Arautegia
Inprimatu159/2011 DEKRETUA, uztailaren 12koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren egitura eta antolaketari buruzkoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 146
- Hurrenkera-zk.: 3830
- Xedapen-zk.: 159
- Xedapen-data: 2011/07/12
- Argitaratze-data: 2011/08/02
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak
Testu legala
2007ko ekainaren 29ko 9/2007 Legearen bidez Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortu zen, Eusko Jaurlaritzan kontsumoaren arloko eskumena duen sailari atxikitako erakunde autonomo administratibo gisa, eta haren helburua izanik kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldeztearen eta babestearen arloan Jaurlaritzaren politikak zehaztea, planifikatzea, bultzatzea eta betearaztea.
Erakunde horrek erantzuna ematen die kontsumitzaileen babesaren inguruan egiten diren eskari gero eta ugariagoei, indartu egiten baitu gizartearen eskakizun horiei erantzuteko ahalmena.
Gainera, kontsumo-arloak zeharkako izaera duenez eta Jaurlaritzako jarduera-esparru askorekin lotuta dagoenez, oraindik ere garrantzitsuagoa da gobernuaren sailekiko independentea izatea.
Eginkizun horiek bete ahal izateko, aipaturiko legezko testuaren 11. artikuluak dio Jaurlaritzak (kontsumo-gaietan eskuduna den saileko titularrak proposatuta) dekretuz finkatu behar dituela Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren egitura eta antolaketa. Hori da, beraz, Kontsumoko Euskal Institutuaren eginkizunak unitatetan antolatzen eta egituratzen dituen arau honen oinarrizko arrazoibidea.
Dekretu hau onartzeak eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren jarduera hasteak amaiera ematen dio Osasun eta Kontsumo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen 2009ko azaroaren 3ko 579/2009 Dekretuaren bigarren xedapen Iragankorrean jasotzen den behin-behineko egoerari.
Ondorioz, Osasun eta Kontsumoko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin ados eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011 uztailaren 12an eginiko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzeari buruzko 2007ko ekainaren 29ko 9/2007 Legearen 1. artikuluan ezarritakoarekin bat, Osasun eta Kontsumo Sailari atxikitako erakunde autonomo administratibo gisa eratzen da Kontsumobide.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak berezko nortasun juridikoa du, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere bere helburuak betetze aldera. Haren jarduera arautzen du 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde autonomo administratiboei eragiten dieten gainerako xedapenek.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren eginkizunak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzeari buruzko 2007ko ekainaren 29ko 9/2007 Legearen 3. eta 4. artikuluetan azaltzen dira. Hauek dira:
Eskubideei eta eskubideak erabiltzeko moduari buruz orientazioa, prestakuntza eta informazioa ematea kontsumitzaileei eta erabiltzaileei, eta eskubide horiek ezagutzera ematea, kontuan izan eta errespeta ditzaten merkatuan parte hartzen duten guztiek, bai eta ondasun eta zerbitzuei dagokienez eskubide horiek zuzenean nahiz zeharka eragindako guztiek ere. Horretan guztian, arreta berezia eskainiko zaie bereziki babestutako taldeei, berariazko beharrizanak baitituzte.
Kontsumo-dinamiken ebaluazioa eta beharrezko azterketak sustatzea eta egitea, kontsumitzaileei beren behar eta eskakizunetara ongien moldatzen diren produktuak eta zerbitzuak aukeratzen lagunduko dieten tresnak eta prozedurak zehazteko xedez.
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskuera jarritako produktuek eta zerbitzuek beharrezko informazioa eskaintzen dutela zaintzea, legearen arabera eska daitezkeen segurtasun-mailak lortzea, eta bereziki iruzurra, okerrera eraman gaitzakeen edo osoa ez den informazioa, publizitate iruzurtia eta abusuzko klausulak erabiltzea saihesteko prebentzio-kanpainak egitea, horretarako beharrezko eta nahitaezko klausulak erantsita.
Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteko eta babesteko elkarteen eta erakundeen garapena indartzea eta sustatzea, eta aktiboki eta diruz lagunduz elkarteekin lan egitea aholkularitza-, babes- eta informazio-lanetan, bereziki behar espezifikoak dituzten pertsonei dagokienez.
Gizartearen eta ekologiaren ikuspegitik iraunkorra den kontsumoa bultzatzea, eta bereziki ingurumena errespetatzen duten zerbitzu eta produktuena.
Gazteak arduraz kontsumitzeko ohituretan hezi daitezen sustatzea. Horretarako, erakunde eskudunei proposatuko zaie kontsumorako heziketa-programak ezartzea irakaskuntzako maila guztietan.
Produktu ekologikoen kontsumoa sustatzea eta bidezko merkataritzatik eta merkataritza solidariotik iritsitako produktuen eskaintza bultzatzea.
Lankidetza-itunak eta -akordioak sinatzea prestakuntzaren eta aholkularitzaren arloan jarduera-sektore ekonomiko bakoitzean ordezkaritzarik handiena duten enpresen eta profesionalen elkarteekin; oso bereziki merkataritza-enpresetara eta kontsumitzaile eta erabiltzaileengana zuzenduko dira, institutuaren helburuen eta eginkizunen esparruan.
Administrazio publiko guztiekin harremanetan jartzea eta elkarlanean aritzea, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta babesa hobetzeko bidean aurrera egiteko.
Kontsumoaren arloan eskumenak erabiltzen dituzten udal-administrazioekin lankidetzan aritzea, kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoak hedatzea sustatzea, behar duten guztian aholkuak ematea beren eginkizunak hobeto bete ditzaten, eta lankidetza-hitzarmenak sinatzea, beren helburuak betetzeko ahalik eta teknikarik eta materialik onenen hornikuntza konpartitze aldera.
Kontsumo-gaietan gatazkak konpontzeko tresna gisa bitartekaritza eta arbitrajea bultzatzea, Euskadiko Arbitraje Batzordearen funtzionamendua antolatuz.
Kontsumoaren arloan ikuskaritzaren eta zigorraren esparruko eskumenak erabiltzea, indarrean dauden xedapenen arabera.
Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek legearen babes eraginkorra izan dezaten bultzatzea, beharrezko ekintza judizialak abiaraziz eta auzietan aurkeztuz babestu behar diren eskubideen garrantzia dela-eta edo sortu duten alarma soziala dela-eta arreta berezia merezi duten gaiei dagozkienez.
Xedapen-proposamenak prestatzea kontsumitzaile eta erabiltzaileengan eragina izan dezaketen gai guztiei buruz, eta informazioa ematea beste administrazio batzuek esparru horretan egiten dituztenei buruz.
Nahitaezko txostena egitea kontsumitzaileei eta erabiltzaileei eragiten dieten edo eragin diezaieketen xedapen eta arau guztiei buruz.
Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteari eta babesteari dagokionez legeak agintzen dizkion beste eginkizun guztiak betetzea.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzeari buruzko 2007ko ekainaren 29ko 9/2007 Legearen 5. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, gobernu-organoak eta haien eginkizunak lehendakariari, Zuzendaritza Kontseiluari eta zuzendariari dagozkionak dira.
Lehendakariaren eginkizunak dira:
Institutua zuzentzea, eta institutuaren ordezkari gorena izatea.
Zuzendaritza Kontseiluaren bilerak deitzea eta bileretan mahaiburu izatea.
Institutuari eman zaizkion helburuak betetzen direla zaintzea.
Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari institutuak burututako ekintzen berri ematea, hala eskatzen zaionean.
Zuzendaritza Kontseiluari plan orokorrak eta jarduera-programak proposatzea, baita beste zenbait erakunderekin adostu beharreko lankidetza-hitzarmenak ere.
Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizunak dira:
Barne-araudia onartzea.
Urteko jarduera-programak onartzea eta haien segimendua egitea.
Institutuaren aurrekontuen aurreproiektuak onartzea.
