Arautegia
Inprimatu190/2003 DEKRETUA, apirilaren 9koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 78
- Hurrenkera-zk.: 1943
- Xedapen-zk.: 190
- Xedapen-data: 2013/04/09
- Argitaratze-data: 2013/04/24
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko Lehendakariaren 20/2012 Dekretuak martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren bidez aldatuak, azken xedapenetatik lehenengoan, honako hau ezartzen du: 2013ko martxoaren 31 baino lehen, sailburuek lehendakariari aurkeztuko dizkiote euren sailei dagozkien arautegi organikoei buruzko egitasmoak, onarpena eman diezaien; sailburuei izendatutako jardun-arlo bakoitzarentzat Jaurlaritzaren programan jasotako helburuei eta programa horren oinarri diren irizpideei egokituko zaizkie egitasmook. Jarraian, arautegi horiek jarraitu beharreko antolaketa-irizpideak ezartzen dira dekretuan.
Dekretu honen 1. artikuluan zehazten diren funtzioak eta jardun-arloak egokitu egin behar dira horiek gauzatzea ahalbidetuko duen egitura batera, eta, hortaz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak aurkeztutako organigrama bat dator egokitzapen horrekin. Hala, egitura horrek honako hauek hartzen ditu barnean: lehengo Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren organo eta unitate guztiak; lehengo Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Nekazaritza eta Landa Garapeneko Sailburuordetzaren eta Arrantza eta Elikagaien Industriako Sailburuordetzaren organo eta unitateak; eta lehengo sail horren beraren Zerbitzu Zuzendaritzaren eta Kabinetearen eta Hedabideen Zuzendaritzaren unitate eta baliabide material eta giza baliabideak, funtzioak beteko dituztenak dekretu honetan adierazten diren jardun-arloetara atxikita.
Egitura zehazterakoan, honako irizpide hauek hartu dira aintzat: antolamendu-murrizketa eta austeritatea; egiturak lautzea; jardun-arloak biltzea; eduki zabaleko jardun-arloak antolatzea; egiturazkoak ez diren staff-arloak identifikatzea; eta informazio-teknologien aprobetxamendua. Hau da, abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan ezarritako irizpideei jarraitu zaie.
Lehendakariak inbestidura-hitzaldian adierazi zuenaren ildotik, sail-egitura murritzagoa proposatzen da, Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoko egitura sinplifikatu eta arintze aldera. Nolanahi ere, arintze horrek ez du eraginik izango Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan izendatu zaizkion eskumen eta funtzioen arabera eskaintzen dituen zerbitzu eta jardueretan. Familiak, elkarteak, enpresak eta negozioak krisi ekonomikoaren ondorioetara egokitzen diren moduan, Administrazioak ere egitura egokitzeko neurriak hartu beharra dauka, eta, alde horretatik, dekretu hau neurri horien isla da, goi-karguen eta izendapen askeko langileen % 20 inguru murriztu baita.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila sortu da, beraz, eta barruan bildu dira Euskadiren ekoizpen-ekonomian zuzen-zuzenean eragiten duten arloak. Industria-, turismo- eta merkataritza-arloez gain, lehen sektoreari dagozkion arloak ere sartu dira sail horretan, ekonomian eta enpleguan ekarpenak egiten baitituzte eta Euskadiri hazkunde ekonomikorako aukera eskaintzen baitiote, garapen dibertsifikatu eta harmoniatsuagoa helburu hartuta. Horretaz gain, gure ekoizpen-sareko sektoreen arteko barne-lankidetza eta orientazio bateratua baliatu nahi dira, hain zuzen ere batera ekitea eginkizun-metaketa hutsa izan beharrean sinergiak sortzeko iturri izan dadin. Hortaz, egun pairatzen dugun krisi ekonomikoa gainditzen laguntzeko aukera dauka sail honek, ekonomia eraldatzeko eredu baten sorrera babestuz, euskal gizartearen beharren eta helburuen neurrira.
Sail honen egituraren bidez, enpresei laguntzeko ingurune bat sortu nahi da, hazkundea eta enplegu-sorrera erraztuko duena eta, finean, aberastasuna sortzen lagunduko duena. Horretarako, Saila, batetik, lau sailburuordetzatan egituratu da, bakoitzak jardun-arlo jakin bat duela, eta, bestetik, bi zuzendaritza horizontaletan, sailaren gainerako zuzendaritzei lagunduko dietenak. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikita egongo dira, halaber, sektore publikoko zenbait erakunde, Sailak gizartean sustatuko dituen politikak garatzeko funtsezko tresna izango direnak.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren proposamenez, lehendakariak aldez aurretik onartuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2013ko apirilaren 9an egindako bilkuran onartu ondoren, hauxe
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko Lehendakariaren 20/2012 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoa garatuz martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrari dagozkion eskumenen barruan, honako jardun-arlo hauek izango ditu:
Industria-politika eta enpresa-lehiakortasuna.
Berrikuntza eta teknologia.
Euskal gizartean Informazioaren eta Jakintzaren Gizartea sustatzea eta garatzea, Administrazio eta gobernu elektronikoen esparruan gauzatutako jardunak bazter utzi gabe.
Industria eta enpresak nazioartean ezagutaraztea.
Energia eta meategiak.
Artisautza sustatzea eta indartzea.
Merkataritza.
Merkataritza, Industria eta Itsasketa Ganbarak.
Turismoa.
Nekazaritza eta abeltzaintza sustatu eta antolatzea.
Landa-garapena eta haren dibertsifikazio ekonomikoa sustatzea.
Abeltzaintza eta mendiak.
Ehiza eta arrantza kontinentala.
Arrantza.
Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-arloetako industriak eta komertzializazioa.
Basoen lehenengo eraldaketako industriak.
Nekazaritzako elikagai-politika: nekazaritzaelikagaiak sustatzea, tipifikatzea, horiei jatorrizko izendapena ematea eta kalitatea zaintzea.
Mahastizaintza eta enologia.
Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako prestakuntza. Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea.
Nekazaritza- eta ozeano-ikerketa, hargatik eragotzi gabe betetzea Lehendakariaren 20/2012 Dekretuaren 10.1.b) artikuluan ezarritakoa (abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).
Sailari atxikita edo haren menpe dauden erakunde autonomoak, zuzenbide pribatuko ente publikoak eta sozietate publikoak gidatzea, legeek eta arautegiek ezartzen dutenarekin bat etorriz.
Legeek eta arautegiek eman diezazkioten gainontzeko ahalmenak.
Aurreko artikuluan aipaturiko jardun-arloetako eskumenak baliatzeko, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egitura orokor hau hartuko du:
Organo nagusiak:
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua.
Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritza.
Zerbitzu Zuzendaritza.
Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetza.
Teknologia eta Estrategia Zuzendaritza.
Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritza.
Industria Sailburuordetza.
Industria Garatzeko Zuzendaritza.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza.
Nazioartekotze Zuzendaritza.
Merkataritza eta Turismo Sailburuordetza.
Merkataritza Zuzendaritza.
Turismo Zuzendaritza.
Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza.
Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza.
Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza.
Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza.
Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza.
Lurralde-organoak:
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak lurralde historikoetan dituen ordezkaritzak.
Sektore Publikoa:
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikita geratzen dira sektore publikoko honako erakunde hauek:
Energiaren Euskal Erakundea (EEE/EVE) zuzenbide pribatuko erakunde publikoa.
Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI) sozietate publikoa.
Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia-Agencia Vasca de Turismo sozietate publikoa.
Neiker S.A., Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, A.B., Instituto Vasco de Investigación y Desarrollo Agrario, S.A. sozietate publikoa.
Sektore publikoko Fundación HAZI Fundazioa.
ELIKA Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa- Fundación Vasca para la Seguridad Alimentaria sektore publikoko fundazioa.
Kide anitzeko organoak:
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikita daude, beren sortze-arauetan aurreikusitakoaren arabera, kide anitzeko honako organo hauek:
Euskadiko Nazioartekotze Batzordea.
Industria Segurtasunerako Euskal Kontseilua.
Merkataritza Establezimendu Handien Batzordea.
Merkataritzako Aholku Batzordea.
