Arautegia
Inprimatu53/2012 DEKRETUA, apirilaren 17koa, Familien Euskal Kontseiluarena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 90
- Hurrenkera-zk.: 2054
- Xedapen-zk.: 53
- Xedapen-data: 2012/04/17
- Argitaratze-data: 2012/05/09
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Gizarte Gaiak
Testu legala
Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen IV. Tituluan erakunde-antolaketa lantzen da. Lege horren helburua familia-politika integral baterako esparrua eta oinarriak ezartzea da, betiere familiaren eta familiako kideen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzera zuzendurik. Gauzak horrela, aipatutako IV. tituluaren I. kapituluan Familiaren Euskal Kontseilua eta haren batzordeak sortzen dira.
Lege horrek Familiaren Euskal Kontseilua eratzen du familia-arloari dagokionez Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta Udalen arteko koordinazioa eta lankidetza antolatzeko organo gisa, baita administrazio publikoen eremutik kanpoko erakundeen eta pertsonen benetako parte-hartzea gauzatzeko organo gisa ere.
Halaber, Familiaren Erakunde arteko Batzordea, Familiaren Sail arteko Batzordea eta Familiaren Batzorde Iraunkorra Familiaren Euskal Kontseiluaren barruan dauden batzordeak dira legearen arabera. Lehena Eusko Jaurlaritzaren sailek familia-arloan egindako jardunak koordinatzeko organo gisa eratzen da, bigarrena herri-administrazioek familia-arloan lankidetzan jarduteko, koordinatzeko eta parte hartzeko organo nagusia da, eta hirugarrena familiei babesa, arreta eta laguntza ematen diharduten gizarte-agenteek parte hartzeko foro espezifikoa da.
Familiaren Erakunde arteko Batzordearen nahiz Familiaren Erakunde Iraunkorraren aurrekaria Euskal Autonomia Erkidegoko familia-arloko erakunde-antolaketa arautzen duen 2003ko irailaren 17ko Agindua (Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako sailburuarena) da. Lege horren bitartez ezartzen da familia-arloko erakunde-antolaketa Familiaren Batzorde Iraunkor Sektorialak eta Familiaren Erakunde arteko Batzordeak osatzen dutela. Lehenengo Batzordea Gizarte Ongizateko Euskal Kontseiluan eratu zen.
Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak Familiaren Euskal Kontseiluan biltzen ditu bi batzordeak. Era berean, Legearen Xedapen iragankor bakarrean eransten da ordura arte Gizarte Ongizatearen Euskal Kontseiluari atxikita zeuden Familiaren Erakunde arteko Batzordea eta Familiaren Batzorde Iraunkor Sektoriala (aurrerantzean Familiaren Batzorde Iraunkorra) indarrean jartzen direnean Familiaren Euskal Kontseiluan bilduko direla; hori guztia bi Batzordeetarako arauz ezartzen diren eginkizunak eta osaera aparte utzi gabe, legean ematen zaien izaeraren arabera.
Ildo horretatik, Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen bigarren Xedapen gehigarriaren arabera, Eusko Jaurlaritzak arautu beharko ditu Familiaren Euskal Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea, eta hori bete nahi du Dekretu honek.
Kontuan izan behar dugu Familiaren Euskal Kontseilua batez ere organo aholku-emaile gisa eta familia-eremuko gizarte-agenteek familiei eragiten dieten politika publikoen diseinuan duten parte-hartzea eta lankidetza bideratzeko gune gisa eratu dela. Horregatik, gobernantza partizipatiboa garatzeko, funtsezkoa da ekimen sozialaren azterketak eta ekarpenak jasotzea eta kontuan hartzea eta inplikatutako alderdi guztien arteko elkarrizketa arina eta aberasgarria izatea.
Azkenik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 22ko 42/2011 Dekretuak agindutako esleipenak kontuan hartuz, Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzari dagokio Familiaren Euskal Kontseiluari eta haren batzordeei babesa eta laguntza ematea.
Hori guztia kontuan hartuta, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari jarraiki, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko apirilaren 17n egindako bilkuran aldez aurretik eztabaidatu eta onartu eta gero, honako hau
Dekretu honen xedea Familiaren Euskal Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta funtzionamendu-araubidea arautzea da, Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen IV. tituluaren I. kapitulua aplikatuz eta garatuz.
