Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

222/2011 DEKRETUA, urriaren 26koa, Sistema elektrotekniko eta automatizatuetako goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 223
  • Hurrenkera-zk.: 5709
  • Xedapen-zk.: 222
  • Xedapen-data: 2011/10/26
  • Argitaratze-data: 2011/11/24

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide-heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan. 7. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere lanbide-heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.

Irailaren 10eko 1127/2010 Errege Dekretuak Sistema elektrotekniko eta automatizatuetako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Dekretu horrek ordezkatu egin du apirilaren 21eko 621/1995 Errege Dekretuak ezarritako Instalazio elektroteknikoetako goi-mailako teknikariaren tituluaren erregulazioa.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen aurrez aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Sistema elektrotekniko eta automatizatuetako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Sistema elektrotekniko eta automatizatuetako goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen irailaren 10eko 1127/2010 Errege Dekretuaren babesean.

Sistema elektrotekniko eta automatizatuetako goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Honako dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Gobernu Kontseiluak 2011ko urriaren 26an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Sistema elektrotekniko eta automatizatuetako goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Sistema elektrotekniko eta automatizatuetako goi-mailako teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:

Izena: Sistema elektroteknikoak eta automatizatuak.

Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: Elektrizitatea eta elektronika.

Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-5b.

Goi-mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra honetan datza: behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoaren esparruan (BTEE) instalazio elektroteknikoen proiektuak garatzea, eta horien muntaia eta mantentze-lanak kudeatu eta ikuskatzea. Konpetentziaren beste helburu bat da telekomunikazio-azpiegitura komunen instalazioen mantentze-lanak gainbegiratzea, ezarritako dokumentazio teknikotik, zehaztapenetatik, arauditik eta prozeduretatik abiatuta, funtzionamendua, kalitatea, segurtasuna eta ingurumenaren zaintza ziurtatuta.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Instalazioei/sistemei buruzko zehaztapenen txostena egitea, proiektuak edo memoria teknikoak prestatzeko datuak lortu ondoren.

    2. Instalazioen tresneriaren eta elementuen ezaugarri teknikoak kalkulatzea, indarrean dagoen araudia eta bezeroaren eskakizunak betetzeko.

    3. Instalazioaren aurrekontua egitea, alderdi teknikoak eta ekonomikoak erkatuta ondoren; bezeroari erantzun hoberena emateko.

    4. Instalazioak eta sistemak arauzko zehaztapenen eta jarraibideen arabera konfiguratzea.

    5. Materialen eta tresneriaren hornidura eta biltegiratzea kudeatzea, logistika zehaztuta eta izakinak kontrolatuta.

    6. Dokumentazio teknikoa edo obraren ezaugarriak abiapuntu izanik, instalazioen muntaia eta protokoloak planifikatzea.

    7. Obraren muntaia-programatik eta plan orokorretik abiatuta, instalazioen muntaia abian jartzea.

    8. Instalazioak muntatzeko prozesuak ikuskatzea, obra-baldintzetara egokitzen diren egiaztatzea eta haien aurrerapena kontrolatzea, enpresaren helburuak betetzeko.

    9. Mantentze-lanak planifikatzea, arauditik, instalazioaren baldintzetatik eta fabrikatzaileen gomendioetatik abiatuta.

    10. Instalazioak mantentzeko prozesuak ikuskatzea, denborak eta emaitzen kalitatea kontrolatuta.

    11. Instalazioak zerbitzuan jartzea, eskakizunak betetzen direla ikuskatu, eta kalitate- eta segurtasun-baldintzak ziurtatu ondoren.

    12. Lan-egoera berrietara egokitzea, dagokion lanbide-inguruneari buruzko ezagupen zientifikoei, teknikoei eta teknologikoei eutsiz, bere prestakuntza eta bizialdi osoko ikaskuntzan dauden baliabideak kudeatuta, eta informazio- eta komunikazio-teknologiak erabilita.

    1. Dagokion konpetentziaren esparruan, egoerak, arazoak edo gorabeherak ekimenez eta autonomiaz ebaztea, sormenez, berritasunez, eta norberaren eta gainerako taldekideen lanean hobetzeko espirituaz.

    2. Lan-taldeak antolatu eta koordinatzea, eta haien garapena ikuskatzea, erantzukizunez, harreman arinak izanez, lidergoa bere gain hartuz eta sortzen diren talde-gatazketarako konponbideak ekarriz.

    3. Maila berekoekin, nagusiekin, bezeroekin eta bere erantzukizunpean dituen pertsonekin komunikatzea, komunikabide eraginkorrak erabilita, informazio edo ezagupen egokiak helaraziz, eta bere lanaren esparruan esku hartzen duten pertsonen autonomia eta konpetentzia errespetatuz.