Merkataritza Banaketaren Behatokia.
Turismoko Aholku Batzordea.
Landare Osasunaren Batzorde Tekniko Koordinatzailea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Bertako Abere-arrazen Kontseilua.
Euskadiko Animalien Elikadurarako Batzordea.
Euskadiko Ekoizpen Integraturako Koordinazio Batzordea.
Landaberri.
Landa Garapenerako Kontseilu Aholku-emailea.
Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseilua.
Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroa.
Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordea.
Arrantza-arloko Aholku Batzordea.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari honako hauek dagozkio: batetik, Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluetan finkaturiko eskumenak baliatzea, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien funtzioak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren arabera sailari dagozkion funtzio eta jardun-arloetan indarrean dauden legeek egozten dizkioten eskumenak baliatzea, betiere saileko beste organoren bati esleitu ez bazaizkio.
Saileko organo gorena denez, bere gain hartuko ditu Saileko organo guztien eta bertako jarduera guztien ordezkaritza, zuzendaritza, koordinazioa eta kontrola.
Sailburuari dagokio, halaber, honako eskumen hauek erabiltzea:
Izendapen askeko lanpostuak betetzea, aurretik deialdi publikoa eginda, eta aldi baterako langileak izendatzea.
Saileko organoen artean eskuduntzei buruz sortzen diren gatazkak ebaztea eta beste sail eta erakunde batzuekiko eskumen-arazoak planteatzea.
Sailaren erakunde edo agintarien aurka aurkeztutako errekurtsoak ebaztea, non eta beste organo baten eskumena ez diren.
Kabinete eta Komunikazio Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian sailburuaren menpe, eskumen hauek erabiltzea:
Behar duen laguntza eta aholkularitza ematea sailburuari, Sailari dagozkion funtzio instituzional eta orokorretan.
Sailaren komunikazio-politika zehaztea, zuzentzea eta koordinatzea eta, ildo horretan, gizarte-komunikabideekiko harremanak garatzea eta zaintzea, Sailari lotutako jardueren, erabakien eta politiken hedapena eta zabalkundea errazteko.
Sailburuaren lan-programan (Agenda) zuzeneko laguntza ematea eta programa horren plangintza eta jarraipena egitea, erakundea ordezkatzeko egintzak bereziki kontuan hartuta.
Sailaren organoen egintza publikoak, kanpoko jarduerak eta protokoloa programatzea.
Bere eskumeneko arloetan, bera izango da Sailaren eta gainerako sailen arteko harremanetarako organoa. Bera izango da, halaber, gai material horren inguruan eratutako sailen arteko koordinazio-organoekiko harremanetarako organoa.
Organo eskudunaren bitartez, Sailaren eta Eusko Legebiltzarraren arteko harremanak koordinatzea eta zaintzea.
Herri Administrazio eta Justizia Sailaren bitartez, Sailaren eta Arartekoaren arteko harremanak bideratzea.
Sailak administrazio, erakunde eta antolakunde desberdinekin dituen elkarrizketa, eta, orokorrean, harremanak bideratzea, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai eta estatu edo Europar Batasunean ere, beste organo batzuei berariaz esleitutakoak salbu.
Europar Batasunaren Nekazaritza Politika Bateratuak eragindako gastuen Erakunde Ordaintzailearen barne-auditoretza egitea, arau komunitarioen eremuaren barruan.
Sailaren argitalpenak koordinatzea.
Sailaren jardunaldiak, biltzarrak, aurkezpenak eta bestelako jarduera dibulgatzaileak koordinatzea.
Kabinete eta Komunikazioko zuzendariari honako funtzio hauek dagozkio:
Bere jardun-eremuaren barnean hartutako espedienteen ondoriozko gastua baimentzea, non eta baimen hori ez den beste organo baten eskumena.
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan dagokion jardun-arloan esleitutako diru-laguntza izendunak ematea.
Zerbitzu Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian sailburuaren menpe, eskumen hauek erabiltzea:
Laguntza tekniko, juridiko eta administratiboa ematea Saileko sailburuari.
Saileko aholkularitza juridikoa, gainerako zuzendaritzekin lankidetzan. Hor sartzen da: a) Sailari eragiten dioten gaiei buruzko araudia, azterketak eta txosten juridikoak zuzentzea eta egitea, b) dokumentazio-zerbitzuak eta izaera juridikoko dokumentu-oinarriak kudeatzea eta c) nahitaezko legezkotasun-txostenak igortzea, beste organoei esleitu zaizkienak salbu. Gainera, aholkularitza-organoei eta Sailera atxikitako gainerako erakundeei lankidetza eta babesa emango die.
Jurisdikzio-prozeduren jarraipena eta kontrola egitea eta Auzibide Zuzendaritzarekiko harremana zaintzea Sailak parte hartzen duen gaietan, eta, halaber, gai horien gaineko ebazpenen jarraipena eta kontrola egitea.
Jaurlaritzaren Kontseiluari edo bere organo eskuordetuei aurkeztu behar zaizkien espediente eta gaiak tramitatu eta kontrolatzea, bai eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo beste edozein egunkari ofizialetan argitaratu behar diren xedapenak eta administrazio-ekintzak tramitatu eta kontrolatzea ere.
Saileko zerbitzu orokorrak antolatzea eta administratzea, sailburuordetza eta zuzendaritzen sistemak eta lan-metodoak koordinatzea, eta Sailak Jaurlaritzako beste atalekin dituen administrazio-harremanak koordinatzea.
Kontratazio-espedienteak tramitatzea.
Sailaren eskumeneko arloetan ekonomiari buruzko azterlan eta memoriak programatzea, koordinatzea, eta, hala badagokio, egitea.
Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuak eragindako gastuen Erakunde Ordaintzailearen kontabilitatea, arau komunitarioen eremuaren barruan.
Unean-unean indarrean dauden diru-laguntzen egitarauekin bat etorriz, laguntza edo diru-laguntzen banaketa sailaren ardura izanez gero, delako laguntza edo diru-laguntza horien erabilera egokia bermatzeko behar diren ekintza guztien kudeaketa proposatu eta gauzatzea, Saileko zuzendaritzekin lankidetzan.
Sailari dagozkion eskumenak kudeatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiarekin, antolaketarekin eta informatikarekin lotutako gaietan, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekiko harremanak kudeatzea ere.
Sailaren jardueraren inguruan sortzen diren ondare-erantzukizuneko prozedurak hastea eta bideratzea.
Sailari atxikitako langileen buruzagitza baliatzea eta arlo horri buruzko gaiak kudeatzea, langileen prestakuntza eta hobekuntzarako plan eta programak sustatuz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea/Instituto Vasco de Administración Pública (HAEE/IVAP) erakundearekin lankidetzan.
Euskara-atalaren bitartez, Sailean euskararen erabileraren normalizazioa eta langileen euskalduntze-prozesua sustatzea. Euskara-atalak aplikatu beharreko hizkuntza-irizpideak zehaztuko ditu eta horien jarraipena egingo du, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren irizpideei jarraikiz. Atal horrek, halaber, eta sailari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Planaren jarraipena egingo du, bai eta Urteko Kudeaketa Planarena ere, eta, gainera, VI. Normalizazio Planaren helburuak zehaztuko ditu.
Sailak langile-premien inguruan egindako aurreikuspenak ebaluatzea, eta Sailaren plantillak eta lanpostu-zerrendak lantzeko proposamenak egitea.
Lanpostuen banaketa fisikoarekin, ekipamenduarekin eta eraberritze-lanekin zerikusia duten Saileko unitate guztien jardunak zuzentzea; hala ere, Herri Administrazio eta Justizia Sailari gai honetan esleitutako eskumenak errespetatuko dira. Saileko bulegoen barne-erregimena zaindu eta babestea, eta Sailari atxikitako ondarea eta bere ekipamenduak administratu eta kontserbatzea.
Saileko beste organoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo eskudunekin batera koordinatuta, Saileko zerbitzuen eta Sailean erabiltzen diren lan-sistemen eta metodoen barne-antolaketa, arrazionalizazioa, aplikazio informatikoak, administrazio digitala eta informatizazioa lortzeko proposamenak egitea.