Familiaren Euskal Kontseilua kontsulta-organoa da, eta bertan Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Udalak eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuak daude ordezkatuta. Aipaturiko hiru erakunde-mailen arteko beharrezko koordinazioa eta lankidetza antolatuko duen organoa izango da, baita administrazio publikoetatik kanpo dauden erakunde eta pertsonen partaidetza gauzatuko duen organoa ere.
Familiaren Euskal Kontseilua familia-arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailari atxikita dago (Sailaren egitura organikoan sartuta egon gabe), eta Sail horren bulegoetan du egoitza, Gasteizen.
Dena dela, Familiaren Euskal Kontseiluak Autonomia Erkidegoko beste edozein lekutan egin ahal izango ditu bilkurak.
Familiaren Euskal Kontseilua osatzen duten organoak honako hauek dira:
Kide anitzeko organoak:
Osoko Bilkura.
Familiaren Sail arteko Batzordea.
Familiaren Erakunde arteko Batzordea.
Familiaren Batzorde Iraunkorra.
Pertsona bakarreko organoak:
Presidentea.
Presidenteordea.
Idazkaria.
Honako eginkizun hauek dagozkio Familiaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurari:
Lege-aurreproiektuei, dekretu-proiektuei eta familia-arloko araubideei buruzko txostena egitea.
Familiei laguntzeko erakunde arteko planen proposamenak aztertzea.
Familiei laguntzeko erakunde arteko planen betetze-mailari buruzko irizpena ematea.
Aholkularitza ematea eta Eusko Jaurlaritzan eta gainerako euskal administrazio publikoetan aurkeztea familia-politikari eragiten dion gai orori buruzko proposamenak, ekimenak eta gomendioak.
Eusko Jaurlaritzak eta gainerako euskal administrazio publikoek familia-politikari buruz gauzatzen dituzten ekimenen eta jardunen berri izatea eta horiei jarraipena egitea.
Familia-arloan esku hartzen duten agenteen iradokizunak, informazioa eta proposamenak jasotzea, eta haiei ere ematea.
Aztertzeko utzi dizkioten kontsultei erantzutea, betiere kontsulta horiek Familiaren Euskal Kontseiluaren helburuekin lotuta badaude.
Familia-politikari eragiten dieten gaiei buruzko azterlanak, ikerketak eta argitalpenak ez ezik jardunaldiak eta mintegiak ere egin daitezen proposatzea.
Familiaren Euskal Kontseiluaren funtzionamendu-araubidea egitea.
Indarreko legeriak esleitzen dion oro.
Familiaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuran honako hauek daude ordezkatuta:
Eusko Jaurlaritza.
Foru Aldundiak.
Udalak.
Familien interesak ordezkatzen edo defendatzen dituzten erakundeak.
Enpresa-erakundeak.
Erakunde sindikalak.
Kooperatiba-erakundeak.
Gizarte-zerbitzuen eremuan diharduten profesionalen erakundeak.
Familiaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkura hogeita hamabi kidek osatzen dute; erdiak Administrazio Publikokoak dira, eta beste erdiak aurreko ataleko d), e), f), g) eta h) letretan aipatu diren erakundeetakoak.
Honako hauek dira Familiaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkurako kideak:
Administrazio Publikoen aldetik:
Familia-arloan eskumena duen Saileko sailburua; presidente gisa jardungo du.
Familia-arloan eskumena duen sailburuordea; presidenteorde gisa jardungo du.
Familia-arloan eskumena duen zuzendaria.
Osasunaren eta kontsumoaren arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Hezkuntzaren, unibertsitateen eta ikerketaren arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Etxebizitzaren, herri-lanen eta garraioen arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Kulturaren arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Enpleguaren eta gizarte-gaien arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Ekonomiaren eta ogasunaren arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundea ordezkatuko duen kide bat.
Foru Aldundi bakoitza ordezkatuko duen kide bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko Udalak ordezkatuko dituzten hiru kide.
