Arautegia
Inprimatu217/2011 DEKRETUA, urriaren 18koa, Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioko teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 213
- Hurrenkera-zk.: 5442
- Xedapen-zk.: 217
- Xedapen-data: 2011/10/18
- Argitaratze-data: 2011/11/10
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza
- Azpigaia: ---
Testu legala
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1. artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6. artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.
Ekonomia iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia iraunkorraren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak Lanbide-heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena sustatzeko eta bizkortzeko.
Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.
artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, lanbide-konpetentzia, konpetentzia pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere lanbide-heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta hiritartasun demokratikoa egikaritzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.
Urriaren 30eko 1634/2009 Errege Dekretuak Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioko teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen ditu. Arau horrek, hain zuzen ere, ordezkatu egin du honako titulu hauen erregulazioa: uztailaren 12ko 1715/1996 Errege Dekretuak ezarritako Nekazaritza-ustiategi estentsiboetako teknikariaren titulua, uztailaren 12ko 1716/1996 Errege Dekretuak ezarritako Nekazaritza-ustiategi intentsiboetako teknikariaren titulua eta uztailaren 12ko 1717/1996, Errege Dekretuak ezarritako Abeltzaintza-ustiategietako teknikariaren titulua.
Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko aipatutako 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluko 2. atalak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.
Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».
Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.
Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioko teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioko teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen urriaren 30eko 1634/2009 Errege Dekretuaren babesean.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioko teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).
Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.
Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.
Honako dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.
Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Gobernu Kontseiluak 2011ko urriaren 18an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe
Dekretu honek Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioko teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.
Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.
Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioko teknikariaren titulua elementu hauek identifikatzen dute:
Izena: Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioa.
Maila: Erdi-mailako Lanbide Heziketa.
Iraupena: 2.000 ordu.
Lanbide-arloa: Nekazaritza.
Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-3.
Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.
Titulu honen konpetentzia orokorra da nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuak eta azpiproduktuak lortzea, kalitate- eta errentagarritasun-irizpideak kontuan izanda; produkzio-eragiketak, eta instalazioak eta tresneria mantentzekoak eginez; eta ingurumen-babesari, laneko arriskuen prebentzioari, animalien ongizateari eta elikagaien segurtasunari buruzko legeria aplikatuta.
Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.
Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:
Ezarri beharreko laborea zehaztea, inguruko datu klimatikoak, edafologikoak, topografikoak eta ureztatzeko urarenak interpretatu ondoren.
Tresneria eta makineria zehaztapen teknikoei jarraituz maneiatzea.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako instalazioak muntatu eta mantentzea, instalazio-planoak eta mantentze-eskuliburuak interpretatu ondoren.
Lurra hautatutako makineriarekin prestatzea, tresneria erregulatzea eta laborantzak nekazaritzako jardunbide egokien arabera egiten direla bermatzea.
Landare-materiala erein, landatu eta birlandatzea, bitarteko teknikoak erabilita eta ezarritako plangintzari jarraituz.
Ureztatze-sistema maneiatzea, uraren aprobetxamendua optimizatuta eta laboreen behar hidrikoak beteta daudela egiaztatuta.
Laborantza-lanak egitea, laborearen garapen egokia ziurtatuko duten teknikak erabilita.
Laboreentzako agente onuragarriak eta kaltegarriak kuantifikatzea, ezarritako laginketa-metodoak erabilita.
Beharrezko tratamendu fitosanitarioa prestatu eta aplikatzea, dokumentazio teknikoa interpretatu ondoren.
Produktuak eta azpiproduktuak bildu, egokitu eta biltegiratzea, haien kalitatea bermatuta.
Larreratze-lanak egitea, inguruneko belar-, zuhaixka- eta zuhaitz-baliabideak aprobetxatuz.
Abere-ustiategietan animalia-maneiuko eta -produkzioko eragiketak egitea, errentagarritasuna, kalitatea, trazabilitatea eta animalien ongizatea ziurtatuta.
Erlauntzak maneiatuta erle-produktuak lortzea.
Laneko arriskuen eta ingurumenaren alorreko kalitate, trazabilitate eta prebentzioko prozedurak aplikatzea, produkzio-prozesuetan ezarritakoaren arabera.