Erregistro Orokorra, Artxibategia eta Sailaren gainerako dokumentazio-zentroak kudeatzea.
Sailean kalitate-ereduak diseinatu eta garatzea.
Organo eskudunak administrazioaren berrikuntzaren eta modernizazioaren arloan egindako ekimen eta ildoak garatzeko eta gauzatzeko beharrezkoa den euskarria bermatzeko ardura duen organo gisa jokatzea.
Sailean herritarrentzako informazio- eta arreta-zerbitzuek ahal denik eta ondoen funtzionatzen dutela bermatzea (arretarako 2. eta 3. maila), eta Zuzenean-Herritarren Arreta Zerbitzuarekin dauden harremanak egokiro antolatzea, beren eskumeneko arlo desberdinetan solaskide operatiboak daudela bermatuz.
Informazio-, estatistika-, azterketa- eta analisi-sistemen arloan kudeaketa eta koordinazioa gauzatzea.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Eusko Jaurlaritzak onetsitako Berdintasunerako Planean aurreikusitako neurriak betetzeko, zuzendaritza desberdinak eta Sailaren arloak sustatzea, koordinatzea eta beraiekin lankidetzan aritzea, bai eta organismo, erakunde, sozietate eta organoekin lankidetzan aritzea ere, betiere eta zuzendaritzara atxikita badaude.
Sailaren Segurtasun eta Osasun Unitatearen jardunak zuzentzea, betiere eragotzi gabe Prebentzio Zerbitzuak bere eskumenak betetzea.
Zerbitzu zuzendaria sailaren kontratazio-organoa izango da, eta, berari dagokio, halaber, entitateekin prestazio jakin bat hitzartzeko negozio juridikoak egitea, betiere, sektore publikoaren kontratazio-arauetan ezarritakoarekin bat, entitateok Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren baliabide propio eta zerbitzu teknikotzat hartuak badaude. Bi kasuetan, gastua egiteko baimena eman beharko du, gainera.
Zerbitzu zuzendariari atxikitzen zaio sailaren Estatistika Organo Espezifikoa.
Zerbitzu zuzendariaren egitekoa da, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan dagokion jardun-arloan esleitutako diru-laguntza izendunak ematea.
Zerbitzu zuzendariari dagokio Sailaren aurrekontu-aurreproiektua prestatzea, horren segimendua koordinatzea, gastuak xedatzeko eta obligazioak hartzeko eragiketak gauzatzea, eta, oro har, Sailaren ekonomia eta aurrekontua kudeatzea. Zuzendari horrek, halaber, koordinatu egin beharko ditu erakunde autonomoen, zuzenbide pribatuko ente publikoen eta sailari atxikitako gainerako sozietate publikoen aurrekontuak, eta Sailaren aurrekontuarekin bat datozela zaindu.
1. ATALA
FUNTZIO OROKORRAK
Sailburuordeei dagokie, zuzenean eta hierarkian sailburuaren menpe, ondoko eskumenak erabiltzea:
Kasuan kasuko jardun-arloari dagozkion kudeaketa-politikak zehaztea, helburu estrategikoak garatzea eta gizartean izandako eragina neurtzea.
Sailburuordetzaren, zuzendaritzen eta sailburuordetzaren menpeko gainerako administrazio-organo eta unitateen jarduerak zuzendu eta kudeatzea.
Sailburuordetzari dagokion eremuan, jardun-politikak lantzea, eta sailburuari horiek proposatzea eta laguntza teknikoa ematea.
Harremanak izatea kasuan kasuko arloan eskumenak dituzten Estatuko, autonomia-erkidegoetako, foru-aldundietako eta toki-erakundeetako organoekin.
Europako eta nazioarteko erakunde publiko nahiz pribatuekiko harremanak eta lankidetza sustatzea.
Ezarrita dauden antolamendu-irizpideen esparruan, sailburuordetzak zuzendaritzetan eta administrazio-unitateetan antolatzea proposatzea.
Sailburuordetzako organo eta unitateei zuzendutako jarraibideak eta zerbitzu-aginduak ematea, ondo funtziona dezaten.
Hainbat sailburuordetzek proiektu edo prozedura batean batera jardun behar dutenean, sailburuordetza bakoitzak gainerakoekiko dituen jarduketak koordinatuko ditu, Jaurlaritzaren jarduketa politiko eta administratiboaren koherentzia zaintze aldera, hargatik eragotzi gabe Jaurlaritzak koordinazio-ekintza orokorra betetzea.
Dagokion eskumen-arloan, azterlanak eta txostenak egitea eta horiek analizatzea, eta xedapen orokorren proiektuak proposatzea, ezarritako jardun-politikari jarraituz.
Sailburuordetzaren menpeko zuzendariek emandako ebazpenen aurka aurkeztutako errekurtsoak ebaztea.
Enpresekin, erakundeekin eta korporazioekin akordioak edo hitzarmenak izenpetzea, kasuan kasuko eskumena beste organo bati esleitu ez bazaio.
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan dagokion jardun-arloan esleitutako diru-laguntza izendunak ematea.
Bere eskumenaren eremuan zigor-ahalmena baliatzea, eta oso larritzat tipifikatutako zigorrak ezartzea, non eta legeria sektorialak eskumen hori beste organo bati esleitzen ez dion.
Bere jardun-eremuaren barnean hartutako espedienteen ondoriozko gastua baimentzea, non eta baimen hori ez den beste organo baten eskumena.
Sailburuordetzaren arlo eta funtzioekin lotutako ondare-erantzukizuneko prozedurak ebaztea.
Bere eskumeneko arloetan, sailburuordetza izango da Sailaren eta gainerako sailen arteko harremanetarako organoa. Bera izango da, halaber, eremu material horri lotuta eratutako sailen arteko koordinazio-organoekiko harremanetarako organoa.
Ordenamendu juridikoak agintzen dien beste edozein funtzio, edo, orokorrean, Jaurlaritzako sailburuordeei atxikitzen zaizkienak.
Zuzendariei dagokie, zuzenean eta hierarkian dagokien sailburuordearen menpe, edo sailburuaren menpe Kabinete eta Komunikazioko zuzendariaren eta Zerbitzu zuzendariaren kasuan, honako eskumen orokor hauek baliatzea:
Beren jardun-arloetan, kudeaketa publikoko politikak garatzea eta egin beharreko planak eta programak zehaztea.
Beren jardun-arloei dagozkien helburuak xehatzea, jarduerak eta erantzukizunak esleituz, lorpenak kontrolatuz eta behar diren kudeaketa-zuzenketak ezarriz.
Beren jardun-arloen antolamendu operatiboa proposatzea, eta barruko lan-sistemak zehaztea.
Beren jardun-arloen jarduerak programatu, sustatu, zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.
Prozedura batean hainbat zuzendaritzek parte hartzen dutenean, gainerako arloei dagokienez beren jardun-arloen jarduerak koordinatzea.
Beren jardun-arloetan, arauak garatzeko proposamenak egitea.
Beraiei esleitutako funtzioak betetzeko dagozkien administrazio-ekintzak ematea.
Beren eskumen-eremuan zigor-ahalmena baliatzea, eta indarrean dagoen legeriari jarraikiz arintzat eta larritzat tipifikatutako zigorrak ezartzea.
Indarreko araudian aurreikusitako kasuetan, errekurtsoak ebaztea.
Indarrean dagoen ordenamendu juridikoak agintzen dien beste edozein funtzio, edo, orokorrean, Jaurlaritzako zuzendariei atxikitzen zaizkienak.
2. ATALA
TEKNOLOGIA, BERRIKUNTZA ETA LEHIAKORTASUN SAILBURUORDETZA
Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetza Eusko Jaurlaritzaren organoa da, eta, sailburuaren begiradapean, honako jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatzen ditu:
Teknologia.
Berrikuntza.
Plangintza eta estrategia.
Euskal gizartean Informazioaren eta Jakintzaren Gizartea sustatzea eta garatzea, Administrazio eta gobernu elektronikoen esparruan gauzatutako jardunak bazter utzi gabe.
Enpresa-ekintzailetza.
Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzaren mende daude, hierarkikoki, Teknologia eta Estrategia Zuzendaritza eta Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritza.
Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzaren menpe, honako eskumen hauek baliatzea:
Lehiakortasun-politikaren jarraibideak eta orientazioak proposatzea, eta plangintza-dokumentuak eta horien jarraipen-txostenak lantzea eta ebaluatzea.
Barneko kudeaketa-planak eta haien jarraipen-txostenak prestatzeko koordinazio-lanak egitea.
Klusterren politika (klusterrak sortzen direnetik) eta klusterren funtzionamendu-hitzarmenak eta horiekiko harremanak garatzea, eta klusterren plan estrategikoak eta jardunak Sailaren politiken eta arloekin koordinatzea.
Sailaren berezko arloen inguruko azterlanak, txostenak eta argitalpenak egitea, eta Sailaren barruan eta sozietate publikoetan egiten direnak koordinatzea.
Indarrean dagoen araudian aurreikusitako lurralde-antolamenduko tresnen eta lehiakortasun-politikan eragina duten beste plan sektorial edo orokor batzuen jarraipena egitea eta, hala badagokio, horien osaeran parte hartzea.
Europar Batasuneko politikak eta, bereziki, lehiakortasun-politika lantzeko eta aplikatzeko beharrezko diren koordinazio-neurriak gauzatzea, eta Sailaren organoen eta Europar Batasuneko erakundeen arteko harremanak bideratzea, betiere beste organo batzuei dagozkien eskumenak errespetatuta.
I+G+B arloan, oinarri teknologikoko enpresa berritzaileen sorkuntza babesteko eta finantzatzeko programak landu eta abian jartzea, bai eta teknologiaren arloko enpresa-ideia berritzaile eta intentsibo berriak lantzeko eta abian jartzeko prozesuari lotutako tutoretza-programak ere.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planaren ondoriozko programak (Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzari, Industriari Sailburuordetzari eta Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzari dagozkionak) kudeatzea, eta programa horien ondoriozko jarduerak eraginpean hartutako sailekin koordinatzea.
Zientzia- eta teknologia-politikari lotutako azpiegitura estrategiko teknologikoak eta berritzaileak EAEn sortzeko eta ezartzeko ekintzak sustatzea eta ekintza horietan parte hartzea.
Industria-lehiakortasuna hobetzen lagunduko duen azpiegitura teknologiko eraginkor bat sortzeko eta finkatzeko programak lantzea eta gauzatzea.
Ikerketa teknologikoko proiektuen azterketa, ebaluazioa eta jarraipena egitea.
Enpresen eta teknologia eskaintzen duten erakundeen arteko teknologia-transferentzia sustatzea.
Lehiakortasun-planak garatzea, teknologiaren hobekuntzari dagokionez.
Ikertzaileak prestatzeko eta erakartzeko jarduna bultzatzea.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean dauden eragile zientifiko eta teknologikoekiko eta teknologia-arloko erakunde-arteko topaketa-foroekiko harremanetarako organoa izatea.
Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordetzaren menpe, honako eskumen hauek baliatzea:
Enpresa-berrikuntzaren, kudeaketaren kalitatearen, pertsonen eta informazioaren eta jakintzaren gizartearen arloan, jarduteko programak lantzea, gauzatzea eta ebaluatzea.
Enpresa-berrikuntzaren arloan, sentsibilizazioko, dibulgazioko eta prestakuntzako planak egitea.
Giza baliabideen eta baliabide horien erabilera zabaltzearen eremuan enpresa-kudeaketa hobetzeko tresna berriak diseinatzera bideratutako jardunetarako azterketak eta proposamenak lantzea.
Lehiakortasun-planak garatzea, enpresa-berrikuntzari, kudeaketaren hobekuntzari eta pertsonen prestakuntzari dagokienez.
Euskal gizartean informazioaren eta jakintzaren gizartea garatzeko neurriak sustatzea, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren beste organo batzuek administrazio eta gobernu elektronikoen eremuan dagozkien eskumenak betetzea.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean dauden eragile zientifiko-teknologikoekiko eta berrikuntza-arloko erakunde arteko topaketa-foroekiko harremanetarako organo izatea, non eta funtzio hori beste organoren bati esleitzen ez zaion.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailarekin eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin harremanak ezartzeko organoa izatea, hain zuzen ere modu koordinatuan bultzatzeko enplegurako lanbide-prestakuntzaren arloko jardunak eta enpresek lanbide-gaikuntzaren inguruan duten eskariaren eta prestakuntza-eskaintzaren arteko bateratze egokia.
Enpresen ekintzailetza-kultura sustatzea, eta ekintzailetzarako prestakuntza eta, bereziki, ekintzaileen gaitasuna hobetzeko neurriak garatzea.
Enpresa-ekimen berriak sustatzeko eta enpresak sortzeko laguntza-programak eta finantzaketaprogramak lantzea eta gauzatzea.
Enpresa-ideia berriak osatzeko eta abian jartzeko prozesurako tutoretza-programak lantzea eta koordinatzea, inplikatutako beste erakunde eta eragile batzuekin lankidetzan.
Zuzendaritzaren eskumeneko arloen barruan, erakundeen arteko eremuan jarduteko planak, azterlanak, txostenak eta proposamenak lantzea.
3. ATALA
INDUSTRIA SAILBURUORDETZA
Industriako sailburuordeak, sailburuaren zuzendaritzapean, honako jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatzen ditu:
Industria-sustapena.
Industria-antolamendua.
Industria-administrazioa.
Industria-segurtasuna.
Instalazio erradioaktiboak.
Energia.
Meategiak.
Nazioartekotzea.
Industria Sailburuordetzak, dekretu honetako 6. artikuluan ezarritako eskumen orokorrak betetzeaz gain, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila ordezkatuko du, Estatuko birmoldatze-sektoreei lotutako organo eta/edo batzordeetan.
Industria Sailburuordetzaren mende daude, hierarkikoki, Industria Garatzeko Zuzendaritza, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritza eta Nazioartekotze Zuzendaritza.
Industria Garatzeko Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Industria Sailburuordetzaren menpe, honako eskumen hauek baliatzea:
Industriaren garapena, dibertsifikazioa eta lehiakortasuna helburu duten industriaren eremuko sektoreei eta enpresei zuzendutako laguntza-neurriak sustatzea.
Berrindustrializatzeko edo industria-arloan jardunak egiteko premia berezia duten Euskadiko eremuetan industriaren sustapena eta antolamendua bultzatzea, beste erakunde eskudun batzuekin lankidetzan.
Enpresetan, taldeetan edo sektoreetan, zuzenean edo zeharka, lehiakortasun-dimentsionamendu egokiagoa sustatzea, teknologiaren eta merkatuaren esparruko eskakizunen arabera.
Enpresen arteko talde egonkorrak sortzen lagunduko duten programak, tresnak edo jardunak garatzea.
Egoeraren araberako zailtasunak dituzten enpresei dagokienez, jarduteko programak eta proposamenak prestatzea eta, enpresa horiei, etorkizuna dutenean, bultzada ematea, lanpostuei eta industria-jarduera lehiakorrari eutsi diezaieten.
Zuzendaritzaren eskumenen barruan, erakunde arteko eremuan jarduteko planak, azterlanak, txostenak eta proposamenak lantzea.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Industria Sailburuordetzaren menpe, honako eskumen hauek baliatzea:
Industriako produktuei, ekipoei eta instalazioei buruzko araudiak betetzen direla egiaztatzeko kontrola eta jarraipena egitea, honako arlo hauetan bereziki:
Produktu kimikoak biltegiratzea.
Produktu kimikoekin gerta daitezkeen istripu larrien prebentzioa.
Gas-erregaiak biltegiratzea.
Gasa jasotzen duten instalazioak.
Transformazio-zentroak eta goi-tentsioko linea liberalizatuak.
Behe-tentsioko instalazio elektrikoak.
Jasogailuak (igogailuak, dorre-garabiak eta garabi mugigarri autopropultsatuak).
Presioko ekipoak.
Erregai likidoen instalazioak.
Ibilgailuak.
Suteen aurkako babes-instalazioak.
Instalazio termikoak.
