Osasun Saila / Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila

Arautegia

Inprimatu

128/2011 DEKRETUA, ekainaren 21ekoa, Elikagaien industriako prozesuetako eta kalitateko goi-mailako teknikariaren tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 172
  • Hurrenkera-zk.: 4381
  • Xedapen-zk.: 128
  • Xedapen-data: 2011/06/21
  • Argitaratze-data: 2011/09/09

Testu legala

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1. artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30. eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6. artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, lanbide-heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 6. artikuluan definitzen da lanbide-heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako arteztarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan. Bestalde, Errege Dekretu horren 7. artikuluak zehazten du titulu horien lanbide-profila, eta horren barnean hartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak, eta, hala badagokio, tituluei dagozkien Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak.

451/2010 Errege Dekretuak, apirilaren 16koak, Elikagaien industriako prozesuetako eta kalitateko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen du eta haren gutxieneko irakaskuntzak ezartzen ditu. Dekretu horrek ordezkatu egin du 2050/1995 Errege Dekretuak, abenduaren 22koak, ezartzen zuen Elikagaien industriako goi-mailako teknikariaren tituluaren erregulazioa.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1538/2006 Errege Dekretuaren 17. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, Errege Dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 140.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak, hezkuntza-sistemaren barruan, Lanbide Heziketaren antolamendua eta araudia ezartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, Dekretu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegorako ezartzea Elikagaien industriako prozesuetako eta kalitateko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma, betiere Elikagaien industriako prozesuetako eta kalitateko goi-mailako teknikariaren titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen apirilaren 16ko 451/2010 Errege Dekretuaren babesean.

Elikagaien industriako prozesuetako eta kalitateko goi-mailako teknikariaren tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barne hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta ikasleak bereganatu behar dituen ikaskuntzaren emaitzak lortzeko lehen iturria dira.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Honako dekretu hau bideratzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Hori dela-eta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak proposatuta, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostenarekin eta gainerako aginduzko txostenekin, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko ekainaren 21ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honek Elikagaien industriako prozesuetako eta kalitateko goi-mailako teknikariaren tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

  2. Ikastetxeak duen autonomia pedagogikoaren eta antolamendukoaren ildotik, hari dagokio bere Ikastetxearen Ikasketa Proiektua ezartzea, eta proiektu horretan ezarriko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko, eta lanbide-moduluen programazioak prestatzeari buruzko irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

  3. Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

Honako elementu hauek identifikatzen dute Elikagaien industriako prozesuetako eta kalitateko goi-mailako teknikariaren titulua:

Izena: Elikagaien industriako prozesuak eta kalitatea.

Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

Iraupena: 2.000 ordu.

Lanbide-arloa: elikagaien industriak.

Kodea: INSN-5b (Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatua).

Tituluari dagokion lanbide-profila, konpetentzia orokorraren, konpetentzia profesionalen, pertsonalen eta sozialen, lanbide-kualifikazioen eta konpetentzia-atalen bidez adierazten da.

  1. Titulu honen konpetentzia orokorra datza elikagaiak elaboratzeko prozesua antolatzean eta kontrolatzean eta eragiketak eta beharrezko baliabide materialak eta giza baliabideak ikuskatzean, betiere elikagaien produkzio, kalitate eta segurtasuneko planak, laneko arriskuen prebentziorako planak eta ingurumena babesteko planak aplikatuz, indarrean dagoen legeriaren arabera.

  2. Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

    Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

    1. Produkzio-prozesuak planifikatzea, eta elaboratu beharreko produktuaren arabera esleitzea tresneria eta instalazioak.

    2. Elikagaien produkzioa eta produkzioko sistema automatikoak programatzea eta antolatzea, ezarritako kalitateko, segurtasuneko eta ingurumen-babeseko eskakizunak aintzat hartuz.

    3. Elikagaiak elaboratzeko eragiketak gidatzea eta sortzen diren gorabeherak ebaztea.

    4. Ontziratzeko, enbalatzeko eta etiketatzeko eragiketak gainbegiratzea, kalitate eta segurtasun-baldintzetan.

    5. Elikadura-enpresako logistika planifikatzea, eta lehengaiak, gai osagarriak eta produktuak hornitzeko, biltegiratzeko eta bidaltzeko eragiketak antolatzea.