Familien, enpresen, sindikatuen, kooperatiben eta profesionalen eremuko erakundeen aldetik:
Elkarte-mugimendua ordezkatuz, hamabi kide, familien interesak Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkatuko edo defendatuko dituztenak, honako irizpide hauen arabera:
Familia-eremuko federazioen edo elkarteen hiru ordezkari.
Guraso bakarreko familien federazioen edo elkarteen ordezkari bat.
Familia ugarien federazioen edo elkarteen ordezkari bat.
Alargunen federazioen edo elkarteen ordezkari bat.
Bananduen, dibortziatuen eta/edo berregindakoen federazioen edo elkarteen ordezkari bat.
Desgaitasuna duten pertsonen edo pertsona horien ahaideen federazioen edo elkarteen ordezkari bat.
Familia etorkinen federazioen edo elkarteen ordezkari bat.
Familia homoparentalen federazioen edo elkarteen ordezkari bat.
Familia hartzaileen edo adopziozko familien federazioen edo elkarteen ordezkari bat.
Haurren eskubideak sustatzeko eta babesteko erakundeen federazioen edo elkarteen ordezkari bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen erakunde-ordezkaritza duten enpresa-erakundeak ordezkatuko dituen kide bat.
Kide bat Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ordezkaritza handiena duten erakunde eta konfederazio sindikalak, eta langileen delegatuen, enpresa-batzordeko kideen eta administrazio publikoen organoetako kideen % 10 edo gehiago lortu duten sindikatuak ordezkatuz.
Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa ordezkatuko duen kide bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-laneko diplomadunen eta gizarte-hezitzaileen Elkargo Ofizialak ordezkatuko dituen kide bat.
Idazkaria; hitza izango du, baina botorik ez.
Familia-arloan eskumena duen sailburua izango da Familiaren Euskal Kontseiluaren eta Osoko Bilkuraren presidentea.
Familiaren Euskal Kontseiluaren presidenteak honako eskumen hauek ditu esleituta:
Familiaren Euskal Kontseiluaren ordezkari izatea.
Familiaren Euskal Kontseiluaren jardunak bideratzea, sustatzea eta koordinatzea.
Familiaren Euskal Kontseiluaren izenean erakundeetara, organismoetara, entitateetara, elkarteetara, agintariengana eta partikularrengana zuzentzea.
Familiaren Euskal Kontseiluaren funtzionamendu-araubidea betetzea eta betearaztea, eta Osoko Bilkurari interpreta dezan proposatzea zalantzazko kasuetan, eta txerta dezan adierazi gabekoetan.
Osoko Bilkuretarako deialdia egitea eta bilkura horiek zuzentzea, bilkurak behar bezala egiteko jarraibide orokorrak lantzea, eta eztabaidak moderatzea.
Osoko Bilkuren gai-zerrenda ezartzea.
Osoko Bilkuran hartutako erabakien aktak eta egiaztapenak ikus-onestea, erabakien igorpena eta argitalpena agintzea, eta bete daitezen xedatzea.
Berdinketen kasuan, bere kalitateko botoarekin erabakitzea.
Presidente izateagatik dagozkion eginkizun guztiak.
Familia-arloan eskumena duen sailburuordea izango da Familiaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuraren presidenteordea eta Familiaren Erakunde arteko Batzordearen presidentea.
Presidenteordeak presidenteak eskuordetutako eginkizunak eta presidenteorde izateagatik dagozkionak beteko ditu.
Presidenterik ez badago, hura ez bada bertaratu edo gaixorik badago, bere eginkizunak presidenteordeak beteko ditu.
Familiaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuraren idazkariak honako eskumen hauek ditu esleituta:
Presidenteak aginduta, bileretarako deialdia egitea.
Gai-zerrendan sartutako gaiei buruzko dokumentu guztiak Familiaren Euskal Kontseiluko kideei eskuratzea.
Osoko Bilkuretara joatea eta horien aktak egitea, eta hartzen diren erabakiak bideratzea.
Kideek zein hirugarren batzuek Familiaren Euskal Kontseiluari aurkeztu nahi dizkioten gai, txosten, proposamen edo dokumentu guztiak biltzea, antolatzea eta prestatzea, eta guztiak behar bezala bideratzea.
Bidezkoak diren pertsonei edo erakundeei Familiaren Euskal Kontseiluak sortzen duen edo eskuragarri duen informazioa helaraztea.