Produktu berriak sortzean, eta merkaturatzeko prozesuak eta teknikak hobetzean, aldaketa teknologikoei dagokienez, berritzeko jarrera profesionalari eustea.
Produkzio-prozesuetako aldaketa teknologikoek eta antolamendukoek sorrarazitako lanpostuetara eta lan-egoera berrietara egokitzea.
Lanbide-karrera kudeatzea, enplegurako, autoenplegurako eta ikaskuntzarako aukerak aztertuz.
Enpresa txikia sortzea eta kudeatzea, eta produktuen bideragarritasuna, produkzioaren plangintza eta merkaturatzea aztertzea.
Bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea, jarrera kritiko eta arduratsuarekin.
Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:
Osatutako lanbide-kualifikazioak:
Belar-laboreak. AGA165_2 (urriaren 27ko 1228/2006, Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC0523_2: Belar-laboreetan lurra prestatzeko, eta erein eta/edo birlandatzeko lanak egitea.
UC0524_2: Belar-laboreak landu, bildu, garraiatu eta biltegiratzeko eragiketak egitea.
UC0525_2: Izurriteak, gaixotasunak, belar gaiztoak eta fisiopatiak kontrolatzea.
UC0526_2: Traktoreak maneiatzea eta nekazaritzako instalazioak muntatzea, eta horien mantentze-lanak egitea.
Frutagintza. AGA166_2 (urriaren 27ko 1228/2006, Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC0527_2: Lurra prestatzeko eta fruta-arbolak landatzeko lanak egitea.
UC0528_2: Fruta landu, bildu, garraiatu eta lehen egokitzapena egiteko eragiketak egitea.
UC0525_2: Izurriteak, gaixotasunak, belar gaiztoak eta fisiopatiak kontrolatzea.
UC0526_2: Traktoreak maneiatzea eta nekazaritzako instalazioak muntatzea, eta horien mantentze-lanak egitea.
Baratzezaintza eta lorezaintza. AGA167_2 (urriaren 27ko 1228/2006, Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC0529_2: Baratze-laboreetan eta mozteko loreen laboreetan lurra prestatzeko, eta erein eta/edo birlandatzeko lanak egitea.
UC0530_2: Baratze-laboreak eta mozteko loreen laboreak landu, bildu, garraiatu eta biltegiratzeko eragiketak egitea.
UC0525_2: Izurriteak, gaixotasunak, belar gaiztoak eta fisiopatiak kontrolatzea.
UC0526_2: Traktoreak maneiatzea eta nekazaritzako instalazioak muntatzea, eta horien mantentze-lanak egitea.
Hausnarkarien produkzio intentsiboa. AGA098_2 (irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC0279_2: Berritzeko animaliak, ugaltzaileak, hausnarkari edoskitzaileak eta esnea produzitzea.
UC0280_2: Aurrerako eta gizentzeko hausnarkariak produzitzea haragia lortzeko.
UC0006_2: Abeltzaintza-ustiategiko instalazioak, makineria eta tresneria muntatzea eta mantentzea.
Hegazti eta untxi-produkzio intentsiboa. AGA099_2 (irailaren 16ko 1087/2005 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC0281_2: Ugaltzeko, eta haragia eta arrautzak lortzeko hegaztiak produzitzea.
UC0282_2: Ugaltzeko eta haragia lortzeko untxiak produzitzea.
UC0006_2: Abeltzaintza-ustiategiko instalazioak, makineria eta tresneria muntatzea eta mantentzea.
Txerri-produkzio intentsiboa. AGA002_2 (otsailaren 20ko 295/2004 Errege Dekretua). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:
UC0004_2: Berritzeko urdangak, ugaltzaileak eta txerri edoskitzaileak produzitzeko eragiketak egitea (1. fasea).
UC0005_2: Aurrerako eta gizentzeko txerriak produzitzeko eragiketak egitea (2. eta 3. faseak).
UC0006_2: Abeltzaintza-ustiategiko instalazioak, makineria eta tresneria muntatzea eta mantentzea.
Lanbide-irudi honek laborantzan eta abeltzaintzan diharduten enpresa publiko zein pribatuetan egiten du lan, besteren kontura zein bere kontura. Nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorearen barruan kokatzen da, honako produkzio-jarduera hauetan: frutagintzako, baratzezaintzako eta belar-laborantzako ustiategiak; abeltzaintza-ustiategiak; laboreetan eta abeltzaintzan ikertzeko eta esperimentatzeko erakundeak; nekazaritzaren eta abeltzaintzaren zerbitzurako enpresak; eskolako mintegiak eta baratzeak; baserri-eskolak eta natura-gelak.
Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:
Laborantzako eta abeltzaintzako besteren konturako langile kualifikatua.
Laborantzako eta abeltzaintzako bere konturako langile kualifikatua.
Nekazaria.
Baratzezaina.
Frutagilea.
Lorezaina.
Abere-hazlea.
Hegaztizaina.
Erlezaina.
Esne-ekoizlea.
Arrautza-ekoizlea.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako makineriaren operadorea.
Heziketa-zikloaren irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:
Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:
Inguruko datu klimatikoak, edafologikoak, topografikoak eta ur-baliabideenak interpretatzea eta prozesatzea eta landarearen gainean duten ondorea baloratzea, ezarri beharreko labore mota zehazteko.
Makinak eta tresneria kontrolatzeko elementuak ezagutzea eta erabiltzea, eta betetzen dituzten funtzioekin erlazionatzea, haiek maneiatzeko.
Dokumentazioa interpretatzea eta muntatzeko eta mantentzeko teknikak aplikatzea, zehaztapenak irizpide teknikoarekin aztertuta, nekazaritzako eta abeltzaintzako instalazioak muntatzeko eta mantentzeko.
Lanak nekazaritza-jardunbide egokien arabera egitea, eta tresneriaren hautaketa eta erregulazioa justifikatzea, lurra prestatzeko.
Ereiteko eta landatzeko prozedurak burutzea, eta landare-materiala ezartzeko bitarteko teknikoak deskribatzea.
Laboreen behar hidrikoak aztertzea eta kalkulatzea, eta ezaugarri edafikoak, klimatikoak eta begetatiboak identifikatzea, ureztatzeko sistema maneiatzeko.
Laborantza-teknikak aplikatzea, eta lurra lantzeko erremintak, makinak eta tresneria antzematea eta hautatzea.
Laginketa-metodoak deskribatzea eta erabiltzea, eta laboreen agente onuragarriak eta kaltegarriak kuantifikatzeko zenbaketa-prozedurak identifikatzea.
Tratamendu fitosanitarioko prozesua deskribatzea, dokumentazio teknikoa aztertzea, eta hura prestatzeko eta aplikatzeko tresneria hautatzea.
Biltzeko eta biltegiratzeko teknikak aplikatzea, parametro teknikoak neurtzea, eta azken produktuaren kalitatean duten garrantzia justifikatzea, produktuak eta azpiproduktuak biltzeko, egokitzeko eta biltegiratzeko.
Inguruneko belar-, zuhaixka- eta zuhaitz-baliabideak aztertzea eta inbentariatzea, eta horien nutrizio-balioa kalkulatzea, larreratzeko.
Produkzio-prozesuak ezaugarritzea, eta errentagarritasuna, kalitatea, trazabilitatea eta animalien ongizatea ziurtatuko duten abeltzaintza-teknikak identifikatzea, abereak maneiatzeko eragiketak egiteko.
Erlauntzak deskribatzea eta maneiatzea, eta erlezaintzako produktuak lortzeko dagozkion eragiketak eta teknikak aztertzea.
Kalitate-prozedurak, laneko arriskuen prebentziokoak eta ingurumenekoak aztertu eta deskribatzea, eta zehaztutako kasuetan abian jarriko diren ekintzak adieraztea, arau estandarizatuen arabera jokatzeko.
Haren jardueran gertatzen diren teknologiaren, antolamenduaren, ekonomiaren eta lanaren arloko aldaketak identifikatzea eta lan-esparruan duten eragina aztertzea, berrikuntzaren espirituari eusteko.
Inguruko errealitate sozioekonomikoak eskaintzen dituen aukerak identifikatzea, eta norberaren eta besteen arrakasta-aukerak aztertzea, bizitza osoan espiritu ekintzailea mantentzeko.
Ikasteko aukerak eta lan-munduarekin duen harremana identifikatzea eta baloratzea, eta lan-merkatuko eskaintzak eta eskaerak aztertzea, eguneratze eta berrikuntzako espirituari eusteko.