    6. Tresneriaren eta instalazioen mantentze-egoera eta operatibotasuna programatzea eta ikuskatzea, eta higiene, kalitate, eraginkortasun eta segurtasuneko baldintzetan funtzionatzen dutela bermatzea.

    7. Kalitatea kontrolatzea eta bermatzea, saiakuntza fisikoen, kimikoen, mikrobiologikoen eta sentsorialen bitartez.

    8. Elikadura-enpresa txikiko produktuak merkaturatzea eta sustatzea.

    9. Produkzio-prozesuan, baliabideen erabilera eraginkorra, gaikako bilketa eta hondakinak arazteko eta ezabatzeko lanak gainbegiratzea, ingurumen-babesa bermatzearren, betiere enpresaren planen eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

    10. Elikagaien segurtasuneko araudia, laneko arriskuen prebentzioko araudia eta elikagaien industriako sektoreetako berariazko legeria aplikatzea.

    11. Produkzio-prozesuetan beharrezkoak diren informazio- eta komunikazio-teknologiak aplikatzea bere lanbide-esparruko arloetan.

    12. Talde-lana antolatzea eta koordinatzea, eta, horretarako, gidaritza bere gain hartzea, lanbide-harreman irekiak edukitzea eta bere konpetentziaren esparruan errespetuz eta erantzukizun-senaz komunikatzea, betiere enpresaren hierarkia kontuan izanik.

    1. Elikagaien industriako sektoreko aldaketa teknologikoen, antolamendukoen eta sozio-kulturalen aurrean eguneratzeko eta berritzeko jarrera izatea, batez ere produktu, prozesu eta merkaturatzeko eredu berrien garapenean.

    2. Produkzioko helburuak betetzea, lan-taldearekin elkarlanean jardutea, eta erantzukizunaren eta tolerantziaren printzipioen arabera jardutea.

    3. Produkzio-prozesuetako aldaketa teknologikoen eta antolamendukoen ondoriozko lanpostuetara eta lan-egoera berrietara egokitzea.

    4. Bere eskubideez baliatzea eta lan-harremanen ondoriozko betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.

    5. Ezarritako arauei eta prozedurei jarraituz, arazoak ebaztea eta norbanako erabakiak hartzea, bere eskumeneko esparruaren barruan definituak.

    6. Lanbide-karrera kudeatzea, enplegurako, autoenplegurako eta ikaskuntzarako aukerak aztertuz.

    7. Enpresa txikia sortzea eta kudeatzea, eta produktuen bideragarritasuna, produkzioaren plangintza eta merkaturatzea aztertzea.

    8. Bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean parte-hartze aktiboa izatea, jarrera kritiko eta arduratsuarekin.

  3. Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

    Osatutako lanbide-kualifikazioak:

    1. INA 176_3. Kontserben eta landare-zukuen industriak (1228/2006 Errege Dekretua, urriaren 27koa). Honako gaitasun-atal hauek barnean hartzen ditu:

      UC0556_3: Elikagaien industriako hornikuntzak, biltegia eta bidalketak kudeatzea, eta merkaturatzen laguntzeko jarduerak egitea.

      UC0557_3: Elikagaien industriako produkzioa programatzea eta kudeatzea.

      UC0558_3: Elikagaien industriaren ingurumen-kudeaketako eta kalitateko plana ezartzen eta garatzen laguntzea.

      UC0559_3: Kontserbak eta landare-zukuak produzitzeko prozesuak garatzea eta eragiketa-prozedurak zehaztea.

      UC0560_3: Kontserben eta landare-zukuen fabrikazioa eta produkzio-sistema automatikoak kontrolatzea.

      UC0561_3: Kontserbak eta landare-zukuak elaboratzeko prozesuaren kontrol analitiko eta sentsorialeko teknikak aplikatzea.