Presidentearen oniritziarekin, kontsulten, irizpenen, akten eta onartutako erabakien ziurtagiriak ematea, egiaztapena dagokion aktaren onarpenaren aurrekoa dela esanbidez jasoaraziz, hala badagokio.
Presidenteak agintzen dizkion edo bere karguari datxezkion kudeaketako eta koordinazioko zeregin guztiak betetzea.
Familiaren Sail arteko Batzordea Eusko Jaurlaritzaren sailetako familia-arloko jardunak koordinatzeko organoa da.
Eusko Jaurlaritzak familia-arloan dituen helburuak proposatzea eta betetzea.
Eusko Jaurlaritzaren Sailek familia-arloan gauzatzen duten jarduera koordinatzea.
Honako hauek dira Familiaren Sail arteko Batzordeko kideak:
Familia-arloan eskumena duen zuzendaria; presidente gisa jardungo du.
Enpleguaren eta gizarte-gaien arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat; presidenteorde gisa jardungo du.
Osasunaren eta kontsumoaren arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Hezkuntzaren, unibertsitateen eta ikerketaren arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Etxebizitzaren, herri-lanen eta garraioen arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Kulturaren arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Ekonomiaren eta ogasunaren arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundea ordezkatuko duen kide bat.
Idazkaria; hitza izango du, baina botorik ez.
Familiaren Sail arteko Batzordeari dagokionez, presidenteak eta presidenteordeak 6. artikuluaren 2. atalean eta 7. artikuluaren 2. eta 3. ataletan Familiaren Euskal Kontseiluaren presidentearentzat eta presidenteordearentzat, hurrenez hurren, aurreikusten diren eginkizun berak izango dituzte.
Familiaren Euskal Kontseiluaren idazkaria izango da Batzorde honetako idazkaria ere, eta Familiaren Sail arteko Batzordeari dagokionez, Familiaren Euskal Kontseiluaren idazkariarentzat 8. artikuluan aurreikusten diren eginkizun berak izango ditu.
Familiaren Erakunde arteko Batzordea familia-arloan jarduten duten administrazio publikoekin lankidetzan jarduteko, parte hartzeko eta haiek koordinatzeko goreneko organoa da.
Administrazio publikoen koordinazioa bermatzea Familiei Laguntzeko Legea aplikatzearen ondoriozko jardunei dagokienez.
Administrazio publikoen koordinazioa bermatzea Familiei Laguntzeko Erakunde arteko Plana aplikatzearen ondoriozko jardunei dagokienez.
Familiei Laguntzeko Erakunde arteko Plana egiteko jarraibideak proposatzea.
Familiei laguntzeko erakunde arteko Planari jarraipena egitea, baita Plan horren emaitzen ebaluazioa ere, eta, hala badagokio, egokitzat hartzen diren egokitzapenak eta aldaketak proposatuz.
Familiei Laguntzeko Erakunde arteko Plana behar bezala egikaritzeko beharrezkoak diren neurriak har ditzaten proposatzea euskal administrazio publikoei.
Familiei laguntzeko Erakunde arteko Planean aurreikusitako esku-hartzeen eta euskal administrazio publikoen beste plan batzuetan bilduta dauden eta gai horretan garrantzi berezia izan dezaketen esku-hartzeen arteko koordinazio egokia sustatzea.
Familiaren Batzordea Iraunkorrak euskal administrazio publikoei egiten dizkien proposamenak, ekimenak eta gomendioak jasotzea, aztertzea, balioestea eta Eusko Jaurlaritzara eta gainerako euskal administrazio publikoetara bidaltzea.
Honako hauek dira Familiaren Erakunde arteko Batzordeko kideak:
Familia-arloan eskumena duen sailburuordea; presidente gisa jardungo du.
Familia-arloan eskumena duen zuzendaria; presidenteorde gisa jardungo du.
Osasunaren eta kontsumoaren arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Hezkuntzaren, unibertsitateen eta ikerketaren arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Etxebizitzaren, herri-lanen eta garraioen arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Ekonomiaren eta ogasunaren arloan eskumena duen Saila ordezkatuko duen kide bat.
