Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

47/2012 DEKRETUA, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Herrizaingo Saila; Kultura Saila; Justizia eta Herri Administrazio Saila; Osasun eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 74
  • Hurrenkera-zk.: 1701
  • Xedapen-zk.: 47
  • Xedapen-data: 2012/04/03
  • Argitaratze-data: 2012/04/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza; Kultura eta Kirola; Gizarte gaiak eta emplegua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Funtzio publikoa

Testu legala

EAEko Autonomia Estatutuak 6. artikuluan arautzen duenez, «Euskara, Euskadiko berezko hizkuntza, hizkuntza ofiziala izango da Euskadin, gaztelania bezala, eta bertako biztanle guztiek bi hizkuntzak ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea dute».

Gerora, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoak, euskararen eta gaztelaniaren erabilera arautu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoan; zehazki, legearen 14. artikuluan xedatzen denez, «herri-aginteek Euskal Autonomia Erkidegoan herri-administrazioari atxikitako langileria gero eta euskaldunagotzeko neurriak hartuko dituzte».

Lege horren bigarren kapituluan, irakaskuntzan euskara erabiltzeari buruzkoan, ikasle guztiei aitortzen zaie irakaskuntza euskaraz zein gaztelaniaz jasotzeko eskubidea, irakasmaila guztietan; xede horretarako, beste zenbait neurriren artean, Jaurlaritza beharrezko bitartekoak jartzera behartzen du irakasleak pixkanaka euskalduntzen joateko.

Lege hori atera zenetik, euskara, poliki-poliki, hedatuz joan da irakaskuntza-hizkuntza gisa, eta, egun, errealitate bihurtu da irakasmaila guztietan. Jada, gazte euskaldunen promozio askok arrakastaz amaitu dituzte unibertsitate-ikasketak, eskolatze-prozesu guztia euskaraz eginda.

Irakasleen hizkuntza-gaitasunari dagokionez ere, bilakaera bizkorra eta positiboa izan da, eta, egun, irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasleen % 85ek baino gehiagok badu bere lanposturako behar duen hizkuntza-eskakizuna.

Euskarazko irakaskuntzan erabiltzen diren ikasketa-materialak kalitatezkoak eta askotarikoak dira, eta, horrez gain, erabat homologagarriak.

Euskararen ezagutza egiaztatzeko sistemak, beraz, errealitate horrekin lotuta egon behar du; euskarazko irakaskuntzaren normalkuntzan eta orokortzean egindako ahalegin handia aitortu eta balioetsi behar du, bai eta irakaskuntza horren kalitatea bermatu ere.

Euskarazko irakaskuntzaren kalitatea eta heldutasuna aintzat hartuta, pentsa daiteke eskolatze-prozesua euskaraz egin duen ikasle batek behar besteko hizkuntza-trebetasunak lortu dituela euskal hizkuntzaren eta literaturaren arloan edo irakasgaian, bai eta hizkuntza horretan ikasitako gainerako arlo eta irakasgaietan ere, eta, beraz, ez duela beharrik beste proba baten bidez euskarako zenbait titulu eta ziurtagiri egiaztatzeko.

Dekretu honek euskaraz egiten den irakaskuntza aitortzen eta balioesten du, eta ikasketak euskaraz eginda lortutako hainbat tituluren arabera hizkuntza egiaztatzetik salbuesteko mailak zehazten ditu; horrez gain, zenbait baldintza finkatzen ditu, salbuespenak gauzatzeko, ikasketa horiek euskaraz egindakotzat har daitezen.

Dekretu honetan onartutako salbuespenek, halaber, Hizkuntza Eskola Ofizialetan, HABEren euskaltegi homologatuetan edo hizkuntzen irakaskuntzan aritzen diren beste erakunde batzuetan euskara ikasten jarraitzeko behar diren hizkuntza-mailak finkatzeko balio dute.

Apirilaren 8ko 64/2008 Dekretuak, Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian 2008ko apirilaren 15ean argitaratuak, euskararen ezagutza egiaztatzen duten titulu eta ziurtagirien arteko baliokidetzak finkatu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratura egokitu zituen, lehenengo aldiz. Horregatik, data hori hartzen da erreferentziatzat dekretu honetan zehaztutako salbuespenak aplikatzeko.

Horrenbestez, nahitaezko txostenak igorrita, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak adierazitakoari jarraikiz, Herrizaingoko sailburuaren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren, Osasun eta Kontsumoko sailburuaren eta Kulturako sailburuaren proposamenez, eta 2012ko apirilaren 3an egindako bileran Jaurlaritzaren Kontseiluak gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honen xedea da Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailaren batean euskaraz egindako ikasketa ofizialak aitortzea, eta euskara-maila horretako hizkuntza-tituluak eta ziurtagiriak egiaztatzetik salbuestea ikasketa horiek egin dituzten pertsonak.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoa izango da arau honen aplikazio-esparrua.

  1. Salbuetsita izango dira Hizkuntzen Europarako Erreferentzi Marko Bateratuko C1 eta C2 mailen baliokide diren euskarako hizkuntza-tituluak eta ziurtagiriak egiaztatzetik unibertsitate-titulu ofizialen bat duten pertsonak, baldin eta titulu hori lurralde nazional osoan baliozkoa izan eta urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzekoak, araututako tituluetakoren bat bada, eta, betiere, I. eranskinean zehaztutako baldintzetakoren bat betetzen bada.