    2. INA 177_3. Zerealen deribatuen eta gozokien industriak (1228/2006 Errege Dekretua, urriaren 27koa). Honako gaitasun-atal hauek barnean hartzen ditu:

      UC0556_3: Elikagaien industriako hornikuntzak, biltegia eta bidalketak kudeatzea, eta merkaturatzen laguntzeko jarduerak egitea.

      UC0557_3: Elikagaien industriako produkzioa programatzea eta kudeatzea.

      UC0558_3: Elikagaien industriaren ingurumen-kudeaketako eta kalitateko plana ezartzen eta garatzen laguntzea.

      UC0562_3: Zerealen deribatuak eta gozokiak produzitzeko prozesuak garatzea eta prozedura eragileak zehaztea.

      UC0563_3: Zerealen deribatuen eta gozokien elaborazioa eta produkzio-sistema automatikoak kontrolatzea.

      UC0564_3: Zerealen deribatuak eta gozokiak elaboratzeko prozesuaren kontrol analitiko eta sentsorialeko teknikak aplikatzea.

    3. INA 178_3. Arrantzaren eta akuikulturaren produktuen industriak (1228/2006 Errege Dekretua, urriaren 27koa). Honako gaitasun-atal hauek barnean hartzen ditu:

      UC0556_3: Elikagaien industriako hornikuntzak, biltegia eta bidalketak kudeatzea, eta merkaturatzen laguntzeko jarduerak egitea.

      UC0557_3: Elikagaien industriako produkzioa programatzea eta kudeatzea.

      UC0558_3: Elikagaien industriaren ingurumen-kudeaketako eta kalitateko plana ezartzen eta garatzen laguntzea.

      UC0565_3: Arrantzaren eta akuikulturaren ondoriozko produktuak elaboratzeko prozesuak garatzea eta prozedura eragileak zehaztea.

      UC0566_3: Arrantzaren eta akuikulturaren ondoriozko produktuen elaborazioa eta produkzio-sistema automatikoak kontrolatzea.

      UC0567_3: Arrantzaren eta akuikulturaren ondoriozko produktuak elaboratzeko prozesuaren kontrol analitiko eta sentsorialeko teknikak aplikatzea.

    4. INA 180_3. Esne-industriak (1228/2006 Errege Dekretua, urriaren 27koa). Honako gaitasun-atal hauek barnean hartzen ditu:

      UC0556_3: Elikagaien industriako hornikuntzak, biltegia eta bidalketak kudeatzea, eta merkaturatzen laguntzeko jarduerak egitea.

      UC0557_3: Elikagaien industriako produkzioa programatzea eta kudeatzea.

      UC0558_3: Elikagaien industriaren ingurumen-kudeaketako eta kalitateko plana ezartzen eta garatzen laguntzea.

      UC0571_3: Kontsumoko esneak eta esnekiak elaboratzeko prozesuak garatzea eta prozedura eragileak zehaztea.

      UC0572_3: Kontsumoko esneen eta esnekien elaborazioa eta produkzio-sistema automatikoak kontrolatzea.

      UC0573_3: Kontsumoko esneak eta esnekiak elaboratzeko prozesuaren kontrol analitiko eta sentsorialeko teknikak aplikatzea.

    5. INA 239_3. Harakintza-industriak (729/2007 Errege Dekretua, urriaren 27koa). Honako gaitasun-atal hauek barnean hartzen ditu:

      UC0556_3: Elikagaien industriako hornikuntzak, biltegia eta bidalketak kudeatzea, eta merkaturatzen laguntzeko jarduerak egitea.

      UC0557_3: Elikagaien industriako produkzioa programatzea eta kudeatzea.

      UC0558_3: Elikagaien industriaren ingurumen-kudeaketako eta kalitateko plana ezartzen eta garatzen laguntzea.

      UC0765_3: Gizentzeko azienda hiltzeko, prestatzeko eta zatikatzeko eta haragi-produktuak eta prestakinak elaboratzeko prozesuak garatzea eta prozedura eragileak zehaztea.

      UC0766_3: Haragi-produktuen eta -prestakinen elaborazioa eta produkzio-sistema automatikoak kontrolatzea, baita animaliak hiltzeko, prestatzeko eta zatikatzeko lanak ere.