Foru Aldundi bakoitza ordezkatuko duen kide bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko Udalak ordezkatuko dituzten hiru kide.
Idazkaria; hitza izango du, baina botorik ez.
Familiaren Erakunde arteko Batzordeari dagokionez, presidenteak eta presidenteordeak 6. artikuluaren 2. atalean eta 7. artikuluaren 2. eta 3. ataletan Familiaren Euskal Kontseiluaren presidentearentzat eta presidenteordearentzat, hurrenez hurren, aurreikusten diren eginkizun berak izango dituzte.
Familiaren Euskal Kontseiluaren idazkaria izango da Batzorde honetako idazkaria ere, eta Familiaren Erakunde arteko Batzordeari dagokionez, Familiaren Euskal Kontseiluaren idazkariarentzat 8. artikuluan aurreikusten diren eginkizun berak izango ditu.
Familiaren Batzorde Iraunkorra familiei babesa, arreta eta laguntza ematen diharduten gizarte-agenteek parte hartzeko foro espezifikoa da
Familiaren Batzorde Iraunkorraren eginkizuna da Eusko Jaurlaritzak eta familiei babesa, arreta eta laguntza ematen inplikatuta dauden gizarte-agenteek familia-arloko etengabeko elkarrizketa izatea.
Aurrekoa garatuz, honako hau dagokio:
Aholkularitza ematea eta Eusko Jaurlaritzan eta gainerako euskal administrazio publikoetan aurkeztea, Familiaren Erakunde arteko Batzordearen bitartez, familia-politikari eragiten dion gai orori buruzko proposamenak, ekimenak eta gomendioak.
Familia-arloan esku hartzen duten agenteen iradokizunak, informazioa eta proposamenak jasotzea, eta haiei ere ematea.
Familiaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuran aurkeztea familia-politikari eragiten dieten gaiei buruzko azterlanak, ikerketak eta argitalpenak ez ezik jardunaldiak eta mintegiak ere (Osoko Bilkuraren ustez derrigorrez egin behar direnak).
Osoko Bilkurak esleitzen dion beste edozein.
Honako hauek dira Familiaren Batzorde Iraunkorreko kideak:
Familia-arloan eskumena duen zuzendaria; presidente gisa jardungo du.
Familia-arloan eskumena duen Zuzendaritzako teknikaria; presidenteorde gisa jardungo du.
Elkartze-mugimenduaren ordezkariak, Osoko Bilkuran daudenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen erakunde-ordezkaritza duten enpresa-erakundeak ordezkatuko dituzten lau kide.
Lau kide Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ordezkaritza handiena duten erakunde eta konfederazio sindikalak eta langileen delegatuen, enpresa-batzordeko kideen eta administrazio publikoen organoetako kideen % 10 edo gehiago lortu dutenak ordezkatuz, guztiak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremukoak izango dira.
Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren ordezkari izango den kide bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-laneko diplomatuen elkargo ofizialak ordezkatuko dituen kide bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-hezitzaileen elkargo ofizialak ordezkatuko dituen kide bat.
Idazkaria; hitza izango du, baina botorik ez.
Familiaren Batzorde Iraunkorrari dagokionez, presidenteak eta presidenteordeak 6. artikuluaren 2. atalean eta 7. artikuluaren 2. eta 3. ataletan Familiaren Euskal Kontseiluaren presidentearentzat eta presidenteordearentzat, hurrenez hurren, aurreikusten diren eginkizun berak izango dituzte.
Familiaren Euskal Kontseiluaren idazkaria izango da Batzorde honetako idazkaria ere, eta Familiaren Batzorde Iraunkorrari dagokionez, Familiaren Euskal Kontseiluaren idazkariarentzat 8. artikuluan aurreikusten diren eginkizun berak izango ditu.
Familiaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkura urtean bi aldiz bilduko da ohiko gisa, eta ezohiko bilera egingo du presidenteak bere ekimenez erabakitzen badu edo kideen gutxienez heren batek eskatzen badu.
Batzordeak ohiko bilera egingo du urtean bitan, eta, salbuespen gisa, presidenteak bere ekimenez egiten badu deialdia, edo kideen gutxienez heren batek eskatzen badu.