Industria-segurtasunari buruzko arauak bete behar dituen beste edozein arlo.
Honako hauei lotutako jardun guztiak: Industria Establezimenduen Erregistroari, metrologiari, industriaren esparruko kalitaterako eta segurtasunerako azpiegiturari, industria-jabetzari eta industria-produktuen eta makinen segurtasunaren kontrolari.
2. eta 3. kategoriako instalazio erradioaktiboen eta medikuntzako X izpien baimena eta kontrola, inguruneko erradiologia-ikuskapena eta arlo horretan esleituta dituen beste funtzio guztiak, bai hala araututa dagoelako, bai Segurtasun Nuklearrerako Batzordeak hala agindu diolako. Nolanahi ere, Osasun Sailak arlo horretan esleituta dituen eskumenak errespetatu behar dira.
Energiaren, meategien, Industria-administrazioaren, industria-segurtasunaren eta instalazio erradioaktiboen arloetan aldez aurreko administrazio-baimena behar duten espediente guztiak kudeatzea, tramitatzea eta ebaztea.
Energia-iturrien energia-erregimena, produkzioa, prospekzioa, sustapena eta aprobetxamendua.
Energia berrien arloko ikerketa-planak aztertzea eta egitea.
Energia kontserbatzea eta aurreztea.
Euskal Autonomia Erkidegoko, Estatuko eta Europar Batasuneko energia-plangintzan parte hartzea eta haren berri ematea.
Hidrokarburoen arloan indarrean dagoen oinarrizko legerian aurreikusitako parte-hartze funtzioak betetzea.
Meategietako jardueren eragina jasan duten natura-guneak leheneratzea, hargatik eragotzi gabe beste sail batzuek gai horretan esleituta dituzten eskumenak betetzea.
Meatze-eremuari lotutako industria-produktuak, -ekipoak eta -instalazioak legeen arabera bete diren kontrolatzea eta horren jarraipena egitea.
Mineral-meategien eta gainerako erreserba geologiko eta geotermikoen meatze-erregimena, ikerketa eta aprobetxamendua.
Energiaren, meategien, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloan, dekretu honetan edo berau garatzen duten xedapenetan ezarritakoa aplikatu ondoren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzei esleitu ez zaizkien funtzio guztiak betetzea.
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzari atxikitzen zaio Industria Segurtasuneko Euskal Kontseilua.
Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Industria Sailburuordetzaren menpe, honako funtzio hauek betetzea:
Kanpo merkataritza sustatzea.
Euskal enpresak atzerrian ezartzen laguntzea, bai enpresa mistoak edo proiektu indibidualak sortzen, bai abian dauden proiektuetan parte hartzen.
Euskadiko eta atzerriko enpresen arteko lankidetza-akordioak sustatzea.
Enpresen arteko elkarlana bultzatzea, partzuergoen edo bestelako lankidetza-moduen bitartez.
Nazioartekotzea xede duten enpresetarako finantzaketa-tresnak eta laguntza-neurriak sustatzea.
Kanpo merkataritzako adituen prestakuntza babestea eta sustatzea.
Nazioartekotzearen arloan diharduten erakundeen koordinazioa bultzatzea.
Lehiakortasun-planak garatzea, nazioartekotzeari dagokionez.
Zuzendaritza honi atxikitzen zaio Euskadiko Nazioartekotze Batzordea.
4. ATALA
MERKATARITZA ETA TURISMO SAILBURUORDETZA
Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak, sailburuaren zuzendaritzapean, honako jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatzen ditu:
Merkataritza.
Turismoa.
Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzak, dekretu honen 6. artikuluan ezarritako eskumenez gain, honako funtzio hauek beteko ditu:
Merkataritza, Industria eta Itsasketa Ganbarak babesteko ahalmena.
Merkataritzako erakusketen eta azoken sustapena eta jarraipena.
Euskal erakundeen artean, eta erakunde horien eta turismoaren eta merkataritza-banaketaren sektoreko eragileen artean, koordinatutako politika bat garatzea.
Saila ordezkatzea, Estatuaren Administrazioak merkataritza- eta turismo-arloan sustatutako organoetan eta/edo batzordeetan.
Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzaren mende daude, hierarkikoki, Merkataritza Zuzendaritza eta Turismo Zuzendaritza.
Nazioartekotze Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzaren menpe, honako funtzio hauek betetzea:
Berrikuntzaren bidez, teknologia berriak sartuz nahiz merkaturatzeko teknikak eta baliabideak hobetuz, enpresen eta merkataritza-egituren lehiakortasunaren alde egitea, Sailean arlo horretako eskumenak dituzten zuzendaritzekin lankidetzan.
Kalitate-prozesuen eta merkataritzan berrikuntza kudeatzeko prozesuen ezarpena sustatzea, eta banaketa-prozesuko kostuak arrazionalizatzera eta murriztera zuzendutako programak bultzatzea.
Enpresen hazkundea, lankidetza eta integrazio estrategikoa sustatzea, merkaturatze-egitura integratuen bidez.
Merkataritzari Laguntza Teknikoa emateko Kabineteen sarea berriz diseinatzea, giza baliabideak optimizatzeko eta Sailaren programak gauzatzeko zereginetan jartzeko.
Merkataritza-proiektu berriak erakar daitezen sustatzea eta merkataritza-jarduera biziberritzearen alde egitea, bereziki hiri-inguruneetan, eta merkataritza-sektorearen iraunkortasunera, kontziliaziora eta lurralde-orekara bideratutako programen garapena bultzatzea.
Lurraldean merkataritza-antolamenduko irizpideen diseinuan eta ezarpenean beste batzuekin batera parte hartzea.
Banaketaren sektorean profesionalizazioa bultzatzea eta ekintzailetzaren kultura eta enpresa-kultura sustatzea enpresa-bikaintasuna lortzeko, Sailean arlo horretako eskumenak dituzten zuzendaritzekin lankidetzan.
Banaketaren Euskal Behatokia jarraipen-organo gisa babestea, eta haren jarduna Estatuko eta Europako joera sektorialei zein joera sektorial orokorrei buruzko informazioa biltzera bideratzea, erabakiak hartzea erraztu eta erakundeen politiken eraginkortasuna hobetze aldera, era horretan enpresak zein kontsumitzaileak pozik egon daitezen.
Araudiak bereziki, merkataritza-jarduerari buruzkoak eta hori garatzeko gainerako xedapenek Merkataritza Zuzendaritzari esleitzen dizkioten funtzioak, eta arlo honetan beste organo batzuei esanbidez esleitu ez zaizkienak.
Merkataritza Zuzendaritzari atxikitzen zaizkio Merkataritza Establezimendu Handien Batzordea, Merkataritzako Aholku Batzordea eta Merkataritza Banaketaren Behatokia.
Turismo Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzaren menpe, honako funtzio hauek betetzea:
Turismoa sustatzeko ekintzak bultzatzea.
Turismoa antolatzeko prozedurak koordinatzea eta kontrolatzea: erregistroa, baimenak, erreklamazioak eta ikuskapena.
Lurraldearen turismo-kudeaketa iraunkorra sustatzea, eta, horretarako, turismoa dinamizatzeko planak eta eskualdeko lankidetza-erakundeak bultzatzea.
Azterketa sektorialak, balioespen eta azterketa estatistikoak, eta merkatu-azterlanak eta -txostenak sustatzea.
Enpresa eta jomuga turistikoetan ziurtagiri bidezko kalitatearen garapena bultzatzea.
Turismoaren arloko arauak garatzeko proiektuak sustatzea.
Prestakuntzaren arloko jardunak sustatzea, destinoko giza baliabideen eskaintza sektoreko premietara hobeto egokitzeko, enplegurako lanbide-prestakuntzaren arloan eskumenak dituzten sailekin lankidetzan.
Turismo-arloko berrikuntza-, teknologia- eta ekintzailetza-plan eta politiketara bideratutako jardunak zuzentzea.
Turismo-enpresa eta/edo turismo-produktu berrien sorkuntza sustatuko duten programak, tresnak edo jardunak lantzea eta gauzatzea. Halaber, egungo sarea modernizatzeko jardunak zehaztuko dira.