      UC0767_3: Haragi-produktuak eta -prestakinak elaboratzeko prozesuaren kontrol analitiko eta sentsorialeko teknikak aplikatzea.

  1. Lanbide-irudi honek elikagaien industriako enpresa txikietan, ertainetan edo handietan egiten du lan, lan-talde baten barruan. Produkzioaren kudeaketako, antolamenduko eta kontroleko zereginak egiten ditu, betiere elikagaien alorreko logistikaren, ikerketaren, garapenaren, kalitatearen, segurtasunaren, laneko arriskuen eta ingurumen-babesaren arloetan. Tarteko aginte gisa dihardu, goi-mailako arduradun tekniko baten gainbegiratupean. Haatik, enpresa txikietan autonomia handiagoa izango du eta enpresa-kudeaketako eta zuzendaritzako lanak hartu ahal izango ditu bere gain.

  2. Lanbide eta lanpostu garrantzitsuenak hauek dira:

    Lerroko, fabrikazio-plantako, sekzioko edo biltegiko burua.

    Txandako burua.

    Tresneriaren, prozesuen eta produktuen ikuskatzailea.

    Produkzioko arduraduna.

    Beste produktu batzuk elaboratzeko eta prozesuak garatzeko arduraduna.

    Elikagaien analisietako teknikaria.

    Analisi sentsorialetako teknikaria.

    Kalitate-kontroleko laborategiko arduraduna.

    Kalitate-ikuskatzailea edo -auditorea.

    Elikagaien segurtasunaren kudeaketako arduraduna.

    Hornikuntzetako arduraduna.

    Ontziratze- eta enbalatze-lerroko arduraduna.

    Ingurumen-kontroleko eta lan-segurtasuneko arduraduna.

    Merkataritzako teknikaria.

Heziketa-zikloko irakaskuntzetan honako alderdi hauek sartzen dira:

  1. Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

    1. Produkzio-prozesuak aztertzea, eta prozesu horiek planifikatzeko eskura dauden baliabideen, instalazioen, tresnerien eta prozesuaren berezko eragiketak zehaztea.

    2. Produkzioa programatzeko eta kudeatzeko teknikak identifikatzea, eta teknika horiek aplikatzeko funtsak eta prozedurak deskribatzea, betiere elikagaien produkzioa programatzearren eta antolatzearren.

    3. Elikagaiak elaboratzeko eragiketak ezaugarritzea, eta, horretarako, eragiketa horiek bideratzeko teknikak eta kontrol-parametroak deskribatzea.

    4. Enbalatzeko eta etiketatzeko lanak aztertzea, eta materialen eta prozesuko tekniken ezaugarriak identifikatzea, lan horiek ikuskatzearren.

    5. Prozesu logistikoa ezagutzea, eta haren faseak eta dagokion dokumentazioa identifikatzea, elikagaien industriaren/enpresaren planifikaziora begira.

    6. Tresneriaren eta instalazioen mantentze-beharrak identifikatzea eta horien operatibotasun zuzenarekin lotzea, betiere tresneriaren eta instalazioen programaziorako eta ikuskapenerako.

    7. Saiakuntza fisikoak, kimikoak eta mikrobiologikoak ezagutzea eta egitea, eta elaboratutako elikagaien kalitatea kontrolatzeko eta bermatzeko metodologia analitikoa aplikatzea.

    8. Elikagaien ezaugarri organoleptikoak deskribatzea eta prozedura metodologikoa justifikatzea, baita kontrol sentsoriala bermatzeko duen aplikazioa ere.

    9. Elikagaien salerosketako eragiketak eta publizitate-teknikak identifikatzea, eta elaboratutako produktuak merkaturatzeko eta sustatzeko egokitzapena baloratzea.

    10. Ingurumena babesteko araudia eta neurriak identifikatzea eta produkzio-prozesuetan duten eragina eta aplikazioa aztertzea, araudi eta neurri horiek betetzen direla bermatzeko.