Urteko kontuak eta txostena onartzea.
Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteko eta babesteko politikarekin zerikusia duten gai guztiak eztabaidatzea, Lehendakaritzaren, Zuzendaritzaren edo Kontseiluko kideen ekimenez.
Informazioa jasotzea institutuak bultzatutako izaera orokorreko xedapen-proposamenei buruz, eta proposamen horiek eztabaidatzea.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak lantalde iraunkorrak edo aldi baterakoak sortu ahal izango ditu, bai eta erakunde aholku-emaileak eta sailen arteko batzordeak sustatu ere, kontsumitzaileen babesarekin zerikusia duten gaiak aztertzeko eta haien inguruan proposamenak egiteko. Lantalde eta organo horien osaera, eginkizunak eta bilkura-erregimena Zuzendaritza Kontseiluak zehaztu beharko ditu kasu bakoitzean.
Zuzendariaren eginkizunak dira:
Institutua zuzentzea eta Zuzendaritza Kontseiluaren akordioak betearaztea eta egikaritzea.
Erakundearen eta haren batzorde eta lantaldeen jarduerak bultzatzea eta gainbegiratzea.
Merkatu-diziplinari eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsari buruzko arauak aplikatzen direla kontrolatzeko mekanismoak zuzentzea, antolatzea, planifikatzea, koordinatzea eta programatzea, eta gatazkak arbitraje bidez konpontzeko mekanismoak programatzea.
Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak bideratzeko eta defendatzeko xedapen orokorrak egin daitezen sustatzea.
Institutuaren aurrekontuen aurreproiektuak egitea eta institutuaren jarduerei buruzko urteko txostena prestatzea.
Baliabide ekonomikoak administratzea eta kudeatzea, eta gastuak eta ordainketak agintzea eta baimentzea.
Institutuko langileen zuzendari nagusi gisa jardutea.
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko 2003ko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 63.1 artikuluaren arabera, kontsumo-arloko eskumenak dituen zuzendariari dagozkion administrazio-zigorrak ezartzea.
Institutuaren ohiko ordezkaritza legala, judiziala nahiz estrajudiziala.
Lehendakariak eskuordetutako beste edozein eginkizun, eta indarrean dauden xedapenek izendatzen dizkiotenak.
Egindako ekintza eta jardueren berri ematea Zuzendaritza Kontseiluari.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko Zuzendaritzaren mende administrazio-unitate hauek egongo dira:
Plangintza, Azterketa, Informazio eta Prestakuntzarako Unitatea.
Erreklamazioetarako, Bitartekaritzarako eta Arbitrajerako Unitatea.
Merkatuaren Ikuskaritza eta Kontrolerako Unitatea.
Zerbitzu Orokorren Unitatea.
Plangintza, Azterketa, Informazio eta Prestakuntzarako Unitatearen eginkizunak hauek dira:
Plangintzaren eta azterketen arloan:
Urteko plana prestatzea, erakundeko atal guztietan egin behar diren jarduera nagusiak bilduko dituena.
Egindako jardueren balantze-proposamena.
Kontsumitzaileei eskaintzen zaizkien produktuei eta zerbitzuei buruzko azterketak, analisiak eta inkestak egitea eta zabaltzea.
Kontsumo-dinamika eta -ohiturei buruzko azterketa teknikoak eta inkestak egitea.
Kontsumitzaile-elkarteen eta institutuarekin loturiko beste erakundeen erregistroa kudeatzea.
Informazioaren arloan:
Institutuaren web-orriaren eta intraneta kudeatzea.
Kontsumitzaileei zuzenduriko argitalpenak eta dibulgazio-materiala egitea, gainbegiratzea eta banatzea.
Kontsumoan espezializaturiko dokumentazioa eta haren datu-bankua biltzea, kudeatzea eta antolatzea, eta kontsumoaren esparruan lan egiten duten erakundeei laguntza dokumentala ematea.
