, egin beharreko frogen kopuruaren eta izaeraren arabera. Murriztu ahal izango ditu, halaber, lege honetan alegazio-tramiteetarako ezartzen diren epeak ere. Murrizketa horrek ere arrazoitua izan beharko du eta honako arrazoi hauek aintzat hartuz ezarriko da: kontuan hartutako gertakarien larritasunarenaren txikia, bertan sartutako gai juridikoen kopurua eta konplexutasun eskasa, eta izapidegileak tramiteak bideratzeko interesatuen esku jarri dituen dokumentuen eta frogen kopurua eta konplexutasuna.

  2. – Izapidegileak alegazio-tramiteen epea eta frogaldiaren iraupena luzatu ahal izango ditu. Luzapenak arrazoitua izan beharko du, behin bakarrik egin ahal izango da eta lege honetako dagokion atalean ezarritako epearen iraupen berbera izango du gehienez ere. Luzapena beharrezkoa denean baino ez da egingo, hots, egin beharreko frogen kopurua eta izaera, egoera faktikoen eta aztertutako gai juridikoen konplexutasuna edo bestelako arrazoi garrantzitsuak direla medio beharrezkoa denean gertakariak eta erantzukizunak behar bezala zehazteko eta inputatuen defentsa egokia bermatzeko.

    Lege honetako 43.4 atalean ezarritako sei hilabeteko epeak ez du aurrera egingo luzapenak irauten duen bitartean.

  1. atala.– Errekurtsoak.

    Izapidegileak frogaldiaren irekitzea edo alderdiek proposatutako frogabideen praktika ukatzea erabakitzen badu, errekurtsoa aurkeztu ahal izango da administrazio-egintza horren aurka. Jardunbidea ebazteko eskumena duen organoaren aurrean aurkeztuko da errekurtsoa, hiru eguneko epean. Organo eskudunak bestelako tramiterik gabe ebatziko du ebazpena, hiru eguneko epean, eta erantzunik ematen ez badu errekurtsoa gaitzetsi egin duela ulertu behar da.

  2. atala.– Ekintza osagarriak.

  1. – Ebazpena eman aurretik, organo eskudunak erabaki ahal izango du, arrazoitutako erabakiaren bitartez, egoki iritzi dien ekintza osagarriak gauzatzea jardunbidea ebatzi ahal izateko.

    Ekintza osagarriak hogei eguneko epean burutuko dira. Hala ere, epe hori murriztu edo luzatu ahal izango da lege honetako 40. atalean adierazitako arrazoiak direla eta.

  2. – Ekintza osagarriak burutu ondoren interesatuen eskueran jarriko dira ekintza horien emaitzak, bidezko iritzi diotena alegatu ahal dezaten, bost eguneko epean.

  3. – 43. ataleko 4. zenbakian aurreikusitako sei hilabeteko epea geldiarazi egingo da ekintza osagarriak erabakitzen dituen ebazpena ematen denetik hasi eta atal honetako 2. puntuan ezartzen den tramitea bukatzen den arte.

  4. – Jardunbidearen azken ebazpena eman aurrean bertan egiten diren derrigorrezko txostenak ez dira ekintza osagarritzat joko.

  1. atala.– Jardunbidearen ebazpena.

  1. – Organo eskudunak ebazpen arrazoitua emango du, interesatuek aurkeztutako gai guztiei buruz eta jardunbidearen ondorio diren gainerako gaiei buruz erabakiz.

    Jardunbidea ebatziko duen ebazpenak lege honetako 38. atalean ezartzen den edukia jaso beharko du, aplikatzekoak diren legeetan ezarritakoaz gainera.

  2. – Erabakia hartzeko eskumena duen organoak ebazpen-proposamenean azaltzen diren gertakariak ñabartu edo beste batzuk kontuan hartu ahal izango ditu baina hori egiteko ezinbesteko baldintza izango da aldaketak aurreko atalean adierazitako ekintza osagarrien ondorio izatea, edo izapidegileak egindako frogei eta izapidegintzei emandako balorazioa bestelakoa izatea. Kasu bietan ebazpena emateko organo eskudunak beren-beregi arrazoituko du aldaketa faktikoa ebazpenean.

    Ez da aurreko lerroaldean adierazten den aldaketatzat joko, inola ere, jardunbidearen hasierako xedearekin zerikusirik ez duten gertakariak sartzea jardunbidean, gertakari berriak sartzea inputatuaren aldeko ekintza denean izan ezik.

  3. – Aurreko zenbakian adierazten den aldaketa faktikoaren edo ebazpen-proposamenean gertakariei eta inguruabarrei ezarritako bestelako kalifikazio juridikoaren ondorioz, ebazpena emateko organo eskudunak ebazten badu ez dela bidezkoa izapidegileak proposatutako absoluzioa onartzea edo izapidegileak iritzitakoa baino zigor larriagoa ezarri beharra dagoela, hamar eguneko epea utzi beharko du ebazpena eman aurretik, interesatuek bidezko iritzi diotena alegatu ahal izateko edo, hala egokituz gero, aldaketa faktikoan kontuan izan diren gertakariei buruzko frogak egitea proposatzeko. Gauza bera egingo du arauhausteak sortarazitako kaltearentzako ebazpen-proposamenean ezarritako kalte-ordainak handiagoa izan behar duela edo, kalte-ordainik ezean, ezarri beharra dagoela irizten badio. Tramite hori amaitu bezain laster ebazpena emango du eta alderdiei jakinaraziko die.

    Aurreko lerroaldean ezarritako alegazio-epearen berri ematen duen eginbidean zehatz-mehatz azaldu eta arrazoituko du organo eskudunak ebazpen-proposamenari egindako aldaketa, azken erabakia hartzeko beharrezkotzat jotzen duen aldaketa hori.

  4. – Jardunbidea hasi eta hurrengo sei hilabeteko epean ebazpena jakinaraziko ez balitz, ebazpen hori iraungita geratuko litzateke 30/1992 Legeak ezartzen duen moduan.

    Sei hilabeteko epe hori geldiarazi egingo da lege honetan ezartzen den kasuetan eta, horrezaz gain, jardunbidea interesatuei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik gelditzen denean.

  5. – Ebazpena betearazlea izango da administrazio-bidean irmo bihurtzen duenean.

    Ebazpenean, hala balegokio, behar diren kautelazko xedapenak jarriko dira, betearazle ez den bitartean ebazpena eraginkorra izango dela bermatzeko.

    ALDIBATERAKO XEDAPENA

    Jardunbideen erregimen iragankorra.

  1. – Lege hau indarrean jarri aurretik hasi eta legea indarrean jartzen den egunean oraindik amaitzeko dauden zigor-jardunbideak, hasi zirenean aplikatu zitzaizkien araudiekin bat etorriz tramitatuko dira aurrerantzean ere.

  2. – Aurreko zenbakian adierazten diren jardunbideak sei hilabeteko epean ebatzi behar dira, lege hau indarrean jartzen den egunetik hasita. Sei hilabeteko epea bete eta hurrengo hogeita hamar egunetan ebazpenik ematen ez bada, jardunbideak iraungitzat joko dira.

    INDARGABETZE XEDAPENA

    Indargabetuta daude maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak lege honetan xedatutakoari kontrajartzen zaizkionean.

Lehena.– Garapena.

Jaurlaritzaren Kontseiluari ahalmena ematen zaio lege hau eraginkorra izan dadin beharrezkoa den guztia garatzeko.

Legea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hiru hilabete eta egun batera jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteizen, mila bederatziehun eta laurogeita hamazortziko martxoaren hiruan.

Lehendakaria,