Osoko Bilkuraren eta batzordeen bileretan izen handiko adituek parte hartu ahal izango dute; hitza izango dute baina botorik ez. Aditu horiek presidenteak izendatuko ditu eta kasu bakoitzean gai jakin batzuetarako deituko ditu.
Osoko Bilkurak eta batzordeek erabaki ahal izango dute beren eginkizunak hobeto bete ahal izateko egokitzat hartzen dituzten lantaldeak sortzea.
Eusko Jaurlaritzaren Sailak ordezkatzen dituzten kideak Sail horien titulartasuna dutenek izendatuko dituzte.
Foru Aldundiak ordezkatuko dituzten kideak korporazio bakoitzaren funtzionamendu-arauei jarraiki izendatuko dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Udalak ordezkatuko dituzten kideak Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) izendatuko ditu.
Elkartze-mugimenduaren ordezkari izango diren kideak beren jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa duten federazioek eta elkarteek izendatuko dituzte lehentasunez. Horretarako, familia-politikaren arloan eskumena duen zuzendariak egingo die deialdia sektoreko federazioei eta elkarteei dagokion kidea izenda dezaten. Deialdia egin eta hilabeteko epean izendatzen ez bada, familia-arloan eskumena duen sailburuak izendatuko du kidea.
Erakunde sindikalak, enpresa-erakundeak, kooperatibak eta profesionalen erakundeak ordezkatuko dituzten kideak aipatutako erakundeek ordezkatuko dituzte.
Erakunde horiek Familiaren Euskal Kontseiluaren Osoko Bilkuran aurkeztuko dute zuzenean Osoko Bilkuran izango dituzten ordezkarien izendapena.
Idazkaria familiaren arloan eskumena duen Sailaren titulartasuna duenak izendatuko du bere sailari atxikitako teknikarien artetik.
Osoko Bilkura eta Familiaren Euskal Kontseiluan sartuta dauden batzordeak osatuko dituzten kideak izendatzeko orduan, ahaleginak egingo dira gizon eta emakume kopurua berdintsua izan dadin, eta gizon-emakume horiek prestakuntza, gaitasun eta trebakuntza egokiak izan ditzaten, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Familiaren Euskal Kontseiluko kideen agintaldiaren iraupena 4 urtekoa izango da, eta agintaldiaren amaieran berriz aukeratu ahal izango dituzte. Adierazitako epea igaro ondoren, kideek beren eginkizunak betetzen jarraituko dute, ondorengoen izendapenak ondorioak izan arte.
Osoko Bilkurako kideen agintaldia honako kasu hauetan amaitu ahal izango da iraunaldiaren amaieraren aurretik:
Kidea izendatu zuen administrazio publikoak, gizarte-erakundeak, sindikatuak, enpresa-erakundeak, kooperatibak edo profesionalen erakundeak erabakita agintaldia baliogabetzen edo eteten denean.
Karguagatik izendatutako kideen kasuan, izendatzeko arrazoia izan zen kargua galtzen denean.
Uko egitea, Osoko Bilkurako presidenteari aurkeztu zaiona.
Heriotza.
Epaileak kargu publikoak betetzeko gaitasungabetzea edo eginkizungabetzea dakarren ebazpen judizial edo administratibo irmoa hartzen duenean.
Aurreko idatz-zatian aurreikusitako kasuetan, ordezkatu beharreko kidearen agintaldia betetzeko falta den denborarako izango dira ordezkapenak.
Administrazio publikoek eta gizarte-, erakunde- eta enpresa-erakundeek, kooperatibek eta profesionalen erakundeek Osoko bilkurako eta batzordeetako beren ordezkarien ordezkoak izendatu ahal izango dituzte, eta ordezko horiek beteko dituzte ordezkarien eginkizunak horiek ez daudenean. Ordezkoen izendapena ordezkarien izendapenarekin batera egingo da eta izendatzeko sistema bera aplikatuko da.
Familiaren Euskal Kontseiluko kideek honako eskubide hauek dituzte:
Hitzarekin parte hartzea, botoa emateko eskubideaz baliatzea, kide anitzeko organoen bilkuretan boto partikularra ematea, eta botoaren esanahia eta arrazoiak adieraztea.
Parte hartzen duten kide anitzeko organoan aztertzen diren gaiei buruzko informazioa izatea.