    11. Lanbide-jarduerarekin lotzen diren arriskuak identifikatzea, eta kontroleko, prebentzioko eta babeseko neurriekin lotzea, betiere elikagaien segurtasuneko planean eta laneko arriskuen prebentzio-planean ezarritako arauak betetzeko.

    12. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiarekin lotzen diren tresnak identifikatzea eta laneko elementu gisa duten ahalmena ezagutzea.

    1. Enpresaren egitura hierarkikoa aztertzea, eta lan-taldeko kideen rolak eta erantzukizunak identifikatzea, lan-taldea antolatzearren eta koordinatzearren.

    2. Inguruko errealitate sozioekonomikoak eskaintzen dituen aukerak identifikatzea, eta norberaren eta besteen arrakasta-aukerak aztertzea, bizitza osoan espiritu ekintzailea mantentzeko.

    3. Haren jardueran gertatzen diren teknologiaren, antolamenduaren, ekonomiaren eta lanaren arloko aldaketak identifikatzea eta lan-esparruan duten eragina aztertzea, berrikuntzaren espirituari eusteko.

    4. Produkzio-prozesu bateko lan-jarduerak baloratzea eta prozesu orokorrean egiten duten ekarpena identifikatzea, lan-taldeetan parte hartzeko eta produkzio-helburuak lortzeko.

    5. Lan-taldeko kideetako bakoitzaren rolak deskribatzea eta kasu bakoitzaren erantzukizuna identifikatzea, lan-taldea antolatzeko.

    6. Egoera kolektiboetan esku hartzeko moduak identifikatzea eta erabakiak hartzeko prozesua aztertzea, horietan gidari izateko.

    7. Ikasteko aukerak eta lan-munduarekin duen lotura identifikatzea eta baloratzea, lan-merkatuko eskaintzak eta eskaerak aztertuta, eguneratze eta berrikuntzako kulturari eusteko.

    8. Negozio-aukerak antzematea, eta merkatuaren eskaerak identifikatu eta aztertzea, enpresa txiki bat sortu eta kudeatzeko.

    9. Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua aztertu ondoren, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

  2. Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

    1. Elikadura-teknologia.

    2. Elikadura-bioteknologia.

    3. Elikagaien analisia.

    4. Elikagaiak prestatzeko eta kontserbatzeko tratamenduak.

    5. Elikagaien produkzioaren antolamendua.

    6. Elikagaien industriako merkaturatzea eta logistika.

    7. Elikagaien industriako kalitatearen eta ingurumenaren kudeaketa.

    8. Prozesu-industrietako mantentze elektromekanikoa.

    9. Elikagaien kontrol mikrobiologikoa eta sentsoriala.

    10. Nutrizioa eta elikadura-segurtasuna.

    11. Elikagaien industriako prozesu integratuak.

    12. Elikadura-berrikuntza.

    1. Elikagaien industriako prozesuetako eta kalitateko proiektua.

    2. Ingeles teknikoa.

    3. Laneko prestakuntza eta orientabidea.

    4. Enpresa eta ekimen sortzailea.

    5. Lantokiko prestakuntza.

      1. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

        Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

  3. Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezartzen da hori guztia.

  4. Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 13 asteetan garatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien ebaluazio positiboa lortu ondoren egingo da.

  5. Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

  1. Heziketa-zikloko lanbide-modulu bakoitzerako irakasleen espezialitateak eta irakasteko eskumena IV. eranskinaren 1. atalean ezartzen dira.

  2. Irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezartzen dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Irakasleen espezialitateetarako 1. atalean adierazten diren titulazio baliokideak (irakaskuntzaren ondorioetarako) IV. eranskinaren 2. atalean jasotzen dira.

  3. Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barne hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta beste edozein eskakizun IV. eranskinaren 3. atalean zehazten dira. Edonola ere, titulazioa lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen edukiak barnean hartu beharko dituzte edo lanbide-arloarekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da egiaztagiri bidez ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jardueretan.

Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasuna izango dute Zientzia eta Teknologiako Batxilergoko modalitatea egin duten ikasleek.