  2. Salbuetsita izango dira Hizkuntzen Europarako Erreferentzi Marko Bateratuko C1 eta C2 mailen baliokide diren euskarako hizkuntza-tituluak eta ziurtagiriak egiaztatzetik 2008ko apirilaren 16aren ondoren eskuratutako unibertsitate-titulu ofizialen bat duten pertsonak, baldin eta titulu hori lurralde nazional osoan baliozkoa izan eta urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua ezartzekoak, araututakoak baino lehenagoko tituluetakoren bat bada, baina, betiere, II. eranskinean zehaztutako baldintzetakoren bat betetzen bada.

2008ko apirilaren 16az geroztik batxilergoko edo goi-mailako teknikariaren titulua lortu eta titulazio horiei dagozkien ikasketen curriculum osoaren % 50 baino gehiago euskaraz egin dutenek ez dituzte aurkeztu beharko Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B2 mailaren baliokide diren euskarako hizkuntza-tituluak eta ziurtagiriak.

2008ko apirilaren 16az geroztik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuaren titulua edo teknikari-titulua lortu eta titulazio horiei dagozkien ikasketen curriculum osoaren % 50 baino gehiago euskaraz egin dutenek ez dituzte aurkeztu beharko Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B1 mailaren baliokide diren euskarako hizkuntza-tituluak eta ziurtagiriak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-tituluari dagokionez, ezinbestekoa izango da, halaber, euskal hizkuntza eta literatura irakasgaia gaindituta izatea etapa horretako lau mailetan.

  1. Dekretu honen 2., 3. eta 4. artikuluetan zehaztutako salbuespenek eragina izango dute Euskal Funtzio Publikoaren Legearen 2. artikuluak adierazten dituen administrazio publikoek, entitateek eta erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dituzten enplegu publikoko deialdietako hautaketa eta hornikuntza-prozeduretan, baldin eta hizkuntza-tituluak edo ziurtagiriak baldintzatzat eskatu edo meritu gisa baloratzen badira prozedura horietan.

  2. Halaber, salbuespenek eragina izango dute administrazio publikoetako kontratazio-baldintzetan, hizkuntza-tituluak edo ziurtagiriak kaudimen teknikoko baldintzatzat edo esleipen-irizpidetzat eskatzen diren kasuetan. Kaudimen teknikoa egiaztatzeko eskatzen zaien unean, salbuespen horiek aitortuta dituzten pertsonek dekretu honetan arautzen den moduan egiaztatuko dute kaudimen tekniko hori, hizkuntza-titulu edo egiaztagiriak aurkeztetik salbuesten dieten ikasketak egin izana kreditatzen duten ziurtagiriak aurkeztuz.

  3. Dekretu honen 2., 3. eta 4. artikuluetan aipatutako baldintzak betetzen dituztenek ikasketak euskaraz egiten jarraitu ahal izango dute edo euskara-azterketak dagokien mailatik aurrera egin ahal izango dituzte.

  4. Salbuespen horiek gauzatzeko, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuko 3. artikuluan zehaztutako parekatzea erabiliko da. Euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu, eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzen ditu dekretu horrek.

Unibertsitateek eman behar dituzte dekretu honen 2. artikuluan zehaztutako salbuespenak gauzatzeko ziurtagiriak.

Lehenengoa. Salbuespenen eraginak euskarazko arlo, irakasgai edo moduluak irakasteko.

Uztailaren 11ko 138/1983 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza ez-unibertsitarioan hizkuntza ofizialen erabilera araupetzen duenak, 9. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dekretu honen 2. artikuluan araututako salbuespenak eragina izango du irakaskuntza ez-unibertsitarioan arlo, irakasgai edo modulu bat (euskal hizkuntza eta literatura salbu) euskaraz irakasteko kualifikazio espezifiko bat izatearen baldintza betetzeko.

Bigarrena. Salbuespenen eraginak euskara irakasteko euskaltegietan eta zentro homologatuetan.

Dekretu honen 2 artikuluko salbuespen hori uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak araututako baldintzen arabera aplikatuko da. Helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen du azken dekretu horrek.

Hirugarrena. Unibertsitate-mailakoak ez diren ziurtagiriak.

2008ko apirilaren 16az geroztik emandako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua, Lanbide Heziketako teknikari-titulua, Batxilergoko titulua edo Lanbide Heziketako goi-mailako teknikari-titulua duten eta dekretu honen 3. eta 4. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten ikasleek dagokien ziurtagiria eskatu ahal izango dute ikasketak amaitu dituzten ikastetxean; ziurtagiri horrek artikulu hauetan zehaztutako salbuespenak erabiltzeko balioko du.

Hezkuntza Ikuskaritzak ikus-onetsi behar du ziurtagiria, baldin eta ikastetxe pribatu bateko zuzendariak emandakoa bada.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emango die ikastetxeei ziurtagiri-eredua eta ziurtagiriak erregistratzeko jarraibideak.

Indargabetu egiten dira urriaren 6ko 263/1998 Dekretuaren, 1. artikuluko hirugarren eta laugarren taldeak, Euskal Filologiako ikasketen eta Irakasle-ikasketen euskarazko diplomaturen eta Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) baliokidetza arautzen dutenak, hurrenez hurren; eta, ondorioz, indargabetu egiten da, halaber, azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuaren 3. artikuluko 3. paragrafoak bi talde horiei buruz arautzen duena. Ez zaie xedapen indargabetzaile hau aplikatuko Dekretu hau indarrean jartzen denean ikasketa horietakoren batean matrikulatuta dauden ikasleei.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko apirilaren 3an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

(Ikus .PDF)