Parte hartzen duten kide anitzeko organoetarako ezohiko deialdia eskatzea.
Proposamenak eta iradokizunak aurkeztea gai-zerrendan sartzeko, parte hartzen duten kide anitzeko organoetan erabakiak hartzeko edo gai jakin bat aztertzeko.
Familiaren Euskal Kontseiluaren mandatuz joaten diren ekitaldietan Familiaren Euskal Kontseilua ordezkatzea; nolanahi ere, presidenteari dagokio ordezkaritza-esleipen orokorra.
Bilkuretarako deialdiaren eta bilkuren gai-zerrendaren berri izatea organo bakoitzerako ezarritako aurretiaz, eta gai-zerrendan agertzen diren gaiei buruzko dokumentuak eta informazioa, eta aurreko bilkurako akta izatea.
Galde-eskeak egitea.
Familiaren Euskal Kontseiluko kideek honako betebehar hauek dituzte:
Parte hartzen duten kide anitzeko organoen bilkuretara joatea. Urte beraren barruan justifikatu gabe elkarren segidako bi bileratara edo bereizitako hiru bileratara joan ezean, kidea izendatu zuena kargutik kentzea proposatzeko komenigarritasuna aztertuko du nahitaez Osoko Bilkurak.
Bidezko isiltasunarekin eta zuhurtziarekin jardutea, aztertzen diren gaien izaerak hori eskatzen duenean eta, bereziki, gai horiek ohore-eskubidea, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubidea eta norberaren irudirako eskubidea eraginpean hartzen dituztenean.
Arau honi eta, hala badagokio, arau hau garatzeko onartzen diren jarraibideei eta aginduei jarraiki jardutea.
Familiaren Euskal Kontseiluko kide izateagatik ez da ordainsaririk jasoko; nolanahi ere, Kontseiluko kideek ez ezik batzordeetan parte hartzen duten kideek ere, konpentsazio ekonomiko bat jasotzeko eskubidea izango dute, kide anitzeko organo horiek garatzen dituzten bileretara joateagatik, eta konpentsazio hori bilera horietan parte hartzeak edo bilera horietara joateak eragin ditzakeen bidaiei dagozkien kalte-ordainekin bateragarria izango da.
Bertaratzeagatiko konpentsazioak nahiz bidaiei dagozkien kalte-ordainak zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako baldintzetan eta mugekin jasoko dira.
Familiaren Euskal Kontseiluan sartu edo parte hartu beharra administrazio publikoan betetzen den karguak edo lanpostuak eragiten duenean, ez da ezein kasutan diru kopururik jasoko.
Bere eginkizunak behar bezala betetzeko, familia-alorrean eskumena duen zuzendaritzak bere baliabide materialekin eta pertsonalekin erantzungo dio Familiaren Euskal Kontseiluari.
Indargabetuta geratzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko familia-arloko erakunde-antolaketa arautzen duen 2003ko irailaren 17ko Agindua (Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantzako sailburuarena) eta orokorrean, Dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dion maila bereko edo beheragoko xedapen oro.
Lehena. Ordezko araubidea
Dekretu honetan eta Familiaren Euskal Kontseiluak onartzen dituen funtzionamendu-arauetan xedatzen ez den orotan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz ezartzen dena aplikatuko da.
Bigarrena. Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 17a.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,
maría GEMMA aránzazu ZABALETA ARETA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (5)
- Ikus: 191/2013 DEKRETUA, apirilaren 9koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Garatzen du: 13/2008 LEGEA, abenduaren 12koa, Familiei Laguntzekoa.
- Ikus: EBAZPENA, 2021eko azaroaren 18koa, Familia eta Haurren zuzendariarena, zeinaren bidez iragartzen baita Familiaren Euskal Kontseiluan eta horren batzordeetan kide diren familien, enpresen, sindikatuen, kooperatiben eta profesionalen eremuko erakundeak berritzeko prozesua, eta ezartzen baitira horiek aukeratzeko oinarriak.
- Ikus: 75/2017 DEKRETUA, apirilaren 11koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.
- Indargabetzen du: AGINDUA, 2003ko irailaren 17koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan Familiaren Alorreko erakunde-antolamendua arautzen duena.