Elikagaien industriako prozesuetako eta kalitateko goi-mailako teknikariaren titulua edukitzeak aukera ematen du:

  1. Goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko aukera emango du, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  2. Graduko unibertsitate-tituluetara bideratzen duten irakaskuntzetara zuzenean sartzeko, betiere ezartzen diren onarpen-baldintzetan.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztuko du Elikagaien industriako prozesuetako eta kalitateko goi-mailako teknikariaren titulua dutenen eta horiekin lotzen diren graduko unibertsitate-titulua dutenen arteko baliozkotze-erregimena. Baliozkotzeko erregimena errazteko, 120 ECTS kreditu esleitu dira dekretu honetan ezarritako irakaskuntzetan, heziketa-zikloko lanbide-moduluen artean.

  1. Zenbait heziketa-ziklok komunak dituzten lanbide-moduluak baliozkotu egingo dira, baldin eta izen, eduki, iraupen, ikaskuntzaren emaitza gisa adierazitako helburu eta ebaluazio-irizpide berekoak badira. Horiek Lanbide Heziketako tituluen gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituzten errege-dekretuetan daude ezarrita. Nolanahi ere, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua edo Enpresa eta ekimen sortzailea modulua gaindituta dituenak modulu horiek baliozkotuta izango ditu lege horren babespeko beste edozein ziklotan.

  2. Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

  4. Edozein titulutako «Laneko prestakuntza eta orientabidea» modulua baliozkotu ahal izateko, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez urtebeteko lan-esperientzia egiaztatu eta laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako teknikariaren ziurtagiria izan beharko da. Ziurtagiriak prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera luzatua izan behar du.

  5. «Enpresa eta ekimen sortzailea» modulua baliozkotu ahal izateko, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritako eskakizunak betetzeaz gain, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko da.

  6. Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak Aintzatespen eta Ebaluazio Sistemaren bidez egiaztatu dituztenek Ingeles teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuaren 45.3 artikuluan xedatutakoaren indarrez.

  7. Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatzen diren konpetentzia-atalen eta Elikagaien industriako prozesuetako eta kalitateko goi-mailako teknikariaren tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen arteko egokitasuna (horiek baliozkotzeko) VI. eranskinean jasotzen da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola, moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

Lehenengoa. Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena.

  1. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Hezkuntzari eta Hezkuntzako Erreforma Finantzatzeari buruzko abuztuaren 4ko 14/1970 Lege Orokorreko teknikari espezialistaren tituluek ondoren zerrendatzen direnek apirilaren 16ko 451/2010 Errege Dekretuan ezarritako Elikagaien industriako prozesuetako eta kalitateko goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango dituzte. Hona aipatutako tituluak:

    Barazkien kontserbagintzako teknikari espezialista, nekazaritzaren adarrean.

    Nekazaritzako elikagaien industriako teknikari espezialista, nekazaritzaren adarrean.

    Gaztagintzako eta guringintzako teknikari espezialista, kimikaren adarra.

    Elikagaien industriako teknikari espezialista, kimikaren adarrean.

    Mahastizaintzako eta enotekniako teknikari espezialista, nekazaritzaren adarrean.

  2. Abenduaren 22ko 2050/1995 Errege Dekretuak ezarritako Elikagaien industriako goi-mailako teknikariaren tituluak apirilaren 16ko 451/2010 Errege Dekretuan ezarritako Elikagaien industriako prozesuetako eta kalitateko goi-mailako teknikariaren tituluaren ondorio profesional eta akademiko berberak izango ditu.

  3. Dekretu honetan Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako ezarritako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarritako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

  4. Dekretu honetan ezarritako prestakuntzak Nutrizioa eta elikadura-segurtasuna lanbide-modulurako bermatu egiten du beharrezko ezagutza-maila elikagaien manipulazioan eta higienean jardunbide egokiak ahalbidetzeko, elikagaien manipulatzaileei buruzko arauak ezartzen dituen otsailaren 11ko 202/2000 Errege Dekretuaren 4.6. artikuluko exijentziaren arabera.

    Bigarrena. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean ezarritakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

Indarrean jartzea. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko ekainaren 21ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.