Azpisektoreetan zein jarduera-arloetan, enpresen arteko lankidetza sustatzea, dimentsionamendu lehiakorragoa lortzeko.
Laguntza sektorialak planifikatzea, kudeatzea eta ikuskatzea.
Turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko plana lantzea eta bultzatzea.
Euskadin turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko, teknologia berrien erabilera bultzatzea eta sustatzea.
Oro har, turismo-administrazioaren eta -lehiakortasunaren arloan agintzen zaizkion beste funtzio guztiak betetzea.
Turismoko Aholku Batzordea atxikitzen zaio Turismo Zuzendaritzari.
5. ATALA
NEKAZARITZAKO, ARRANTZAKO ETA ELIKAGAI POLITIKAKO SAILBURUORDETZA
Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzari dagokio, zuzenean eta hierarkian sailburuaren menpe, honako jardun-arlo hauek zuzendu eta koordinatzea:
Nekazaritza sustatu eta antolatzea.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako egiturak berritzea.
Merkatuetan esku hartzea, Erakunde Ordaintzailearen eskumenen arloan.
Batasuneko ordainketak eta laguntzak.
Landa-garapenerako programak kudeatzea, Sailaren eskumenen arloan.
Landa-garapenarekin eta nekazaritzako sektorearen izaera funtzioanitzarekin zerikusia duten politika eta arautegi europarrak garatzea eta kudeatzea.
Landa-garapenari buruzko ekimenak egiteko eskumena duten erakundeei proposamenak egitea, Landa Garapenari buruzko apirilaren 8ko 10/1998 Legean aurreikusitako helburuekin lotuta, eta Landaberrin sortzen diren lan-taldeen jarduerak sustatzea.
Landaberrik jakinarazi behar dituen gaiak prestatzea eta sustatzea, Landa Garapenari buruzko apirilaren 8ko 10/1988 Legearekin bat etorriz.
Mahastizaintza sustatzea eta indartzea.
Animaliak eta zoologia-guneak babesteko eta kontrolatzeko erregimena.
Nekazaritzako ekoizleekin eta landa-garapenerako elkarteekin harremana izatea eta berau sustatzea.
Nekazaritzako eta arrantzako produktuen kalitatea eta bermea sustatzea eta defendatzea.
Nekazaritzako eta arrantzako produktuen jatorri-deitura eta kalitate- eta berme-bereizgarriak.
Elikadura-segurtasuna sustatzea.
Ehiza.
Baso-antolamendua.
Euskal Autonomia Erkidegoko uretako arrantza, itsaski-bilketa, akuikultura eta arrantza kontinentala antolatzea.
Arrantza-egituren plangintza eta sustapena.
Urpeko igeriketa profesionala.
Arrantzaleen kofradiak, arrantzako erakunde profesionalak eta arrantzako ekoizleen elkarteak.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eskumenen barruan, arrantza-guneetako azpiegiturak eta zerbitzuak garatzea.
Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako prestakuntza. Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea. Kirol-nabigazioko irakaskuntza.
Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-industriak sustatzea.
Nekazaritza-, arrantza- eta elikadura-produktuen merkaturatzea.
Enologia.
Teknologiak ikertzea eta sustatzea, nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-industrian.
Neiker S.A., Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, A.B. sozietate publikoa eta sektore publikoko Fundación HAZI Fundazioa Sailari atxikitzearen ondoriozko eskumenak bere gain hartuko ditu Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak.
Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren mende daude, hierarkikoki, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritza eta Elikagaien Kalitate eta Industria Zuzendaritza.
Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren menpe, honako eskumen hauek betetzea:
Landa Garapen Iraunkorreko Programa diseinatzea, eta Europar Batasunaren helburuei eragiten dieten plan eta programak tramitatzea, Sailak nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-arloetan dituen berezko eskumenen barruan.
Europar Batasunak nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-arloetan dituen arau eta politikak landu eta aplikatzerakoan, Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzea garatzeko koordinazio-neurriak hartzea, betiere indarrean dauden hitzarmen eta arauen arabera.
Nekazaritzan eta elikagai-gaietan Europar Batasuneko arau, plan eta programak garatzeko ezartzen diren batzorde eta kide anitzeko erakundeetan, Sailari dagozkion ordezkaritza eta funtzioak betetzea.
Administrazio publikoen politika eta jardunak koordinatzeko eta lankidetzan aritzeko proposamenak egitea, nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-sektoreen garapen ekonomikoari bultzada emateko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Plana barne dela, hala behar izanez gero.
Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-arloetan, Sailaren plan estrategikoak eta plan horien jarraipen-txostenak koordinatzea.
Landa Garapeneko apirilaren 8ko 10/1998 Legean xedatutakoaren ondorioz Sailari dagozkion eskumen guztiak bultzatu, bete eta koordinatzea.
Landaberriri beharrezko duen babes tekniko eta administratiboa ematea.
Landa-garapeneko laguntza-programak egin eta koordinatzea, Europar Batasunaren arau eta ekimenen barruan.
Mendi-nekazaritzako inguruetarako eta alde behartsuetarako programak egin eta koordinatzea.
Agente ekonomiko eta sozialek landa-garapeneko plan eta programetan parte hartzeko modua bultzatu eta garatzea.
Landa-eremuetako jardun ekonomikoa dibertsifikatzeko jarduerak egitea, eta landa-ingurunearen funtzioaniztasunari eustea.
Landa-inguruetan, enpresa-ekimen berrietarako, enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta elkarteak eratzeko laguntza ematea.
Landa garapeneko elkarteekin harremana izatea eta berau sustatzea.
Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako prestakuntza. Nekazaritza- eta arrantza-arloetan eta landa-inguruetan, lanbide-gaikuntza sustatzea eta, beste erakunde eta eragile batzuekin koordinatuta, lanbide-prestakuntzaren arloan jardunak bultzatzea, hain zuzen ere enplegua sortzeko eta enpresek lanbide-trebakuntzaren inguruan egindako eskariaren eta prestakuntza-eskaintzaren arteko integrazio egokia bultzatzeko.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari nekazaritza-, arrantza- eta landa-gaietako heziketa arautuko ikasketa-programak proposatzea.
Berrikuntza, kudeaketaren hobekuntza eta pertsonen prestakuntza laguntzea.
Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-gaietan enpresen ekintzailetza-kultura sustatzea, eta ekintzailetzarako prestakuntza eta, bereziki, ekintzaileen gaitasuna hobetzeko neurriak garatzea.
Lana antolatzeko eredu berrien garapena proposatzea, informazioaren teknologia berriak aplikatuz, landa-inguruneko enpleguaren lan-baldintzak eta bizi-kalitatea hobetze aldera.
Nekazaritza-turismoari dagozkion jarduerak gauzatzea.
Jardun-programak egin eta proposatzea arrantza-guneen gainbehera saihesteko eta gune horiek Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako guneen pareko garapen ekonomiko, sozial eta kulturalaren mailan jartzeko.
Lurraldea, itsasertza eta hirigintza antolatzeko espedienteetan eta ingurumen-inpaktua ebaluatzekoetan, eragin sektorialari buruzko txostenak egitea, hala behar denean.
Nekazaritzaren eragin sektoriala ebaluatzeko tresnak garatu eta sustatzea, nekazaritza- eta baso-sektoreetako lurralde-antolamenduan aurreikusitakoaren arabera.
Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari atxikitzen zaizkio, Euskadiko Nekazaritza eta Elikagaigintzako Kontseilua, Landaberri eta Landa Garapenerako Kontseilu Aholku-emailea.
Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren menpe, honako eskumen hauek baliatzea:
Nekazaritzako ustiategien ekoizpen-egituren lehiakortasuna hobetzeko programak eta jarduerak egitea eta koordinatzea, sustapenekoak barne.
Landare eta animalien ekoizpen eta osasunari buruzko programa eta jarduerak eta ekoizpen bateratu eta ekologikoak egin eta koordinatzea; hala ere, lurralde historikoen eskumenak errespetatu egingo dira.
Nekazaritzako produktuen, prezioen eta konpentsazio-neurrien Merkatu Antolaketa Bateratuari buruz Europar Batasunak egiten dituen politiken jarraipena eta haien inguruko proposamenak egitea, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzarekin koordinaturik.