Kontsumitzaileei informazioa ematea komunikabideen bidez, azoketan parte hartuz eta jendaurreko beste agerraldi batzuen bidez.
Prestakuntzaren arloan:
Ikastetxeei eta prestakuntza-zentroei zuzenduriko prestakuntza-jarduerak diseinatzea, lantzea eta garatzea.
Kontsumitzaile arduratsuei zuzenduriko prestakuntza-ikastaroak, mintegiak eta hitzaldiak diseinatzea, lantzea eta garatzea.
Kontsumoaren esparruko profesionalei eta eragile ekonomikoei zuzenduriko ikastaroak, mintegiak eta jardunaldiak programatzea eta antolatzea.
Etengabeko prestakuntzako zentroak kudeatzea.
Komunikazioaren arloan:
Institutua jendeari ezagutarazteko beharrezkoak diren jarduerak koordinatzea eta gauzatzea.
Institutuak egiten dituen komunikazio-jarduerak eta zabalkunde-kanpainak koordinatzea.
Institutuaren kanpo-komunikazioko plana ezartzeko eta gauzatzeko ekintzak bideratzea.
Ikuskaritzako, informazioko eta prestakuntzako programen eta kanpainen emaitzak zabaltzea.
Unitate honi dagozkion gaiekin loturik, erakundeekin egindako hitzarmenak eta erakundeei emaniko laguntzak eta diru-laguntzak kudeatzea eta haien segimendua egitea.
Berariaz aipatzen ez diren beste eginkizun batzuk, administrazio-unitateari dagokion jarduera-arlokoak direlako Zuzendaritzak berari izenda diezazkiokeenak.
Erreklamazioetarako, Bitartekaritzarako eta Arbitrajerako Unitatearen eginkizunak hauek dira:
Erreklamazioen eta bitartekaritzaren arloan:
Kontsumitzaileei argibideak eta aholkuak ematea beren eskubideei eta eskubide horiek gauzatzeko modu eraginkorrenari buruz.
Kontsumitzaileei informazioa zuzenean, telefono bidez, telematikoki edo ezartzen den beste edozein bide erabiliz emateko zerbitzuen antolaketa eta funtzionamendua koordinatzea.
Aurkezturiko erreklamazioei buruzko erabakiak koordinatzea, sektoreen eta erreklamazio-moten arabera jarduera-irizpideak ezarriz.
Kontsumitzaile eta erabiltzaile askori eragiten dioten kontsumo-krisietan jarduera-protokoloak egitea, egin beharrekoaz jarraibideak emateko.
Kontsumoko udal-bulegoekin eta kontsumitzaile-elkarteekin dauden harreman guztiak koordinatzea, jarduera ahalik eta homogeneoena izateko eta kontsumitzaileak aldezteko eta babesteko guztien ahaleginak bateratzeko.
Bitartekaritza sustatzea eta koordinatzea, enpresaren eta kontsumitzailearen arteko akordioa lortuz gatazkak konpontzeko bitarteko gisa.
Bitartekaritza-protokoloak egitea, kontsumo-teknikariek bitartekaritza hori eraginkorrago egin ahal izan dezaten, eta egindako bitartekaritzen segimendua egitea, akordioen kopurua handitzeko.
Aurkezturiko erreklamazioak gainbegiratzea, herritarra pozik geratu dela egiaztatzeko- bai haren helburuari dagokionez bai erantzuteko denborari dagokionez ere-.
Kontsumo-arbitrajearen arloan:
Kontsumo-arbitrajea kudeatzea eta administratzea, beharrezkoa izapideak bultzatuz, arbitroak deituz eta arbitroen elkargoei babesa emanez.
Kontsumo-arbitrajearekin loturiko eztabaidetan bitartekari izatea.
Enpresa-sektoreekiko eta kontsumitzaileekiko nahiz haiek ordezkatzen dituzten elkarteekiko harremanak.
Arbitraje-hitzarmenak sinatzea, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eta ondasunak edo zerbitzuak ekoizten, hornitzen edo ematen dituztenen artean.
Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordearekin bat egiten duten enpresen errolda egitea eta mantentzea, eta bereizgarri ofizialen banaketa eta erabilera kontrolatzea.
Enpresek eta erakundeek Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordearekin bat egin dezaten bultzatzea.
Beste administrazio publiko eta arbitraje-batzorde batzuekin harremanak izatea, erreklamazioak izapidetzeko irizpideak koordinatzeko eta bateratzeko.
Arbitroen elkargoetako idazkariaren funtzioa betetzea.
Unitate honi dagozkion gaiekin loturik, erakundeekin egindako hitzarmenak eta erakundeei emaniko laguntzak eta diru-laguntzak kudeatzea eta haien segimendua egitea.
Berariaz aipatzen ez diren beste eginkizun batzuk, administrazio-unitateari dagokion jarduera-arlokoak direlako Zuzendaritzak berari izenda diezazkiokeenak.
Merkatuaren Ikuskaritza eta Kontrolerako Unitatearen eginkizunak hauek dira:
Ikuskatze-kanpainak programatzea, eta haien segimendua egitea eta ebaluatzea.
Ikuskaritzaren eta kontrolaren arloan jarraibideak eta protokoloak koordinatzea eta gauzatzea.
Ikuskatze-kanpainen amaierako txostenak egitea eta haietatik ondorioztatzen diren jarduerak proposatzea.
Ikuskaritzaren eta alerta-sarearen arteko koordinazioa, bai lurralde-zerbitzuei dagokienez bai tokiko administrazioei nahiz gai honetan eskumenak dituzten beste administrazioei dagokienez ere.
Produktuen segurtasunari buruzko alerta-sarea zuzentzea.
Produktu bat ez-segurutzat izendatzeko proposamena egitea.
Produktuak oro har seguruak direla bermatzeko beharrezko neurri prebentiboak proposatzea.
Unitate honi dagozkion gaiekin loturik, erakundeekin egindako hitzarmenak eta erakundeei emaniko laguntzak eta diru-laguntzak kudeatzea eta haien segimendua egitea.
Berariaz aipatzen ez diren beste eginkizun batzuk, administrazio-unitateari dagokion jarduera-arlokoak direlako Zuzendaritzak berari izenda diezazkiokeenak.
Zerbitzu Orokorren Unitatearen eginkizunak hauek dira:
Administrazioaren eta kudeaketaren arloan:
Institutuaren antolaketa eta administrazio-funtzionamendua kudeatzea.
Urteko diru-sarrera eta gastuen aurrekontuaren aurreproiektua egitea eta aurrekontua gauzatzearen, sortutako aldaketen eta likidazio-kontuaren segimendua egitea.
Institutuaren araubide ekonomikoa kudeatzea eta koordinatzea, gastu publikoa kontabilizatzea eta aurrekontuak kudeatzea.
Ordainketak eta diru-sarrerak kudeatzea, zerga-betebeharrak likidatzea eta diruzaintza kontrolatzea.
Ondarearen kudeaketa eta institutuak funtzionatzeko behar dituen bitarteko orokorren kudeaketa.
Era guztietako hornidurak, obrak, aholkularitza, laguntza teknikoa eta zerbitzuen arloko laguntza kontratatzea.
Erakundeekiko hitzarmenak eta erakundeei emaniko laguntzak eta diru-laguntzak izapidetzea.
Institutuko langileen kudeaketa.
Barne-kudeaketako prozedurak kudeatzea, ezartzea eta mantentzea eta laguntza informatikoa ematea, unitate eta zerbitzu guztiek beharrezko tresnak izan ditzaten institutuak ematen dituen zerbitzuen kalitatea etengabe hobetzeko.
Aholkularitza juridikoaren arloan:
Kontsumo-arloko aholkularitza juridikoa ematea institutuari berari, kontsumitzaileen elkarteei eta kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoei.
Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko legeria orokorra garatzeko eta eguneratzeko beharrezkoak diren xedapenen proiektuak egitea.