    4. Beraren eta taldearen lana garatzean ingurune seguruak sortzea, laneko eta ingurumenerako arriskuen prebentzio-prozedurak aplikatuta, araudian ezarritakoaren eta enpresaren helburuen arabera.

    5. Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitatea, irisgarritasun unibertsala eta guztientzako diseinua kudeatzeko prozedurak ikuskatu eta aplikatzea.

    6. Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea, gizarte-erantzukizuneko zentzuaz.

    7. Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    1. Eraikinen inguruneko instalazio elektrikoak muntatzeko eta mantentzeko lanak kudeatzea eta gainbegiratzea. ELE382_3 (otsailaren 29ko 328/2008 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC1180_3: eraikinen inguruneko eta xede berezietako instalazio elektrikoak muntatzeko prozesuak antolatu eta kudeatzea.

      UC1181_3: eraikinen inguruneko eta xede berezietako instalazio elektrikoak muntatzeko prozesuak ikuskatzea.

      UC1182_3: eraikinen inguruneko eta xede berezietako instalazio elektrikoak mantentzeko prozesuak antolatu eta kudeatzea.

      UC1183_3: eraikinen inguruneko eta xede berezietako instalazio elektrikoak mantentzeko prozesuak ikuskatzea.

    2. Eraikinen ingurunean xede bereziak dituzten instalazio elektrikoen proiektuak garatzea. ELE259_3 (otsailaren 24ko 1115/2007 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC0829_3: etxebizitza-eraikinen, industrien, bulegoen eta jendearentzat zabalik dauden lokalen ingurunean behe-tentsioko instalazio elektrikoen proiektuak garatzea.

      UC0830_3: ezaugarri berezietako lokaletan eta xede bereziak dituzten instalazioetan behe-tentsioko instalazio elektrikoen proiektuak garatzea.

    3. Behe-tentsioko sare elektrikoak eta kanpo-argiteria muntatzeko eta mantentzeko lanak kudeatzea eta gainbegiratzea. ELE385_3 (otsailaren 29ko 328/2008 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

      UC1275_3: behe-tentsioko eta kanpoko argiteriako sare elektrikoen muntaia eta mantentze-lanak planifikatu eta kudeatzea.

      UC1276_3: behe-tentsioko eta kanpoko argiteriako sare elektrikoen muntaia ikuskatu eta egitea.

      UC1277_3: behe-tentsioko eta kanpoko argiteriako sare elektrikoen mantentze-lanak ikuskatu eta egitea.

      Osatu gabeko lanbide-kualifikazioak:

    1. Behe- eta goi-tentsioko sare elektrikoen proiektuak garatzea. ELE260_3 (abuztuaren 24ko 1115/2007 Errege Dekretua):

      UC0831_3: behe-tentsioko sare elektrikoen proiektuak garatzea.

      UC0833_3: transformazio-zentroetako instalazio elektrikoen proiektuak garatzea.

      UC0834_3: kanpoko argiteriako instalazioen proiektuak garatzea.

  1. Lanbide-irudi honek batik bat zeregin hauetan diharduten enpresetan garatzen du bere jarduera: eraikinen ingurunean xede bereziak dituzten instalazio elektrikoen, sistema domotiko eta immotikoen, eraikinetako telekomunikazio-azpiegituren, behe tentsioko sare elektrikoen eta sistema automatizatuen muntaia eta mantentze-lanak kudeatu eta ikuskatzea.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Proiektu elektroteknikoetako teknikaria.

    Proiektugile elektroteknikoa.

    Etxebizitza eta eraikinetarako behe-tentsioko elektrifikazio-instalazioen proiektugilea.

    Lokal berezietarako behe-tentsioko elektrifikazio-instalazioen proiektugilea.

    Kanpoko argiteriako instalazioen proiektugilea.

    Erdi-tentsioko eta transformazio-zentroetako energia elektrikoa banatzeko linea elektrikoen proiektugilea.

    Etxebizitza eta eraikinetarako antena- eta telefonia-instalazioen proiektugilea.

    Eraikinetarako behe-tentsioko instalazio elektroteknikoen koordinatzaile teknikoa.

    Tresneria eta instalazio elektroteknikoak eta automatikoak ikuskatu, egiaztatu eta kontrolatzeko teknikaria.

    Kanpoko argiteria-instalazioak ikuskatzeko teknikaria.

    Instalazio elektroteknikoetako obrako langileburua.

    Eraikinetarako behe-tentsioko instalatzaileen taldeburua.