Nekazaritza Politika Bateratuaren barruko kudeaketa-programak egin eta koordinatzea.
Europar Batasuneko Nekazaritza Politika Bateratuak Euskal Autonomia Erkidegoan eragindako gastuen Erakunde Ordaintzailearen zuzendaritza-organoa izatea.
Animaliak babesteko neurriak garatzea.
Nekazaritza eta abeltzaintzako merkatuetan esku hartzeko eta merkatuok arautzeko jarduna kudeatzea, ikuskatze-ahalmena baliatuz.
Natura-baliabideen kutsadura saihestu edo gutxitzen duten laborantza-moduei buruzko programak egitea.
Batasunean animalien osasun eta ongizateari buruz dauden araudien praktikaren ezarpena sustatzea.
Hazien eta mintegiko landareen antolamendu, kontrol eta ekoizpenerako jarduerak gauzatzea.
Araudian aurreikusitako baimenak ematea, nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpenera bideratuta dauden genetikoki aldatutako organismoei dagokienez; hala ere, lurralde historikoen eskumenak errespetatu egingo dira.
Eraldaketako nekazaritza-sozietateen eraketa, erregistroa eta kontrola kudeatzea, bai eta Nekazaritzako Ustiategien Erregistroa eta Landa Errentamenduen Erregistro Berezia kudeatzea ere.
Euskal Autonomia Erkidegoko nekazari-taldeak eta horien elkarteak aitortu, erregistroetan jaso eta sustatzea.
Ehiza.
Mahastizaintza.
Pentsuen kontrol ofiziala egitea, ekoizpen, eraldaketa, ontziratze, biltegiratze, garraio eta handizkako zein txikizkako merkaturatzean.
Animalia-jatorriko azpiproduktuak kudeatzeko programak eta jarduerak egitea, dagozkien erakunde edo organoekin lankidetzan.
Nekazaritza eta abeltzaintzako hondakin plana eta nekazaritza- eta arrantza-industrien hondakinena prestatzea.
Gizakien kontsumorako ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuekin lan egiten duten establezimenduen, instalazioen eta garraio-enpresen erregistroa kudeatzea, bai eta abereen elikadura-sektoreko establezimendu eta operadoreen erregistroa eta zuzendaritzaren eskumeneko gainerako erregistro, errolda eta zerrendak ere.
Abereen elikadura-segurtasuna sustatzea trazabilitate-sistemen arloan.
Euskal Autonomia Erkidegoko bertako abere-arrazei buruzko ikerketa sustatzea eta berau garatzea.
Animalien gaixotasunen aurkako borrokan dagozkion analitikak egiten direla kontrolatu eta kudeatzea.
Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari atxikitzen zaizkio Landare Osasunaren Batzorde Tekniko Koordinatzailea, Euskadiko Animalien Elikadurarako Batzordea eta Euskal Herriko Bertako Abere Arrazen Kontseilua.
Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren menpe, honako eskumen hauek baliatzea:
Arrantzako enpresen lehiakortasuna hobetzeko diru-laguntzen dibertsifikazioa lortzeko programak diseinatu eta gauzatzea.
Diru-laguntzen antolamendua proposatzea, eta esku-hartzeko eremu guztietan programa eta jarduerak prestatu eta gauzatzea, Europar Batasunaren araudiaren arabera.
Itsas arrantza, itsaski, akuikultura eta arrantza kontinentaleko baliabideen ustiapenak antolatu, kudeatu eta sustatzea.
Esperimentuzko proiektuak sustatu eta onestea arrantza, itsaski eta akuikulturan.
Kirol-arrantza antolatu eta kudeatzea, eta dagozkion lizentziak igortzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko arrantza-ontzidia babestu eta laguntzea, beharrezkoa denean.
Dagozkion neurriak kudeatu eta sustatzea, arrantzako sektorerako ezarritako tresna eta bermeari dagokionez, eta, bereziki, arrantzako eskubideak eta antzekoak taldeka erabiltzeari dagokionez.
Arrantzaleen kofradiekin harremana izateko organoa izatea eta erregistroa kudeatzea, eta arrantzako erakunde profesionalekin eta arrantzako ekoizle-taldeekin harremana izateaz arduratzea.
Arrantzako sektoreko behar eta zehaztapenetara egokitzen diren finantza-tresnak aztertu eta sustatzea.
Arrantzarako Europako Funtsa aplikatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, dagokion Jarraipen Batzordean EAE ordezkatuz.
Itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legeak ezartzen dituen lizentziak, baimenak eta emakidak ematea eta lege horrek jasotzen dituen erregistroak eta gainerako tresnak kudeatzea.
Arrantza Ikuskaritzako Zerbitzua planifikatu eta zuzentzea, funtzionamendu eraginkorra izatea bermatzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatuz.
Portu edota itsasertzei buruzko sektore-araudiak arrantza-arloko administrazio eskudunari esleitzen dizkion txostenak egitea.
Arrantza-guneetako azpiegitura eta zerbitzuak hobetzeko plan eta programak egin eta proposatzea.
Itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea.
Kirol-nabigazioko titulazio eta irakaskuntzako antolamenduaz eta kudeaketaz arduratzea.
Urpeko igeriketa profesionala.
Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagozkion gaietan Europar Batasuneko arau, plan eta programak garatzeko ezartzen diren batzorde eta kide anitzeko erakundeetan, sailari dagozkion ordezkaritza eta funtzioak betetzea.
Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari atxikitzen zaio Arrantzako Aholku Batzordea.
Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari dagokio, zuzenean eta hierarkian Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren menpe, honako eskumen hauek baliatzea:
Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-industrietako lehiakortasuna hobetzeko programak, plan estrategiko eta sektorialak eta bestelako jarduerak prestatu eta gauzatzea.
EAEko Nekazaritza eta Elikagai Industrien Erregistroa eta zuzendaritzaren eskumeneko gainerako erregistro, errolda eta zerrendak kudeatzea. Nekazaritza eta Elikagai Industrien Erregistroaren barruan honako hauek daude sartuta: Ardo eta Edari Alkoholdunen Botilatzaileen eta Ontziratzaileen EAEko Erregistroa; Euskadiko Ekoizpen Integratuko Operadoreen Erregistroa; EAEko nekazaritza-produktu eta elikagaien kontrol- eta ziurtapen-erakundeen Erregistroa; EAEko Artisautza Produktuen Erregistroa; eta EAEko Nekazaritza eta Elikagai Elkarteen Errolda.
Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-sektoreetako produktuak eraldatzen eta merkaturatzen jarduten duten industrien inbertsioetarako, enpresa-kudeaketarako eta lehiakortasuna hobetzeko laguntza-programak egin eta gauzatzea, proiektu berrien garapena eta ezarpena sustatuz.
Enpresa- edo sektore-ekimenei eta proiektuei eskaintzen zaien aholkularitza babestea, nekazaritza- eta elikagai-produktuen merkaturatzea garatze aldera.
Zuzendaritzaren berezko jardun-arloetan, Europar Batasunak eta nazioarteko beste erakunde batzuek burutzen dituzten jardueren ondoriozko programak idaztea eta gauzatzea, kasuan-kasuan kudeaketaren ardura duen agintaritzarekin lankidetzan.
Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-sektoreak eta -enpresak finantzatzeko tresnak sustatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-produktuen informazioari, sustapenari eta publizitateari buruzko programak eta jardunak prestatu, kudeatu eta laguntzea.
Euskal nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-sektoreen parte-hartzea sustatu eta kudeatzea azoketan, erakusketetan, merkataritza-ekimenetan eta promozioetan, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai eta kanpoan ere.
Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-sektoreetako industriek eraldatutako eta merkaturatutako produktuak dibertsifikatzeko eta sustatzeko laguntza-programak prestatu eta gauzatzea.
Ardo eta edari alkoholdunen industrietan enologia-praktikak sustatu eta kudeatzea.
Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-industrietan asoziazionismoa, profesionaltasuna eta enpresa-lankidetza babesteko eta sustatzeko politikak eta, oro har, sektorea egituratzeko praktikak ezartzea, nekazaritzaren, arrantzaren eta elikagaien lanbide-arteko erakundeak barne hartuta.