Institutuaren jarduera-esparruari eragiten dioten legegintzako proiektuak eta arauak aztertzea eta horiei buruzko txostenak egitea.
Zigor-espedienteak bideratzea eta izapidetzea, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsaren arloan antzemandako arau-hausteak zuzentzeko.
Berariaz aipatzen ez diren beste eginkizun batzuk, administrazio-unitateari dagokion jarduera-arlokoak direlako Zuzendaritzak berari izenda diezazkiokeenak.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari atxikitzen zaio Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordea. Batzorde hori Kontsumoko Institutu Nazionalarekin sinaturiko akordioaren ondorioz sortu da, Kontsumoko arbitraje-sistema arautzen duen 1993ko maiatzaren 3ko 836/1993 Errege Dekretuaren babesean.
Institutuko Erreklamazioetarako, Bitartekaritzarako eta Arbitrajerako Unitateak lagunduko dio Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordeari.
Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordeko lehendakariaren eta idazkariaren karguak institutuko lehendakariak izendatuko ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zerbitzura dauden langileen artetik.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari atxikitzen zaio Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordea. Batzorde hori arautzen da Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko 2003ko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 35. eta 36. artikuluetan eta Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeari buruzko 1985eko uztailaren 9ko 231/1985 Dekretuan.
Euskadiko Kontsumoko Kontsulta Batzordeak, berau arautzen duen araudiaren arabera dagozkion gainerako eginkizunak burutzeaz gain, dekretu honen 2.ñ) artikuluan jasotzen den aholkularitza-eginkizuna ere burutuko du; eginkizun hori da, hain zuzen ere, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesei eragiten dieten edo eragin diezaieketen gaiak arautzen dituzten xedapen eta arau guztiei buruzko nahitaezko txostena egitea.
Dekretu honetan ezartzen diren egitura-unitateak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren egoitzan egongo dira; institutu hau sortzeko Legean ezarritakoaren arabera, egoitza hori Gasteizen egongo da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusia dagoen hirian.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren lurralde-zerbitzuak sortzen dira; lurralde-zerbitzu horiek Institutuko Zuzendaritzaren menpean egongo dira, hierarkikoki.
Kontsumoko lurralde-zerbitzu horien eginkizunak hauek izango dira:
Kontsumitzaileen kontsultei erantzutea eta kontsumitzaileei aholkularitza eskaintzea.
Kontsumitzaile eta erabiltzaileen kexa eta erreklamazioei erantzutea eta haietan bitartekari izatea.
Kontsumo-gaietako salaketak izapidetzea.
Merkatua kontrolatzeko kanpainak egitea.
Produktu ez-seguruen alerta-sarea kudeatzea.
Zigor-espedienteak hasteko proposatzea, bideratzea eta izapidetzea.
Berariaz aipatzen ez diren beste eginkizun batzuk, lurralde zerbitzuari dagokion jarduera-arlokoak direlako Zuzendaritzak berari izenda diezazkiokeenak.
Eginkizun horiek burutzeko izendatutako lurralde-zerbitzuetako langileak Institutuko Zuzendaritzaren menpean egongo dira, organikoki eta funtzionalki.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak 2011ko irailaren 1ean hasiko ditu bere jarduerak.
Indargabetuta geratzen da 1994ko martxoaren 8ko 120/1994 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumoko Arbitraje Batzordea atxikitzeari eta laguntzarako administrazio-zerbitzu bat sortzeari buruzkoa.
Dekretu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko uztailaren 12an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Osasun eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia
- Ikus: AGINDUA, 2012ko uztailaren 6koa, Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumoko Arbitraje Batzordeko lehendakaria izendatzeko dena.
- Ikus: AGINDUA, 2012ko irailaren 12koa, Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumoko Arbitraje Batzordeko lehendakaria izendatzeko dena.
- Ikus: AGINDUA, 2012ko irailaren 12koa, Osasun eta Kontsumoko sailburuarena, Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Batzordeko lehendakaria kargutik kentzea xedatzen duena.