Negozio-aukerak antzematea, eta merkatuko eskaerak identifikatu eta aztertzea, enpresa txiki bat sortu eta kudeatzeko.
Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua aztertu ondoren, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.
Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:
Agronomiaren oinarriak.
Zootekniaren oinarriak.
Laboreak ezartzea.
Trakzioko tresneria eta lantegia.
Nekazaritzako azpiegiturak eta instalazioak.
Landare-osasunaren printzipioak.
Nekazaritza-produkzioa.
Esnearen, arrautzen eta bizitarako animalien produkzioa.
Haragi-produkzioa eta bestelako abeltzaintza-produkzioak.
Kontrol fitosanitarioa.
Ingeles teknikoa.
Laneko prestakuntza eta orientabidea.
Enpresa eta ekimen sortzailea.
Lantokiko prestakuntza.
eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.
Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.
Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 12 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.
Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.
Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.
Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.
Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.
Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean ematen dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioko teknikariaren titulua edukitzeak aukera ematen du:
Erdi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.
Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuan ezarritako baldintzen arabera, proba bidez edo berariazko ikastaro bat gaindituta, lanbide-arlo bereko goi-mailako heziketa-ziklo guztietan sartzeko; baita beste heziketa-ziklo batzuetan sartzeko ere, eskatutako zikloetarako lotura ematen duen batxilergoaren modalitate berekoak direnean.
Batxilergoko edozein modalitatetan sartzeko, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 44.1 artikuluan eta hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2006 Errege Dekretuaren 34. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.
Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.
Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.
Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan ezarritako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:
Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.
Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko ezarritako prestakuntzaren egiaztagiria badute prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da.
Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5. artikuluan xedatutakoaren indarrez.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioko teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek baliozkotzeko edo salbuesteko eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna horiek egiaztatzeko VI. eranskinean jasotzen da.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.
Lehenengoa. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari laguntzailearen tituluek urriaren 30eko 1634/2009 Errege Dekretuan ezarritako Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioko teknikariaren tituluaren ondorio profesional berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:
Landako familia-ekonomiako teknikari laguntzailea, Nekazaritza adarra.
Nekazaritza-ustiategi estentsiboetako teknikari laguntzailea, Nekazaritza adarra.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietako teknikari laguntzailea, Nekazaritza adarra.
Nekazaritza-mekanikako teknikari laguntzailea, Nekazaritza adarra.
Nekazaritzako eta abeltzaintzako teknikari laguntzailea, Nekazaritza adarra.
Nekazaritza-ustiategi intentsiboetako teknikari laguntzailea, Nekazaritza adarra.
Frutagintzako teknikari laguntzailea, Nekazaritza adarra.
Baratzezaintzako teknikari laguntzailea, Nekazaritza adarra.
Fitopatologiako teknikari laguntzailea, Nekazaritza adarra.
Lurrik gabeko abeltzaintza-ustiategietako teknikari laguntzailea, Nekazaritza adarra.
Uztailaren 12ko 1715/1996 Errege Dekretuak ezarritako Nekazaritza-ustiategi estentsiboetako teknikariaren tituluak, uztailaren 12ko 1716/1996 Errege Dekretuak ezarritako Nekazaritza-ustiategi intentsiboetako teknikariaren tituluak eta uztailaren 12ko 1717/1996, Errege Dekretuak ezarritako Abeltzaintza-ustiategietako teknikariaren tituluak urriaren 30eko 1634/2009 Errege Dekretuan ezarritako Nekazaritzako eta abeltzaintzako produkzioko teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango dituzte.
Dekretu honetan «Laneko prestakuntza eta orientabidea» lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.
Dekretu honen lanbide-moduluetan ezarritako prestakuntzak bermatu egiten du produktu fitosanitarioen manipulatzaile profesionalaren agirian eskatutako ezagutza-maila, 1994ko martxoaren 8ko Aginduaren babesean ezarritakoa, toxikotzat edo oso toxikotzat sailkatutako gasak ez diren edo horiek sortzen ez dituzten produktuak erabiltzeko, 255/2003 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera. Horrela, ezagupen horiek egokitu egiten ditu PRE/2022/2005 Aginduan ezarritako trebakuntzara.
Bigarrena. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko urriaren 18an.
Jarduneko lehendakaria,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)