Lehenengo eta bigarren baso-eraldakuntzako industriak antolatzea eta sustatzea.
Nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-arloetako I+G+B nahiz elikagai-produktuen osasun- eta kalitate-baldintzak planifikatu, programatu eta bultzatzea, arlo horretan hainbat jardun-ildo sustatuz eta kudeatuz, gainerako zuzendaritzekin lankidetzan, haien eskumeneko esparruetan.
Elikagai-segurtasunari eta elikagai iraunkorren ekoizpen eta kontsumoari buruzko ikerketa sustatu eta koordinatzea.
Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-ikerketako zentroen eta I+G zentroen arteko lankidetza zientifikoa sustatu eta sendotzea, Europar Batasunaren edo ikerketa finantzatzen duten beste erakunde batzuen programetan batera parte hartuz.
Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-arloetan, ikertzaileen eta teknologoen prestakuntza sustatzea eta arlo horietako eta ozeanografiako ikerketaren emaitzak ezagutaraztea, ekoizpen-sistema primarioetan eta eraldaketa-sistemetan aplika daitezen.
Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-sektoreetako enpresekin lankidetza sustatzea, I+G+B proiektuak sortzeko.
Elikagaien eta ongarrien kontrol ofiziala egitea, ekoizpen, eraldaketa, ontziratze, biltegiratze, garraio eta handizkako zein txikizkako merkaturatzean.
Elikagaien ekoizpen-katean nahiz kontsumoan eta elikagaien bermearekin lotutako gainerako alderdietan dauden arriskuen ebaluazioari buruzko azterketak egitea.
Elikagai-krisien egoeretan jardun-prozedurak ezartzea, gaian parte hartzen duten sailekin eta organo eskudunekin koordinaturik.
Batasunak zuzendaritzaren berezko gaietan egiten dituen jardunen ondoriozko programetan parte hartzea eta jardun horiek gauzatzen laguntzea.
Nekazaritzako eta arrantzako produktuen jatorri-deiturak eta kalitate- eta berme-bereizgarriak ezartzea eta kontrolatzea, sektoreko enpresek horiek erabiltzea sustatuz eta kontseilu arautzaileak eta kontrol eta kudeaketarako dagozkien erakundeak sortuz eta kontrolatuz.
Arauak egokitzearekin loturiko jarduerak zuzentzea, nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-ekoizpenaren kalitatearen ezaugarriak normalizatu, tipifikatu eta arautzeari dagokionez.
Nekazaritza-, arrantza- eta elikagai-enpresei eta kontsumitzaileei zuzendutako sentsibilizazio-kanpainak sustatzea, elikagaien bermearekin zerikusia duten alderdiak eta elikagai-krisien egoeren aurreko jardun-prozedurak betetze aldera.
Nekazaritza- eta elikagai-ekoizpenaren kalitatearen eta iruzur-kontrolaren aldeko jardunak planifikatu eta zuzentzea.
Kontsumitzaileen elkarte eta elkarte profesionalekin lankidetzan aritzea, elikagaien ekoizpen-katean eta kontsumoan kalitatea kontrolatzen dela bermatze aldera.
Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak baliatu egingo ditu ELIKA Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa- Fundación Vasca para la Seguridad Alimentaria sektore publikoko fundazioa sailari atxikitzearen ondoriozko eskumenak.
Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari atxikitzen zaizkio Euskadiko Ekoizpen Integraturako Koordinazio Batzordea eta Nekazaritza eta Elikagaigintzako Berrikuntza Foroa.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritza bat izango da Lurralde Historiko bakoitzean; zuzenean eta hierarkian Zerbitzu zuzendariaren menpe egongo da, baina, funtzioei dagokienez, arloaren arabera dagokion sailburuordetzaren menpekoa izango da. Lurralde-ordezkaritzek funtzio betearazleak izango ditu, sailaren eskumeneko gaietan, jarduteko dagokion lurraldearen barruan.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Sailetako sailburuordetza eta zuzendaritzetako titularren postuak bete gabe egonez gero, edo titularrok kanpoan edo gaixorik egonez gero, hierarkian gorago dagoen hurrengoak beteko ditu aipaturiko titularrei esleitutako funtzio eta eskumenak, egoerak dirauen bitartean eta sailburuak bestelako berariazko erabakirik eman ezean.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Diru-laguntzen programetako funtzioak Saileko zenbait organori esleitu zitzaizkien, hala ezarrita baitzegoen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuan eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 629/2009 Dekretuan, Aurrerantzean, berriz, dekretu honen aplikazioaren ondorioz eskumena duten organoei esleituko zaizkie funtzio horiek.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoen egitura organikoa eta funtzionala arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduan Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoei buruz egiten diren aipamenak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzei buruz egindakoak direla ulertu behar da, eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetako buruei buruz egindakoak, berriz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko lurralde-ordezkariei buruz egindakoak direla.
Halaber, 2006ko abenduaren 4ko Aginduan Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 11ko 284/2005 Dekretuari buruz egiten diren aipamenak dekretu honi buruz egindakoak direla ulertu behar da.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA. Nekazaritzarako eta itsas arrantzarako prestakuntza-ikastetxeak.
2013ko abuztuaren 31 baino lehen, bi sailek batera emandako agindu baten bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari eskualdatuko dizkio honako ikastetxe hauen kudeaketarekin lotutako baliabideak:
IES «Escuela Agraria Derio / Derio Nekazaritza Eskola» BHI.
IES «Arkaute Nekazaritza Institutua / Instituto Agrario Arkaute» BHI.
IES «Blas Lezo - Pasaiako Itsas Arrantzarako Ikastetxea» BHI.
IES «Fraisoro Eskola» BHI.
IES «Escuela de Formación Profesional Náutico Pesquera de Bermeo / Bermeoko Nautika eta Arrantzako Lanbide Heziketako Eskola» BHI.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren estatistika-organo espezifikoa sortzen ez den bitartean, indarrean jarraituko dute, bai Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Estatistika Organo Espezifikoa sortu eta haren antolamendu eta funtzionamendua ezartzen duen urriaren 3ko 189/2006 Dekretuak, bai Industria, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren estatistika-organo espezifikoa sortzen duen ekainaren 30eko 202/1996 Dekretuak.
Indargabetuta geratzen dira bai Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretua, bai eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 629/2009 Dekretuaren III. kapituluko IV. eta V. atalak ere.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko, eta, bereziki, Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoen egitura organikoa eta funtzionala arautzen duen Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Agindua aldatzeko eta, hala badagokio, indargabetzeko, eta hori ordezkatuko duen beste agindu bat onartzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2013ko apirilaren 9an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (13)
- Zuzendutakoa: HUTSEN ZUZENKETA, honako dekretu honena: 190/2013 DEKRETUA, apirilaren 9koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Partzialki indargabetutakoa: 81/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Zuzendutakoa: HUTSEN ZUZENKETA, honako dekretu honena: 190/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena.
- Aldatutakoa: 42/2014 DEKRETUA, martxoaren 25ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen Dekretua aldatzekoa.
- Partzialki indargabetutakoa: 74/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Ikus: 20/2012 DEKRETUA, abenduaren 15ekoa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena.
- Aldatutakoa: 5/2015 DEKRETUA, urtarrilaren 27koa, Euskadiko Turismo Mahaia sortzen duena.
- Partzialki indargabetzen du: 629/2009 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Indargabetzen du: 514/2009 DEKRETUA, irailaren 22koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Aldatzen du: AGINDUA, 2006ko abenduaren 4koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena. Honen bidez, Industria, Merkataritza eta Turismoko lurralde-bulegoen egitura organikoa eta funtzionala arautzen da.
- Ikus: 189/2006 DEKRETUA, urriaren 3koa, Industria, Merkataritza eta Turismoa Sailaren Estatistika Organo Berezia sortu eta bere funtzionamendu eta antolamendua ezartzen dituena.
- Ikus: 10/1998 LEGEA, apirilaren 8koa, Landa Ingurunearen Garapenerakoa.
- Ikus: 202/1996 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, Industri, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Organo Estatistiko Espezifikoa sortzezkoa.