    Behe-tentsioko sare elektrikoetako eta kanpo-argiteriako koordinatzaile teknikoa.

    Behe-tentsioko banaketa-sare elektrikoetako eta kanpo-argiteriako tresneria ikuskatu, egiaztatu eta kontrolatzeko teknikaria.

    Behe-tentsioko banaketa-sare elektrikoetako eta kanpo-argiteriako obren langileburua.

    Behe-tentsioko banaketa-sare elektrikoetako eta kanpo-argiteriako obren arduraduna.

    Behe-tentsioko banaketa-sare elektrikoetako eta kanpo-argiteriako instalatzaileen taldeko burua.

    Banaketa-instalazio elektrikoen eta kanpo-argiteriaren mantentze-lanen kudeatzailea.

Heziketa-zikloaren irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Instalazioen eta sistemen ezaugarriak identifikatzea, eskemak aztertu, eta katalogoak eta arauzko jarraibideak kontsultatu ondoren; zehaztapenen txostena egiteko.

    2. Sistema elektroteknikoak aztertzea, legeak eta teoremak aplikatuta; haien ezaugarriak kalkulatzeko.

    3. Obra-unitateak eta horien kopurua zehaztea, planoak eta eskemak interpretatu ondoren; aurrekontua egiteko.

    4. Instalazioaren obra-unitateen kostuak balioestea, baremoak eta unitateko prezioak aplikatuta; aurrekontua egiteko.

    5. Sistemen eta instalazioen tresneria eta elementuak hautatzea, kalkuluetatik abiatuta eta merkataritza-katalogoak erabilita; instalazioak konfiguratzeko.

    6. Trazadura orokorren eta eskema elektrikoen planoak marraztea, lagundutako diseinuko informatika-programak erabilita; instalazioak eta sistemak konfiguratzeko.

    7. Biltegiko kontrol-teknikak aplikatzea, informatika-programak erabilita; hornidura kudeatzeko.

    8. Obra garatzeko faseak eta jarduerak identifikatzea, dokumentazioa kontsultatu eta beharrezko baliabideak zehaztu ondoren; muntaia eta probak planifikatzeko.

    9. Instalazioa zuinkatzea, planoak eta eskemak, eta instalazioaren litezkeen baldintzak kontuan izanda; ezarpena egiteko.

    10. Muntaiaren beharrei erantzun ahal izateko giza baliabideak eta materialak identifikatzea; ezarpena egiteko.

    11. Instalazioak, sistemak eta horien elementuak muntatzeko prozesuak gauzatzea, teknikak aplikatuta eta planoak interpretatuta; muntaia ikuskatzeko.

    12. Alderdi teknikoak eta arauzkoak egiaztatzea, esku-hartzeen kalitatea eta horien aurrerabidea kontrolatuta; muntaia-prozesuak ikuskatzeko.

    1. Eragiketa-prozedurak eta esku-hartzeen sekuentzia zehaztea, tresneriaren eta baliabideen informazio teknikoa aztertu ondoren; mantentze-lanak planifikatzeko.

    2. Instalazioetan eta tresnerian disfuntzioak edo matxurak diagnostikatzea, antzemandako sintomak egiaztatuta; mantentze-lanak ikuskatzeko.

    3. Sistemetan eta instalazioetan mantentze-teknikak aplikatzea, tresna eta erreminta egokiak erabilita; mantentze-prozesuak gauzatzeko.

    4. Funtzionamendu- eta segurtasun-probak egitea, tresneria eta elementuak doituta; instalazioak zerbitzuan jartzeko.

    5. Sektorearen bilakaera zientifikoarekin, teknologikoarekin eta antolamendukoarekin lotutako ikaskuntza-aukerak eta baliabideak, eta informazio- eta komunikazio-teknologiak aztertu eta erabiltzea; eguneratzeko espirituari eusteko, eta lanaren eta norberaren egoera berrietara egokitzeko.

    6. Sormena eta berrikuntza-espiritua garatzea, lanaren antolamenduan eta prozesuetan, eta norberaren bizitzan sortzen diren aupadei erantzuteko.

    7. Erabakiak oinarrituta hartzea, inplikatutako aldagaik aztertuta, hainbat esparrutako jakintzak bilduta, eta horietan erratzeko arriskuak eta aukera onartuta; mota orotako egoerei, arazoei eta gorabeherei aurrea hartu eta horiek ebazteko.

    8. Talde-laneko testuinguruetan lidergo, motibazio, ikuskapen eta komunikazioko teknikak garatzea, lan-taldeen antolamendua eta koordinazioa errazteko.

    9. Komunikazio-estrategiak eta -teknikak aplikatzea, zabaldu beharreko edukietara, helburura eta hartzaileen ezaugarrietara egokituta; komunikazio-prozesuetan eraginkortasuna ziurtatzeko.

    10. Laneko arriskuen prebentzioko eta ingurumen-babeseko egoerak ebaluatzea, eta prebentzio-neurri pertsonalak eta kolektiboak proposatu eta aplikatzea, lan-prozesuetan aplikatu beharreko araudiaren arabera; ingurune seguruak ziurtatzeko.

    11. Irisgarritasun unibertsalari eta guztientzako diseinuari erantzuteko beharrezko lanbide-ekintzak identifikatu eta proposatzea.

    12. Ikasteko prozesuan egindako lanetan eta jardueretan kalitate-parametroak identifikatu eta aplikatzea, ebaluazioaren eta kalitatearen kultura balioesteko, eta kalitate-kudeaketako prozedurak hobetzeko gai izateko.

    13. Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta lanbide-ekimenekoarekin lotutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.

    14. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan izanda, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Telekomunikazio-azpiegitura komunen instalazioetako prozesuak.

    2. Instalazio elektrikoetako teknikak eta prozesuak.

    3. Instalazio elektrikoen dokumentazio teknikoa.

    4. Sistema eta zirkuitu elektrikoak.

    5. Instalazio domotiko eta automatikoetako teknikak eta prozesuak.

    6. Sare elektrikoen eta transformazio-zentroen garapena.

    7. Instalazio domotiko eta automatikoen konfigurazioa.

    8. Instalazio elektrikoen konfigurazioa.

    9. Instalazio elektrikoak muntatzeko eta mantentzeko kudeaketa.

    10. Sistema elektrotekniko eta automatizatuen proiektua.

    11. Ingeles teknikoa.

    12. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    1. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    2. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 13 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean ematen dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.

Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasuna izango dute Zientzia eta Teknologiako Batxilergoko modalitatea egin duten ikasleek.

Sistema elektrotekniko eta automatizatuetako goi-mailako teknikariaren titulua edukitzeak aukera ematen du:

  1. Goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  2. Graduko unibertsitate-tituluetara bideratzen duten irakaskuntzetara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du Sistema elektrotekniko eta automatizatuetako goi-mailako teknikariaren titulua dutenen eta horrekin lotzen den graduko unibertsitate-titulua dutenen arteko baliozkotze-erregimena. Baliozkotzeko erregimena errazteko, 120 ECTS kreditu esleitu dira dekretu honetan ezarritako irakaskuntzetan, heziketa-zikloko lanbide-moduluen artean.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua edo «Enpresa eta ekimen sortzailea» modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:

    Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

    Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.

  5. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5 artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  6. Sistema elektrotekniko eta automatizatuetako goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek egiaztatzeko VI. eranskinean jasotzen da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

Lehenengoa. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari laguntzailearen tituluek irailaren 10eko 1127/2010 Errege Dekretuan ezarritako Sistema elektrotekniko eta automatizatuetako goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:

    Makina elektrikoetako teknikari espezialista, «Elektrizitatea eta elektronika» adarra.

    Instalazio eta linea elektrikoetako teknikari espezialista, «Elektrizitatea eta elektronika» adarra.

    Itsasontzi-elektrizitateko teknikari espezialista, «Elektrizitatea eta elektronika» adarra.

  2. Apirilaren 21eko 621/1995 Errege Dekretuak ezarritako Instalazio elektroteknikoetako goi-mailako teknikariaren tituluak irailaren 10eko 1127/2010 Errege Dekretuan ezarritako Sistema elektrotekniko eta automatizatuetako goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.

  3. Dekretu honetan «Laneko prestakuntza eta orientabidea» lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

  4. Dekretu honek tituluko lanbide-modulu guztietan ezarritako prestakuntzak ziurtatu egiten du behe-tentsioko instalatzaile baimenduaren txartelean eskatutako ezagutza-maila, bai oinarrizko kategorian, bai espezialista-kategorian; industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren eta hura garatzen duen 2006ko apirilaren 10eko Aginduaren arabera.

  5. Dekretu honek tituluko lanbide-modulu guztietan ezartzen duen prestakuntzak ziurtatu egiten du telekomunikazio-tresneria eta -sistemak instalatu eta mantentzeko jarduerari buruzko araudian eskatutako kualifikazio tekniko egokia, telekomunikazio-tresneria eta -sistemak instalatu eta mantentzeko jarduerari buruzko araudia onartzen duen martxoaren 5eko 244/2010 Errege Dekretuaren arabera.

    Bigarrena. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko urriaren 26an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)